1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK
85C/2025 EBAZPENA, apirilaren 23koa, Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusiak emana; honen bidez erabakitzen da erregistratzea, gordailutzea eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea Eguesibarko Udaleko langile lan-kontratudunen hitzarmena eta funtzionarioen eta administrazio-kontratudunen akordioa aldatzeko erabakia.
Eguesibarko Udaleko langile lan-kontratudunen hitzarmena eta funtzionario eta administrazio-kontratudunen akordioa aldatzeko akordioaren testua aztertu da (kode-zenbakia: 31100012142014), erregistro honetan 2025eko martxoaren 18an sartu zena eta Udalaren eta sindikatuen ordezkariek 2024ko irailaren 25ean izenpetu zutena.
Funtzionarioen eta administrazio-kontratudunen gaineko laneko agintaritzak akordioaren testuaren kontrol formalaren eskumena besterik ez du betetzen, egiaztatzeko Langileen Estatutuaren 85.3 artikuluan hitzarmen kolektiboentzat ezarritako gutxieneko edukia betetzen duela.
Esandakoa hala delarik ere, ohartarazi behar da toki-erakundeak abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren aplikazio eremuari atxikiak direla; haren bidez onetsi ziren Nafarroako Administrazio Publikoetan ari diren Langileen Estatutua eta haren garapenerako erregelamenduak. Han jasotzen diren arauak bete beharrekoak dira, eta ez minimoetakoak.
Honako hauetan xedaturikoari jarraikiz: Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 84.3 artikulua, Langileen Estatutuari buruzko Legearen Testu Bategina onesten duen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 90. artikuluaren 2. eta 3. apartatuak eta Hitzarmen kolektiboak, lan-akordio kolektiboak eta berdintasun-planak erregistratu eta gordailutzeari buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretua.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, eta Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 251/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidanak, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenbizikoa.–Agindua ematea Nafarroako Hitzarmen Kolektiboen, Lan Akordio Kolektiboen eta Berdintasun Planen Erregistroan inskriba dadin Eguesibarko Udaleko langile lan-kontratudunen hitzarmena eta funtzionario eta administrazio-kontratudunen akordioa aldatzeko erabakiaren testua, 18. artikuluari dagokionez (kode-zenbakia: 31100012142014).
Bigarrena.–Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea, orok jakin dezaten.
Iruñean, 2025eko apirilaren 23an.–Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusia, Iñaki Mendióroz Casallo.
ERANSKINA.–TESTU BERRITUA
18. artikulua. Ikasketak egiteko laguntzak.
18.1. 12.000,00 euroko funts bat sortuko da Eguesibarko Udaleko langileen, haien ezkontideen edo bikote egonkorren eta seme-alaben ikasketetarako laguntzak emateko, eta urtero eguneratuko da KPIarekin. Langile bakoitzeko 500 euroko muga ezartzen da kontzeptu guztietarako, eta inongo langilek ez du deialdi bakoitzeko zenbateko hori baino gehiago jasotzen ahalko "ikasketa-laguntza" gisa.
18.2. Laguntzaren onuradun izateko, beharrezkoa izanen da Eguesibarko Udalean zerbitzu aktiboan egotea uneko urte naturaleko urtarrilaren 1etik eskaerak aurkezteko epea bukatu arte (uneko urte naturaleko urriaren 31).
18.3. Funts hori honela aplikatuko da:
Lehenbizi, udal-langileek egiten dituzten ikasketetarako laguntzak emanen dira, horretarako funtsaren % 50 paratuz, honela banatuta:
a) DBHko lehen zikloa, DBHko 2. zikloa, Batxilergoa, LHko oinarrizko maila, erdi-maila, goi-maila, Hizkuntza Eskola eta UNED: matrikularen zenbatekoaren % 100. Gehienekoa: 500 euro udal-langileko.
b) Unibertsitateko ikasketak: 500,00 euro, baldin eta aurrekontuan horretarako partidarik bada; bestela, proportzionalki banatuko da eskaera guztien artean, eta inoiz ez da matrikularen kostua baino gehiago ordainduko.
Ikasturte batetik beherako ikasketetako matrikulak, ikasketa horiek azarotik abendura bitartean egindakoak badira, hurrengo urte naturaleko laguntzak eskatzeko epean aurkezten ahalko dira.
Udal-langileek aurkeztutako ikasketak esandakoaren arabera estaltzeko funtsari dagokionez, eskaera guztiei erantzun ondotik soberakina gelditzen bada, langileen familia-unitateetako kideen ikasketa-laguntzak estaltzeko funtsa handitzeko erabiliko da.
Langilearen familia-unitateko kideentzat, honako alderdi hauek hartuko dira kontuan:
a) Lehenbizi Hezkuntza Bereziaren % 100 ordainduko da, zerbitzu publikoek behar horri erantzuten ez dioten kasuetan soilik, eta, betiere, kasu bakoitzean behar den txostena egin ondotik; gehienez, 500,00 euro ordainduko dira udal-langile bakoitzeko.
b) Soberan gelditzen den zenbatekotik, Hezkuntza Berezia ordaindu ondotik gelditzen dena langileen familia-unitateko kideei ikasketa-laguntza emateko erabiliko da.
b.1) Honako ikasketa hauetarako bakarrik emanen dira langileen seme-alaben ikasketetarako laguntzak: DBH, Batxilergoa, LHko oinarrizko maila, erdi-maila, goi-maila, edo unibertsitateko ikasketak. Laguntza jasotzeko, honako hau egiaztatu beharko da:
– Laguntza eskatzen den ikasturterako ikastetxean matrikulatuta dagoela egiaztatzen duen dokumentazioa, egin beharreko ikasketa-maila adierazita.
–Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den unean 16 urtetik gorako seme-alabak izanez gero, familia-unitatearekiko mendekotasun ekonomikoa justifikatzen duen dokumentazioa, urte naturaleko errenta-aitorpena aurkeztuz egiaztatu beharrekoa.
b.2) Langile finkoen ezkontideek edo bizikideek honako hau egiaztatu beharko dute laguntza jasotzeko:
–Familia-liburua edo langilearen bikote egonkor gisa inskribatuta egotea egiaztatzen duen agiria.
– Laguntza eskatzen den ikasturterako ikastetxean matrikulatuta dagoela egiaztatzen duen dokumentazioa, egin beharreko ikasketa-maila adierazita.
–Gizarte Segurantzan alta emanda egon ez izana, edo laguntza eskatzen den urtean langabezian egotea, langabeziako sorospenik gabe.
–Langilearen mende egotea ekonomikoki.
Aurreko inguruabarrak ez badira urte oso-osoan bete, hilabete-kopuruaren arabera emanen da laguntza, laguntzarako eskubidea sortzen den egunaren hurrengo hilabete naturalean hasi eta hura jasotzeko eskubidea bukatzen den hilabetearen bukaerara arte.
18.4. Eskatzaileen ikasketa-mailak dokumentu bidez frogatu beharko dira, eta zenbateko horiek ordaintzeko eskaera Langileria Departamentuan aurkeztuko da, erregistro elektroniko bidez, irailean eta urrian, beharrezkoak diren agiri guztiekin batera. Laguntza ematearen aldeko erabakia hartzen bada, ordainketa azaroan edo abenduan eginen da. Eskatzen ahalko da urte naturalean hasten den ikasturtearen aitzineko ikasturtean egindako ikasketetarako laguntza, baldin eta aitzineko ikasketa-laguntzen deialdian eskatutako baldintzak betetzen baditu udal-langileak.
18.5. Bateraezinak izanen dira mota horretako laguntzak eta titularraren zein haren ezkontidearen lan-hitzarmen edo -akordioen ondorio diren antzeko laguntzak. Honela egiaztatzen ahalko da egoera:
–Ezkontidearen edo bikotekide egonkorraren ziurtagiria aurkeztuz, zeinean adierazten baita antzeko kontzeptuengatik ez duela zenbatekorik jaso.
–Dibortziatuta edo bananduta —ikasketa-laguntza eskatzeko arrazoi izan diren seme-alaben zaintza eta jagoletza partekatzen duen pertsonarekiko— dauden udal-langileen kasuan, elkarrekin izandako seme edo alaben gastuei dagokien erregimen ekonomikoa zehazten duen epaiaren zatia aurkeztuz.
–Guraso bakarreko familien kasuan, egoera hori egiaztatzeko, hura jasotzen duen familia-liburua aurkeztu beharko da, edo adierazi bezala guraso bakarreko familia dela egiaztatzen duen beste agiriren bat.
18.6. Modu ekitatiboan banatuko da udal-langileen familia-unitateko kideen ikasketetarako laguntzarako poltsa; hau da, zenbateko berean banatuko da horretara bideratutako zenbateko osoa, seme edo alabak nahiz ezkontidea edo bikotekide egonkorra hezkuntza-maila bakoitzean matrikulatuta dituzten langile guztien artean, proportzio honen arabera:
IKASKETA-MAILA | PROPORTZIOA |
DBH / Oinarrizko maila | 1 |
Erdi-mailako zikloa | 1.02 |
Batxilergoa | 1.02 |
Goi-mailako zikloa: | 1.02 |
Unibertsitate-ikasketak | 5.66 |
18.7. Ikasketetarako laguntza eskatu duten eta jasotzea egokitu zaien langileei ordaindu aitzinetik, txostena bidaliko zaio Langileen Batzordeari, eta bertan adieraziko da langile bakoitzak "ikasketa-laguntza" gisa jasotako zenbatekoa.
18.8. Erabakitzen da aipatutako alderdiak Hitzarmen Kolektiboaren 18. artikuluan sartzea, 2023ko irailaren 1eko atzeraeraginarekin. 2024ko deialditik aitzinera, urtero, KPIaren igoerarekin eguneratuko da kontzeptu guztiengatiko langile bakoitzeko 500 euroko muga —ikasketetarako laguntzen partidaren funtseko 12.000 euroetarako ezarrita dagoen bezala—. Era berean, 2024ko deialditik aitzinera, lehenik eta behin udal-langileen ikasketa-eskaerak beteko dira, eta, soberakinik balego, langileen senideen ikasketak estaliko dira, 18.6 artikuluan adierazitakoari jarraituta.
Iragarkiaren kodea: F2506147