Iragarkia
98. ALDIZKARIA - 2025eko maiatzaren 20a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
LODOSA
Udal ordenantza, Gizalegezko jokaerak sustatzeari eta espazio publikoak babesteari buruzkoa
Lodosako Udalak, 2025eko otsailaren 6an egin ohiko osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen udal ordenantza bat, helburu duena gizalegezko jokaerak sustatzea eta espazio publikoak babestea Lodosako herrian. Iragarkia argitaratu zen 2025eko 38. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, otsailaren 25ean.
Jendaurrean egoteko hogeita hamar eguneko epea iraganik, inork alegaziorik aurkeztu ez duenez, ordenantza behin betiko onetsitzat jotzen da, uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluarekin bat, eta argitaratzen den egunean jarriko da indarrean. Horiek horrela, ordenantzaren testu osoa ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan.
Hala ere, adierazi behar da ordenantza honek ez duela ondorio juridikorik izanen harik eta hilabete iragan arte, epe hori baitute Estatuko edo Foru Komunitateko Administrazioek toki-erakundeei errekerimendua egiteko, haien egintzak edo erabakiak deuseztatzeari dagokionez.
Erabaki honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, honen aurka, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, hautara:
–Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, jurisdikzio horretako organo eskudunari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.
–Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.
Lodosan, 2025eko apirilaren 10ean.–Alkatea, Laura Remírez Noguera.
UDAL ORDENANTZA, HELBURU DUENA GIZALEGEZKO JOKAERAK SUSTATZEA ETA ESPAZIO PUBLIKOAK BABESTEA, LODOSAKO HERRIAN
Zioen azalpena
Aurkezten dugun ordenantzaren helburua da gizalegezko jokaerak sustatzea eta espazio publikoak babestea. Funtsezkoa da ulertzea inork ez duela, bere ekintzen bidez, besteen eskubideak edo askatasuna urratu behar, edo ez diela kalterik egin behar ez udal-ondasunei, ez elkarbizitzarako jarraibideei.
Kasu bakanak izan arren, gizalegearen kontrako jokabideek kalte egiten diete herritarrenak diren jabetzei eta espazioei. Ekintza horiek dakarte funts publikoak gastatzea konponketetan eta mantentze-lanetan, funts horiek beste behar batzuetara bideratzen ahal liratekeen artean, eta bizikidetza ere hondatzen dute. Baliabide publikoen kudeaketa eraginkorra lotuta dago espazio komunak eta udalerriaren ondarea zaintzearekin.
Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legeak ezartzen ditu udal-erregulazioaren mugak, bai eta haren eskumenenak ere, eta lege-manu horren 25. artikuluan jasotzen dira toki-erakundeen oinarrizko eskumenak, hala nola udaltzaingoa, babes zibila eta osasungarritasun publikoaren babesa. Horren arabera, tokiko gobernuek harreman zibikoak antolatzeko erantzukizuna dute, ezarriz arau-hausteak eta zehapenak, betiere horri buruzko araudi espezifikorik ez badago.
Toki-erakundeek tokiko alderdiak arautzeko agindua dute, eta ordenantza honek kontuan hartzen ditu animaliak edukitzea, soinu-kutsadura, trafikoa, ingurumen-arauak eta beste alderdi batzuk.
Helburu nagusia da babestea espazio publikotik ikus daitezkeen ondasun publiko eta pribatuak. Herritarrek eskubidea dute beren udalerriaz baldintza onenetan gozatzeko. Era berean, zigortu nahi dira gizalegearen kontrako jokabideak, bizikidetza egokia sustatze aldera.
Dokumentu honen egiturak bost atal ditu. Lehenengoak definitzen ditu ordenantzaren helburua eta irismena. Bigarren atalak ezartzen du gizabidea sustatzeko esparru orokorra. Hirugarren atalak arau zibikoak zehazten ditu, kategorien arabera bilduta. Laugarren atala zehapen-sistemari buruzkoa da, eta bosgarrena arau-hausleen birgaitzeari buruzkoa. Eta azkenik, bi azken xedapenekin osatzen da.
I. TITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua. Xedea.
Ordenantza honek xede hauek ditu:
–Gizalegezko kontzientzia eta jokaerak bultzatzea, prebenituz herritarren bizikidetza trabatzen duten jarduerak.
–Erasoetatik, kalteetatik eta legez kontrako erabileretatik babestea ondasun eta espazio publikoak eta udalerriaren hirigintza eta arkitektura ondarea osatzen duten instalazio eta elementu guztiak.
Ordenantza honetan arautzen diren babes neurriak dira udal titulartasuneko zerbitzu edo erabilera publikoko ondasunei buruzkoak, hala nola, kaleak, plazak, pasealekuak, parkeak eta lorategiak, zubiak eta zaldainak, tunelak, aparkalekuak, iturriak eta urmaelak, eraikinak eta kultur etxeak, ikastetxeak, hilerriak, igerilekuak, kirolguneak eta haien instalazioak, estatuak eta eskulturak, bankuak, kale-argiak, elementu apaingarriak, bide seinaleak, zuhaitzak eta landareak, edukiontziak eta paperontziak, hesiak, udaleko garraio elementu eta ibilgailuak, eta jatorri bereko edo berdintsuko gainerako ondasunak.
–Gizalegezko balioen kontrako jarduerak zuzentzea, zehapen ahalmenaren bidez.
–Bizikidetzako arauak hausten dituztenen errehabilitazioa sustatzea.
2. artikulua. Udal eskumena eta aplikazio eremua.
1.–Ordenantza honetan ezartzen diren udal eskumeneko babes neurriek ez dituzte deusetan ukatzen ukitutako ondasunen jabeen eskubide, ahalmen eta eginbeharrak, ezta beste administrazio publiko batzuen eskumenak ere.
2.–Ordenantza honek herritarren gizalegezko balioei buruzko jarduerak eta hutsegiteak arautzen ditu; ez die, beraz, eragiten egungo antolamendu juridikoak ezarritakoa betetzeko egiten diren zerbitzu publikoen jarduerei.
3.–Ordenantza hau aplikatuko da Lodosako udal-mugarte osoan, eta herritarrak eta administrazioa lotzen ditu.
4.–Udalaren nahiz udalez gaindiko instalazio eta zerbitzuetan, kirol, kultur nahiz aisia arlokoetan, arau berariazkoei jarraituko zaie. Halakoei modu osagarrian aplikatuko zaie ordenantza hau, eta bidezkotzat jotzen bada, honen zehapen araubidea aplikatzen ahalko da, berezitasun batekin, arau haietako aginduei egokituko baitzaie.
II. TITULUA.–GIZALEGEA SUSTATZEA
3. artikulua. Xedapen orokorra.
1.–Lodosako Udalak gizalegezko balioak sustatuko ditu; gizalegezko baliotzat joko dira gizarte demokratiko bateko herritarren bizikidetza egokia ahalbidetzen dutenak. Gizarte horren ezaugarri nagusia da eskubide pertsonalak izatea; eskubide horien errespetuak dakar eginbeharrak izatea eta herritar bakoitzak horiek bete behar izatea.
Era berean eta berariaz, Lodosako Udalak legez dituen eskumenak erabiliko ditu herritarren kontzientzia guztiz pizteko hiriko espazio komunak zuzen erabili eta hiri ingurunea zaindu dezaten, bai eta gainerako herritarrak ere errespetatu ditzaten.
4. artikulua. Hezkuntza jarduerak.
Udalak bultzatuko du transmititzea eta sendotzea gizalegezko balioak eta jokaerak, bere eskumeneko hezkuntza eta prestakuntza arloko jarduketetan.
Era berean, eta bere eskumen guztiak erabiliz, portaera sozialaren oinarrian dauden balioak hedatzen eta sustatzen saiatuko da Udala, herritar bakoitzak bere askatasun konstituzionala erabil dezan, muga izanik gainerakoen eskubide eta balioak errespetatzea eta ondasun publikoak guztiek erabiltzeko moduan zaintzea.
5. artikulua. Hitzarmenak.
Udalak hitzarmenak egiten ahalko ditu bai beste administrazio edo erakunde publikoekin, bai entitate pribatuekin, baldin bultzatzen badituzte gizalegezko kontzientziazioa nahiz prestakuntza, hezkuntza eta jarduera pribatuak planaren xedeei egokitzea.
6. artikulua. Komunikazio publikoa.
Udalak balioak eta gizalegezko jokaerak hedatuko ditu, zabalkunde kanpainak eginez, herritar guztiei edo biztanle talde jakin batzuei zuzenduak.
III. TITULUA.–HERRITARREN PORTAERA
I. KAPITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK
7. artikulua.
1.–Bizikidetzaren printzipioak.
1.1.–Herritarrek bizikidetza errespetatu behar dute, eta ondasun eta zerbitzu publikoak haien helburuaren arabera erabili behar dituzte, errespetatuta gainerako herritarrek haiek erabiltzeko duten eskubidea. Horren ondorioz, debeku dira herritarren bizikidetza hautsi, eragozpenak sortu eta pertsonei lotsa galtzen dieten portaerak, ordenantza honetan ezarritako ildoetatik.
1.2.–Herritarrek eskubidea dute udalerriko bide eta espazio publikoak libreki erabiltzeko, eta askatasun hori errespetatu behar zaie. Eskubide hori gizalegez erabiliko da, eta eskubide horren mugak izanen dira, batetik, ondasun publikoen erabilerari buruzko xedapenak, eta, bestetik, gainerako pertsonak eta ondasun pribatuak errespetatu beharra.
2.–Kautelazko neurriak.
2.1.–Ordenantza honetan jasotzen diren aginduak edozein motatako materiala erabiliz urratzen direnean, agintaritzaren agenteek kendu edo altxatzen ahalko dute aldi baterako.
2.2.–Halaber, udalerriko halako toki batzuk hutsarazi edo haietarako sarrera mugatzen ahalko da, egiaztaturik gelditzen bada bertan maiz gertatzen direla ordenantza honetako arau-hausteak edo gertatzen ari direla, eta portaera berak beste toki batzuetan eginez gero, ez dutela arau-hausterik ekarriko.
II. KAPITULUA.–ONDASUNAK HONDATZEA
8. artikulua. Hondatzea eta kalteak eragitea.
Ezin izanen da jarduketarik egin ordenantza honek babesten dituen ondasunetan, baldin haien helburuaren kontrakoa bada, haiek hondatzen baditu edo kalteak eragiten badizkie, edo haien estetika desitxuratzen badu, 1. artikuluan ezarritakoaren arabera.
9. artikulua. Pintadak eta grafismoak.
1.–Debeku da pintadak, idatziak, inskripzioak eta grafismoak egitea edo espazio publikoa hondatzea edozein materialekin, bai eta halakoak egitea zerbitzu publiko baten ekipamenduen, azpiegituren edo elementuen eta, oro har, instalazioen barrualdean edo kanpoaldean ere. Bestalde, ibilgailuen eta oinezkoen integritaterako arrisku larritzat joko da edozein elementu, baldin ongi ikustea eragozten badu Udalak edo partikularrek jarri dituzten ispilu ganbiletan, segurtasuna handitzeko jarri ere, ikusgarritasun gutxiko tokietan.
2.–Aurreko apartatuan agertu debekutik kanpo geldituko dira horma-irudi artistikoak, baldin egiten badira, jabearen eta Udalaren baimena izanda, orubeetako hesietan, obretako itxituretan, mehelinetan edo gisakoetan.
Udalak aukerakoa du baimena ematea; hura ematen duenean, erantsiko da zer baldintza eta beharkizun bete behar diren.
3.–Erabilitako materialak edo tresnak kentzen edo atzematen ahalko dituzte agintaritza-agenteek baldin jarduerak Udalaren nahitaezko baimenik gabe egiten badira.
4.–Baldin eraikin publiko edo hiri altzarietako elementu batean pintadak egiten badira, edo paperak ezarri, kristaletan arrastoa egin edo apurtu, kartelak itsatsi, edo egiten bada eraikin publikoa edo hiri altzaria hondatzen duen beste edozein ekintza, Udalak erantzuleari egozten ahalko dizkio bidezko kalte-ordaina eta garbitu, berria jarri edo lehengoratzeko lanen fakturen kostua. Horrez gain, dagokion zehapena ezarriko dio.
10. artikulua. Arbolak eta bestelako landare espezieak. Parkeak, lorategi publikoak eta kirol-pistak.
1.–Herritarrek honako hauek errespetatu behar dituzte: parkeak, udalerriko lorategiak eta kirol-pistak, bai eta haietan dauden altzariak ere (bankuak, paperontziak, iturriak, haur-parkeak, ateak, saskiak, sareak, hesiak eta abar).
2.–Parke, lorategi, lore-aska eta eremu edo leku publikoetan landatutako arboletako landare-espezieak ongi zaindu eta mantentzeko, debeku dira ondoko ekintzak:
–Loreak, landareak edo zuhaixkak ebatsi, errotik atera edo hondatzea eta, oro har, behar ez bezala erabiltzea edo hondatzea parkeak edo lorategiak, belardiak edo landaketak.
–Soropila kaltetzea, berariaz baimentzen diren parkeetako lekuetan izan ezik.
–Zuhaitzak moztea, inaustea edo haustea.
–Motordun ibilgailuak eta ziklomotorrak erabiltzea plaza, parke eta lorategietan, baimendutako ibilgailuak izan ezik.
–Zuhaitz-azaletan grabatu edo pintatzea, puntapaxak sartzea, haiei lotzea eskailerak, tresnak, aldamio euskarriak eta abar, eta kartelak paratzea.
–Arbolen eta lorategien ondoan obra-materialak metatzea, aldi baterako bada ere, edo horien gainean edozein motatako produktu toxikoak isurtzea, edo halakoak ez direnak ere bai, espezieei kalte egiten badiete.
–Berdeguneetan botatzea zaborrak, hondakinak, harriak, legarra edo beste edozein produktu, baldin haiei kalte egiten ahal badiete edo eraso egiten ahal badiete haien estetikari eta gustu onari.
–Sua egitea parke eta lorategietan, salbu eta Udalak modu puntualean baimendutako tokietan eta hark ezarritako baldintzetan.
3.–Era berean, debeku da parkeetan eta kirol-pistetan egotea sartu eta ixteko ordutegi araututik kanpo, dauden seinaleek adierazitakoari kasurik ez egitea, edo desobeditzea gune zehatz batzuetara sartzeko aldi baterako edo behin betiko murrizketei.
11. artikulua. Paperontziak eta edukiontziak.
Debeku da erabiltzea bide edo espazio publikoetako paperontziak edo edukiontziak, halako moduz non kalteak eragiten diren, edo haien estetika desitxuratzen den edo erabilera oztopatzen den.
Bereziki debeku da haiek mugitzea, erauztea, erretzea, iraultzea edo haien edukia lurrera botatzea, inskripzioak egitea eta paperak edo eranskailuak itsastea.
1.–Hondakin solido txikiak, hala nola zigarrokin itzaliak, azalak, txikleak, paperak, poltsak, bilgarriak eta gisakoak, paperontzietara bota behar dira, eta birziklagaiak izanez gero, bilketa sailkaturako eremu publikoan paraturik dauden edukiontziak edo zaborrontziak erabiliko dira.
2.–Debeku da botatzea paperontzi edo edukiontzietara tresna edo objektu arriskutsuak, eta piztutako zigarrokinak edo beste edozein gauza. Ondorio horietarako, tresna edo objektu arriskutsutzat hartuko dira pertsonei kalteak eragiten ahal dizkietenak, produktu kimikoak, piroteknikoak edo lehergaiak, bai eta piztutako hondakin solido txikiak eta piztuta dagoen edo berez erre daitekeen beste edozein materia ere.
Paperontzietara botatzen ahal ez diren hiri hondakinak horretarako paratu edukiontzietara bota beharko dira, Jurramendiko Mankomunitateko ordenantzen arabera eta hondakinen gaikako bilketaren printzipioarekin bat.
III. KAPITULUA–HERRITARREN JARDUKETAK
1. ATALA.–ONDASUN EDO ZERBITZUEN ERABILERA ARRUNTAREN KONTRAKO JARDUERAK
12. artikulua. Bide edo eremu publikoen erabilera arruntaren kontrako jarduerak.
1.–Bide edo eremu publikoek eta haien elementuek zer xede duten, haren arabera erabiliko dituzte herritarrek, eta ezin izanen dute nahita eragotzi oinezkoak edo ibilgailuak ibiltzea horretarako prestatutako lekuetan, legez ezarritako tokietan eta baldintzetan izan ezik.
Eremu publikoak eta bertako elementuak errespetatu egin behar dira eta beren helburuaren arabera erabili, eta ez dira hondatu behar edo beren estetika zabartu, bestela ezin baitira normal erabili, eta gainerako herritarrek eskubidea baitute horiez gozatzeko.
2.–Debeku da bide edo eremu publikoetan eta haien elementuetan edozein eratako jardueratan aritzea, baldin eta, kasu zehatz bakoitza eta inguruabarrak kontuan hartuta, pertsonei edo ondasun publiko zein pribatuei kalteak egiten bazaizkie edo herritarrei eragozpen nabariak, edo arriskuan jartzen badute pertsonen osotasun fisikoa eta gainerakoen eskubideak urratzen badituzte. Aipatzearren, baina zerrenda mugatzeko asmorik gabe, debeku dira honako hauek:
a) Bankuen eta eserlekuen kontserbazio egokiari kalte egiten dion erabilera; ezin dira erauzi, hautsi, pintatu edo zikindu edo edozein modutan hondatu.
b) Jostetarako aparatuak behar ez bezala erabiltzea, erabilera horren ondorioz hondatu edo suntsitzen ahal badira.
c) Udalaren haurrendako parkeak erabiltzea jostetarako ezarritako adinetik gorakoek.
d) Paperontzi eta edukiontzietatik kanpo botatzea pipitak, fruitu lehorren azalak edo antzekoak, zigarrokinak eta hautsontzien barrukoa, txikleak, bilgarriak edo paperak, edarien ontziak (latak, botilak eta edalontziak), hondar solidoak edo beste era bateko zaborrak.
e) Paperontziak iraultzea edo beren tokitik ateratzea eta bertako zaborrak lurrera botatzea, baita beren itxura eta osotasuna hondatzen duten beste ekintza batzuk ere.
f) Hiri hondakinetarako paperontzi eta edukiontzietan tresna edo objektu arriskutsu edo kaltegarriak botatzea. Ondorio horietarako, tresna edo objektu arriskutsu edo kaltegarritzat hartuko dira pertsonei edo ingurumenari kalte egiten ahal dietenak, hala nola animaliak eta animalia-hondarrak, produktu kimikoak, piroteknikoak, lehergailuak eta su-eragileak, zigarrokinak, pilak eta bateriak, aparatu elektriko eta elektronikoak, pintura-potoak edo -aerosolak, bonbillak edo fluoreszenteak.
Material birziklagarrietarako, erabiliko dira eremu publikoan gaikako bilketarako dauden edukiontziak eta zaborrontziak.
g) Manipulatzea hodiak, txorrotak eta gainerako elementuak iturri publikoetan, parke eta lorategietan (ur-harguneak eta aspertsoreak), beren funtzionamendu egokirako ez denean.
h) Udalerrian dauden kale-argiei, eskulturei, beste hiri-altzari batzuei eta gainerako apaingarriei kalte egiten dien edozein ekintza edo manipulazio, baita horiek hondatuko dituen edozein ekintza ere.
i) Harriak edo antzeko gauzak botatzea eremu publikoan edo altzarien, ibilgailuen, etxebizitzen edo pertsonen kontra, kalteak sorrarazten badituzte edo pertsonen osotasun fisikorako behar ez diren arriskuak eragiten badituzte.
3.–Artikulu honetako 2. apartatuan xedatutakoa ez da aplikatuko aurretik baimena lortu denean edo aipatutako jarduerak egiten direnean berariaz prestaturiko tokietan edo berez haiek egiteko diren tokietan, ezarritako baldintzak betez.
Udalak bizikidetzarako arauak ematen ahalko ditu eta halako eremu batzuetan erabilera berariazkoa edo debekatua zehaztu, kartelen bidez.
4.–Eremu publikoetan ezin da inolako elementurik instalatu edo paratu, Udalaren baimenik izan ezean.
5.–Eragozpenak sortzen dituzten jarduerak eta herritarren atsedena urratu edo horien integritate fisikoari kalte egiten dieten jarduerak, udal eremu, pista, instalazio eta haurren jostetarako eremuetan, baimen edo adierazpen espresik ez bada.
2. ATALA.–JARDUERA BERARIAZKOAK
13. artikulua. Hondakinak eta zaborrak.
1.–Debeku dira jarduera edo eragiketa baimen gabe guztiak, zikintzen ahal badituzte erabilera publikoko bide eta eremuak, horretan barne direla orubeak, itxi gabeko finkak, ibaiertzak eta ibaien ibilguak. Batzuk aipatzearren, debeku da aipatutako bide edo espazioetan automobilak edo bestelako ibilgailuak garbitzea, konpontzea edo olioztatzea, ezinbesteko kasua izan ezean; zigarro-muturrak, bilgarriak, txikleak eta hondakin solidoak edo likidoak botatzea; hautsontziak eta ontziak hustea; botilak haustea; zaborrak edukiontzi edo paperontzi hutsen ondoan uztea; eta gisako beste ekintza batzuk.
2.–Herritarrak behartuta daude hiri hondakinak paperontzi eta edukiontzietara botatzera, hondakinen bilketa sailkatuaren arabera.
Hondakin solido txikiak, hala nola zigarrokin itzaliak, azalak, txikleak (paper batean bilduak), paperak, poltsak, bilgarriak eta gisakoak paperontzietara bota behar dira, birziklagarriak izan ezean: halakoak izanez gero, bilketa sailkaturako eremu publikoan paraturik dauden edukiontziak erabiliko dira.
Debeku da paperontzi edo edukiontzietara botatzea tresna edo objektu arriskutsuak, eta piztutako zigarrokinak edo beste edozein gauza. Ondorio horietarako, tresna edo objektu arriskutsutzat hartuko dira pertsonei kalteak eragin diezazkieketenak, produktu kimikoak, piroteknikoak edo lehergaiak, bai eta piztutako hondakin solido txikiak eta piztuta dagoen edo berez erre daitekeen beste edozein materia ere.
Paperontzietara botatzen ahal ez diren hiri hondakinak horretarako paratu edukiontzietara bota beharko dira, Jurramendiko Mankomunitateko ordenantzen arabera eta hondakinen gaikako bilketaren printzipioarekin bat.
3.–Espresuki debeku da beirazko edozein objektu, osorik edo hautsirik, utzi edo lagatzea erabilera publikoko edozein lekutan. Beirazko objektuak, hain zuzen, Jurramendiko Mankomunitateak beirarako berariaz paratutako edukiontzian bota behar dira.
4.–Debeku da paperontzi edo edukiontzietara botatako hondakinak atera eta barreiatzea.
5.–Debeku da, egitez edo ez-egitez, ingurunea kaltetzen ahal duten hondakinak (koipeak edo gisako beste gai batzuk izateagatik) isurtzea euri uren sarera edo zuzenean ibaira, ugaldera, idoietara, ubideetara, urmaeletara edo iturrietara, xaboiak, garbikariak.
6.–Herritarren betebeharra da inausketetako eta baratzeetako hondakinak edo horien antzeko hondakin organikoak botatzea Jurramendiko Mankomunitateak horretarako jarriak dituen edukiontzietan.
14. artikulua. Animaliak.
1.–Soropil eta lorategien gainean gorotzak uztea.
2.–Zaldi-azienda edo beste animalia batzuk sartzea bazkatzera.
3.–Txakurrak aske eramatea. Txakurrentzako egokitutako lekuetan aska ditzakete, hala nola "Txakurrentzako aisia-gunean".
15. artikulua. Askotariko obrak eta jarduerak.
1.–Bide publikoan zikinkeria sor dezaketen jarduerak egiten badira, non-nahi eginak izanagatik eta batere ukatu gabe kasu bakoitzean behar diren lizentziak edo baimenak, titularrak behartuak daude neurriak hartzera eremu publikoan zikinkeriarik sortu ez dadin, eta, era berean, behartuak daude bai eremu publikoa bai bertako egitura elementuak garbitzera, eta gelditu diren hondakinak jasotzera.
2.–Zikinkeriarik ez sortzeko, bide publikoa ukitzen duten obrak egiten ari direnek bide publikoa babestu beharko dute, elementu egokiak paratuz eraisketen, zabor-legarren eta obran sobratutako materialen inguruan, ez daitezen barreia eta hedatu lanek hartzen duten esparru zehatzetik kanpora.
3.–Bereziki, bide publikoan egiten diren zanga, kanalizazio eta lotura lanen inguruak, beti garbi eta inolako hondakinik gabe eduki beharko dira. Ateratako lurra aurreko 1. zenbakian zehaztu bezala babestu beharko da.
4.–Obrak bide publikoan edo aldameneko lekuren batean egiten direnean, hesiak eta babes-elementuak nahiz seinaleak ezarri beharko dira. Horietaz gain, hodiak ere bai, eraisketako materialen eta produktuen zamalanetarako, behar diren baldintzak betetzen dituztenak, eremu publikoa ez zikintzeko eta jendeari edo gauzei kalterik ez egiteko. Orobat, dagozkien segurtasun eta osasun planak bete beharko dira.
5.–Eraikinak jaso bitartean, bide publikoa garbitzeko betebeharra, esparru material osoan, obrako kontratistarena da (pertsona fisikoa edo juridikoa).
6.–Bide publikoan utzitako materialak tratatu beharko dira apirilaren 8ko 7/2022 Legean xedatutakoaren arabera (hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzkoa eta ekonomia zirkularra bultzatzekoa).
7.–Bide publikoa zikin dezakeen edozein ibilgailuk zamalanak, obrak nahiz biltegietako sartu-ateratzeak, etab. bukatutakoan, lan horietaz arduratu diren langileak eta, bestela, establezimendu edo obretako titularrek eta, azken finean, ibilgailuaren jabe edo gidariek garbitu beharko dituzte bide publikoa eta bertan zikindutako elementuak, eta botatako materiala jasoko dute.
8.–Arduradunak Udalari edo kontzejuari ordaindu beharko dio garbiketa-lanen kostua. Edonola ere, gerta liteke isuna ere ordaindu behar izatea.
16. artikulua. Orubeak garbitzea eta horien mantentze-lanak.
1.–Jabeek zabor eta hondakinik gabe eduki beharko dituzte orube eta lursailak, eta behar bezalako baldintzetan, higienearen, osasungarritasunaren, segurtasunaren eta apaindura publikoaren aldetik. Orobat, eduki behar dituzte izurririk gabe (arratoiak, saguak edo intsektuak) –bereziki zainduz ez egotea liztor asiarrik edo espezie inbaditzailerik– eta putzurik gabe, horiek pizgarri izan baitaitezke inguruko eltxoen kopurua hazteko.
2.–Aurreko aginduan sartzen da orubeetako arratoi hilketa eta desinfekzioa egin beharra.
3.–Heskaiak eta lurzati pribatuetako gainerako zuhaixka edo landare erako elementuak ez dira inola ere eremu publikoetan sartuko. Zuhaitz edo zuhaixken sustraiek espaloietan eta gainerako espazio publikoetan sortzen ahal dituzten kalteak orube edo lurzati pribatuaren jabearen erantzukizuna izanen dira.
4.–Udalak ahalmena du aurreko 1. eta 3. zenbakietan aipatutako garbiketa lanak ikuskatzeko eta subsidiarioki eginak izan daitezela agintzeko, orubeak publikoak nahiz pribatuak izan.
5.–Udal zerbitzua edo udalerria garbitzeko lana adjudikatua duen enpresa arduratuko da aurreko artikuluan aipatu diren lanak subsidiarioki egiteaz, eta gastuak kargatuko zaizkio egiteko betebeharra zuenari eta ordenantza fiskalek xedatzen dutenaren arabera, eta, gainera, ezartzen ahalko zaizkio dagozkiokeen zehapenak.
3. ATALA.–BETEBEHAR BEREZIAK
17. artikulua. Ekitaldi publikoak.
1.–Ekitaldi publikoen ondorioz zikinkeria sorrarazten bada edo kalte egiten bazaie hiri edo arkitektura elementuei, erantzuleak izanen dira pertsona fisiko edo juridiko antolatzaileak, eta administrazioak behartu ditzake lehengoratzera erabili edo hondatzen diren ondasunak.
2.–Udalak fidantza eratzeko eskatzen ahalko die antolatzaile horiei, garbiketa eta ingurumen lanetatik zein ekitaldia egitearen ondorioz sor daitezkeen bestelako kalte-galeretatik eratortzen den erantzukizuna bermatzeko.
3.–Ekitaldi publikoen antolatzaileek balizko kalteak bermatzen dituen erantzukizun zibileko aseguru-kontratua gauzatu beharko dute beti, ekitaldiaren izaera kontuan hartuta.
IV. TITULUA.–ZEHAPEN ARAUBIDEA
18. artikulua. Xedapen orokorrak.
1.–Zehatzeko ahala arlo honetan erabiltzeko, legez eta erregelamenduz ezarrita dagoen prozedurari jarraituko zaio, zehapenak ezartzeko.
2.–Zehapen prozedura abiatzeko eskumena duen organoak dakienean gertaerak, arau-hauste administratiboa ez ezik, zigor-zuzenbideko arau-haustea ere izan daitezkeela, organo judizial eskudunari jakinaraziko dio eta geldirik utziko du zehapen prozedura –hasita badago– harik eta agintari judizialak bere iritzia eman arte.
Zehapen prozedura etenda dagoen bitartean, etentzat joko dira bai arau-haustearen preskripzio epea, bai prozeduraren beraren iraungipena.
3.–Arau-haustearen erantzulea haren ondorioz sortutako kalte-galeren erantzulea ere izanen da; haien ordaina Lodosako Udalak erabakitzen duen maneran eginen da, arau-hausteari dagokion zehapena aparte utzita.
19. artikulua. Arau-hausteen sailkapena.
Ordenantza honetan ezarritakoaren kontrako arau-hausteak, izan egiteak nahiz ez-egiteak, joko dira oso astuntzat, astuntzat edo arintzat.
20. artikulua. Arau-hauste oso astunak.
Oso astunak dira honako hauek eragiten dituzten arau-hausteak:
a) Herritarren bizikidetza trabatzea, modu larri, berehalako eta zuzenean, eragotziz beste batzuen lasaitasuna edo beste batzuek eskubide legitimoak erabiltzea edo egitea mota guztietako jarduerak, bat datozenak araudi aplikagarriarekin edo osasungarritasun eta apaintasun publikoekin; betiere, jokaera horiek ez badaude sailkaturik martxoaren 30eko 4/2015 Lege Organikoan ezarritakoetan (Herritarren Segurtasunaren Babesari buruzko Lege Organikoa).
b) Zerbitzu publiko bat erabiltzeko eskubidea dutenei galaraztea hartaz baliatzea.
c) Zerbitzu publiko baten funtzionamendu arrunta galaraztea, edo horretarako oztopo larriak jartzea.
d) Larriki eta nabarmen hondatzea zerbitzu publiko baten ekipamenduak, azpiegiturak, instalazioak edo elementuak.
e) Espazio publiko bat erabiltzeko eskubidea dutenei galaraztea hartaz baliatzea. Betiere, arau-haustea izanen da oinezkoei edo ibilgailuei nahita eta modu larrian galaraztea haientzat prestatutako tokian zirkulatzea, baimenik izan gabe.
f) Larriki eta nabarmen hondatzea bide publikoak, edo haietako edozein instalazio eta elementu, izan higigarri nahiz higiezin, ez baldin badira herritarren segurtasuna asaldatzeak eragindakoak. Betiere, honako jokaera hauek izanen dira arau-hausteak:
–Seinale publikoak hautsi, erauzi edo pintatzea edo haietan kalteak sortzea, baldin eta horrela seinalea ikustea edo ulertzea eragozten edo zailtzen bada.
–Edozein motatako objektuei, zerbitzu publikoko elementuei, obra hondakinei edo zaborrei su ematea nahita edo erru larriarekin, eta gasolindegi batetik gertu 18. artikulua ez betetzea, arrisku larriren bat dagoenean.
–Bide publikoan eta parke eta lorategietan dauden arbolak haustea, edo deusetarako ez direla uztea.
g) Ordenantza honetan ezarritakoaren kontrako egiteak edo ez-egiteak, baldin arriskuan jartzen badute pertsonen osasuna edo osotasun fisikoa edo morala.
h) Bidegabeki eta maltzurkeriaz eragitea larrialdi zerbitzuak mobiliza daitezen.
i) Nahita itzaltzea argiteria publikoaren edozein sistema.
j) Urtebetean hiru arau-hauste astun edo gehiago egitea.
k) Arau-hauste astuna edo oso astuna egitea, espresuki debekatu denean baimentzeko idazkien edo beste batzuen bidez, edo baimen baten baldintzak ez betetzea eta horren ondorioz nahasmendu oso larria eragitea. Espresuki debekaturiko arau-hauste oso astuna egin bada, ezar daitekeen zenbatekorik handiena izanen da zehapena.
l) Desobeditze oso astuna. Agintaritzako agenteek debekatu ondoren norbaitek arau-hauste astuna egiten duenean edo haiek ez egiteko eskatu eta hala ere egiten duenean eta, era berean, arau-haustea egin ondoren agenteek egoera lehengoratzeko errekerimendua egin eta, hori momentuan posible izanda, uko egiten zaionean.
21. artikulua. Arau-hauste astunak.
Arau-hauste astunak honako hauek dira:
a) Bizikidetza nabarmen trabatzea, halako moduz non eragozten den beste batzuen lasaitasuna, beren eskubide legitimoak erabiltzea edo era guztietako jarduerak normal egitea, jarraikiz aplikatzekoa den araudiari edo osasungarritasun eta apaintasun publikoari, baldin eta jokaera horiek ez badaude tipifikaturik herritarren segurtasuna babesteari buruzko araudian.
b) Larriki trabatzea beste batzuei zerbitzu edo espazio publiko bat erabiltzeko eskubidea. Betiere, arau-haustea izanen da bide edo espazio publikoetan terrazak edo beladoreak jartzea Udalaren baimenik gabe.
c) Larriki trabatzea zerbitzu publikoen funtzionamendu arrunta.
d) Larriki hondatzea zerbitzu edo espazio publiko bateko ondasunak.
e) Larriki trabatzea osasungarritasun edo apaintasun publikoa. Betiere, arau-haustea izanen da:
–Zaborrak edo hondakinak botatzea estolderia-sarera edo bide edo eremu publikoetara, eta, horrela, ibiltzea eragoztea, edo osasungaiztasun arriskua sortzea.
–Eraikin edo ibilgailuetatik edozein gauza botatzea edo axolagabekeriaz edo zuhurtziagabekeriaz erortzera uztea, bidearen erabiltzaileei arriskurik sorrarazten bazaie.
–Eremu publikoan janariak edo edariak saltzea Udalaren baimenik gabe.
f) Nahita oztopatzea oinezkoek edo ibilgailuek normal zirkulatzea, haientzat prestatutako tokietan.
g) Modu oldakorrean gidatzea motordun ibilgailuak, edozein motatakoak direla ere, eta abiadura handian joatea bizikletan eta antzekoetan, oinezkoen guneetan.
h) Urtebetean bi arau-hauste arin edo gehiago egitea.
i) Arau-hauste arina egitea, espresuki debekatu denean baimentzeko idazkien edo beste batzuen bidez, edo baimen baten baldintzak ez betetzea eta horren ondorioz nahasmendu larria eragitea.
j) Desobeditze astuna. Agintaritzako agenteek debekatu ondoren norbaitek arau-hauste astuna egiten duenean edo haiek ez egiteko eskatu eta hala ere egiten duenean eta, era berean, arau-haustea egin ondoren agenteek egoera lehengoratzeko errekerimendua egin eta, hori momentuan posible izanda, uko egiten zaionean.
k) Ikuskaritza lana oztopatzea, udal ordenantza honetako nahiz gainerakoetako aginduen kontra arau-haustea eginda.
Honi dagokionez, oztopatze gisa joko dira nork bere nortasuna adieraztean datu faltsuak ematea edo nork bere nortasuna adierazteari uko egitea, Udalak kanpoko baliabideak erabili behar baditu hura ikusteko.
22. artikulua. Arau-hauste arinak.
Honako hauek dira arau-hauste arinak:
a) Herritarren bizikidetza arinki trabatzea, halako moduz non eragozten den beste batzuen lasaitasuna, beren legezko eskubideak erabiltzea edo era guztietako jarduerak normal egitea, jarraikiz aplikatzekoa den araudiari edo osasungarritasun eta apaintasun publikoari, baldin eta jokaera horiek ez badaude tipifikaturik herritarren segurtasuna babesteari buruzko araudian. Betiere, arau-hauste arina izanen da:
–Eremu publikoan sua egitea eta jarduera piroteknikoetan aritzea, Udalaren baimenik gabe.
–Petardoak eta bengalak eta edozein gai pirotekniko erabiltzea, suteak eragiten ahal badituzte, Udalaren baimenik gabe.
–Eragozpenak sortzen dituzten edo herritarren atsedena urratzen duten jarduerak egitea udal eremu, pista, instalazio eta haurren jostetarako eremuetan 22:00etatik 08:00ak arte, salbu eta berariaz baimentua badago.
–Edozein eratako jarduera edo jolasetan aritzea, baimenik gabe eta horretarako egokitu gabeko tokietan, baldin eta pertsonei edo ondasun publiko zein pribatuei kalteak egiten bazaizkie edo herritarrei eragozpen nabariak, edo arriskuan jartzen badute pertsonen osotasun fisikoa, eta eremu publikoa erabiltzen duten gainerakoen eskubideak urratzen badituzte.
–Eremu publikoetan edari alkoholdunak kontsumitzea, eragozpenak sortuz edo herritarren arteko elkarbizitza urratuz.
–Saihesten ahal den edozein eratako zarata egitea etxebizitzetan, bizilagunei eragozpenak sortzen badizkie edo beraien atsedena larriki urratzen badu, bereziki 22:00etatik 08:00ak bitarte lanegunetan eta 10:00ak bitarte jaiegunetan, zarataren eragile izanik etxeko konponketak, altzari aldaketak, etxetresna elektrikoak, soinu aparatuak, oihuak edo beste arrazoi batzuk:
–Motorrek, ihes-hodiek, pneumatikoek eta klaxonek modu desegokian sortutako zaratak, edo zakar edo irregularki gidatzearen ondoriozkoak, baita ibilgailuetan musika ekipoak bolumen handiz erabiltzea ere, edo eremu publikoan dauden gainerako pertsonen lasaitasuna edo bizilagunen atsedena larriki urratzen ahal duten beste zarata batzuk.
–Hotelek eta edariak eta janariak saltzeko establezimenduek ez betetzea intsonorizazio-neurriak.
–Keak edo usainak sorrarazten dituzten edo ingurunea hondatzen duten jarduerak egitea baimenik gabe.
b) Zerbitzu edo espazio publiko bat erabiltzeko eskubidea arinki trabatzea beste pertsona batzuei. Betiere, arau-haustea izanen da:
–Edozein motatako elkartek eremu publikoa erabiltzea horretarako baimenik edo lizentziarik eduki gabe.
–Baimenik gabe kanpatzea.
–Gaua ematea bankuen gainean, markesinetan edo kutxazain automatikoetan.
–Eremu publikoetan edozein elementu paratzea baimenik gabe.
–Eremu publikoa erabiltzea ibilgailuak konpontzeko, edo metal arotzerian, iturgintzan edo gisakoetan aritzeko, edo ibilgailuak, makinak, aparatuak nahiz animaliak garbitzeko.
–Lurzati pribatuetako heskaiek, zuhaixkek eta landare-elementuek eremu publikoak inbaditzea.
–Eskale itxurarekin hertsatze bidezko diru-eskean ibiltzea edo jazarpen jarrerak dituzten jokabideak izatea, edo trabatzen edo galarazten dutenak herritarrak eremu publikoetan libreki ibiltzeko eskubidea.
c) Zerbitzu publikoen funtzionamendu arrunta arinki trabatzea. Betiere, arau-hauste arina izanen da:
–Iturri edo urmael publikoetan bainatzea.
d) Zerbitzu edo espazio publiko bateko ondasunak arinki hondatzea. Betiere, arau-hauste arina izanen da:
–Zuhaitzei, landareei eta lorategi-eremuei kalteak egitea edo horiei kalte egiten ahal dien beste edozein erabilera.
–Zerbitzu edo espazio publiko bateko apaingarri, ekipamendu, azpiegitura, muntadura edo elementuetan kalte egitea eta horiek hondatzea eta, era berean, kale-argietan eta gainerako hiri altzarietan, argiztatzeko izan edo ez eta udalarenak izan edo ez.
–Edozein ondasun edo espazio publikotan pintadak, grafismoak edo horma-irudiak egitea Udalaren baimenik gabe.
–Banku eta eserleku publikoak erabiltzea horien kontserbazio egokiari kalte egiten dion moduan; ezin dira erauzi, hautsi, pintatu edo zikindu edo edozein modutan hondatu.
–Jostetarako aparatuak ez dagokien moduan erabiltzea, erabilera horren ondorioz hondatzen ahal badira.
–Paperontzi eta edukiontzietatik kanpo botatzea pipitak, fruitu lehorren azalak edo antzekoak, zigarrokinak eta hautsontzien barrukoa, txikleak, bilgarriak edo paperak, edarien ontziak (latak, botilak eta edalontziak), hondar solidoak edo likidoak.
–Paperontziak iraultzea eta bertako zaborrak lurrera botatzea, baita beste ekintza batzuk ere, baldin beren itxura eta osotasuna hondatzen badute eta horiek behar bezala ez erabiltzea badakarte.
–Tresna edo objektu arriskutsuak edo kaltegarriak botatzea paperontzietara. Horri dagokionez, tresna edo objektu arriskutsu edo kaltegarritzat joko dira honako hauek: pertsonei edo ingurumenari kalte egin diezaieketenak, hala nola animaliak eta animalien hondakinak, xiringak eta sorgorkarien kontsumorako tresnak, eritasunak kutsatu edo barreia ditzaketen osasun laguntzako materialak eta mota guztietako droga toxikoak, sorgorkariak eta gai kimikoak, erradiaktiboak, piroteknikoak, leherkorrak eta su-eragileak, pilak eta bateriak, aparatu elektriko eta elektronikoak, pintura pote edo aerosolak, bonbillak edo fluoreszenteak.
–Hodiak, txorrotak eta gainerako elementuak manipulatzea iturri publikoetan eta ureztatzeko-elementuetan, beren funtzionamendu egokirako ez denean.
–Udalerrian dauden kale-argiei, eskulturei eta gainerako apaingarriei kalte egiten dien edozein ekintza edo manipulazio, baita horiek hondatuko dituen edozein ekintza ere.
–Harriak, globoak, bolak edo antzeko gauzak botatzea bide publikoan edo altzarien, ibilgailuen, etxebizitzen edo pertsonen kontra, kalteak sorrarazten badituzte edo pertsonen osotasun fisikorako behar ez diren arriskuak eragiten badituzte.
–Landareak ureztatzea, soberako ura nolabait kalte daitezkeen etxebizitzetako objektu edo elementuen gainean eror badaiteke edo eremu publikoan edo haren erabiltzaileengan kalteak egin baditzake.
–Landareak, zuhaitzak, zuhaixkak edo soropila lapurtu, erauzi edo kaltetzea edo horiek hondatuko dituen edozein erabilera.
e) Osasungarritasun edo apaintasun publikoak modu arinean trabatzea. Betiere, arau-hauste arina izanen da:
–Bide publikoan edo hiri-altzarien gainean pixa edo kaka egitea eta tu egitea.
–Erabilera publikoko bideak eta eremuak zikintzea, barnean direla orubeak, hesitu gabeko finkak, ibaiertzak eta ibilguak.
–Eremu publikoan zaborra edo beste edozein elementu botatzea edo bertan uztea.
–Antenak eta klimatizazio-elementuak jartzea behar den baimenik gabe.
–Lorontziak, jardinerak edo bestelako elementu apaingarriak babesik gabe jartzea balkoi, leiho, terraza edo teilatu-lauetan, eta, ondorioz, ezin saihestea horiek erortzea bide publikora edo herritarren gainera.
–Eremu publikoaren aldera astintzea alfonbrak, arropak edo edozein eratako oihalak.
–Inausketetako eta baratzeetako hondakinak edo horien antzeko hondakin organikoak horretarako jarrita dauden edukiontzietan ez botatzea.
–Ibilgailuetatik objektu edo hondakin mota oro botatzea, abian nahiz geldirik egon.
f) Baimen baten baldintzak ez betetzea, betiere sailkapen larriagorik merezi ez badu.
g) Desobeditze arina. Agintaritzako agenteek debekatu ondoren norbaitek arau-hauste arina egiten duenean edo haiek ez egiteko eskatu eta, hala ere, egiten duenean eta, era berean, arau-haustea egin ondoren agenteek egoera lehengoratzeko errekerimendua egin eta, hori momentuan posible izanda, uko egiten zaionean.
h) Udal ordenantza honetako edo gainerakoetako aginduen kontra arau-haustea egin ondoan nork bere nortasuna zuzen adierazteari uko egitea, horrek arau-hauste arina badakar.
i) Udal agintariei errespeturik ez izatea beren eginkizunak betetzen ari direnean.
j) Agintariek edo zerbitzuek emandako aginduak edo egindako berariazko eskaerak ez betetzea.
k) Ordenantza honetan ezarritakoaren kontrako egiteak eta ez-egiteak, aurreko artikuluetan tipifikatu ez direnak.
23. artikulua. Zehapenak.
Arau-hauste arinei 60 eurotik 400 euro arteko isuna ezarriko zaie, 22. artikuluaren a), b) eta e) apartatuetan aipatutakoei izan ezik; izan ere, horiei 60 eurotik 150 euro arteko isuna ezarriko zaie.
Arau-hauste astunei 401 eta 800 euro arteko isuna ezarriko zaie.
Arau-hauste oso astunei 801 eurotik 1.500 eurora bitarteko isuna ezarriko zaie.
24. artikulua. Kalteak konpontzea.
Nolanahi ere, ordenantza honetan adierazten diren bidezko zehapenak ezartzean, bestelakotu den egoera lehengoratzeko eskatuko zaio arau-hausleari. Arau-hausleek eragindako kalte-galerak erantzuleek konpondu edo ordainduko dituzte beti.
Lehengoratzeko eta kalteak ordaintzeko eskaera Udalak izapidetuko du, antolamendu juridikoan ezarritakoaren arabera, eta kontuan hartuta hondatutako ondasuna nolakoa den.
Udalak derrigortuaren kontura eginen ditu egin beharrekoak gauzak arau-haustearen aurreko egoerara lehengoratzeko, non ez dituen arau-hausleak ordurako egin.
25. artikulua. Erantzuleak.
1.–Ekitaldi publikoetan, pertsona edo entitate antolatzaileak edo sustatzaileak izanen dira erantzule solidario, baita baimena eskatzen duena ere.
2.–Egile materiala izanen da kanpoko publizitatearen inguruko arau-hausteen erantzulea, eskuorriena barne.
3.–Etxebizitzak edo lokalak erabiltzeko eskubidea dutenak izanen dira 27. artikuluan bildu arau-hausteen erantzuleak.
4.–Gainerako kasuetan, arau-hausteen egile materialak izanen dira ordenantza honen kontrako arau-hausteen erantzuleak.
5.–Oro har, pertsona fisiko edo juridiko pribatuak izanen dira kalteen erantzule solidario, baldin eta legezko betebeharra badute beste batzuek egin ditzaketen administrazioko arau-hausteei aurrea hartzeko.
Erantzulea adingabea izanez gero, edo hari egotzi ahal ez izateko lege arrazoiren bat izanez gero, erantzuleak gurasoak, tutoreak edo legezko zaintza dutenak izanen dira.
6.–Arau-haustea dakarten jarduketak zenbait pertsonaren artean gauzatzen direnean, guztiak izanen dira erantzule modu solidarioan.
26. artikulua. Zehapenen mailaketa.
Aurreko artikuluen arabera sailkatu ondoren, ezarri beharreko zehapena mailakatzeko, honako inguruabar hauek hartuko dira kontuan:
a) Berrerortzea: baldin urtebetean eite bereko arau-hauste bat baino gehiago egin bada, ebazpen irmo batek hala deklaratuta.
b) Errepikatzea: urtebetean arau-hauste larriago bat egin bada, edo larritasun bereko edo txikiagoko bi arau-hauste egin badira, ebazpen irmo batek hala deklaratuta.
c) Zer kalte egin diren eta haien larritasuna.
d) Egindako kaltea prozedura ireki baino lehen konpontzea.
27. artikulua. Kautelazko neurriak.
Arau-hausleak gizalegerik gabe jokatzen segitu eta, hartara, beste batzuei traba egiten badie, kautelazko neurriak hartzen ahalko dira, galarazteko.
V. TITULUA.–ERREHABILITAZIOA
28. artikulua. Itundutako bukaera.
Bidezko zehapen ebazpena eman aurretik, komunitatearentzako zeregin edo lanak egiteko aukera eskaintzen ahal dio Udalak espedientatuari, ezar litekeen isun osoaren nahiz zati baten ordez; zein den arau-haustearen astuntasuna, haren araberako eta proportzioko zeregina izanen litzateke.
Aukera hori arau-hausleen errehabilitazio bide bezala eskaintzen ahalko da, eta horregatik, beharrezkotzat jotzen denean baino ez da aplikatuko, esaterako:
–Arau-hausteak oso zehapen astuna ezartzea dakarrenean.
–Zehapen astuna dakarren arau-haustea izanda, aurretik arau-hauste astunak edo oso astunak egin direnean.
–Arau-hausleak adingabeak edo ezgaiak direnean.
–Neurri hori hartzearen alde egiten duten baldintza bereziak ikusita, modu arrazoituan horrela erabakitzen denean.
Udalak espedientatuari eskainiko dio zer zerbitzu mota egiten ahal duen. Ahal dela, komunitatearen onerako lanak izanen dira, gizalegezko jokabideak sortu edo gisako ekintzen ondoriozko kalteen ordaina ematen dutenak. Udaleko langileek kontrolatu eta bermatuko dute betetzen direla.
Espedientatuak zer zerbitzu eginen duen onartu ondoan, prozedura ebazteko epea eten eginen da, eta egin beharreko zerbitzuaren baldintzak jakinarazi beharko dizkio Udalak arau-hausleari.
Udalak prozedura amaitzeko, espedientatuak egin beharreko zerbitzua zehaztuko du ebazpenaren ekitaldian, baita isunaren zenbatekoa ere, zehapena zerbitzuarekin osorik ordezten ez denean.
Kasu bakoitzaren inguruabarrak ikusita, Udalak kautelazko neurriak hartzen ahalko ditu, bermatzeko zerbitzua betetzen dela behar den denboran eta moduan.
Espedientatuak zerbitzuaren baldintzak onartu ondoren, zehapen prozedura amaitutzat joko da, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 86. artikuluan ezarritakoaren arabera (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea).
Zerbitzua behar den denboran eta moduan betetzen ez bada eta ez bada justifikatzen, isuna ezarriko da, prozedura laburtuaren bidez erabakita. Hori zehazteko, honako irizpide hauek hartuko dira kontuan:
–Hasierako arau-haustearen sailkapen bera izanen du arau-hausteak.
–Zehapena graduatzeko, berariazko astungarria izanen da Udalaren eta arau-hauslearen artean itundutako zerbitzua ez betetzea.
AZKEN XEDAPENAK
Lehena.–Ordenantzaren zabalkundea.
Onesten denean, Udalak ordenantza honen zabalkundea eginen du eskura dituen baliabideak erabiliz.
Bigarrena.–Indarrean jartzea.
Ordenantza hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratu eta hilabetera jarriko da indarrean.
Iragarkiaren kodea: L2505667
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
