100. ALDIZKARIA - 2026ko maiatzaren 25a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

UHARTE

Ordenantza, etxebizitzen eta garajeen alokairu librea arautzen duena. Behin betiko onespena

Uharteko Udalak, 2026ko otsailaren 23an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen honako ordenantza honen aldaketa, espedientean dagoen ordenantzaren testu bateginaren arabera: Uharteko Udaleko etxebizitzen eta garajeen alokairu librea arautzen duen ordenantza.

Jendaurrean egoteko epea iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, behin betiko onetsitzat jotzen da, eta testu osoa argitaratzen, ondorio juridikoak izan ditzan; hori guztia, bat etorriz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuarekin (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea, zeina aldatu baitzen maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legearen bidez).

Ordenantza honen kontra, errekurtso hauek aurkezten ahal dira, aukeran:

–Berraztertzeko errekurtsoa, Uharteko Udalaren osoko bilkurari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo, bestela, argitara eman eta biharamunetik hasita.

–Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean. Epe hori zenbatuko da errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

–Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratzen denetik aitzina.

Uharten, 2026ko apirilaren 17an.–Alkatea, Alfredo Arruiz Sotés.

FAMILIA ETA GAZTEENTZAKO UDAL ETXEBIZITZA ETA GARAJEEN ALOKAIRU LIBREA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

ZIOEN AZALPENA

Uharteko Udalaren konpromiso irmoa da etxebizitza eskuratzeko oinarrizko eskubidea bermatzea. Horrenbestez, bat dator abenduaren 26ko 28/2018 Foru Legeak egiten duen azterketarekin (foru lege horrek arautzen du Nafarroan etxebizitzarako eskubide subjektiboa), zioen azalpeneko zati honi dagokionez: "Etxebizitzak pertsona edo familia unitate bati laguntzen dio modu autonomo eta arduratsuan garatzen guztiok osatzen dugun egitura sozialari egiten dion ekarpena". Horren arabera, Nafarroan Etxebizitza Izateko Eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Legeak, Nafarroan etxebizitzarako eskubide subjektiboa arautzen duen abenduaren 26ko 28/2018 Foru Legearen bidez aldatuak, honako hau aitortzen du 3 bis artikuluan: "Etxebizitza eskuratzeko eskubide subjektiboa eta interes orokorreko zerbitzu soziala".

Hori horrela, Uharteko Udalak hainbat neurri hartu ditu funtsezko behar hori betetzeko, osasunaren, gizarte ongizatearen eta etxebizitzaren arloko politika aktiboaren barruan. Zehazki, udalerri honek indarrean dauka, batetik, "Aterpe-premiarako etxebizitzen gaineko ordenantza", berehalako arreta emateko gizartetik baztertuta edo bazterketa arriskuan dagoen jendeari (2017ko 41. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, otsailaren 28koa), eta, bestetik, "Etxebizitzen alokairu sozialaren gaineko ordenantza", zeina zuzendurik baitago Uharteko eta Esteribarko mankomunitateko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak bideratutako prozesuetako partaideei, baldin aurreko kasuan baino diru-sarrera altuxeagoak badituzte (2017ko 163. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abuztuaren 24koa).

Hala ere, merkatu libreko etxebizitza bat eskuratzeko zailtasunak dituzte biztanle askok, bereziki gazteek eta errenta baxuko familiek, nahiz eta diru-sarrera altuagoak izan gainerako ordenantzetan ezarritako mugak baino .

Hori dela eta, Uharteko Udalari beharrezkoa iruditu zaio udal-etxebizitzen poltsa bat egitea, etxebizitzok errentan laga daitezen. Hartara, gazteei eta familiei etxebizitza eskuratzeko erraztasunak emanen zaizkie, eta, hala, Uharten bizitzen geratu ahal izanen dira. Udalaren ekimen berri hori gauzatzeko, ordenantza bat egin eta onetsi behar da, arautu behar baitira hizpide ditugun etxebizitzak eskuratzeko prozedura eta errentamenduen oinarrizko baldintzak.

Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/85 Legearen 2. artikuluan jasotako arau-aurreikuspenak eskubidea ematen die udalerriei beren interesen esparruari zuzenean eragiten dioten gai guztietan esku hartzeko; hala, jarduera horiek ezarri eta arautzeko eskumen nahikoak ematen dizkie, printzipiotzat hartuta deszentralizazioa eta herritarrekiko ahalik eta hurbiltasun handiena izatea.

I. TITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua. Helburuak.

Ordenantza hau udal zerbitzu publiko berri baten arau esparrua da. Hala, eta udal honek ohiko etxebizitzaren eskaria egon badagoela antzeman duenez, eskari horri erantzun nahi dio, etxebizitzak alokairu libreko araubidean eskainiz.

Horrenbestez, Uharteko Udalak udal-etxebizitzen poltsa bat eratu du, eta hutsik dauden etxebizitzak gehiago izan ahala poltsa hori handitzen joanen dela hitzematen du.

Hori guztia kontuan hartuta, ordenantza honek etxebizitzak errentan eskuratzeko prozedura arautu nahi du, higiezinen merkatuaren aldean eskuragarriagoak eta neurtuagoak diren prezioak ezarrita. Era berean, ordenantza honen arabera ezarriko dira etxebizitza horiek eskuratu eta erabiltzeko prozedura, errentamenduen baldintzak, adjudikazioak proposatzeaz arduratuko diren organoak eta alokairuak deuseztatzeko kasuak.

2. artikulua. Jardueraren definizioa eta lagako den ekipamendua.

1. Udal-etxebizitzak errentan eskuratzeko aukera emate aldera, Uharteko Udalak helburu horretarako etxebizitzen poltsa bat sortuko du. Poltsa horren osaera Udalak eskuragarri dituen etxeen araberakoa izanen da. Poltsa horretan etxebizitza berriak sartu eta lehendik zeudenak kentzeko, osoko bilkurak halaxe erabaki beharko du, Osasun, Gizarte Ongizate eta Etxebizitza Batzordeak txostena eman ondoren.

2. Poltsa horretan sartutako etxebizitzen zerrendarekin, errentan dauden etxebizitzen udal erregistroa osatuko da, eta, bertan, eskura dauden etxebizitza guztiak agertuko dira. Erregistro horretan, etxebizitza bakoitzaren ezaugarriei buruzko datu guztiak jasoko dira. Erregistro horretan agertuko da, era berean, etxebizitza bakoitzeko errentarien segida. Hartara, etxebizitza bakoitzaren historia jasoko da: etxebizitza zein datatan sartu zen poltsan, etxebizitza zer errenta-egoeratan dagoen...

3. artikulua. Etxebizitzak eskuratzeko modalitateak.

Etxebizitza errentan eskuratzeko bi modalitate egonen dira, hartzailearen arabera, baina modalitate bat erabiltzeak ez du bestea erabiltzeko aukera baztertuko:

a. Orokorra, banakako errentarientzat eta familientzat.

b. 30 urtetik beherako gazteak.

Eskariaren eta Udalaren etxebizitza-eskuragarritasunaren arabera erabakiko da zuzkidura edo zer etxebizitza-poltsa jarriko den merkatuan. Etxebizitza erabilgarriak honela banatuko dira bi modalitate horien artean: modalitate orokorrean poltsaren %50 eta %70 artean, eta 30 urtetik beherako gazteen poltsan, %30 eta %50 artean. Hiru urteka, proportzio horiek betetzen direla ziurtatu beharko da. Deialdi bakoitzean berariaz ezarriko da modalitate bakoitzera bideratutako etxebizitzen kopuru zehatza, adierazitako proportzioa betez.

Udalak aldian-aldian berraztertuko du etxebizitzen eta garajeen poltsa, eta zerrenda osoa argitaratuko du. Era berean, etxebizitzak hutsik geratuz gero, eguneratu eginen da zerrenda, eta Udalaren iragarki taulan eta webgunean argitaratuko da, hilabeteko epean.

4. artikulua. Onuradunak.

Etxebizitza horien errentamenduaren onuradun izaten ahalko dira familia-unitate bateko kide diren eta etxebizitzarik jabetzan ez duten pertsonak, betiere honako baldintza hauek betetzen badituzte, modalitateetako bakoitzerako:

1. Bi modalitateetan parte hartzeko baldintzak:

a. Uharten erroldatuta egotea, gutxienez bi urteko antzinatasunarekin.

b. Jabetzan etxebizitzarik ez izatea. Kasu horretan, salbuespen hauek aplikatuko dira:

1.–Interesdunaren jabetzako etxebizitzak ez edukitzea eskatzen diren gutxieneko bizigarritasun-baldintzak. Kasu horretan, hala dela egiaztatu beharko da, udal zerbitzu teknikoek egindako txostenaren bidez.

2.–Etxebizitza beste ezkontideari adjudikatu izana, baldin eta banandu edo dibortziatu egin badira.

3.–200 kilometrotik gorako eremuan etxebizitza bat edukitzea; kasu horretan, lekualdaketak familia edo pertsona horrentzat deserrotzea eraginen lukeela egiaztatu beharko da.

c. Erantzukizunpean adieraztea etxebizitza ohiko bizileku izanen duela, onuradunak benetan bizi behar baitu udalerrian. Udal zerbitzuek hori hala dela ziurtatuko dute, eta, horrez gain, aldian-aldian egiaztatuko da baldintza hori betetzen dela.

d. Uharten edo 130 kilometroko eremuan edo Uhartetik ordu eta erdira lan egitea, interesduna benetan bizi ahal izateko alokatutako etxebizitzan.

e. Ez edukitzea ondasun higigarririk, lanbide arteko gutxieneko soldataren urteko zenbatekoa baino balio handiagoa duenik.

f. Ez egotea genero-indarkeriarekin lotutako prozesuetan akusatuta, prozesatuta edo kondenatuta.

g. Udal zergak ordainduta edukitzea, eta inolako zorrik ez izatea Uharteko Udalean, salbu geroratuta edo zatituta dauden zorren eta zerga-zehapenen kasuan, edo salbu Uharteko Udalak, familia-unitatearen aparteko inguruabarrak ikusirik, horien betearazpena eten edo baimentzen duen kasuetan.

2. Bi modalitateetan parte hartzeko baldintza ekonomikoak: gehieneko diru-sarrerak. Familiaren diru-sarrerak ez izatea ondoko taulan ezarritakoak baino handiagoak:

Lanbide arteko gutxieneko soldata: kalkulatuko da 12 ordainsari kontuan harturik (aparteko ordainsarien zati proportzionala barne).

–Familia-unitatea edo bizikidetza-unitatea. Gehieneko diru-sarrerak hilean, batez beste azken 6 hilabetean.

–Pertsona batekoa: lanbide arteko gutxieneko soldata gehienez 1,5 aldiz.

–Bi pertsonakoa: lanbide arteko gutxieneko soldata gehienez 2,25 aldiz.

–Hiru pertsonakoa: lanbide arteko gutxieneko soldata gehienez 2,5 aldiz.

–Lau pertsonakoa: lanbide arteko gutxieneko soldata gehienez 2,75 aldiz.

–Bost pertsona edo gehiagokoa: lanbide arteko gutxieneko soldata gehienez 3 aldiz.

4.1. Bi modalitateetan parte hartzeko baldintza ekonomikoak: gutxieneko diru-sarrerak. Familia-unitatean lanbide arteko gutxieneko soldataren %70etik gorako diru-sarrerak edukitzea.

4.2. Eskatzailearen edo haren familia-unitatearen diru-sarrerak kalkulatzeko, erreferentzia nagusia izanen da azken errenta-aitorpena (pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena), Nafarroako Foru Komunitatearen Ogasunean aurkeztutakoa edo, hala badagokio, Estatuko ogasunean. Errenta-aitorpenaren aurkezpena borondatezko epearen barruan egonez gero, aurre-aurreko urteko ogasuneko datu fiskalak aurkeztu beharko dituzte eskatzaileek. Nahitaez aurkeztu behar dira agiri horiek.

Parte-hartzaileek hala nahi badute, baldin frogatu nahi badute berriki diru-sarrerak aldatu direla, aurreko agiriez gain beste frogagiri batzuk ere aurkez ditzakete, erakusteko zer diru-sarrera jaso dituzten indarreko ekitaldiko urtarriletik deialdia argitaratu aurreko hilabetera arte. Betiere, eta ikusirik diru-sarrerak aldatu direla, alderatuta aurre-aurreko ekitaldiko errenta-aitorpenarekin, udal zerbitzuek eska dezakete beste frogagiri batzuk ere aurkeztea, ikusteko eskatzaileek izan dituzten diru-sarreren aldaketak.

Laguntzak nahiz dirulaguntzak diru-sarrera gisa zenbatzeko, kontuan hartuko da zer irizpide ezarri diren horiek errenta-aitorpenean sartzeko: hala, PFEZaren –pertsona fisikoen gaineko zergaren ondorioetarako errenta ez diren diru-sarrerak ez dira, halaber, errenta izanen deialdi honetako diru-sarreren muga zehazteko.

Erroldatutako pertsona eskatzaileen bikote egonkorren kasuan, bikoteak ez badu betetzen erroldatze-antzinatasunaren baldintza, eskaera baloratzeko orduan, ez da hartuko familia-unitateko kidetzat. Ordea, familia-unitateen gutxieneko eta gehieneko diru-sarrerak zenbatzen direnean –ordenantzan ezarritakoak–, kontuan izanen dira bikote egonkorren diru-sarrerak, etxebizitza bat adjudikatzeko orduan.

4.3. Familia-unitateek parte hartzeko baldintzak:

A. Familia-unitatea gutxienez pertsona batez osatua egotea. Familia-unitatea osatzen duten gainerako pertsonen arteko harremana izan beharko da ezkontzazkoa, behar bezala erregistratutako bizikidetza loturaren batekoa edo/eta ahaidetasunezkoa (azken kasu horretan, odolkidetasuneko eta ahaidetasuneko bigarren mailara artekoa). Bizikidetza lotura behar bezala erregistratuta dagoela ulertuko da, besteak beste, baldin eta Izatezko Bikoteen Udal Erregistroan inskribatuta badago eta bi titularrak helbide berean erroldatuta badaude.

B. Familia-unitateko pertsona batek ere ezin izanen du eduki etxebizitzarik jabetzan, ez bada 4.1.b) apartatuan zerrendatutako salbuespen kasuetan.

C. Uharten erroldatuta egon beharko dute, bai eskatzaileak berak, bai familia-unitateko gainerako kideek, gutxienez bi urtez. Ez zaie baldintza hori aplikatuko 2 urtetik beherako seme-alabei.

D. Familia-unitateko adingabeak, derrigorrezko eskolatze adinean badaude, benetan eskolatuta egon beharko dira.

II. TITULUA.–LAGUNTZAREN KUDEAKETA

5. artikulua. Kudeaketa- eta kontrol-organoak.

Osasun, Gizarte Ongizate eta Etxebizitza Batzordea arduratuko da alokairu horiek eman, kudeatu eta betearazteko prozeduraz, eta egokitzat jotzen dituen teknikarien laguntza eskatu ahal izanen du. Teknikari horiek parte hartzeko aukera izanen dute, baina ez, ordea, botoa ematekoa.

Edonola ere, Etxebizitzaren Mahai Teknikoa arduratuko da ordenantza hau kudeatzeaz eta eskaeren eta adjudikazio-proposamenen gaineko balorazioak egiteaz. Etxebizitzaren Mahai Teknikoa osatuko dute batzordeburuak eta udaleko bi kidek, eta egokitzat jotzen diren teknikarien laguntza eskatu ahalko da. Edozein izapide egindakoan edo ondore juridikoak dituen edozein erabaki hartutakoan, halaxe jakinarazi beharko zaie Batzordeko gainerakoei.

6. artikulua. Batzordearen edo, hala badagokio, batzordeburuaren eta Etxebizitzaren Mahai Teknikoaren berariazko eginkizunak.

1. Bermatzea etxebizitzak adjudikatzeko prozesua behar bezala –ordenantza honetan araututakoari jarraikiz– betetzen ari dela.

2. Eskaerak aztertzea, onartutakoen zerrenda egitea, eta, hala badagokio, itxarote-zerrendak osatzea.

3. Aurkeztutako erreklamazioen berri ematea.

4. Ordenantza hau aplikatuz egoki diren ebazpenak proposatzea Udalari; eta aldaketak proposatzea ordenantzaren testuan.

5. Alokairuen poltsan jasotako etxebizitzak aldatzeko proposatzea Udalari, baja nahiz alta berriak egin ahal izateko.

6. Etxebizitza horien kudeaketarekin lotutako gainerako funtzioak.

III. TITULUA.–ESKATZEKO ETA IZAPIDETZEKO PROZEDURA

7. artikulua. Adjudikazioen eta itxarote-zerrenden araubidea.

Etxebizitzak eskuragarritasunaren arabera adjudikatuko dira, Alkatetzaren ebazpen bidez, eta kontuan izanda onuradun bakoitzak duen egoera Etxebizitzaren Mahai Teknikoak berariaz egindako itxarote-zerrenda eguneratuan.

Etxebizitza bat eskuragarri dagoen unean, zerrenda orokorreko lehen pertsonari adjudikatuko zaio, Alkatetzaren ebazpen bidez. 3. artikuluan adierazitako proportzionaltasunari eusteko, ordena honetan adjudikatuko dira etxebizitzak: zerrenda orokorra > zerrenda orokorra > gazteen zerrenda. Zerrenda orokorreko onuradunek %70a gainditzen dutenean, etxebizitza gehigarri bat adjudikatuko zaio gazteen zerrendari, baldin eta halakorik balego.

Lehentasun handiagoa emango zaio etxebizitza bat itxarote-zerrendan dagoen eskatzaile bati adjudikatzeari, proportzionaltasun-araua betetzeari baino.

8. artikulua. Eskaera.

Etxebizitza baten adjudikaziodun izateko interesa dutenek eskabidea aurkeztu beharko dute, eredu normalizatuaren arabera (I. ERANSKINA). Eranskin hori eskura egonen da bulego orokorretan eta Udalaren egoitza elektronikoan.

Oraindik etxebizitza batek adjudikaziodun ez direnek interesa izaten jarraitzen badute etxebizitza bat eskuratzeko, eguneratu egin beharko dute beren familia-unitatearen informazio pertsonala eta ekonomikoa, baldin eta gertatzen badira beren eskabideen baremazioan eragina izan dezaketen aldaketak, eta dagokion dokumentazioa aurkeztu beharko dute.

9. artikulua. Dokumentazioa.

Agiri hauek aurkeztu beharko dira:

1. Eskaera, I. eranskinaren araberakoa.

2. Familiako edo familia-unitateko kide bakoitzaren NANaren fotokopia.

3. Familia-liburuaren fotokopia. Izatezko bikoteen kasuan, gainera, dagokion erregistroan izena eman izanaren ziurtagiria.

4. Eskatzailea atzerritarra bada, Espainiako lurraldean legezko bizilekua duela egiaztatzen duen agiria.

5. Aurreko urteko errenta-aitorpenen eta ondare-aitorpenen fotokopia edo, hala badagokio, Ogasunaren egiaztagiri negatiboa. Familia-unitateen kasuan, kide bakoitzaren banakako aitorpenak edo baterako baterako aitorpena.

6. Katastroko egiaztagiria, familia-unitateko kideen titulartasuneko ondasunei buruzkoa, halakorik izanez gero, edo ondasunik ez duela dioen erantzukizunpeko adierazpena.

7. Ondasun horien gainean 4.1.b artikuluan adierazitako salbuespenen bat betetzen bada, halaxe adierazi beharko da da eta horren egiaztagiriak aurkeztu beharko dira.

8. Familia-unitateko kideen lan-egoeraren egiaztagiriak (lan-kontratuak, jasotako azken nomina, autonomoentzako jardueren ordainagiria), langabezia kasuan egoera hori egiaztatzen duen agiria, pentsioaren edo jasotzen den prestazio ekonomikoaren ziurtagiria, eta abar. Halakoetan, ohiko lantokiaren helbidea adierazi beharko da.

9. Derrigorrezko eskolatze adinean dauden seme-alabak eskolatuta daudela egiaztatzen duen agiria, hala badagokio.

10. Kasua bada, genero-indarkeriaren biktima izatea frogatzen duen agiria, apirilaren 10eko 14/2015 Foru Legean xedatutakoarekin bat jasotako moduetakoren baten bidez (Emakumeen Kontrako Indarkeriari Aurre Egiteko Foru Legea).

11. Onuradunek jasotzen dituzten laguntza, subsidio edo prestazioen ondoriozko beste diru-sarrera batzuk eman izana adierazten duen ebazpenaren fotokopia.

12. Hala dagokionean, banantze- edo dibortzio-epaiaren fotokopia, horren hitzarmen arauemailearen fotokopia, edo hura lortzeko izapide judizialak hasita daudela frogatzen duen agiriaren fotokopia.

13. Familia-unitateko kide guztien jabetzako ondare higigarriaren zerrendari buruzko aitorpena, ondarearen zenbateko osoa jasotzen duena.

14. Erantzukizunpeko adierazpena, II. eranskinaren arabera betea, non eskatzaileak deklaratzen duen ez berak ez bere familia-unitateko inork ez duela aurrekaririk genero-indarkeriarekin lotutako delituengatik.

15. Etxebizitza soilik ohiko bizileku gisa erabiliko dela eta bertan bestelako jarduera ekonomikorik eginen ez dela dioen erantzukizunpeko adierazpena.

10. artikulua. Eskaeren balorazioa.

Etxebizitzaren Mahai Teknikoak, Udaleko teknikarien laguntzarekin, aldizka eguneratu eginen du etxebizitzaren adjudikaziodun izan daitezkeen pertsonen zerrenda, aurkeztutako eskaerak kontuan izanda.

Irizpide hauetan oinarrituta baloratuko dira eskaerak:

a.–Bi modalitateetako balorazio irizpideak:

a. Udalerrian bizi izandako denbora (zehazki, familia-unitateko kide guztiak bizi izandako denboraren balorazio haztatua eginen da). Udalerrian bizitzen emandako urte bakoitzeko (deialdi honetan eskatutako gutxieneko epetik aurrera eta errolda bidez justifikatuta), 0,5 puntu.

b. Langabezian dagoen eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuan inskribatu den adin nagusiko pertsona bakoitzeko, 10 puntu.

c. Genero-indarkeriaren biktima: 20 puntu.

d. %33tik gorako desgaitasuna izatea eskatzaileak edo familia-unitateko edozein kidek: 5 puntu.

e. %66tik gorako desgaitasuna izatea eskatzaileak edo familia-unitateko edozein kidek: 10 puntu.

f. Mendekotasun arina: 5 puntu.

g. Mendekotasun larria: 10 puntu.

h. Mendekotasun handia: 15 puntu.

b.–Familien modalitaterako balorazio irizpideak:

–Familia-unitatea osatzen duen pertsona bakoitzeko, 10 puntu.

–Familia-unitatea osatzen duen adingabe bakoitzeko, beste 10 puntu.

c.–Zenbait eskatzailek puntu kopuru bera badute, berdinketa hautsiko da honako irizpide hauetan lortutako puntuazioaren arabera, betiere ordena honetan:

i.–Puntuazioa 12.c) irizpidean (genero-indarkeriaren biktima).

ii.–Puntuazioa 12.e) irizpidean (%66tik gorako desgaitasuna).

iii.–Puntuazioa 12.h) irizpidean (mendekotasun handia).

iv.–Puntuazioa 12.d) irizpidean (%33tik gorako desgaitasuna).

v.–Puntuazioa 12.g) irizpidean (mendekotasun larria).

vi–Puntuazioa 12.f) irizpidean (mendekotasun arina).

vii–Puntuazioa 12.b) irizpidean (langabezian).

viii.–Puntuazioa 12.a) irizpidean (zenbat urtez udalerrian bizitzen).

ix.–Baldin irizpide hauek ordenan aplikatuta ere ez bada berdinketa hausten, zozketaz erabakiko da.

11. artikulua. Baztertutakoen zerrenda.

Halaber, Batzordeak edo batzordeburuak zerrenda bat igorriko du deialdian ezarritako baldintzak bete ez dituzten eta, beraz, prozeduratik baztertu diren pertsonekin. Zerrenda horrekin batera, baztertzeko proposamena eragin duten inguruabar eta irizpideak azaldu beharko dira, labur-labur. Baztertutako interesdunen zerrenda hori Alkatetzaren ebazpen bidez adostuko da. Edonola ere, pertsona horiek hurrengo deialdietan parte hartzen ahalko dute, eskatzen diren baldintzak betetzen dituztela justifikatzen badute.

12. artikulua. Itxarote-zerrendaren kudeaketa.

1. Itxarote-zerrenda egitea.

Eguneratuta mantenduko da etxebizitza baten adjudikaziodun izateko interesa dutenen itxarote-zerrenda eguneratuta mantenduko da, kontuan izanik unean-unean jasotzen diren eta Udalari komunikatzen zaizkion datu eta inguruabar pertsonal eta ekonomikoak.

2. Itxarote-zerrendan interesdun gehiago sartzea.

Adjudikazio-eskaera berriak baloratu, eta itxarote-zerrendan sartuko dira, ordenantza honen irizpideetan oinarrituz lortutako puntuazioaren arabera. Hori izanen da eskuragarri dauden etxebizitzak esleitzeko irizpide bakarra.

Etxebizitza bat erabilgarri badago eta baloratu gabeko eskaerarik badago, erregistratutako eskaera guztiak barematu ondoren soilik adjudikatu ahal izango da etxebizitza hori.

3. Itxarote-zerrenda eguneratzea.

Itxarote-zerrendan inskribatuta daudenek beren inguruabarretan gertatzen den edozein aldaketa justifikatu beharko dute Uharteko Udalean, bereziki, aldaketa horiek balorazio-irizpideei eragiten badie.

Horrenbestez, datu horiek ez badaude eguneratuta interesdunari egotz dakiokeen arrazoiren baten ondorioz, eta, beraz, bere irizpideak ez badira birbaloratzen eta ez bada adjudikazio baten onuradun suertatzen, ezin izanen zaio Udalari erantzukizunik eskatu. Halaber, interesdun horrek ez du lehentasunezko eskubiderik izanen hurrengo adjudikazioetan.

4. Itxarote-zerrendaren deia.

Etxebizitzak eskuragarri daudenean, dagokion modalitateko itxarote-zerrendan dauden pertsonei dei eginen die Udalak, puntuazio-ordena zehatz-mehatz jarraituta.

Une horretan, interesdunek berriz ere egiaztatu beharko dute eskatzen diren baldintzak betetzen dituztela eta lortutako puntuazioa egokia dela.

Interesdunaren puntuazioa berrikustean puntu gutxiago dagozkiola egiaztatzen bada, eta, beraz, itxarote-zerrendan bere atzetik datozen hautagaiek puntu gehiago badute, azken horiei eginen zaie dei, baldintzak eta balorazio-irizpideak betetzen dituztela egiazta dezaten.

Horren arabera, zerrendako puntuazio-ordena eguneratuko da, eta etxebizitza hautagai horietako bati adjudikatzeko proposatuko da.

IV. TITULUA.–ERRENTARIEN ERABILERA-ARAUBIDEA ETA BETEBEHARRAK

13. artikulua. Errentamenduen iraupena.

Hiri Errentamenduei buruzko azaroaren 24ko 29/1994 Legeak 9. eta 10. artikuluetan xedatutako iraupena izanen dute errentamendu-kontratuek, jarraian adierazten diren berezitasunekin:

Errentamendu-kontratuaren hasierako epea bost urtekoa izanen da. Epe hori luzatzen ahalko da, errentariak eskatuta, gehienez ere zazpi urtera arte (hasierako epea barne), baldin eta etxebizitza hori adjudikatzeko baldintzek bere horretan jarraitzen badute. Errentariek luzapen hori eskatu beharko dute hasierako bost urteko epea amaitu baino gutxienez bi hilabete lehenago, eta, hori egitean, aurkeztu beharko dituzte etxebizitzaren adjudikaziodun izateko baldintzak betetzen jarraitzen dutela egiaztatzen duten agiriak.

Etxebizitza-errentamenduaren izaera izanen du Uharteko Udalaren eta maizterren arteko harreman juridikoak, azaroaren 25eko 29/1994 Legearen 3.2 artikuluan ezarritakoarekin bat (Hiri Errentamenduei buruzko Legea).

Zazpi urteko gehienezko epea amaitu ondoren itxarote-zerrendako modalitateetako batean ere ez badago eskatzailerik, kontratua urtez urte luzatuko da, eta ulertuko da isilbidez luzatzen dela, araudi zibilean jasotakoaren arabera.

14. artikulua. Udal-etxebizitzak erabiltzeko baldintzak.

Uharteko Udalak, kasuak bideratu eta baloratu ondoren, alokairu-kontratu bat formalizatuko du etxebizitzen hartzaile diren familia-unitateetako bakoitzarekin, azaroaren 25eko 29/1994 Legearen 2. artikuluaren arabera (Hiri Errentamenduei buruzko Legea).

Uharteko Udala zorrotza eta irmoa izanen da errentamendua amaitzeko epea betetzeko orduan, eta adjudikaziodunak hitzemanen du alokairua amaitu eta etxebizitza hustuko duela, zazpi urte igarotzen direnean. Inolaz ere ezingo da egin zazpi urtetik gorako luzapenik, aurreko artikuluaren azken paragrafoan adierazitako kasuan izan ezik.

Ezin izango dira etxebizitza baten onuradun izan ordenantza honen arabera Uharteko Udalarekin alokairu-harremana amaitzen dutenak, aurreko alokairua amaitu eta hurrengo urte naturalean.

Egun dauden egoeran emanen dira etxebizitzak, eta Udala inoiz ez da egonen beharturik obrak nahiz inbertsioak egitera, maizterrek izan dezaketen beharretara egokitzeko, edozein izanik ere behar horien zergatia, barnean direla mendekotasuna nahiz desgaitasuna.

15. artikulua. Maizterren betebeharrak udal-etxebizitzekiko.

Maizterren ardura izanen da alokairu librearen bidez eskuratutako etxebizitzaren egoera onari eustea eta mantentze lanak egitea. Printzipio hori urratzen bada, segituan utzi beharko dute etxebizitza edo eten eginen da kontratua. Era berean, maizterrek egoki erabili beharko dituzte espazio komunak, eta bizikidetza-ohitura onak izan behar dituzte.

Horretarako, argazkien inbentario bat eginen da maizter bakoitza sartu eta ateratzen denean, Uharteko Udalak behar diren mantentze-doikuntzak egin ditzan alokairu berri bakoitzerako.

Halaber, maizterrak etxebizitzetan sor litezkeen kalteen erantzuleak izanen dira. Kontratuan jasoko da zer ondorio ekarriko duen kasu bakoitzak.

Errentarien legezko betebeharra izanen da Udalaren erabakiz egiten diren hobekuntza- eta mantentze-lanak ordaintzea.

Etxebizitzaren erabiltzaileei dagokie horniduren kontsumoak pagatzea (ura eta energia), baita komunitate gastuak ere.

Erabiltzaileek hileko alokairuaren pareko fidantza jarriko dute. Fidantza hori etxebizitzaren erabilera amaitu ondoren itzuliko zaie, etxebizitza berrikusi ondoren.

Errentamenduaren lehen bi urteetatik aurrera, adjudikaziodunek urtero egiaztatu beharko dute deialdian ezarritako baldintzek bere horretan jarraitzen dutela. Besteak beste, etxebizitzaren adjudikaziodun den familia-unitate osoak etxebizitza horretan izan beharko du errolda, modu jarraituan.

Luzapena eskatzea erabakitzen bada, nahitaezkoa izanen da bi hilabete lehenago luzapena eskatzea, egiaztatzeko inguruabar pertsonalak, familiarenak eta ekonomikoak aldatu ote diren.

Uharteko Udalak erregistro bat eginen du adjudikaziodunekin, eta bertan jasoko ditu baldintzetan egiten diren eguneraketak.

16. artikulua. Kontraprestazio ekonomikoa.

Hileko alokairu-kuota bat ezartzen da, ondoko irizpideetan oinarrituta:

Kasu guztietan, alokairuaren gutxieneko hileko kuota etxebizitza bakoitzaren egungo tasazio-prezioaren %5etik beherakoa izanen da. Prezio hori I. eranskinean agertu beharko da.

Alokairua urtebete baino gehiago luzatzen bada, Nafarroako kontsumoko prezioen indizetik eratorriko aldakuntza aplikatuko da. Ordainketa helbideratuta egon beharko da, eta hil bakoitzaren 1etik 7ra bitartean kobratuko da.

Errentamenduaren hirugarren, laugarren eta bosgarren urteak hasi baino bi hilabete lehenago –eta, hala badagokio, seigarren eta zazpigarren edo hurrengo urteak hasi baino bi hilabete lehenago–, familia-unitateari buruzko azken ekitaldiko informazio ekonomikoa aurkeztu beharko dute adjudikaziodunek. Familia-unitatearen diru-sarrerek ordenantzak ezarritako gehienekoa gainditzen badute, errentamenduaren prezioa %30 igoko da etxebizitzari ezarritako oinarrizko prezioaren gainean. Familia-unitatearen diru-sarrerek ordenantzak ezarritako gehienekoa gainditzen badute, baina diru-sarrera horiek errentaren % 30eko igoerari dagokion kopurua baino txikiagoak badira, igoera ez da izango gehiegizko diru-sarrera hori baino handiagoa.

17. artikulua. Udalaren betebeharrak.

Udalak Hiri Errentamenduei buruzko Legearen 21. artikuluan ezarritako jarduketak egin beharko ditu, etxebizitza mantentzeko betebeharrei dagozkienak.

Udalak erantzukizun zibileko aseguru-poliza bat eduki beharko du kontratatuta poltsako etxebizitzetarako. Horrez gain, maizter bakoitzak aseguruak kontratatu ahal izanen ditu bere aldetik.

V. TITULUA.–ARAU-HAUSTEAK ETA ZEHAPENAK

18. artikulua. Arau-hausteak.

Arau-haustetzat joko dira, Hiri Errentamenduei buruzko Legearen 27. artikuluan ezartzen diren horiez gain, honako hauek:

a. Eraikinean obrak egitea, Udalak aldez aurretik baimenik eman gabe. Era berean, Udalak, higiezinen jabea denez gero, ez du zertan baimenik eman maizterrak proposatzen dituen obrak egiteko, obra horiek indarrean dagoen araudia bete arren.

b. Etxebizitzaren azpierrentamendua edo logelak banan-banan alokatzea, bizikideen arteko harremana edozein izanda ere.

c. Errentamendua ez ordaintzea hiru hilabetetik gorako epean.

d. Etxebizitzari ohiko etxebizitza ez den beste erabilera bat ematea: jarduera ekonomikoak egiteko tokia, biltegia, bigarren etxebizitza...

e. Etxebizitzan edo eraikineko espazio komunetan kalteak eragitea, doloz.

f. Eraikineko bizikidetza giroa asaldatzea, jarduera zaratatsuak, osasungaitzak, kaltegarriak, arriskutsuak edo legez kanpokoak egiteagatik.

19. artikulua. Zehapenak.

Ordenantza honetan ezarritako betebeharrak urratzen badira edo aurreko artikuluan ezarritako arau-hausteren bat gertatzen bada, Uharteko Udalak kalte horien erantzuleak zehatu ahal izanen ditu, alokairu-kontratua suntsiaraziz.

Horretarako, Ogasun Batzordeak ordenantza honen eranskin bat egin eta onetsiko du. Bertan, berariaz jasota egonen dira zehatu daitezkeen portaerak, horien larritasuna, eta bakoitzari dagokion arau-haustea.

V. KAPITULUA–EMAKIDA AZKENTZEA

20. artikulua. Errentamendua etetea, suntsiaraztea eta azkentzea.

Kontratua azkentzeko berariazko arrazoia izanen da ordenantza honetan ezarritako baldintzak betetzeari uztea.

Errentamendu-kontratua azkendu eginen da, era berean, baldin eta ordenantzan ezarritako gehieneko alokairu-epea igarotzen bada edo etxebizitza osoa edo zati bat hirugarrenei lagatzen bazaie azpierrentamendu bidez.

Horrez gain, Hiri Errentamenduei buruzko Legearen 26., 27. eta 28. artikuluetan eta ordenantza honetan aurreikusitako kasuetan ere eten, suntsiarazi edo azkenduko dira kontratuak.

VII. TITULUA.–ARAUBIDE JURIDIKOA

21. artikulua. Araubide juridikoa.

Ordenantza honetan ezarri ez den orotan, aplikagarriak diren xedapen orokorretan ezarritakoa aplikatuko da.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.–Ordenantza hau aplikatzean edo bertan araututako alderdi zehatzak interpretatzean zalantzarik badago, Batzordeak dagokion irizpena eginen du, egokitzat jotzen dituen txosten tekniko eta juridikoak eskatu ondoren.

Irizpen hori ikusita, Udaleko organo eskudunak ebazpen arrazoitua emanen du. Irizpena ez da loteslea izanen.

Bigarrena.–Alkatetzak, Batzordearen proposamenaren ondoren, jarraibideak edo barne araubideko arauak ezarri ahal izanen ditu ordenantza hau aplikatzeko.

Hirugarrena.–Ordenantza honek, Udalaren Osoko Bilkurak behin betiko onetsi ondoren, Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, eta indarrean egonen da harik eta espresuki aldatu edo indargabetu arte.

Iragarkiaren kodea: L2605749