109. ALDIZKARIA - 2026ko ekainaren 5a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

31/2026 FORU DEKRETUA, maiatzaren 27koa, zeinaren bidez onesten baita "Ultzamako eta Basaburuko hariztiak" Kontserbazio Bereziko Eremuaren eta "Ultzama eta Basaburuko hariztiak" Paisaia Babestuaren (PB-2) Kudeaketa Plana

ZIOEN AZALPENA

Habitat Naturalen eta Basafauna eta Basafloraren Kontserbazioari buruzko maiatzaren 21eko 92/43/EEE Zuzentarauan ezarritakoarekin bat etorriz, eta abenduaren 18ko 88/2006 Foru Dekretuaren bidez, kontserbazio bereziko eremu izendatu zen "Ultzama eta Basaburuko hariztiak" izeneko Batasuneko Garrantzizko Lekua (ES2200043). Horrez gain, paisaia babestu izendatu zen aipatu kontserbazio bereziko eremua eta hari lotutako eremu sentikorra, eta onetsi egin zen kontserbazio bereziko eremuaren (KBE) eta paisaia babestuaren (PB) kudeaketa plana.

88/2006 Foru Dekretuan adierazitakoaren arabera, plan horren indarraldia amaitua dago. Arauaren azken xedapenetako lehenean ezartzen da planaren indarraldia amaitu ostean, berrikusi eginen dela.

"Ultzamako eta Basaburuko hariztiak" Kontserbazio Bereziko Eremua Kudeatzeko Planaren berrikuspena prestatu da Europar Batasuneko araudiak eta gomendioek exijitutakoarekin bat, eta, hortaz, bertan jaso dira leku horretan dauden habitat eta taxonen eskakizun ekologikoei dagozkien helburu, ekintza, neurri eta jarraibideak, aipatutako 92/43/EEE Zuzentarauan biltzen direnak.

Halaber, Natura Sareko Espazioaren Kudeaketa Plana berrikusteko prozesuan, egiaztatu da beharrezkoa dela planaren edukiak eguneratzea, zehazki, paisaia babestuari dagokionez (PB-2).

Horrenbestez, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeita seiko maiatzaren hogeita zazpian egindako bilkuran harturiko erabakiarekin bat,

FORU DEKRETUA:

Artikulu bakarra.–Onestea "Ultzama eta Basaburuko hariztiak" Kontserbazio Bereziko Eremuaren (ES2200043) eta "Ultzama eta Basaburuko hariztiak" Paisaia Babestuaren (PB-2) Kudeaketa Plana.

Foru dekretu honen xedea da "Ultzama eta Basaburuko hariztiak" kontserbazio bereziko eremuaren (ES2200043) eta izen bereko paisaia babestuaren (PB-2) kudeaketa plana onestea. Foru Dekretu honi erantsita doa.

Lehen xedapen gehigarria.–Mugak.

Nafarroako Naturaguneei buruzko ekainaren 17ko 9/1996 Foru Legearen 28. artikuluan xedatu bezala ordainduko dira erabilerak eta jarduerak mugatzearen ondoriozko kalte-ordainak.

Bigarren xedapen gehigarria.–Kudeaketa planaren finantzaketa.

Ingurumenaren arloan eskumenak dituen departamentuak behar diren premia ekonomikoei erantzunen die, "Ultzama eta Basaburuko hariztiak" KBEaren (ES2200043) eta izen bereko paisaia babestuaren (PB-2) kudeaketa plana behar bezala betetze aldera.

Hori guztia ordainduko da horretarako kreditu egokia eta nahikoa baldin badago. Beraz, behar diren konpromisoak hartuko dira unean-unean aurrekontuan dagoen diruaren arabera.

Nafarroako Gobernuko departamentuek beren politika sektorialak ingurumenean integratzeko sustatzen dituzten jarduketek, baita toki entitateek sustatzen dituzten ekintzek eta ekarpen pribatuekin edo Europar Batasunaren ekarpenekin egiten direnek ere, laguntzen ahal dute plan hau garatzen. Ingurumenaren arloan eskumenak dituen departamentuak osorik finantzatzen ahalko ditu KBEaren kontserbazio-egoera onari eusten laguntzen duten jarduerak, dirulaguntzei buruzko araudiak ezarritako esparruaren barnean, edo jarduketa propioen bidez.

Inguruko biztanleguneen garapen sozioekonomikoa sustatzeko asmoz, departamentu honen mendeko beste edozein laguntzatan, ahal denean, lehentasuna emanen zaie paisaia babestuaren esparru geografikoaren barnean proposatzen diren jarduketei, baldin eta guneen kontserbazioarekin bateragarriak badira. Gainera, emandako laguntzaren ehunekoa handiagoa izanen da.

Hirugarren xedapen gehigarria.–Ingurumenaren arloan eskumenak dituen departamentuko kontseilaria gaitzea.

Ingurumenaren arloan eskumenak dituen departamentuko kontseilariari ahalmena ematen zaio behar diren tramiteak egin ditzan foru dekretu hau eta, bidezkoa bada, plana aplikatzeko behar den kostu ekonomikoaren kalkuluak igortzeko Europako Batzordeari, Europar Batasunaren Habitat Naturalen eta Basafauna eta Basafloraren Kontserbazioari buruzko maiatzaren 21eko Kontseiluaren 92/43/EEE Zuzentarauaren 8. artikuluan aurreikusitako ondorioetarako.

Xedapen indargabetzaile bakarra.

Indarrik gabe uzten dira foru dekretu honetan ezarritakoari aurka egiten dioten maila bereko edo baxuagoko arau guztiak.

Azken xedapenetako lehena.–Kudeaketa planaren indarraldia.

1. "Ultzama eta Basaburuko hariztiak" KBEaren (ES2200043) eta izen bereko paisaia babestuaren (PB-2) kudeaketa planaren indarraldia foru dekretu honen bidez onesten da, eta honako hau izanen da:

a) Mugagabea, gako-elementuei, azken helburuei, arauei eta jarraibideei dagokienez.

b) 12 urtekoa, espero diren emaitzei eta jarduketei (neurriak) dagokienez. Epe hori bukatutakoan, neurriak berrikusiko dira, baina haien aplikazioa luzatuko da harik eta ordezko beste batzuk onesten diren arte.

2. Hala ere, ingurumenaren arloan eskumena duen departamentuak uste badu planean aurreikusirik ez zegoen funtsezko alderdiren bat nabarmen aldatu dela eta horrek eragina izan dezakeela gunearen balioen zainketan, plana berrikusten edo aldatzen ahalko da.

3. Kudeaketa planaren gako-elementuetan, azken helburuetan, araudian edo jarraibideetan eragina izan dezaketen aldaketak edo berrikuspenak foru dekretu bidez eginen dira. Espero diren emaitzen (helburu operatiboen) berrikuspenak eta aldaketak, baita jarduketak ere (neurriak), ingurumenaren arloan eskumena duen departamentuko titularraren foru aginduaren bidez onetsiko dira".

Azken xedapenetako bigarrena.–Beste plan batzuekiko erlazioa.

1. Foru dekretu honek onesten duen planaren berrikuspena bat etorriko da dibertsitate biologikoaren kontserbazioari buruz ezartzen diren maila goragoko planekin, eta, zehazki, Nafarroako Naturaguneen Sarean jarduteko ildo orokorrak finkatzeko onesten direnekin.

2. Dena dela, Nafarroako Naturaguneei buruzko ekainaren 17ko 9/1996 Foru Legearen 7. artikuluan xedatutakoaren arabera, kudeaketa planaren berrikuspen honetan jasotako determinazioak zuzenean aplikatu beharrekoak dira, eta toki entitateen hirigintzako udal plangintzan sartuko dira, plangintza egitean edo berrikusten denean. Hori horrela, oraingo lurralde antolamendurako edo antolamendu fisikorako tresnak kudeaketa plan honen aurkakoak badira, egokitu beharko dira, lehenbizikoz aldatzen edo berrikusten direnean.

Azken xedapenetako hirugarrena.–Garatzeko gaikuntza.

Ahalmena ematen zaio ingurumenaren arloko eskumenak dituen departamentuko titularrari foru dekretu hau garatzeko eta betearazteko behar diren xedapenak eman ditzan.

Azken xedapenetako laugarrena.–Indarrean jartzea.

Foru dekretu honek indarra hartuko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean.

Iruñean, 2026ko maiatzaren 27an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, José María Ayerdi Fernández de Barrena.

"Ultzama eta Basaburuko hariztiak" Kontserbazio Bereziko Eremuaren (ES2200043) eta "Ultzama eta Basaburuko hariztiak" Paisaia Babestuaren (PB-2) Kudeaketa Plana (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2607729