100. ALDIZKARIA - 2026ko maiatzaren 25a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IRUÑA

Hirigintza Gerentziari eskuordetzea Iruñerriko Mankomunitatearekin sinatu beharreko toki-erakundeen arteko lankidetzarako hitzarmena onesteko eskumena, Erreginaren Aldapa berrurbanizatzeko obrak batera egiteko

Iruñeko Udaleko Gobernu Batzarrak, 2026ko maiatzaren 11n, honako erabaki hau hartu zuen:

JOB 11-MAY-26 (6/UV).

«Iruñeko Erreginaren Aldapa kalea eta aldameneko kaleak (Larraina etxe-multzoa eta San Roke kalea) berrurbanizatzeko obrek erantzuna emanen diote premia publiko bati; izan ere, hiri-espazio berean eskumen-titulartasun desberdineko bi esku-hartze daude, funtzionalki bereizezinak direnak hala ere: bide-espazio publikoa berrurbanizatzea eta hobetzea, eta dauden hornidura-azpiegiturak berritzea eta hobetzea.

Bi jarduketak bereizita eginez gero, jabari publikoaren gaineko esku-hartzeak bikoiztuko lirateke, mugikortasunaren eta hiri-zerbitzuen gaineko eragina handituko litzateke, zuzeneko eta zeharkako kostuak handituko lirateke, herritarrei eta jarduera ekonomikoei eragozpen handiagoak sortuko litzaizkieke eta baliabide publikoak ez lirateke modu hain efizientean erabiliko.

Bi jarduketak batera gauzatzean, arlo teknikoan eta denboran integratuko dira; proiektuen, zuzendaritza fakultatiboen eta exekuzio materialaren arteko koordinazioa bermatuko da; administrazio onaren eta efizientziaren printzipioekin bateraezinak diren ondoz ondoko jarduketak saihestuko dira; hiriaren, ingurumenaren eta gizartearen gainean obrak dituen ukipenak gutxituko dira; eta, azkenik, baliabide publikoak optimizatuko dira, kontratazio bateratuaren bidez.

Horrenbestez, interes publikoko arrazoi objektibo bat dago, eta aukera administratibo nabarmena, administrazioen arteko lankidetzarako tresna bat erabiltzeko, lankidetza-, eraginkortasun- eta efizientzia-printzipioak aplikatuz, zeinak jasota baitaude 40/2015 Legearen 140. artikuluan eta hurrengoetan, eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 59. artikuluan.

Iruñeko Udalak bide publikoak kontserbatzeko eta mantentzeko eskumena du, bat etorriz Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen (aurrerantzean, TAFL) 29. artikuluan ezarritakoarekin eta Toki-Araubidearen Oinarriei buruzko apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 7. eta 26.1.a) artikuluetan xedatutakoarekin. Bide publikoaren gainean Udalak dituen eskumenen esparruan dago hitzarmenean jasotzen diren obrak eta jarduketak lizitatzea, eta Tokiko Gobernu Batzarrari dagokio hitzarmena onesteko eskumena.

Iruñerriko Mankomunitatea, berriz, Iruñeko ur-horniduraren eta -saneamenduaren arloko udal-eskumenen titularra da, bat etorriz TAFLaren 47. artikuluan ezarritakoarekin.

Bestalde, Hirigintza Gerentzia Iruñeko Udalaren erakunde autonomo bat da, nortasun juridiko propioa duena, eta hari esleitu zaio Iruñeko udal-mugarteko hirigintzaren kudeaketa. Haren eskumena da, besteak beste, "bere eskumeneko proiektuak, baldintza-agiriak eta obren adjudikazioak erabakitzea", hala nola urbanizazio-obrak eta udal-obrak.

Hirigintza Gerentziak 2026ko aurrekontuan kreditu egokia eta nahikoa du hitzarmena onesteak dakartzan betebehar ekonomikoei erantzuteko, eta teknikari espezializatuak ere baditu, obren lizitazioa prestatzeko nahiz lanen jarraipena eta koordinazioa egiteko.

40/2015 Legean ezarritakoaren arabera, administrazio publikoek harremanetan egon behar dute elkarren artean, beren organo eta erakundeekin eta herritarrekin, oro har, jarduketa- eta funtzionamendu-printzipio orokor jakin batzuen arabera, besteak beste honako hauen arabera: efikazia eta efizientzia, lankidetza eta nahitaezko koordinazioa, eta arrazionalizazioa eta bizkortasuna, bai administrazio-prozeduretan, bai kudeaketa-jarduera materialetan.

Espedientean jasota dago toki-erakundeen arteko lankidetzarako hitzarmena (Iruñeko Udaleko Hirigintza Gerentziaren eta Iruñerriko Mankomunitatearen arteko lankidetza-hitzarmena, Erreginaren Aldapa berrurbanizatzeko obrak batera egiteko), non, besteak beste, deskribatzen baita zein den hitzarmenaren xedea, zein jarduketa eginen diren, zer betebehar eta konpromiso dituzten alderdiek, zer ondorio dituen hitzarmena ez betetzeak, nolako mekanismoak dauden jarraipena, zaintza eta kontrola egiteko, zein diren aldaketen-araubidea, indarraldia eta azkentzeko arrazoiak, eta araubide juridikoa.

Horiek horrela, honako hau

ERABAKI DA:

1.–Adieraztea ezen beharrezkoa dela eta egokia dela Iruñerriko Mankomunitatearekin batera egitea Iruñeko Erreginaren Aldapa kalea eta aldameneko kaleak (bereziki, Larraina etxe-multzoa eta San Roke kalea) berrurbanizatzeko obrak, baita eremu horretako hornidura- eta saneamendu-sareak berritzeko obrak ere.

2.–Iruñeko Udaleko Hirigintza Gerentziari eskuordetzea aipatu lankidetza-hitzarmena (Iruñeko Udaleko Hirigintza Gerentziaren eta Iruñerriko Mankomunitatearen arteko lankidetza-hitzarmena, Erreginaren Aldapa berrurbanizatzeko obrak batera egiteko) onesteko eta garatzeko eskumena, espedientean jasotako baldintzetan; halaber, Hirigintza Gerentziaren esku egonen da behar diren jarduerak egitea hitzarmenean jasotako betebeharrak betetzeko. Hori guztia, bat etorriz Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 8. eta 9. artikuluetan ezarritakoarekin.

3.–Iruñeko Udaleko alkate Joseba Asiron Sáezi ahalmena ematea hitzarmena sinatu dezan, baita hura formalizatzeko eta betearazteko beharrezkoak diren agiri guztiak ere, bat etorriz 2024ko urtarrilaren 22ko Alkatetzaren Xedapenarekin (3/AL).

4.–Hirigintzako Udal Gerentziari helaraztea, hura onar dezan eta, ondoren, hitzarmena onets dezan.

5.–Erabaki hau Iruñerriko Mankomunitateari jakinaraztea.

6.–Erabaki hau argitara ematea Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta gardentasun-atarian, eta legez eskatzen diren gainerako publizitate- eta erregistro-jarduketak egitea».

Ebazpen honen aurka, hautara, errekurtso hauetako bat aurkezten ahal da:

–Berraztertzeko errekurtsoa, egintza eman duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita.

–Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zeina zuzendu behar baitzaio Iruñeko Auzitegiko Administrazioarekiko Auzien Atalari, bi hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita; edo, bestela,

–Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazten denetik hasita.

Iruñean, 2026ko maiatzaren 12an.–Alkatea, Joseba Asiron Saez.

Iragarkiaren kodea: L2606935