Iragarkia
1. ALDIZKARIA - 2026ko urtarrilaren 2a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
IRURTZUN
Deialdia, zerbitzu anitzetako ofizialaren plaza bat betetzeko, oposizio-lehiaketa bidez
Alkateordeak, 2025eko abenduaren 5eko 457. Ebazpenaren bidez, deialdia onetsi zuen, jarraian ematen diren oinarriekin bat. Ebazpen hori emateko, alkateordeak baliatu zuen 2025eko azaroaren 28ko 444. Ebazpenaren bidez emaniko eskuordetza.
OINARRIAK
1.–Arau orokorrak.
1.1. Deialdi honen xedea da zerbitzu anitzetako ofizialaren plaza bat betetzea, Irurtzungo Udalean jardun dezan, betiere betez lehia askearen, berdintasunaren, merezimenduaren, gaitasunaren eta publikotasunaren printzipioak, eta oposizio-lehiaketa prozeduraren bidez. Plaza hori 8 zenbakiarekin dago identifikatuta 2023ko plantilla organikoan.
Era berean, eta 9. oinarrian ezarritakoarekin bat, deialdi honen xedea da izangaien zerrenda bat eratzea, zerbitzu anitzetako ofizialaren lanpostua aldi baterako betetzeko, lehen proban puntuazioaren %30 gutxienez lortu duten izangaiekin.
1.2. Lanaldi osoan jardun beharko da. Zerbitzuaren beharretara egokituko dira lanaldiaren araubidea eta ordutegia. Organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dute, zerbitzuaren beharren arabera.
1.3. Lanpostuak D mailako ordainsariak izanen ditu, bat etorriz Ordainsariei buruzko Behin-behineko Erregelamenduarekin (uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuaren bidez onetsia) eta Irurtzungo Udalari aplikatzen zaizkion gainerako xedapenekin. Halaber, izanen ditu plantilla organikoan jasotzen diren osagarri guztiak.
1.4. Lanpostuaren eginkizunak honako hauek dira, aipatze hutsez eta bestelakoak baztertu gabe:
–Udal instalazioak ireki eta ixtea eta martxan jartzea alarma sistemak, argiak eta berokuntza.
–Udal instalazioak eta hango sistemak begiratu, berrikusi, onik zaindu eta mantentzea, eta gorabeheren berri ematea.
–Espazioak banatzea instalazio horien erabiltzaileen artean.
–Arreta ematea herritarrei eta udal langileei.
–Agiriak eta espedienteak eramatea Udalaren bulegoen artean eta beste administrazio publiko batzuetara.
–Aipatutakoez gain, haren gain jartzen direnak, lanpostuari dagozkion ahalmen eta gaitasunekin bat etorriz gero.
–Instalazioak garbitzea une jakinetan.
–Hesiak, seinaleak, agertokia... muntatzea eta desmuntatzea.
–Garraioko eta zamalanetako zereginak.
–Mantentze-lanak egitea hainbat arlotan:
- Kanpoko eta barneko lorezaintza.
- Igeltserotza: konponketa-lan txikiak, adabakiak...
- Zurgintza: altzariak eta muntaketak.
- Elektrizitatea: udal-eraikinak eta kaleetako argiak.
- Iturgintza: iturgintzako, berokuntzako eta ureztatzeko zirkuituak.
- Pintura: kanpoaldekoa eta barnealdekoa.
- Errementaritza eta soldadura: ateak, euskarriak, barandak, kale-argiak...
–Laneko arriskuen prebentzio arauak betetzea.
–Lanerako tresnak eta ekipoak zaintzea eta ordenatuta edukitzea, eta gorabeheraren bat aurkituz gero, edo zerbait behar izanez gero, horren berri ematea.
–Aldizkako txostenak prestatzea eginiko jarduerei buruz.
–Sustatzea hobetu dadin herritarrari ematen zaion zerbitzua, eta horretan laguntzea. Kasuren batean behar izanez gero, egoerara egokituko da, lanorduekin malgu jokatuz, bete ahal izateko ezarritako lan programa eta zerbitzuaren beharrak.
–Aipatutakoez gain, bestelako zereginak betetzea, halakorik aginduz gero ezarritako helburuak lortu beharrez, betiere karguari dagozkion gaitasun eta ahalmen profesionalekin bat etorririk.
–Eta, oro har, egitea arestian deskribatutakoen antzeko zeregin guztiak, bai eta zerbitzua dela-eta agintzen zaion beste edozein eginkizun edo zeregin ere, lanpostuarekin loturik, haren mailaren eta kategoriaren barnean.
2.–Betebeharrak.
2.1. Parte hartu nahi dutenek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, honako baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Espainiako nazionalitatea izatea, edo Europar Batasuneko estaturen batekoa, edo langileen joan-etorri askea aplikatzen den estaturen batekoa, jarraikiz Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuei.
Parte har dezakete, era berean, espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatutako nazioarteko tratatuen aplikazio-eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bananduta ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bananduta ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.
b) Hemezortzi urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina ez gainditzea.
c) Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, Eskola Graduatuaren titulua edo Lehen Mailako Lanbide Heziketaren titulua izatea, edo titulu baliokideren bat; edo, bestela, eskuratzeko moduan egotea (titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina).
Baldin atzerrian lortutako tituluak badira, eduki beharko da homologazioa frogatzen duen agiria.
d) Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera, euskarazko B2 maila egiaztatzen duen titulu edo ziurtagiri bat izatea. Titulu edo ziurtagiri horrek agertu beharko du Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen irailaren 13ko 210/2010 Ebazpenean bildu den titulu-zerrendan, edo, bestela, ofizialki horien baliokidetzat hartzen den titulazioa izan beharko du.
Orobat frogatzen ahalko da eskatutako jakite mailaren proba espezifikoa eginda, 103/2017 Foru Dekretuan ezarritakoari jarraikiz (Nafarroako administrazio publikoetan, beren erakunde publikoetan eta mendeko dituzten zuzenbide publikoko entitateetan euskararen erabilera arautzen duen Foru Dekretua).
e) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete beharreko eginkizunetan aritzeko.
f) Desgaitua edo gabetua ez egotea eginkizun publikoetan jarduteko, eta administrazio publikoaren zerbitzutik kendua ez izatea.
g) B motako gidabaimena izatea.
2.2. Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira oinarri honetan ezarritako baldintza guztiak, bai eta hautapen prozesuak iraun bitartean eta lanpostuaren jabetza hartu arte ere.
3.–Eskabideak eta aurkezteko epea.
3.1. Eskabideak aurkezteko epea.
20 egun naturaleko epea izanen da aurkezteko deialdian parte hartzeko eskabideak, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.
3.2. Eskabidea aurkeztea eta formalizatzea.
Parte hartzeko eskabideak aurkeztu beharko dira Irurtzungo Udalaren erregistro orokorrean, edo baliatuz urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4. artikuluan aurreikusten diren bideetako edozein (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea).
Eskabidean, izangaiek adierazi beharko dute betetzen dituztela eskatzen diren baldintza guzti-guztiak, hautapen prozesuan parte hartzeko, eta horrekin batera aurkeztu beharko dituzte 2.1 oinarrian zehaztutako agiriak.
3.3. Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.
Behar bezala betetako eskabideari honako agiri hauek erantsi behar zaizkio:
a) Indarreko nortasun agiri nazionalaren edo pasaportearen fotokopia.
Europar Batasuneko beste estatuetako izangaien kasuan, jatorrizko herrialdeko nortasun agiri balioduna, indarra duena, non agertuko baita titularraren nazionalitatea, edo pasaportea.
Espainiako herritarren eta Europar Batasuneko beste estatu bateko herritarren ezkontide direnek, edo herritar horien ondorengoek eta –zuzenbidez bananduta ez badaude– ezkontidearen ondorengoek, 21 urtetik beherakoak badira, edo hortik gorakoak, baldin haien kontura bizi badira, erantsi beharko dute pasaportea eta Europar Batasuneko egoiliarraren ahaide izatearen txartela; betiere, ez badira Europar Batasuneko estatu bateko herritarrak (hala badira, aurkeztu beharko dute aurreko apartatuan azaldutako dokumentazioa).
b) Aurreko 2.1 oinarriko c) apartatuan eskatzen den titulazio akademikoa, jatorrizkoa edo fotokopia.
c) Espedientea formalizatzeko eta azterketa eskubideetarako 10,00 euro ordaindu izanaren ordainagiria (diru-sarrera egiteko kontua: Laboral Kutxako ES76 3035 0120 95 1200900000). Dirua sartzean, hau adieraziko da: "zerbitzu anitzetako ofiziala" eta, ondoren, izangaiaren NANa. Tasa ordaintzen ez bada, izangaia bazterturik geldituko da.
Ez da azterketa eskubideen itzulketarik izanen, baldin izangaia baztertzen bada interesdunari egozten ahal zaion arrazoiren batengatik; esaterako, baldintzak ez betetzeagatik edo deialdian eskatutako agiriak ez aurkezteagatik.
d) Euskarazko B2 mailaren ziurtagiri ofiziala, edo euskara maila horren proba egiteko eskabidea.
e) Izangaiaren gidabaimenaren kopia; gutxienez B motakoa behar du.
f) Deialdiko 6. oinarrian xedatutakoa aplikatzeko, eta, orobat, denborak eta baliabideak egokitzea eskatzeko, %33ko edo hortik gorako desgaitasuna duten izangaiek hori hala dela frogatu beharko dute agiri hauetako baten kopiaren bidez:
–Organo eskudunak emandako ziurtagiria.
–Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpena, prestazio bat jasotzeko eskubidea onartzen diona, hauetakoren bat izateagatik: ezintasun iraunkor osoa, ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia.
Desgaitasuna duten izangaiek eskatzen ahalko dute epeak eta moduak egokitzeko, ariketak egitearren, hala behar izanez gero. Kasu horietan, hala adierazi beharko dute eskabidean, eta beste orrialde batean adierazi beharko dute zer nolako desgaitasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen duten.
g) Lehiaketaldian baloratu behar diren alegatutako merezimenduen ziurtagiriak.
4.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.
4.1. Eskabideak aurkezteko epea buruturik, Irurtzungo Udaleko alkateak ebazpen bat emanen du izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta aginduko du Irurtzungo Udalaren egoitza elektronikoan argitaratzeko.
4.2. Behin-behineko zerrenda Irurtzungo Udalaren egoitza elektronikoan argitaratu eta biharamunetik hasita, izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.
4.3. Erreklamazioak aurkezteko epea iragan eta horiek ebatzi ondoren, Irurtzungo Udaleko alkateak ebazpen bat emanen du izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta aginduko du Irurtzungo Udalaren egoitza elektronikoan argitaratzeko. Ebazpen horretan bertan zehaztuko da probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren.
Gerora, epaimahaiak gainerako ariketak egiteko iragarkiak argitaratuko ditu bere garaian, Irurtzungo Udalaren egoitza elektronikoan.
Izangai bazterturik ez bada, onartuen behin betiko zerrenda zuzenean onetsiko da, eta Irurtzungo Udalaren egoitza elektronikoan argitaratuko da.
4.4. Azterketa eskubideak ez dira itzuliko, baldin izangaiak bazterturik gelditzen badira izangaiei berei egozten ahal zaien arrazoi batengatik.
5.–Kalifikazio epaimahaia.
5.1. Kalifikazio epaimahaia honako hauek osatuko dute:
1.–Epaimahaiburua: Irurtzungo Udaleko alkatea.
2.–Epaimahaikidea: Irurtzungo Udaleko zerbitzu anitzetako ofizial bat.
3.–Epaimahaikidea: Irurtzungo Udaleko zerbitzu anitzetako ofizial bat.
4.–Epaimahaikidea: Arakilgo Udaleko zerbitzu anitzetako ofizial bat.
5.–Epaimahaikide-idazkaria: Irurtzungo Udaleko idazkaria.
Kalifikazio epaimahaiak hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko du.
5.2. Kalifikazio epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, bertan ez badago gutxienez kideen gehiengo osoa.
5.3. Kalifikazio epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin badaude urriaren 1eko 39/2015 Legean abstentziorako jasotzen diren egoeretako batean (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea).
Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.
5.4. Kalifikazio epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduaz sortzen diren auzi guztiak.
5.5. Kalifikazio epaimahaiak aholkulari espezialisten laguntza eskatzen ahal du proba baterako edo guztietarako. Aholkulari horien laguntza norberaren espezialitate teknikora mugatuko da.
6.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoak.
Oposizio-lehiaketa bi alditan eginen da: lehiaketaldia lehenbizi, eta oposizioaldia gero, oinarri hauetan zehazten den gisara.
Oposizio-lehiaketan, gehienez 100 puntu eskuratzen ahalko dira orotara; haietarik, 15 puntu lehiaketaldiari dagozkio, eta 85 puntu oposizioaldiari.
6.1. Lehiaketaldia.
Lehiaketaldian, 15 puntu lortzen ahalko dira gehienez, eta ez da baztertzailea izanen. Puntuazio hori oposizioaldia gainditzen duten izangaiei baizik ez zaie gehituko.
Izangaiek alegaturiko merezimenduak baloratuko ditu epaimahaiak, II. eranskineko baremoari jarraikiz.
Merezimendu guztiak agiri bidez eta modu fede-emailean frogatu beharko dituzte izangaiek, oposizio-lehiaketan parte hartzeko eskabidea aurkeztean. Bestela, aurkeztu gabetzat joko dira.
Aski izanen da dokumentazioaren kopia soilak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, eskatuko dira behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.
Merezimenduak baloratzean, kontuan hartuko dira soilik deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunera arte egindakoak.
Epaimahaiak ezin izanen du inola ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agiri bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du puntuazio handiagorik eman, baremoan atal bakoitzerako adierazitako gehieneko puntuazioa baino.
Epaimahaiak noiznahi eska ditzake izangaiek alegatutako merezimenduei buruzko argibideak eta datu osagarriak.
Merezimendu-lehiaketaren kalifikazioa bukatutakoan, epaimahaiak argitara emanen ditu izangaien behin-behineko puntuazioak Irurtzungo Udalaren egoitza elektronikoan, eta bost egun balioduneko epea emanen da, puntuazioak argitaratu eta biharamunetik hasita, izangaiek alegazioak aurkez ditzaten, beren eskubideen alde komeni zaienaren arabera.
Epaimahaiak behin-behineko emaitzen aurka aurkeztutako alegazioak ebatzi ondoren, halakorik aurkeztu bada, argitara emanen dira merezimenduen baremazioaren behin betiko emaitzak, Irurtzungo Udalaren egoitza elektronikoan.
6.2. Oposizioaldia.
Oposizioaldia hasi baino lehen, euskara proba eginen dute deialdi honen 2.1.d oinarrian eskatutako euskara maila agiri bidez frogatu ez dutenek.
Proba horretan bi ariketa eginen dira, idatzizkoa eta ahozkoa, eta horien bidez zehaztuko da izangaia gai den ala ez, B2 hizkuntza mailari dagokionez. Proba horiek eginen dituzte Euskarabideko edo Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuko langileek. Ondotik etorriko dira oposizioko berezko probak. Garaiz jakinaraziko da probak egiteko eguna. Probaren emaitza "gai" edo "ez gai" izanen da; hautapen-prozesutik baztertuko dira "gai" kalifikazioa lortzen ez duten izangaiak.
Oposizioaldia 2026ko martxotik aurrera hasiko da. Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean berean ezarriko da lehen ariketa non, noiz eta zer ordutan eginen den.
Hautapen-prozesua bi probaren bidez eginen da. Bata teorikoa izanen da, eta bestea praktikoa, eta biak ere baztertzaileak izanen dira. Proba horien puntuazioa, gehienez, 85 puntukoa izanen da.
Oposizioaldiko probak izanen dira honako oinarri honetan zehaztutakoak, eta eginen dira deialdiaren III. eranskinean zehazten den gai-zerrendako gaiei buruz eta ordena berean.
Gai guztiak eskatuko dira deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean indarrean den araudiaren arabera.
Hautaprobak egiteko, behar diren eta posible diren egokitzapenak eginen dira desgaitasun aitorturen bat dutenentzat, denbora eta baliabideen aldetik, eskabidean hala eskatu badute.
6.2.1. Proba teorikoa: test motako ariketa izanen da, eta erantzuteko zenbait aukera emanen ditu, baina bat bakarra izanen da zuzena. Gaiak izanen dira deialdiaren III. eranskinean ageri direnak. Erantzun oker bakoitzak penalizazioa ekarriko du, hain zuzen ere, erantzun zuzenaren balioaren laurdena.
Ariketa honetan gehienez 35 puntu emanen dira, eta ariketa gainditzeko gutxienez 17,5 puntu erdietsi beharko dira; kanpoan geldituko dira hori lortzen ez duten izangaiak.
6.2.2. Proba praktikoa. Praktikoa: lanpostuarekin zerikusia duten proba praktiko batzuk egin beharko dira, III. eranskineko zerrendan ageri diren gaiei buruzkoak.
Probaren balorazioa 50 puntukoa izanen da gehienez, eta kanpoan geldituko dira gehieneko puntuazioaren erdia (25 puntu) gutxienez lortzen ez duten izangaiak.
Epaimahaiak erabakiko du proba hauetako bakoitza egiteko zer denbora izanen den.
Ariketa bakoitzerako deialdi bakarra eginen da, eta izangaiek aldean izan beharko dute nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena. Oposiziotik baztertuko dira azterketara agertzen ez direnak edo nortasuna frogatzen ez dutenak arestian aipatutako agirietako baten bidez.
Hautaprobak egiteko, behar diren eta posible diren egokitzapenak eginen dira desgaitasun aitorturen bat dutenentzat, denbora eta baliabideen aldetik, eskabidean azaldutakoaren arabera.
Hautapenaldiko proba bakoitzaren kalifikazioa bukatutakoan, epaimahaiak behin-behineko kalifikazioak argitaratuko ditu Udalaren egoitza elektronikoan, eta bost egun balioduneko epea emanen du izangaiek alegazioak aurkez ditzaten. Epaimahaiak alegazioak ebatzi ondoren, behin betiko kalifikazioak onetsiko dira, eta horiek ere Udalaren egoitza elektronikoan argitaratuko; proba gainditu duten izangaiak eta baztertuak adieraziko dira, bai eta hurrengo proba egiteko tokia, eguna eta ordua ere, gutxienez ere berrogeita zortzi ordu lehenago.
7.–Proba gainditu dutenen zerrenda.
7.1. Proben kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak prozesua gainditu duten izangaien zerrenda argitaratuko du Irurtzungo Udalaren egoitza elektronikoan, lortutako guztizko puntuazioaren arabera ordenatuta; azken hori kalkulatzeko, batuko dira izangai bakoitzak oposizioaldian eta lehiaketaldian lortutako kalifikazioak.
7.2. Prozeduran parte hartzen dutenen puntuazioan berdinketarik gertatuz gero, joko da oposizioko bigarren ariketan (proba praktikoa) puntuaziorik handiena duenaren alde.
Berdinketak bere horretan segitzen badu, joko da oposizioko lehen ariketan (proba teorikoa) puntuazio handiena lortu duenaren alde. Arestian ezarritako irizpideak aplikatuta ere berdinketak segitzen badu, ebatziko da kalifikazio-epaimahaiak eginen duen berariazko zozketa bakar baten bidez.
8.–Izendapen proposamena eta agirien aurkezpena.
8.1. Udalaren egoitza elektronikoan izendapen proposamena argitaratzen denetik 10 egun balioduneko epean, izangaiak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu:
a) Lan arloko Balorazio Klinikoaren eta Ikuskatzailetza Medikoaren Atalak egindako txostena (Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko Lan Osasunaren Zerbitzuko atala), edo, hala badagokio, Irurtzungo Udalak izendatutako eta behar bezala akreditatutako kanpoko erakunde batek egindako txostena, frogatzen duena ez duela eritasunik edo akats fisiko edo psikikorik, eragotziko liokeenik lanpostuaren eginkizunak betetzea.
Izangaiek desgaitasunen bat alegatu badute, gainera, aurkeztu beharko dute desgaitasuna deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela dioen frogagiria, balorazio eta orientazio talde eskudunek emana.
b) Zina edo hitzematea, adierazten duena Nafarroako Foru Araubidea errespetatuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela, eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.
c) Zinpeko deklarazio edo deklarazio solemne bat, aditzera emateko izangaia ez dagoela desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko eta ez dela kendua izan administrazio publikoren baten zerbitzutik.
Izangaiak Espainiako nazionalitatea ez badu, zinpeko deklarazio bat aurkeztu beharko du, adierazteko ez duela diziplina-zehapenik edo zigor penalik, eragozten dionik sartzea bere estatuko funtzio publikoan.
d) Europar Batasunetik kanpoko herrialderen batekoa bada, bertan bizi eta lan egiteko baimena, legeek ezarritako kasuetan.
8.2. Inork agiri horiek adierazitako epean aurkezten ez baditu, salbu behar bezala arrazoitutako ezinbesteko kasuetan, ezin izanen da izendatu, eta haren jarduketa guztiak deuseztatu eginen dira. Hori, dena dela, ez da eragozpen izanen eskabidea faltsutzeagatik duen erantzukizuna eskatzeko, kasua bada.
8.3. Aurreko apartatuan ezarritako kasuan, hutsunea beteko da hurrengo izangaiarekin, prozesua gainditu duten izangaien zerrendari dagokionez, eta aurreko apartatuetan adierazitako prozedura bera erabiliko da harekin.
9.–Izendapena eta lanpostuaz jabetzea.
9.1. Izendapena.
Eskatutako agiriak aurkeztu ondoan, Alkatetzaren ebazpen baten bidez, zerbitzu anitzetako ofizial izendatuko da oposizioa gainditu duen izangaia, lortutako azken puntuazioaren ordenaren arabera.
Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
9.2. Plazaz jabetzea.
Ezarritako egunean plazaz jabetzen ez direnek (salbu ezinbesteko kasuetan) galduko dituzte Irurtzungo Udalean sartzeko eskubide guztiak. Kasu horretan, deialdiaren 8.3 apartatuan ezarritakoari jarraikiko zaio.
Hautaprobak gainditu eta deialdiaren xede den plazarako izendatua izan ondoren, Udalean sartu eta funtzionario bihurtzen den izangaia Gizarte Segurantzako araubide orokorrean afiliatu, eta hartan alta emanen zaio araubide horren babesean, salbu jadanik afiliaturik badago Nafarroako Administrazio Publikoetako eskubide pasiboen eta osasun eta gizarte laguntzako beste araubide batean; orduan, eta izendatu aurretik, aukeratzen ahalko du babes araubide horretan segitzea ala Gizarte Segurantzaren araubide orokorrean afiliatzea.
Izangai bat funtzionario bihurtu eta lanpostuan batere aritu gabe, zuzenean eta berak eskatuta, borondatezko eszedentzia ematen bazaio jabetza hartzearen egunetik beretik, data horretan Nafarroako beste administrazio publiko batean ari delako, kasuko plaza hutsa ere deialdiaren 8.3 apartatuak agintzen duen moduan beteko da.
10.–Aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendak.
10.1. Jarraikiz Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluari, honako zerrenda hauek sortuko dira, aldi baterako kontrataziorako, hautapen prozesuan parte hartu ondotik plaza lortu ez duten izangaiekin:
a) Probak gaindituta ere plazarik lortu ez duten izangaien zerrenda.
b) Lehen ariketan probaren gehieneko puntuazioaren %30 gutxienez lortu duten izangaien zerrenda.
10.2. Probak gaindituta ere plazarik lortu ez dutenen zerrenda eta Irurtzungo Udalean kontratatzeko izangaien zerrenda.
Sartzeko hautapenaren epaimahaiak espedientea igorri ondoren, Irurtzungo Udaleko alkate udalburuak ebazpen bat emanen du honako zerrenda hauek onesteko: probak gaindituta ere plazarik lortu ez duten izangaien zerrenda, batetik, eta lehen ariketan probaren gehieneko puntuazioaren %30 gutxienez lortu duten izangaien zerrenda, bestetik.
Hauxe izanen da aldi baterako kontratazioen zerrendaren hurrenkera: oposizioa gaindituta ere plazarik lortu ez duten izangaien kasuan, hautapen-prozesuan lortutako puntuaziorik handienaren arabera; gainerako izangaien kasuan, lehen ariketan lortutako puntuazioaren arabera. Berdinketarik gertatzen bada, aplikatuko dira deialdi honetan horretarako ezarritako irizpideak, hura ebazteko.
Izangaiak aldi baterako kontratatzeko zerrendan sartzeak ez du berekin ekartzen interesdunei onartzen zaienik betetzen dituztela 2. oinarrian ezarritako baldintzak, horiek frogatu behar baitira oinarri honetan ezartzen den eran.
Izangaiei dei egiten zaienean aldi baterako kontratatzeko eta, kasua bada, kontratatzean, arau hauetan ezarritakoari jarraikiko zaio: Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 88.b) artikulua eta hurrengoak, aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesten dituen abenduaren 31ko 814/2010 Foru Agindua, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.
Aski justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, kontratatuak izateko eskatzen zaizkien agiriak aipatutako epean aurkezten ez dituztenek eta eskatutako baldintzak betetzen ez dituztenek galdu eginen dituzte deialdian parte hartzearen ondoriozko eskubide guztiak, horrek deusetan eragotzi gabe parte hartzeko eskabidea faltsutzeagatik dagokien erantzukizuna, kasua bada.
11.–Datuen babesa.
Izangaiei honako honen berri ematen zaie, bat etorriz 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 13. artikuluan xedatutakoarekin (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra, DBEO):
–Irurtzungo Udala da deialdiko parte-hartzaileek emandako datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna.
–Datuen tratamenduaren helburua da langileak hautatzea eta deialdiko lanpostua betetzea.
–Hona hemen oinarri juridikoa: DBEOren 6.1.c) artikulua (tratamendua beharrezkoa da, bete dadin tratamenduaren arduradunari aplikagarri zaion legezko betebehar bat), eta DBEOren 6.1.b) artikulua (tratamendua beharrezkoa da, kontratu bat gauzatzeko, interesduna denean kontratu horren alderdi bat, edo tratamendua beharrezkoa da kontratu aurreko neurriak aplikatzeko, berak eskatuta).
–Datuak zer helburutarako bildu diren, helburu hori lortzeko beharrezkoa den denbora guztian gordeko dira, bai eta deialdiaren edo datuen tratamenduaren ondoriozko erantzukizun guztiak zehazteko beharrezkoa den denbora guztian ere. Artxiboen eta dokumentazioaren gaineko araudian ezarritakoa aplikatuko da (Nafarroako Toki Erakundeen agiriak ebaluatzeko eta ezabatzeko jarraibideak).
–Datuak komunikatuko dira legeak aurreikusitako kasuetan (5/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 30ekoa), barnean dela gardentasunaren atarian argitaratzea, bat etorriz 5/2018 Foru Legearen 19.2.f artikuluarekin.
–Titularrek eskubidea izanen dute datuetan sartzeko, datuak zuzentzeko, ezerezteko, tratamendua mugatzeko, kontra egiteko eta datuak eramateko, udal bulegoetara joz, datuak babesteko ordezkariaren bidez edo webgunearen bidez, non argibide gehiago izanen baitute.
–Halaber, eskubidea dute erreklamazioa aurkezteko Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan (aepd.es), uste badute datuen tratamendua ez datorrela bat indarrean den araudiarekin.
12.–Errekurtsoak.
12.1. 39/2015 Legearen 112. artikuluan aipatzen diren kalifikazio epaimahaiaren egintzen aurka (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea), gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, alkateari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.
12.2. Deialdi honen oinarrien kontra edo aplikatzeko egintzen kontra, egintza horiek ez badira epaimahaiak eginak, errekurtso hauetakoren bat paratzen ahal da, hautara:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza egin duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.
b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zeina zuzendu beharko baitzaio Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioko organo eskudunari, uztailaren 13ko 29/1998 Legeari jarraikiz (Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen Legea), bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita.
c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
Hori guztia, bat etorriz ezarrita dagoenarekin urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea) eta uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 333. artikuluan (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).
I. ERANSKINA.–ESKABIDEA
II. ERANSKINA.–MEREZIMENDUEN BAREMOA
Lanbide-esperientzia.
Administrazio publiko batean emandako zerbitzu urte edo zati proportzional bakoitzeko, baldin eta deitutako lanpostuaren antzeko ezaugarriak baditu: 2 puntu urteko.
Atal honetan 10 puntu lortzen ahal dira gehienez.
Oharrak:
Deialdia argitaratu ondotik egindako zerbitzuak ez dira baloratuko.
Lan egindako denbora egiaztatzeko, aurkeztu beharko dira administrazio publikoek emandako ziurtagiriak, adierazita zer lan egin den eta, orobat, ez dela jaso zigorrik edo diziplina-espedienterik.
Prestakuntza.
Lanpostuaren eginkizunekin zerikusia duten prestakuntza-ikastaroak egiteagatik, eta lanpostuarekin lotutako LH2, erdi mailako gradua edo haren baliokidea den titulazioa edukitzeagatik, irizpide hauen arabera ateratzen diren puntuazioak emanen dira:
–Erakunde publiko aitortuek antolatutako ikastaro bakoitzeko, lanpostuaren eginkizunekin zerikusia badute eta 10 orduko iraupena gutxienez: 1 puntu.
–Erakunde publiko aitortuek antolatutako ikastaro bakoitzeko, lanpostuaren eginkizunekin zerikusia badute eta gutxienez 20 ordu eta gehienez 50 ordu irauten badute: 2 puntu.
–Erakunde publiko aitortuek antolatutako ikastaro bakoitzeko, lanpostuaren eginkizunekin zerikusia badute eta gutxienez 50 ordu eta gehienez 100 ordu irauten badute: 3 puntu.
–Erakunde publiko aitortuek antolatutako ikastaro bakoitzeko, lanpostuaren eginkizunekin zerikusia badute eta gutxienez 100 ordu eta gehienez 200 ordu irauten badute: 4 puntu.
–Erakunde publiko aitortuek antolatutako ikastaro bakoitzeko, lanpostuaren eginkizunekin zerikusia badute eta 200 ordutik gora irauten badute: 5 puntu.
–Prestakuntza izateagatik gizonen eta emakumeen arteko berdintasunari buruzko gaietan. 10 ordu edo gehiagoko ikastaroengatik: 1 puntu. 10 ordutik beherako ikastaroengatik: 0,5 puntu.
Atal honetan 5 puntu lortzen ahal dira gehienez.
III. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA
1. Irurtzun: kokapen geografikoa, azalera, biztanleria, lekuak, alderdiak, errekastoak, fauna, landaredia. Udal ondasun eta instalazioen, eraikinen eta zerbitzuen ezaugarriak eta antolaketa. Udalaren osaera.
2. Irurtzungo Udalaren udal ordenantzak:
2.1. Kiroldegiaren erabilera eta funtzionamendua arautzen duen erregelamendua.
2.2. Itxesia udal igerilekuen funtzionamenduaren erregelamendua.
2.3. Irurtzunen animaliak edukitzea arautzen duen ordenantza.
2.4. "Berroz" udal-baratze ekologikoen erabilera eta funtzionamendua arautzen dituen ordenantza.
2.5. Irurtzungo udal esparruan euskararen erabilera eta sustapena arautzen dituen ordenantza.
2.6. Bide publikoetan pasabideen lizentziak arautzen dituen ordenantza.
3. Administrazio publikoen administrazio-prozedura erkidearen oinarrizko gaiak: jakinarazpenak, administrazio-egintzak. Udalaren antolamendua eta eskumenak.
4. Oinarrizko ezagutzak laneko segurtasun eta higienearen gaineko arauez eta oztopo arkitektonikoen gaineko arauez. Segurtasuna, makinak eta erremintak erabiltzean.
5. Igeltserotzako kontzeptu orokorrak. Tresnak. Materialak. Zolatzea eta alikatatzea. Kofratuak eta paretak egitea. Obrak egoera onean zaintzea eta haiek mantentzeko lanak. Obra-makineria arina eta ertaina maneiatzea.
6. Zurgintzako oinarrizko lanak, esaterako: ate-leihoak doitzea, sarrailak, sarraila-zilindroak, pertsianak eta horrelakoak.
7. Oinarrizko argiztapen-zirkuituak: etengailuak, kommutadoreak, entxufe-oinak, lanparak, pitzarazgailuak eta erreaktantziak. Eraikinetako banaketa koadroak, potentzia kontrolatzeko etengailua, magnetotermikoa eta diferentziala.
8. Iturgintzako eta berokuntzako instalazioen gaineko mantentze-lanak: sanitarioak, txorrotak, zisternak, sifoiak, berokuntza zirkuituak, zirkuituak betetzea eta airez purgatzea, galdara-gelak eta haien berezko elementuak. Ezagutzea instalazio termikoetan efizientzia energetikoa hobetzeko sistemak (eguzki-energia termikoa, energia geotermikoa, biomasa).
9. Ezagutzea, maneiatzea eta mantentzea lorezaintzako eta mendiko produktuak, makinak eta erremintak (sasi-garbitzeko makina, belarra mozteko makina, heskai-moztekoa, aizkora, motozerra, altueran moarratzeko plataforma jasotzailea, traktorea, atzerako hondeamakina). Fitosanitarioak aplikatzea.
10. Lorezaintzako eta basogintzako ezagutzak.
11. Hondakinen tratamendua eta haiei buruzko ezagupen orokorra.
12. Aritmetikako eta geometriako oinarrizko ezagupenak.
Irurtzunen, 2025eko abenduaren 5ean.–Alkateordea, Juan José Iriarte Vitoria.
Iragarkiaren kodea: L2516040
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
