1. ALDIZKARIA - 2026ko urtarrilaren 2a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BETELU

Udal ordenantza, hizkera ez-sexistaren erabilera eta komunikazio inklusiboaren sustapena arautzen dituena. Behin betiko onespena

Beteluko Udalak, 2024ko abenduaren 23an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Hizkera ez-sexistaren erabilera eta komunikazio inklusiboaren sustapena arautzen dituen udal ordenantza.

Espedientea jendaurrean egon zen hogeita hamar egun baliodunean, iragarkia paratuta, 2025eko 13. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urtarrilaren 21ean, eta Udaleko iragarki-taulan. Inork ez du erreklamaziorik, kexarik edo oharrik aurkeztu eta horren ondorioz ordenantza behin betiko onetsita dago.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan ezarritakoarekin bat, osorik argitaratzen da Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

Betelun, 2025eko abenduaren 5ean.–Alkatea, Lorenzo Zubillaga Goicoechea.

UDAL ORDENANTZA, HIZKERA EZ-SEXISTAREN ERABILERA ETA KOMUNIKAZIO INKLUSIBOAREN SUSTAPENA ARAUTZEN DITUENA

Zioen azalpena

Sexismoa hizkeraren erabileran nazioarteko arazotzat hartu zen 1975ean Mexikon egindako Emakumeen gaineko lehenengo mundu-konferentzian. Horrez geroztik, hizkuntzen erabilera sexista saihesteko proposamenak eta gomendioak egin dira.

Espainiar Estatu mailan, Gizonen eta Emakumeen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoak xedatu zuen hizkera ez-sexista ezartzea administrazio eremuan, botere publikoen jarduketarako irizpide nagusi gisa, eta hura sustatzea harreman sozial, kultural eta artistiko guztietan. Emakumeen eta gizonen aukera berdintasuna sustatzeko azaroaren 28ko 33/2002 Foru Legeak ezarri zuen beharrezkoa dela administrazioan sortutako dokumentuak errebisatzea, haietan sexista ez den hizkera erabiltzen dela bermatzeko.

Beraz, borondate politiko eta legegile horien ondorioz ordenantza aurkezten da, honako hauetan oinarrituta:

–Hizkera eta irudi ez-sexistak erabiltzea demokraziaz jokatzea da,

–Emakumeek pentsamenduan lekua izateko, hizkuntzan beraien tokia izan behar dute,

–Orokorren ez da uste nahita erabiltzen denik hizkera modu sexistan, baina egitearen ondorioak berdinak dira: emakumeak ikusezinak bihurtzea,

–Aipatzen ez dena, ez da existitzen.

Laburbilduz, ordenantza honen xedea da estereotipo sexistarik gabeko hizkera eta irudien erabilera bultzatzea, eta horrela, bidezkoagoa eta berdinzalegoa izanen den gizartea sortzeko aurrerapausoa ematea.

Ordenantzaren aplikazio eremua

1. artikulua. Ordenantza hau Beteluko Udalean aplikatuko da eta haren mendeko erakunde autonomoetan.

2. artikulua. Udalaren eskumeneko zerbitzuetan, edozein kudeaketa molde dela medio hirugarrenek ematen dituzten haietan, ordenantza hau aplikatuko da, haiei dagokien neurrian.

Aholkularitza eta kontrola

3. artikulua. Udalerrian hizkera modu ez-sexistan erabiltzea edo komunikazio inklusiboa sustatzea zer den erabakitzeari dagokionez, Beteluko Udaleko Berdintasun Atala edo hori lantzen duen lantaldea izanen da horri buruz aholkatzeko arduraduna. Horretarako behar diren baliabideak jarriz.

4. artikulua. Kontrol eginkizunei dagokienez, atal bera izanen da hizkeraren eta irudien erabilera sexista detektatzeko arduraduna, baita edozein udal jardueran komunikazio inklusiboa sustatzeko arduraduna ere. Esparru honetan dituen eginkizunak honako hauek dira:

a) Sentsibilizazio eta prestakuntza ekintzak sustatzea, hizkera ez-sexistaren erabilerari dagokionez herritarren eguneroko esparru guztietan, eta bereziki, udal administrazioaren zerbitzu eta departamentuetan. Prestakuntza honek lehentasuna izanen du, berdintasunari buruzko Udaleko Barne Planean aurreikusitakoarekin bat.

b) Beharrezkoa denean, laguntza teknikoa eta hizkuntza aholkularitza ematea, gaian adituak diren profesionalen eskutik.

c) Erregelamendu hau betetzen dela begiratzea, Beteluko Udalaren web-orri, atari edo jarduketen agiri, inprimaki, eskutitz, akta, hitzarmen, eduki eta irudi orotan, herritarrendako berdintasunezko hizkeraren eredu izateko.

d) Urtero jarraipen-txosten bat egitea, erregelamendu, erabaki, ordenantza, udal administrazioko agiri (formulario, eskabide eta inprimaki orokor), udal eraikinen seinalizazio, udal plan, bando eta abarrei buruzkoa, baita ordenantza honen aplikaziorako garrantzitsuak diren alderdi guztiei buruzkoa ere.

Harreman administratiboak

5. artikulua. Hizkera ez-sexistan eta ez-baztertzailean idatziko dira Beteluko Udalak eta bere erakundeek sorrarazten dituzten argitalpenak, administrazio agiriak, ordenantzak, zirkularrak, eskabide-orriak, inprimakiak eta abar, baita Udaleko langileen hitzarmen eta akordio kolektiboa ere.

6. artikulua. Orokorrean, Beteluko Udalak beste administrazio publikoei igortzen dizkien agiriak, jakinarazpenak eta adierazpenak, hizkera eta irudi ez-sexistak erabiliz idatziko dira.

Herritarraren eskubideak

7. artikulua. Herritarrek eskubidea dute Beteluko Udalari eskatzeko hizkera eta irudi ez-sexistak erabil ditzan, bai gaztelaniaz bai euskaraz.

8. artikulua. Administrazioari ahoz zuzentzen zaizkion herritarrei hizkera ez-baztertzailearekin eginen zaie harrera. Horretarako, Udalak prestakuntza emango die langileei hizkera ez-sexista eta komunikazio inklusiboaren erabilera bermatzeko.

Udalaren irudia

9. artikulua. Beteluko Udalak estereotipo sexistarik gabeko hizkera eta irudia erabiliko ditu, bai gaztelaniaz bai euskaraz, orokorrean herritarrei zuzentzen zaienean:

–Bandoak, ediktuak, afixak eta argibideak emateko plakak.

–Zigiluak, tanpoiak, logotipoak, idazpuruak eta gisako elementuak.

–Eraikin, higiezin, bulego eta udal zerbitzuen errotulazioa, baita kale eta espazio publikoena ere, emakumeendako baztertzailea ez den hizkera eta irudiak erabiliz eginen da, piktograma bezalako elementuak barne (komunak, igogailuak, sarbidea debekatua), horietan emakumeak ikusezinak edo gutxituak gelditzen ez direlarik. Neurri hau pixkanaka ezarriko da.

–Udalak, administrazio prozedura guztien gaineko argibideak eman beharrez, herritarren eskura jartzen dituen agiri eta ereduak.

–Festetako programak.

–Iragarkiak.

–Dibulgazioko idazkiak eta aldizkariak.

10. artikulua. Publizitatea hedabideetan.

Beteluko Udalak eskatuko du egunkarietan argitaratzen diren udal iragarkiek eta ikus-entzunezko baliabideetako (irratia) publizitateak eta sare sozialetako mezuek hizkera ez-sexista eta ez-baztertzailea izan dezaten.

Kontratazioa, hitzarmenak eta dirulaguntza publikoak

11. artikulua. Beteluko Udalak egiten dituen zerbitzu publikoen kontratazio edo hitzarmen espedienteetan, klausula bat sartuko da, emakumearendako iraingarri eta/edo baztertzaile diren irudi edo mezuak ez erabiltzeko konpromisoa bilduko duena.

12. artikulua. Dirulaguntza ematerakoan baloratuko da proiektuaren hizkera eta irudia sexistak ez izatea.

Komunikazio inklusiboaren sustapena

13. artikulua. Beteluko Udalak Nafarroako Gobernuaren ekimen eta kanpainetan parte hartuko du, eta beste udal entitate batzuekin batera lan eginen du, hizkeraren eta irudien erabilera inklusiboak sustatzeari begira.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.–Ordenantza honek indarra hartuko du ordenantzaren testua osorik Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratutakoan eta Estatuko edo Nafarroako Foru Komunitateko administrazioek toki entitateen egintza edo erabakiak indargabetzeko duten eskumena erabiltzeko epea iragandakoan.

Bigarrena.–Beteluko Udaleko Berdintasun Batzordeak edo gai hau lantzen duen lan taldeak gaitasuna izanen du segimendua egiteko ordenantza hau betetzen ote den, baita edozein gairen gainean proposamenak egiteko ere, hura betetzen dela bermatzearren.

I. ERANSKINA.–HIZKERAREN ERABILERA EZ-SEXISTA EGITEKO GOMENDIOAK

Hizkera ez-sexistaren bitartez eta berdintasunezko hizkera erabiliz, adierazpenen ikuspegi androzentrikoa zuzendu nahi da. Hizkera horren helburua da, emakumezkoen erreferenteak sortuz, emakumeak ikusgai egitea, estereotipoak haustea, eta gizon eta emakumeei eragiten dieten aurreiritzi sexistak indargabetzea.

Hizkera ez-sexista modu eraginkorrean erabiltzeko, honako hauek kontuan izan behar dira:

–Premiazkotzat eta lehentasunezkotzat jotzea.

–Hizkuntzaren eta haren aukeren ezaguera hobetzea.

–Hori erabiltzeko hainbat gomendio barneratzea.

Hona hemen Eulalia Lledóren hitzak: "Hizkera ez da sexista berez; haren erabilera bai, ordea. Zuzen erabiliz gero, berdintasunari eta emakumeak ikusgai egiteari lagundu diezaioke".

Jarraian, irizpide tekniko batzuk zehazten dira, gaztelaniaz erabiltzeko adibideekin, hizkera inklusiboaren erabilera egokia egiteko:

–Termino generiko eta multzokariak erabili: "el funcionariado", "la ciudadanía", "la juventud".

–Artikuluak kendu: "optarán a la plaza los profesionales con experiencia" erabili ordez, "optarán a plaza profesionales con experiencia" erabili.

–Forma bikoitzak erabili: mezuaren hartzailearen sexua ez dakigunean, forma bikoitzak erabiliko dira. Adibidez: "trabajadoras y trabajadores".

–Perifrasiak erabili: "muchos invitados", "los políticos" o "los famosos" erabili ordez, "muchas personas invitadas", "clase política" edo "gente famosa" erabili.

–Agintera erabili: "el candidato debe enviar su curriculum..." erabili ordez, "envíe su curriculum..." erabili.

–Izenordainak erabili: "el que solicite..." ordez "quien solicite...", "los que acudan..." ordez "las personas que acudan...", "el que..." ordez "cualquiera que..." eta abar.

–"Se" izenordaina erabili: "el trabajador acudirá..." erabili ordez, "se acudirá..." erabili.

–Sexistak ez diren esaldiak erabili. Horrela:

A.–Ez erabili genero marka duten determinatzaile eta izenordainak. Adibidez: "todos los miembros" erabili ordez, "cada miembro" erabili.

B.–Izendatzerakoan berdintasuna bermatu: garrantzi berdina eman emakume zein gizonei, eta emakumea gutxitzen duten esaldi mota hauek saihestu: "Señor Gutiérrez y su mujer" eta abar.

C.–Ez erabili @ ikurra emakumeak eta gizonak izendatzeko.

D.–Aniztasuna errespetatzen duen hizkera inklusiboa erabili.

–Sexistak ez diren irudiak erabili, estereotipoak alde batera utzita eta emakumeak modu egokian ikusgai jarrita.

Bibliografia:

–Nafarroako Gobernua. "Guía sobre estrategias de comunicación incluyente. El género como prioridad". 2008.

–Emakumearen Asturiasko Institutua. "Cuida tu lenguaje, lo dice todo" gida.

Iragarkiaren kodea: L2516047