10. ALDIZKARIA - 2026ko urtarrilaren 15a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

IRUNBERRIKO GIZARTE ZERBITZUEN MANKOMUNITATEA

Oposizioa, zaintzaile gerontologikoen bi plaza betetzeko, D mailakoak eta lan-araubide finkokoak, errelebo-kontratuaren bidez

Begoña Gogorcena Marín Irunberriko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko buruak 2025eko abenduaren 23an emaniko ebazpen baten bidez, deialdi bat eta haren oinarriak onetsi ziren zaintzaile gerontologikoen bi plaza betetzeko, D mailakoak eta lan-araubide finkokoak, Irunberriko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatean aritzeko, errelebo-kontratuaren bidez, asmoa baita egoitza horretako bi langile ordeztea, erretiro partzial aurreratuagatik.

Irunberrin, 2025eko abenduaren 23an.–Mankomunitateko burua, Begoña Gogorcena Marín.

OINARRIAK

1.–Deialdiaren xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da oposizio bidez zaintzaile gerontologikoen bi plaza betetzea, D mailakoak eta lan-araubide finkokoak, Irunberriko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatean aritzeko, errelebo-kontratuaren bidez.

1.2. Plazak txanda hauetan banatuko dira:

  • 1 plaza txanda irekian.
  • 1 plaza igoera txandan.

Deialdi honetako hautaprobak puntuaziorik handienarekin gainditzen dituzten pertsonei lan-araubide finkoko lan kontratua eginen zaie, Irunberriko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatean lan egiteko. Plazak lortzen dituzten pertsonen ordainsari-araubidea izanen da aurreikusita dagoena Irunberriko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko plantilla organikoko 70. eta 71. plazetarako. Probak gainditzen dituzten gainerako izangaiak kontratazio zerrenda batean geldituko dira, kontratatutako pertsonek sor ditzaketen hutsuneak betetzeko.

1.3. Deialdiaren xede den lanpostuaren kategoriarako eta zaintzaile gerontologikoaren lanpostuko zereginetarako egokiak diren lan eta eginkizunetan arituko da.

1.4. Baldin igoera txandako plaza hutsa bete gabe gelditzen bada, izangaiak ez iristeagatik hautaprobak gainditzeko behar den gutxieneko puntuaziora, plaza hori txanda irekikoari gehituko zaio.

Bestalde, baldin igoera txandako plaza hutsen kopurua baino izangai gehiagok gainditzen badituzte probak, txanda horretan hautapen prozesua gainditu arren plazarik eskuratzen ez dutenek aukera izanen dute txanda irekiko plaza hutsa eskuratzeko, txanda horretako izangaiekin lehian eta lortutako azken puntuazioaren arabera.

Era berean, igoera txandako izangaiek aukera izanen dute txanda irekiko plaza hutsa eskuratzeko, aurreko paragrafoan adierazitako modu berean, baldin eta deialdiaren 2.1.2 oinarriko berariazko betebeharrak betetzen ez badituzte deialdiaren 8.2 oinarrian agiriak aurkezteko ezarritako epea bukatzen denean.

1.5. Izendapena egin eta lanpostuaren jabetza hartutakoan, Irunberriko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko lan-kontratudun finko bilakatuko dira izendatuak, eta indarreko xedapenek ezartzen dituzten eskubide eta betebehar guztiak izanen dituzte. Gizarte Segurantzako araubide orokorrean inskribatu eta kidetuko dira, araubide horretan ezarritakoaren babesean.

Aurrekoa gorabehera, edozein montepioren eskubide pasiboen araubide batean afiliaturik daudenek bi aukera izanen dituzte: edo segitzea martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legearen bidez araututako eskubide pasiboen araubidearen babespean, edo sartzea Gizarte Segurantzako araubide orokorrean. Hori hala da, aplikatuz abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bederatzigarren xedapen gehigarriaren 3. puntua (legegintzako foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua).

2.–Baldintzak.

2.1. Oposizio honetan onartuak izateko, izangaiek honako betebehar hauek bete beharko dituzte:

2.1.1. Izangai guztiek bete beharrekoak:

a) Espainiako nazionalitatea izatea, edo Europar Batasuneko estaturen batekoa, edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako estatuak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzekoa zaion estaturen batekoa.

Parte har dezakete, orobat, Espainiako nazionalitatea dutenen eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatutako nazioarteko tratatuen aplikazio-eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek, baldin zuzenbidez bananduta ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek –baldin legez bananduta ez badaude–, 21 urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.

b) Hamasei urte beteak izatea eta ez gainditzea erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina.

c) Frogatzea badutela gizarte erakundeetan mendekotasuna duten pertsonei arreta soziosanitarioa emateko lanbide kualifikazioa, zeina ezarrita baitago urriaren 19ko 1368/2007 Errege Dekretuan.

Horretarako, baldintza hori frogatutzat joko da, honako titulu hauetakoren bat edo titulu baliokidea izanez gero edo hori eskuratzeko moduan egonez gero:

–Erizaintzako Zainketa Lagungarrietako teknikari titulua, apirilaren 7ko 546/1995 Errege Dekretuak ezarria, edo Klinikako teknikari laguntzailearen, Psikiatriako teknikari laguntzailearen eta Erizaintzako teknikari laguntzailearen titulu baliokideak, apirilaren 30eko 777/1998 Errege Dekretuan ezarriak.

–Mendekotasuna duten pertsonei arreta egiteko teknikari titulua, azaroaren 4ko 1593/2011 Errege Dekretuak arautua, edo Arreta Soziosanitarioko teknikari titulu baliokidea, maiatzaren 2ko 496/2003 Errege Dekretuak ezarria.

–Gizarte Integrazioko goi mailako teknikari titulua, uztailaren 13ko 1074/2012 Errege Dekretuak ezarria, edo Gizarte Integrazioko goi mailako teknikari titulu baliokidea, abenduaren 22ko 2061/1995 Errege Dekretuak ezarria, 2017ko abenduaren 31n zaintzaileen lanbide kategorian lan egiten ari zirela frogatzen duten profesionalentzat.

Halaber, baldintza hori frogatutzat joko da, titulu hauetako bat izanez gero edo hori eskuratzeko moduan egonez gero: DBHko graduatu titulua, Eskola Graduatua, Oinarrizko Lanbide Heziketakoa, lehen mailako Lanbide Heziketakoa edo horien baliokidetzat hartutako beste bat. Horrez gain, honako ziurtagiri profesionaletako bat ere izan beharko du:

–Gizarte erakundeetan mendekotasuna dutenei arreta soziosanitarioa emateko profesionaltasun ziurtagiria, abuztuaren 1eko 1379/2008 Errege Dekretuak arautua.

–Zaintzaileen/gerokultoreen lanbide kategoriarako salbuespenezko lanbide gaikuntzaren ziurtagiria, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak edo gizarte zerbitzuen arloan eskumena duten autonomia erkidegoek zehaztutako beste erakunde publiko batek emana.

–Zaintzaile gerontologikoen lanbide kategoriaren gaitasunak aitortzen dituen ziurtagiria, lan esperientziaren bidez eskuratutako lanbide gaitasunak egiaztatzeko prozeduraren bidez ebaluatuak.

Tituluak atzerrian lortu badira, baliozkotuak edo homologatuak daudela frogatzen duten frogagiriak eduki beharko dira. Baldintza hori ez zaie aplikatuko beren lanbide kualifikazioaren aitorpena Europar Batasuneko xedapenen babesean eta lanbide arautuen esparruan eskuratu duten izangaiei.

d) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete beharreko eginkizunetan aritzeko.

e) Ez egotea desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko, eta administrazio publiko baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

2.1.2. Igoera txandako izangaientzako berariazko baldintzak.

Txanda honetako izangaiek, honako baldintza hauek ere bete beharko dituzte, aurreko apartatuan adierazitakoez gain:

a) Nafarroako edozein administrazio publikotako langile finkoa izatea, eta jatorrizko lanpostuan borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea.

b) Deialdiko plaza hutsen maila berekoa edo beheragokoa izatea.

c) Administrazio publikoetan bost urteko antzinatasun onartua izatea.

2.2. Betebehar horiek bete beharko dira eskaerak aurkezteko epea bukatzen den unean eta plazaren jabetza hartu arte.

2.3. Deialdi honen oinarrietan ezartzen den unean frogatu beharko ditu baldintza horiek izendatzeko proposatu den izangaiak.

3.–Eskabideak.

3.1. Eskaerak aurkezteko epea.

Hogeita hamar egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira deialdian parte hartzeko eskaerak, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskaerak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

3.2. Eskabidea aurkeztea eta formalizatzea.

Hautapen prozesuan parte hartu nahi dutenek eskabideak Erregistro Telematikoaren bidez (https://lumbier.sedelectronica.es/info.0) aurkeztu beharko dituzte, DNI-e edo CL@VE ziurtagiri digitalaren bidez, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14. artikuluko 3. apartatuan xedatutakoarekin.

Desgaitasuna izanik, izangaiek egokitzapenen bat eskatzen badute probak egiteko denboretan eta baliabideetan, hala adierazi beharko dute eskabidean, eta, horretarako prestatutako tokian, adierazi beharko dute zer egokitzapen behar duten, edo nola doitu behar diren denbora eta/edo baliabideak. Horretarako, izangaiak egoki deritzon dokumentazioa aurkez dezake, eskaera aurkeztean, 3.4 atalean ezarritakoari jarraikiz.

3.3. Tasak.

Azterketa eskubideengatik eta espedientea formalizatzeagatik 25,50 euroko tasa ordaindu beharko da. Tasa hori ordaintzeko, diru-sarrera edo banku-transferentzia egin beharko da honako kontu hauetako batean:

CAIXABANK: ES15 2100 5061 3022 0002 1328.

NAFARROAKO RURAL KUTXA: ES92 3008 0042 5121 6942 4021.

Ordainagirian datu hauek adierazi beharko dira nahitaez:

–Izangaiaren izen-deiturak.

–Kontzeptua: Zaintzaile gerontologikoaren lanpostuaren azterketa.

3.4. Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Eskabidea modu telematikoan aurkezteko unean, izangaiek, kasuaren arabera, dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

–Frogatzea gizarte erakundeetan mendekotasuna duten pertsonei arreta soziosanitarioa emateko lanbide kualifikazioa dutela, zeina ezarrita baitago urriaren 19ko 1368/2007 Errege Dekretuan.

Tituluak atzerrian lortu badira, aurkeztu beharko dira baliozkotuak edo homologatuak daudela frogatzen duten agiriak.

–Baldin eta izangai batek eskatzen badu deialdiko igoera txandan parte hartzea eta Irunberriko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko administrazioa ez den Nafarroako beste administrazio publiko bateko langile finkoa bada, eskabideari erantsi beharko dizkio, gainera, deialdi honen 2.1.2 oinarriko baldintzak betetzen dituela frogatzeko agiriak.

–%33ko desgaitasuna edo handiagoa duten izangaiek, hura frogatzeko, agiri hauetako bat aurkeztu behar dute:

  • IMSERSOk edo autonomia erkidegoan eskumena duen organoak emandako ziurtagiria.
  • Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpena, prestazio bat jasotzeko eskubidea onartzen diona hauetakoren bat izateagatik: ezintasun iraunkor osoa, ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia.

–Desgaitasuna izanik probak egiteko denboretan edota bitartekoetan egokitzapenen bat eskatzen duten izangaiek komenigarritzat jotzen duten dokumentazioa erants dezakete hura justifikatzeko.

3.5. Aipatutako agiri horiek aurkezten ez dituztenak ez dira onartuko deialdian, eta ordura arteko jarduketa guztiak baliorik gabe geldituko dira, deusetan galarazi gabe legokiekeen erantzukizuna parte hartzeko eskabidea faltsutzeagatik.

3.6. Aski izanen da dokumentazioaren kopia soilak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, eskatuko dira behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

4.–Izangaien onarpena.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, mankomunitateko buruak ebazpen bat emanen du, onesteko izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda, eta aginduko du argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean, mankomunitateko iragarki-taulan eta deialdiaren web-fitxan, Irunberriko Udalaren web-orriaren barnean.

Baztertutako hautagairik ez badago, zuzenean argitaratuko da behin betiko zerrenda, hautaproba egiteko egun, leku eta orduarekin batera.

4.2. Behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioak egiteko epea iraganik eta horiek ebatzita, mankomunitateko buruak onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsiko du, eta aginduko du argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean, mankomunitateko iragarki-taulan eta deialdiaren web-fitxan, Irunberriko Udalaren web-orriaren barnean. Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean berean zehaztuko da probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren.

4.4. Azterketa eskubideak ez dira itzuliko, baldin izangaiak bazterturik gelditzen badira izangaiei berei egozten ahal zaien arrazoi batengatik.

4.5. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela ebazpen honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak. Hautapen prozesua gainditu ondoren izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean egiaztatzen baldin bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek prozedura honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak galduko dituzte, deusetan galarazi gabe faltsukeria dela-eta legozkiekeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

5.–Kalifikazio epaimahaia.

5.1. Kalifikazio epaimahaia honako hauek osatuko dute:

Epaimahaiburua: Begoña Gogorcena Marin, "San Isidro" Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko burua.

Ordezko epaimahaiburua: Cruz Moriones Uriz.

Epaimahaikidea: Ana Extremado Berruezo.

Ordezko epaimahaikidea: Katy Bravo Jaramillo.

Epaimahaikidea: Lola Eslava Serrano.

Ordezko epaimahaikidea: Angel García Legaria.

Epaimahaikidea: Leticia Sanz Muñoz, Langileen Batzordeko ordezkaria.

Ordezko epaimahaikidea: Iker Perez Goñi.

Epaimahaikide idazkaria: Eva María León Garriz, "San Isidro" Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko idazkaria.

Ordezko epaimahaikide idazkaria: Nabaskozeko idazkaria.

5.2. Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan.

Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak –edo haien ordezkoek– egon beharko dute bertan. Bigarren ordezkapen bat behar izanez gero, ordezko epaimahaikide izendatu direnak ere izan daitezke haien ordezkoak.

5.3. Kalifikazio epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan abstentziorako aipatzen diren egoeretako batean badaude.

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabehera guztiak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza jasotzen ahalko du proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6.–Oposizioa nola eginen den.

6.1. Oposizioa 2026ko martxotik aurrera hasiko da.

6.2. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean zehaztuko da oposizioko lehen proba non, noiz eta zer ordutan eginen den.

6.3. Oposizioa:

6.3.1. Proba motak eta arau komunak.

–Oposizioko probak oinarri honetan adierazitakoak izanen dira, 6.3.3 puntuan adierazitako ordenan eginen dira, eta deialdiaren I. eranskineko gai-zerrendan adierazitako gaiei buruzkoak izanen dira.

–Izangaiak ariketa eta proba guztietan baztertuta geldituko dira baldin eta lortzen ez badute ariketa edo proba bakoitzaren gehieneko puntuazioaren erdia.

–Gai guztiak eskatuko dira deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean indarrean den araudiaren arabera.

6.3.2. Egokitzapenak.

Hautaprobak egiteko, behar diren eta posible diren egokitzapenak eginen dira desgaitasun aitorturen bat dutenentzat, denbora eta baliabideen aldetik, eskabidean azaldutakoaren arabera.

6.3.3. Probak. Oposizioak honako proba hauek izanen ditu:

6.3.3.1. Lehenbiziko proba:

Proba teorikoa izanen da. Gehienez ere test motako 100 galderari erantzun beharko zaie idatziz, ebazpen honen I. eranskinean agertzen den gai-zerrendako edukiei buruz. Galdera bakoitzari erantzuteko lau aukera eskainiko dira, baina bakarra izanen da zuzena. Erantzun oker bakoitzak penalizazioa ekarriko du; hain zuzen ere, erantzun zuzenaren balioaren herena.

Epaimahaiak esanen du, hasi baino lehen, ordu bat eta hogeita hamar minutu izanen direla proba hau egiteko.

Lehenbiziko proba honetan, gehienez ere, 40 puntu lor daitezke.

Bazterturik geldituko dira proba honetan gutxienez ere 20 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.

Proba egiteko ez da inolako testurik edo dokumentaziorik erabiltzen ahalko, ezta hiztegirik, kalkulagailurik, gailu elektronikorik edo bestelako materialik ere, boligrafo urdina edo beltza izan ezik.

6.3.3.2. Bigarren proba:

Teoriko-praktikoa izanen da. Gehienez ere test motako 40 galderari erantzun beharko zaie, idatziz, lanpostuaren berezko eginkizunak betetzeko behar diren ezagutzei buruz. Galderak ebazpen honen I. eranskineko gai-zerrendako zati espezifikoan dauden gaiei buruzkoak izanen dira, eta bakoitzari erantzuteko lau aukera eskainiko dira, baina bakarra izanen da zuzena. Erantzun oker bakoitzak penalizazioa ekarriko du; hain zuzen ere, erantzun zuzenaren balioaren herena.

Epaimahaiak esanen du, hasi baino lehen, zenbat denbora izanen den proba hau egiteko.

Bigarren proba honetan gehienez 60 puntu lor daitezke.

Bazterturik geldituko dira proba honetan gutxienez ere 30 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.

Proba egiteko ez daiteke erabili inolako testurik edo dokumentaziorik, ezta hiztegirik, kalkulagailurik, gailu elektronikorik edo bestelako materialik ere, salbu mutur lodiko boligrafo urdina edo beltza.

Biak eginen dira egun berean.

Lehen eta bigarren ariketak gutun-azal itxiaren sistemaren bidez eginen dira.

Oposizioko proba bakoitzerako dei bakarra eginen da, eta izangaiek nortasun-agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena eraman beharko dute. Oposiziotik baztertuak izanen dira iragarritako egunean, orduan eta tokian agertzen ez diren izangaiak edo aipatu diren agirien bidez identifikatzen ez direnak.

6.3.4. Probak bukatutakoan, epaimahaiak parte-hartzaileek lortutako puntuazioak paratuko ditu Irunberriko Udalaren web orrian (https://lumbier.com/?lang=eu), eta bost egun balioduneko epea emanen du, interesdunek balorazio horri buruzko erreklamazioak aurkez ditzaten eta beren eskubidearen alde komeni zaiena alega dezaten.

7.–Probak gainditzen dituztenen zerrenda eta lanpostu hutsak hautatzea.

7.1. Hautaprobak amaituta, kalifikazio epaimahaiak argitara emanen ditu, Irunberriko Udalaren egoitza elektronikoan eta Irunberriko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko iragarki-taulan, gainditu dutenen zerrenda, txanda bakoitzean eta lortutako puntuazioaren arabera, adierazita hautagai bakoitzak zer kalifikazio lortu duen oposizioan, oposizioko ariketetan lortutako kalifikazioak batuz. Zerrenda hori mankomunitateko buruari igorriko dio, bai eta puntu gehien lortu dituztenen aldeko izendapen-proposamena ere.

7.2. Azkeneko emaitzan berdinketarik izanez gero, bigarren proban puntu gehien lortzen dutenek izanen dute lehentasuna.

Berdinketak segitzen badu, kalifikazio-epaimahaiak jendaurrean eginen duen zozketa bakar baten bidez ebatziko da. Alfabetoaren bi letra aterako dira ausaz, eta berdinketak ebatziko dira lehen deituraren ordena alfabetikoari jarraikiz, ateratzen diren bi letra horietatik abiatuta.

7.3. Izendapen-proposamena argitara emanen da Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Irunberriko Udalaren web orrian eta mankomunitatearen iragarki-taulan.

7.4. Proposatutako izangaiek, izendapen-proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta 30 egun naturaleko epean, honako dokumentu hauek aurkeztu beharko dituzte Irunberriko Udaleko Erregistro Orokorrean:

7.4.1. Baldin izangaiak Irunberriko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko langile finkoak ez badira:

a) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia, edo izangaiaren nazionalitatea eta identitatea frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena.

b) Zerbitzu medikuen txostena, karguaren eginkizunetan aritzea galarazten dion eritasunik edo akats fisiko edo psikikorik ez duela egiaztatzen duena.

c) Zinpeko deklarazioa edo deklarazio solemnea, adierazten duena ez dagoela desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko eta ez dela kendua izan administrazio publikoren baten zerbitzutik.

d) Zina edo hitzematea, adierazten duena Nafarroako Foru Araubidea errespetatuko dituela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela, eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.

7.4.2. Desgaitasunen bat alegatu duten izangaien kasuan, deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela dioen egiaztagiria, balorazio eta orientazio talde eskudunek egina, ofizioz. Egiaztagiri hori espedienteari erantsiko zaio.

7.5. Aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan izan ezik, ezin izanen da izendatu agiri horiek adierazitako epean aurkezten ez dituen izangaia. Halaber, ezin izanen da izendatu deialdiko 2. oinarriko baldintza guztiak betetzen dituela frogatzen ez duena ere. Halakoetan, baliorik gabe geldituko dira ordura arteko jarduketa guztiak, galarazi gabe eskabidearen faltsukeria dela-eta egozten ahal den erantzukizuna.

7.6. Aurreko apartatuan ezarritako kasuan, hutsik utzitako tokia, 7. oinarriko gaindituen zerrendan hurren ageri den izangaiak beteko du, baldin baldintzak betetzen baditu, eta aurreko apartatuetan adierazitako prozedura bera erabiliko da harekin ere.

7.7. Deialdi honen xede den lanposturako baldintzak eta betebeharrak frogatzeko agiriez gainera, Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak beste agiriren bat behar izanez gero bere eskudantziak erabiltzeko, proposaturiko izangaiari eskatuko dio, eta hark agiri hori aurkeztu beharko du, deialdi honen 7.4 apartatuan ezarritako moduan.

8.–Izendapena, lanpostu hutsen adjudikazioa eta jabetza hartzea.

8.1. Irunberriko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko buruak, ebazpen baten bitartez, lan-kontratudun finko izendatuko ditu aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duten izangaiak, zaintzaile gerontologikoen lanpostuetan aritzeko. Ebazpen horren bidez, plazen esleipena ere eginen da.

8.2. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, eta izendatutako pertsonek izendapenaren ebazpenean zehazten den egunean jabetu beharko dute lanpostuaz.

Emandako epean, eta ezinbesteko kasuetan salbu, jabetza hartzen ez dutenek eskubide guztiak galduko dituzte Irunberriko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko lan-kontratudun langile finkoa izateko. Hala bada, deialdiaren 7.6 apartatuan ezarritakoari jarraikiko zaio.

8.3. Lan-kontratudun bihurtzen den eta lanpostuan batere aritzen ez den izangaiari dagokionez, zuzenean eta berak eskatuta borondatezko eszedentzia ematen bazaio jabetza hartzearen egunetik beretik, indarreko araudian ezarritako kasuetan, hutsik gelditzen den lanpostua ere beteko da deialdiaren 7.6 apartatuan xedatzen den moduan.

8.4. Aurreko bi ataletan aipatutako kasuetan, ez da aldatuko izendapenaren aurretik egindako plaza hutsen hautua. Beraz, kontratatu berriei zuzenean esleituko zaizkie egoera horien ondoriozko plazak.

9.–Jarduketen publikotasuna.

Deusetan galarazi gabe Nafarroako Aldizkari Ofizialaren bidez modu ofizialean argitaratu beharreko izapideak, proben deialdiei eta kalifikazioei buruz epaimahaiak ematen dituen ebazpenen eta haren jarduketaren gaineko informazioa, bai eta interesdunendako jakingarri den informazio guztia ere, Udalaren webgunean (https://lumbier.com/?lang=eu) argitaratuko da, deialdiaren fitxan, baita mankomunitatearen iragarki-taulan ere.

10.–Aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendak.

11.1. Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluari eta oinarri honetan ezarritako prozedurari jarraikiz, ondotik zehazten diren zerrendak onetsiko dira, hautapen prozesuan parte hartu bai baina plazarik eskuratu ez duten izangaiak aldi baterako kontratatzeko:

1.–Probak gainditu arren plazarik lortu ez duten izangaien zerrenda.

2.–Hautapen prozesuko probaren bat gainditu duten izangaien zerrenda, honela ordenatuta: lehenik, lehenengo bi probak gainditu dituztenak, eta, azkenik, soilik lehenengo proba gainditu dutenak.

3.–Hautapen prozesuko lehenengo probaren %30 gutxienez lortu duten izangaien zerrenda.

Mankomunitateko buruaren ebazpen bidez onetsiko dira aldi baterako kontratazio zerrendak.

Kontratazio zerrendek bost urteko indarraldia izanen dute, salbu eta epe laburragoan agortzen badira edo beste deialdi bat egiten bada.

Kontrataziorako deitzen diren izangaiek frogatu beharko dute, kontratua sinatzeko unean, betetzen dituztela deialdian eskatzen diren baldintzak.

11.2. Eskatutako baldintzak bete beharko dira sarrera-prozedurarako eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, eta, orobat, hautaprobak egin bitartean eta kontratazio aldiak iraun bitartean.

11.3. Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendak argitara emanen dira Udalaren webgunean eta mankomunitatearen iragarki-taulan.

11.4. Aldi baterako kontratazioa egiteko zerrendetan, hautapen prozesuan lortutako puntuazioak finkatuko du hautagaien lehentasuna, oposizioa gainditu bai, baina lanposturik lortu ez dutenen kasuan, eta gainerako hautagaien kasuan, aldiz, gainditutako ariketetan lortutako puntuazioak.

Berdinketarik gertatzen bada, aplikatuko dira deialdi honetan horretarako ezarritako irizpideak, hura ebazteko.

11.5. Aurreko apartatuan ezarritako ordenari dagokionez, 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren zazpigarren xedapen gehigarriari jarraikiko zaio. Horren arabera, aldi baterako kontrataziorako izangai zerrendetan, hiru lanpostutatik bat, lehenbizikoa, erreserbatuko da zerrenda horretan dauden eta %33ko desgaitasuna edo handiagoa duten izangaientzat, betiere hautaprobak gainditzen badituzte eta frogatzen badute desgaitasun hori bateragarria dela bete beharreko lanarekin eta eginkizunekin, aintzat hartuz eskuratutako puntuazioa.

11.6. Era berean, 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren zazpigarren xedapen gehigarriari jarraikiko zaio; horren arabera, aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendetan hamar lanpostutik bigarrena gordeko da genero-indarkeriaren biktima diren emakumeek betetzeko, betiere dagozkien hautaprobak gainditu badituzte eta beren egoera frogatzen badute.

12.–Errekurtsoak.

Kalifikazio-epaimahaiak ematen dituen egintza eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal da deialdia egin duen udal organoari zuzenduta, hilabeteko epean, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Deialdiaren, haren oinarrien eta hura aplikatzeko egintzen aurka, hautara, honako errekurtso hauetako bat aurkezten ahal da:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zuzendu behar baitzaio Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

Bai aurkezten diren errekurtso guztiak bai haien ebazpena Udalaren webgunean argitaratuko dira, hautapen prozesu honen barneko interesdunei jakinarazpenak eta epatzeak egiteko ondorioetarako.

GAI-ZERRENDA

Lehenengo zatia (orokorra).

1. gaia.–Espainiako 1978ko Konstituzioa: Printzipio orokorrak. Oinarrizko eskubideak eta betebeharrak. Koroa. Gorte Nagusiak: osaera eta eginkizunak. Gobernua eta Estatuko Administrazioa. Botere judiziala. Konstituzio Auzitegia: osaera, izaera eta eskumenak.

2. gaia.–Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoa: izaera eta esanahia. Atariko titulua. Nafarroaren eskumenak.

3. gaia.–Nafarroako Parlamentua edo Gorteak: osaera, antolaketa eta eginkizunak. Nafarroako Kontuen Ganbera: eskumen-esparrua, eginkizunak eta organoak. Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoa: eginkizunak, prozedura eta ebazpenak.

4. gaia.–6/1990 Foru Legea, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa: xedapen orokorrak. Toki entitateen antolaketa eta administrazioa. Administrazioen arteko harremanak. Nafarroako toki entitateen funtzionamenduaren araubidea. Herritarrendako informazioa eta haien parte-hartzea.

5. gaia. –2/1995 Foru Legea, martxoaren 10ekoa, Nafarroako Toki Ogasunei buruzkoa. Atariko titulua. I. titulua. Nafarroako Toki Ogasunen baliabideak.

6. gaia.–Zuzenbidearen iturriak: iturrien hierarkia. Legea. Gobernuaren lege mailako xedapenak. Legegintzako ekimena eta lege-mailako arauak emateko ahala. Erregelamendua: kontzeptua, motak eta mugak. Gobernuaren erregelamendu-ahala.

7. gaia.–11/2019 Foru Legea, martxoaren 11koa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzkoa. I. titulua: "Xedapen orokorrak". II. titulua: I. kapitulua, "Foru Administrazio Publikoa". II. kapitulua, "Foru Administrazio Publikoaren antolaketa". III. kapitulua, "Eskumenen erabileraren araubide juridikoa". IV. kapitulua, "Kide anitzeko organoak". III. titulua: I. kapitulua, "Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren antolaketa". VI. titulua: I. kapitulua, "Pertsonen eskubideak".

8. gaia.–Administrazio-egintzak. Administrazio egintzen betekizunak. Egintzen efikazia. Deuseztasuna eta deuseztagarritasuna. Egintzak administrazio bidean berrikustea: ofiziozko berrikuspena eta administrazio errekurtsoak.

9. gaia.–Administrazio prozedurari buruzko xedapen orokorrak: Prozeduran interesdun direnak. Administrazio publikoen jarduera: jarduteko arau orokorrak; epemugak eta epeak. Prozeduraren bermeak. Prozeduraren hasiera, antolamendua, instrukzioa eta amaiera. Betearazpena.

10. gaia.–Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutua: Langile motak. Funtzionario publikoak hautatzea. Funtzionario izaera eskuratzea eta galtzea. Administrazio karrera. Administrazio egoerak. Lanpostuak betetzea. Eskubideak eta betebeharrak.

11. gaia.–5/2018 Foru Legea, maiatzaren 17koa, Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzkoa: Xedapen orokorrak. 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa. Xedapen orokorrak. Datu-babesaren printzipioak. Pertsonen eskubideak. 3/2007 Lege Organikoa, martxoaren 22koa, Gizonen eta Emakumeen Berdintasun Eragingarrirakoa: berdintasun-printzipioa eta diskriminazioaren aurkako babesa. 17/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoa.

12. gaia.–Irunberriko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen Estatutuak ("San Isidro" zahar etxea).

Bigarren zatia (espezifikoa).

1. gaia.–15/2006 Foru Legea, abenduaren 14koa, Gizarte Zerbitzuei buruzkoa: atariko titulua: Xedapen orokorrak; I. titulua: Eskubideak eta betebeharrak; II. titulua: Gizarte Zerbitzuen Sistema Publikoa: I. kapitulua. Xedapen orokorrak; II. kapitulua. Gizarte Zerbitzuen Sistema Publikoaren osagaiak; III. kapitulua. Gizarte zerbitzuen zorroak.

2. gaia.–39/2006 Legea, abenduaren 14koa, Autonomia pertsonala sustatzeari eta mendekotasun-egoeran dauden pertsonak zaintzeari buruzkoa: atariko titulua. Xedapen orokorrak.

3. gaia.–221/2011 Foru Dekretua, irailaren 28koa, Nafarroako Foru Komunitateko egoitzetako gizarte zerbitzuen esparruan lotura fisiko eta farmakologikoen erabilera arautzen duena.

4. gaia.–Pertsonarengan zentratutako arreta. Bioetika mendekotasunari arreta emateko zentroetan. Arazo etikoak adineko pertsonari laguntzean.

5. gaia.–Mendekotasuna duten pertsonentzako arretaren antolamendua. Mendekotasuna duten pertsonei arreta emateko zerbitzuen testuingurua eta talde profesionala. Eraikinak, guneak eta produktuak. Irisgarritasuna errazteko baliabideak. Esku-hartzearen plangintza: banakako arreta plana. Esku-hartzeak gauzatzea. Dokumentazioa. Protokoloak eta erregistroak. Bizimodu independentea sustatzea.

6. gaia.–Mendekotasuna duten pertsonen ezaugarriak eta beharrak. Giza beharrak. Autonomia pertsonala eta mendekotasuna. Mendekotasuna dakarten gaixotasunak dituzten pertsonak. Adinekoen ezaugarriak eta beharrak. Zahartze prozesua eta eguneroko bizimoduan duen eragina. Dibertsitate funtzionala, adimen-dibertsitate funtzionala, dibertsitate funtzional fisikoa, dibertsitate funtzional sentsoriala eta osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonen ezaugarriak eta beharrak.

7. gaia.–Mendekotasuna duten pertsonen higiene-arreta. Ingurunearen higienea. Garbiketa, desinfekzioa eta esterilizazioa. Higienea prozeduretan. Gelako higienea. Gorputzeko higienea. Gorputzeko higienerako oinarrizko esku-hartzeak eta esku-hartze bereziak. Ezabatzeekin lotutako esku-hartzeak. Mendekotasunarekin lotutako zaurien prebentzioa eta zainketak.

8. gaia.–Mendekotasuna duten pertsonen osasun-arreta. Mugikortasuna. Mugitu beharra. Mugitzeko, lekuz aldatzeko eta ibiltzen laguntzeko teknikak. Laguntza teknikoak. Osasun egoeraren kontrola. Bizi-konstanteak. Arnasa hartu beharrari arreta ematea. Arnasketari lotutako esku-hartzeak. Esku hartzeko metodo fisikoak. Sendagaiak ematea. Nutrizio eta hidratazio beharrari arreta ematea. Behar nutrizionalak. Elikagaiak ematea eta ahoratzen laguntzea. Prozedurak. Disfagia. Libratu beharrari arreta ematea. Inkontinentzia, idorreria eta beherakoa. Prozedurak.

9. gaia.–Balorazio geriatrikoa. Sindrome geriatrikoak. Gaixotasun akutuak edo kronikoak dituzten pertsonei arreta ematea. Arreta bizitzaren bukaeran.

10. gaia.–Arreta ematea osasun mentaleko arazoak eta zailtasun kognitiboak dituzten pertsonei. Dementziak. Nola kendu euskarriak. Osasuna sustatzea eta osasunerako hezkuntza. Osasuna eta osasunerako hezkuntza sustatzeko jarduerak.

11. gaia.–Lehen sorospenak. Biktimaren egoeraren ebaluazioa. Immobilizatzeko eta mobilizatzeko prozeduren aplikazioa. Oinarrizko bizi-euskarriko eta kanpo-desfibrilaziorako teknikak aplikatzea. Lehen sorospenak traumatismo fisikoek eragindako lesioetan. Lehen sorospenak larrialdiko patologia organikoan. Laguntza psikologikoa lehen sorospenetan.

12. gaia.–Arreta eta laguntza psikosoziala. Mendekotasuna duten pertsonen harreman sozialak. Motibazioa eta ikaskuntza. Jokabidea aldatzeko teknikak. Autonomia pertsonalerako trebetasunak eta ohiturak ikastea. Autonomia pertsonalerako trebetasunak entrenatzea. Ingurunea berregituratzeko estrategiak. Mendekotasuna duten pertsonen funtzio kognitiboak eta nahasmendu psikikoak. Funtzio kognitiboak mantentzeko teknikak eta errehabilitazio teknikak. Nahasmendu psikikoetan esku hartzea: teknika kognitiboak eta erlaxazio teknikak. Trebetasun sozialak entrenatzea. Mantentze eta entrenamendu psikologiko, errehabilitatzaile eta okupazionalerako teknikak eta ariketak. Aisialdiko eta denbora libreko esku-hartzea mendekotasuna duten pertsonekin. Aisialdiko eta denbora libreko baliabideak eta jarduerak. Zaintzaileentzako laguntza-baliabideak.

13. gaia.–Abilezia sozialak mendekotasunaren arretarako profesionaletan. Gatazkak kudeatzea eta erabakiak hartzea. Taldeak ezaugarritzea. Taldeetan esku hartzeko teknikak. Lantaldea. Norberaren gaitasun sozialaren balorazioa.

14. gaia.–Mendekotasuna duten pertsonekiko komunikazioa. Komunikazioa eta hizkuntza. Komunikaziorako laguntza. Lagundutako komunikazio sistemak. Laguntzarik gabeko komunikazio sistemak. Esku hartzeko eta jarraipena egiteko estrategiak.

Iragarkiaren kodea: L2517001