100. ALDIZKARIA - 2026ko maiatzaren 25a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

CASTEJÓN

Aldaketa, honako honetan: Ordenantza, arautzen duena egoiliarrei banakako dirulaguntzak jasotzeko eskubidea aitortzea eta horiek ematea. Behin betiko onespena

Castejóngo Udaleko osoko bilkurak, 2026ko otsailaren 26an egin bilkuran, erabaki zuen hasiera batez onestea ordenantza honetan egindako aldaketa: Udal Ordenantza, arautzen duena Castejóngo Solidaridad zahar egoitzako egoiliarrei banakako dirulaguntzak jasotzeko eskubidea aitortzea eta horiek ematea.

Erabaki hori 2026ko 55. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 17an, baita Castejóngo Udalaren ediktu oholean ere, jarraikiz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

Jendaurrean egoteko epea bururatu ondoan, eta hasiera batean onetsitako testuari alegaziorik inork aurkeztu ez dionez, behin betiko onetsi da aipatu ordenantzaren testua. Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 326. artikuluari jarraikiz, testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Argitara ematen da aipatu agindua betez, eta ohartarazten da ezen honako ordenantza honen aurka –xedapen administratibo bat baita– ez dela administrazio bidean errekurtsorik paratzen ahal, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 107.3 artikuluari jarraikiz (lege horrek hizpide du herri administrazioen araubide juridikoari eta administrazio prozedura erkidea); hortaz, behin betiko onespen honen aurka ondoko bideren bat erabiltzen ahalko da:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, bi hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, zuzenean zuzendua Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari, jarraikiz uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.b) artikuluari (lege horrek arautzen du Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa).

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

ALDAKETA, HONAKO ORDENANTZA HONETAN: UDAL ORDENANTZA, ARAUTZEN DUENA CASTEJÓNGO SOLIDARIDAD ZAHAR EGOITZAKO EGOILIARREI BANAKAKO DIRULAGUNTZAK JASOTZEKO ESKUBIDEA AITORTZEA ETA HORIEK EMATEA

Oinarria

Castejóngo Udalak esparru juridiko propioa aldatu du Castejóngo Solidaridad zahar egoitzan sartzen diren edo horretan jarraitzen duten Castejóngo bizilagunei emanen zaizkien dirulaguntzetarako, hartara laguntza ekonomikoa emateko udalerriko hirugarren adinekoen gizarte-eskaerari; hori guztia, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearekin eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrekin.

Erregulazio horren bidez, printzipio orokor hauek aplikatzen dira: berdintasuna errespetatzea, publizitatea, gardentasuna, diskriminaziorik eza eta administrazioaren funtzionamenduaren objektibotasuna. Halaber, betetzen dira baliabide publikoen erabileraren efikazia- eta efizientzia-helburuak.

1. artikulua. Xedea eta prozedura.

Ordenantza honen xedea da honako dirulaguntza hauek arautzea, bai eta horiek jasotzeko baldintzak ere: Castejóngo Solidaridad zahar egoitzan sartzen diren edo horretan jarraitzen duten Castejóngo bizilagunei emanen zaizkien dirulaguntzak. Hala, baliabide ekonomiko gutxien dituzten auzokideei lagundu nahi zaie; izan ere, 2024an tasak nabarmen igo ziren. Igoera horren arrazoiak izan ziren, alde batetik, aztertu zirela plazen benetako kostua eta egoitzaren egoera ekonomikoa, eta, bestetik, tasak ez zirela eguneratu azken hamaika urtean.

Dirulaguntzak emateko prozedura norgehiagoka izapidetuko da. Ofizioz hasiko da beti, azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19. artikuluan ezarritakoaren arabera (Dirulaguntzei buruzko Legea), eta organo eskudunak onetsitako deialdi baten bidez gauzatuko da, zeinean dirulaguntzak emateko prozedura garatuko baita, urriaren 1eko 39/2015 Legearen printzipioei jarraikiz (Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea).

2. artikulua. Helburua.

Dirulaguntzen berariazko helburua da Castejóngo Solidaridad zahar egoitzan dauden Castejóngo bizilagunek dituzten egonaldi-gastuetan laguntzea, kasu hauetan: mendekotasunik ez badute, edo, mendekotasun arina izan arren, laguntza-egoitza batean sartzeko laguntzarik jasotzen ez badute. Horrenbestez, dirulaguntzak nahitaez erabili behar dira onuradunak egoitza horretan egoteko gastuak ordaintzeko.

Ordenantza honetan bertan zehazten dira onuradun izateko gutxieneko baldintza ekonomikoak, eta horiek gaindituz gero, ezin izanen da laguntzarik jaso.

3. artikulua. Onuradunak.

Hauek eskatzen ahalko dituzte zahar egoitzako egonaldietarako laguntza ekonomikoak: ordenantza honetan ezartzen diren baldintzak betetzen dituzten eta Castejóngo bizilagunak diren pertsona fisikoek, eta ordenantza hau behin betiko onesten den unean egoitzan bizitzen bi urte baino gehiago daramatela egiaztatzen duten egoitzako egoiliarrek.

Ez dira onuradun izaten ahalko Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean aurreikusitako egoeraren batean daudenak, non eta, dirulaguntzaren izaera dela eta, araudi erregulatzaileak ez duen salbuesten.

4. artikulua. Betekizun orokorrak.

Honako baldintza orokor hauek bete behar dira laguntza hauek jaso ahal izateko:

a) Espainiarra izatea eta Castejónen bizi eta erroldatuta egotea eskabidea aurkeztu aurreko bost urteetan gutxienez, salbu eta Castejónen jaiotakoak, azken bi urteetan erroldatuta egon behar baitute, eta egoitzan bizitzen bi urte baino gehiago daramatenak.

b) Eskabidea aurkeztu baino gutxienez bost urte lehenagotik Castejónen erroldatuta dauden atzerritarrek laguntza ekonomikoa eskatzen ahalko dute, arlo horretan indarrean dauden Itun, Nazioarteko Hitzarmen eta xedapenetan xedatutakoarekin bat etorrita.

Onuradunek ezin izanen dute 30.000 eurotik gorako ondarerik izan kontu korronteetan, tituluetan, akzioetan, enpresetako partaidetzetan edo beste edozeinetan, ohiko etxebizitza kenduta.

Ondarea eta errenta kalkulatzeko, arau hauei erreparatuko zaie:

A) Gaitasun ekonomikoa zehazteko arau orokorrak.

1. Laguntza ekonomiko honen onuradunen gaitasun ekonomikoa zehazteko, errentari eta ondareari erreparatuko zaie, jarraian azaltzen den moduan.

2. Errentaren eta ondarearen zehaztapenean konputatu behar den aldia izanen da eskaera aurkezten den egunean aitorpena aurkezteko epemuga pasatu den azken ekitaldi fiskala edo, halakorik ezean, azken pentsio aitortua.

3. Halaber, errenta eta ondarea zehazteko, kontuan hartuko dira onuradunak laguntza hauek jasotzeko eskaera aurkeztu aurreko lau urteetan egindako ondare erabilerak.

B) Errentaren zehaztapena.

1. Laguntza hauen ondorioetarako, errentatzat hartuko dira familia unitateak honako hauetatik eskuratzen dituen sarrera guztiak:

a) Besteren konturako lanaren etekinak, aplikatzekoa den zerga araudian ezarritakoari jarraikiz, barnean direla gizarte aurreikuspeneko prestazioak eta pentsioak, horien araubidea edozein izanik ere.

b) Ondasun higigarrien nahiz higiezinen kapitalaren etekinak.

c) Enpresa edo lanbide jardueretako etekin garbiak, edo nekazaritza eta abeltzaintza jardueretakoena.

2. Onuradunen diru-sarreretan ez da errenta gisa hartuko abenduaren 14ko 39/2006 Legearen 31. artikuluan agertutakoen antzeko ezaugarriak eta xedeak dituzten prestazioen zenbatekoa.

3. Errenta zehazteko, ez da kontuan hartuko, egoitzan sartu aurretik, onuradunaren azken ohiko etxebizitza izan zenaren balioa, halakorik balego.

C) Ondarearen zehaztapena.

1. Onuradunaren ondaretzat jotzen da norberaren titulartasunpeko eduki ekonomikoko ondasun eta eskubideen multzoa, kenduta horren balioa murrizten duten kargak eta zamak zein bere gain hartu beharreko zor eta betekizun pertsonalak, hala badagokio, aplikatzekoak izan daitezken zerga arauei jarraikiz.

2. Kontuan hartu beharreko ondarean sartzen dira kapital higigarria eta higiezina.

Kapital higiezintzat hartuko dira landa-lurreko ondasunak eta hiri-ondasunak, kenduta azken ohiko etxebizitza.

Kapital higigarriak honako hauek biltzen ditu: kontu korronteko eta eperako gordailuak, inbertsio funtsak eta pentsio funtsak, balore higigarriak, bizi-aseguruak erreskate kasuetan eta aldi baterako edo biziarteko errentak, artelanak, antzinako gauzak, bitxiak eta bestelako gauzaki baliotsuak.

3. Ondarearen balioa kalkulatzeko, kontuan hartuko dira ondarearen gaineko zergarako ezarritako arauak.

Ondarearen balioa kalkulatzeko, ez da kontuan hartuko onuradunaren azken ohiko etxebizitza.

Titularkideren bat bada, onuradunaren jabetzari dagokion portzentajea bakarrik hartuko da kontuan.

4. Ondarea zehazteko, ez dira kontuan hartuko azaroaren 18ko 41/2003 Legean araututako ondare babestu batera ekarritako ondasun eta eskubideak, haren titularra onuraduna denean, lotura horrek irauten duen artean. Lege horren bidez babesten da desgaitasuna duten pertsonen ondarea eta, xede berarekin, aldatzen da Kode Zibila, Prozedura Zibilari buruzko Legea eta tributu arloko araudia. Ondare horretatik sortutako errentak, aldiz, kontuan hartuko dira, ondarean sartu ezean.

5. artikulua. Prozeduraren instrukzioa.

Dirulaguntzak emateko prozeduraren instrukzioa deialdian izendatzen den organoari dagokio. Organoa izendatu ezean, kasuan kasuko arloko ordezkariak bideratuko du prozedura, eta alkateak ebatziko du. Behin betiko ebazpena eman aurretik, espediente guztiei buruzko txostena egin beharko du Udalaren Ogasuneko Informazio Batzordeak. Instruktoreak ofizioz eginen ditu beharrezkotzat jotzen dituen jarduketak, datuak zehazteko, ezagutzeko eta egiaztatzeko, horien arabera eginen baita ebazpen-proposamena.

Instrukzio jarduketek honako hauek barne hartu behar dituzte:

–Ebazteko beharrezkotzat jotzen diren txosten guztiak eskatzea, edo dirulaguntza arautzen duten arauek eskatzen dituztenak.

–Eskaeren edo eskarien ebaluazioa, kasuan kasuko dirulaguntzari buruzko arauan edo, hala behar badu, deialdian aurreikusitako irizpide, modu eta lehentasunekin bat.

Instrukzio-organoak, espedientea eta gizarte-langilearen eta kontu-hartzailearen txostenak ikusita, behin-behineko ebazpenaren proposamena eginen du, behar bezala arrazoituta.

6. artikulua. Ebazpena.

Ezin izanen da ebazpenik eman harik eta espedienteko aurrekontuan behar besteko kontsignazioa dagoela egiaztatu arte.

Behin betiko ebazpen-proposamena onetsi ondotik, organo eskudunak arrazoituta ebatziko du prozedura, eta betiere egiaztatu beharko dira ebazpenaren oinarriak eta onuradunek hartutako konpromisoak; hori guztia aintzat harturik zer aurreikusten den urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea), Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legearen 21. artikuluan eta, hala badagokio, kasuan kasuko arauan edo deialdian.

Prozeduraren ebazpena ebatzi eta jakinarazteko gehieneko epea ez da bi hilabetetik gorakoa izaten ahalko. Epe hori iraganik interesdunei bidezko ebazpena jakinarazi ez bazaie, administrazio-isiltasunez ezetsitzat joko da dirulaguntza emateko eskaera.

Prozedurari buruzko ebazpena interesdunei jakinaraziko zaie, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 40. artikuluan aurreikusitakoaren arabera (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea). Jakinarazpen edo argitalpen hori egiteko, lege horren 41. artikuluan jasotako xedapenak bete beharko dira.

Onuradunen batek dirulaguntzari uko eginez gero, laguntzak ematen dituen organoak erabakiko du, beste deialdi bat egin behar izan gabe, dirulaguntza ematea puntuazio hurrenkeraren arabera haren atzetik dagoen edo dauden eskatzaileari edo eskatzaileei, baldin eta onuradun baten ukoari esker kreditu aski askatu bada eskaera bat bederen aintzat hartzeko. Aukera hori interesdunei komunikatuko zaie, interesdunik bada, dirulaguntza-proposamena onar dezaten hamar eguneko epe luzaezinean. Proposamena onartu ondoren, administrazio organoak dirulaguntza emateko egintza emanen du, eta jakinarazi eginen du, Dirulaguntzei buruzko Foru Legean eta hura garatzeko erregelamenduan ezarritako moduan.

Baldin eta, eskaera guztiak beteta, onuradunen batek dirulaguntzari uko egiten badio, udal-aurrekontura itzuliko da.

7. artikulua. Eskaerak eta dokumentazioa aurkezteko epea.

Interesdunak edo haren ordezkariak Castejóngo Udalari zuzendu beharko dizkio eskaerak, kasuan kasuko deialdian ezartzen den ereduarekin bat, eta beherago zehazten diren agiriak erantsi beharko zaizkio.

a) Eskabideak Castejóngo Udalaren erregistro orokorrean aurkeztuko dira zuzenean.

b) Zahar egoitzara sartzen direnen kasuan, eskabideak hilabeteko epean aurkeztu beharko dira, zentroan sartu eta biharamunetik hasita; gainerakoen kasuan, hilabeteko epean, dirulaguntzen deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Eskaerak banaka zein batera aurkezten ahalko dira; azken horiek bi pertsonarentzat izanen dira, eta, kasu horietan, bi eskatzaileek sinatu beharko dituzte.

Eskatzailea legez ezgaituta badago, laguntza-neurriaren titularrak edo legezko ordezkariak eginen du eskaera haren izenean, eta baimen judiziala aurkeztu beharko du, Kode Zibilaren 211. eta 271.1 artikuluetan ezarritakoari jarraikiz.

8. artikulua. Dokumentazioa.

1. Eskabidearekin batera, agiri hauek aurkeztu beharko dira (jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak):

a) Interesdunaren nortasun-agiri nazionala (edo interesdunena, baterako eskaeren kasuan), eta, hala badagokio, legezko ordezkariarena, tutorearena edo egitezko zaintzailearena. Eskatzailea espainiarra ez bada, identitatea egiaztatzen duen agiria eta bizileku-baimena.

b) Udalaren ziurtagiria, eskatzailea ordenantza honen 4. artikuluan eskatzen den aldian erroldatuta egon dela eta bertan bizi izan dela egiaztatzen duena.

c) Bizikidetza, ezkontza eta kasuan kasuko egoera egiaztatzen duten agiriak, baterako eskaera bada.

d) Familia-liburu osoa.

e) Urteko pentsioen edo diru-sarreren ziurtagiria, alokairuetatik edo edozein jatorritako interesetatik datozenak barne.

f) Castejóngo Udalari familia-egoeran gertatzen den edozein aldaketaren berri emateko konpromisoa, bai espedientea izapidetzen ari den bitartean, bai espedientea ebatzi ondotik.

g) Kasuan kasuko gizarte-langilearen txostena.

h) Eskatzaileak egokitzat jotzen duen beste edozein agiri.

9. artikulua. Eskabideetako eta dokumentazioko akatsak zuzentzea.

Eskaerak ez baditu identifikazio-datuak jasotzen, eta/edo harekin batera aurkezten ez badira ordenantza honetan eskatutako agiri guztiak, eskatzaileari eskatuko zaio hutsa zuzentzeko edo nahitaezkoak diren agiriak aurkezteko hamar eguneko gehieneko epe luzaezinean, eta adieraziko zaio hala egiten ez badu eskaerari uko egin diola ulertuko dela, urriaren 1eko 39/2015 Legean aurreikusitako baldintzetan eman beharreko ebazpena eman ondotik.

10. artikulua. Ebazteko eta jakinarazteko epea.

Ebazteko eta jakinarazteko epea sei hilabetekoa izanen da gehienez, eskabideak aurkeztu eta biharamunetik hasita. Epe hori iraganda ebazpenik eman eta jakinarazi ez bada, ezetsitzat joko dira administrazio-isiltasunez.

Administrazio-bideari amaiera ematen dion ebazpenaren aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkezten ahal zaio alkateari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita, urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoari jarraikiz.

11. artikulua. Dirulaguntzen zenbatekoa eta atzeraeragina.

Aurrekontu-baliabideen barruan emanen dira dirulaguntzen zenbatekoak, eta lehentasuna emanen zaie baldintza apalenak eta aukera ekonomiko gutxien dituzten herritarrei. Horretarako, laguntzak haztatzeko, aintzat hartuko dira plazaren kostu osoa eta onuradunen ohiko diru-sarrerak, hala nola pentsioa, errenta bermatua, eskatzaileen bestelako laguntzak, ondarea, etab., eta dirulaguntza handiagoa emanen zaie diru-sarrera apalenak dituztenei. Kasuan kasuko plazaren araberakoa izanen da onuradun eta hilabete bakoitzeko gehienez ematen ahal den dirulaguntza, eta ez da 570,00 eurotik gorakoa izaten ahal.

Salbuespen gisa, atzeraeraginezko ondorioekin ematen ahalko dira dirulaguntzak, betiere modu justifikatuan eta kasuan kasuko urte naturalaren barruan.

12. artikulua. Dirulaguntzen bateragarritasuna.

Udalak ematen dituen dirulaguntza hauek ez dira bateragarriak izanen Eskubide Sozialetako Departamentuak edo beste erakunde publiko batzuek emandako bestelako dirulaguntza edo laguntzekin, baldin eta ordenantza honetan ezarritako helburu bera badute.

Halaber, egoiliarrak ezin izanen du dirulaguntzarik jaso, baldin eta Eskubide Sozialetako Departamentuak edo kasuan kasuko programa kudeatzen duen erakundeak itundutako plaza bat betetzen badu.

Bestalde, dirulaguntzaren zenbatekoak ez du gainditzen ahalko, berak bakarrik edo beste dirulaguntza bateragarri, laguntza, sarrera edo baliabideekin baturik, zahar egoitzako plaza kostatzen denaren % 95. Onuradunak Castejóngo Udalari jakinarazi beharko dio xede bererako beste dirulaguntza, laguntza publiko, diru-sarrera nahiz baliabideren bat lortu badu.

13. artikulua. Justifikazioa eta kobrantza.

Zahar egoitzako zuzendaritzak hilero aurkeztuko dizkio Castejóngo Udalari kasuan kasuko prezio publikoaren hileko likidazioen zerrenda eta egoiliarren zerrenda, haien datu hauekin: datu pertsonalak, mendekotasun-mota, dagokion hileko egonaldi-egunak eta zerbitzuaren zenbatekoa, bai eta oraindik egin gabe dauden aurreko hilabeteetako justifikazioak ere, halakorik balego. Dokumentazio hori nahikoa izanen da dagokion hileko zenbatekoa justifikatzeko, eta, hori aztertu ostean, Castejóngo Udalak onetsiko du, hala badagokio, dagozkion dirulaguntzak ordaintzea, honela: dagokion hilean edo hurrengo hilabeteetarako egoiliarrak duen zorra konpentsatuko du, eta bankuari igorriko dio zorretik konpentsatu gabeko aldea.

14. artikulua. Ebazpenaren aldaketa.

Dirulaguntza eman ondotik, eta interesdunak hala eskatzen badu, organo emaileak hura aldatzea erabakitzen ahalko du, arloko ordezkariak edo, hala badagokio, udaleko kontu-hartzaileak aldeko txostena egin ondotik, betiere honako baldintza hauek betetzen badira, modu diskrezionalean hartuta:

–Onuradunaren borondateak zerikusirik ez izatea aldaketa justifikatzen duten inguruabarrekin.

–Dirulaguntza emateko kontuan hartu ziren baldintzak, elementuak edo inguruabarrak aldatu izana, eta horregatik berrikusi behar izatea emandako dirulaguntza.

15. artikulua. Jarraipena, ikuskapena eta kontrola.

Castejóngo Udalak ahalmena izanen du egokitzat jotzen duen jarraipen eta kontrola egiteko onuradunei, eta horiek baliatuko ditu, egoiliar bakoitzak jaso dezan bere diru-sarreren guztizkoaren arabera benetan dagokion dirulaguntza.

Halaber, onuradun guztiek jakinarazi beharko diote Castejóngo Udalari dirulaguntza emateko unean hasieran aitortutako diru-sarreren guztizkoetan gertatzen den aldaketa oro.

16. artikulua. Dirulaguntzen itzulketa.

Onuradunak deialdi honetan aurreikusitako betebehar guzti-guztiak bete beharko ditu, baita deialdi honen ondorioz bere gain hartutako konpromisoak ere. Nolanahi ere, hartutako zenbatekoak guztiz edo partez itzultzea eta berandutze-interesa ordaintzea exijitu ahalko da, dirulaguntza ordaintzen den unetik itzuli beharra erabakitzen den egunera bitarte, eta Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan finkatuko zenbatekoaren arabera, bidezko izan daitezkeen akzio penalak gorabehera.

17. artikulua. Berme neurriak.

Dirulaguntza emateko ebazpena eman ondotik, haren edukia aldatzeko eskatzen ahalko du onuradunak, baldin eta dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzearen ondorioz ebazpena aldatzea eragiten ahal duen inguruabarrik gertatzen bada. Hori guztia bat eginik uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 64. artikuluan ezarritakoarekin (Errege Dekretu horren bidez onesten da azaroaren 17ko 38/2003 Legearen Erregelamendua, Dirulaguntzei buruzkoa).

Kasuan kasuko urte naturala amaitu baino lehenago aurkeztu beharko da aldaketa-eskaera.

Dirulaguntza ematen duen organoak egokitzat jotzen dituen administrazio-kontrolak eta ikuskapenak egiten ahalko ditu, edozein unetan, egiaztatzeko aurkeztutako dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak direla eta laguntza jasotzeko baldintzak betetzen direla.

Jasotako dirulaguntzak itzultzeko arrazoi izanen dira Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan ezarritakoak:

1. Bidezkoa izanen da eskuratutako kopuruak osorik edo hein batean itzultzea hurrengo kasu hauetan:

a) Dirulaguntza eskuratu delarik horretarako eskatzen diren betekizunak bete gabe, onuradunari egotzi ahal zaizkion arrazoiengatik.

b) Dirulaguntzak emateko baldintzak aldatzea, Administrazioak onartu baditu.

c) Beste kasu batzuk, berariazko arau edo oinarrietan arautuak

2. Hurrengo kasu hauetan ere bidezkoa izanen da hartutako kopuruak itzularaztea, eta eskatzen ahalko dira dirulaguntza ordaindu zenetik itzulketa bidezkoa dela erabakitzen den egunera arte sortutako berandutze-interesak ere:

a) Dirulaguntza lortzen denean horretarako eskatzen diren baldintzak faltsutuz edo hori eragotziko zuketen baldintzak ezkutatuz.

b) Dirulaguntzaren xede den helburua, jarduera edo proiektua gauzatu gabe uztea, osorik nahiz hein batean, edo hartu behar zen jokabidea ez hartzea.

c) Foru lege horren 27. artikuluan edota dirulaguntza arautzen duten oinarrietan eskatzen den justifikazioa aurkezteko betebeharra betetzen ez denean, edo behar adinako justifikaziorik aurkezten ez denean.

d) Foru lege horren 15. artikuluko 2. apartatuan adierazitako zabalkunde-neurriak hartzeko betebeharra betetzen ez denean.

e) Foru lege horren 9. eta 12. artikuluetan aurreikusitako egiaztapenak eta finantza-kontrolak saihesten direnean edo uko egin edo trabak eta eragozpenak jartzen zaizkienean, eta betetzen ez direnean kontabilitateari, erregistroari eta agirien kontserbazioari buruzko betebeharrak, baldin eta horren ondorioz ezin bada egiaztatu hartutako funtsak zertarako erabili diren, helburua lortu ote den, dirulaguntza jaso duten jarduerak benetan eta behar adinako maiztasunaz egin diren, edo xede bererako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera nahiz baliabide bateraezin batzuk lortu ote diren Estatuko edo Europar Batasuneko edozein administrazio edo erakunde publiko zein pribaturengandik edo nazioarteko erakundeengandik.

f) Ez betetzea administrazioak entitate laguntzaileei eta onuradunei ezarritako betebeharrak, edo onuradunek ez betetzea dirulaguntza onartzerakoan hartutako konpromisoak, baldin eta konpromiso horiek ikusteko badute dirulaguntzaren xede diren helburuak lortzeko, jarduera egiteko, proiektua gauzatzeko edo jokabidea hartzeko erabili behar den moduarekin.

g) Ez betetzea administrazioak onuradunei ezarritako betebeharrak, edo onuradunek ez betetzea dirulaguntza onartzerakoan hartutako konpromisoak, baldin eta horren ondorioz ezin bada egiaztatu hartutako dirua zertarako erabili den, helburua lortu ote den, behar adinako maiztasunez egin diren dirulaguntza jaso duten jarduerak, edo lortu ote diren xede bererako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera nahiz baliabide batzuk, Estatuko edo Europar Batasuneko edozein administrazio edo erakunde publiko zein pribatutatik edo nazioarteko erakundeetatik.

h) Europar Batasuneko arau aplikagarrietan ezarritakoaren arabera, dirulaguntza itzuli beharra erabakitzea.

i) Dirulaguntzari buruzko arauetan aurreikusitako gainerako kasuetan.

3. Onuradunak edo, halakorik egonez gero, entitate laguntzaileak lortutako betetze-maila nahiko hurbil badago erabateko betetze-mailatik, eta ezbairik gabe erakusten badute beren konpromisoak betetzen ahalegindu direla, foru lege honen 14. artikuluko 1. apartatuko p) letran aipatutako irizpideak erabiliko dira itzuli behar duten zenbatekoa zehazteko.

4. Era berean, foru lege horren 16. artikuluko 3. apartatuan azaltzen den kasuan bidezkoa izanen da dirulaguntza jaso duen jardueraren kostuaren gainetik lortutako soberakina itzularaztea, bai eta dagozkion berandutze-interesak eskatzea ere.

5. Itzuli beharreko kopuruak zuzenbide publikoko diru-sarreratzat joko dira eta horiek kobratzeko abenduaren 26ko 8/1988 Foru Legearen 17 eta 18. artikuluetan aurreikusitakoa aplikatuko da (Nafarroako ogasun publikoari buruzko Foru Legea).

6. Dirulaguntza eman duen organoak berak emanen du hura itzularazteko ebazpena. Aurretik espedientea izapidetuko da eta bertan, zentro kudeatzailearen proposamen arrazoituarekin batera, behar diren txostenak eta frogak bilduko dira, bai eta onuradunaren alegazioak ere, halakorik badago. Espedientea hamabi hilabeteko epean ebatzi beharko da.

7. Ebazpena interesdunari jakinaraziko zaio. Diru-sarrera egiteko tokia, modua eta epea adieraziko zaizkio, eta ohartaraziko zaio itzulketa ezarritako epean egiten ez badu premiamendu bideko diru-bilketa prozedura aplikatuko dela.

Onuradunak ikuskapen horretan lagundu beharko du, eta eskatutako datuak eman.

18. artikulua. Arau-hausteen erantzuleak.

Dirulaguntzen arloko arau-hauste administratiboen erantzule izanen dira, egitez edo ez-egitez, Dirulaguntzei buruzko Foru Legean arau-hauste gisa tipifikatutako kasuetan sartzen direnak.

–Dirulaguntzen onuradunak, eta aipatutako legearen 45. artikuluan adierazitako pertsonak edo entitateetako kideak, egiteko konpromisoa hartu duten jarduera diruz lagunduei dagokienez.

–Entitate laguntzaileak.

–Legezko ordezkaria, dirulaguntzen onuradunek jarduteko gaitasunik ez dutenean.

–Dirulaguntzaren xedearekin edo haren justifikazioarekin zerikusia duten pertsonak edo entitateak, beharturik badaude laguntzera eta eskatutako agiri guztiak ematera, aipatutako legean xedatutakoaren arabera.

19. artikulua. Erantzukizunetik salbuestea.

Lege horretan tipifikatutako egite edo ez-egiteek ez dute erantzukizunik sortuko dirulaguntzen arloko arau-hauste administratiboagatik, honako kasu hauetan:

–Jarduteko gaitasunik ez dutenek eginak direnean.

–Ezinbestekoetan.

–Erabakia kolektiboa denean, beren botoari eutsi ziotenentzat edo erabakia hartu zen bileran egon ez zirenentzat.

20. artikulua. Arau-hausteak.

1. Onuradunen kasuan, arau-hauste oso astuntzat joko dira Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 42. artikuluko 1.1 apartatuko a), b) eta c) letretan aipatzen direnak eta, entitate laguntzaileen kasuan, aurreko 1.2 apartatuko a) letran aipatzen dena.

2. Onuradunen kasuan, arau-hauste astuntzat joko dira 42. artikuluko 1.1 apartatuko d) eta e) letretan aipatzen direnak eta, entitate laguntzaileen kasuan, aurreko 1.2 apartatuko b) eta c) letretan aipatzen direnak.

3. Onuradunen kasuan, arau-hauste arintzat joko dira 42. artikuluko 1.1 apartatuko f) eta g) letretan aipatzen direnak eta, entitate laguntzaileen kasuan, aurreko 1.2 apartatuko d) letran aipatzen dena.

4. Lehen aipaturiko portaerak dituzten onuradun eta entitate laguntzaileak izanen dira arau-hausteen erantzuleak.

5. Arau-hausteek preskribatzeko epea lau urtekoa izanen da, arau-haustea egin den egunetik zenbatzen hasita. Preskripzioa ofizioz aplikatuko da; nolanahi ere, interesdunak preskripzioaren deklarazioa eskatzen ahalko du.

21. artikulua. Zehapenak.

1. Arau-hauste administratiboek honako zehapen hauek izanen dituzte:

1.–Arau-hauste oso astunak: isuna, hau da, behar bezala eskuratu edo erabili ez den diru-kopurua edo entitate laguntzaileak hartu duen diru-kopurua halako bitik hirura bitarte egiten duen isuna. Gainera, zehatzeko eskumena duen agintaritzak honako zehapen hauek ezartzen ahalko ditu:

a) Bost urteko epean gehienez, aukerarik ez izatea dirulaguntzak, laguntza publikoak eta abalak hartzeko administrazio publikoengandik eta bestelako erakunde publikoengandik.

b) Bost urteko epean gehienez, aukerarik ez izatea entitate laguntzaile gisa jarduteko, foru lege honetan araututako dirulaguntzei dagokienez.

c) Bost urteko epean gehienez, debekua izatea administrazio publikoekin kontratuak izenpetzeko.

2.–Arau-hauste astunak: isuna, hau da, behar bezala eskuratu edo erabili ez den diru-kopurutik edo entitate laguntzaileak hartu duen diru-kopurutik halako bira bitarte egiten duen isuna.

Gainera, zehatzeko eskumena duen agintaritzak honako zehapen hauek ezartzen ahalko ditu:

a) Bost urteko epean gehienez, aukerarik ez izatea dirulaguntzak, laguntza publikoak eta abalak hartzeko administrazio publikoengandik eta bestelako erakunde publikoengandik.

b) Bost urteko epean gehienez, aukerarik ez izatea entitate laguntzaile gisa jarduteko, foru lege honetan araututako dirulaguntzei dagokienez.

c) Bost urteko epean gehienez debekua izatea administrazio publikoekin kontratuak izenpetzeko.

3.–Arau-hauste arinak: isuna, hau da, behar bezala eskuratu edo justifikatu ez den edo, entitate laguntzailearen kasuan, hartu den diru-kopurua adinako isuna.

Gainera, zehatzeko eskumena duen agintaritzak honako zehapen hauek ezartzen ahalko ditu:

a) Bai onuradunaren kasuan, bai entitate laguntzailearen kasuan ere, urtebeteko epean, eskubidea galtzea Nafarroako Foru Komunitateko administrazioarengandik eta haren erakunde autonomoengandik dirulaguntzak hartzeko edo entitate laguntzaile izendatua izateko.

b) Urtebeteko epean, debekua izatea Nafarroako Foru Komunitateko administrazioarekin eta haren erakunde autonomoekin kontratuak izenpetzeko.

4.–Foru lege honetan aurreikusitako arau-hauste administratiboengatik aurreko zehapen horiek ezartzeko, kontuan hartuko da:

a) Egiteko asmorik izan den edo behin baino gehiagotan egin den.

b) Eragindako kalteen izaera.

c) Berrerortzea, urtebetean izaera bereko arau-hauste bat baino gehiago eginez, administrazio bideko ebazpen irmo batek hala deklaratuta.

5.–Egintza independenteak izanen dira zehapenak ezartzea eta foru lege honek aipatzen duen moduan arau-hausleari dirua itzultzeko eskatzea.

6.–Zehapenek lau urteren buruan preskribatuko dute. Zehatzeko ebazpena irmo bihurtu eta biharamunetik hasita kontatuko da preskripzio epea. Preskripzioa administrazioaren kabuz aplikatuko da; edonola ere, interesdunak preskripzioaren deklarazioa eskatzen ahalko du.

22. artikulua. Zehatzeko ahalmena erabiltzeko eskumena duten organoak.

Dirulaguntza eman duten organoak dira zehapen prozedura abiarazteko eta ebazteko eskudunak.

23. artikulua. Erantzukizunak.

1. Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 8. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan aipatutako entitateetako kide, partaide edo titularkideek erantzun solidarioa emanen diote diru-zehapenenari, bakoitzak bere partaidetzaren neurrian, haien entitatea baldin bada ondasun komunitate bat edo beste edozein motatako unitate ekonomiko edo ondare bereizia.

2. Diru-zehapenaren erantzukizun subsidiarioa izanen dute merkataritza-sozietateen administratzaileek eta lege edo estatutuetako xedapen aplikagarrien arabera beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenek, ez badituzte egiten beren esku dauden egintzak bete gabeko betebeharrak bete daitezen, edo ez-betetzea ahalbidetzen duten erabakiak hartzen badituzte, edo beren mendekoen ez-betetzeak eragozten ez badituzte.

3. Desegin eta likidatutako sozietate edo entitateen kasuan, legeak mugatzen badu bazkide, partaide edo titularkideen ondare-erantzukizuna, zehapen burutu gabeak horiei pasatuko zaizkie, eta zehapena betetzeko betebehar solidarioa izanen dute, esleitu zaien edo esleitu behar zitzaien likidazio kuotaren balioa muga dutela.

4. Sozietateak edo entitateak desegin eta likidatu badira, eta legeak ez badu mugatzen bazkide, partaide edo titularkideen ondare erantzukizuna, betetzeko dauden zehapenak haiei pasatuko zaizkie, eta betebehar solidarioa izanen dute zehapen horiei dagokienez.

24. artikulua. Zehapen-prozedura.

1. Dirulaguntzen arloko zehapenak erregelamenduz zehazten den prozeduraren bidez ezarriko dira, eta, halakorik ezean, abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen V. tituluan xedatutakoari jarraituko zaio (Foru Komunitateko administrazioari buruzko Foru Legea).

2. Prozedura administrazioaren kabuz hasiko da, organo emaileak edo entitate laguntzaileak egindako egiaztapen-jardueraren ondorioz, bai eta kontrol eginkizunak esleituta dituzten organoen jarduketen ondorioz ere.

25. artikulua. Dirulaguntzen azkentzea.

Honako kasu hauetan azkenduko da Udalak emandako dirulaguntza, besteak beste:

a) Onuradunak hartutako konpromisoak ez betetzea.

b) Dirulaguntzaren zenbatekoa lortzeko, mantentzeko edo handitzeko datuak faltsutzea edo ezkutatzea.

c) Laguntza ematea ekarri zuten inguruabarretakoren bat desagertzea.

d) Onuradunaren heriotza.

e) Dirulaguntzaren onuradunak uko egitea.

f) Adierazi zenaz bestelako xede baterako erabiltzea dirulaguntza.

Laguntza baliogabetzen bada, bidegabe jasotako zenbatekoak itzuli egin beharko ditu onuradunak.

26. artikulua. Araudi osagarria.

Ordenantza honetan xedatutakoa deusetan ukatu gabe, honako arau hauek aplikatuko dira ordezko gisa: 7/1985 Legea, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituena; apirilaren 18ko 781/1986 Errege Dekretua, onesten duena Toki Araubidearen arloan indarrean dauden lege-xedapenen testu bategina; Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea; Dirulaguntzei buruzko Foru Legea; azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra, Dirulaguntzei buruzkoa; uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua, onesten duena Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua; eta haien ordez aurrerago onesten diren xedapenak.

27. artikulua. Indarrean jartzea.

Ordenantza honek indarra hartuko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean testua osorik argitaratzen denean, eta honako hauetan aurreikusitako epea bukatzen denean: apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 49 artikuluan (Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legea) eta Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 325. artikuluan.

Castejónen, 2026ko maiatzaren 5ean.–Alkatea, Noelia Guerra Lafuente.

Iragarkiaren kodea: L2606623