10. ALDIZKARIA - 2026ko urtarrilaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1482E/2025 EBAZPENA, abenduaren 11koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ez baita onartzen ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunta hasteko eskaera Hornazos, Canraso eta Barcelosa etorkizuneko haize-parkearen (Murchante) eta energia ateratzeko linea elektrikoaren proiektuan, Mistral Renovables 22 SL, Andrómeda Renovables 22 SL eta Olivo Generación Renovables SL enpresek sustatua; izan ere, kontrako ingurumen inpaktuaren adierazpena eman da funtsean aurkeztutako proiektuaren antzekoa den proiektu batean.

1. 2025eko ekainaren 25ean, Ingurumen Ebaluaziorako Atalak Azpiegitura Energetikoen Atalaren txosten eskaera jaso zuen, proiektu honi buruz: Hornazos (1341-CE), Canraso (1342-CE) eta Barcelosa (1343-CE) haize-parkeen eta energia ateratzeko azpiegituren proiektua, Mistral Renovables 22 SL (Hornazos haize-parkea), Andrómeda Renovables 22 SL (Canraso haize-parkea) eta Olivo Generación Renovables SL (Barcelosa haize-parkea) enpresek sustatua. Hori guztia bat etorriz Ingurumen Ebaluazioari buruzko 21/2013 Legearen 37. artikuluan eta 56/2019 Foru Dekretuaren 8. artikuluan xedatutakoarekin (foru dekretu horren bidez arautzen da haize-parkeetarako baimena Nafarroan).

2. 2025eko uztailaren 21ean, Ingurumen Ebaluaziorako Atalak txosten bat egin zuen eta, beste alderdi batzuen artean, nabarmendu zuen duela gutxi egin zela ingurumen ebaluazio arrunteko prozedura bat kokaleku horretan, eta haren emaitza kontrakoa izan zela. Halaber, gogorarazi zuen arrazoi horiek zirela-eta eskaerak ez onartzeko aukera zegoela, bat etorriz indarrean dagoen legeriarekin. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 35.3 artikuluari jarraikiz, sustatzaileak, ingurumen inpaktuaren azterketa egiten duenean, kontuan izan behar ditu Europar Batasuneko edo estatuko legeriaren arabera kasurako egokiak diren beste ebaluazio batzuen emaitzak, ebaluazioak ez daitezen bikoiztu.

3. 2025eko urriaren 16an, Azpiegitura Energetikoen Atalak Ingurumen Ebaluaziorako Atalari helarazi zion sustatzaileak aurkeztutako ingurumen inpaktuaren ebaluazioaren eskaera. Hori baino lehen, sustatzaileak ingurumen inpaktuaren azterketa eguneratu zuen inpaktua arintzeko eta abifaunari babes handiagoa emateko neurri berriekin.

Dokumentazioa aztertuta, honako hau egiaztatu da:

–Orain eskatutako haize-parkeak okupatzen duen poligonala Eólica La Torre SLUk sustatutako Murchante haize-parkearen poligonalaren barruan dago. Azken horri ebaluazioa egin zaio, eta kontrako ingurumen inpaktuaren adierazpena du. Aipatu ebaluazioa amaitu zen Ingurumeneko zuzendari nagusiak urtarrilaren 23an emandako 52E/2023 Ebazpena argitaratu zenean 2023ko 39. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, otsailaren 23koan.

–Abifaunari eta kiropteroei babes handiagoa emateko hobekuntza gisa planteatutako neurrien antzekoak –2025eko irailean aurkeztutako ingurumen inpaktuaren azterketa eguneratuaren arabera– jada jasota zeuden edo ezarriko zirela ezartzen zen egindako aurreko ebaluazioan.

–Gertakari horiek agerian jarri dituzte bai elkarte ekologista batzuek, jendaurreko aldian alegazioak aurkeztu dituztenek, bai Eólica La Torre SLUk, Murchante haize-parkearen sustatzaileak.

4. 21/2013 Legearen 39. artikuluan xedatutakoaren arabera, ingurumen ebaluazioa hasteko eskaera eta dagokion dokumentazioa jaso ondotik, jasotzen denetik 20 egun balioduneko epean, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuaren Ingurumen Ebaluaziorako Atalak proposatzen du eskaera ez onartutzat deklaratzea. Hona hemen arrazoia:

c) Funtsean aurkeztutako proiektuaren oso antzekoa den beste proiektu bati buruzko eskaera ez onartutzat jo bada edo haren ingurumen inpaktuaren adierazpena kontrakoa izan bada.

5. 2025eko azaroaren 6an, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 39. artikuluan ezarritakoa betez, ez onartzeko ebazpenaren zirriborroa helarazi zitzaien eta 10 egun balioduneko entzunaldia eman zitzaien organo substantiboari eta sustatzaileari. Gainera, ez onartzea ebazteko epea eten zen.

6. 2025eko azaroaren 20an, sustatzaileek dokumentazioa aurkeztu zuten entzunaldiaren barruan. Argudiatu zuten proiektuak ezin direla funtsean Murchante haize-parkearen antzekotzat jo. Hori horrela, eskatu zuten berriz aztertzeko eskaera ez onartzeko proposamena eta izapidetzeko onar dadila ingurumen ebaluazio arrunta. Funtsean, sustatzaileen ustez, aldeak daude honako hauetan: haize-parkeen afekzioetan, hiru haize-sorgailu proposatzen baitituzte aurreko proiektuko bosten aldean, eremu babestuen eta Natura 2000 Sarearen afekzioetan, eta ingurumen inpaktuaren azterketen emaitzetan eta proiektuetan proposatutako detekzio eta gelditze sistemetan.

7. Aztertu dira entzunaldian aurkezturiko alegazioak. Ingurumen organoak esandakoari eusten dio; hots, ez onartzea ingurumen inpaktuaren ebaluazioaren hasiera. Izan ere, haize-sorgailu gutxiago proiektatzen badira ere, orain planteatzen diren proiektuen hiru kokalekuak, bai eta horiek fauna hegalariarengan eta Natura 2000 Sarean izanen dituzten ingurumen afekzioak ere, funtsean aurretik izapidetutako haize-parkearen zenbait kokalekuren antzekoak dira. Kokaleku horietako bat edo batzuk ingurumenaren aldetik bideragarriak izanen baziren, formulatuko zen aldeko ingurumen inpaktuaren adierazpena beste sustatzaile batek sustatutako Murchante haize-parkerako 2023an egindako ingurumen inpaktuaren ebaluazioan. Ez du garrantzirik bi proiektuen detekzio eta gelditze sistemak desberdinak izateak; izan ere, sistema horiek ez dira bi proiektuetan espero daitezkeen ingurumen inpaktu kritikoak lehengoratzeko neurri bat. Murchante haize-parkean ez ziren onartu, eta kasu honetan ere ez. Kasu guztietan, lurralde konektibitatea dela-eta duen ingurumen balioagatik babestu beharreko lurzoru urbanizaezinean daude haize-sorgailuak (5. Lurralde Antolamenduko Plana - Ebroko Ardatza). Aurretik aipatutako guztiagatik, uste da Hornazos, Canraso eta Barcelosa haize-parkeetako hiru haize-sorgailuetarako planteatutako kokalekuak funtsean Murchante haize-parkearen ingurumen ebaluazioan aztertutako batzuen antzekoak direla (Ingurumeneko zuzendari nagusiak urtarrilaren 23an emandako 52E/2023 Ebazpenaren bidez, kontrako ingurumen inpaktuaren adierazpena eman zitzaion Murchante haize-parkeari). Horrenbestez, ez da onartzen ingurumen inpaktuaren ebaluazioaren eskaera, administrazio-ekonomiagatik, ebaluazioak bikoiztea saihesteko, eta betetzeko Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 39. artikulua.

Adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen abuztuaren 17ko 10/2023 Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren Foru Dekretua, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen abuztuaren 30eko 74/2023 Foru Dekretua,

EBAZTEN DUT:

1. Ez onartzea ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunta hasteko eskaera Hornazos, Canraso eta Barcelosa etorkizuneko haize-parkearen (Murchante) eta energia ateratzeko linea elektrikoaren proiektuan, Mistral Renovables 22 SL, Andrómeda Renovables 22 SL eta Olivo Generación Renovables SL enpresek sustatua; izan ere, kontrako ingurumen inpaktuaren adierazpena eman da funtsean aurkeztutako proiektuaren antzekoa den proiektu batean.

2. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Azpiegitura Energetikoen Atalari eta sustatzaileei.

Iruñean, 2025eko abenduaren 11n.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.

Iragarkiaren kodea: F2516494