10. ALDIZKARIA - 2026ko urtarrilaren 15a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

EGUESIBAR

Gazteriaren Etxearen funtzionamendua arautzen duen ordenantza. Behin betiko onespena

Eguesibarko Udalak, 2025eko irailaren 3an egindako osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batez onestea Eguesibarko Gazteriaren Etxearen funtzionamendua arautzen duen ordenantza.

Aldaketa horren hasierako onespenari eta arauzko jendaurreko aldiari buruzko iragarkia argitara eman zen 2025eko 189. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, irailaren 23an, eta Udalaren iragarki-taulan. Jendaurreko aldian ez zitzaion alegaziorik aurkeztu. Hala bada, behin betiko onetsirik gelditu da, honekin batera ematen den testuaren arabera, jarraikiz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

Argitara ematen da, bete beharrez ezarrita dagoena uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. eta 326. artikuluetan (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea) eta aplikatzekoa den gainerako legedian.

Eguesibarko Gazteriaren Etxearen funtzionamendua arautzen duen ordenantza

Zioen azalpena

Eguesibarko Gazteriaren Etxea aisialdi hezitzailerako udal gunea da, 12 eta 30 urte bitarteko gazteentzat. Irailero hartuko dira 12 urte beteta dituzten pertsonak, edo, bestela, 11 urte izanik, irailean, urrian, azaroan eta abenduan 12 urte beteko dituztenak.

Gazteen garapen pertsonala eta soziala bultzatzen duen zerbitzu integrala da hau, non balioetan, bizikidetzan eta aukera-berdintasunean, tratuan eta egoeran oinarritutako hezkuntzaren bidez, haien parte-hartze aktiboa eta lidergoa sustatzen baiten.

Helburu hori lantzeko, egindako jarduerak honako programa hauetan banatuko dira:

1. Informazio, orientazio eta aholkularitza programa.

2. Gizarte eta hezkuntza programa.

3. Parte hartzeaidetza programa.

4. Aisialdiko programa.

5. Arte gaztearen programa.

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen helburuak honako hauek izanen dira:

Gazteriaren Etxearen instalazioak zerbitzu publikoko helburuetarako egoki erabil daitezen arautzea, jabari publikoko ondasun eta zerbitzu publikoko ondasun diren aldetik, batez ere Eguesibarko 12 eta 30 urte bitarteko gazteei zuzendutako aisialdiko eta denbora libreko jarduerak garatzeko, gazteriak bere aisialdiko ereduak gara ditzan.

Ondasun publiko hori eta haren parte diren instalazio eta elementu guztiak babestea, sor daitezkeen eraso, aldaketa eta erabilera ez-zilegien aurrean, instalazioen erabilera zentzuzkoa eta ordenatua bermatuz, erabiltzaile guztiei horietarako sarbidea eta erabilera baldintza berdinetan bermatuz.

Baliabide materialen zein giza baliabideen aprobetxamendu integrala.

Gutxieneko bizikidetza- eta errespetu-arauak ezartzea Gazteriaren Etxeko erabiltzaileen artean, bai eta Gazteriaren etxearen kudeaketa egiten duten langileekiko harremanei dagokienez ere.

Gizarte-bizikidetzaren aurkako jarduerak eta jokabideak zuzentzea.

Bizikidetza-arauak hausten dituztenen errehabilitatzea sustatzea.

2. artikulua. Udalaren eskumena eta aplikatzeko eremua.

Instalazioetan burutuko den jarduera edozein dela ere, Eguesibarko Udalak beharrezko esku-hartze administratiboa, kontrola eta zaintza gauzatuko ditu, bai eta aginteaz baliatzea eskatzen duten eta bere eskumenekoak diren eginkizun guztiak ere.

Ordenantza honetan aurreikusitako udal-eskumeneko babes-neurriek ez diete kalterik egingo beste administrazio publikokoen eskumenen kontra jarri gabe.

Ordenantza honek Eguesibarko Gazteriaren Etxea osatzen duen zerbitzu publikoko herri-jabariko ondasunaren inguruan herritarren jarduerak eta ez-egiteak arautzen ditu.

3. artikulua. Eguesibarko Gazteriaren Etxearen helburua.

Lehenengo artikuluan aipatutako biztanleria jarduera horien hartzailea izanda, aisialdiko eta denbora libreko jarduerak garatzeko ekintza guztiak eskaintzea izango da Gazteriaren Etxearen helburu nagusia.

Salbuespen gisa, Gazteriaren Etxean aipatutakoez bestelako jarduerak egin ahal izango dira, eta udal-organo eskudunak aldez aurretik baimendu beharko ditu, baita 30 urtetik gorakoek egindako jarduerak ere. Baimen mota hori emateko, irizpide hauek erabili ahal izango dira:

Eguesibarko gazteentzat interesgarriak izatea edo udaleko Gazteria arloko helburuen barruan kokatzen diren jarduerak antolatzea.

Antolatzaileek irabazi-asmorik gabeko jarduerak garatzea.

Eguesibarko Udalak antolatutako ekitaldiak, beren ezaugarriak direla eta beste udal areto edo espazio batzuetan ezin egitea edo horiek egiteko espazioa egokitzat jotzea.

4. artikulua. Gazteriaren Etxearen funtzionamendu-araubidea.

Gazteriaren Etxeak organo hauek izango ditu bere jardunerako:

–Zuzendaritza-organoa: gazte-ordezkariek, politikariek eta erakunde kudeatzaileko ordezkariek osatuko dute (gazteria-hezitzaile taldea, gazteriako udal-teknikaria eta gazteria-zinegotzia). Bere eginkizuna izango da urteko jardueren proposamena eta horiek egiteko behar diren baliabideak onartzea. Halaber, Gazteriaren Etxean diskriminazio- eta marjinazio-egoerarik gerta ez dadin zainduko du. Organo hori urtean bitan bilduko da gutxienez, Kudeaketa Taldearekin koordinatzeko eta hark eskatzen duen bakoitzean.

–Talde kudeatzailea: gazteen ordezkariek eta udal-zerbitzuaren erakunde kudeatzailearen ordezkariek osatuko dute. Bere eginkizunak urteko jardueren proposamena egitea, jardueren barne funtzionamendua arautzea, espazioak banatzea, bizikidetzaren garapena artikulatzea eta bizikidetzaren aurkako jarduerak zuzentzea, izango dira. Horretaz gain, beharrezkoa iruditzen zaionean Zuzendaritza Organoari neurri bereziak har ditzala proposatuko dio.

–Gazte asanblada: Eguesibarren erroldatuta eta parte hartu nahi duten 12 eta 30 urte bitarteko gazteek osatuko dute. Batzar bat egongo da hilabete bakoitzaren hasieran. Talde kudeatzaileari jarduera-proposamenak egitea, jarduera horien garapenari eta bizikidetza hobetzeko arazo eta proposamenei buruzko informazioa jasotzea eta funtzionamendu orokorrari eragiten dioten erabakiak eztabaidatzea izango da bere eginkizuna. Beti bermatuko da banakako proposamenetarako bide bat, baina bereziki baloratuko dira pertsonen eta taldeen arteko akordioak.

5. artikulua. Eguesibarko Gazteriaren Etxeko erabiltzaileek bete beharreko baldintzak.

Bertako instalazioak erabili nahi dituzten pertsonek baldintza hauek bete beharko dituzte:

–Eguesibarren erroldatuta egotea lehentasunez.

–12 eta 30 urte bitartekoa izatea.

6. artikulua. Printzipio orokorrak.

Gazteek espazio horretan herritarren bizikidetza errespetatu eta instalazioak zerbitzu publikoaren xedearen arabera erabili behar dituzte, gainerako gazteek horiek gozatzeko duten eskubidea errespetatuz. Ordenantza honetan ezarritakoaren arabera, debekatuta daude baliabidearen barruan bizikidetza ordenatua aldatzen duten portaerak, eragozpenak eragiten dituztenak, ondasunei eta espazioko elementuei kalteak eragiten dizkietenak edo pertsonei zor zaien errespetua galtzen dutenak.

Gazteek instalazioak askatasunez erabiltzeko eskubidea dute, aldi berean beraien askatasuna ere errespetatu behar zaie. Ondasun publikoen erabilerari buruzko xedapenek eta beste pertsona batzuk errespetatzeko betebeharrak mugatzen dute eskubide hori.

Gazteriaren Etxea erabiltzen duten gazteen eskubideak eta betebeharrak

7. artikulua. Gazteriaren eskubideak.

Gazteriak instalazioak beren izaeraren arabera erabiltzeko eta bertan egiten diren jardueretan parte hartzeko eskubidea du.

Era berean, hauek dira Gazteriaren Etxeko erabiltzaileen eskubideak:

Errespetuz eta modu duinean tratatua izatea.

Espazioa erabiltzea, bertako ondasun eta zerbitzuez gozatuz.

Jarduerei, kezkei, zalantzei, arazoei eta abarri buruzko informazioa eta aholkularitza jasotzea, bai taldean, bai banaka.

Eguesibarko Udalari nahi dituzten erreklamazioak eta iradokizunak aurkeztea.

Ordenantza honen ale bat iragarki-oholean eskuragarri izatea une oro, edo inprimatuta, hala eskatzen bada.

8. artikulua. Gazteen betebeharrak.

Gazteriaren Etxe barruan dauden langileak eta gazteak errespetatzea, baita kanpoan sortzen diren jarduera guztietan ere, tratu onak sustatuz.

Udal eremu honetako ondasunak eta zerbitzuak behar bezala erabiltzea, ondasunak (altzariak, materialak, etab.), eraikuntza bera ere, errespetatuz.

Udalak bere gain hartzen dituen jardueretan izan ezik, gazteen kontura izango dira hurrengo hauek:

Edozein tasa, kontribuzio edo zerga ordaintzea.

Egile-eskubideak ordaintzea, legez hala dagokionean.

Legez nahitaezkoak diren administrazio baimenak.

Jarduera garatzeko beharrezkoak diren elementuak muntatzea eta desmuntatzea, haien antolaketa talde kudeatzailetik kanpokoa denean. Nolanahi ere, talde kudeatzaileak izendatutako langileen jarraibideak bete beharko dituzte.

Instalazioen erabilera, mantenua eta kontserbazioa

9. artikulua. Espazioak erabiltzeko baldintzak.

Instalazioak segurtasun, osasungarritasun eta apaindura publikoko baldintzetan kontserbatuko dira.

Udal espazioa kudeatzen duen talde kudeatzaileak zehaztutako jarraibideak eta arauak bete beharko dira uneoro.

Instalazioak egunerokoaren erabileraren ondorioz somatzen edo gertatzen den edozein kalte edo akatsa talde kudeatzaileari jakinaraziko zaio.

Udalak ez du bere gain hartuko instalazioen barruan utzitako objektuen erantzukizunik.

Guztiz debekatuta egongo da Gazteriaren Etxean erretzea, baita alkoholaren eta edozein substantzia estupefaziente kontsumitzea ere.

Edozein erakunde antolatzailek bere gain hartuko ditu eska dakizkiokeen erantzukizun zibil, penal, administratibo, laboral, tributario edo beste edozein motatakoak, eta bere ekintzen edo behar-uzteen ondoriozko kalte-galeren ordainen erantzule bakarra izango da. Ildo horretatik, Udalak ez du inolako erantzukizunik izango.

Erakunde antolatzaileak egin beharreko jardueretarako beharrezkoak diren baimen guztiak eskatu beharko dizkie agintaritza eta erakunde eskudunei.

Areto bat erabiltzeko, eremu irekietan izan ezik, beharrezkoa izango da talde kudeatzaileari erabiltzeko baimena eskatzea eta, halakorik balego, baldintza orokor batzuk zehaztu eta betetzea, hala nola ordutegiak, parte-hartzaileen kopurua, behar den materiala eta abar uztartzeko.

Hiruhileko lagapenen kasuan, espazioa idatziz eskatuko da, horretarako prestatutako agiriaren bidez, eta horretarako ezarritako epean.

Era berean, handitzeko espazioa modu autonomoan erabiltzeko laga ahal izango da, idatziz eskatuta, horretarako prestatutako agiriaren bidez, eta horretarako ezarritako epean. Betiere hezitzaile taldearen balorazioa, oniritzia eta komunikazioa izan ondoren.

Oro har, prontzipioz, Eguesibarko talde, kolektibo edo irabazi-asmorik gabeko pertsonengandik datozen eskaera guztiak onartuko dira Eguesibartik kanpoko pertsonek eskatutakoen aurretik lehentasuna izanda.

Udalak ez du inolako erantzukizunik izango jendearen ekintzen edota jarrerengatik erantzukizun hori erakunde antolatzaileen gain geratuz.

Jarduera amaitutakoan, erakunde antolatzaileak instalazioak egoera onean geratzen direlaren ardura izanen du jarduera hasi aurretik zeuden bezala utziz eta arduradunen oniritzia izanda.

Erakunde antolatzaileen esku egongo dira instalazioak behar ez bezala erabiltzeak eragindako kalte edo kalteen konponketak edo kalte-ordainak, edozein direla ere horien arrazoiak. Horretarako, udal-organo eskudunak dagokion likidazioa aurkeztuko du, sortutako gastu orokorraren kontzeptuan horretarako ezarritako gainsariarekin, salbu eta dagozkion konponketak zuzenean bere gain hartzen baditu, Udalak izendatzen duen udal-teknikariaren zuzendaritzapean eta adostasunarekin.

Udaleko zerbitzu teknikoek jarduera bat garatzeko instalazio osagarriak muntatzeko eta desmuntatzeko eragiketa guztiak ikuskatu ahal izango dituzte une oro, eta erakunde antolatzaileek horren inguruan aipatzen zaizkien jarraibideak eta iradokizunak onartu eta bete beharko dituzte.

Aldi baterako eta salbuespen gisa, betiere talde kudeatzaileak baimenduta, partikularrek biltegiratze-eremuak erabili ahal izango dituzte tresnak, materiala eta abar uzteko, eta Eguesibarko Udala ez da arduratuko biltegiratutako elementuak zapuztu, galdu edo lapurtzen badira.

Ikus-entzunezko baliabideak udaleko langileek edo erakunde antolatzaileak behar bezala akreditatutako adituek erabiliko dituzte, Gazteriaren Etxeko talde kudeatzailearen aldez aurreko oniritziarekin.

Ezin da animaliarik sartu instalazioetan. Debeku horretatik salbuetsita daude laguntza-txakurrak, baldin eta behar bezala identifikatuta badaude, beren lana egiten ari badira eta otsailaren 2ko 3/2015 Foru Legeak xedatzen duenaren arabera (3/2015 Foru Legea, otsailaren 2koa, Laguntza txakurrekin batera desgaitasuna duten pertsonak ingurunean sartzeko, ibiltzeko eta espazio irekietan eta mugatutako beste batzuetan egoteko askatasuna arautzen duena) beren betebeharrak betetzen ari badira.

10. artikulua. Komunak erabiltzeko protokoloa.

Protokolo honen bidez, Eguesibarko Gazteriaren Etxeko erabiltzaileek komunak erabiltzean gerta daitezkeen arrisku-egoerak eragotzi nahi dira.

Arrazistak, sexistak, genero orientaziozko eta aniztasunezkoak diren erasoak, eragozteko bideratuta dago. Beraz, erabiltzaile guztientzako giro inklusiboa, errespetuzkoa eta segurua bermatu behar da, generoa, arraza, sexu orientazioa, genero identitatea eta abar alde batera utzita.

Helburua: Gazteriaren Etxean komunak behar bezala erabiltzeko jarraibide argiak ezartzea, pertsona guztientzako gune seguru eta inklusibo bat sustatzea edozein motatako erasoak saihestuz.

Komunen erabilera: Komunek erabilera libre izango dute. Ez da inor diskriminatuko bere arrazagatik, desgaitasunagatik, generoagatik, sexu-orientazioagatik, genero-identitateagatik edo genero-adierazpenagatik, etab.

Errespetua eta begirunea: Iruzkin edo jarrera sexistak debekatuak egongo dira: Pertsonak kosifikatzen edo desgaiatzen dituzten iruzkinik edo jarrerarik gabeko giroa sustatuko da, bereziki genero-identitateari eta sexu-adierazpenari dagokienez.

Errespetuzko portaera: Pertsona guztiek komunean daudenen pribatutasuna errespetatu behar dute, jazarpena, begirada inbaditzaileak eta portaera larderiatsuak edo oldarkorrak saihestuz.

Eraso sexisten prebentzioa:

Sentsibilizazioa: Genero identitatearekiko errespetuaren eta indarkeria sexistaren prebentzioaren garrantziaz sentsibilizatzea.

Salaketa eta laguntza: Erabiltzaileei edozein eraso edo diskriminazio aurrean salatzeko dauden kanalei (Gazteriaren Etxeko hezitzaileak) buruzko informazioa helaraztea.

Identifikazioa eta ikuspena:

Seinalizazio argia: Erabilera errazteko komunak behar bezala identifikaturik egongo dira. Horretaz gaiz, nahiago dutenentzat, inklusiboak eta unisexak diren komunak argi eta garbi identifikatuko dira, ez jartzeko inor egoera deseroso batean.

Gertakarien aurrean jardutea:

Jarduera protokoloa: Eraso sexista bat edo genero aniztasunagatik eraso bat sortzen bada, Eguesibarko emakumeen aurkako indarkeriaren aurrean jarduteko Tokiko I.Protokoloaren arabera jokatuko da.

Testigantzak jasotzea eta laguntza ematea: Gertakari oro modu konfidentzialean erregistratu beharko da, kaltetutako pertsonak gaia nola maneiatzea nahi duen aukeratzeko duen eskubidea bermatuz. Laguntza psikologikoa eskainiko zaio eta eskura dauden lege-ekintzei buruzko informazioa emango zaio.

Etengabeko prestakuntza:

Langileen trebakuntza: Gazteriaren Etxeko langile guztiek Eguesibarko Udaleko Berdintasun Arloak antolatzen duen genero aniztasunaren errespetuari eta genero indarkeria, diskriminazio, eraso sexista eta abarri buruzko prestakuntza jasoko dute.

Gazteen parte-hartze aktiboa:

Espazio seguruak sortzen saiatuko da, gazteek komunen erabilerari buruzko esperientziak eta proposamenak partekatu ahal izan ditzaten, hartutako neurriak egokiak direla eta eguneratu eta hobetu daitezkeela ziurtatzeko.

Protokolo honek errespetua, berdintasuna eta segurtasuna bermatu behar ditu neurri argiak eskainiz, bai diskriminazio-egoerak prebenitzeko, bai, halakorik gertatuz gero, modu eraginkorrean esku hartzeko. Gainera, garrantzitsua da espazioa gainbegiratzeaz arduratzen diren langileak behar bezala prestatuta egotea edozein gatazka modu eraginkor eta enpatikoan maneiatzeko.

11. artikulua. Publizitatea.

Oro har, instalazioen barruan ezin izango da publizitaterik edo propagandarik egin, udalak kasu zehatz bakoitzerako berariaz baimentzen duena izan ezik.

Gazteriaren Etxean garatzen diren Udalak diruz lagundutako jarduera guztiek berekin ekarriko dute jardueraren dokumentazio eta propaganda idatzi edo grafiko osoan udalaren logotipoa sartzea, Udalbatzak onartutako eredu tipografikoekin.

Kasu guztietan debekatuta dago edari alkoholdunak, tabakoa edo osasunari kalte larria egiten dion beste edozein substantzia kontsumitzera bultza dezakeen publizitate guztia. Aldi berean eduki sexista, xenofoboa eta abar duen eta pertsonen oinarrizko eskubideen aurkakoa den edozein publizitate ere debekatuta egongo da.

Zehatzeko araubidea

12. artikulua. Xedapen orokorrak.

Alkatetza zehapen-prozedurak hasteko eta dagozkion zehapenak ezartzeko organo eskuduna izango da. Prozeduraren instrukzioa Eguesibarko Udaleko Gazteria Arloari egokituko zaio.

Neurri edo zehapen guztiak berreziketaren balio eta printzipioen arabera bideratu beharko dira. Batez ere neurri hezitzaileak sustatuko dira.

Era berean, une oro elkarrizketa bidezko konponbidea sustatuko da, bizikidetzaren ondorioz sortzen diren arazoen neurri nagusi eta funtsezko gisa. Behin bide hori agortuta, lehen aipatutako printzipioan, berreziketan hain zuzen ere, oinarritutako bestelako neurriak hartuko dira, eguneroko Bizikidetzarekin jarraitzeko neurri egokia hartzen saiatuz.

Azkenik, eta organo eskudunak hala erabakitzen badu, zehapen ekonomikoetara edo zigorren bat dakartenetara joko da. Horrelako zehapenak salbuespenez hartuko dira beti, larritasun bereziko egitateen ondorioz, baldin eta inplikatutakoen artean konpondu ezin izan badira aurreko paragrafoan adierazitakoarekin. Era berean, zehapen oro berreziketa-printzipioaren araberakoa izaten saiatuko da.

Zehapenak dagokion zehapen-prozeduraren instrukzioaren bidez ezarriko dira, administrazio-prozedura erkidearen eta sektore publikoaren araubide juridikoaren estatuko legerian aurreikusitakoarekin bat etorriz.

Zehapen-prozedurari amaiera ematen dion ebazpena arrazoitua izango da, eta espedientean planteatutako gai guztiak ebatziko ditu. Prozedura behi hasita gehienez sei hilabeteko epean eman eta jakinarazi beharko zaie ebazpena interesdunei.

Zehapen-prozedura hasteko eskumena duen organoak jakiten badu egitateak, administrazioko arau-haustea izateaz gain, arau-hauste penala ere izan daitezkeela, organo judizial eskudunari jakinaraziko dio, eta, agintaritza judizialak erabakia hartu arte, ez du zehapen-prozedurarekin jarraituko.

Zehapen-prozedura etenda dagoen bitartean, etentzat joko da arau-haustearen preskripzio-epea eta prozeduraren beraren iraungipena.

13. artikulua. Arau-hausteen sailkapena.

Ordenantza honetan ezarritako arau hausteak, ekintzak edo ez-egiteak oso larriak, larriak edo arinak izan daitezke.

14. artikulua. Arau-hauste oso larriak.

Hurrengo arau-hauste hauek oso larriak izango dira:

a) Erabiltzaileekiko eta Eguesibarko Gazteriaren Etxeko profesionalekiko etengabeko errespetu-faltak, mehatxuak edota eraso fisikoak. Oso larritzat joko da, halaber, adingabeei edo desgaitasuna duten pertsonei eragiten dien errespetu-falta, edo indarkeria erabiltzen denean.

b) Sexu-orientazioaren, arrazisten eta xenofoboen ondorioz diskriminatzaileak diren edo indarkeria matxista edo genero-indarkeria sustatzen duten jokabideak, jarrera eta simbologia diskriminatzaileak erakustea.

c) Instalazioen funtzionamendu egokia oztopatzea, beste erabiltzaile batzuekin edo instalazioen arduradunekin liskarrak, iskanbilak, eraso fisikoak edo hitzezkoak eginez.

d) Instalazioak edo materiala ebastea, lapurtzea edo hondatzea, zerbitzuaren funtzionamenduan kalte larriak eraginez, baita erabiltzaileen ondasunak lapurtzea ere.

e) Edozein motatako armak eta indarkeriazko helburuekin erabil daitezkeen bestelako objektuak eramatea.

f) Instalazioen barruan drogak saltzea.

g) Instalazioetara ezarritako ordutegitik kanpo sartzea.

h) Hutsegite larriak behin eta berriz egitea.

15. artikulua. Arau-hauste larriak.

Hurrengo arau-hauste hauek larriak izango dira:

a) Erretzea, alkohola edatea eta edozein substantzia estupefaziente kontsumitzea Gazteriaren Etxean.

b) Instalazioez arduratzen diren langileen jarraibideak ez betetzea, baita arduradunak eta gainerako erabiltzaileak iraintzea edo gutxiestea ere.

c) Instalazioak edo materiala hondatzea, instalazioen funtzionamenduari kalte larririk eragin gabe, eta materiala nahita ebastea edo lapurtzea.

d) Gazteriaren Etxean mozkortuta edo drogen eraginpean sartzea.

e) Egun berean hiru arau-hauste arinak egitea.

16. artikulua. Arau-hauste arinak.

Hurrengo arau-hauste hauek arinak izango dira:

a) Noizbehinka erabiltzaileekiko edota gazte taldeko profesionalekiko errespeturik ez izatea. Oro har, pertsonekiko errespeturik eza dagoenean, zehapena praktikan jarri aurretik elkarrizketa bidez lan egiteko ahalegina egingo da, betiere eragindako pertsonak prest badaude.

b) Udalaren materialean edo altzarietan kalteak eragiten dituzten edo eragin ditzaketen ekintza edo portaera desegokiak.

c) Instalazioetan edozein animalia mota sartzea, laguntza-txakurrak izan ezik.

d) Instalazioaren funtzionamendurako ordutegiak ez errespetatzea.

e) Instalazioen funtzionamendurako jarduna oztopatzea, gainerako erabiltzaileei traba egin diezaieketen oihuekin, bai eta korrika egitea, salto egitea, bultzatzea eta gainerako pertsonak eta, oro har, gainerako pertsonak gogaitu edo arriskuan jar ditzakeen edozein ekintza egitea ere.

f) Ordenantza honetan ezarritakoa hausten duen eta larritzat edo oso larritzat hartuta ez dagoen beste edozein jarduera.

17. artikulua. Zehapenak.

Arau-hauste arinek hurrengo zehapenak ekar ditzakete:

–750 euro arteko isunarekin.

–Materialak hasierako egoerara itzultzea.

–Aldi baterako kanporatzea, gehienez ere hilabete baterako.

–Ohartarazpena.

Arau-hauste larriek hurrengo zehapenak ekar ditzakete:

–751 eurotik 1.500 eurora bitarteko isuna.

–Aldi baterako kanporatzea, gehienez ere 2 urterako.

Arau-hauste oso larriek hurrengo zehapenak ekar ditzakete:

–1.501 eurotik 3.000 eurora bitarteko isuna.

–Instalazioetara sartzeko behin betiko debekua izatea.

18. artikulua. Arduradunak.

Ordenantza honen arau-hausteen erantzuleak izango dira arau-hausteen egile zuzenak.

Oro har, pertsona fisiko edo izaera pribatuko pertsona juridikoak izango dira kalteen erantzule solidarioak, baldin eta beste batzuek egin ditzaketen arau-hauste administratiboak prebenitzeko legezko betebeharra badute.

Erantzulea adingabea bada edo haren egozgarritasunerako legezko kausaren bat badago, gurasoak, tutoreak edo legezko zaintza esleituta dutenak izango dira erantzule.

Arau-haustea dakarten jarduketak pertsona batek baino gehiagok batera egitenez gero, pertsona horiek guztiek erantzunkizuna izanen dute.

19. artikulua. Zehapenen graduazioa.

Aurreko artikuluen arabera sailkatu ondoren ezarri beharreko zehapena mailakatzeko, honako inguruabar hauek hartuko dira kontuan:

a) Urtebetean larritasun handiagoko arau-hauste bat edo larritasun bereko edo txikiagoko bi berriro egitea, ebazpen irmoz hala deklaratu denean.

b) Intentzionalitatea.

c) Zerbitzua oztopatu eta nahastea.

d) Parte-hartze maila.

e) Gertakarien garrantzia edo garrantzi soziala.

f) Eragindako kalteen izaera eta larritasuna.

g) Prozedura hasi aurretik eragindako kaltea konpontzea.

20. artikulua. Amaiera konbentzionala.

11. artikuluan adierazten den bezala, neurriak edo zehapenak berreziketaren balio eta printzipioen arabera bideratu beharko dira, eta hezkuntza-, prebentzio- eta prestakuntza-neurriak sustatu beharko dira, neurri ekonomiko eta hertsatzaile hutsen aurrean. Hori dela eta, Eguesibarko Udalak, dagokion zehapen-ebazpena hartu aurretik, komunitatearentzat egin beharreko lan edo zereginen ondorioz ezar daitekeen isun-zehapenaren ordezkapen osoa edo partziala eskatzeko aukera eskaini ahal izango dio espedientepekoari, baldin eta zeregin edo lan horiek egokiak eta arau-haustearen larritasunaren araberakoak badira.

Aukera hori arau-hausleak erreabilitatzeko bide gisa eskainiko da, eta, horregatik, beharrezkotzat jotzen denean aplikatuko da:

Arau-hausteak zehapen oso larria ezartzea badakar.

Zehapen larria dakarren arau-haustea izanik, arau-hauste larriak edo oso larriak behin eta berriz egiten direnean.

Hala erabakitzen denean, arrazoiak emanez, neurri hori hartzea bultzatzen duten baldintza bereziak kontuan hartuta.

Espedientatutako pertsonak zer prestazio mota egiteko prest dagoen jakinaraziko dio Udalari. Lehentasunez, gizartearen mesederako borondatezko lanak egitera bideratuta egongo da, gizalegezko jokabideak sortzera edo antzeko ekintzek eragindako kalteak konpontzera zuzenduta, eta esleitutako Udal Arloak kontrolatu eta bermatuko du lan horiek bete direla.

Espedientatutako pertsonak eskaera egin ondoren, prozedura ebazteko epea eten egingo da, eta Udalak, hala badagokio, egin beharreko prestazioaren baldintzak arau-hausleari jakinarazi beharko dizkio.

Eguesibarko Udalak prozedura amaitzeko ebazpen ekintzan finkatuko du espedientatutako pertsonak egin beharko duen prestazioa, bai eta, hala badagokio, isunaren zehapenaren zenbatekoa ere, baldin eta prestazioarekin guztiz ordezten ez bada.

Udalak, kasu zehatzaren inguruabarrak ikusita, prestazioa garaiz eta behar bezala betetzen dela bermatzeko, kautelazko neurriak ezarri ahal izango ditu.

Espedientutako pertsonak prestazioaren baldintzak onartu ondoren, amaitu egingo da zehapen-prozedura.

Prestazioa epean eta behar bezala betetzen ez bada, isuna ezarriko da. Isuna prozedura laburtuaren bidez ezarriko da, zehapena ezartzeko honako irizpide hauek kontuan hartuz:

Arau-haustearen sailkapena jatorrizko arau-hausteari egotzitako berbera izango da.

Zehapena mailakatzeko, Eguesibarko Udalak eta arau-hausleak hitzartutako prestazioa ez betetzea larrigarri espezifikoa izango da.

Sarrigurenen, 2025eko abenduaren 16an.–Alkatea, Xuriñe Peñas López.

Iragarkiaren kodea: L2516563