100. ALDIZKARIA - 2026ko maiatzaren 25a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

147E/2026 EBAZPENA, maiatzaren 3koa, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiak emana, deialdi hau onesten duena: "Pirinioetako toki entitateendako dirulaguntzak, Pirinioetako Planari lotutako ekintzak finantzatzeko". DDBN kodea: 903100.

Lurralde Kohesiorako Departamentuaren egitura organikoa onesten duen azaroaren 15eko 249/2023 Foru Dekretuan ezarri zen Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiaren misioa dela despopulazioaren kontrako borrokaren estrategiarekin lotuta dauden neurriak, erronka demografikoari aurre egitekoak eta lurralde egituraketaren aldekoak aztertu, koordinatu, proposatu eta izapidetzea.

Era berean, Erronka Demografikorako eta Lurraldearen Egituraketarako Zerbitzuak, aipatutako dekretuaren 26., 28. eta 29. artikuluetan adierazitakoaren arabera, honako eginkizun hauek ditu, besteak beste: "Pirinioetako Plana bultzatzea eta koordinatzea, Lursarea-Lurraldearen eta Jasangarritasunaren Agentziaren eta lurraldeko eragileen laguntzaz" eta "Despopulazioak ukitutako lurralde eremuetan dirulaguntzak kudeatzea, herritarrek aukera izan dezaten oinarrizko zerbitzu publikoak, ekintzailetza, belaunaldi-erreleboa eta landa-ingurunean etxebizitza eskuratzeko, besteak beste".

Gobernuak 2023ko apirilaren 26an hartutako Erabakiak, zeinaren bidez Nafarroako Despopulazioaren aurka Borrokatzeko Estrategia onesten baita Nafarroako Foru Komunitatearen zeharkako plangintza publikoko tresna gisa, baterako gobernu ekintza bat sustatzen du helburu orokor honekin: gizarte-, ekonomia- eta lurralde-baldintzak ezartzea Nafarroan despopulatze bidean dauden eremuetako biztanleria mantentzeko eta biziberritzeko.

2017ko maiatzean, "Pirinioetako Mahaia" eratu zen, eskualde horretako toki entitateek (Nafarroako Toki Administrazioaren Erreformarako otsailaren 4ko 4/2019 Foru Legean jaso bezala) eta Artzibarko eta Orotz-Beteluko udalerriek osatua; mahai horren antolaketa-egituran tokia dute, halaber, inguru horietako erakunde sozialek eta herritarrek. Mahai horretatik sortu zen Pirinioetako egoerari buruzko ponentzia bat eratzeko proposamena, zeina begi onez hartu baitzuen Foru Parlamentuak.

Parlamentuko ponentziak egindako txostenak Nafarroako Pirinioetako eremuari buruzko diagnostikoaren elementu kritikoak ezartzen ditu: biztanleriaren eskasia eta sakabanaketa, populazio zahartua eta gehienbat gizonezkoek osatua, dinamika demografiko negatiboa, oinarrizko zerbitzuen gutxitzea, mugikortasunerako zailtasunak, azpiegitura aurreratuen falta, enplegu falta eta belaunaldi-erreleborik ez egun dauden jarduera ekonomikoetan aritzeko, etxebizitza lortzeko zailtasunak, etab. Horren aurrean, bizimolde berriak hedatzen ari dira, hirikoa eta herrietakoa hurbiltzen dituztenak, eta, horrekin batera, landa eremua sustatu beharreko baliotzat hartzen duen ikuspegia, bertako ondare eta ingurumen aberastasuna, jarduera sektore berriak, herritar taldeen bizitasuna... Horiek guztiak Pirinioetako Lurralde Garapen Jasangarriaren pizgarri izan daitezkeen aukerak dira.

Parlamentuak emandako gomendioetako bat "Pirinioetako Plan Estrategikoa egin eta inplementatzea" da.

Parlamentuaren gomendio horiek aplikatuz, Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusia, 2019-2023 legegintzaldian zehar, eta Toki Administrazioaren Zuzendaritza, 2023-2027 legegintzaldi honetan, zenbait ekimen garatzen aritu dira Pirinioetako Plana inplementatzeko, Pirinioetako Mahaiaren jarraibideetan eta erakunde kualifikatuekiko (konparazio batera, Cederna-Garalur eta Lursarea-Nasuvinsa) elkarlanean oinarritu den antolakuntza-estrategia operatibo bat erabiliz.

Lurralde Kohesiorako Departamentuak Pirinioetako Planari dagozkion ekimenetan duen interes publikoaren erakusgarri, Nafarroako Lurralde Estrategiara jotzea besterik ez dago (Nafarroako Parlamentuak 2005eko uztailaren 4an onetsia). Bertan, presentzia berariazkoa eta nabarmena dute Pirinioek, bai Nafarroako Lurralde Ereduaren definizioan (3.3.7 kapitulua, Pirinioak eta beste landa eta natura eremu batzuk), bai lurraldearen kultura berrirako estrategian (4.5.2 kapitulua, Pirinioak).

Nafarroako 2026rako Aurrekontu Orokorren Proiektuak 190.000,00 euroko kreditua aurreikusten du "Pirinioetan proiektuak gauzatzeko dirulaguntzak" izeneko 210002 21400 4609 922102 gastu-partidari aplikatua.

2016ko urtarrilaren 1ean, abian jarri zen Dirulaguntzen Datu Base Nazionala (DDBN), bat etorriz Sektore Publikoa arrazionalizatzeari eta administrazioa eraberritzeko beste zenbait neurriri buruzko irailaren 16ko 15/2014 Legean xedatutakoarekin. Lege horretan xedatuta dago, hain zuzen, autonomia erkidegoek beren dirulaguntza deialdien berri eman behar diotela DDBNri.

Ondorioz, Erronka Demografikorako eta Lurralde Egituraketarako Zerbitzuaren txostena ikusita, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak eta Lurralde Kohesiorako Departamentuaren egitura organikoa onesten duen azaroaren 15eko 249/2023 Foru Dekretuak esleitzen dizkidaten eskumekin bat.

EBAZTEN DUT:

1. Honako deialdi hau onestea: "Pirinioetako toki entitateendako dirulaguntzak, Pirinioetako Planari lotutako ekintzak finantzatzeko".

2. Dirulaguntza emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.

3. 190.000 euroko gastua baimentzea 2026ko gastu-aurrekontuaren "Pirinioetan proiektuak gauzatzeko dirulaguntzak" izeneko 210002-21400-4609-922102 partidaren kargura.

4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, deialdia Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean erregistratu ondoren.

5. Ebazpen hau igortzea Ekonomia eta Aurrekontuak Kudeatzeko Atalera, Erronka Demografikorako eta Lurralde Egituraketarako Zerbitzura eta departamentuan dagoen kontu-hartzailetza delegatura, behar diren ondorioak izan ditzan.

6. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Lurralde Kohesiorako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2026ko maiatzaren 3an.–Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusia, Jesús María Rodríguez Gómez.

PIRINIOETAKO PLANAREN LURRALDE EREMUAN DAUDEN TOKI ENTITATEEI DIRULAGUNTZAK EMATEKO DEIALDIA, PLAN HORREKIN LOTUTAKO EKINTZAK GAUZATZEKO 2026AN. OINARRI ARAUTZAILEAK

1.–Xedea eta helburua.

1.1. Pirinioetako Planak jatorria du lurralde hartan sortu eta Nafarroako Parlamentuak babestu zuen ekimen batean, eta haren xedea da eremuari eragiten dioten zenbait elementu kritiko indargabetzea, honakoak alegia: biztanle gutxi eta sakabanatuak, populazio zahartua eta gehienbat gizonezkoek osatua, dinamika demografiko negatiboa, oinarrizko zerbitzuen gutxitzea, mugikortasunerako oztopoak, azpiegitura aurreratuen falta eta egun dauden jarduera ekonomikoetan aritzeko belaunaldi berririk eza, eta etxebizitza lortzeko zailtasunak. Planaren egitura proposamen multzo batek osatzen du, lehentasunen eta gaien arabera antolatuta: turismo jasangarria, hurbileko merkataritza eta zerbitzuak; industriak, ekintzailetza berdea eta LGJ (Lurralde Garapen Jasangarria); abeltzaintza, nekazaritza eta basogintza; etxebizitza, garraioa eta azpiegiturak.

1.2. Deialdi honen xedea da Pirinioetako Planaren lurralde eremuan dauden toki entitateei finantzatzea planaren helburuei eta proposamenei lotutako ekintzak, eremu horretako despopulazioaren aurkako borrokan laguntzeko.

Pirinioetako Planaren eremu geografikoa Pirinioetako Eskualdeak osatzen du, Nafarroako Toki Administrazioaren Erreformarako otsailaren 4ko 4/2019 Foru Legearen I. eranskinean ezartzen den moduan, bai eta Artzibarko eta Orotz-Beteluko udal mugarteek ere. Baita geroago Pirinioetako Planean sar daitezkeen guztiek ere.

2.–Entitate onuradunak.

2.1. Deialdi honetan eskaera egiten ahalko dute Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 3. artikuluan zehazten diren toki entitateek, egoitza Pirinioetako Planaren esparru geografikoan dutenek.

2.2. Toki entitate bakoitzak proiektu bat baino gehiago aurkezten ahalko du, bakarka edo beste toki entitate batzuekin batera.

3.–Entitate onuradunek bete beharrekoak.

3.1. Entitate onuradunek baldintza hauek bete beharko dituzte:

–Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen babesean eratuak izatea.

–Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluak dirulaguntzen onuradun izateko ezarritako debeku-egoeretako batean ere ez egotea. Deialdi honen III. eranskinean ageri den erantzukizunpeko adierazpenaren bidez egiaztatuko da hori. Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar baimena ematea organo emaileak zuzenean eskuratu ditzan behar diren ziurtagiri telematikoak, frogatzen dutenak eskatzaileak egunean dituela tributu betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Interesdunak horri uko egiten badio berariaz eskaeran, berak aurkeztu beharko ditu betebehar horietan egunean dagoela frogatzen duten ziurtagiriak.

–Toki entitate batzuek lankidetzan aurkeztutako ekintzak badira, eskaeran honako hauek adierazi beharko dira: entitate bakoitzak bere gain hartutako konpromisoak, egindako ekarpen ekonomikoak (entitate laguntzaileek gastuaren zenbateko osoaren %15 jarri beharko dute, gutxienez) eta nor arituko den taldearen ordezkari gisa (taldeari onuradun gisa dagozkion betebeharrak betetzeko adinako ahala izan beharko du). Modalitate horretan, toki entitateetako batek gainerakoak ordezkatuz jardunen du eskaerari eta justifikazioari dagokienez. Eskaera orrian adierazi beharko da hori. Halaber, laguntza ematen duen ebazpenean toki entitate bakoitzeko aplikatu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa adieraziko da; toki entitateok ere onuraduntzat joko dira.

4.–Ekintza diruz lagungarriak.

4.1. Diruz laguntzen ahalko dira 2026ko urtarrilaren 1etik urriaren 30era bitartean gauzatzen diren ekintzak.

4.2. Diruz lagunduko dira Pirinioetako Planean jasotako eskaerei eta beharrei erantzuten eta haren helburuak betetzen laguntzen duten ekintzak, sektore hauetan sartzeko modukoak badira:

–Turismo jasangarria, hurbileko merkataritza eta zerbitzuak.

–Industriak, ekintzailetza berdea eta Lurralde Garapen Jasangarria.

–Abeltzaintza, nekazaritza eta basogintza.

–Etxebizitza, garraioa eta azpiegiturak.

–Plan horretan proposatzen diren ekintzen osagarri diren beste sektore batzuk.

Pirinioetako Planaren eskaerak eta beharrak adierazten dituen erreferentziazko dokumentua "PIRINIOKO PLANA MARTXAN. Partekatutako hausnarketatik baterako ekintzara (2020ko maiatza)" izenekoa da. Webgune honetan kontsulta daiteke: https://www.gupirinioa.eus/uploads/files/plan-de-accion-eu.pdf.

5.–Jarraipen proiektuak eta lankidetza proiektuak.

5.1. Jarraipen proiektuak dira dirulaguntza honen aurreko deialdietan aurkeztutako proiektuekin lotura zuzena duten horiek.

Aurkeztutako proiektua jarraipen proiektutzat jotzen bada, jarduketa berriak egiteko beharra eta aurreko proiektuarekin duen lotura justifikatu beharko dira, baita jarraitutasuna zertan datzan azaldu ere.

5.2. Lankidetza proiektuak dira diseinuan, gauzapenean eta finantzaketan entitate baten baino gehiagoren parte-hartzea duten proiektuak. Alderdi bakoitzaren lankidetza zertan datzan justifikatu eta zehaztu beharko da.

5.3. Mankomunitateek proiektu bat banaka aurkeztu ahal izanen dute, eta beste proiektu bat beste toki entitate batzuekin lankidetzan, Pirinioetako lurralde eremuko mankomunitateak barne, deialdi honen 3. oinarrian zehaztutakoa betez.

6.–Dirulaguntzaren zenbatekoa eta gastu diruz lagungarriak.

6.1. Diruz lagungarriak diren gastu justifikatuen %80 izanen da dirulaguntza, eta 15.000 euro gehienez, baldin eta proiektua toki entitate batek bakarka aurkezten badu, eta %90, eta 20.000 euro gehienez, bi toki entitatek edo gehiagok aurkeztutako proiektuen kasuan.

6.2. Entitate bakoitzak komenigarritzat jotzen duen adina proiektu aurkezten ahalko ditu deialdi honetan finantzatzeko, bai banakako aurkezpen modalitatean, bai lankidetza bidezko modalitatean.

Hala ere, gehienez proiektu baterako dirulaguntza emanen da parte-hartze modalitate eta entitate bakoitzeko; kasua bada, kasuan kasuko entitateak modalitate bakoitzean aurkeztutakoen artean puntuazio handiena lortzen duena izanen da aukeratua.

Salbuespen gisa, aurreko paragrafoan adierazitako proiektuak finantzatu ondoren aurrekontu-partidaren kreditua agortzen ez bada, modalitate bereko proiektu bat baino gehiagorako laguntza ematen ahalko zaizkio entitate bati, proiektuen puntuazio hurrenkeraren arabera, harik eta kreditu erabilgarria agortzen den arte.

6.3. 2026ko urtarrilaren 1etik urriaren 30era bitarte egiten diren proiektuetako gastuak izanen dira diruz lagungarriak. Zehazki, hurrengo gastu kontzeptuek jasoko dute dirulaguntza, betiere merkatu balioa gainditu gabe.

I. Langile gastuak, baldin eta lagundutako jarduera sustatzen duten toki entitateetako plantilla organikoko langileenak ez badira.

II. Laguntza teknikoa: proiektua garatzeko beharrezkoak diren zerbitzu profesionalak entitatetik kanpo kontratatzea (memoriak, planak, proiektuak eta beste erredaktatzeko gastuak barne).

III. Diruz lagundutako jarduerak azpikontratatzea.

Diruz lagundutako jarduerak azpikontratatzen ahalko dira, jardueren zenbatekoaren %100 arte. Hala ere, entitate onuradunarekin lotura duten pertsonak edo entitateak azpikontratatzeko, beharrezkoa izanen da aldez aurretik zuzendaritza nagusi honen baimena eskatzea eta kontratazioa merkatuko baldintza normalen arabera egitea.

Ez dira inola ere azpikontratatzen ahalko diruz lagundutako proiektuaren kostua garestitzen duten jarduerak, haren edukiari baliorik eransten ez badiote.

IV. Diruz lagundutako jardueren publizitate edo hedapen gastuak.

V. Materialak argitaratzeko gastuak. Soilik proiektuaren xedea lortzeko ezinbestekoa den material inprimatuak jasoko du dirulaguntza.

VI. Jarduera aurrera eramateko beharrezkoa den material suntsikorraren gastuak.

VII. Zenbait entitateren artean garatzen diren proiektuen kasuan, joan-etorri kolektiboen gastuak, adibidez, mikrobusen alokairua edo taxi zerbitzua.

VIII. Tributuak gastu diruz lagungarriak dira dirulaguntzaren onuradunak benetan ordaintzen dituenean. Inola ere ez dira gastu diruz lagungarritzat joko berreskuratzen edo konpentsatzen ahal diren zeharkako zergak.

IX. Proiektua egiteko beharrezkoak diren beste gastu batzuk.

6.4. Gastu hauek ez dira diruz lagungarriak:

I. Banku kontuetako interes zordunak.

II. Interesak, errekarguak eta zehapen administratiboak eta penalak.

III. Prozedura judizialen gastuak.

IV. Aperitibo, otordu eta antzekoen gastuak.

V. Entitatearen beraren publizitatearekin edo sustapenarekin lotutako gastuak, Nafarroako Gobernuaren logotipoa agertzen ez bada.

VI. Material inbentariagarrien eta inbertsioen gastuak.

VII. Jardueretan parte hartu dutenentzako esker-sariak edo opariak, edonolakoak.

VIII. Ez dira diruz lagungarriak izanen aurreko deialdietan finantzatutako gastuak.

7.–Eskaerak eta eskatutako dokumentazioa aurkeztea.

7.1. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da. Deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta hurrengo hilabetean argitalpen egunaren zenbaki bera duen egunean bukatuko da.

7.2. Eskaerak telematikoki aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa).

7.3. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.8 eta 66.6 artikuluetan xedatutakoari jarraikiz, ez dira aurkeztutzat hartuko laguntzen fitxan dagoen eredura egokitzen ez diren eskaerak, ez eta telematika bidez eta aipatutako fitxaren bitartez aurkezten ez direnak ere. Horrenbestez, ez-aurkeztutzat jotzen direnez, eskaera horiek ezin izanen dira zuzendu.

Laguntzen deialdi honi dagozkion komunikazioak entitate interesdunaren gaitutako helbide elektroniko bakarraren (GHEB) bitartez eginen dira. Interesdunak Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen elektronikoen prozeduran harpidetua egon beharko du. Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioaren http://notificaciones.060.es helbidean eskura daiteke gaitutako helbide elektroniko bakarra, eta jakinarazpen elektronikoen prozeduretako harpidetza ere bertan egin daiteke. Horretarako, ziurtagiri digitala beharko da.

7.4. Dokumentazioa agiri bereizietan aurkeztu beharko da, bakoitzak bere izena behar bezala dakarrela, Nafarroako Gobernuaren tramiteen katalogoko laguntzen fitxan izanen diren eranskinetako ereduen arabera.

7.5. Dirulaguntza eskatzen duten toki entitateek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

a) Eskabide-orria, I. eranskinaren arabera behar bezala betea, banaka aurkezten diren eskaeretarako.

b) Eskabide-orria, II. eranskinaren araberakoa, proiektuak lankidetzan aurkezten dituzten toki entitateen kasuan. Halako proiektuetan, entitate eskatzaileetako batek gainerakoen ordezkari gisa jardunen du ondorio guztietarako, eta horrek ordainduko ditu gastuak eta jasoko du dirulaguntza osoa.

Lankidetza proiektuetan, proiektuaren barruan proposatutako jardueretako bat gutxienez lankidetzan gauzatu beharko da.

Lankidetzan aurkeztutako eskaeren kasuan, lankidetzan aritzen den entitateari dagokion gutxieneko finantzaketa-ehunekoa proiektuan adierazitako gastu osoaren %15 izanen da.

c) Entitatearen ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena, III. eranskinaren araberakoa; entitate onuradun bakoitzak berea aurkeztu beharko du.

d) Erronka Demografikorako eta Lurralde Egituraketarako Zerbitzuari kontsulta egiteko baimenik ematen ez bazaio:

–Ogasunarekiko zerga arloko betebeharrak egunean dituela frogatzen duen ziurtagiria.

–Ziurtagiri eguneratua, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiarekiko ordainketak egunean daudela dioena, edo enpresaburu gisa inskribatuta ez egoteari buruzko txostena.

e) Toki entitateko idazkariaren ziurtagiria, BEZaren gaineko aitorpenari buruzkoa, IV. eranskineko ereduaren araberakoa.

7.6. Baldin aurkeztutako dokumentazioa aski ez bada edo akatsak baditu, entitateari eskatuko zaio dokumentazioa osatu edo akatsak zuzen ditzala 10 egun balioduneko epean; halaber, ohartaraziko zaio ezen, hala egin ezean, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

Eskaerak hobeki ebaluatzen laguntzeko, Erronka Demografikorako eta Lurralde Egituraketarako Zerbitzuak toki entitate eskatzaileei eskatzen ahalko die aurkeztutako proiektuetako informazioa argitzeko edo erantzukizunpeko adierazpenean jasotako puntuak dokumentu bidez justifikatzeko.

8.–Hautatzeko eta baloratzeko irizpideak.

8.1. Laguntza hauek norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira. Hartara, aurkeztutako eskaerak konparatuko dira, haien artean lehentasun hurrenkera ezartzeko, oinarri honetan ezarritako balorazio irizpideekin bat.

8.2. Irizpide hauei jarraikiz baloratuko dira eskaerak:

IRIZPIDEA

GEHIENEKO
PUNTUAZIOA
100 puntu

A. TESTUINGURUA.

–Proiektua planteatzen den lurraldearen testuinguru soziodemografikoa (1 puntu).

–Sektorearen araberako testuingurua eta proiektuaren xedearekin eta Pirinioetako Planarekin duen lotura (2 puntu).

–Onuradunak eta haien lehentasuna Pirinioetako Planaren esparruan (2 puntu).

–Proiektuaren aurrekariak (1 puntu).

–Justifikazioa, edo zer eskariri erantzuten dion Pirinioetako Planaren testuinguruan (2 puntu).

8 puntu

B. PROIEKTUAREN DESKRIBAPENA.

–Proiektuaren xedea eta Pirinioetako Planarekin duen lotura (2 puntu).

–Jarduketa esparruak, sektorekoak eta/edo lurraldekoak:

• Etxebizitza dinamizatzeari loturiko ekintzak (4 puntu).

• Enplegua sortzera bideratutako ekintzak (4 puntu)

• Lurraldean zerbitzu berriak sortzera bideratutako ekintzak (3 puntu).

• Beste ekintza mota batzuk (1 puntu).

–Proiektuaren helburuak (3 puntu).

–Proiektuko jarduketen deskribapen teknikoa (4 puntu).

–Koherentzia eta argitasuna helburuak, emaitzak eta adierazleak ezartzean (4 puntu).

25 puntu

C. PLANGINTZA.

–Lurraldean gauzatzen diren beste ekintza batzuekiko osagarritasuna (4 puntu).

–Jarduketen egutegia eta kronograma (4 puntu).

–Fase eta eginkizunen zehaztapena (8 puntu).

16 puntu

D. BERRIKUNTZA ETA SAREKO LANA.

–Elkarlana beste entitate batzuekin eta sareko lana (2 puntu).

–Sormena eta originaltasuna (2 puntu).

–Jasangarritasuna (soziala, ekonomikoa, ingurumenekoa) (2 puntu).

–Transferitzeko edo kopiatzeko moduko proiektua (2 puntu).

8 puntu

E. HEDAPENA, KOMUNIKAZIOA ETA SENTSIBILIZAZIOA.

–Oinarrizko hedapena eta komunikazioa.

–Gutxieneko eskakizunetatik haragoko hedapen eta komunikazio jarduerak.

–Komunikazio plan egituratua, publikoaren araberako komunikazio kanalak, tokiko kanalak, jarduera berritzaileak.

8 puntu

F. JARRAIPENA ETA EBALUAZIOA.

–Proiektuaren jarraipen eta ebaluaziorako sistemak definitu, diseinatu eta ezartzea (2 puntu).

–Adierazleak identifikatzea eta proiektuaren helburuekiko koherentzia (2 puntu).

–Jarraipen sistema eta ebaluazio metodoa (1 puntu).

5 puntu

G. ONURADUNAK ETA KOLEKTIBOEN INKLUSIOA.

–Kolektiboen deskribapena eta haien inklusioari laguntzeko neurriak; Piriniotako Planarekiko atxikipena (5 puntu).

–Askotariko pertsona eta kolektiboen parte-hartzea erraztuko duten neurri zehatzak (5 puntu).

10 puntu

H. GENERO IKUSPEGIA.

–Genero ikuspegia txertatzea proiektuan (4 puntu).

–Proiektua hizkera inklusiboan idaztea (2 puntu).

–Proiektuan genero irizpidea txertatzeko aurreikusitako neurriak (2 puntu).

–Talde teknikoaren gaikuntza: taldeak duen prestakuntza zehaztea (2 puntu).

10 puntu

I. FINANTZAKETA ETA AURREKONTUA.

Proiektuaren finantzaketa orokorraren egitura eta aurrekontuaren banakapena (10 puntu).

10 puntu

8.3. 50 puntu baino gutxiago lortzen dituzten proiektuek ez dute dirulaguntzarik jasoko.

8.4. Berdinketarik egonez gero, B atalean puntuazio handiena lortu duten proiektuak lehenetsiko dira, eta, modu subsidiarioan, berdinketak jarraitzen badu, C atalean puntuazio handiena lortu dutenak. Berdinketak jarraitzen badu, G, A, I, D, E, F eta, azkenik, H ataletan puntuazio handiena lortu duenaren alde ebatziko da berdinketa hausteko.

9.–Dirulaguntzak emateko prozedura eta dirulaguntzaren balorazioa.

9.1. Dirulaguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubidean tramitatuko da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluan xedatutakoarekin bat.

Dirulaguntzak emateko prozeduraren instrukzioa Erronka Demografikorako eta Lurralde Egituraketarako Zerbitzuari dagokio.

9.2. Eskaerak 8. oinarrian zehaztutako irizpideei jarraikiz baloratuko dira, eta, horretarako, instrukzio organoak beste departamentu batzuetako pertsona batzuen laguntza izan dezake, eta egoki iruditzen zaizkion jarduketak egin ditzake ebazpen proposamenaren oinarri izanen diren datuak zehaztu, ezagutu eta egiaztatzeko.

9.3. Erronka Demografikorako eta Lurralde Egituraketarako Zerbitzuak ebazpen proposamena igorriko dio Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiari. Proposamenari txosten bat gehituko zaio, adierazten duena toki entitate onuradunek dirulaguntzak jasotzeko baldintza guztiak betetzen dituztela.

9.4. Eman beharreko dirulaguntzak behin-behinean esleitu ondoren, esleitu gabeko soberakinik badago, soberakin horiek agortzeko, proiektuak birprogramatzeko eskatzen ahalko da, baldin eta proiekturik badago legokiokeen dirulaguntza guztia eskuratu ez duena aurrekontuan dirurik ez izateagatik.

Proiektuen birprogramatzea Erronka Demografikorako eta Lurralde Egituraketarako Zerbitzuak eskatuko du, lortutako puntuazioaren hurrenkerari jarraikiz. Horretarako, ofiziozko eskaera igorriko dio entitate eskatzaileari, eta hark proposatzen zaion birprogramatzea onartzen duen erantzun beharko du, horretarako emandako epean. Epearen barnean erantzuten ez badu, proposamena ez duela onartu ulertuko da.

9.5. Entitate onuradunen batek uko egiten badio dirulaguntzari, zenbateko erabilgarria aurrekontuko diru faltagatik laguntzarik jaso ez duten proiektuei emanen zaie, jaso duten balorazioaren araberako ordenari jarraikiz. Bestela, halakorik ez badago, gainerako proiektuei emandako dirulaguntzari gehituko zaio, dirulaguntza horren zenbatekoaren proportzioan.

10.–Laguntza emateko ebazpena.

10.1. Dirulaguntzak emateko ebazpena Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiak emanen du, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta 3 hilabeteko epean, gehienez ere. Epe hori igarotzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da, eta kasuan kasuko errekurtsoa jartzen ahalko da.

10.2. Dirulaguntzak emateko ebazpenean honako hauek jasoko dira: entitate eskatzaileen zerrenda; toki entitate onuradunak (lankidetza bidezko modalitatean toki entitate guztiak onuraduntzat joko dira); diruz lagundutako proiektuak; proiektu bakoitzerako emandako dirulaguntzaren zenbatekoa; emandako zenbatekoa nola banatuko den lankidetza bidez aurkeztutako entitateen artean; eta, hala behar denean, gainerako eskaeren ezespena, arrazoia zehaztuta.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15. artikuluan eta Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 26. artikuluan xedatutakoarekin bat, Gobernu Irekiaren Atarian jendaurrean jarriko dira, jakinarazi ondoko hilabetean, emandako dirulaguntzak, honako hauek zehaztuta: deialdia, laguntzak zer programaren eta aurrekontu kredituren kontura ordainduko diren, onuraduna, emandako diru kopurua eta dirulaguntzaren helburua.

11.–Frogagiriak.

11.1. Onuradunek 2026ko urriaren 30era arte (egun hori barne) egindako proiektua justifikatu beharko dute. Horretarako, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute telematikoki, laguntzen fitxaren bidez:

–Proiektua egin dela justifikatzeko memoria, oinarri hauetako V. eranskineko ereduari jarraikiz.

–Egindako gastuen eta ordainketen justifikazioa. Justifikazioko kontu baten bidez justifikatuko dira, oinarri hauetako VI. eranskineko ereduari jarraikiz. Kontuak diruz lagundutako jardueren eta haien kostuaren aitorpena bildu beharko du gutxienez ere, jarduerak egiteko gastu guztiak banan-banan zehazturik. Jatorrizko fakturen eta benetan egindako ordainketen agirien bidez egiaztatuko da. Frogatzeko balio bera duten beste agiri batzuk eta faktura elektronikoak onartuko dira, baldin eta betetzen badituzte zerga arloan onartuak izateko behar diren baldintzak. Toki entitate onuradunek PFEZa dela-eta egindako atxikipenen konturako sarrera egin behar badute Ogasunean, ordainketaren edo sarreraren frogagiria ere aurkeztu beharko dute.

Lankidetza bidezko modalitateko eskaera aurkezten denean, toki entitate onuradunetako bakoitzak gauzatu eta ordaindu beharko du eskaeran bere gain hartu duen gastu-portzentajearen kostua.

–Dokumentu bidezko froga bat, erakusteko bete dela diruz lagundutako ekintzetan Nafarroako Gobernuak parte hartu duela jakitera emateko betebeharra, hau da, Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala txertatu dela ekintzen publizitatean eta hedapenean eta diruz lagundutako proiektuari buruzko dokumentazio guztian, eta testu hau ere erantsi dela: "Subvenciona Gobierno de Navarra/Nafarroako Gobernuak diruz laguntzen du". Halakoetan, Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen dituen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretuan jasotako ezaugarri teknikoak bete beharko dira.

Iturria: https://www.navarra.es/eu/nafarroako-gobernua/sinbolo-ofiziala

–Egindako jardueren frogagiriak eta haien ondoriozko produktuen edo hedapen eta publizitate materialen erakusgarriak aurkeztuko dira.

–Proiektuak bestelako laguntzarik edo dirulaguntzarik jaso duen azaltzen duen berariazko adierazpena. Baiezkoan, zehatz-mehatz adieraziko da zenbat diru jaso duen eta nondik, guztia VII. eranskineko ereduari jarraikiz.

–Proiektua gauzatzen den hilabeteetan proiektuari atxikitako pertsona kontratatuak badaude, soldata gordinaren aitorpena aurkeztea.

–Nafarroako Zerga Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiarekiko betebeharrak egunean dituela egiaztatzen duten ziurtagiri eguneratuak aurkeztea, baldin eta Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiari kontsulta egiteko baimenik ematen ez bazaio, I. eranskineko edo II. eranskineko inprimakiaren bidez.

–Dagokion toki entitateko idazkariaren ziurtagiria, VIII. eranskineko ereduaren araberakoa, honako hauek jasotzen dituena:

–Toki entitateak betetzen dituela Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen II. tituluan aurreikusitako betebeharrak.

–Kontratistak aukeratzean bete direla Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legearen eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 6ko 6/1990 Foru Legearen aginduak, baldin eta gastu diruz lagungarriaren zenbatekoa 30.000 euro baino handiagoa bada, obra exekuzioaren kostuari dagokionez, edo 12.000 euro baino handiagoa kontsulta edo laguntza enpresek emandako ekipo ondasunen hornidurari edo zerbitzuei dagokienez.

–Hala badagokio, profesionalei egin beharreko pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren atxikipenak Ogasunari ordaindu zaizkiola.

11.2. Instrukzio-organoaren iritziz, gastuen justifikazioa eta haiek frogatzeko egindako ordainketena nahikoa ez bada, errekerimendua eginen dio entitate eskatzaileari, beharrezko frogagiriak erants ditzan 10 egun balioduneko epean.

11.3. Oro har, egindako gastutzat hartuko da diruz lagundutako proiektua gauzatu den dataren arabera benetan fakturatu eta ordaindu dena.

12.–Dirulaguntzaren ordainketa.

12.1. Frogagiriak aztertuta, organo kudeatzaileak organo eskudunari igorriko dio ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena.

12.2. Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiak dirulaguntza ordaintzeko ebazpena emanen du, frogagiriak aurkezten direnetik bi hilabeteko epean.

13.–Bateragarritasuna.

Deialdi honetan araututako dirulaguntzen onuradun gertatzen diren toki entitateek zilegi dute administrazio honek edo Espainiako zein Europar Batasuneko edozein administrazio edo erakunde publikok zein pribatuk edo nazioarteko erakundeek helburu edo xede bererako emandako dirulaguntzak eta laguntzak jasotzea, haiek, guztira, proiektu bakoitzaren inbertsio edo gastuaren %100 gainditzen ez badute.

14.–Jarraipena eta kontrola.

Erronka Demografikorako eta Lurralde Egituraketarako Zerbitzuak izanen du, hari atxikitako teknikarien bitartez, proiektuen jarraipena egiteko eta gauzatutako alderdi guztiak eta finkatutako helburuak noraino bete diren ikuskatzeko eta ebaluatzeko ardura.

15.–Betebeharrak.

15.1. Deialdi honen babesean dirulaguntza jasotzen duten toki entitateek honako baldintza hauek bete beharko dituzte, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrez gain:

a) Diruz lagundutako proiektua gauzatzea, deialdiaren helburua betez.

b) Dirulaguntzaren xede den proiektua dela-eta sortzen den edozein gorabeheraren berri ematea Erronka Demografikorako eta Lurralde Egituraketarako Zerbitzuari, eta aurkeztutako proiektuaren kudeaketa nahiz garapena aldatzeko baimena eskatzea idatziz, baita bestelako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak lortzen direnean ere.

c) Frogatzea betebeharrak eta baldintzak bete direla, diruz lagundutako proiektua egin dela eta dirulaguntza emateko arrazoi izan den helburua bete dela.

d) Emandako dirulaguntzei buruz, egiaztatze lana eta kontrol teknikoa egiten uztea Erronka Demografikorako eta Lurralde Egituraketarako Zerbitzuari, baita horretarako eskumena duen edozein organori ere; jarduketa horietan eskatzen zaion informazio eta dokumentazio guztia aurkeztuko du.

e) Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideren bat lortuz gero, horren berri ematea Erronka Demografikorako eta Lurralde Egituraketarako Zerbitzuari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

f) Kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak behar bezala auditatuak izatea, entitate onuradunari aplikatzen zaion araudian eskatzen den bezala, bermatzeko egiaztapen eta kontrol ahalmenak behar bezala betetzen direla.

g) Jasotako funtsen erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztapen eta kontrol lanen xede diren bitartean.

h) Dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi ondoren egiten diren idatzizko eta ahozko publizitate eta hedapen ekintzetan, bai eta diruz lagundutako proiektuari buruzko agiri guztietan ere, Nafarroako Gobernuaren parte-hartzearen eta dirulaguntzaren berri ematea. Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala eta testu hau agertu beharko dira: "Subvenciona Gobierno de Navarra / Nafarroako Gobernuak diruz laguntzen du". Halakoetan, Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen dituen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretuan jasotako ezaugarri teknikoak bete beharko dira.

i) Entitate onuradunak emandako dirulaguntzari uko egitea erabakitzen badu, Erronka Demografikorako eta Lurralde Egituraketarako Zerbitzuari jakinarazi beharko dio. Uko egindako zenbatekoa beste proiektu batzuei esleitzen ahalko zaie, zehazki, laguntzarik gabe gelditu direnei aurrekontuan krediturik ez izateagatik, lortutako balorazioaren araberako ordenan, edo, halako proiekturik ez badago, onuradun atera diren beste proiektuen artean hainbanatuko da.

j) Dirulaguntzen onuradun diren toki entitateek, baldin eta gardentasun betebeharra konplitu behar badute Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 2. artikulua aplikatu beharrez, 11. artikuluan ezarritako gardentasun betebeharrak konplitu beharko dituzte, foru lege horren 22. artikuluan araututako publizitate aktiboari dagokionez.

k) Hirugarrenekin hitzartutako jarduerak dirulaguntzaren zenbatekoaren %20 gainditzen badu eta zenbateko hori 60.000 eurotik gorakoa bada, idatzizko kontratuaren bidez egin beharko da azpikontratazioa.

l) Frogatzea, kasuan kasuko toki entitateko idazkariaren ziurtagiri baten bidez, kontratistak aukeratzean bete direla Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legearen eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen aginduak, baldin eta gastu diruz lagungarriaren zenbatekoa 30.000 euro baino handiagoa bada, obra exekuzioaren kostuaren kasuan, edo 12.000 euro baino handiagoa bada kontsulta edo laguntza enpresek emandako ekipo ondasunen horniduraren edo zerbitzuen kasuan.

15.2. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, onartutako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da, edo, hala badagokio, diru hori itzuli beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

16.–Dirulaguntzak itzultzea.

16.1. Dirulaguntza emateko ebazpena baliorik gabe uzteko zergatikoak gertatuz gero (Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 34. artikuluan jasotzen dira zergatiko horiek), eta, orobat, foru lege horren 35. artikuluan aipatzen diren kasuetan, jasotako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo partez, eta berandutze interesak ordaintzea eskatuko da, dirulaguntza eman zenetik hura itzuli behar dela erabaki bitartean sortutakoak.

16.2. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan xedatutakoa betetze aldera, jarduerak ez badira betetzen aurkeztutako proiektu proposamenean zehaztu bezala, baldintzak hein batean bete ez direla joko da. Horrelakoetan, %20 itzuli beharko da, betetzen ez den jarduera bakoitzeko. Jarduera betetzen ez dela joko da ez denean gauzatzen entitateak berak aurkeztutako azalpenei jarraituz. Onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, dirulaguntza emateko ezarritako baldintzetatik zenbat eta noraino bete diren ikusita.

16.3. Lankidetza bidezko modalitatean bi elkartek batera proiektua aurkezten badute, eta haietako batek ez baditu guztiz betetzen jarduerak, baina, aurreko paragrafoan ezarritakoaren arabera, horrek ez badakar proiektuaren ez-betetze erabatekoa, banako modalitateko dirulaguntzen baldintzak aplikatuko dira espedientea izapidetzeko.

16.4. Itzulketak zuzenbide publikoko diru-sarreratzat hartuko dira. Hortaz, premiamendu bidez kobratzeari ekin dakioke, ezertan galarazi gabe beste erantzukizun batzuk, halakorik bada.

17.–Arau-hausteak eta zehapenak.

17.1. Arau-hausteei eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraituko zaio.

17.2. Baldin eta gauzatutako eta fakturatutako jarduketaren bat ordaindu bada justifikazioak aurkezteko epemugaren ondotik (2026ko urriaren 30etik harago), ordaindutako zenbatekoaren %0,5eko zehapena aplikatuko da egun bakoitzeko (%0,5 x ordainketaren atzerapen-egunak x zenbatekoa).

Aplikatutako zehapen hori ordaindu beharreko zenbatekoari kenduko zaio.

18.–Errekurtsoak.

Deialdi honen eta haren oinarri arautzaileen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Lurralde Kohesiorako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluarekin eta hurrengoekin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluarekin.

19.–Datuen babesa.

Eskaera aurkezteak berekin dakar haren bidez bildutako datu pertsonalak jasotzea eta tratatzea. Datu horiek Lurralde Kohesiorako Departamentuak tratatuko ditu, prozedura hau izapidetzeko eta laguntza horien esleipena kudeatzeko. Halaber, jakinarazten dizugu zure datuen inguruko eskubideak esteka honen bitartez balia ditzakezula:

https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/datu-pertsonalak-babesteko-eskubideak-baliatzea

20.–Araudi osagarria.

Oinarriotan ezartzen ez den guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari eta aplikagarria den gainerako araudiari jarraituko zaio.

Iragarkiaren kodea: F2606487