10. ALDIZKARIA - 2026ko urtarrilaren 15a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

SARTAGUDA

Lan-egutegia eta egun baliogabeen deklarazioa 2026rako

Sartagudako Udaleko alkate udalburuak 186/2025 Ebazpena eman zuen 2025eko abenduaren 11n. Hona hemen haren testua:

Aintzat hartuz zer xedatzen duten abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuak (haren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina) eta martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren 34.6 artikuluak (legegintzako errege-dekretu horren bidez onetsi zen Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bategina), ezartzen baitu enpresak urtero prestatu behar duela lan-egutegia.

Bat etorriz abenduaren 26ko 26/2012 Foru Legearen 4. artikuluan xedatutakoarekin (foru-lege horren bidez aldatu zen 13/2012 Foru Legea, ekainaren 21ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen arloan presako zenbait neurri hartzeari buruzkoa), ezartzen baitu Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioen urteko benetako lanordu kopurua 1592 izanen dela.

Kontuan hartuz zer eskumen ematen dizkidaten apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 21.1.h) artikuluak (Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legea) eta Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren 84.1 artikuluak, eta ikusirik langileen ordezkariekin aurretiaz izandako negoziazioa 2026ko lan-egutegirako proposamenaren gainean,

EBAZTEN DUT:

Lehena.–Onestea Sartagudako Udalaren zerbitzuko langileek 2026an izanen duten aste barreneko jaiegunen egutegia, hementxe zehaztu bezala:

–Urtarrilaren 1a: Urteberri eguna.

–Urtarrilaren 6a: Errege eguna.

–Martxoaren 19a: San Jose.

–Apirilaren 2a: Ostegun Santua.

–Apirilaren 3a: Ostiral Santua.

–Apirilaren 6a: Pazko astelehena.

–Maiatzaren 1a: Langileen eguna.

–Urriaren 12a: Espainiako jai nazionala.

–Azaroaren 2a: Santu Guztien Eguna.

–Abenduaren 3a: San Frantzisko Xabierkoa.

–Abenduaren 6a: Konstituzioaren eguna.

–Abenduaren 8a: Andre Maria Sortzez Garbia.

–Abenduaren 25a: Eguberri eguna.

Bigarrena.–Egutegia arautzeko, horiez gain, ondotik ematen diren egunak ere ez dira lanegun izanen udal langileendako, betetzen duten karguaren arabera, eta honako egutegi hauek ezartzen dira:

A) Udal bulegoetan lan egiten duten langileak:

–Martxoaren 20a.

–Abuztuaren 5a. Andre Maria Arrosariokoa, herriko zaindariaren jaia.

–Urriaren 7a.

–Abenduaren 4a eta 7a.

B) Brigadako eta eraikin publikoak garbitzen dituzten langileak (Edurne):

–Martxoaren 20a.

–Abuztuaren 5a. Andre Maria Arrosariokoa, herriko zaindariaren jaia.

–Urriaren 7a.

–Abenduaren 4a eta 7a.

C) Eskola garbitzen duten langileak:

–Martxoaren 20a.

–Maiatzaren 18a.

–Abuztuaren 5a. Andre Maria Arrosariokoa, herriko zaindariaren jaia.

–Abenduaren 4a eta 7a.

Hirugarrena.–Aurrekoez gain –jaieguntzat jotzen baitira–, eta langileei aitortutako 27 opor-egunen kontura, bulegoak itxita egonen dira jendearendako abuztuaren 7an eta 8an; horiek bulegoko langileendako 27 egun horietatik kenduko dira.

–Zerbitzu Anitzetako Brigadako langileek abuztuaren 5ean, 8an eta 9an lan eginen dute, eta horiek konpentsatuko dira hil beraren 4an, 6an eta 7an egutegian ezarritako lanaldia osatzeko egiten ez diren orduekin.

–Udaletxea, kultura-etxea eta kontsultategia garbitzen duten langileek 3 orduko lanaldia eginen dute abuztuko festetako egun guztietan (4tik 9ra), gutxieneko garbiketa-zerbitzuak egiteko; asteburuan eta 5ean eginiko lanorduak konpentsatuko dira 4an, 6an eta 7an egiten ez diren orduekin, egun horietan ez baita lanaldi osoa egiten.

Azken bi apartatuei dagokienez, bai 5ean (jaieguna), bai 6an eta 7an (larunbata eta igandea, hurrenez hurren) egiten diren lanorduak asteburuan egindako ordu gisa kontatuko dira, eta konpentsatuko dira edo diruz edo oporretako ordu gehigarriekin, ukitutako langile bakoitzak aukeratutakoaren arabera.

Laugarrena.–Lanaldiaren urteko egiazko lanordu kopurua 1592 da, abenduaren 26ko 26/2012 Foru Legeari eta abenduaren 27ko 624/1999 Foru Dekretuari jarraikiz, eta haren banaketa honela eginen da:

–Astelehenetik ostiralera bitarteko eguneroko lanaldi osoa, oro har, 7 ordu eta 20 minutu izanen da.

–Bulegoetan jendea hartzeko ordutegia 10:00etatik 14:00ak arte izanen da.

Bosgarrena.–Alkateak aurretiaz baimena emanik, aparteko orduak egiten dituzten langileek asteko gaztigu-orri batean jaso beharko dituzte, horien ordaina bil dezaten, dela diruz, dela denboraz, baldin eta lanaldiaren luzapeneko osagarria esleiturik ez badaukate. Hala eta guztiz ere, lanaldiaren luzapeneko osagarri hori esleiturik daukatenek ere jaso beharko dituzte ordu horiek orrian, urtean egiten duten lanaldi-luzapenaren jarraipena egite aldera.

Seigarrena.–Egun baliogabeak izanen dira, 2026. urtean epeak zenbatzeari dagokionez, larunbatak, igandeak eta ebazpen honen lehen xedapenean jaiegun deklaraturikoak.

Zazpigarrena.–Administrazio honetako zerbitzuen premiak direla eta, eta behar bezala jardun ahal izateko, urteko oporraldiak hartuko dira halako moduz non bermatuko baita langile bat gutxienez bertan egotea zerbitzu bakoitzean.

Zortzigarrena.–Eguneko lanaldi jarraitua sei ordukoa baino luzeagoa duten langileek gehienez hogeita hamar minutuko atsedenaldia izanen dute. Oro har, 10:00etatik 11:00etara bitartean hartzen ahalko da, eta langileek ez dute izanen zertan erabili asistentziaren kontrolerako sistema.

Bederatzigarrena.–Lan-egutegi hau aldatzen ahalko da zerbitzuaren beharren arabera, langilearen baldintzen gainean gaur egun indarra duen araudiari jarraikiz.

Hamargarrena.–Ebazpen hau langileen ordezkariari igortzea, eta argitara ematea Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Sartagudako Udalaren gardentasun-atarian eta iragarki-taulan.

Hamaikagarrena.–Haren berri ematea Udalbatzari hurrengo osoko bilkura arruntean.

Aditzera ematen da, denek jakin dezaten, eta bereziki ohartarazten da errekurtso hauetako bat aurkez daitekeela, hautara, ebazpen honen aurka, bakoitzean aipatzen diren epeetan, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita: berraztertzeko errekurtsoa, alkatetza honi zuzendua, edo gora jotzekoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean.

Sartagudan, 2025eko abenduaren 22an.–Alkatea, José Ignacio Eguizabal Martínez.

Iragarkiaren kodea: L2516996