Iragarkia
104. ALDIZKARIA - 2026ko maiatzaren 29a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
220E/2026 EBAZPENA, maiatzaren 4koa, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita, 2026rako, Nafarroako toki entitateei laguntzak emateko deialdi bat, inbertsioak egin ditzaten lagun egiteko animalientzako harrera-zentroak sortzeko edo handitzeko. DDBN kodea: 903411.
Apirilaren 4ko 19/2019 Foru Legeak, lagun egiteko animaliak Nafarroan babesteari buruzkoak, oinarrizko xede ditu animalien babes- eta ongizate-maila ahalik eta handiena lortzea, animalientzako tratu egokia bermatzea eta animalien edukitze arduratsua sustatzea, abandonuari aurre egiteko.
2019ko uztailaren 11n indarra hartzearekin batera, indargabetuta gelditu zen animalien babeserako aurreko legea, 1994koa. Denbora asko igaro bada ere, gure lurraldean txakurren eta katuen abandonua arazo larria da oraindik, baita abandonu horien kudeaketa ere; izan ere, ez dago aski azpiegiturarik abandonatuta, galduta, konfiskatuta edo babesgabe dauden lagun egiteko animaliak ostatatzeko.
Legearen V. tituluan, eskumenak ezartzen dira abandonatutzat edo galdutzat jo diren lagun egiteko animalien arloan jarduteko, eta harrera-zentroak jotzen dira animalia horien kudeaketa etikorako biderik egokientzat. Zehazki, lege horren 15. eta 22. artikuluek ezartzen dute udalek, udalaz gaindiko entitateek edo eskualdeek jarduerak egin behar dituztela abandonatutako edo galdutako animaliak jasotzeko, ostatu emateko eta mantentzeko, eta lagun egiteko animalien harrera-zentroak eduki behar dituztela. Zerbitzu horiek kanpoko beste entitate batzuekin hitzartzen ahalko dituzte.
Urriaren 26ko 94/2022 Foru Dekretuak aipatutako legea garatzeko erregelamendua onetsi zuen, eta toki entitateek foru legeak emandako eskumenak garatzeko zenbait alderdi garrantzitsu zehaztu zituen, hala nola lagun egiteko animalien zentroek bete beharreko baldintzak.
Animalien eskubideak eta ongizatea babesteko martxoaren 28ko 7/2023 Legean –2023ko irailaren 29an hartu zuen indarra–, udalek animalien bilketan dituzten eskumenak berresten dira, eta ezartzen da nahitaezkoa dela larrialdiko zerbitzu bat izatea animalia horiek jasotzeko eta albaitaritza-arreta emateko, eguneko 24 orduetan, eta beharrezkoa dela animalia horiek kudeatzeko eta zaintzeko zerbitzu propioa, mankomunatua edo itundua izatea. Udalerriren batek baliabide propiorik ez badu eskumena gauzatzeko eta lankidetza hitzarmen bat sinatzen badu zentro mankomunatuekin, arauak aurreikusten du aldi baterako udal instalazio bat izan behar duela animaliak hartzeko, kasuan kasuko zerbitzuak jaso arte.
Toki entitate gehienek ez dute oraindik eginbehar horiek betetzeko beharko luketen azpiegiturarik edo bitarteko materialik, eta dituztenek aseta izaten dute beti zentroen edukiera. Zailtasunak zailtasun, udal batzuk alternatiba bila dabiltza beren gain hartzeko lagun egiteko animaliak babesteko duten erantzukizuna. Horregatik, Abeltzaintza Zerbitzuaren ustez, funtsezkoa da toki entitateek norabide horretan lan egin dezaten sustatzea, arreta egokia eman diezaieten abandonatutako, konfiskatutako edo babesik gabeko animaliei.
Arazo honi erantzun bat eman beharrez, eta arestian zehaztutako jarduketak gauzatze aldera, ezinbestekotzat jotzen da zuzeneko laguntzen lerroak ezartzea. Horretarako, 500.000 euroko dirulaguntzen partida bat aurreikusi da Nafarroako Gobernuaren 2026rako gastuen aurrekontuetan, toki entitateek inbertsioak susta ditzaten animaliak babesteko zentro berrietan, daudenak handitu edo hobetu ditzaten eta sostengua jaso dezaten Animalien eskubideak eta ongizatea babesteko martxoaren 28ko 7/2023 Legeak eta 19/2019 Foru Legeak eta hura garatzeko araudiak ezartzen dizkieten betebeharrak betetzeko.
Ebazpen honen xedea da oinarri arautzaileak onestea laguntza jakin batzuk ematearren lagun egiteko animalien harrera-zentroak eta aldi baterako udal instalazioak sortzeko, handitzeko edo hobetzeko inbertsioetarako.
Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak horretarako eskumena du, Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuaren arabera. 25. artikuluak Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiaren eskumen materialen esparruan sartzen du animalien ongizatea babestea. Zehazki, Abeltzaintza Zerbitzuaren mende dagoen Lagun egiteko eta Esperimentaziorako Animalien Atalari dagozkio aipatu foru dekretuan lagun egiteko animalien ongizateari eta babesari buruz aurreikusten diren eskudantziak.
Ebazpen honi Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2015 Foru Legea aplikatzen zaio.
Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Onestea, 2026rako, Nafarroako toki entitateei laguntzak emateko deialdi bat, inbertsioak egin ditzaten lagun egiteko animalientzako harrera-zentroak sortzeko edo handitzeko.
2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen I. eranskinean jaso dira.
3. 500.000 euroko gastua baimentzea 2026rako aurrekontu orokorretako "Toki entitateentzako laguntzak, animaliak babesteko ekintzetarako" izeneko 710004 71300 7609 412200 partidaren kargura, deialdi honen bidez hartutako konpromisoei erantzute aldera. Horretarako baldintza izanen da behar adinako kreditu egokia egotea.
4. Agintzea ebazpen hau eta bere eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela eta deialdia dirulaguntzen datu-base nazionalari (DDBN) komunikatzea.
5. Ebazpen honen eta bere eranskinen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.
Iruñean, 2026ko maiatzaren 4an.–Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia, Ignacio Gil Jordán.
I. ERANSKINA.–NAFARROAKO TOKI ENTITATEEI LAGUNTZAK EMATEKO 2026KO DEIALDIA, INBERTSIOAK EGIN DITZATEN LAGUN EGITEKO ANIMALIENTZAKO HARRERA-ZENTROAK SORTZEKO, HANDITZEKO EDO HOBETZEKO. OINARRI ARAUTZAILEAK
1. oinarria. Xedea eta helburua.
Deialdi honen xedea da ezartzea nola eman dirulaguntzak Nafarroako toki entitateei 2026an, inbertsioak egin ditzaten lagun egiteko animalien babesa eta ongizatea sustatzeko, Nafarroako Foru Komunitatean abandonatuta, galduta, konfiskatuta edo babesik gabe dauden lagun egiteko animalien harrera-zentroak eraikitzeko, haien edukiera handitzeko edo zentroak hobetzeko.
Dirulaguntzen xedea izanen da honako hauek finantzatzea 2026an: obra idazteko proiektu teknikoak (betiere lotuta badaude obra gauzatzearekin), lagun egiteko animalientzako aldi baterako harrera-zentro berriak eraikitzea, baimendutako eta erregistratutako harrera-zentroen edukiera handitzeko edo zentroak hobetzeko obrak, aldi baterako harrera-zentroak edo aldi baterako udal instalazioak abian jartzeko amaitu gabeko obrak amaitzea (horiek guztiak Nafarroako toki entitateen titulartasunekoak izanen dira).
2. oinarria. Aplikatzekoa den araubide juridikoa.
Ebazpen honetan aurreikusitako dirulaguntzak arautuko dituzte ebazpenean bertan eta oinarri arautzaileak biltzen dituen eranskin honetan ezarritakoak, bai eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak eta aurrekontu eta dirulaguntzen arloko foru eta estatu mailako gainerako araudi aplikagarriak ezarritakoak ere.
3. oinarria. Laguntzak emateko araubidea.
3.1. Ebazpen honetan araututako laguntzak norgehiagokako araubidean emanen dira, eta betiere printzipio hauei jarraikiz: publikotasuna, gardentasuna, objektibotasuna, berdintasuna eta diskriminaziorik eza, helburuak betetzeko eraginkortasuna eta baliabide publikoak esleitu eta erabiltzeko efizientzia.
3.2. Deialdi honen babesean ematen diren laguntzak itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak izanen dira, eta deialdiaren xedeko jarduketak egiteko erabiliko dira.
4. oinarria. Entitate onuradunak: toki entitateak.
4.1. Toki entitateak aurkezten ahalko dira deialdira, baldin izaera hori aitortua badute Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen arabera, eta oinarri hauetan ezarritako baldintzak betetzen badituzte.
4.2. Halaber, taldean elkartutako toki entitateak ere aurkezten ahalko dira deialdira, eskaeran berariaz adierazten bada entitate bakoitzak zer gauzatze-konpromiso hartzen duen bere gain, eta ordezkari bakar bat izendatzen bada, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 8.3 artikuluak ezartzen duenarekin bat.
5. oinarria. Dirulaguntza motak. Diruz lagungarriak diren jarduketak.
5.1. Dirulaguntza modalitate hauek daude:
a) 1. modalitatea: Lagun egiteko animaliak egonaldi luzeetarako hartzen dituzten aldi baterako zentro berriak sortzeko inbertsioak.
b) 2. modalitatea: Lagun egiteko animalien aldi baterako harrera-zentroen edukiera handitzeko edo zentroak hobetzeko inbertsioak.
c) 3. modalitatea: Lagun egiteko animaliak egonaldi laburretarako hartzen dituzten aldi baterako zentro berriak edo aldi baterako udal instalazioak sortzeko edo amaitzeko inbertsioak.
5.2. Modalitate horietako bakoitzean, honako jarduketa hauek laguntzen ahalko dira diruz:
a) Obra idatzi eta zuzentzeko proiektu teknikoak.
b) Eraikuntza-obrak, instalazio teknikoak eta ekipamendu ondasunak.
5.3. Proiektuak eta obrak egokitu beharko dira urriaren 26ko 94/2022 Foru Dekretuak lagun egiteko animalien aldi baterako harrera-zentroetarako ezartzen dituen eskakizunetara (94/2022 Foru Dekretua, urriaren 26koa, zeinaren bidez onesten baita Lagun egiteko animaliak Nafarroan babesteari buruzko apirilaren 4ko 19/2019 Foru Legea garatzeko erregelamendua), zentroen modalitatearen arabera (egonaldi luzea edo egonaldi laburra), martxoaren 28ko 7/2023 Legera (harrera-zentroek izan behar dituzten zerbitzuei dagokienez) eta aplikatu beharreko araudi teknikora. Aipatutako araudiak zentro mota horietarako eskatzen dituen baimenen eta inskripzioen araubidearen mende egonen dira.
6. oinarria. Gastu diruz lagungarriak.
6.1. Gastuek, diruz lagungarriak izateko, zalantzarik gabe erantzun behar diote diruz lagundutako jardueraren izaerari eta behar-beharrezkoak izan behar dute, eta, orobat, haiei lotutako jarduketak 2025eko azaroaren 1etik 2026ko urriaren 31ra bitartean hasi eta 2027ko ekainaren 30ean, beranduenez, gauzatu behar dira.
6.2. Obra idazteko proiektu teknikoak diruz laguntzen ahalko dira, baldin eta proiektatu den eta dirulaguntzaren xede den obra 2026ko azaroaren 1a baino lehen gauzatzen hasten bada.
6.3. Oinarri honetan xedatutakoaren ondorioetarako, ulertuko da jarduketa bat 2026ko azaroaren 1a baino lehen hasi dela baldin eta jarduketa diruz lagungarria gauzatuko duen hornitzailea hautatu bada data hori baino lehen, kontratazio publikoaren arloan aplikatu beharreko araudiari jarraituz.
6.4. Gastu diruz lagungarri horien kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.
Ondorio horietarako, honako kontzeptu hauek sartzen ahalko dira:
–Arkitektura- edo ingeniaritza-enpresen ordainsariak, proiektuak idazteari eta obraren zuzendaritza fakultatiboari dagokienez, eta jarduketa horien kostua ez da diruz lagunduko baliabide propioekin egiten direnean.
–Igeltserotzako obrak, iturgintzakoak, elektrizitatekoak, klimatizaziokoak, argiztapenekoak, isolamendukoak, energia hobetzekoak eta lorezaintzakoak. Horretarako, lotura zuzena izan behar dute zentroa sortzearekin, handitzearekin eta instalazioak hobetzearekin, edo animaliak aldi baterako biltzeko eta mantentzeko zerbitzua kudeatzea helburu duten aldi baterako udal instalazioak sortzearekin, hobetzearekin edo egokitzearekin.
–BEZa, baldin eta toki entitateak ezin badu berreskuratu.
6.5. Proiektuak idazteagatiko eta/edo obra zuzentzeagatiko ordainsariak, arkitekto eta/edo aparejadorearenak, 50.000 eurokoak izanen dira gehienez.
6.6. Egindako gastutzat joko da ebazpen honetan adierazitako justifikazio epea bukatu baino lehen benetan ordaindu dena.
6.7. Gastu diruz lagungarriaren zenbatekoak gainditzen baditu Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.3 artikuluan ezarritako kopuruak (12.000 euro zerbitzu kontratuen kasuan, eta 30.000 euro obra kontratuen kasuan), entitate onuradunak gutxienez ere hiru hornitzaileren eskaintzak eskatu beharko ditu, obra, zerbitzua edo ondasuna emateko konpromisoa kontratatu baino lehen, salbu eta ezaugarri bereziak direla eta, merkatuan hornidura edo zerbitzua emateko edo obra egiteko behar adina enpresa ez badago edo gastua dirulaguntza eskatu baino lehen egin bada. Hautatzen den eskaintza ez bada ekonomikoki onena, entitate onuradunak behar bezala arrazoitu beharko du egindako hautapena.
7. oinarria. Diruz lagungarriak ez diren gastuak.
Ez dira ordainduko proiektua edo jarduketa gauzatzeari zuzenean loturik ez dauden gastuak edo beharrezkoak ez direnak, eta, nolanahi ere, ez dira inongo kasutan gastu diruz lagungarriak izanen honako hauek:
a) Entitatearen gastu berekiak, izan horiek langileenak, funtzionamenduarenak edo gastu orokorrenak.
b) Finantza-gastuak, aholkularitza juridikoko edo finantzarioko gastuak, notario- eta erregistro-gastuak eta administrazio-gastu espezifikoak.
c) Zeharkako zergak eta zerga pertsonalak, salbu eta 6.4 oinarrian BEZari buruz xedatutakoa.
d) Interesak, errekarguak eta zehapen administratiboak eta penalak.
8. oinarria. Guztirako zenbatekoak eta dirulaguntzaren zenbatekoa.
8.1. Laguntza hauei dagozkien zenbatekoak 2026rako aurrekontu orokorretako "Toki entitateentzako laguntzak, animaliak babesteko ekintzetarako" izeneko 710004-71300-7609-412200 partidaren kargura ordainduko dira; 500.000 euroko zuzkidura dauka partidak.
8.2. Modalitate bakoitzean aurreikusitako dirulaguntza zenbatekoak:
a) 1. modalitatea: 275.000 euro.
b) 2. modalitatea: 100.000 euro.
c) 3. modalitatea: 125.000 euro.
9. oinarria. Dirulaguntzen bateragarritasuna.
9.1. Foru deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak bateragarriak izanen dira beste edozein erakunde publiko edo pribatuk helburu berarekin emandako dirulaguntzekin.
9.2. Diruz lagundutako jardueretarako emandako laguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du gainditu, inola ere, jarduera horien kostuaren %100. Horretarako, aurkeztu beharko da laguntzen fitxako erantzukizunpeko adierazpenaren eredua (10.3 oinarrian aipatzen da).
Jasotako dirulaguntzek muga hori gainditzen badute, deialdi honen babesean emandako dirulaguntzak behar den murrizketa izanen du.
10. oinarria. Eskaerak eta behar den dokumentazioa aurkeztea.
10.1. Epea:
Eskaerak gehienez ere hilabeteko epean aurkeztuko dira, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita.
10.2. Aurkezteko modua:
Eskaerak telematika bidez aurkeztu beharko dira, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko tramiteen katalogoko fitxa erabiliz: https://www.navarra.es/eu/web/servicios-empleado/tramiteak/bilatzailea (aurrerantzean, laguntzen fitxa).
Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.
Eskaerak zuzenduko zaizkio Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiko Abeltzaintza Zerbitzuari atxikitako Lagun Egiteko eta Esperimentaziorako Animalien Atalari.
10.3. Aurkeztu beharreko dokumentazioa:
Laguntza fitxan agertzen den eskaera eredua aurkeztuko da, eranskinen arabera, halakorik badago, eginiko agiri hauekin batera:
a) Toki entitatearen ordezkaritza egiaztatzen duen agiria. Nahikoa izanen da entitatearen idazkariaren ziurtagiria, eskaera sinatzen duenaren kargua eta eskumena frogatzen dituena.
b) Toki entitatearen jakinarazpen eta komunikazioetarako helbide elektronikoa.
c) Erantzukizunpeko adierazpena, entitatearen ordezkariak emana, entitatea, haren administratzaileak eta ordezkariak dirulaguntzen entitate onuradun izateko debekurik urratzen ez dutela dioena. Debeku horiek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan aurreikusita daude.
d) Hainbat administrazio publikotan xede bererako eskatutako edo emaniko laguntza guztien erantzukizunpeko adierazpena.
10.4. Dokumentazio berariazkoa:
a) Gauzatu beharreko proiektuaren memoria baloratua, azalpen argi eta laburrak emanen dituena planteatutako jarduketen helburu eta xedeari buruz, laguntza modalitatea aipatuta.
b) Proiektua gauzatzeko denbora-plangintza, gauzatu beharreko obra egiteko egutegiarekin batera. Obra hori faseka banatzen ahalko da, eta, kasu horretan, dirulaguntzaren xede den obraren xedea eta zenbatekoa adierazi beharko dira, gauzatzeko epeak zehaztuta. Deialdi honetan diruz laguntzen diren jarduketak hasi behar dira 2025eko azaroaren 1etik 2026ko urriaren 31ra bitartean, eta gauzatuko dira, aldiz, 2025eko azaroaren 1etik 2027ko ekainaren 30era bitartean, hargatik eragotzi gabe hurrengo urteetako deialdietan laguntzak eman ahal izatea deialdi honetan diruz lagundutako aldi baterako harrera-zentroak eraikitzen amaitzeko.
c) Aurrekontu xehea, jarduketaren finantzaketa plana barne. Hirugarrenen finantzaketa izanez gero, horien finantzatzeko konpromisoa egiaztatzen duen dokumentua aurkeztu beharko da.
10.5. 12. oinarrian ezarritako balorazio-irizpideak zehazte aldera, entitate eskatzailea mankomunitate bat edo taldean elkartutako toki entitate bat bada, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko du laguntza-eskaerarekin batera:
–Entitateko idazkariaren ziurtagiria, jasotzen dituena entitatea osatzen duten udalerrien zerrenda eta biztanleria, 2026ko urtarrilaren 1ean.
Entitate eskatzailea udal bat bada, automatikoki kontsultatuko da udalerriko biztanleen errolda, salbu eta interesduna kontsulta egitearen aurka badago; kasu horretan, dagokion inprimakian adierazi beharko du, eta adierazitako ziurtagiria aurkeztu.
10.6. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari laguntzak lehen aldiz eskatzen dizkioten toki entitateek Kontuak eta Ordainketak fitxa bete beharko dute.
10.7. Eskaerako akatsak zuzentzea.
Eskaerarekin batera aginduzko agiriak aurkeztu ezean, instrukzio organoak entitate interesdunari eskatuko dio akatsak zuzendu ditzala gehienez ere 7 egun naturaleko epean, eta adieraziko dio, horrela egin ezean, eskaera ezetsitzat joko dela. Kasu horretan, espedientea artxibatzeko aginduko da, eta dagokionari jakinaraziko zaio, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan ezarritakoarekin. Epe hori luzatzen ahalko da, aipatutako legean ezarritako terminoetan.
Orobat, instrukzio-organoak noiznahi eskatzen ahalko du deialdia ebazteko beharrezkotzat jotzen duen dokumentazioa edo informazio osagarria, baita behar diren agiriak ere, frogatzeko osorik betetzen direla oinarri hauetan eskatzen diren baldintzak.
11. oinarria. Dirulaguntzak emateko prozedura eta organo eskudunak.
11.1. Dirulaguntza hauek emateko prozedura arrunta norgehiagokakoa izanen da. Dirulaguntzak emateko, aurkeztutako eskaerak ebaluatuko dira, haien arteko lehentasun-hurrenkera ezartzeko, deialdi honetan ezarritako balorazio- eta banaketa-irizpideei jarraituz.
11.2. Abeltzaintza Zerbitzuko Lagun egiteko eta Esperimentaziorako Animalien Atalak beteko ditu dirulaguntza hauen prozedura antolatu eta instrukzioa egiteko lanak, eta, horrenbestez, ofizioz egiten ahalko ditu beharrezko jotzen dituen nahi adina jarduketa, kasuan kasuko ebazpen-proposamena egiteko behar dituen datuak zehaztu, eskuratu eta egiaztatze aldera.
11.3. Prozedura ebazteko eskumena Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiari dagokio.
12. oinarria. Balorazio irizpideak.
12.1. Eskaerak gehienez ere 80 punturekin baloratuko dira, irizpide hauen arabera:
a) Gehienez 40 puntu, entitate eskatzaile motaren arabera:
- 40 puntu, eskatzailea mankomunitatea bada.
- Gehienez 20 puntu, eskatzailea udalerrien elkartzea bada. Gehienez 2 puntu emanen dira toki entitate bakoitzeko.
- 10 puntu, eskatzailea bere izenean ari den toki entitatea bada.
b) Gehienez 40 puntu, entitate eskatzailearen tamainaren arabera, aintzat hartuta 2026ko urtarrilaren 1eko errolda-datuak. Puntuazio hauek emanen dira:
- 40 puntu, entitate eskatzaileak 50.000 biztanle baino gehiago baditu.
- 30 puntu, entitate eskatzaileak 25.000 eta 50.000 biztanle artean baditu.
- 20 puntu, entitate eskatzaileak 5.000 eta 25.000 biztanle artean baditu.
- 10 puntu, entitate eskatzaileak 5.000 biztanle baino gutxiago baditu.
12.2. Laguntzak eskuratzeko, toki entitate eskatzaileak gutxieneko puntuazio hauek lortu beharko ditu, modalitatearen arabera:
a) 1. modalitatea: 40 puntu.
b) 2. modalitatea: 40 puntu.
c) 3. modalitatea: 20 puntu.
Eskatutako gutxieneko puntuazioa lortzen ez duten eskaerak ezetsi eginen dira.
12.3. Laguntzaren modalitate guztietarako, laguntza bakoitzari dagokion aurrekontu partida agortzen bada oinarri honetako 2. puntuan ezarritako gutxieneko puntuazioa lortzen duten eskaera guztiei erantzun ezinik, aurkeztutako eskaeren artean hainbanatuko da modalitate eta jarduketa mota diruz lagungarri horietako bakoitzera bideratutako zenbateko osoa, onartutako zenbatekoaren arabera.
12.4. Modalitateetako batean deialdia hutsik geratzen bada edo aurreikusitako aurrekontua agortzen ez bada, aurrekontu nahikoa ez duten programen aurrekontua handitzeko erabiliko da gerakina, modalitate bakoitzean aurreikusitako zenbatekoaren proportzioan.
13. oinarria. Dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa.
Entitate bakoitzak gehienez ere 250.000 euro jasotzen ahalko ditu, dirulaguntzen modalitate guztiak kontuan hartuta.
14. oinarria. Laguntzak emateko ebazpena.
14.1. Dirulaguntzak emateko ebazpena Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emanen du, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta bi hileko epean, gehienez ere. Ebazpen hori toki entitate interesdunei jakinaraziko zaie, eta Nafarroako Gobernuaren atarian argitaratuko da, dirulaguntza honen fitxan. Hiru hilabeteko epe hori berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe bukatzen bada, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da, eta behar den errekurtsoa aurkezten ahalko da.
14.2. Dirulaguntzak emateari buruzko ebazpenean honako hauek jasoko dira: entitate eskatzaileen zerrenda, diruz lagundutako jarduketa eta emandako dirulaguntzaren zenbatekoa, bai eta gainerako eskaeren ezespena ere, kasua bada.
Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan eta Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 26. artikuluan xedatutakoarekin bat, Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiak ematen dituen dirulaguntzak jendaurrean jarriko ditu Nafarroako Gobernuaren Atarian, honako hauek zehaztuta: deialdia, laguntza zein programari eta aurrekontu-kredituri egotzi zaion, entitate onuraduna, emandako diru kopurua eta dirulaguntzaren helburua.
14.3. Berariazko edo presuntziozko ebazpenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, jarraikiz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoari.
15. oinarria. Dirulaguntzen justifikazioa aurkezteko modua eta epea.
15.1. Gastua justifikatzeko dokumentazioa bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko da, laguntzaren fitxa erabiliz, horretarako prestatuko den "Justifikazioa" atalean.
15.2. Dokumentazioa aurkezteko epea 2026ko azaroaren 15ean bukatuko da. Nolanahi ere, aurkeztutako plangintzaren arabera 2026ko azaroaren 1etik 2027ko ekainaren 30era bitartean egiten diren jarduketak 2027ko uztailaren 31 baino lehen justifikatu beharko dira, obra hori gauzatuko duen hornitzailearen aukeraketa izan ezik, kontratazio publikoaren gaineko arauen arabera. Justifikatu beharko da aukeraketa egin dela Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legean eta Nafarroako Kontratu Publikoei buruzko 2/2018 Foru Legean xedatutakoaren arabera, 2026ko azaroaren 1a baino lehen.
16. oinarria. Egindako gastuak justifikatzeko dokumentazioa.
16.1. Justifikazioak.
Entitate onuradunek justifikatu beharko dute emandako edo aurreratutako zenbatekoen gastua, eta, horretarako, dokumentazio hau aurkeztu beharko dute, laguntzaren fitxan eskuragarri dauden eranskinetara egokituta, halakorik badago:
a) Jarduketa diruz lagungarrirako hornitzailearen aukeraketaren edo kontratuaren adjudikazioaren dokumentu bidezko justifikazioa, bat etorriz kontratazio publikoaren arloan aplikatuko beharreko araudiarekin eta Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearekin.
b) Proiektuaren garapena edo amaiera azaltzeko txostena, 2026ko urriaren 31ra arte egindako jarduketak jasotzen dituena, obra amaitu den ala ez kontuan hartu gabe. 2026ko azaroaren 1etik 2027ko ekainaren 30era bitartean egindako jarduketen kasuan, 2027ko ekainaren 30era arte egindako jarduketak jasoko dira.
c) Dirulaguntzan aplikatutako gastuen zerrenda, honako hauek adierazita: agiri zenbakia, kontzeptua, igorlea, agiriaren eta ordainketaren data eta zenbatekoa (BEZa barne eta gabe).
Gastuen zerrenda horrekin batera, dagozkion egiaztagiriak, fakturak eta ordainagiriak aurkeztu beharko dira, gastuen zerrendako hurrenkerari jarraituz. Gastuen zerrenda hori entitateek telematika bidez igorriko dute, entitatearen legezko ordezkariaren sinadura digitala duela, eta adierazirik gastuok dirulaguntza honetarako baizik ez direla aurkeztu. Egiaztagiri gisa, kontu-laburpenak, ordainagiriak eta fakturak onartuko dira bakarrik, eta horietan jaulkitzailearen eta hartzailearen datuak, data, kontzeptua, prezioa eta ordaintzeko modua adierazi beharko dira, apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuan xedatutakoari jarraikiz, horren bidez fakturazio betebeharrak arautzen dituen erregelamendua onetsi baitzen.
Fakturak eta ordainagiriak aurkeztu ordez, kasuan kasuko toki entitateko idazkariak emandako ziurtagiri bat aurkezten ahalko da.
d) Proiektua gauzatzeari buruzko memoria teknikoa eta dagozkion obra ziurtagiriak, obraren zuzendari fakultatiboak izenpeturik.
e) Obra harrera oso edo partzialaren akta, kasuaren arabera dagokiona, toki entitateak, obraren zuzendari fakultatiboak eta obren entitate kontratistak izenpeturik.
f) Obraren proiektu teknikoaren idazketa dagokion fakturaren bidez justifikatuko da.
g) Dokumentazio grafikoa (argazkiak). Honako hauek atzeman beharko dira:
–Zentroa eraikitzen ari badira, obren ondoan informazio olana edo kartel bat jarri izana.
–Zentroa amaituta badago, sarreran jarritako informazio plaka jarri izana.
h) Halaber, organo kudeatzaileak eskatzen duen dokumentazioa igorriko da.
16.2. Instrukzio-organoak aurkeztutako dokumentazioa zuzentzeko beharra jakinaraziko die hala dagokien entitate eskatzaileei. Haiek, zuzentzeko beharra jakinarazi eta biharamunetik aurrera, 7 egun naturaleko epea izanen dute eskatutako dokumentazioa aurkezteko.
17. oinarria. Emandako dirulaguntzaren ordainketa.
17.1. Oro har, ordainketa eginen da entitate onuradunek egiaztatzen dutenean dirulaguntza zer helburutarako eman zen, hori bete dela, eta justifikatzen dutenean bai jarduera bai egindako gastua deialdi honetan ezarritako epe eta baldintzetan egin direla.
17.2. Nolanahi ere, entitate onuradunak emandako dirulaguntza osoaren ordainketa aurreratua lortzen ahalko du, baldin eta, 2026ko azaroaren 1etik 2027ko ekainaren 30era bitartean egin beharreko jarduketak izanik, hornitzailearen aukeraketa justifikatu badu 16.1.a) oinarrian xedatutakoaren arabera. Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 33. artikuluan xedatutakoaren arabera, toki entitateek ez dute nahitaez bermerik ezarri beharko, administrazio publikoa direlako.
17.3. Dirulaguntzaren xede diren jarduketak 2026ko abenduaren 1etik aurrera ordainduko dira, oinarri hauetan adierazitako moduan justifikatu ondoren.
18. oinarria. Emandako dirulaguntzak aldatzea.
Dirulaguntzak emateko kontuan hartu diren baldintzak ezertan aldatzen badira eta, betiere, aldi berean haiekin bateraezina den beste dirulaguntzarik eskuratzen bada, aldatu eginen da haiek emateko ebazpena, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoarekin bat.
19. oinarria. Entitate onuradunen betebeharrak.
19.1. Ebazpen honen babeseko dirulaguntzak jasotzen dituzten entitate onuradunek honako betebehar hauek dituzte:
a) Helburua betetzea, proiektua gauzatzea; dirulaguntza emateko oinarri den jarduera egitea.
b) Organo emailearen aurrean justifikatzea bai deialdian ezarritako baldintzak bete direla bai diruz lagundutako jarduera egin dela.
c) Organo emaileari jakinaraztea Foru Komunitateko Administraziotik, beste administrazio batzuetatik edo entitate publiko zein pribatu batzuetatik xede bererako eskuratutako edozein dirulaguntza mota.
d) Egindako gastu edo inbertsioen egiazkotasuna justifikatzea dagozkien agirien bidez, deialdian ezarritako epe eta baldintzetan.
e) Egunean edukitzea dagozkion tributu-betebeharrak edo Gizarte Segurantzarekikoak, eta ordaindu gabeko zorrik ez izatea Nafarroako Foru Komunitateko Ogasunarekin.
f) Organo eskudunek egiten ahal dituzten kontrol- eta egiaztapen-jarduketei men egitea eta haietan laguntzea, aipatu jarduketak egiteko eskatzen dieten informazio eta dokumentazio guztia emanez.
g) Jasotako funtsen erabilera justifikatzeko dokumentazioa gordetzea, egiaztapen eta kontrolen xede izan daitekeen bitartean.
h) Jasotako funtsak itzultzea, araudi aplikagarrian ezarritako kasuetan.
i) Organo emaileari jakinaraztea dirulaguntza emateko erabakigarri izan ziren baldintzak aldatzen dituen edozein gorabehera edo diruz lagundutako jarduera garatzea zailtzen duen edozein inguruabar, betiere hura gertatu eta hilabeteko epean.
j) Laguntza hauen xedeko inbertsioa bideratzea kasuan kasuko jarduerarako, eta entitatearen jabetzan edukitzea gutxienez 30 urtez, ondasun higiezinen kasuan.
k) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.
l) Betetzea kontabilitatean eskatzen ahal zaizkion betebeharrak, entitatearen izaeraren araberakoak.
19.2. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezik, onartutako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da, edo, hala badagokio, diru hori itzuli beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedaturikoarekin bat.
Aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, berriz ere zehazten ahalko da emandako dirulaguntzaren zenbatekoa, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.
20. oinarria. Dirulaguntzei uko egitea.
Dirulaguntzaren entitate onuradunetako batek esleitutako zenbatekoaren zati bati edo zenbateko osoari uko egin nahi izanez gero eta eskuragarri geratutako kreditua agortu dadin, aurrekontuan kontsignazio falta dela-eta hasiera batean zenbateko osoa jaso ez duten edo onuradun izan ez diren entitate eskatzaileei eskaera berresteko aukera emanen zaie. Komunikazio hori hasierako emakidaren ebazpenean adierazitako puntuazioaren araberako ordenan eginen da.
21. oinarria. Dirulaguntzak itzultzea.
21.1. Oinarri hauek hizpide dituzten dirulaguntzek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean laguntzak itzultzeko ezarritako araubideari eta Foru Komunitateko Administrazioak ematen dituen dirulaguntzei aplika dakizkiekeen gainerako xedapenei jarraituko diete.
21.2. Jasotako dirua itzuli beharko da, kasuan kasuko berandutze-interesarekin, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aurreikusitako inguruabarretako bat gertatzen bada.
21.3. Dirulaguntza itzultzeko, dirulaguntzaren organo emaileak ebazpena eman beharko du, dagokion espedientearen instrukzioaren bitartez; horrek ekarriko du jasotako dirulaguntza itzuli beharra, bai eta kasuan kasuko berandutze-interesak ordaindu beharra ere, dirulaguntza ordaintzen denetik hura itzultzea bidezkoa dela erabaki arteko epeari dagozkionak.
21.4. Entitate onuradunaren betetze-maila nabarmen gerturatzen zaionean jardueraren erabateko betetze-mailari, eta onuradunak argi eta garbi frogatzen badu hartutako konpromisoak betetzeko ahaleginak egiten ari dela, instrukzio organoak aurrez emanen duen txostenaren bidez zehaztuko da jaso beharreko zenbatekoa, edo, kasua zein den, itzuli beharrekoa, betiere proportzionaltasun-irizpidearekin bat.
22. oinarria. Emandako laguntzen publizitatea.
22.1. Deialditik eratorritako jarduketetan edozein bitartekoren bidez egindako publizitatean eta entitate adjudikaziodunek erabilitako dokumentazioan berariaz jasoko da Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren kargurako finantzaketa jaso dutela.
Horretarako, zerbitzuarekin lotuta sortutako euskarri fisiko edo digital guztietako gutxieneko publizitatean zuzen eta nabarmen jaso beharko da Nafarroako Gobernuaren ikurra, finantzaketa adierazpen egokiarekin: "Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak finantzatuta".
22.2. Entitate onuradunek betebehar hori betetzen dutela justifikatu beharko dute horren frogagiriak atxikiz 15.1.g oinarrian ezarri bezala.
23. oinarria. Arau-hausteak eta zehapenak.
23.1. Deialdi honetan aipatzen diren dirulaguntzen onuradunak dirulaguntzen arloko arau-hauste administratiboentzako zehapen araubidearen mende egonen dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarrita baitaude, eta han ezarritako erantzukizunak izanen dituzte.
23.2. Dirulaguntzen arloko zehapenak erregelamendu bidez finkatzen den prozeduraren arabera ezarriko dira, edo, halakorik izan ezean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean xedatutakoari jarraikiz.
24. oinarria. Deialdiaren eta oinarri arautzaileen aurka bidezkoak diren administrazio-errekurtsoak.
Deialdi honen eta haren oinarri arautzaileen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, honako hauekin bat: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta Nafarroako foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikulua eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluak.
25. oinarria. Araudi osagarria.
Oinarriotan ezartzen ez den guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan xedatutakoari jarraituko zaio.
Iragarkiaren kodea: F2606647
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
