104. ALDIZKARIA - 2026ko maiatzaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

338/2026 EBAZPENA, maiatzaren 27koa, Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako zuzendari nagusiak emana, aldatzen dituena Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako zuzendari nagusiaren otsailaren 24ko 39/2026 Ebazpenaren II. eta III. eranskinak. Ebazpen horren bidez deialdia egin zen, eta jarraibideak ezarri, Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publikoetan eta pribatu itunduetan ikasleak onartzeko prozesurako, aipatu ikasleek Haur Hezkuntzako bigarren zikloko eta Lehen Hezkuntzako ikasketak egin ditzaten 2026-2027 ikasturtean.

Nafarroako Parlamentuak, 2026ko maiatzaren 14an, honako foru lege hau onetsi zuen: Foru Legea, itunpeko unitateak luzatzeari eta funts publikoz sostengatutako ikastetxeetako eskola-unitate bakoitzeko gehieneko ikasle-ratioa oro har jaisteari buruzkoa.

Foru lege hori onestearen ondorioz, aldaketa batzuk izan dira Haur Hezkuntzako bigarren zikloko lehen ikasmailarako aurreikusita zeuden ikaspostu hutsetan; horregatik, beharrezkoa da, batetik, Haur Hezkuntzako bigarren zikloko lehen ikasmailan onartu direnen behin betiko zerrenda berriro argitaratzea, eta, bestetik, "Matrikula egiteko 1. epea" delakoan datak aldatzea.

Horrenbestez, ebazpen honen xedea da aldatzea ikasleak Haur Hezkuntzako bigarren zikloko lehen ikasmailan onartzeko prozesuaren egutegia, Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako zuzendari nagusiaren otsailaren 24ko 39/2026 Ebazpenaren II. eranskinean argitaratu zena. Ebazpen horren bidez deialdia egin zen, eta jarraibideak ezarri, Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publikoetan eta pribatu itunduetan ikasleak onartzeko prozesurako, aipatu ikasleek Haur Hezkuntzako bigarren zikloko eta Lehen Hezkuntzako ikasketak egin ditzaten 2026-2027 ikasturtean. Egutegia aldatzen da, hain zuzen, ikaspostu hutsen eskaintza berriarekin bat eguneratzeko onartu diren 3 urteko ikasleen zerrendak, horrela lortuko baita ikasleak onartzeko prozesu horren antolamendu eta garapen zuzena, hori ezinbestekoa baita interes orokorra babesteko eta hezkuntza zerbitzu publikoak behar bezala eta eraginkortasunez funtziona dezan.

Bestalde, Hezkuntzako kontseilariaren maiatzaren 20ko 185E/2026 Foru Aginduaren bidez baietsi zen Tafallako Escuelas Pías ikastetxeak Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako zuzendari nagusiaren otsailaren 24ko 39/2026 Ebazpenaren aurka jarri zuen gora jotzeko errekurtsoa. Foru agindu horrek Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Zuzendaritza Nagusiari agintzen dio aipatu ebazpen horren III. eranskina aldatzeko, halako moduz non Tafallako Escuelas Pías ikastetxearen ACNEAE indizea -0,04 izanen baita eskolatzeko eragin eremua Nafarroa denean, eta -1,20, berriz, eskolatzeko eragin eremua Tafalla denean.

Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuko zuzendariak txostena egin du Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako zuzendari nagusiaren otsailaren 24ko 39/2026 Ebazpena aldatzearen alde.

Hori horrela, eta dagozkidan ahalmenak erabilita, hala ematen baitizkit Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 245/2023 Foru Dekretuak,

EBAZTEN DUT:

1. Aldatzea ikasleak Haur Hezkuntzako bigarren zikloko lehen ikasmailan onartzeko prozesuaren egutegia, epe arruntari dagokionez. Egutegi hori Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako zuzendari nagusiaren otsailaren 24ko 39/2026 Ebazpenaren bidez onetsi zen, eta horren II. eranskinean jaso; izan ere, ebazpen horren bidez deialdia egin zen, eta jarraibideak ezarri, Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publikoetan eta pribatu itunduetan ikasleak onartzeko prozesurako, aipatu ikasleek Haur Hezkuntzako bigarren zikloko eta Lehen Hezkuntzako ikasketak egin ditzaten 2026-2027 ikasturtean. Aldaketa hauek eginen dira:

A) Egutegiari beste data hau erantsiko zaio:

PROZESUA

HASIERA EGUNA

BUKAERA EGUNA

Onartutakoen behin betiko zerrenda berriak argitaratzea, Itunpeko unitateak luzatzeari eta funts publikoz sostengatutako ikastetxeetako eskola-unitate bakoitzeko gehieneko ikasle-ratioa oro har jaisteari buruzko Foru Legea onetsi ostean (onartu ez diren edo baztertutako ikasleen kasuan, ikus *)

Ekainak 3

B) Matrikula egiteko 1. epea aldatuko da:

PROZESUA

HASIERA EGUNA

BUKAERA EGUNA

Matrikula egiteko 1. epea (ez bada matrikula egiten, eskuratutako ikaspostua galduko da): Ikasleak MATRIKULATZEA, aukera hobetzea hautatzeko aukerarekin (beste ikaspostu bat eskuratzen bada, lehendik esleitutako ikaspostua galduko da)

Ekainak 4

Ekainak 10

2. Aldatzea Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako zuzendari nagusiaren otsailaren 24ko 39/2026 Ebazpenaren III. eranskina, halako moduz non Tafallako Escuelas Pías ikastetxearen ACNEAE indizea -0,04 izanen baita eskolatzeko eragin eremua Nafarroa denean (eta ez 0,06), eta -1,20, berriz, eskolatzeko eragin eremua Tafalla denean (eta ez -0,97).

3. Ebazpen hau igortzea Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzura, Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzura, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzura, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Haur Eskolen Zerbitzura, Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzura, Lanbide Heziketaren Modernizaziorako eta Berrikuntzarako Zerbitzura, Hezkuntza Zerbitzuen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzura, Hezkuntzako Teknologien eta IKT Azpiegituren Zerbitzura eta Hezkuntzako Informazio Sistemen Zerbitzura, baita Nafarroako Eskolatze Batzorde Nagusira, Eskolatze Bulegora eta Ikastetxeetako Informazioa Kudeatzeko Atalera ere, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2026ko maiatzaren 27an.–Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako zuzendari nagusia, Gil Sevillano González.

Iragarkiaren kodea: F2607696