Iragarkia
100. ALDIZKARIA - 2026ko maiatzaren 25a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
128E/2026 EBAZPENA, maiatzaren 4koa, Landa Garapeneko zuzendari nagusiak emana, deialdi bat onesten duena "de minimis" laguntzak emateko kanal laburretan merkaturatzen duten nekazaritzako elikagaien ekoizleen elkarteei eta nekazaritzako TEST guneak kudeatzen dituzten elkarteei, Nafarroan 2026. urtean egindako jarduerengatik, eta, horrekin batera, deialdiaren oinarri arautzaileak ezartzen dituena. DDBN kodea: 903236.
Elikagaiak kontsumitzaileari ahalik eta zuzenen saltzeak, hots, ekonomia-eragile gutxi batzuek esku hartzen dutela, lagun dezake, eraginkortasunez lagundu ere, elikakateko desorekak zuzentzen, ustiategi txikien kasuan, bereziki; eta, aldi berean, aukera ematen du kalitatezko produktuak, tokiko espezie eta barietateekin edo sistema tradizionalak erabilita egindakoak, merkatuetan sar daitezen. Aldi berean, hizpide dugun jarduerak beste jarduera osagarri batzuk garatzen lagundu dezake, hala nola elikagaien transformazioa, banaketa, eta jatetxe edo landetxeetako jarduerak, horiek guztiek areagotzen baitute nekazaritzako elikagaien inguruko jarduna eta ekonomia nahiz enplegua sortzen baitute landa eremuetan.
Tokiko produktuen banaketa sustatzearekin eta nekazaritzako elikagaien zuzeneko salmenta hobetzearekin lotuta, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak erantzuna eman nahi dio 2021/2115 (EB) Erregelamenduaren 6. artikuluan ezarritako erkidegoko elikadura politikaren plan estrategikoetako helburu espezifikoetako batzuei, hala nola nekazariek balio-katean duten posizioa hobetzea, gazteak eta nekazari berriak erakarri eta haiei laguntzea, landa eremuetan enpresa garapen iraunkorra erraztea, nekazariei mesede eginen dieten eta haien parte-hartzea sustatuko duten lankidetza modu berriak bultzatzea, hornidurako-kate laburrak sustatzea, eta merkatuaren gardentasuna hobetzea.
Nafarroako Foru Komunitatean arlo horretan gaur egun dagoen esparru juridikoa Nekazaritzako Elikagaiak Merkaturatzeko Kanal Laburren martxoaren 9ko 5/2023 Foru Legeak ezartzen du; lege horren xedea da arautzea eta sustatzea elikagaiak zuzenean, edo gehienez ere bitartekari batez, merkaturatu daitezela lehen sektoreko ekoizleen edo horien elkarte asoziatiboen eta azken kontsumitzaileen artean. Aipatu behar da Nafarroa erkidego aitzindaria izan zela esparru horretan, apirilaren 20ko 8/2010 Foru Legea onetsi baitzuen.
Halaber, egokitzat jotzen da nekazaritzako TEST guneak kudeatzen dituzten elkarteak sustatzea, baita nekazaritzako sektorean esperientzia gutxi duten eragile berriak txertatzeko prozesu progresiboak errazten dituzten programak ere, eskala errealean nekazaritza jarduera modu arduratsu eta autonomoan garatzeko, denbora tarte mugatu batean. Nekazaritzako test guneen onura sozialak landa garapenari lotuta daude, biztanleria finkatu eta mantentzen baitute, eta, era berean, gazteak eta emakumeak landa munduan sartzea errazten baitute.
Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 56.1.a) artikuluan ezarritakoaren arabera, eta jarduera ekonomiko orokorraren oinarriekin eta antolamenduarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateari dagokio Nafarroaren barnean jarduera ekonomikoa planifikatu eta garapen ekonomikoa sustatzeko eskumen esklusiboa.
Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 50.1.a) artikuluaren arabera, Nafarroak, bere foru araubidearen indarrez, eskumen esklusiboa du nekazaritzaren eta abeltzaintzaren arloetan, ekonomiaren antolamendu orokorrarekin bat.
Ebazpen honetan aurreikusitako laguntzen xedea da, alde batetik, ekoizleen elkarteak sustatzea, banakako ekoizleen ekoizpenetatik abiatuta merkaturatzea antolatzeko, eta produktu horiek sukaldaritza kolektiboan nahiz kontsumo taldeetan sar daitezen sustatzea; eta, bestetik, nekazaritzako TEST guneak kudeatzen dituzten elkarteak sendotzea, eta haiekin lankidetzan aritzea.
Ekoizpen ekologikoaren ingurumen onurak kontuan hartuta, lehentasuna emanen zaie ekoizpen eredu horretako produktuak merkaturatzen dituzten elkarteen eskaerei, eta, era berean, lehentasuna emanen zaie sukaldaritza kolektibora eta kontsumitzaile elkarteetara bideratutako merkaturatze ekintzei.
Neurri honetarako aurrekontua kontuan hartuta, ebazpen honetan araututako laguntzak Europako Batzordearen 2023ko abenduaren 13ko 2023/2831 (EB) Erregelamenduan xedatutakoaren arabera ezarriko dira. Erregelamendu hori, hain zuzen, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak "de minimis" laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da.
Ebazpen honi Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea aplikatzen zaio.
Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Deialdi bat onestea "de minimis" laguntzak emateko kanal laburretan merkaturatzen duten nekazaritzako elikagaien ekoizleen elkarteei eta nekazaritzako kooperatibei eta nekazaritzako TEST guneak kudeatzen dituzten elkarteei, Nafarroan 2026. urtean egindako jarduerengatik.
2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen I. eranskinean jaso dira.
3. 300.000 euroko gastua baimentzea ebazpen honen ondoriozko konpromisoei erantzuteko, 2026ko gastuen aurrekontuko 720003-72200-4819-413104 partidaren kargura (kanal laburren bidezko ekoizleen eta TEST guneetako elkarteentzako laguntzak).
Partidan baimendutako kreditua 200.000 euro handitzen ahalko da gehienez, Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiko aurrekontu programaren partiden kontura, bat etorrita Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31.3 artikuluaren a) letran ezarritako baldintzekin, eta baldin eta kreditu nahikoa eta egokia badago.
4. Dirulaguntzen deialdi hau eta oinarri arautzaileak Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basean erregistratzea (NGDDB).
5. Ebazpen hau eta I. eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
6. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.
Iruñean, 2026ko maiatzaren 4an.–Landa Garapeneko zuzendari nagusia, Rubén Goñi Urroz.
I. ERANSKINA.–KANAL LABURRETAN MERKATURATZEN DUTEN NEKAZARITZAKO ELIKAGAIEN EKOIZLEEN ELKARTEEI ETA NEKAZARITZAKO TEST GUNEAK KUDEATZEN DITUZTEN ELKARTEEI "DE MINIMIS" LAGUNTZAK EMATEKO DEIALDIA, NAFARROAN 2026. URTEAN EGINDAKO JARDUERENGATIK. OINARRI ARAUTZAILEAK
Lehen oinarria.–Xedea eta helburua.
1. Ebazpen honen xedea da oinarri arautzaileak ezartzea laguntzak emateko kanal laburren bidez merkaturatzen duten nekazaritzako elikagaien ekoizleen elkarteei eta nekazaritzako TEST guneak kudeatzen dituzten elkarteei , Nafarroako Foru Komunitatean 2026. urtean egindako jarduerekin lotuta.
2. Dirulaguntza hauen helburu nagusia da kanal laburren bidez merkaturatzen duten nekazaritzako elikagaien ekoizleen elkarteei laguntzea, merkaturatze eredu hori garatzea eta finkatzea errazteko, eta nekazaritzako TEST guneak kudeatzen dituzten elkarteei ere laguntzea, sektorean zirkuitu laburren bidez merkaturatuko duten ekoizle berriak sar daitezen.
3. Laguntzen araubide hau Batzordeak 2023ko abenduaren 13an emandako 2023/2831 (EB) Erregelamenduaren menpe dago. Erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak "de minimis" laguntzei aplikatzeari buruzkoa da (2023ko L 2831 Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, abenduaren 15ekoa).
4. Laguntza lerro hau jasota dago egun indarrean dagoen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Dirulaguntzen 2025-2027 aldirako Plan Estrategikoan, 155 erregistro zenbakiarekin. Plan hori Nafarroako Gobernuak onetsi zuen 2025eko apirilaren 30ean hartutako erabaki baten bidez.
Bigarren oinarria.–Entitate onuradunak.
1. Laguntza hauen onuradun izaten ahalko dira egoitza soziala Nafarroan duten irabazi-asmorik gabeko elkarte izaerako entitateak, baldin eta Nafarroako Foru Komunitateko erregistroetan inskribatuta badaude, eta Nafarroako Kooperatiben Erregistroan erregistratuta dauden nekazaritzako kooperatibak, baldin eta bazkideen %25, gutxienez, inskribatuta badaude Nekazaritzako elikagaiak merkaturatzeko kanal laburren martxoaren 9ko 5/2023 Foru Legearen 8. artikuluan aurreikusitako erregistroan.
2. Halaber, onuradun izaten ahal dira egoitza soziala Nafarroan duten irabazi-asmorik gabeko elkarte izaerako entitateak, baldin eta Nafarroako Elkarteen Erregistroan inskribatuta badaude, nekazaritzako TEST guneen kudeatzaile badira eta zirkuitu laburren bidezko eraldaketa eta/edo merkaturatzea sustatzen badute.
Nekazaritzako TEST guneak kudeatzen dituzten elkartetzat hartzen dira helburu sozialtzat gune seguru bat sortzea dutenak, ekintzaileek lankidetza printzipioen, ekonomia zirkularraren eta baliabide eta balio naturalen kontserbazioaren araberako nekazaritzako proiektuak probatzeko, eta nekazaritza sektoreko belaunaldi erreleboaren premiei erantzun ahal izateko.
3. Ezin izanen dira dirulaguntza hauen onuradun izan:
a) Banakako ekoizleak.
b) Irabazi-asmoa duten erakundeak, hala nola sozietate zibilak, merkataritzakoak, industriakoak eta lanekoak, mutualitateak eta ondasun- edo jabe-erkidegoak, baldin eta haien helburuak eta izaera ez badatoz bat elkarteetarako oro har onartzen denarekin, salbu eta 1. atalean xedatutakoa betetzen duten nekazaritzako kooperatibak.
c) Legezko aginduz, funtzio publiko jakin batzuk betetzeko izendatutako korporazioak, funtzio publiko horiek betetzen dituztenean. Zehazki, ezin izanen dira onuradun izan Elikaduraren Zuzendaritza Nagusiaren 2024ko apirilaren 24ko Ebazpenean aitortutako ekoizleen taldeak; ebazpen horren bidez, hain zuzen, aitortutako ekoizleen talde gisa izendatzen dira Zuzenbide Publikoko Korporazio gisa eratutakoak diren eta autonomiaz gaindiko lurralde eremuko zenbait jatorri deitura eta adierazpen geografiko babestu kudeatzen dituzten entitate jakin batzuk.
d) Zigor legeriaren arabera arau-hauste bat egin duten elkarteak.
Hirugarren oinarria.–Onuradunen betebeharrak.
Laguntza hauen onuradun izateko, entitate eskatzaileek baldintza hauek bete beharko dituzte:
1. Kanal laburren bidez merkaturatzen duten nekazaritzako elikagaien ekoizleen elkarteak, eta nekazaritzako TEST guneak kudeatzen dituztenak, eratuta egon beharko dira Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren eta Nafarroako Elkarteen Erregistroa arautzen duen urtarrilaren 25eko 3/2023 Foru Dekretuaren arabera.
Nekazaritza kooperatiben kasuan, baldintza nahikoa izanen da Nafarroako Kooperatiben Erregistroaren antolaketa eta funtzionamenduaren arauak onesten dituen apirilaren 21eko 112/1997 Foru Dekretuan xedatutakoaren arabera erregistratuta egotea.
Ofizioz egiaztatuko dira erregistroko inskripzio horiek.
2. Aurreikusita izatea plan bat egitea nekazaritzako elikagaiak merkaturatzeko kanal laburrak garatzeko, edo eredu hori sustatzeko eta zabaltzeko jarduerak egiteko, eta horiek Nafarroako Foru Komunitatearen lurralde eremuan izatea.
3. Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintzak betetzea.
4. Ezin izanen dute laguntzarik eskuratu sexuan edo generoan oinarritutako diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, administrazio ebazpen irmo edo kondena-epai irmo baten bidez, zehapena edo zigorra jaso duten entitate eskatzaileek.
5. Aurreko puntuan aipatutako egoeran dauden entitateak eta enpresak laguntza horien onuradun izaten ahalko dira berriz, baldin eta ezarritako zehapena edo zigorra beteta badute eta berdintasun plan bat prestatu badute indarreko legerian ezarritako baldintzetan, halakorik exijitzen ahal bazaie.
Laugarren oinarria.–Jarduketak eta gastu diruz lagungarriak.
1. Jarduketa diruz lagungarriak dira, alde batetik, entitate onuradunek nekazaritzako elikagaiak merkaturatzeko kanal laburren bidez saltzeko egiten dituzten jarduerak, baldin eta elikagai horien jatorria, osorik edo zati batean, entitate onuradunarekin elkartuta dauden ekoizle primarioena bada, eta bestetik, nekazaritzako TEST guneen funtzionamendurako beharrezkoak diren jarduerak. Jarduketa hauek izan daitezke:
A.1. Plan estrategikoak, sustapen planak eta merkatu azterketak egitea.
A.2. Elkarteen artean ezagutzak trukatzeko foroetan parte hartzea, baita lehiaketa, jardunaldi, produktuen erakustaldi eta ferietan parte hartzea ere.
A.3. Nafarroako zirkuitu laburrean merkaturatzeko nekazaritzako elikagaiak sustatzeko ekitaldiak, salmenta guneetako ekintzak eta saltzeko azokak antolatzea edo bertan parte hartzea eta, orobat, sustapenerako materialak.
A.4. Argitalpenak, katalogoak eta liburuxkak editatzea, bai eta kalitate-bereizgarriari loturik aurkezten dituzten webguneak ere.
A.5. Nafarroako zirkuitu laburrean saltzen diren nekazaritzako elikagaien kontsumoa suspertzen duten publizitate kanpainak, prentsan, irratian, telebistan, Interneten edo beste hedabide batzuetan oinarritutakoak.
A.6. Produktu horiek sukaldaritza kolektiboko establezimenduetan sartzeko ekintzak egitea, barne daudelarik erakunde publikoetako jantokiak eta hurbileko salmenta gisa kanal laburren erregistroan inskribatutako beste establezimendu batzuk.
A.7. Elkarteko kideek ekoizpen primarioa egituratzeko ekintzak egitea.
A.8. Merkaturatzea kudeatzeko tresna informatikoak edo aplikazioak garatzea, web-orriak sortzea eta egokitzea barne.
2. Gastu diruz lagungarritzat hartuko dira entitate onuradunek aipatutako jarduerak gauzatzeko egiten dituzten gastuak, honako hauei dagozkienak: entitateak berak kontratatutako langileen gastuak, hirugarrenei zerbitzu profesionalak kontratatu eta materialak eskuratzekoak, bai eta, beren izaeragatik, jarduketa diruz lagungarriak egitearekin zalantzarik gabe lotuta dagoen beste edozein gastu ere, laguntzak kudeatzen dituen erakundeak hala erabakitzen badu. Gastu horiek onuradunek egin beharko dituzte 2025eko azaroaren 1etik 2026ko urriaren 31ra bitartean, eta ordainketa-eskaera egin aurretik ordaindu beharko dira.
3. Ez dira diruz lagungarritzat jotzen eta, hortaz, ezin dira gastu hautagarri, ez balio erantsiaren gaineko zerga (BEZa), ezta beste zerga batzuk ere, salbu eta, foru araudiarekin bat, balio erantsiaren gaineko zerga berreskuratu ezin duten onuradunen kasuan. Horri dagokionez, entitate eskatzaileek salbuespen horri heltzeko asmoa dutela adierazi behar dute laguntza eskaeran, bai eta baldintza hori betetzetik salbuetsiak izanaren justifikazioa aurkeztu ere.
4. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26. artikulua aplikatuz, entitate onuradunek hirugarrenekin azpikontratatzen ahalko dituzte dirulaguntzaren xedeko jardueren %100 arte, aipatu artikuluan adierazten den bezala.
5. Elkarteko pertsonal-gastuak, nominei eta gizarte segurantzari dagozkienak, gehienez ere zenbateko hauekin laguntzen ahalko dira diruz:
KATEGORIA | Euro orduko (gizarte kotizazioak barne) |
Gerentzia/Administrazioa | 46 |
Teknikariak | 35 |
Administrari laguntzaileak | 28 |
Kanpoan geratzen dira gizarte prestazioak eta kalte-ordainak, legez aginduta nahitaezkoak direnak izan ezik, kontratuak normaltasunez azkentzeagatik.
6. Bidaia-gastuak (joan-etorriak, aparkalekuak eta bidesariak) eta dietak diruz laguntzen ahalko dira, honako muga hauekin:
a) Kilometrajeak, Nafarroako Gobernuak indarrean dituen tarifen arabera: 0,37 euro kilometroko.
b) Mantenua pertsonako eta eguneko: 50 euro Espainian eta 60 euro Espainiatik kanpo.
c) Ostatua, pertsonako eta eguneko: 120 euro Espainian eta 150 euro Espainiatik kanpo.
Horien zerrenda aurkeztuko da, honako datu hauekin: joan-etorriaren data, hasteko ordua eta bukatzekoa, joan-etorria egiten duena eta kargua, destinoa, arrazoia eta egindako kilometroak eta lotutako gastuak (txartelak: trenarenak, metroarenak, bidesarienak, aparkalekuenak...).
Faktura bidez justifikatuko dira, edo froga-balio bereko dokumentuen bidez.
Bosgarren oinarria.–Kostuen moderazioa.
1. Ekipo-ondasunen horniduren kasuan eta aholkularitza- edo laguntza-enpresek emandako zerbitzuen kasuan, dirulaguntzaren xede den gastuaren zenbatekoa 12.000 eurotik gorakoa bada, onuradunak frogatu beharko du hornitzailea eraginkortasun- eta ekonomia-irizpideei jarraituz hautatu dela, salbu eta, dirulaguntzaren xede diren gastuen ezaugarrien berezitasuna dela-eta, merkatuan hornidura edo zerbitzu hori emateko behar adina enpresarik ez badago, edo gastua egin bada dirulaguntza eskatu baino lehen. Hori guztia egiaztatzeko, entitate eskatzaileak hainbat hornitzaileri eskatutako eskaintzak aurkeztu beharko ditu. Eskaintzarik merkeena hautatu ezean, aurkeztutako memorian berariaz justifikatu beharko da.
2. Horretarako, hornitzaile baten kontratazioaren zenbatekoa 12.000 eurotik gorakoa bada, hiru eskaintza alderatuko dira hura hautatzeko; hau da, entitate eskatzaileak eskaerarekin batera gutxienez hiru aurrekontu (proformako fakturak eta/edo proiektu edo memoria teknikoa, dagokionaren arabera) aurkeztu behar ditu, eta horietako bat hautatuko da.
Eskaintzak enpresa hornitzaile independenteek eginak izanen dira, eta ondasun edo zerbitzu beraren gainean prestaturiko aurrekontu, eskaintza edo proformako fakturekin justifikatu behar dira, merkatuko preziora egokitzen dela justifikatzeko.
Horrez gain, proformako fakturek eta/edo aurrekontuek izan behar dute legeak eskatzen duen informazioa, enpresa hornitzailea identifikatzen duten datuen informazio fidagarria bilduta eta, orobat, zehatz-mehatz azalduta entregatu beharreko ondasunaren ezaugarri teknikoak, lan egiteko gaitasunak, tamaina eta abar.
Seigarren oinarria.–Dirulaguntzaren zenbatekoa.
1. Onuradun bakoitzeko laguntzaren intentsitatea gastu diruz lagungarrien %90ekoa izanen da, eta hurrengo puntuetan jasotzen diren irizpideen arabera mugatuko da.
2. Onuradunaren ezaugarrien arabera, eta aurreko zenbakian aurreikusitakoa alde batera utzi gabe, muga hauek aplikatuko dira:
–TEST guneak kudeatzen dituzten entitateez bestelako elkarteen kasuan, eman beharreko laguntzak ezin izanen du gainditu nekazaritzako ekoizle elkartu bakoitza 3.000 eurorekin biderkatzetik ateratzen den kopurua, ezta aurreko ekitaldiko negozio zifraren %25 ere. 100.000 eurotik beherako fakturazioa duten entitateen kasuan, 25.000 euroko muga finkoa aplikatuko da. Onuradun bakoitzaren laguntza gehienez ere 100.000 euro izanen da.
–TEST guneak kudeatzen dituzten entitateen kasuan, laguntza ezin izanen da izan laguntza eskaera aurkezteko unean gunean parte hartzen duen nekazaritzako ekoizle elkartu bakoitza 25.000 eurorekin biderkatzetik ateratzen den zenbatekoa baino handiagoa; laguntza gehienez ere 45.000 eurokoa izanen da, TEST gunea kudeatzen duen elkarte bakoitzeko.
3. Aplikatu beharrez 2023ko abenduaren 13ko 2023/2831 (EB) Erregelamendua, hizpide duena Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak "de minimis" laguntzei dagokienez aplikatzea, ematen den laguntza ezin izanen da izan 300.000 eurotik gorakoa entitate onuradun bakoitzeko, hiru urteko edozein alditan, eta, hala badagokio, muga horri egokituko zaio deialdi honen arabera ordaindu beharreko laguntza.
4. Deialdian aurreikusitako aurrekontu-partidaren zenbateko osoa entitate onuradunen izaeraren arabera banatuko da, honela:
a) %85 nekazaritzako ekoizleen elkarteentzat.
b) %15, nekazaritzako TEST guneak kudeatzen dituzten elkarteentzat.
5. Aurreko puntuko a) letran xedatutako zuzkiduran aplikatu gabeko aurrekontu saldoa badago, saldo hori laguntzetarako aplikatzen ahalko da, b) letran xedatutakoakoaren arabera, eta alderantziz.
Zazpigarren oinarria.–Entitate onuradunaren betebeharrak.
Dirulaguntzen entitate onuradunek honako betebehar hauek bete beharko dituzte:
1. Aurreikusitako ekintzak ebazpen honen xede eta helburuarekin bat gauzatzea Nafarroako Foru Komunitatean, eta bai ebazpen honetan bai laguntza emateko ebazpenean adierazten diren betebeharrak betetzea.
2. Hartutako funtsak dirulaguntzak emateko oinarri izan zen helbururako eta ezarritako moduan eta epeetan erabili direla frogatzea Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan, baita zer gastu egin diren ere hartutako funtsak aplikatuz.
3. Laguntza ongi eman dela eta konpromisoei eutsi zaiela egiaztatzeko behar diren kontrolak onartzea.
4. Helburu bererako beste edozein dirulaguntza publiko edo pribatu eskatu edo jaso badira, horren berri ematea Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari.
5. Jasotako dirulaguntzaren kobrantza kontabilitatean edo erregistro liburuetan jasotzea.
6. Jasotako funtsen aplikazioari buruzko frogagiriak gordetzea hamar urtetan, laguntza ematen den egunetik aurrera.
7. Dirulaguntza emateari buruzko ebazpena jakinarazten denetik hilabeteko epean, dirulaguntzen erakunde onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena aurkeztea, laguntzaren fitxan eskuragarri dagoen ereduarekin bat datorrena, hori guztia Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legea betez. Izan litezkeen zehapenak galarazi gabe, informazioa emateko betebeharra urratuz gero, ez zaio emandako dirulaguntza ordainduko, eta, zerbait aurreratu bazaio, itzuli egin beharko du.
8. Enpresa-deslokalizaziorik ez egitea, Enpresen sustraitzearen aldeko eta enpresen deslokalizazioaren aurkako neurriei buruzko abenduaren 16ko 18/2020 Foru Legearen 4. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
9. Behar bezala zabaltzea finantzabide publikoa dutela diruz lagundutako programek, jarduerek edo edozein motatako jarduketek. Horretarako, Nafarroako Gobernuaren ikurra jarri beharko dute informazio- eta hedapen-materialetan (kartelak, eskuorriak eta abar) eta web-orrietan.
Nafarroako Gobernuaren ikurra bat etorriko da 2030 Agendako logoa txertatua duen sinbolo ofizialarekin, helbide honetan jasota dagoenari jarraikiz:
https://www.navarra.es/eu/nafarroako-gobernua/sinbolo-ofiziala
Zortzigarren oinarria.–Laguntza eskaerak aurkeztea.
1. Laguntza eskaerak hilabeteko epean aurkeztuko dira, laguntzen deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzura zuzenduta. Bitarteko elektronikoen bidez soilik aurkeztu beharko dira, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluarekin. Erregistro Orokor Elektronikoa interesa duen ororen eskura egonen da Nafarroako Gobernuko Interneteko web atarian.
2. Eskaera berariaz prestatutako ereduan aurkeztuko da, bederatzigarren oinarrian aipatutako agiriekin batera. Eredu hori eskura daiteke Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko Tramiteen Katalogoan, www.nafarroa.eus helbidean.
Bederatzigarren oinarria.–Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.
Jarduketa deialdiaren xedeen araberakoa dela frogatzeko, eskaerarekin batera ondoko dokumentu hauek aurkeztuko dira:
1. Laguntza eskaeraren inprimakia, txantiloietan ezarritako ereduan. Eredu hori laguntza-izapidearen katalogoaren bidez lor daiteke.
2. Nortasuna frogatzen duen dokumentazioa:
a) IFKaren kopia.
b) Entitate eskatzailearen eratze eskriturak eta/edo estatutuak.
c) Entitate elkartuen edo kooperatibisten zerrenda, bakoitzari dagokion egoitza soziala adierazita.
3. Entitate onuradunari buruzko informazioa, honako alderdi hauen gainean:
a) Zer sektoretan diharduen.
b) Negozio bolumena.
c) Langileen plantilla, kontratu motaren arabera sailkatua.
4. Laguntza eskaeraren esparruan egin beharreko jarduerei buruzko informazioa:
a) Jarduketa plana, biltzen dituena eginen diren jardueren deskripzioa, egutegia, horiek egiteko arrazoia eta horien balorazio ekonomikoa. Horretarako, beharrezko aurrekontuak edo proformako fakturak aurkeztuko dira.
b) Justifikatzea hornitzaileak hautatu direla eraginkortasun- eta ekonomia-irizpideen arabera, edo zerk eragotzi duen irizpide horiek aplikatzea, gastuen zenbatekoa 12.000 eurotik gorakoa denean, eskaera egitean justifikazio dokumentazioa izanez gero. Hala ez bada, dokumentazio hori aurkeztu beharko da jarduketak eta dagozkien gastuak egin direla justifikatzean.
5. Adierazpenak, baimenak eta ziurtagiriak:
a. Laguntza hauek eskatzeko erabakia jasotzen duen dokumentua, entitate onuradunaren legezko ordezkariak edo legezko ahaldunak sinatua.
b. Kontuak eta ordainketak fitxa betetzea, eskatzaileak laguntzak lehen aldiz jaso behar dituenean edo Nafarroako Gobernuak laguntza ordaintzeko kontua aldatu nahi duenean.
c. Zerga arloko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egiaztatzeko baimena, hitzez hitz honako hau dioena: "Nik, .......................................................................................... naizen honek, nire izenean /.......................................................................................... ordezkatuz, baimena ematen diot Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari egiazta dezan, 2026an Nafarroako kanal laburretan salmenta bultzatzeko nekazaritzako ekoizleei eta TEST guneetako elkarteei "de minimis" araubideko laguntzak emateko deialdia izapidetzeko prozeduraren barruan, nik neuk/ordezkatzen dudan entitateak egunean ditudala/dituela zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak".
d. c) atalean ezarritakoarekin ados ez badago, pertsonak berak edo hark ordezkatzen duen entitateak aurkeztu beharko ditu zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzeari buruzko datuak.
e. Erantzukizunpeko adierazpen bat, non adieraziko baita eskatzailea ez dagoela Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako ezein debeku-egoeratan.
f. Erantzukizunpeko adierazpena, Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko eskatzen diren betebeharrak betetzen direla adierazten duena.
g. Erantzukizunpeko adierazpen bat, non zehaztuko baita eskatzailea ez dagoela zehapen administratibo irmorik edo kondena-epai irmorik betetzen, edo, bestela, ez dagoela zehapen edo kondena-epai bat bete zain, sexuan edo generoan oinarritutako diskriminazioa dakarten lan arloko jardunbideak gauzatu edo toleratzeagatik.
h. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak agiri horietakoren bat baldin badu jadanik, elkarte interesdunak hala azaldu beharko du eskaeran, adieraziz zein agiri den eta zein artxibotan dagoen. Agiriak datu babestuak baldin baditu, eskatzaileak baimena eman beharko dio Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari datu horiek ikusteko.
Hamargarren oinarria.–Dirulaguntza emateko modua.
1. Ebazpen honek arautzen dituen laguntzak norgehiagokako prozedurari jarraikiz emanen dira, aurkeztutako eskaerak alderatuta, haien arteko lehentasun ordena ezartzeko.
2. Eskaerak baremo honen arabera lehenetsiko dira:
2.1. Ekoizleen elkarteak izanez gero:
a) Zenbat ekoizle dauden elkartuta entitate eskatzailearekin eta inskribatuta Nekazaritzako Elikagaiak Merkaturatzeko Kanal Laburren martxoaren 9ko 5/2023 Foru Legearen 8. artikuluan ezarritako erregistroan :
- 30 kidetik aitzina: 10 puntu.
- 20-29 kide: 8 puntu.
- 10-19 kide: 5 puntu.
- 5-9 kide: 2 puntu.
b) Elkartutako ekoizleen tipologiaren arabera.
- Bazkideen %50 edo gehiago ekoizle ekologikoak badira: 10 puntu.
- Bazkideen %25 edo gehiago eta %50 baino gutxiago ekoizle ekologikoak badira: 5 puntu.
- Bazkideen %10 baino gehiago eta %25 baino gutxiago ekoizle ekologikoak badira: 2 puntu.
c) Planeko ekintzen orientazioaren arabera.
- Gastu diruz lagungarrien %50 edo gehiago jantoki kolektiboetako edo kontsumo taldeetako merkaturatzea hobetzeko ekintzei badagokie: 10 puntu.
- Gastu diruz lagungarriaren %25 edo hori baino gehiago eta %50 baino gutxiago jantoki kolektiboetako edo kontsumo taldeetako merkaturatzea hobetzeko ekintzei badagokie: 5 puntu.
- Gastu diruz lagungarriaren %10 baino gehiago eta %25 baino gutxiago jantoki kolektiboetako edo kontsumo taldeetako merkaturatzea hobetzeko ekintzei badagokie: 2 puntu.
d) Genero-irizpidea ekoizleen elkarteetan/kooperatibetan.
- Ekoizle elkartuen %50 edo gehiago emakumeak badira: 10 puntu.
- Ekoizle elkartuen %25 edo gehiago eta %50 baino gutxiago emakumeak badira: 5 puntu.
- Ekoizle elkartuen %10 baino gehiago eta %25 baino gutxiago emakumeak badira: 2 puntu.
2.2. Nekazaritzako TEST guneak kudeatzen dituzten elkarteak izanez gero:
a) TEST guneak kudeatzen dituzten elkarteetan jardunean dauden ekintzaileak:
- 10 ekintzaile edo gehiago badaude jardunean: 10 puntu.
- 5 ekintzaile baino gehiago eta 10 baino gutxiago badaude jardunean: 5 puntu.
- 2 ekintzaile baino gehiago eta 5 baino gutxiago badaude jardunean: 2 puntu.
b) Genero-irizpidea TEST guneak kudeatzen dituzten elkarteetan:
- Jardunean dauden ekintzaileen %50 edo gehiago emakumeak badira: 10 puntu.
- Jardunean dauden ekintzaileen %25 edo gehiago eta %50 baino gutxiago emakumeak badira: 5 puntu.
- Jardunean dauden ekintzaileen %10 baino gehiago eta %25 baino gutxiago emakumeak badira: 2 puntu.
3. Ekoizleen elkarteen kasuan, bi eskaerak edo gehiagok puntuazio bera lortuz gero, 2.1.a) atalean puntu gehien duena lehenetsiko da eta, hala ere, berdinketa hausten ez bada, 2.1.b) eta 2.1.c) ataletan puntuazio handiena duena lehenetsiko da, hurrenez hurren.
4. Nekazaritzako TEST guneak kudeatzen dituzten elkarteen kasuan, eskaeren artean puntuazio bera lortuz gero, 2.2.a) atalean puntuazio handiena duena lehenetsiko da.
5. Deialdirako dagoen aurrekontu kreditua nahikoa ez bada laguntzarako eskubidea duten eskaera guztiei dirulaguntza emateko, ezetsi eginen dira aurrekontuan zuzkidura nahikoa ez izateagatik onartu ezin diren guztiak.
Hamaikagarren oinarria.–Deialdiaren antolamendua, instrukzioa eta ebazpena.
1. Eskaera harturik, egiaztatuko da zazpigarren oinarrian aipatzen diren agiri guztiak aurkeztu diren. Agiri guztiak ez badaude, hamar egunean osatu ditzala eskatuko zaio eskatzaileari, eta adieraziko zaio, hala egin ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela. Ebazpen hori jakinarazi eginen zaio.
2. Agiri guztiak bildu ondoren, betebehar guztiak betetzen dituzten egiaztatuko da. Horretarako, bidezko diren kontrolak egiten ahalko dira.
3. Eskaerak ebaluatu ondoren, Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuak dirulaguntza emateko ebazpena proposatuko du.
4. Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiaren titularrak ebazpen arrazoitua emanen du laguntzak emateari buruz, eta espresuki adieraziko du zer eskaera ezetsi diren.
5. Prozeduraren gainean ebazteko, 3 hilabeteko epea izanen da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epea berariazko ebazpenik eman gabe bukatzen baldin bada, eskaera ezetsitzat jotzen ahalko da, isiltasun administratiboaren ondorioz.
Hamabigarren oinarria.–Onuradunaren gardentasun betebeharrak.
Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3. artikuluan aipatutako entitateak behartuak daude gardentasun betebeharra betetzera baldin eta, urtebetean, 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak beren urteko sarrera guztien %20 edo gehiago badira, eta, gutxienez, 5.000 euro. Horretarako, honako esteka honetan dagoen eredua aurkeztu beharko dute, gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena, alegia: Gardentasunari buruzko adierazpena.
Aurreko atalean ezarritako muga kuantitatiboak gainditzen diren jakiteko, batuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien kopuruak. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontu-ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura. Negozio zifra honako hauetako txikiena izanen da:
a) Aurreko urteko negozio zifra.
b) Hala badagokio, dirulaguntza ematen den ekitaldian entitatearen organo eskudunak onetsitako negozio zifra.
Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharra duten entitate onuradunek jarraian adierazten den informazioa eman beharko dute hilabeteko epean, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik zenbatzen hasita:
a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.
b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.
c) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritzako eginkizunetan ematen den dedikazioaren araubidea.
d) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa izanen da haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa.
e) Entitate onuradunaren azken urteko kontuen kopia.
Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztuko da, telematikoki, gardentasunari buruzko adierazpenaren estekaren bidez, eta eredu hauen araberako agiriak erantsita:
–Aurreko a), b) eta c) letretan zehazten den informazioa emateko, I. eranskinean dagoen eredua erabiliko da, esteka honetan eskuratzen ahal dena: Organoen osaerari eta dedikazioari buruzko adierazpena.
–Aurreko d) letran zehazten den informazioa emateko, II. eranskinean dagoen eredua erabiliko da, esteka honetan eskuratzen ahal dena: Organoen ordainsariei buruzko adierazpena.
Entitateak ez badu gardentasun betebeharrik ezarritako egoerak gertatzen ez direlako, horren gaineko adierazpena aurkeztu beharko du.
Entitateak dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen badu ekitaldi berean, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatu badira. Horretarako, entitateak adierazi beharko du Foru Komunitateko Administrazioaren zein organoren aurrean aurkeztu zuen, eta noiz.
Betebehar hori bete ezean, ez da ordainduko onetsitako dirulaguntza.
Aurrekoa galarazi gabe, onuradun guztiak behartuak daude Administrazioari behar den informazio guztia ematera, aurretiazko errekerimendua eginda eta hamar eguneko epean, hark bete ahal ditzan Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen II. tituluan jasotako gardentasun betebeharrak. Era berean, foru lege horretan ezarrita dagoen arau-hauste eta zehapenen araubidea aplikatuko da.
Hamahirugarren oinarria.–Laguntza ordaintzeko eskaera, eta dirulaguntzaren helburua bete dela eta hartutako funtsak erabili direla frogatzeko modua.
1. Dirulaguntzaren xede diren jarduketak amaitu ondoren, entitate onuradunek diruz lagundutako jarduketak justifikatzeko dokumentazio hau aurkeztu beharko dute, 2026ko azaroaren 6a baino lehen (egun hori barne):
a) Laguntza ordaintzeko eskaera-orria, laguntza-izapidearen katalogoko txantiloietan ezarritako ereduan.
b) Egindako gastuen fakturak eta ordainagiriak, dirulaguntza eskatzean aurkeztutako aurrekontuaren epigrafeen arabera multzokaturik eta sailkaturik.
c) Egindako jarduerak deskribatzen dituen memoria, lorturiko emaitzen eta jardueren zabalkundearen balorazioa barne.
d) Diruz laguntzen diren jarduerak egin direla egiaztatzen duten agiriak: memoriak, argazkiak, publizitateko euskarri eta materialak, txosten eta azterlanen kopiak, argitaratutako materiala eta abar.
e) Justifikatzea hornitzaileak hautatu direla eraginkortasun- eta ekonomia-irizpideen arabera, edo zerk eragotzi duen irizpide horiek aplikatzea, gastuen zenbatekoa 12.000 eurotik gorakoa denean, baldin eta laguntza eskatzeko unean egiaztatzeko modurik izan ez bada.
2. Ordainketa egin aurretik, Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuak eskatzen den dokumentazio guztia berrikusiko du, eta, horrela, baieztatuko du aurkeztutako gastuak hautagarriak direla, justifikazio dokumentuak baliozkoak direla, elkarte onuradunek gardentasun betebeharrak betetzen dituztela eta gainerako dokumentazioa nahikoa dela. Halaber, zerbitzu horrek frogagiri osagarriak eskatzen ahalko ditu, egoki baderitzo, aurkeztutako dokumentazioa zehazteko, argitzeko edo osatzeko.
3. Dirulaguntza ordainketa bakarrean eginen da; aurretik, organo kudeatzaileak egiaztatu beharko du laguntzaren onuradunak dirulaguntza emateko arrazoi izandako xedeak eta gardentasun betebeharra betetzen dituela.
Hamalaugarren oinarria.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna.
Deialdi honetan ezarritakoaren arabera ematen diren "de minimis" laguntzak ez dira inolako estatu-laguntzarekin metatzen ahal, gastu diruz lagungarri berberei dagokienez, ez eta arriskuaren finantzaketa-neurri berberaren estatu-laguntzekin ere, baldin eta metaketa horrek gainditzen baldin badu kategorien arabera salbuesteko erregelamendu baten bidez edo Europako Batzordeak hartutako erabaki baten bidez kasu zehatz bakoitzerako finkatzen den laguntzen gehieneko zenbatekoa edo laguntzen intentsitatea.
Badira "de minimis" batzuk kostu diruz lagungarri zehatz batzuetarako ematen ez direnak eta ezin egotz dakizkiekeenak kostu diruz lagungarri zehatz batzuei. Dirulaguntza horiek metatzen ahalko dira Batzordeak hartutako erabaki bat edo Batzordearen kategorien araberako salbuespenezko erregelamendu bat betez Estatuak emandako dirulaguntzekin.
Betiere, jarduera bererako emandako dirulaguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du gainditu egin beharreko jardueraren kostua.
Hamabosgarren oinarria.–Ezarritako baldintzak ez betetzearen ondorioak.
Onuradunak ez baditu betetzen deialdi honen oinarrietan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak, laguntzak kobratzeko eskubidea galduko du, eta, hala badagokio, bidegabe jasotako zenbatekoak itzuli beharko ditu, bai eta berandutze-interesak ordaindu ere, ordainketa egiten den unetik aurrera, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko Foru Legean ezarritako zenbatekoan, hargatik eragotzi gabe aipatutako 11/2005 Foru Legearen II. tituluaren arabera eska daitezkeen gainerako erantzukizunak.
Diruaren itzulketa eskatzeko prozedura Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.6 artikuluan xedaturikoari jarraituz arautuko da, eta abiarazten denetik 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da.
Arau-hausteei eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraituko zaio.
Hamaseigarren oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea eta informazioa.
1. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Nafarroako Atariko Tramiteen Katalogoan dagokion fitxan sartuz, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15. artikuluan ezartzen den moduan.
2. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 20.8 artikuluan xedatutakoarekin bat, Dirulaguntzen Datu-base Nazionalean ere argitaratuko dira emandako dirulaguntzak, artikulu horretan bertan adierazitako baldintzetan.
3. Organo kudeatzaileak erregelamendu hau aplikatzeari buruzko informazio guztia erregistratu eta bilduko du, Batzordearen 2023ko abenduaren 13ko 2023/2831 (EB) Erregelamenduaren 6. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Laguntza eman eta hogei egun balioduneko epean, "de minimis" laguntzei buruzko informazioa gordeko da "de minimis" laguntzen erregistro nagusian.
Neurri egokiak hartuko dira erregistro nagusian jasotako datuak zehatzak direla bermatzeko, eta "de minimis" laguntzei buruzko informazioaren erregistroak gordeko dira hamar urtez, laguntza ematen den egunetik aurrera.
4. Batzordeak aldez aurretik idatziz eskatuz gero, kasuan kasuko estatuak behar den informazio guztia helarazi beharko dio, hogei egun balioduneko epean edo eskaeran ezartzen den epe luzeago batean, zehaztu ahal dezan "de minimis" erregelamenduan ezarritako baldintzak bete diren, eta, bereziki, edozein enpresak erregelamendu horren edo beste "de minimis" erregelamendu batzuen arabera guztira jaso duen "de minimis" laguntza.
Hamazazpigarren oinarria.–Errekurtsoak.
Deialdi honen eta haren oinarri arautzaileen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, bat etorriz Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 121. eta 122. artikuluekin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluarekin.
Hemezortzigarren oinarria.–Araudi osagarria.
Oinarriotan ezartzen ez den guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan xedatutakoari jarraituko zaio.
Iragarkiaren kodea: F2606519
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
