100. ALDIZKARIA - 2026ko maiatzaren 25a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

UBANIKO KONTZEJUA

Ordenantza, arautzen dituena herri-lurretako aprobetxamenduak. Behin betiko onespena

Ubaniko Kontzejuak, 2025eko urriaren 20an egindako osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Ubaniko herri-lurretako aprobetxamendua arautzen duen ordenantza. Hasierako onespenaren erabakia jendaurrean jarri zen Kontzejuaren iragarki-taulan, eta 2026ko 47. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 5ean.

Jendaurreko aldia iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, behin betiko onetsitzat jo, eta argitara ematen da haren testu osoa, eraginkortasun juridikoa izan dezan; hori guztia, bat etorriz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoarekin (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

Ubanin, 2026ko maiatzaren 8an.–Kontzejuko burua, Marina Mejías Jiménez.

ORDENANTZA, UBANIKO KONTZEJUAREN HERRI-LURRETAKO APROBETXAMENDUAK ARAUTZEN DITUENA

I. TITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua. Ordenantza honen xedea da ezartzea Ubaniko Kontzejuaren herri-ondasunen administrazioa, xedapen egintzak, defentsa, berreskurapena eta aprobetxamendua erregulatzen dituzten arauak.

2. artikulua. Herri-ondasunak dira herritar guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak.

3. artikulua. Herri-lurretako ondasunak besterenezinak, preskribaezinak eta enbargaezinak dira eta ez dira inongo tributuren mende egonen.

Haien izaeran eta tratamendu juridikoan ez da aldaketarik izanen, edozein dela ere haiek aprobetxatu edo erabiltzeko era.

4. artikulua. Herri-lurretako ondasunen gaineko arauak hauek dira: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea; Nafarroako Toki Entitateen Ondasunei buruzko Erregelamendua, urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuaren bidez onetsia; Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; ordenantza hau eta, bestela, Nafarroako Foru Zuzenbide Pribatuaren arauak, deusetan galarazi gabe Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren apartatuan xedatutakoa.

II. TITULUA.–ADMINISTRAZIOA ETA XEDAPEN-EGINTZAK

5. artikulua. Herri-ondasunen gaineko ahalmenak, dela haien erabileraz, dela administrazioaz, dela aprobetxamenduaren araubideaz, dela antolamenduaz den bezainbatean, Ubaniko Kontzejuari dagozkio, ordenantza honetan azaltzen den gisan. Herri-ondasunen inguruan Ubaniko Kontzejuak hartutako erabakiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute 6/1990 Foru Legean ezarritako kasuetan (6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa).

6. artikulua. Lurzati txikiak saldu edo trukatzeko desafektazioa egin aitzinetik Nafarroako Gobernuak haien onura publiko edo soziala deklaratu beharko du eta, hori baino lehen, Ubaniko Kontzejuak justifikatu beharko du dagoen asmoa ezin dela beste bide batzuen bitartez lortu, hala nola lagapena eginez edo kargak ezarriz, horiexek izanen baitira lehentasuneko aukerak.

Herri-ondasunak desafektatu ondoren beste batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzultze klausula bat sartuko da beti, hura aplika dadin, baldin eta desagertzen badira edo ez badira betetzen karga horiek ezartzea eragin zuten helburuak edo lagapenari edo kargei zegozkien baldintzak. Halakorik gertatuko balitz, kargatutako ondasuna Ubaniko Kontzejuaren ondarera itzuliko litzateke herri-lurretako ondasun gisa.

Erabiliko den prozedura izanen da honako arau hauetan ezarritakoa: uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa, eta urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretua, zeinaren bidez onetsi baitzen Nafarroako Toki Entitateen Ondasunei buruzko Erregelamendua.

III. TITULUA.–HERRI-ONDASUNAK DEFENDATZEA ETA BERRESKURATZEA

7. artikulua. Ubaniko Kontzejua herri-ondasunak zaindu, defendatu, berreskuratu eta hobetzen ahaleginduko da eta kontra eginen die kaltegarri izan daitekeen edozein pribatizazio saiori edo bestelako ekintzei.

8. artikulua. Ubaniko Kontzejuak berez eta noiznahi berreskuratzen ahalko du herri-lurretako ondasunen jabetza, aldez aurretik legelariak txostena egin eta interesdunari entzunaldia emanda. Beharrezko denean, ekintza zibilak sustatuko dira, herri-lurretako ondasunak berreskuratu eta defendatzeko.

9. artikulua. Ubaniko Kontzejuak Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emanen dio Nafarroako Gobernuari, finken immatrikulazioa edo herri-lurrekin mugakide diren lursailen hedadura soberakina dela eta.

10. artikulua. Ubaniko Kontzejuak Nafarroako Gobernuaren aldez aurreko berariazko onespena beharko du, transakziorik egin nahi izanez gero ondasunak herri-ondarerako berreskuratzearren.

11. artikulua. Ubaniko Kontzejuak administrazio-bidea erabiliko du beti, azkendu nahi baditu baimen, emakida edo beste zernahiren kariaz herri-ondasunen gainean sortutako eskubideak eta haiek ekarritako okupazioak, eta horretarako ahalmen hertsatzaileez baliatuko da. Aldez aurretik kalte-ordaina eman ala ez, zuzenbidearen arabera izanen da.

12. artikulua. Ubaniko Kontzejuak, herri-lurrei buruzko kontratuetan partaide denean, interpretatu eginen ditu eta horiek betetzean sortzen diren zalantzak argituko. Interpretazioen gaineko erabaki horiek berehala betearaziko dira, horrek galarazi gabe hirugarrenek duten eskubidea bide jurisdikzionalean behar den deklarazioa lortzeko.

13. artikulua. Ubaniko Kontzejuak herri-ondasunak defendatzeko bidezko diren ekintzak sustatzen ez dituenean, herritarren ekimena posible izanen da, zehaztuko den gisan. Ekintza horrek aurrera eginez gero, sortu diren gastuak itzuli beharko dizkie Ubaniko Kontzejuak herritarrei.

IV. TITULUA.–HERRI-ONDASUNEN APROBETXAMENDUA

I. KAPITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK

14. artikulua.

1. Honako aprobetxamendu hauek arautzen ditu ordenantzak:

–Laborantzako herri-lurren aprobetxamendua.

–Herri-larreen aprobetxamendua.

–Herri-lurretako baratzeen aprobetxamendua.

–Herri-lurretako bestelako aprobetxamenduak.

2. Nolanahi ere, Zabaltzako udal-mugarteko administrazio espedienteek (lurzati berrantolamendukoek, konparaziorako) arestian aipatutako aprobetxamenduak uki ditzakete, eta hortaz, errentan emanen dira baldin eta herri-lurrak benetan eskuragarriak badira.

15. artikulua.

1. Oro har, Ubaniko herri-lurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, familia-unitateen titularrek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

1.1. Adinez nagusi izatea, edo adingabe emantzipatua edo judizialki gaitua.

1.2. Zabaltzako Udaleko Biztanleen Erroldan (Ubaniko Kontzejua) bizilagun gisa inskribatua izatea, sei urte lehenagotik gutxienez ere.

1.3. Ubanin, urtean bederatzi hilabetez bederen jarraian eta benetan bizitzea.

1.4. Zabaltzako Udalean eta Ubaniko Kontzejuan ordaindu beharreko zergak ordainduak izatea.

2. Etxebizitza berean bizi diren guztiak hartuko dira familia-unitateko kidetzat.

Nolanahi ere, familia-unitate independentetzat hartuko da guraso jubilatuek edo pentsiodunek osatua, familiakoekin bizi arren, betiere haien diru-sarrerak lanbide arteko gutxieneko soldata baino baxuagoak baldin badira.

3. Artikulu hau interpretatzerakoan sortzen ahal diren zalantzak Ubaniko Kontzejuak osoko bilkuran argituko ditu, banan-banan.

16. artikulua. Herri-lurrak ixteko, ezinbestekoa izanen da aldez aurretik Zabaltzako Udaleko Alkatetzak (Ubaniko Kontzejua) idatzizko baimena ematea. Herri-lurrak eta jabetza pribatukoak ezin izanen dira inola ere batera hesitu.

17. artikulua. Onuradunen arteko aprobetxamendu-trukeak baimentzeko, aldez aurretik baterako eskaera egin eta adostasuna agertu beharko dute trukean interesa dutenek eta hark ukitutakoek, eta Ubaniko Kontzejuak baimena eman beharko du aurretiaz.

18. artikulua. Kontzejuak baliorik gabe utz dezake herri-lurraren adjudikazioa –osorik edo zati batean–, onuradunari 3 hilabete lehenago jakinarazpena eginda, sustatzen dituenean zuhaitzen landaketak eta Nafarroako Gobernuak baimendutako bestelako hobekuntzak, baldin eta horiek onuradunaren herri-lurretako aprobetxamenduei eragiten badiete, behin-behinekoz nahiz behin betikoz.

Horri dagokionez, aprobetxamenduaren errentamendua bertan behera gelditze hutsak ez dio eskubiderik emanen onuradunari inolako kalte-ordainik jasotzeko.

19. artikulua. Aprobetxamenduaren errentamenduarengatik ordaindu beharreko kanona urtero eguneratuko da aprobetxamenduaren lehen urtetik aurrera, kontsumoko prezioen igoera gehituz eta metatuz (KPI), hain zuzen ere prezio horri aplikatuz erakunde ofizial eskudunak Nafarroarako onetsitako portzentaje-indizea.

II. KAPITULUA.–LABORANTZAKO HERRI-LURREN APROBETXAMENDUA

20. artikulua. Betiere 14.2 artikuluan aipatzen den benetako eskuragarritasunak baldintzaturik, Ubaniko laborantzako herri-lurren aprobetxamenduak hiru modu ezberdinetan eginen dira:

a) Herritarrentzako lehentasunezko aprobetxamenduak.

b) Herritarrei zuzenean adjudikatzeko aprobetxamenduak.

c) Enkante publikoaren bidez adjudikatzea edo Ubaniko Kontzejuak zuzenean ustiatzea.

Ubaniko Kontzejuak laborantzako herri-lurren aprobetxamendua adjudikatzeko hiru modu horiek erabiliko ditu, bata bestearen ondotik, emandako ordenaren arabera.

Hiru moduetako edozeinetan, Ubaniko Kontzejuak ahaleginak eginen ditu beretzat gordetzeko NPBren edo beste edozein laguntzaren gaineko eskubideak, eta bera izanen da laguntzak eskatzeko izapideak eginen dituena. Errentatzaileak laboreak ereingo ditu, Nekazaritza Politika Bateratuak laguntzak kobratzeko ezartzen duenari jarraituz.

1. ATALA.–HERRITARRENTZAKO LEHENTASUNEZKO APROBETXAMENDUAK

21. artikulua.

1. Aprobetxamendu modu honen onuradun izateko, familia-unitateen titular diren herritarrek 14. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte, eta familia-unitateko kide bakoitzarengatik, diru-sarrerek lanbide arteko gutxieneko soldataren %30 baino txikiagoak izan beharko dute, edo familia-unitatearen diru-sarrera osoak soldataren azpitik egon.

2. Baldin familia-unitatean baldin badago gorputzez edo adimenez ezindurik dagoen norbait, agiri bidez egiaztatuta, lanbide arteko gutxieneko soldataren %60ko diru-sarrera kontatuko da kide bakoitzeko.

3. Errenta mailak zehazteko jarraitu behar diren irizpideak honako datu objektibo hauetan oinarrituz finkatuko dira: pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena, soldatak, laborantzako lurrak errentamenduan edukitzea, abeltzaintzako edo industriako lurrak edukitzea, hiri-lurraren gaineko kontribuzioa, salbu norberaren etxebizitzari dagokiona, baita antzeko beste edozein datu ere.

Baldintza ekonomikoak baldin badira lehentasuna duten herritarrentzako aprobetxamendua emateko oinarria, baldintza horiek mantendu beharko dira adjudikazioak indarra duen bitartean.

22. artikulua.

1. Aprobetxamendu modu honetan, ereduko lotearen azalera behar den tenorean zehaztuko du Ubaniko Kontzejuak.

23. artikulua. Lehentasuna duten herritarrentzako aprobetxamendu modu honetarako finkatu baldintzak betetzen dituzten familia-unitate anitz badira, eta horrek arazo sozialik sortzen badu, Ubaniko Kontzejuak interesdunen gogoa betez eta indarrean dagoen legeriari jarraikiz konponduko du arazoa.

24. artikulua. Aprobetxamendua erabiltzeko epea zortzi (8) urtekoa izanen da.

25. artikulua. Aprobetxamendu modu honetan, herri-lurren onuradunek hurrengo lur-sariak ordainduko dituzte (2025ari dagozkion zenbatekoak, gero eguneratzeko oinarri):

–Lehorreko lurrak: 25-35 euro/erregua, lurraren kategoriaren arabera.

Zenbateko horiek lehen urterako proposatutako kanonari dagozkio, eta ordenantza honetako 19. artikuluan zehaztutakoari jarraituz eguneratuko dira.

26. artikulua. Onuradunek zuzenean eta pertsonalki laboratu beharko dituzte herri-lurzatiak, eta ezin izanen dituzte errentan eman edo lan pertsonala ez den beste eraren baten bidez ustiatu.

Onuradunei adjudikatutako lurzatien laborantza hainbaten artean egitea ere zuzeneko laborantza pertsonaltzat hartuko da, haiek kooperatibetan edo legez eratutako lantaldeetan elkartzen direnean eta kide guztiek, banan-banan, 15. artikuluan adierazitako baldintzak betetzen badituzte.

27. artikulua. Ordenantza honi dagokionez, zuzeneko laborantza pertsonala izateko, adjudikaziodunak edo haren familia-unitateko kideek egin behar dituzte laborantza lanak, ordenantza honen 15. artikuluan jasotzen diren ezaugarriak izanik, eta soldatapekorik ezin izanen dute hartu, non ez duten horretara behartzen nekazaritza-urteko sasoien gorabeherek.

Alabaina, zuzeneko laborantza pertsonala egiteko ahalmenik ez da galduko, kontzeju honen iritzian, laborantza pertsonala egitea eragozten dion eritasun edo aldi bateko beste arrazoirengatik soldatakorik hartzen denean. Horrelakoetan, hamabost eguneko epean jakinaraziko zaio Ubaniko Kontzejuari, behar den baimena eman dezan.

Ezintasun fisikoa edo besteren bat, Kontzejuaren iritzian, behin betikoa bada eta herri-lurretako lurzatien zuzeneko laborantza pertsonalik ezin bada egin, ondoko artikuluan xedatzen dena aplikatuko da.

28. artikulua. Ezintasun fisikoa edo besteren bat izateagatik onuradunak ezin baditu lurzatiak zuzenean eta pertsonalki landu, adjudikatzeko momentuan edo aprobetxamenduaren epearen barrenean, Ubaniko Kontzejuak adjudikatuko ditu hurrengo aprobetxamendu moduaren bidez, hau da, herritarrei zuzenean adjudikatutako aprobetxamenduaren bidez. Halakorik ezean, enkantea eginen da.

Ubaniko Kontzejuak eskumena du erabakitzeko noiz dagoen ezintasun fisikorik edo bestelakorik, eta egoki iruditzen zaizkion agiriak eskatuko ditu.

Laborantza apartzerian ematen duten edo lagatzen duten onuradunei herri-lurzatiak kendu eginen zaizkie, adjudikazioaldia bukatu arte.

29. artikulua. Ubaniko Kontzejuak noiznahi egiten ahalko ditu egoki iruditzen zaizkion egiaztapenak, ziurtatzearren laborantza zuzenean eta pertsonalki egiten dela.

Honako kasu hauetan iritziko zaio lurra ez dela zuzenean eta pertsonalki lantzen:

–Nekazaritzako makineria izanik, hura ez denean erabiltzen adjudikatutako herri-lurrak laboratzeko.

–Udal zerbitzuen, edo Herri-lurren Alorra esleiturik daukan udal batzordearen edo Alkatetzaren txostenaren arabera, adjudikaturiko lurzatiak lantzen ez direnean bat etorriz ordenantza honen 26., 27., 28. eta 29. artikuluekin.

–Pertsona fisikoen gaineko errenta aitorpenean nekazaritzako etekinik aitortzen ez denean.

–Adjudikatutako lurzatiaren %50, gutxienez, lantzen ez denean.

–Laborantzako lurren jabe izanik, horiek hirugarrenei errentan eman zaizkienean.

–Adjudikatutako loteko lurzati guztien berri ematen ez bada BNPren aitorpenean.

2. ATALA.–HERRITARREI ZUZENEAN ADJUDIKATZEKO APROBETXAMENDUAK

30. artikulua. Lurzatiak lehen atalean ezarritakoaren arabera banatu ondotik, soberan gelditzen diren laborantzako herri-lurrak, bai eta onuradunek zuzenean eta pertsonalki lantzen ez dituzten lurzatiak ere, zuzenean adjudikatuko dira 15. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia unitateko titularrak diren herritarren artean.

31. artikulua. Aprobetxamendu modu honetan, Kontzejuak behar den tenorean zehaztuko du lotearen azalera.

32. artikulua. Adjudikazio-epea 24. artikuluan adierazitako bera izanen da.

33. artikulua. Aprobetxamendu modu honen bidez herri-lurrak hartzen dituzten onuradunek ordaindu beharreko kanona izanen da enkanteko prezioaren %90.

–Lehorreko lurrak: 25-35 euro/erregua, lurraren kategoriaren arabera.

Zenbateko horiek lehen urterako proposatutako kanonari dagozkio, eta ordenantza honetako 19. artikuluan zehaztutakoari jarraituz eguneratuko dira.

34. artikulua. Adjudikaziodunak zuzenean landu beharko ditu lurrak. Horretarako, jarraituko zaio 26., 27., 28. eta 29. artikuluetan xedatutakoari.

3. ATALA–ENKANTE PUBLIKOAREN BIDEZKO ADJUDIKAZIOA EDO KONTZEJUAK ZUZENEAN USTIATZEA

35. artikulua. Ubaniko Kontzejuak, lehen eta bigarren ataletan ezarritako prozedurak aplikatu ondoan, laborantzako lurra soberan baldin badago, jendaurreko enkantean eginen du adjudikazioa, eta hurrengo banaketa noiz egin behar den, ordura arteko epea emanez.

Hasierako prezioa 35 euro/erregua izanen da.

Herri-lurretako aprobetxamenduen enkanteetan, eman gabe gelditzen badira, bigarren eta are hirugarren enkanteak ere egiten ahalko dira, hasierako prezioa %10 eta %20 merkeago, hurrenez hurren.

Halaber, enkantea eman gabe gelditu bada, aprobetxamendua zuzenean adjudikatzen ahalko da, baina prezioa ez da izanen azken enkanteko hasierako prezioa baino merkeagoa.

Herri-lurretako aprobetxamenduen enkantea iragarriko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Foru Komunitatean argitaratzen diren egunkarietako batean edo gehiagotan, enkantearen eguna baino hamabost egun natural lehenagotik gutxienez.

Herri-lurretako aprobetxamenduen bigarren eta hirugarren enkanteetarako, berriz, aski izanen da Ubaniko Kontzejuaren iragarki-taulan iragartzearekin, haietako bakoitza egin baino bost egun lehenago gutxienez ere.

Enkantea egin ondoan laborantzako lurra soberan gelditzen bada, Ubaniko Kontzejuak zuzenean ustiatzen ahalko du.

4. ATALA.–ADJUDIKATZEKO PROZEDURA

36. artikulua. Ubaniko Kontzejuak osoko bilkuran hala erabaki eta Kontzejuko iragarki-taulan ediktua paratu ondotik, hamabost (15) egun naturaleko epea irekiko da, beren burua eskubideduntzat jotzen dutenek herri-lurretako lurzatien adjudikazioa eska dezaten. Eskaria Kontzejuak onesten duen ereduan gauzatu beharko da.

37. artikulua. Eskabideekin batera zinpeko deklarazioa aurkeztu beharko da, edo frogagiriak, honako hauen gainean:

a) Ubaniko bizilaguna izatea, gutxienez ere sei urte lehenagotik, eta bertan bizitzea urtean bederatzi hilabetez bederen.

b) Betebehar fiskalak egunean izatea Ubaniko Kontzejuarekin eta Zabaltzako Udalarekin.

c) Azken ekitaldiko errenta aitorpena eta, hala behar badu, ondare aitorpena ere bai.

38. artikulua. Batzarrak edo Kontzejuko buruak proposatuta, Kontzejuak, osoko bilkuran, onartuen zerrenda onetsiko du adjudikatzeko era bakoitzean, lehentasunekoan edo herritarren artekoan. Zerrenda hori behin-behinekoa izanen da.

Ordenantza honetako 15., 21. eta 26. artikuluetan ezarritako baldintzak betetzen dituen eskatzailerik ez bada, Kontzejuak, osoko bilkuran, ordenantza honetako 20. artikuluko b) eta c) letretan ezarritako adjudikazio moduen artean adjudikatuko ditu herri-lurren aprobetxamenduak.

39. artikulua. Aprobetxamendu mota bakoitzeko behin-behineko zerrenda kontzeju honen iragarki-taulan paratuko da 15 egun balioduneko epean, bidezko diren alegazioak egin ahal izateko. Inork alegaziorik aurkezten ez badu, behin-behineko zerrenda zuzenean behin betikoa izanen da.

40. artikulua. Alegazioak eta zuzendu beharreko akatsak izanez gero, haiei buruzko ebazpena emanen da, eta onetsiko da adjudikazio modu bakoitzean herri-lurzatien onuradun izateko eskubidea dutenen behin betiko zerrenda.

41. artikulua. Adjudikazioa zozketaz eginen da, lehentasuna duten aprobetxamenduetarako lehendabizi, eta, horren ondotik, herritarrei zuzenean adjudikatzeko aprobetxamenduetarako, gisa honetan:

1. Zenbakiak jarriko dira modu batean zein bestean onartutakoen behin betiko zerrendetan.

2. Herri-lurretako lurzati bakoitzari dagokion zenbakia jarriko zaio.

3. Ondoren, zakutik aterako da zenbaki bat, eskaera egin duten herritarrei dagokiena, eta beste bat lurzatiei dagokiena, eta horrela segituko da bukatu arte.

4. Lurzatien zozketa amaitutakoan, Kontzejuaren iragarki-taulan argitara emanen da adjudikaziodun berrien zerrenda eta dagozkien herri-lurzatiak.

III. KAPITULUA.–HERRI-LARREEN APROBETXAMENDUA

42. artikulua. Kontzejuaren belarrak arautuko dira.

43. artikulua. Larreen aprobetxamenduaren errentamenduarengatik ordaindu beharreko kanona urtero eguneratuko da aprobetxamenduaren lehen urtetik aitzina, kontsumoko prezioen igoerarekin (KPIa).

44. artikulua. Aprobetxamendu hau erabiltzeko epea zortzi (8) urtekoa izanen da.

45. artikulua. Aprobetxamendua zuzenean eginen da, eta debeku dira azpierrentamendua, lagapena eta besteren aziendak sartzea. Hala ere, Kontzejuak besteen aziendak sartzeko baimena eman dezake, Ondasunen Erregelamenduaren 194. artikuluan xedatutakoari jarraituz.

45. artikulua. bis. Herri-larreen aprobetxamendua modu hauetan eginen da.

a) Herritarrei zuzenean adjudikatuz.

b) Tradiziozko ohiturari jarraikiz.

c) Enkante publikoan adjudikatuz.

Aprobetxamendua, bai herritarrentzako adjudikazio zuzenaren bidezkoa, bai enkante bidezkoa, eginen da ordenantza honen 30. eta 31. artikuluetan laborantzako herri-lurrentzako ezarri diren baldintza beretan, eta bertako 3. eta 4. ataletan ezarritako prozedurari jarraituz.

46. artikulua. Aprobetxamendua zuzenean eginen da, eta debeku dira azpierrentamendua, lagapena eta besteren aziendak sartzea. Jabetza partikularretan nahiz herri-lurretakoetan sartzeko, diren sarbideak erabiliko ditu beti aziendak, eta ezin izanen ditu inola ere aprobetxatu mahastiak, olibadiak edo zuhaiztiak lurzatien jabeen eta errentarien baimen idatzirik gabe. Baldintza hori betetzen ez bada, erremategile horiek izanen dira erantzule.

Errentariak laborantza eta ereintza mota guztiak errespetatu beharko ditu, eta euri egunetan ezin izanen ditu belarrak aprobetxatu herri-lurzatietan eta finka partikularretan, ez eta ondoko egunetan ere, kalte nabarmenak egin daitezkeen bitartean.

Erabat debeku da sua piztea, inongo helburutarako, onura publikokoak deklaraturiko mendietan eta zuhaiztiak dauzkaten herri-lurretan.

Ez badago eskaintzarik larreen aprobetxamendurako, Ubaniko Kontzejuak abeltzainei galdetzen ahalko die, suteak prebenitze aldera, ea aprobetxamendu hori interesatzen zaien, adostuko den kanon sinboliko bat ordaindurik.

Hala ere, Kontzejuak besteen aziendak sartzeko baimena eman dezake, Ondasunen Erregelamenduaren 194. artikuluan xedatutakoari jarraituz. Larreak ez direla zuzenean aprobetxatzen ari ulertuko da kasu hauetan:

a) Toki entitatearen zergetan beren aziendei edo abeltzaintza jarduerari baja ematen dietenek.

b) Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpenean abeltzaintzako etekinak aitortzen ez dituztenek, hori egitera beharturik daudelarik.

c) Bazkalurren jabe izanik, haiek hirugarrenei errentan emanda dauzkatenek.

d) Eskaturik-eta zuzeneko aprobetxamendua egiaztatzen duten agiriak, hala nola, artzainen Gizarte Segurantzako egiaztagiriak, albaiteroen ziurtagiriak, erosketenak edo bestelakoak, ezarritako epean aurkezten ez badira.

47. artikulua. Adjudikazio-prezioa urtero berrikusiko da, bizitzaren kostuak dituen gorabeheren arabera egokitzeko, Nafarroako erakunde ofizial eskudunak onartzen dituen indizeak (KPIa) kontuan hartuz.

Adjudikazio-prezioa aprobetxamenduaz baliatzen hastean ordainduko da.

IV. KAPITULUA.–HERRI-BARATZEEN APROBETXAMENDUA

48. artikulua. Ubaniko Kontzejuak bere ondareko hainbat baratze dauzka, bertako herritarrek familia-baratzeen modalitatean aprobetxa ditzaten. Baratze horietan ez dago urik. Haietatik errekasto bat igarotzen da, eta adjudikaziodunek zaindu beharko dute ura modu ekitatiboan banatzen dela. Eskaintza baino eskari handiagoa badago, lurzatiak zatituko dira, eta amaituz gero, zozketa bidez adjudikatuko dira.

49. artikulua. Aprobetxamenduaren onuradun izateko, baldintza hauek bete behar dira:

a) Gutxienez ere sei urtez egotea Ubanin erroldatua. Adjudikazioaldian, adjudikaziodunak baja ematen badu biztanleen erroldan, baratzea aprobetxatzeko eskubidea kenduko zaio. Adjudikaziodunak landu beharko du baratzea. Erabat debeku da hirugarrenei errentan ematea.

b) Ordainketak egunean izatea Ubaniko Kontzejuarekin.

c) Adinez nagusia izatea, edo adingabe emantzipatua edo judizialki gaitua.

d) Beste edozein inguruabar Ubaniko Kontzejuak aztertuko du.

e) Erabat debeku da zuhaitzak landatzea.

50. artikulua. Aprobetxamenduak zortzi urte iraunen du edo ordenantza berritzen denera arte edo Ubaniko Kontzejuak beste ezer agintzen duenera arte.

V. KAPITULUA.–HERRI-LURRETAKO BESTE APROBETXAMENDU BATZUK

51. artikulua. Ehiza barrutiak herri-lurrak sartuz eratu badira, ehizaren aprobetxamendua 1981eko martxoaren 17an Nafarroako Foru Parlamentuak emaniko arauarekin bat eta xedapen osagarriei jarraikiz eginen da eta, betiere, martxoaren 5eko 2/1993 Foru Legearen arabera, haren bidez jorratu baitzen basa fauna eta haren habitatak babestu eta kudeatzea.

52. artikulua. Ondareko uren kontzesioa, herri-lurren okupazioa, herri-lurretan harrobiak ustiatzea eta herri-lurretan egin nahi den beste edozein aprobetxamendu edo hobekuntza, kasu bakoitzerako Ubaniko Kontzejuak prestatzen dituen baldintza-orrien arabera eginen dira. Gainera, jendaurrean eduki beharko dira hamabost egunez gutxienez, eta Nafarroako Gobernuak onetsi beharko du.

Udal-mugarteko herri-basoen ustiapena eginen da beti Nekazaritza, Abeltzaintza eta Mendi Departamentuak ematen dituen jarraibideen arabera, eta aldez aurretik baimena emanda.

Erlauntz-ustiategien kokaleku jakinak baimentzen ahalko dira adjudikatzeko, horretarako erabiliz ordenantza honetan bazkalekuetarako ezartzen den prozedura. Kokaleku horiek ezarriko dira aziendaren iraganbideetatik eta edanlekuetatik urruti, eta kasu bakoitzeko belarren adjudikaziodunak txostena eman ondoren.

Behar bezalako seinaleak jarri beharko dira, arriskuak saihesteko. Erlauntzek bete beharko dituzte otsailaren 22ko 209/2002 Errege Dekretuan, eta Nafarroako Foru Berriko 369. Legean, edo haien ordez edo haien osagarri ezartzen diren xedapenetan ezarritakoak.

VI. KAPITULUA.–HOBEKUNTZAK HERRI-ONDASUNETAN

53. artikulua. Ubaniko Kontzejuak indarrik gabe utz ditzake aprobetxamenduen adjudikazioak, lur horiek ukitutako proiektuek honako xedea baldin badute:

a) Haien gaineko kargak kentzea.

b) Herri-lurrak hobetzea.

c) Gizarterako proiektuak egitea, inguruabar pertsonalak, familiarrak edo sozialak direla medio beharrean daudela justifikatzen duten herritarrei laguntzeko.

V. TITULUA.–ARAU-HAUSTEAK ETA ZEHAPENAK

54. artikulua. Arau-hauste administratibotzat jotzen dira laboreekin zerikusia duten egitate hauek:

1. Adjudikatutako lurzatiak pertsonalki ez lantzea.

2. Adjudikatutako lurzatien %80 bederen ez lantzea.

3. Herri-lurrak udal adjudikaziorik gabe lantzea, nahiz eta lur landugabeak edo etzeak edo beste norbaiti adjudikatutakoak izan.

4. Ez ordaintzea ezarritako epeetan kanonen zenbatekoak edo erregelamendu bidez ezarritako beste tasa batzuenak.

5. Nekazaritzako lanak egitea erregelamendu honek baimentzen ez dituen sasoietan, larreen ustiapenaren kaltetan.

6. Beste lurzatietatik bereizteko ezpondak goldatzea.

7. Bideak nahiz altxonbideak goldatzea.

8. Ez errespetatzea adjudikazioetan zehaztutako epeak.

9. Ordenantza honetan xedatutakoari kontra egiten dion egitate edo ekintza oro.

10. Laborantza iraunkorrak (fruta-arbolak, zainzuriak...) Kontzejuaren baimenik gabe landatzea.

11. Lurzati bat goldatzean, ildoa irekia uztea bide baten ertzean.

12. Bideetan edo altxonbideetan harriak, zaborrak edo barazkien hondarrak botatzea.

55. artikulua. Arau-hauste horiek ondoko zehapenak izanen dituzte:

–1., 2., 4., 5. eta 10. arau-hausteengatik, kontzesioa azkenduko da.

–7. eta 8. arau-hausteengatik, herri-lurren edo herri-larreen adjudikazioduna izateko desgaikuntza ezarriko da.

–Gainerako arau-hausteengatik (3., 6. eta 7. arau-hausteak), zehapena izanen da egindako kaltea halako 5etik 10era bitarte ordainaraztea. Balio hori zehazterik ez badago, 60 eurotik 12.000 eurora bitarteko zehapena ezarriko da.

Gainerako arau-hausteengatik, Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen gaineko Erregelamenduaren 225, 226, 227 eta 228. artikuluekin bat (urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretua) eta uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 178. artikuluari jarraituz, egungo legeen araberako zehapena ezarriko da.

Zehapenak ezartzeaz gain, arau-hausleari egozten zaizkion kalte-galerak ere ordaindu beharko ditu, eta egoki den eran eskatuko zaizkio.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Bakarra.–Ordenantza hau indarrean jartzen denetik, indargabetu eginen dira, baliorik eta ondoriorik batere gabe utzirik, kontra egiten dioten maila bereko edo apalagoko xedapen edo ordenantzak oro.

Iragarkiaren kodea: L2606840