105. ALDIZKARIA - 2026ko ekainaren 1a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

42/2026 FORU AGINDUA, maiatzaren 26koa, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baitira Nafarroako Foru Komunitateko notario-agiri elektroniko tinbredunak.

Maiatzaren 8ko 11/2023 Legeak Europar Batasunaren zenbait zuzentarauren transposizioa egin zuen arlo hauetan: zenbait produktu eta zerbitzuren eskuragarritasuna, kualifikazio handiko pertsonen migrazioa, zergak eta notario- eta erregistro-jarduketen digitalizazioa. Halaber, haren bidez aldatu zen maiatzaren 27ko 12/2011 Legea, kalte nuklearren edo material erradioaktiboek eragindako kalteen erantzukizun zibilari buruzkoa, eta agiri elektronikoen bi mota berri sortu zituen: matrize elektronikoaren folioa eta hirugarrenentzako kopia baimendu elektronikoaren folioa.

Bat etorriz ezarrita dagoenarekin Ondare-eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zergaren xedapenen testu bateginean (apirilaren 26ko 129/1999 Legegintzako Foru Dekretua), agiri berri horiengatik zerga hori ordaindu behar da, egintza juridiko dokumentatuen modalitateko notario-agiriak baitira; zehazki, zerga-modalitate horretako kuota finkoa ordaindu behar da.

Agiri berri horiek erabiltzeagatik sortutako zerga biltzerakoan, bada, subjektu berri bat agertu da, informazioa zentralizatzeko nahikoa ahalmen duena. Subjektu berri hori da Notariotzaren Kontseilu Nagusia, zeinak bi zeregin hauek izanen baititu: batetik, Nafarroako Foru Ogasunari dagokion zerga ordaintzea eta, bestetik, informazioa ematea, zerga behar bezala egotzi ahal izateko agiri elektronikoak erabiltzen diren kasuetan.

Bestalde, Ondare-eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zergaren erregelamenduaren 67. artikuluan xedatutakoaren arabera (maiatzaren 17ko 165/1999 Foru Dekretuak onetsi zuen), Ekonomia eta Ogasun Departamentuari dagokio honako alderdi hauek arautzea: efektu tinbredunen forma, estanpazioa, espeziea, ezaugarriak eta zenbaketa, zer kasutan eskuratzen ahal den tinbre zuzena eta hori eskuratzeko prozedurak, horiek zein kasutan ezin diren erabili eta tinbrea jartzeko makinen erabilera.

Beraz, onetsi behar dira, foru agindu honen bidez, nolako zehaztapen teknikoak bete behar dituzten Nafarroako notario-folio elektroniko tinbredunen mota berriek, haiek nola kontabilizatu behar diren eta nola ordaindu behar den ondare-eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zergaren kuota finkoa.

Horiek horrela, eta baliatuz aipatutako zergaren erregelamenduaren 67. artikuluan eta Nafarroako Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Lege Orokorraren zazpigarren xedapen gehigarrian aitortuta dudan gaikuntza,

AGINTZEN DUT:

1. artikulua. Notario-agiri elektroniko tinbredunen zehaztapen teknikoak.

Onesten dira matrize elektronikoaren folio tinbredunaren eta hirugarrenentzako kopia baimendu elektronikoaren folio tinbredunaren zehaztapen teknikoak, foru agindu honen eranskinean jaso baitira.

2. artikulua. Zerga biltzea eta Nafarroako Foru Ogasunari ordaintzea.

Notariotzaren Kontseilu Nagusiak, hilabete bakoitzaren lehenengo hogeita bost egunen barnean, aitorpen bat aurkeztu beharko du Nafarroako Foru Ogasunaren web-orrian bidez, non jasoko baita zenbat folio elektroniko tinbredun erabili diren Foru Komunitatean aurre-aurreko hilean, horiengatik ordaindu beharreko zerga-kuota kalkulatuta, aplikatu beharrez notario-folioei dagokien kuota finkoa. Kuota hori, hain zuzen, ezarrita dago Ondare-eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zergaren xedapenen testu bateginean (apirilaren 26ko 129/1999 Legegintzako Foru Dekretua).

Orobat, ateratzen den zenbatekoa ordaindu beharko du, ordainketa-gutuna baliatuta edo modu telematikoan, jarraikiz web-formularioa bete eta gero pantailan agertuko zaizkion jarraibideei. Modu telematikoan ordaindu ahal izateko, finantza-entitateak Nafarroako Foru Ogasunaren ordainketa telematikoaren sistema erabili beharko du. Zerga hau ordaintzeko web-zerbitzuan kontsultatzen ahal da sistema hori erabiltzen duten finantza-entitateen zerrenda.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2026ko maiatzaren 26an.–Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, José Luis Arasti Pérez.

ERANSKINA.–NOTARIO-AGIRI ELEKTRONIKO TINBREDUNEN ZEHAZTAPEN TEKNIKOAK

Euskarri elektronikoa, ISO 19005 estandarraren arabera. Folio bakoitza tinbre mugikor bat da, eta honako informazio hau jasotzen du:

  • Euskarria zer hilabetetan eta zer urtetan sortu zen, beltzez.
  • Tinbrearen identifikatzaile bakarra, testu alfanumerikoaren formatuan, beltzez.
  • 2D kodea (barnean duela identifikatzaile bakarra), beltzez.
  • Foru tinbrearen irudia, Pantone 485 (gorria) kolorearen antzekoaz.
  • Euskarriaren balioa Nafarroako armarrian, mikrotestu batek lagunduta, Pantone 485 (gorria) kolorearen antzekoaz.
  • Tinbrearen zenbakia, beltzez, non agertuko baita Notarioen Elkargoaren identifikatzailea, kodifikatua.

Iragarkiaren kodea: F2607678