Iragarkia
10. ALDIZKARIA - 2026ko urtarrilaren 15a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
632E/2025 EBAZPENA, abenduaren 17koa, Trantsizio Energetiko eta Digitaleko, Enpresa I+G+Bko eta Ekintzailetzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita honako dirulaguntza honen deialdia: "Laguntza toki-entitateentzat, trantsizio energetikorako" (esp.: 0011-3362-2026-000000). DDBN kodea: 876712.
Nafarroako Energia Planak (2030) helburu du, besteak beste, energiaren kontsumo efizientea sustatzea, energia berriztagarriek energiaren azken kontsumoan egiten duten ekarpena handitzea, erregai fosilen erabilera murriztea eta energia berriztagarriak garraioan hein handiagoan erabiltzea.
Horregatik, Nafarroako toki-entitateentzako laguntzen deialdi honek lagundu nahi du aipatu diren helburu horiek lortzen, hiru neurri mota hauen bidez, hain zuzen: kanpoko argiteria publikoaren instalazioak eta eraikin publikoen barneko argiteria-instalazioak berritzea, energia berriztagarrien instalazioetan inbertsioak egitea eta hiri barneko mugikortasun jasangarrirako planak idaztea.
Era berean, dirulaguntza hori sartuta dago Nafarroako Dirulaguntzen 2026ko Plan Estrategikoan.
Adierazitakoarekin bat, eta erabiliz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak.
EBAZTEN DUT:
1. Onestea honako dirulaguntza honen deialdia: "Laguntza toki-entitateentzat, trantsizio energetikorako - 2026".
2. Onestea dirulaguntza arautuko duten oinarriak. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.
3. Deialdi honetako konpromisoak betetzeko, honako gastu hauek baimentzea:
AURREKONTUKO PARTIDA | EKITALDIA | ZENBATEKOA |
Partida: 820001 82500 7609 425200 "Toki-entitateentzako laguntzak. Energia plana" edo baliokidea, baldin eta kreditu egokia eta nahikoa badago | 2026 | 2.500.000 |
Halaber, gehienez ere 1.000.000 euroko kopuru gehigarria finkatzen da, zeinak ez baitu beste deialdi bat beharko dirulaguntzetan erabiltzeko. Gehigarri hori Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31.3 artikuluak ezartzen duenaren arabera arautuko da. Kopuru gehigarri hori eraginkortasunez erabili ahal izateko, kreditu gehigarria baimendu beharko da, artikulu horretan xedatutako inguruabarren bat gertatzearen ondorioz.
4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen eta, honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologikoko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, hartan espediente zenbakia adierazita (goiburuan ageri da, "Erreferentzia. Esp." hitzen ondoren).
Iruñean, 2025eko abenduaren 17an.–Trantsizio Energetiko eta Digitaleko, Enpresa I+G+Bko eta Ekintzailetzako zuzendari nagusia, Garbiñe Basterra Olóriz.
I. ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK
1. oinarria.–Xedea.
Honako helburu hauek ditu Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2018ko maiatzaren 30eko 2018/844 (EB) Zuzentarauak (haren bidez aldatu ziren 2010/31/EB Zuzentaraua, eraikinen energia-efizientziari buruzkoa, eta 2012/27/EB Zuzentaraua, energia-efizientziari buruzkoa):
–Berotegi-efektuko gasen isurketa %40 murriztea 1990eko isurketa-mailen aldean.
–Kontsumitutako energia berriztagarriaren proportzioa handitzea.
–Batasunak dituen helburuen araberako energia aurrezpena lortzea.
Deialdi honetako laguntzek xede dute zuzentarau horretan aurreikusten diren helburuak lortzen laguntzea, bat egiten baitute 2030 Horizontea-Nafarroako Energia Planarekin. Horretarako, efizientzia energetikoa sustatuko da kanpoko argiteria publikoan eta eraikin publikoen barneko argiterian, inbertsioak eginen dira energia berriztagarriko instalazioetan, eta hiri barneko mugikortasun jasangarrirako planak idatziko dira Foru Komunitateko toki-entitateetan.
Horretarako, honako neurri hauek zehaztu dira, dirulaguntzak jaso ditzaten (haien ezaugarriak deialdiaren II. eranskinean ageri dira):
NEURRIA | IZENA |
1.A | Egungo argiteria-instalazioak berritzea 500 biztanle baino gutxiagoko toki-entitateetan. |
1.B | Egungo argiteria-instalazioak berritzea. |
2 | Inbertsioak egitea energia berriztagarrien instalazioetan. |
3 | Hiri barneko mugikortasun jasangarrirako planak idaztea. |
2. oinarria.–Onuradunak.
Nafarroako toki-entitateak izanen dira laguntza hauen onuradunak, baldin egiten badituzte goian deskribatutako neurriekin lotutako inbertsioak, bai eta uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 192.2 artikuluan jasotako tokiko zerbitzu publikoak kudeatzen dituzten entitateak ere (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).
3. oinarria.–Gastu diruz lagungarriak, lanak gauzatzeko epea eta dirulaguntzaren zenbatekoa.
1. Diruz lagungarriak izanen dira II. eranskinean zehaztutako neurrietako bakoitzean aipatzen diren jarduketak, baldin Nafarroan eginak badira.
Gastu hauek ez dira diruz lagungarriak izanen:
a) Inbertsioaren edo jarduketaren ondoriozko gastu finantzarioak.
b) BEZa, baldin onuradunak berreskuratzen edo konpentsatzen ahal badu. Halakoetan, eskaeran adierazi beharko da.
2. Inbertsioak egiteko epea 2025eko urriaren 16tik 2026ko urriaren 15era bitartekoa izanen da.
3. II. eranskinean neurri bakoitzerako zehaztutakoa izanen da dirulaguntzaren zenbatekoa.
Dirulaguntza kasu honetan handitu liteke:
Toki-entitateek emakumeen eta gizonen berdintasunaren alde duten konpromisoa baloratuko da (bai banaka, bai elkarte, mankomunitate eta tokiko ekintza taldekide diren heinean). Hala, entitateei %5eko laguntza gehigarria emanen zaie, frogatzen badute hartu dutela genero berdintasuna sustatzeko IV. eranskinean aipatzen diren neurrietakoren bat.
Aurreko urteetako deialdietan laguntza gehigarri hori jaso zuten entitateei ez zaie berriz emanen.
4. oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea eta modua.
1. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da. Deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta bukatuko da, epea mugara iristen den hilaren barnean, argitaratze-egunaren zenbaki bera duen egunean.
2. Eskaerak telematikoki aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxa baliatuta (hemendik aurrera, deialdiaren fitxa).
Eskaerak ez dira aurkeztutzat hartuko ez baldin badira egokitzen laguntzen fitxan dagoen formulario telematikora (eskaera-orri hori agertzen da eskaeraren izapidea laguntzen fitxaren bidez hastean), ez eta telematika bidez eta aipatutako fitxaren bitartez aurkezten ez badira ere; hori dena, jarraikiz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.8 eta 66.6 artikuluei. Horrenbestez, ez-aurkeztutzat jotzen direnez, eskaera horiek ezin izanen dira zuzendu.
3. Toki-entitateek eskaera bat aurkeztu beharko dute jarduketa bakoitzeko.
Laguntzak eskatzeko aurkeztu beharreko dokumentazioa agiri bereizietan aurkeztuko da, izenarekin identifikatuta, eta izanen da II. eranskinean neurri bakoitzerako zehaztutakoa.
4. Eskaerak ez baditu betetzen Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 66. artikuluko betebeharrak, organo eskudunak entitate eskatzaileari eskatuko dio okerra zuzen dezala hamar egun balioduneko epean, eta adieraziko dio zuzendu ezean eskaerari uko egiten diola ulertuko dela.
II. eranskinean eskatzen den dokumentazioa aurkezten ez bada, ezin izanen da inola ere zuzendu.
5. oinarria.–Laguntzak emateko prozedura.
1. Laguntza hauek norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira. Hartara, organo kudeatzaileak (Trantsizio Energetikoaren Zerbitzuko Plan Energetikoaren Atala) aurkezten diren eskaerak konparatuko ditu, neurri bakoitzerako II. eranskinean ezarritako balorazio irizpideei jarraituz, eskaeren arteko lehentasun hurrenkera bat ezartze aldera. Dena dela, neurri bakoitzerako baimendutako gastuak bide ematen badu eskaera guztiei erantzuteko, ez da beharrezkoa izanen lehentasun-hurrenkera hori ezartzea.
Laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko, balorazio altuena lortzen duten eskaerei aplikatuko zaie II. eranskinean neurri bakoitzerako ezarritako laguntzaren intentsitatea, harik eta neurri bakoitzerako erabilgarri dagoen aurrekontu-kreditua agortu arte:
NEURRIA | AURREKONTU-KREDITUA (eurotan) |
1.A. Egungo argiteria-instalazioak berritzea 500 biztanle baino gutxiagoko toki-entitateetan | 300.000 |
1.B. Egungo argiteria-instalazioak berritzea | 800.000 |
2. Inbertsioak egitea energia berriztagarrien instalazioetan | 1.250.000 |
3. Hiri barneko mugikortasun jasangarrirako planak idaztea | 150.000 |
Baldin eta gauzatzen bada 1.000.000 eurora bitarteko kopuru gehigarria (oinarri arautzaile hauek onesteko ebazpenaren xedapen-zatiko 3. puntuan aipatua), kopuru gehigarri hori proportzioan banatuko da, hasierako aurrekontu-kredituarekin neurri eta azpineurrien artean egin den banaketaren arabera.
Neurri baterako aurkezten diren eskaera guztiei erantzun ondoren kreditu erabilgarririk geldituz gero, beste neurri batzuetako eskaerei erantzuteko erabiliko da. Halakoetan, lehentasun-hurrenkera honi jarraikiko zaio: 1.A neurria, 1.B neurria, 2. neurria eta 3. neurria, hurrenez hurren, neurri bakoitzean ezarritako lehentasun-hurrenkeraren arabera.
Oraindik saldo erabilgarririk gelditzen bada, lehenik erantzunen zaie laguntzaren gehieneko zenbatekoagatik mugaturik suertatu diren eskaerei, harik eta oinarrietan zehaztutako ehunekoa osatzen den arte, saldo erabilgarria dagoen heinean. Ondotik, lehentasun-hurrenkera honi jarraikiko zaio: 1.A neurria, 1.B neurria, 2. neurria eta 3. neurria, hurrenez hurren, neurri bakoitzean ezarritako lehentasun-hurrenkeraren arabera.
2. Plan Energetikoaren Atalak eskaerak baloratuko ditu II. eranskinean neurri bakoitzerako ezarritako irizpideen arabera, eta ebazpen proposamena igorriko dio organo eskudunari, bertan adierazita onuradunek betetzen dituztela dirulaguntza lortzeko baldintza guztiak.
Trantsizio Energetiko eta Digitaleko, Enpresa I+G+Bko eta Ekintzailetzako zuzendari nagusia izanen da dirulaguntza emateari buruz ebazteko organo eskuduna. Ebazpena gehienez ere bi hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.
Ezarritako gehieneko epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaerak administrazio isiltasunez ezetsitzat jotzen ahalko dira. Hala ere, organo eskuduna behartua dago laguntzak onartu edo ukatzeko berariazko ebazpena eman eta jakinaraztera, oinarri hauetan xedatutakoari jarraikiz.
3. Baldin eta dirulaguntza eman ondotik eta justifikatzeko epea bukatu baino lehen neurriren batean kreditua askatzen bada, honako hauei laguntza osagarria ematen ahalko zaie:
a) Aurrekontuan behar adina kreditu ez egoteagatik dirulaguntza guztia (%100) jasotzera iristen ez diren neurri bereko jarduketetarako eskaerak. Eta horien atzetik, egoera berean dauden beste neurrietako jarduketetarako eskaerak. Kasu horretan, lehentasun-hurrenkera honi jarraikiko zaio: 1.A neurria, 1.B neurria, 2. neurria eta 3. neurria.
b) Hori egin ondoren oraindik ere kreditu erabilgarririk baldin badago, kreditu faltagatik ezetsi diren eskaerei helduko zaie, kreditua askatu zaion neurritik hasita, eta, gero, egoera berean dauden beste neurrietako eskaerei helduko zaie, a) letran ezarritako hurrenkerari jarraikiz.
c) Oraindik saldo erabilgarririk badago, laguntzaren gehieneko zenbatekoagatik mugaturik suertatu diren eskaerei erantzunen zaie, oinarrietan adierazitako laguntzaren ehunekoa osatu arte, a) letran ezarritako hurrenkerari jarraikiz.
4. Baldin eta justifikatzeko epea bukatu ondotik neurriren batean kreditua askatzen bada, eta aurrekontu krediturik ez zegoelako neurri horretan ezetsi den eskaerarik ez badago, laguntza osagarria ematen ahalko zaie laguntza mugatu zaien onuradunei, aurreko ataleko a eta c irizpideen arabera.
6. oinarria.–Justifikazioa eta dirulaguntzen ordainketa.
1. Onuradunek justifikatu egin beharko dituzte egindako inbertsioak, horretarako muga-eguna izanik 2026ko urriaren 15a. Horretarako, dokumentazio hau aurkeztu beharko dute 8.1 oinarrian adierazitako moduan:
a) Egindako jarduketen fakturak, onuradunaren izenean. Fakturak errazago berrikusteko, haien zerrenda bat aurkeztu beharko da, laguntzen fitxan eskura dagoen ereduaren araberakoa.
b) Fakturen ordainagiriak.
c) II. eranskinean neurri bakoitzerako zehazten den dokumentazioa.
d) Onuradunak dirulaguntza jaso nahi duen banku-kontuaren eguneraketa. Izapide hori "Kontuen eta ordainketen kontsulta" izapidearen bitartez egiten ahalko du, edo laguntzen fitxan eskuragarri dagoen Transferentzia bidez ordaintzeko eskaeraren inprimakia aurkeztuta.
e) Dirulaguntza emateko ebazpenean zehazten den beste edozein agiri.
2. Justifikazioa egiten bada ezarritako epea bukatu ondoren, baina, betiere, hurrengo 10 egun balioduneko epearen barnean, kobratu beharreko dirulaguntza %5 murriztuko da. Denbora gehiago igaro bada, deklaratuko da galdu dela laguntza kobratzeko eskubidea.
3. Onuradunen batek laguntzari uko egiteagatik edo kreditu gehiago izateagatik ematen diren laguntza berriei dagokienez, onuradunek egindako inbertsioak justifikatzeko muga-eguna 2026ko urriaren 31 izanen da. Horretarako, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute aurreko atalean adierazi den bezala (6. oinarria, 1. puntua).
4. Laguntzak kudeatzen dituen organoak aztertuko ditu onuradunek aurkeztutako frogagiriak, eta dirulaguntza 60.000 eurotik gorakoa bada, egindako inbertsioaren egiaztapen materiala eginen du aurretik. Ondoren, laguntza ordaintzeko ebazpenaren proposamen arrazoitua igorriko dio organo eskudunari, zeinean jasoko baita onuradunek betetzen dituztela dirulaguntza kobratzeko eskubidea dakarten baldintzak.
5. Trantsizio Energetikoaren Zerbitzuko zuzendariak dirulaguntza ordaintzeko ebazpena emanen du, frogagiriak aurkezten direnetik bi hilabeteko epean.
7. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.
1. Dirulaguntza jasotzen duten entitateek honako betebehar hauek izanen dituzte:
a) 3. eta 6. oinarrietan ezarritako moduan eta epeetan egitea eta justifikatzea dirulaguntzaren xedeko jarduerak.
b) Inbertsioaren jabetza mantentzea 5 urtez gutxienez, laguntza ordaintzeko ebazpenaren egunetik hasita.
c) Laguntzak kudeatzen dituen organoari jakinaraztea beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuk lortu direla diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko, 9. oinarrian aurreikusitako ondorioetarako. Jakin bezain laster egin behar da komunikazio hori.
Energia aurrezpena eskualdatuz lortutako diru-sarreren kasuan (energia aurrezpeneko ziurtagiriak, EAZ), halakoak jakinarazi egin beharko dira, zehazte aldera horiek laguntzari baturik (dela onartutako laguntza, dela ordaindutakoa), ez dela gainditzen dirulaguntzaren zenbatekoaren %100, bederatzigarren oinarrian ezarri bezala.
d) II. eranskinean neurri bakoitzerako ezarritako betebehar berariazkoak.
e) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.
2. Ez bada betetzen oinarri arautzaile hauetan, dirulaguntzak emateko ebazpenetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarririko betebeharren bat, onartutako dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko da edo diru hori itzuli egin beharko da, aipatu foru legearen 35. artikuluan xedaturikoarekin bat.
Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa doitzen ahalko da proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da. Zehazki, laguntza %5 murriztuko da, baldin eta diruz lagundutako jarduketaren justifikazioa egiten bada 6.1 oinarrian ezarritako epearen ondoko hamar egun baliodunen barnean.
3. Trantsizio Energetikoaren Zerbitzuak zilegi izanen du beharrezkotzat jotzen dituen ikuskapen jarduketak egitea, egiaztatzeko benetan gauzatu direla dirulaguntzak jaso dituzten kontzeptuak, bai eta funtsak zertarako eman diren, horretarako erabili direla egiaztatzeko ere.
8. oinarria.–Baliabide elektronikoen bidezko harremanak.
1. Eskaerak eta aurkeztu beharreko agiri guztiak telematika bidez aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atarian (www.nafarroa.eus) dagoen laguntzen fitxa erabiliz (Administrazio Publikoaren eremurako zerbitzuak).
2. Telematika bidez eginen dira administrazio egintzen jakinarazpena eta laguntza hauek emateko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak, eskatzaileen gaitutako helbide elektroniko bakarraren bidez (GHEB).
9. oinarria.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna eta metaketa arauak.
Deialdi honetako dirulaguntzak bateraezinak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak ematen dituen beste dirulaguntza batzuekin, baldin gastu diruz lagungarri beretarako eman badira. Zehazki, bateraezinak dira indarra duen Toki Inbertsioen Planaren ekarpenekin.
Onuradunak jarduketa bera egiteko bateragarriak diren dirulaguntzak hartzen direnean, dirulaguntzen zenbatekoa ez da inola ere izanen onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa (berez edo gehituta beste dirulaguntza, laguntza eta diru-sarrera batzuk eta dirulaguntzaren xede den jardueraren baliabide propioak), hala ezarririk baitago Dirulaguntzei buruzko Foru legearen 16.3 artikuluan.
Ondorio horietarako, kontuan hartuko dira energia aurrezpena eskualdatuz lortutako diru-sarrerak (EAZ); izan ere, diru-sarrera horien eta dirulaguntzaren baturak ere ezin du gainditu jarduketaren kostua. Energiaren aurrezpenaren ziurtagiria (EAZ) agiri elektroniko bat da, azken energia-kontsumoan aurrezpena lortu dela aitortzen duena, urtarrilaren 24ko 36/2023 Errege Dekretuaren 2.b) artikuluaren arabera.
Orobat, energiaren aurrezpenaren ziurtagiria erregistratu daitekeenez energia aurrezpen ziurtatua lortu zuen jarduketa egin ondoko hiru urteetan, onuradunak organo emaileari jakinarazi beharko dizkio laguntza kobratu ostean izandako diru-sarrerak, hark egiazta dezan ez dela inola ere gainditu diruz lagundutako kostuaren %100.
10. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.
Trantsizio Energetikoaren Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu-kredituri egotzi zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua.
Deialdi honen emaitzak Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko tramiteen katalogoaren laguntzen fitxan ere argitaratuko dira (www.nafarroa.eus).
11. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.
Interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute oinarri arautzaile hauen aurka, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik.
II. ERANSKINA
1. neurria.–Argiteria-instalazioak berritzea
1.A neurria: 500 biztanle baino gutxiagoko toki-entitateetan egin beharreko jarduketak.
1.B neurria: 500 biztanle baino gehiagoko nahiz gutxiagoko toki-entitateetan egin beharreko jarduketak.
2026ko urtarrilaren 1eko erroldako datuak hartuko dira erreferentziatzat. Eskaera egitean, adierazi beharko dute bi azpineurrietatik zein eskatzen duten (A edo B), ezin baita laguntza bietan eskatu. Kanpoko argiteria publikoa berritzeko jarduketetarako, horretarako eskumena eduki beharko du eskatzaileak.
1.–Jarduketa diruz lagungarriak.
Neurri honen barnean sartzen dira ondotik azaltzen diren jarduketak, efizientzia energetiko handiagoa lortzearren.
Berritzea egungo instalazioak kanpoko argiteria publikoan, apaindurazko argiztapenean, kirol-instalazioetako argiztapenean, semaforo-sareetan eta eraikin publikoen barneko argiterian. Horrek honako hauek hartuko ditu barnean: ekipoak, linea eta instalazio elektrikoak eraberritzea, obra zibila eta energia-auditoretza, obra-proiektua eta obra-zuzendaritza. Ez da diruz lagunduko obra-proiektuari eta -zuzendaritzari dagokien gastua, baldin eta gainditzen badu eskaeran onartu den eta diruz lagungarria den guztizko kostuaren %15.
Proiektuari lotutako "guztizko inbertsio bat" izanen da, barnean hartzen dituena instalazioak osorik egokitzeko behar diren inbertsio guztiak eta dirulaguntza jaso dezakeen inbertsioa –hau da, egin beharreko inbertsio guztitik laguntza jaso dezakeena–; hura erabiliko da puntuazioa kalkulatzeko eta hari aplikatuko zaio jaso beharreko laguntzaren ehunekoa.
Dirulaguntza hauen xede diren instalazioek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:
Lehena. Kanpoko argiteria berritzen denean, auditoretza bat izan beharko da aurretik, bat etorriko dena Energia Dibertsifikatzeko eta Aurrezteko Institutuak (IDAE) ezarririko protokoloarekin.
2. Kanpoko argiteriaren kasuan soilik, luminaria berriek ezaugarri hauek bete behar dituzte:
a) Instalatutako goiko fluxu hemisferikoa <%1 izatea luminaria funtzionaletan, eta girotzeko luminarietan edo luminaria klasikoetan, berriz, instalatutako goiko fluxu hemisferikoa <%3 izatea.
b) Kolore-tenperatura ≤ 3000 K.
c) Led motako lanparak izanen dira.
d) Luminariek erregulazio sistema autonomo bat izan beharko dute, bide emanen duena argiztapen mailak moldatzeko, gaueko orduen arabera eta bide-motaren arabera, bizilagunen beharretara egokitu daitezen. Orobat, programazio horiek izan beharko dute aginte-koadrotik erraz aldatzekoak.
e) Luminariek bete beharko dute "Requerimientos técnicos exigibles para luminarias con tecnología LED de alumbrado exterior" izeneko argitalpenean ezarritakoa, argitaratu den azken bertsioaren arabera (IDAEk eta CEIk –Espainiako Argiztapenaren Komiteak– prestatu dute eta IDAEren webgunean dago argitaraturik). Izan beharko dituzte behar diren ziurtagiriak, Egiaztatze Erakunde Nazionalaren (EEN) edo Europako baliokide baten akreditazioa duen adostasuna ebaluatzeko erakunde batek (AEE) emanak, honako arlo hauetako betebeharrei dagokienez: segurtasuna, bateragarritasun elektromagnetikoa, luminarien osagaiak eta luminarien materialak. Ziurtagiri horiek aditzera ematen dira "Informes de Pruebas y Certificados emitidos por OEC sobre la luminaria" puntuan, aipatu den IDAEk eta CEIk prestaturiko "Requerimientos técnicos exigibles para luminarias con tecnología LED de alumbrado exterior" izeneko argitalpenaren barnean, eta dokumentu horren beraren eranskin batean ere zerrendaturik daude. Noiznahi eskatzen ahalko dira ziurtagiri horiek, behin luminarien hornikuntza kontratatu denean.
3. Erregelamendu hauek bete behar dira:
a) Kanpo-argiztapeneko Instalazioen Energia-efizientziari buruzko Erregelamendua, azaroaren 14ko 1890/2008 Errege Dekretuaren bidez onetsia.
b) Behe tentsiorako Erregelamendu Elektroteknikoa, abuztuaren 2ko 842/2002 Errege Dekretuaren bidez onetsia.
2.–Laguntzen zenbatekoa.
Laguntzaren zenbatekoa izanen da organo kudeatzaileak diruz lagungarritzat jotako gastuaren %60.
Laguntzaren gehieneko zenbatekoa onuradun bakoitzeko:
–1.A neurria: 20.000 euro.
–1.B neurria: 30.000 euro.
3.–Laguntza eskatzeko dokumentazioa.
Laguntza hau eskatzeko, honako dokumentazio hau aurkeztu behar da, 4. oinarrian esandako epean eta moduan:
a) Auditoretza, 1. ataleko 1. puntuan eskatutakoa betetzen duena (kanpoko argiteria berritzeko jarduketetarako bakarrik).
b) Eskaeraren laburpen-dokumentua, deialdiaren fitxan dagoen txantiloia erabiliz.
c) Jarduketaren aurreproiektua, non gutxienez alderdi hauek zehaztuko baitira nahitaez:
–Auditoretzan deskribatutako proposamenetatik hautatu den aukera.
–Aldatu beharreko luminarien kopurua, mota eta potentzia.
–Luminaria berrien kopurua, mota eta potentzia.
–Kanpoko argiteria publikoko eta apaindurazko argiztapeneko instalazioen kasuan, kolore-tenperatura K gradutan. Proiektuak kolore-tenperatura desberdinak jasotzen baditu, adieraziko da ezarritako modeloen batezbestekoaren kalkulua, horietako bakoitzaren potentziaren arabera.
–Energia aurrezpenaren justifikazioa, III. eranskinean deskribatutako metodologiari jarraikiz.
–Jarduketen aurrekontu xehatua, unitateko prezioa kontzeptuka banakatuta.
d) Argindarraren horniduraren (edo horniduren) azken faktura, alegia, jarduketaren xedeko argi-instalazioarena. Faktura hau eskatzen da, kontratatutako potentzia berriarekin, energiaren horniduran aurreztutakoa egiaztatzeko.
e) Entitate eskatzaileak iturri berriztagarrietatik sortutako elektrizitatearen hornidura kontratu bat badu gutxienez (jatorria %100 berriztagarria izatearen bermea edo efizientzia handiko kogenerazioaren bermea duena), justifikatu beharko du aurkeztuz kontratu hori edo kontratuari lotutako faktura bat.
f) Toki-entitateak emakumeen eta gizonen arteko berdintasunarekin hartutako konpromisoa frogatzen duen dokumentazioa (deialdiaren 3. oinarrian adierazitako laguntza gehigarria justifikatzeko), horren inguruan eskatzen diren baldintzak betez gero.
4.–Eskaerak baloratzeko irizpideak.
Hona hemen eskaerak baloratzeko irizpideak, laguntza hauek emateko:
a) Ratio energetiko-ekonomikoaren balorazioa: 80 puntura bitarte.
Ratio energetiko-ekonomikoa da honako bi hauen arteko zatidura: proposatutako berritzearekin kWh/urte parametroan lortzen den aurrezte teorikoa zati efizientzia energetikoa lortzearren eurotan egindako inbertsio diruz lagungarria (BEZa barne).
80 puntu emanen dira, baldin eta ratio energetiko-ekonomikoa 1,25etik gorakoa bada, eta 0 puntu, baldin eta ratioa zero bada. Gainerako kasuetan, puntuazioa aterako da kontuan hartuz bi balio horien arteko erregresio lineala.
b) Kolore-tenperatura beroak hautatzea: 10 puntura bitarte.
–2.700 K baino gehiago: 0 puntu.
–2.200 baino gehiago eta 2.700era arte, hura barne: 5 puntu.
–2.200 K edo gutxiago: 10 puntu.
Proiektuak kolore-tenperatura desberdinak jasotzen baditu, balorazio horretarako kontuan hartuko da ezarritako modeloen zenbakien batezbestekoa.
c) Ingurumen-jasangarritasuna: jatorria %100 berriztagarria izatearen bermea edo efizientzia handiko kogenerazioaren bermea duen elektrizitatearen hornidura kontratu bat izatea, laguntza eskatzen den egunean: 10 puntu.
Puntuazioetan berdinketarik izanez gero, irizpideetako bakoitzean lortutako puntuazioa kontuan hartuz erabakiko da, irizpideak azaldu diren hurrenkera berari jarraikiz, hain zuzen. Berdinketak bere horretan segitzen badu, laguntzaren eskaera zer egun eta ordutan egin zen izanen da irizpidea.
5.–Inbertsioak justifikatzeko dokumentazio berariazkoa.
Onuradunek, deialdiaren 6. oinarrian deskribatutakoaz gainera, aurkeztu beharko dute honako berariazko dokumentazio hau, egindako inbertsioak justifikatzeko:
a) Memoria edo proiektua –kasua zein den–, egindako jarduketa deskribatzen duena, instalazioaren eta haren elementuen argazkiak eta dagozkien fitxa teknikoak erantsita.
b) Berritutako instalazioaren behe-tentsioko erregistro-zenbakia. Erregistroa aldatzea nahitaezkoa bada, horren frogagiria. Bestela, enpresa instalatzailearen edo teknikari eskudunaren erantzukizunpeko adierazpena, frogatzen duena ez dagoela erregistroa aldatu beharrik.
2. neurria.–Energia berriztagarrien instalazioetako inbertsioak
1.–Jarduketa diruz lagungarriak.
Diruz lagunduko dira berokuntzarako eta elektrizitatea sortzeko iturri berriztagarrietatik datorren energia erabiltzen duten instalazioetan egindako jarduketak.
Energia elektrikoa sortzeko instalazioek dirulaguntza jaso dezakete baldin eta indarreko araudiaren arabera autokontsumora bideratzen badira, eta metaketarako sistemak izaten ahalko dituzte; halaber, saretik isolatutako autokontsumoko instalazioek ere jaso dezakete.
Bero-ponpak erabiltzen dituzten instalazioetarako jarduketetan, Europako Batzordearen 2013ko martxoaren 1eko Erabakiaren arabera energia berriztagarritzat jotzen direnak baizik ez dira diruz lagungarritzat joko. Erabaki horren bidez, jarraibideak ezartzen dira Batasuneko estatuek hainbat teknologiatako bero-ponpetatik datorren energia berriztagarria kalkulatzeko.
Iturri berriztagarrietatik datorren energiatzat joko da iturri ez-fosiletatik datorren energia; hau da, haize-energia, eguzki energia (termikoa eta fotovoltaikoa), energia geotermikoa, energia hidraulikoa, biomasatik eta biogasetik datorrena, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2018ko abenduaren 11ko 2018/2001 Zuzentarauan definitzen diren moduan.
Biogasari dagokionez, diruz lagunduko dira biogasa sortzeko nahiz sortutako biogasa erabiltzeko egiten diren inbertsioak.
–Gastu hauek izanen dira diruz lagungarriak:
a) Diseinatzeko, proiektua idazteko eta obra zuzentzeko gastuak. Ez da diruz lagunduko halakoei dagokien gastua, baldin eta gainditzen badu eskaeran onartu den eta diruz lagungarria den guztizko kostuaren %15.
b) Obren eta instalazioen exekuzio kostuak, hari lotutako obra zibila eta instalazio lagungarriak ere barne.
c) Ondasun, ekipo eta material berrietan egindako inbertsioa.
d) Autokontsumo elektrikoko instalazioetarako jarduketen kasuan, diruz lagungarriak izanen dira sortze instalazioa banaketa sarearekin konektatzeko beharrezkoak diren lanekin lotutako gastuak.
e) Klimatizazio sareetan eginiko inbertsioetan, energia berriztagarria erabiltzen duten eraikinetako kanpoko sareak baizik ez dira izanen diruz lagungarriak.
–Ez dira izanen diruz lagungarriak:
a) Eraikingintzaren Kode Teknikoa aplikatuz nahitaezkoak diren instalazioak (elektrikoak eta termikoak); salbuetsirik dago, ordea, araudi horretan eskatzen denaren gainetik instalaturiko potentziaren zati proportzionala.
Zehazki, Eraikingintzaren Kode Teknikoari jarraikiz proiektu batean nahitaezkoa bada energia berriztagarrien instalazio bat egitea etxeko ur beroa sortzeko, soilik izanen da diruz lagungarria berokuntzaren eta/edo hoztearen lagungarri gisa ere diseinatutako instalazioetan egiten den inbertsioa. Kasu horretan, instalazioaren kostuaren ehuneko 70 baizik ez da diruz lagungarria izanen, ulertzen baita gainerako ehuneko 30a dela aipatu araua betetzeko behar den inbertsioa.
b) Zerbitzuan dagoen sarearen banaketa sareko instalazioak indartzeko, egokitzeko edo eraberritzeko lanak, instalazio berriak sartzeko beharrezkoak direnak. Era berean, ez dira izanen diruz lagungarriak banatzaileari laga beharreko sare-luzapen berrirako egin behar diren lanak, egungo banaketa-saretik eskatzailearen jabetzako lehen elementurainokoak.
2.–Laguntzen zenbatekoa.
Laguntzaren zenbatekoa organo kudeatzaileak diruz lagungarritzat jotzen duen gastuaren %50 izanen da, eta 2. neurri honetan gehieneko laguntza 40.000 eurokoa izanen da onuradun bakoitzeko.
3.–Laguntza eskatzeko dokumentazioa.
Laguntza hau eskatzeko, honako dokumentazio hau aurkeztu behar da, 4. oinarrian esandako epean eta moduan:
a) Eskaeraren laburpen-dokumentua, deialdiaren fitxan dagoen txantiloia erabiliz.
b) Jarduketaren aurreproiektua, non gutxienez alderdi hauek zehaztuko baitira nahitaez:
–Egungo egoera eta lortu nahi den egoera.
–Sortzeko eta biltegiratzeko elementuen eta sistemen deskribapena eta fitxa teknikoa.
–Kontroleko sistemen eta metodologiaren deskribapena.
–Prozesuaren kronograma.
–Inbertsioen aurrekontua, kontzeptuz kontzeptu banakaturik.
c) Entitate eskatzaileak iturri berriztagarrietatik sortutako elektrizitatearen hornidura kontratu bat badu gutxienez (jatorria %100 berriztagarria izatearen bermea edo efizientzia handiko kogenerazioaren bermea duena), justifikatu beharko du aurkeztuz kontratu hori edo kontratuari lotutako faktura bat.
d) Toki-entitateak emakumeen eta gizonen arteko berdintasunarekin hartutako konpromisoa frogatzen duen dokumentazioa (deialdiaren 3.3.b oinarrian adierazitako laguntza gehigarria justifikatzeko), horri dagokionez eskatzen diren baldintzak betez gero.
4.–Eskaerak baloratzeko irizpideak.
Hona hemen eskaerak baloratzeko irizpideak, laguntza hauek emateko:
a) Inplementatutako teknologia:
–Biomasako instalazio termikoak, biogasa: 60 puntu.
–Elektrizitatea sortzeko instalazioak, biltegiratzearekin: 45 puntu.
–Elektrizitatea sortzeko instalazioak, biltegiratzerik gabe: 35 puntu.
–Elektrizitatea sortzeko dauden instalazioetarako biltegiratze sistemak: 35 puntu.
–Aerotermia-, geotermia- edo hidrotermia-instalazioak edo eguzki-instalazio termikoak: 25 puntu.
b) Energia berriztagarrien ezarpen maila:
–Baldin toki-entitateak energia berriztagarriarekin jartzen duen lehenbiziko instalazioa bada: 20 puntu.
–Baldin toki-entitateak dagoeneko baldin badu energia berriztagarrien instalazio bat, bi edo hiru: 10 puntu.
–Baldin toki-entitateak energia berriztagarrien 3 instalazio baino gehiago baldin baditu: 0 puntu.
c) Erronka demografikoa. Baldin eta toki-entitatea 5.000 biztanle arteko udalerria bada edo halako udalerri batean badago, edo hirigune ez den 20.000 biztanle arteko udalerri batean, non biztanle-entitate bakun guztiak 5.000 biztanletik beherakoak baitira: 10 puntu.
d) Ingurumen-jasangarritasuna: jatorria %100 berriztagarria izatearen bermea edo efizientzia handiko kogenerazioaren bermea duen elektrizitatearen hornidura kontratu bat izatea, laguntza eskatzen den egunean: 10 puntu.
Puntuazioetan berdinketarik izanez gero, irizpideetako bakoitzean lortutako puntuazioa kontuan hartuz erabakiko da, irizpideak azaldu diren hurrenkera berari jarraikiz, hain zuzen. Berdinketak bere horretan segitzen badu, laguntzaren eskaera zer egun eta ordutan egin zen izanen da irizpidea.
5.–Inbertsioak justifikatzeko dokumentazio berariazkoa.
Onuradunek, 6. oinarrian deskribatutakoaz gainera, honako berariazko dokumentazio hau aurkeztu beharko dute egindako inbertsioak justifikatzeko:
a) Memoria edo proiektua –kasua zein den–, egindako jarduketa deskribatzen duena.
b) Behe tentsioko instalazio elektrikoen erregistro zenbakia edo eraikinetako instalazio termikoena, kasua zein den.
Baldin eta, onuradunari egotzi ezin zaizkion arrazoiengatik, behe-tentsioko instalazio elektrikoen erregistroa lortu ezin bada, aurkeztu beharko da inguruabar hori egiaztatzen duen dokumentazioa (esaterako, dagokion sare-kudeatzaileak sarbide- eta konexio-baimenak lortzeko atzerapena).
Kasu horretan, aurreko paragrafoan adierazitako dokumentazioa aurkeztu beharko da erregistro orokor elektronikoaren bidez, deialdiko espedientea aipaturik; horretarako epea urtebete izanen da, jarduketa justifikatzeko azken egunetik zenbatzen hasita (2027ko urriaren 15era arte).
6.–Onuradunen betebeharrak.
1. Dirulaguntza jasotzen duten onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:
Baldin eta, onuradunari egotzi ezin zaizkion arrazoiengatik, ezin izan bada behe-tentsioko instalazio elektrikoen erregistroa aurkeztu jarduketa justifikatzeko azken egunean, dokumentazio hori urtebeteko epean aurkeztuko da, jarduketak justifikatzeko azken egunetik zenbatzen hasita (2027ko urriaren 15era arte).
3. neurria.–Hiri barneko mugikortasun jasangarrirako planak idaztea
1.–Jarduketa diruz lagungarriak.
Neurri honek barne hartuko du hiri barneko mugikortasun jasangarrirako planak idaztea. Izaten ahalko dira toki-entitate batek baino gehiagok batera egindakoak. Halakoetan, eskaera desberdinak egiten ahalko dira toki-entitateen izenean. Diruz lagungarria den gastua eta eskaera bakoitzari dagokion laguntzaren gehieneko zenbatekoa kalkulatzeko, oinarri hartuko da alderdiek elkarrekin egiten duten akordioaren arabera toki-entitate bakoitzari planaren guztizko aurrekontutik esleitzen zaion ehunekoa.
Planaren barnean jaso beharko da Klima Aldaketari eta Energia Trantsizioari buruzko Foru Legearen 45. artikuluko 4. apartatuan jasotakoa.
2.–Laguntzen zenbatekoa.
Laguntzaren zenbatekoa izanen da organo kudeatzaileak diruz lagungarritzat jotako gastuaren %85.
Laguntzaren gehieneko zenbatekoa onuradun eta plan bakoitzeko: 15.000 euro.
3.–Laguntza eskatzeko dokumentazioa.
Laguntza hau eskatzeko, honako dokumentazio hau aurkeztu behar da, 4. oinarrian esandako epean eta moduan:
a) Laguntzaren xede den planaren memoria deskribatzailea, aurrekontua barne.
b) Toki-entitate baterako baino gehiagorako planen zati bat egiteko eskaeren kasuan, aurkeztu beharko du planean parte hartzen duten toki-entitate guztien artean sinatutako akordioa, partaidetza ehunekoak zehazturik.
c) Toki-entitateak emakumeen eta gizonen arteko berdintasunarekin hartutako konpromisoa frogatzen duen dokumentazioa (deialdiaren 3.3.b oinarrian adierazitako laguntza gehigarria justifikatzeko), horri dagokionez eskatzen diren baldintzak betez gero.
4.–Eskaerak baloratzeko irizpideak.
Hona hemen eskaerak baloratzeko irizpideak, laguntza hauek emateko:
a) Baldin eta planak 5.000 biztanletik gorako udalerriren bat hartzen badu barne, 60 puntu.
b) Baldin eta planak mugakide diren udalerriak batera hartzen baditu barne, 40 puntu.
Eskatzaileei emandako puntuazioetan berdinketarik izanez gero, irizpideetako bakoitzean lortutako puntuazioa kontuan hartuz erabakiko da, irizpideak azaldu diren hurrenkera berari jarraikiz, hain zuzen. Berdinketak bere horretan segitzen badu, laguntzaren eskaera zer egun eta ordutan egin zen izanen da azken irizpidea.
5.–Inbertsioak justifikatzeko dokumentazio berariazkoa.
Onuradunek, 6. oinarrian deskribatutakoaz gainera, honako berariazko dokumentazio hau aurkeztu beharko dute egindako inbertsioak justifikatzeko:
–Hiri barneko mugikortasun jasangarrirako planaren kopia.
III. ERANSKINA–URTEKO ENERGIA AURREZPENA KALKULATZEA
Urteko energia aurrezpena (kWh) = [A] - [B]
Non:
[A]: Egungo luminarien urteko kontsumoa (kWh) = [1] * [2] + [1] * [3] * [4].
[B]: Luminarien urteko kontsumoa berritu ondoren (kWh) = [5] * [6] + [5] * [7] * [8].
[1]: Egungo luminaria guztien potentzia, orotara (kW).
[2]: Egun, potentzia osoan funtzionatzen duten ordu kopurua urtean (orduak).
[3] Egun, potentzia arautuan funtzionatzen duten ordu kopurua urtean (orduak).
[4]: Egungo luminarien potentziaren erregulazio koefizientea (potentzia osoarekiko ehunekoa).
[5]: Luminaria guztien potentzia, orotara, berritu ondoren.
[6]: Luminaria guztiek potentzia osoko funtzionamenduan egiten duten ordu kopurua, berritu ondoren.
[7]: Luminaria guztiek potentzia erregulatuko funtzionamenduan egiten duten ordu kopurua, berritu ondoren.
[8]: Luminarien potentziaren erregulazio koefizientea (potentzia osoarekiko ehunekoa), berritu ondoren.
Kontuan hartu behar da egungo funtzionamendu orduen kopuruak urtean (potentzia osoa [2] + potentzia erregulatua [3]) bat etorri behar duela urteko funtzionamendu orduen kopuruarekin, berritu ondoren (potentzia osoa [6] + potentzia erregulatua [7]).
IV. ERANSKINA.–EMAKUMEEN ETA GIZONEN BERDINTASUNA SUSTATZEKO NEURRIAK, 3.3 OINARRIAREN ARABERA
1. Berdintasun plan bat izatea.
2. Emakumeen eta gizonen berdintasunerako ordenantza bat onetsi izana.
3. Emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko prestakuntza ekintzak diseinatu eta egin izana, plantillaren etengabeko prestakuntzaren planaren barnean, azken bi urteetan.
4. Hizkuntza idatzi eta bisual ez-sexista erabiltzea entitatearen komunikazioetan, webgunean, liburuxketan, kanpainetan eta abar.
5. Toki-entitateko emakumeen elkarte eta taldeei laguntza ematea.
6. Berdintasuna bultzatu eta babesteko ekintzak eta indarkeriaren aurkako ekintzak antolatzea.
7. Aurreko ekitaldian Genero Indarkeriaren aurkako Estatu Itunaren funtsak erabili direla egiaztatzea.
8. Berdintasun-adituak edukitzea langileen artean, bermatzeko lan prozesu guztietan emakumeen eta gizonen berdintasun printzipioa txertatzen dela.
9. Indarrean den zainketen aldeko tokiko itun batean parte hartzea.
10. Azken aurrekontu-ekitaldiko bi kontratu publikotan, gutxienez, genero klausulak txertatu izana frogatzea.
11. Azken aurrekontu-ekitaldiko dirulaguntza publikoen bi deialditan, gutxienez, genero klausulak txertatu izana frogatzea.
12. Frogatzea emakumeen eta gizonen presentzia orekatua dela udal organoetan eta udalaz gaindiko ordezkaritza-organoetan.
Iragarkiaren kodea: F2516887
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
