2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
ALTSASU
Gutxieneko zerbitzuak ezartzea, greba dela eta
Altsasuko Udaleko alkateak, 2026ko maiatzaren 4an, honako ebazpen hau eman zuen:
Alkatearen ebazpena, zeinaren bidez ezartzen baitira behar diren bermeak, segurtatzeko eutsiko zaiela oinarrizko zerbitzuei, 2026ko maiatzaren 7ko greba orokorra dela eta.
2026ko apirilaren 30ean, komunikazio bat jaso zen, adierazten zuena greba deitua zegoela 2026ko maiatzaren 7rako.
Greba egiteko eskubidea (Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan aitortua) bateragarria izan behar da gizartearen funtsezko zerbitzuak ematearekin, Konstituzioaren testuak berak dioen bezala, eta bermeak ezarri behar dira horretarako. Gutxieneko zerbitzu horiek ezartzeko, kontuan hartu behar dira (Konstituzio alorreko jurisprudentziak behin eta berriro dioenez) proportzionaltasun eta arrazionaltasun printzipioak, eta behar adina arrazoituta ezarriko dira.
Konstituzioaren 23. artikuluaren arabera, herritarrek eskubidea dute gai publikoetan parte hartzeko, zuzenean edo ordezkarien bidez, hots, bozkatze unibertsaleko aldian aldiko hauteskundeetan libreki hautatutako ordezkarien bidez.
Bestalde, apirilaren 2ko 7/1985 Legearen (arautzen ditu Toki Araubidearen Oinarriak) 25. artikuluak eta hurrengoek zenbait zerbitzu publiko ezartzen dituzte, udalek eman beharrekoak, eta greba deialdiaren aurrean, ezin dira erabat gelditu Altsasuko Udalak ematen dituen zerbitzu publikoak, herritarrei kalte konponezina eraginen litzaiekeelako.
Aurreko guztiagatik, gutxieneko zerbitzu batzuk ezarri beharra dago, betiere errespetatuz grebarako eskubide konstituzionala, bermatuta egon dadin gai publikoetan parte hartzeko eta zerbitzu publikoak hartzeko herritarrek duten eskubidea, eta hala beteko dira botere publikoei ezarri zaizkien eginbeharrak, Espainiako Konstituzioaren 23. eta 28. artikuluetan ezarri ere.
Lan harremanetarako eskumena Nafarroako Foru Komunitateari transferitu zitzaion, jarraikiz abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 58.1.b) artikuluari (lege horrek hizpide du Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzea). Hala, gobernuaren agintaritzaren eskumena da behar diren neurriak hartzea oinarrizkotzat jotzen diren zerbitzuak zehazteko eta herritarren oinarrizko eskubideak babesteko; hori dena, jarraikiz martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10. artikuluari (errege lege dekretu horrek aldatzen du lan harremanei buruzko araudia).
Horrenbestez, kontuan hartuta honako Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan, martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10. artikuluko 2. paragrafoan eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 58.b) artikuluan xedatutakoa, eta bat etorriz Toki-araubidearen Oinarriei buruzko apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 21.1.h) artikuluak ematen dizkidan eskumenekin eta aplikatzekoak diren gainerakoekin,
EBAZTEN DUT:
1. 0-3 urte bitarteko haur-hezkuntzako Txirinbulo ikastetxeko langileek greba eskubidea erabiliko dute 2026ko maiatzaren 7an. Betiere, errespetatuko dituzte jarraian zehazten diren oinarrizko gutxieneko zerbitzuak:
- Ikastetxeko Zuzendaritza: lanaldi erdian.
- 1 garbitzaile, lanaldi erdian.
- 2 hezitzaile, lanaldi osoan.
- Jantokiko laguntzailea: lanaldi erdian.
2. Ebazpen hau komunikatzea 0-3 urte bitarteko Haur Hezkuntzako Txirinbulo ikastetxeko zuzendaritzari, behar diren neurriak har ditzan, ebazpen honetan ezarritakoa betetze aldera. Halaber, honako hauek adieraztea:
–Greba hasi baino lehen, haur eskolako zuzendaritzak udal honi idatziz komunikatu beharko dio ikastetxean nork eginen duen lan greba egunean, hots, 2026ko maiatzaren 7an.
–Soldatatik zati proportzionala deskontatuko zaie greba eskubidea erabiltzen duten langileei, greba egunetan ez baitute lan eginen ikastetxean.
–Ikastetxeak komunikatu beharko die zerbitzuaren erabiltzaileei zer egoeratan emanen den zerbitzua eta zer neurri hartu diren.
3. Ebazpen hau komunikatzea langileen ordezkariei, eta agintzea argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta udaletxeko iragarki-taulan, eta honen berri ematea udalbatzari, egiten duen hurrengo ohiko osoko bilkuran.
Administrazio-egintza honen aurka, errekurtso hauek jar daitezke:
–Berraztertzeko errekurtsoa, egintza egin duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita.
–Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazten denetik hasita.
–Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita.
Altsasun, 2026ko maiatzaren 4an.–Alkatea, Javier Ollo Martínez.
Iragarkiaren kodea: L2606815