1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
259/2026 EBAZPENA, maiatzaren 11koa, Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez arautzen baita Nafarroako Foru Komunitatean Diseinuko goi mailako arte irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxeen eskola egutegia 2026-2027 ikasturterako, Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparrura egokituta.
Urriaren 26ko 1614/2009 Errege Dekretuak Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren bidez araututako goi mailako arte irakaskuntzak antolatzen ditu.
Maiatzaren 14ko 633/2010 Errege Dekretuak Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan ezarritako Diseinuko graduko goi mailako arte irakaskuntzen oinarrizko edukia arautzen du, bat etorriz Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparruaren printzipio orokorrekin.
Hezkuntzako kontseilariaren martxoaren 5eko 30/2013 Foru Aginduak Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparruan ezartzen ditu Diseinuko goi mailako ikasketen plana eta antolamendua Nafarroako Foru Komunitatean.
Ikusirik Arte eta Hizkuntza Ikasketen Atalak aldeko txostena eman duela behar diren jarraibideak onets daitezen Nafarroako Foru Komunitatean Diseinuko goi mailako arte irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxeen eskola egutegia prestatzeko 2026-2027 ikasturterako, Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparrura egokituta.
Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 245/2023 Foru Dekretuak emandako ahalmenak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Nafarroako Foru Komunitatean Diseinuko goi mailako arte irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxeen eskola egutegia prestatzeko arauak onestea 2026-2027 ikasturterako, Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparrura egokituta. Ebazpen honen eranskinean bildu dira.
2. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
3. Ebazpen hau eta eranskina igortzea Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Ikastetxeetako Informazioa Kudeatzeko Atalera, Arte eta Hizkuntza Ikasketen Atalera eta ukitutako ikastetxeetara, behar diren ondorioak izan ditzaten.
4. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
Iruñean, 2026ko maiatzaren 11n.–Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako zuzendari nagusia, Gil Sevillano González.
ERANSKINA.–JARRAIBIDEAK, NAFARROAKO FORU KOMUNITATEAN DISEINUKO GOI MAILAKO ARTE IRAKASKUNTZEN 2026-2027 IKASTURTERAKO ESKOLA EGUTEGIA PRESTATZEKO
1.–Egutegia.
Diseinuko goi mailako arte irakaskuntzen egutegiak baldintza hauek beteko ditu 2026-2027 ikasturtean Nafarroako Foru Komunitatean:
1. a) Ikasturtea 2026ko irailaren 1ean hasiko da, eta 2027ko ekainaren 30ean bukatuko.
b) Irailaren 1etik eskolak hasi bitarteko egunetan, programazio lanak, departamentuko bilerak, klaustroak eta ikasturtearen antolaketarekin zerikusia duten bestelako jarduerak eginen dira.
c) Ikastetxe publikoetan, eskolak bukatu eta ekainaren 30era arte, honako hauek eginen dira: azterketa arruntak eta bereziak, ikasturtea berrikusi eta ebaluatzeko lan berariazkoak, memoria didaktikoak, departamentu didaktikoen memoriak, azken memoria eta beharrezkoak diren administrazio egintza guztiak.
2. a) Irakaskuntza hauetan dedikazio osoan ari diren ikasleek, ikasturte bakoitzean, 36 asteko eskolaldia izanen dute gutxienez. Astetzat joko da gutxienez 3 eskola egun dituena.
b) Eskolaldi horren barnean eskola teoriko edo praktikoak sartuko dira, eta azterketa eta ebaluazio probak egiteko eta prestatzeko denbora.
c) Seihileko bakoitza bukatuta, azken ebaluazio arrunta antolatuko da.
d) Ekainean, ebaluazio berezi bat antolatuko da irakasgai bakoitzerako.
e) Zilegi izanen da gehienez bi aste gordetzea deialdi arrunteko azterketak prestatu eta egiteko (alde batera utzita ikasketen bukaerako lana).
f) Egutegia aldatu behar denean, hura lehen aldiz egitean erabilitako prozedura berari jarraituko zaio, betiere gutxieneko eskola asteak errespetatuta.
g) Ikasleak bakarkako eskoletara edo taldekoetara agertzen ez badira ere, ikastetxeak eskola horiek ematen jarraituko du.
3. a) Jaiegun izanen dira Nafarroako Foru Komunitateko lan egutegi arruntean halakotzat hartzen direnak: urriaren 12a, azaroaren 2a, abenduaren 3a eta abenduaren 8a. Herriko jaiaren eguna ere jaieguntzat joko da, Nafarroako Foru Komunitateko herrietako jaiak eta irakaskuntza bakoitzari dagokion zaindariaren eguna zehazten dituen arauan ezartzen denari jarraikiz.
b) Herriko jaiaren eguna eta irakaskuntza bakoitzari dagokion zaindariaren jaieguna eskolarik gabeko egunak badira, ikastetxeak beste egun bat aukeratzen ahalko du haietako bakoitza ordezteko.
c) Ikastetxeak ezarriko du hezkuntza mailari dagokion jaieguna.
d) Ikastetxeak erabakitako eskola egunez gainerako egunak, aurreko ataletan jaiegun gisa finkatu ez direnak, eskolarik gabeko lanegunak izanen dira, gehienez ere 5 egun, eskolak hasten direnetik amaitzen diren arte.
4. Arestiko 3. baldintzan aipatzen diren eskola gabeko egunak ezin izanen dira erabili Aste Santuko eta eguberrietako oporraldiak luzatzeko.
5. Eguberrietako oporrak abenduaren 23an hasiko dira, eta urtarrilaren 10ean bukatuko, biak barne.
6. Aste Santuko oporrak martxoaren 25ean hasiko dira, eta apirilaren 4an bukatuko, biak barne.
7. Aurreko edozein atalen gaineko salbuespenak, zeinak betiere aparteko arrazoiengatik izanen baitira, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari eskatu beharko zaizkio, onets ditzan.
2.–Tramitazioa.
Tramitazioa egiteko, honela jokatuko da:
1. Ikastetxeko zuzendaritzak 2026-2027 ikasturterako eskola egutegiaren proposamena prestatuko du, eskola kontseiluari entzun ondoren. 2026ko ekainaren 12an bukatuko da proposamen hori Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura bidaltzeko epea. Ikastetxe publikoek Educa kudeaketa programaren euskarri informatikoaren bidez igorriko dute.
2. Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak egutegiak eta ordutegiak onetsi edo ezetsiko ditu, haiek aztertu ondoren. Ikastetxe publikoen kasuan, Ikuskapen Zerbitzuaren komunikazioa, orobat, Educa kudeaketa programaren euskarri informatikoaren bidez eginen zaie ikastetxeei. Egutegia onetsitzat joko da ikastetxeak horren gaineko jakinarazpenik jasotzen ez badu 2026ko ekainaren 22rako.
3. Ikastetxeren batek bere egutegi proposamena aipatu epean bidaltzen ez badu, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak ofizioz esleituko dio eranskin honen 1. atalean (Egutegia) ezarritako baldintzak betetzen dituen egutegi bat.
4. Egutegiak onetsi ondoren, nahitaez bete beharko dituzte ikastetxe guztiek. Egutegia betearaztea ikastetxeko zuzendariaren erantzukizuna da, eta egutegien aplikazioa gainbegiratzea eta kontrolatzea, berriz, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuarena.
5. Ikastetxe bakoitzaren egutegia iragarki-taulan ikusgai jarriko da, eta ezin izanen da aldatu Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuaren idatzizko baimena izan gabe.
Iragarkiaren kodea: F2606931