Iragarkia
98. ALDIZKARIA - 2025eko maiatzaren 20a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK
69C/2025 EBAZPENA, apirilaren 9koa, Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusiak emana; horren bidez erabaki da Mondelez España Galletas Production SLU enpresaren (Viana) hitzarmen kolektiboa erregistratu, gordailutu eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Ikusi da Mondelez España Galletas Production SLU enpresak (Viana) aurkeztutako hitzarmen kolektiboa (kode zenbakia: 31004902011981), erregistro honetan sartu baitzen 2025eko martxoaren 31n, 2024ko abenduaren 10ean enpresaren ordezkaritzak eta langileen legezko ordezkarien gehiengoak sinatu ondoren.
Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina onetsi zuen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 90. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan eta Hitzarmen kolektiboak, laneko akordio kolektiboak eta berdintasun planak erregistratu eta gordailutzeari buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretuan ezarritakoarekin bat etorriz,
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, eta Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 251/2023 Foru Dekretuarekin lotuta, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.–Nafarroako Hitzarmen Kolektiboen, Lan Akordio Kolektiboen eta Berdintasun Planen Erregistroan inskribatzea Mondelez España Galletas Production SLU enpresak (Viana) aurkeztutako hitzarmen kolektiboa (kode zenbakia: 31004902011981).
Bigarrena.–Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea, orok jakin dezaten.
Iruñean, 2025eko apirilaren 9an.–Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusia, Iñaki Mendióroz Casallo.
MONDELEZ ESPAÑA GALLETAS PRODUCTION SLU ENPRESAREN HITZARMEN KOLEKTIBOA VIANAKO LANTOKIRAKO
2024-2026ko hitzarmen kolektiboa
LEHEN KAPITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK
Sinatzaileak.
Honako hauek sinatzen dute hitzarmen hau: alde batetik, Mondelez España Galletas Production SLU enpresaren Vianako lantokiko (helbidea: San Luis Gonzaga etorbidea 5, 31230 Viana) langileen legezko ordezkariak. Eta, bestetik, Mondelez España Galletas Production SLU enpresaren ordezkariak.
Bi alderdiek hitzarmen hau negoziatzeko eta sinatzeko legitimazioa eta gaitasuna aitortzen dizkiote elkarri.
1. artikulua. Langile eremua eta eremu funtzionala.
Hitzarmenak enpresak Vianan duen lantokian (helbidea: San Luis Gonzaga etorbidea 5, 31230 Viana) zerbitzuak ematen dituzten plantillako langile guztiak hartuko ditu eraginpean, bai oraingoak, bai gerokoak. Dena dela, gako diren langile eta postuen ordainsari ekonomikoari dagokionez, enpresak merezimenduak ordaintzeko ezarrita duen programari jarraituko zaio; beraz, hitzarmen kolektibo honen III. kapitulutik kanpo daude soldata berrikusteari dagokionez.
Orobat, eta merezimenduak dituzten langileei dagokienez, lanpostuak ebaluatzeko lanbide sailkapenaren sistema aplikatuko zaie; horrenbestez, hitzarmen kolektiboan aurreikusitako sailkapen sistematik kanpo daude.
Lantoki horretan garatu eta integratzen diren eginkizunak betetzen dituzten enplegatu guztiak hartuko ditu hitzarmen kolektibo honen eremu funtzionalak, enplegatu horiek hitzarmen kolektiboaren 2. eta 3. artikuluetan adierazitako aplikazio eremuaren barrenean egonik.
2. artikulua. Lurralde eremua.
Hitzarmen honek 1. artikuluan adierazitako enplegatu guztiak hartuko ditu eraginpean, zein den ere haien eginkizuna eta lan harremana –finkoa edo aldi baterakoa–, baldin eta Vianako lantokian (helbidea: San Luis Gonzaga etorbidea 5, 31230 - Viana, Nafarroa) fisikoki eta modu iraunkorrean lan egiten badute.
3. artikulua. Denbora eremua eta hitzarmena salatzea.
Hitzarmen honek sinatzen den egunean hartuko du indarra, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den eguna edozein dela ere. Hala ere, ondorio ekonomikoak atzera eramanen dira 2024ko urtarrilaren 1era arte. Hiru urteko indarraldia izanen du, 2024ko urtarrilaren 1etik 2026ko abenduaren 31ra arte, eta sinatzen den egunetik automatikoki salatutzat jotzen da, Langileen Estatutuaren 86.2 artikuluan aurreikusitakoaren ondorioetarako.
Edonola ere, Langileen Estatutuaren 86.3.4 artikuluan arautuarekin bat, hitzarmenak indarrean eta aplikagarri jarraituko du 2029ko abenduaren 31ra arte.
4. artikulua. Irenspena eta konpentsazioa.
Hitzarmen honetan itundu eta ezarritako baldintzek multzo zatiezina osatzen dute eta, urteko konputuan eta osorik hartuta langileentzat hobeak direnez gero, orain arte aplikatu diren guztiak ordeztuko dituzte.
Konpentsazioa eta irenspena eginen dira baldin eta benetan ordaintzen diren soldatak, urteko konputuan eta osorik hartuta, hitzarmen honetan finkatutakoak baino hobeak badira langileentzat; horrela ez bada, hitzarmen honetakoak aplikatuko dira.
Hitzarmen honetan ezarritako hobekuntza guztiak, urteko konputuan eta osorik hartuta, legezko xedapenen bidez ezartzen diren soldata-igoerekin eta era guztietako hobekuntzekin konpentsatu eta irensten ahalko dira, eta ez soilik izaera berekoekin.
Ordainsari edo hobekuntza horiek konparatzeko edo erreferentzia egiteko oinarritzat hartuko da itundutako lanorduekin duten lotura.
BIGARREN KAPITULUA
5. artikulua. Lanaldia.
5.1. Hitzarmen honetan araututako langileentzako urteko lanaldia aurrez aurreko 1.744 ordukoa izanen da 2024rako eta 2025erako, lantokirako ezarritako egutegiarekin bat etorriz.
Hitzarmen honetan araututako langileentzako urteko lanaldia aurrez aurreko 1.736 ordukoa izanen da 2026. urterako, lantokirako ezarritako egutegiarekin bat etorriz. Lanaldi hori finkatuta geratzen da.
Aurrez aurreko ordu horiek lan-egutegian finkatutako egun baliodunetan banatuko dira.
Hitzarmen honetan adostutako 2024., 2025. eta 2026. urteetarako lanorduen murrizketaren ondorioz lanegunak ez diren egunak enpresak izendatuko ditu urteko egutegiak banatzerakoan. Egun horiek asteburuei, jaiegunei, oporrei edo lanegunak ez diren beste egun batzuei lotuta egonen dira.
Sobratzen diren orduak lan-egutegian nola kokatu, enpresa batzordearen eta zuzendaritzaren artean negoziatuko da. Akordiorik lortu ezean, erdi bana antolatuko dituzte ordu horiek enpresa batzordeak eta zuzendaritzak. Sobratzen diren lanaldien kopurua zenbaki bakoitia delako bi alderdien artean zatitzerik ez badago, zuzendaritzak hartuko du egun horri buruzko erabakia. (Adibidez, hiru lanegun sobratzen badira, zuzendaritzak horietako biren gaineko erabakia hartuko du eta langileek baten gainekoa; bost sobratuz gero zuzendaritzak hiruren gaineko erabakia hartuko du eta langileek biren gainekoa).
Lan-egutegiak martxoaren 1erako egon beharko du ezarrita, urtero.
5.2. Lanaldi jarraitua duten langileek 15 minutuko atsedenaldia egiteko eskubidea izanen dute lanorduetan, benetako lanalditzat joko dena, baina baldin eta atsedenaldiek ez badute produkzio lerroa geldiarazten. Aurreko atala arautze aldera, produkzio lerroetako baten zerbitzuan ari diren langileen atsedenari dagokionez, txandaka hartuko dute makina bakoitzaren zerbitzuko langileek, halako moduan non behar bezala funtzionatzeko adinako arreta izanen baitu.
Txandaka hartuko den denbora hori ez da bi ordutik gorakoa izanen.
Horrez gain, laneko orduetan hiru atsedenaldi hartzeko eskubidea izanen da, gehienez ere 8 minutukoak, premia fisiologikoetarako (24 minutu guztira). Atsedenaldi horien antolaketa, orain arteko irizpideei jarraikiz, lana antolatzen duten arduradunen esku dago. Atsedenaldi horiek benetako lanorduak balira bezala ordainduko dira, aurreko paragrafoetan adierazitako kasuan bezalaxe.
5.3. Labeak pizten, oreak prestatzen eta horrelako lanetan aritzen diren langileek, bai eta produkzioa martxan jartzeko beharrezkoak diren aurretiazko prestakuntza lanak egiten dituztenek ere, beren lanaldia lehenago hasiko dute, aldez aurreko lan horiek prest izateko moduan, eta lanetik ateratzeko ordua sarrerako orduaren arabera egokituko da.
5.4. Larunbat, igande eta jaiegunetako lana:
5.4.a) Zuzendaritzak plantillako langile finkoentzat larunbat goizeko txanda ezartzen ahalko du, urtean gehienez ere bost larunbat pertsona bakoitzeko, baina mantentze-lanetako sailean (sail horretako administrazioa salbuetsita) urtean 11 larunbat izanen dituzte pertsona bakoitzeko:
–Langileak 78,12 euro gordineko konpentsazioa jasoko du 2023an, eta egun bateko atsedena, lan egindako larunbat bakoitzeko. Langileak ez badu diru konpentsazioa eta egun bateko atsedena hautatzen, larunbateko ordu horiek aparteko ordutzat joko dira (10. artikulua).
–Konpentsazio horretan ere urteko KPIaren ondorioz adosten diren soldata berrikuspenak aplikatuko dira.
–Atal honetan aurreikusitako lan txanda hori enpresak ez du erabiltzen ahalko uztailean, abuztuan, zubietan, bi egun baino gehiagoko asteburuetan eta irailean Vianako festekin batera suertatzen den asteburuan.
–Larunbatak erabiltzeko prozedura honako hau izanen da:
- Zuzendaritza langileen ordezkariekin bilduko da, zergatik, zenbatek eta zein egunetan lan eginen duten eta nola banatuko diren jakinarazteko.
- Iragarki-taulan ohar bat jarriko da larunbatetan lan egiteko prest dauden boluntarioak eskatzeko. Oharrean jakinaraziko da zergatik, zenbat langilek eta zein egunetan lan eginen duten eta nola banatuko diren.
- Larunbatetan lan egiteko lehentasuna beren borondatez eskatzen dutenek izanen dute, horien kopurua eta gaitasuna egokia bada.
- Boluntario gisa lan egiten dutenei ez zaizkie deskontatuko nahitaez lan egin beharreko bost larunbatak (11 larunbat mantentze-lanetako sailaren kasuan).
- Zuzendaritzak, boluntarioak zein diren jakinik eta beharrezkoa baldin bada, derrigorrez izendatutako langileekin osatuko ditu taldeak. Kasu horretan, familia unitatea errespetatuko du beti.
- Derrigorrez izendatutako langileei lan egin beharreko larunbata baino bi astebete lehenago abisatuko zaie.
–Derrigorrez izendatutako langile batek, aldi baterako ezintasuna dela-eta, ezin badu dagokion larunbatean lan egin, egun hori deskontatuko zaio derrigorrez lan egitera behartzen ahal zaion urteko bost larunbat horietatik. Horrelako kasuetan, enpresak derrigorrez izendatutako beste langile batekin ordezkatzen ahal du bajan dagoena, bi astebete lehenago abisatu beharrik gabe.
–Diru konpentsazioa eta atseden eguna/k hautatzen dituzten langileek larunbat goizeko lana egin eta urtebeteko epea izanen dute horiek hartzeko (uztaila, abuztua eta iraila kenduta).
- Atseden eguna egun berean har dezaketenak atal edo sail bakoitzeko plantillaren % 5 izanen dira, gehienez ere.
- Langile batek, bere atseden eguna hautatu izan arren, aldi baterako ezintasun egoeran badago eta ezin badu egun hori hartu, larunbateko ordu horiek aparteko ordu gisa kobratuko ditu, benetan lan egindako eta konpentsatu beharreko larunbat hartan aparteko orduek zuten balioan eta bere garaian kobratu zuen diru konpentsazioa deskontatuta.
5.4.b) Astelehenetik ostiralera lanaldi osoz lan egiten duten behin-behineko langileei, larunbatean lan egiten dutenean (gerta daiteke goizez, arratsaldez nahiz gauez egin beharra), akordio honetan biltzen dena aplikatuko zaie.
5.4.c) Enpresak lanaldi partzialeko kontratuak egin ditzake larunbat, igande, jaiegun eta zubietarako, goizeko, arratsaldeko eta gaueko txandetan. Langile horiek hitzarmen kolektibo honetako soldaten tauletan ezarritakoaren arabera kobratuko dituzte ordainsariak.
5.5. Lerroak bi txandakoak izatetik hirukoak izatera aldatzea.
Enpresak zilegi du produkzioa antolatzea, lerroak bi txandakoak izatetik hirukoak izatera aldatuz, betiere aldaketa horren hasierako eguna baino zazpi egun natural lehenago abisatuta. Urtean sei aldaketa egiten ahal dira, gehienez ere, pertsona bakoitzeko.
Hauxe da kasu horietan jarraitu beharreko prozedura:
–Gauez lan egiteko boluntarioak eskatuko dira, iragarki-taulan idatzi bat jarriz.
–Gaueko txanda osatzeko nahikoa boluntario izanez gero, langile boluntarioekin osatuko da txanda hori eta txanda horretan segituko dute lerroak hiru txandatan dirauen bitartean.
–Nahikoa boluntario ez badago, enpresak derrigorrez izendatutako langileekin beteko ditu bere beharrak, hiru taldeak osatu arte.
Hiru taldeen txandakatzea asterokoa izanen da, hurrenkera honetan: gaua, arratsaldea eta goiza. Talde horietako batek ere ez du gaueko txandan aste bat baino gehiago jarraian lan egiten ahalko. Beste aukera bat da hiru txanda horien txandakatzea hilabetera luzatzea, betiere luzerako bada (hiru hilabete gutxienez), hots, talde bakoitza gaueko txandan hilabete osoan aritzea, beste biak goizeko eta arratsaldeko txandak astero aldatzen duten bitartean. Aukera hori egoera horretan dauden langile gehienek onartu beharko dute.
Lerroa lehengo egoerara itzultzen denean, hau da, hiru txandatik bira aldatzen denean, beste lerro bateko gaueko txandan jarraitu nahi duten boluntarioak ados jarriko dira egoera horretan dagoen espezialitate bereko langilearekin. Enpresak aldaketa horretarako baimena eman beharko du aldez aurretik.
5.6. Goizeko txandatik arratsaldekora aldatzea eta alderantziz:
Enpresak, produkzioa antolatzeko, zilegi du langileak goizeko txandatik arratsaldekora eta alderantziz aldatzea, aldaketa gauzatu baino 72 ordu lehenago abisatuz:
–Urtean sei aldaketa egiten ahal dira, gehienez ere, pertsona bakoitzeko. Aldaketak ez du astebete baino gehiago iraunen aldi bakoitzean.
–Txanda aldaketak astelehenean hasiko dira beti, edo jaiegunaren ondorengo lehenbiziko egun baliodunean.
–5. atala aplikatzearen ondorioz egiten ahal diren txanda aldaketak ez dira asteko txanda aldaketatzat hartuko.
–Enpresak banan-banan aztertuko ditu txanda araubidea aldatzeko eskaerak, gaueko txanda batez ere, eta lana behar bezala egiteko antolaketa arazorik sortzen ez duten aldaketak burutuko ditu.
5.7. Lanaldia banatzeko malgutasuna.
5.7.a) Larunbat, igande eta jaiegunetan lan egitea derrigorrezkoa izanen da. Dena dela, urtero negoziatzen ahalko da gehienez ere urteko bost jaiegun lan egin beharretik libratzea, produkzioaren beharrek horretarako aukera ematen dutenean. Inoiz ere lanegun izanen ez diren bost jaiegun horietatik bi Eguberri eguna eta Urteberri eguna izanen dira, non ez diren oporraldian gertatzen, eta gainerakoak alderdiek negoziatu beharko dituzte.
5.7.b) Betiere, 2008ko uztailaren 18a baino lehen (enpresaren 2008tik 2012ra bitarteko hitzarmenak indarra hartu zuen eguna) kontratatutako langileek, norberaren berme gisa, zerbitzuak astelehenetik ostiralera bakarrik emateko eskubidea izanen dute, non ez duten beren borondatez onartzen lana asteburuetan eta jaiegunetan egitea.
5.7.c) Enpresak bi modu hauetan bana dezake larunbat, igande eta jaiegunetan zerbitzuak eman behar dituztenen lanaldia:
5.7.c).1. "Slug txandakatze" izeneko txanda malguari atxikitako enplegatuak.
7 asteko zikloko txanda malgua, astelehenetik igandera arte lan eginez, ondoren azaltzen den txandakatzearekin:
ASTELEHENA | ASTEARTEA | ASTEAZKENA | OSTEGUNA | OSTIRALA | LARUNBATA | IGANDEA |
Atsedenaldia | Atsedenaldia | X | X | X | X | X |
ASTELEHENA | ASTEARTEA | ASTEAZKENA | OSTEGUNA | OSTIRALA | LARUNBATA | IGANDEA |
X | Atsedenaldia | Atsedenaldia | X | X | X | X |
ASTELEHENA | ASTEARTEA | ASTEAZKENA | OSTEGUNA | OSTIRALA | LARUNBATA | IGANDEA |
X | X | Atsedenaldia | Atsedenaldia | X | X | X |
ASTELEHENA | ASTEARTEA | ASTEAZKENA | OSTEGUNA | OSTIRALA | LARUNBATA | IGANDEA |
X | X | X | Atsedenaldia | Atsedenaldia | X | X |
ASTELEHENA | ASTEARTEA | ASTEAZKENA | OSTEGUNA | OSTIRALA | LARUNBATA | IGANDEA |
X | X | X | X | Atsedenaldia | Atsedenaldia | X |
ASTELEHENA | ASTEARTEA | ASTEAZKENA | OSTEGUNA | OSTIRALA | LARUNBATA | IGANDEA |
X | X | X | X | X | Atsedenaldia | Atsedenaldia |
ASTELEHENA | ASTEARTEA | ASTEAZKENA | OSTEGUNA | OSTIRALA | LARUNBATA | IGANDEA |
Atsedenaldia | X | X | X | X | X | Atsedenaldia |
Txandakatze sistema horri atxikitako enplegatuek bost jaiegunetan hartuko dute atseden urteko hamalauetatik; haietako lau honako hauek izanen dira:
–Urtarrilaren 1a.
–Urtarrilaren 6a.
–Abenduaren 25a.
–Abenduaren 31.
Enplegatuak aukeratuko du bosgarren jaieguna; betiere, antolakuntzako eta produkzioko beharrek utziz gero.
5.7.c).2. Slug txandakatze sistema aplikatzen ez zaien txanda malguko langileek hurrengo lan sistema izanen dute, lanaldia honela banatuta larunbat, igande eta jaiegunetan:
–Astelehenetik igandera bitarteko ordutegian, astean segidako bi eguneko atsedenarekin astelehenetik ostiralera bitarte.
–Egunean 8 edo 12 orduko lanaldian, baina zerbitzuak larunbat, igande eta jaiegunetan bakarrik emanez.
5.7.c).2.1. Txanda malguari atxikitako langileei Slug txandakatze sistema aplikatuko zaie edo, 5.7.c).2.2.–Dena dela, aurreko 2.1 puntuan xedatutakoa gorabehera, Slug txandaketa ezinezkoa denean astelehenetik igandera bitarteko lan sistema duten lerroetan, txanda malguari atxikitako langileek hurrengo lan sistema izanen dute, lanaldia honela banatuta larunbat, igande eta jaiegunetan:
2.2.a) Astelehenetik igandera bitarteko ordutegian, astean bi egun segidako atsedenarekin astelehenetik ostiralera bitarte.
2.2.b) Egunean 8 edo 12 orduko lanaldian, baina zerbitzuak larunbat, igande eta jaiegunetan bakarrik emanez.
2.2.c) Hilabetean asteburu oso bateko atsedenaldia hartuz.
5.7.d) Behartuta edo beren borondatez larunbatetan lan egiten dutenek 78,12 euroko plusa jasoko dute 2023an, lanaldia 8 ordukoa bada, eta 117,19 eurokoa, 12 ordukoa bada. Igandeetan lan egiteagatiko plusa igandean produkzioa martxan jartzean egoten den gauzainari ere ordainduko zaio, eta 93,74 eurokoa izanen da 2023an lanaldia 8 ordukoa bada, eta 140,63 eurokoa lanaldia 12 ordukoa bada. Soberako orduetako lana 78,12 euroko plus batekin konpentsatuko da 2023an, lanaldia 8 ordukoa bada. Plus horiek urtero eguneratuko dira, soldata taulak berrikusteko ezarritako portzentajearen arabera. 12 orduko lanaldietan atsedenaldiak egindako lanaldiaren araberakoak izanen dira.
5.7.e) Lerroak astelehenetik ostiralera bitarte asetuta daudenean bakarrik joko da larunbat, igande eta jaiegunetan lan egitera, merkatuaren eskaerari erantzuteko sor daitezkeen beharrak betetzearren. 15 egun lehenago emanen da abisua. Betiere, larunbat, igande eta jaiegunetan zerbitzuak ematen dituzten langileen kopurua ez da sail bakoitzeko (ontziratzea, produkzioa, mantentze-lana) langileen kopuruaren % 40 baino handiagoa izanen. Horretarako, aurreko 5.7.b) puntuan ezarritako eskubidea hartuko da kontuan, portzentaje hori gaindituz gero. Portzentaje hori berrikusi beharko da enpresak hala eskatzen badu produkzioaren baldintzek behartuta, produkzio hori bermatzearren.
5.7.f) Bolumena handituz gero eta astelehenetik igandera bitarteko txanda malguan lan egin beharra dakarren produkzioko beharra sortuz gero, malgutasun hori honela aplikatuko da:
–Enpresak boluntarioak eskatuko ditu eraginpeko produkzio arloan, txanda malgua hasi baino 15 egun lehenago.
–Posizio bakoitzerako, ekipo/makina/posizio horretan lan egiteko beharrezkoa den kualifikazio maila daukaten enplegatu boluntarioak baino ez dira hartuko ("Education and training" zutabean ezarritako kualifikazio sistemaren 3. edo 4. maila).
–Enplegatu malguek beti lehentasuna izanen dute malgu ez direnen aurretik, eta boluntario izateko izena ematen duten enplegatu ez malguek txanda malguan urtebete egoteko konpromisoa hartu beharko dute, non eta beharra ez den lehenago akitzen.
–Nahikoa boluntario izan ezean edo posizio berean aritzeko kualifikazio maila berdina duten hainbat boluntario ateratzen badira, bihurketa sailak antolatuko du txanda, beharren arabera.
–Bihurketa sailak aginduta zerbitzuak eman behar dituzten langile malgu ez boluntarioen kasuan, txandakatze sistema bat ezarriko da, eta langile malgu ez boluntarioen artean banatuko da beharra. Txandakatzea urte osorako ezarriko da, salbu eta txandakatzea urtea baino lehen bukatzen bada beharrik ez dagoelako jada. Beste behar bat sortu eta astelehenetik igandera bitarteko txanda malguan lan egin behar izanez gero, boluntarioak lortzeko beste prozesu bat abiaraziko da eta txandakatze berriari atxikiko zaizkio aurreko aldian derrigortu moduan parte hartu ez duten langile malguak, betiere posizio bakoitzerako langile kualifikatu nahikoak baldin badaude (3. eta 4. mailak).
5.8. Lan-denbora kontatzeko, langileak, hala eguneroko lanaldiaren hasieran nola bukaeran, lanpostuan egon behar du.
5.9. Administrarien udako lanaldia ekainaren 1ean hasiko da eta irailaren 30ean bukatuko.
Egun horietako lan ordutegia hurrengo artikuluan arautzen da; hala ere, ekainak 1aren aurreko aste naturalean eta irailak 30aren ondorengo aste naturalean administrariek 07:30etik 15:30era eginen dute lan.
Tarte horretan (ekaineko 1aren aurreko aste naturaletik iraileko 30aren ondorengo aste naturalera arte) guardiako txanda bat antolatuko da, pertsona bakar batek beteko duena, fabrikako zuzendaritzarekin ados jarri eta zerbitzu beharrak ikusita.
Ahaleginak eginen dira pertsona hori boluntarioa izan dadin; bestela, guardiako txanda txandaka eginen da saileko plantillako langileen artean. Guardiako egun bakoitzeko 10,30 euro gordineko plusa kobratuko da 2023. urtean.
Plus hori jasoko dute saileko plantillan gaur egun daudenek eta ez zaie ordainduko langile sartu berriei.
5.10. Enpresak langile bati egutegia aldatzeko eskatu badio eta egutegi berri horren ondorioz ezin baditu orduak berreskuratu urteko lanaldi osoa bete arte urte naturalaren bukaeran, ez zaio ordu horiek berreskuratzeko eskatuko.
5.11. Enpresak asteartea/asteazkena eta asteazkena/osteguna egutegi malguetarako boluntarioak eskatuko ditu. Boluntariorik ez badago, nahitaez aplikatuko da. Enpresak sei hilean behin berrikusiko du esleipena, txandaka.
5.12. Enpresak astelehenetik ostiralera lan egitea eskainiko die 57 urtetik gorakoei, betiere bost urteko antzinatasuna badute eta poltsa batean txertaturik badaude, lanpostu huts bat dagoenean. Lanpostua hurrenkeraren arabera emanen zaie poltsan daudenei, eta urtebeteko txandakatzea izaten ahalko dute.
6. artikulua.
6.1. Ordutegia.
–Lanaldi zatitua (administrarientzat).
- 8:00 - 18:00, bazkaltzeko bi orduko tartearekin.
–Udan (administrarientzat).
- 07:30 - 15:00.
–Bi errelebo (txandak).
- 06:00-14:00 eta 14:00-22:00.
–Bi errelebo (txandak mantentze-lanetako sailekoentzat).
- 06:30-14:30 eta 14:30-22:30.
–Hiru errelebo (txandak).
- 06:00-14:00, 14:00-22:00 eta 22:00-06:00.
–Hiru errelebo (txandak mantentze-lanetako sailekoentzat)
- 06:30-14:30, 14:30-22:30 eta 22:30-06:30.
–Gaueko ordutegia.
- 22:00 - 06:00.
–Gaueko ordutegia (mantentze-lanetako sailekoentzat)
- 22:30 - 06:30.
6.2. Mantentze-lanetako sailaren funtzionamendua:
Goizez lan egiten duten mantentze-lanetakoek astelehenetan ordubete luzatuko dute lanaldia, goizeko 05:30etik 06:30era, hain zuzen, produkzio jarduera martxan jartzearren.
Ordu hori zertarako den kontuan izanik, "martxan jartzeko lantzat" hartuko da eta, beraz, zein motatakoa den kontuan hartu gabe, aparteko orduaren prezioan ordainduko da, lanaldi bereziei buruz indarrean dagoen legezko araudian martxan jartzeko lan horientzat ezarria dagoen bezala.
Mantentze-lanetako sailak malgutasuna izanen du bere zerbitzuan. Malgutasun horri esker gure lehiakortasuna hobetuko dugu merkatuaren beharrei aurre egiteko; izan ere, merkatua gero eta aldakorragoa da, eta egokitu beharra dugu, nahitaez, lehiakorrago izateko, hazten segitzeko eta gure kontsumitzaileak asebeteko dituzten produktuak eskaintzeko.
Mantentze-lanetako saileko filosofia puntu hauetan datza:
a) Bere lana prebentziozko mantentze-lanen bitartez hobetzea, produktibitatea gehituz produkzio lerroen etekina hobetze aldera.
b) Prebentziozko mantentze-lan batzuk egiteko beharrezkoa izanen da makinen geldialdiak eta produkzio jarduerarik gabekoak aprobetxatzea.
Laugarren txandarako beste lan egutegi bat ere bada, VI. eranskinean ageri dena.
VI. eranskinean ageri diren txandetako baten ordutegia 24:00etatik 08:00etara baldin bada ere, igandetik astelehenera, ordutegi horretan lan egin behar duten pertsonen baldintza sozialak hobetzeko asmoz, onartua dago txanda horretakoek 23:00etatik 07:00etara lan egitea.
Zuzendaritzak mantentze-lanetako zerbitzua plantillako langileen baitan kontzentratzeko konpromisoa hartu du, nahiz eta zilegi den estutasunetan kanpoko enpresak erabiltzea. Iturgin lanak, beraz, kanpoko enpresak kontratatzeari jarritako muga horretatik salbuesten dira.
Enpresak ez ditu aldi baterako laneko enpresak erabiliko mantentze-lanetako zerbitzurako.
Mantentze-lanetan diharduten plantillako langile finkoek hemen azaldutako malgutasuna ez badute etorkizunean onartzen, 1999ko uztailaren 7a baino lehenago zituzten baldintza ekonomikoetara itzuliko dira, mantentze-lanetako sailean jarraitzen badute, betiere. Hemen azaltzen den malgutasuna konpentsatzeko, aipatu egun hartan mantentze-lanetako kategoria guztien tauletan (1. mailako ofizial balioaniztuna, 1. eta 2. mailako elektromekanikari ofizialak eta elektromekanikari urgazlea) 360,61 euroko (60.000 pezeta) igoera egin zen, oinarrizko soldataren eta laneratze eta puntualtasun plusaren artean proportzionalki banatuta, eta gainera 540,91 euroko (90.000 pezeta) "ad personam" osagarria aplikatu zitzaien.
7. artikulua. Oporrak.
7.1. Araubide orokorra.
Enpresako langileek hiru txandatan hartuko dituzte oporrak, honako egunetan eta baldintzetan:
A txanda.
–Hiru aste segidan, uztailean, hilaren lehen astean kontatzen hasita (Vianako Magdalena herriko festen astea baino hiru aste lehenago).
–Astebete irailean, Logroñoko festekin batera.
–Astebete abenduan (Eguberriak).
B txanda.
–Hiru aste segidan, uztailean eta abuztuan, "Magdalena" asteko lehenbiziko lanegunetik hasita (uztailaren 22a, Santa Maria Magdalena, Vianako herriko festa).
–Astebete irailean, Vianako festekin batera.
–Astebete abenduan (Eguberriak).
C txanda.
–Lau aste segidan, abuztuan eta irailean, B txandakoek segidan hartutako hiru asteak bukatzean kontatzen hasita.
–Astebete abenduan (Eguberriak).
Oporren txanda horiek aldatzen ahal dira zuzendaritzaren eta enpresa batzordearen artean adostuta.
7.2. Baldintza orokorrak.
Lehendabizikoa.–Langileak opor txandetan banatzeko, langile bakoitzak urtero egin beharko du aukeraketa, eta ezinbesteko baldintza da fabrikazioko eta ontziratzeko zuzeneko laneskua hiru txandetan banatzea, horietako bakoitzean langileen % 33 sartuz, gehienez ere. Oporrak martxoaren 1ean aukeratuko dira, urtero.
Bigarrena.–Aurreko baldintza betetzen ez bada, enpresak ahalmena izanen du langileak opor txanda batetik bestera aldatzeko, gutxieneko kopuru hori osatu arte. Aldaketa horiek egiteko orduan, familia unitatea errespetatuko da eta pertsona bati ez zaizkio bi urte jarraian oporrak aldatuko.
Hirugarrena.–Txanda aukeratu ondoren eta lehenbiziko baldintza betez gero, enpresak opor multzo bateko langileak bestera aldatzea beharrezkoa badu, langile boluntarioez baliatuko da eta horiek plus ekonomiko baten bidez sarituko ditu (2023. urtean 17,61 euro gordineko plusa oporretako lanegun aldatu bakoitzeko).
Laugarrena.–Oporrak aukeratu eta gero, norbaitek bere oporren txanda aldatu nahi badu, bere espezialitateko beste ofizial batekin ados jarri beharko da, enpresak baimendu ondoren.
Bosgarrena.–Bigarren, hirugarren eta laugarren baldintzetan aipatutako oporren aldaketak egiteko, oporrak hartzen hasi baino bi hilabete lehenago jakinarazi beharko dira, gutxienez ere.
7.3. Mantentze-lanak:
Hiru txanda orokorren oporrak gainjartzearen ondorioz lantegia geldirik dagoen egunetan, mantentze-lanetako saileko plantilla osoak (sail horretako administrazioa izan ezik) lan egin beharko du.
Gainjartze horrek dirauen bitartean lan egindako egunak langile bakoitzak bere nahierara hartuko ditu, baina inoiz ere ez saileko bi pertsonak baino gehiagok batera.
Aurreko bi paragrafoetan adierazitakoaren kontrakorik ez bada, "Araubide orokorra" izeneko 1. atalean aipatutako baldintza orokorrak mantentze-lanetako saileko langileei ere aplikatuko zaizkie.
7.4. Konpentsazioa: Oporrak ordaintzen diren kasuetan, honela ordainduko dira:
1.–Oinarrizko soldata gehi norberaren plusa, egun natural guztietan.
2.–''Ad personam'', egun natural guztietan.
3.–Soldata osagarria, egun natural guztietan.
4.–Laneratze eta puntualtasun plusa, lanegun guztietan.
7.5. Langileak gaixotasunarengatik edo istripuarengatik ezin badu aurreikusitako datan oporraldia hartu, Langileen Estatutuaren 38. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.
HIRUGARREN KAPITULUA
8. artikulua. Ordainsariak.
Hitzarmen kolektiboaren bidez arautzen diren enplegatuentzat hitzarmen honetan itundutako ordainsariak ordainsari gordinak dira. Hori dela-eta, langileak berak ordainduko ditu pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga eta Gizarte Segurantzari ordaindu beharrekoa, baita etorkizunean ezartzen ahal diren antzeko kontzeptuak ere.
8.1. Soldata igoera.
Hauexek izanen dira hitzarmen kolektiboaren bidez arautzen diren enplegatuentzat adostu diren soldata igoerak 2024., 2025. eta 2026. urteetarako:
1.–2024. urtea:
Soldata bermea zera izanen da: 2024rako soldata-tauletan, soldata-igoera hau aplikatuko da 2023ko taulen gainean: urte horretako urtarriletik abendura bitarteko KPI erreala (Estatistikako Institutu Nazionalak argitaratutako Kontsumoko Prezioen Indizea) gehi % 0,6.
Soldata igoera hauxe izanen da: Urteko % 2,2ko igoera finkoa + % 0,8 (% 0,8 aplikatuko da waste –hondakinak– fabrikako helburuak betetzen badira).
2.–2025. urtea:
Soldata bermea zera izanen da: 2025erako soldata-tauletan, soldata-igoera hau aplikatuko da 2024ko taulen gainean: urte horretako urtarriletik abendura bitarteko KPI erreala (Estatistikako Institutu Nazionalak argitaratutako Kontsumoko Prezioen Indizea) gehi % 0,6.
Soldata igoera hauxe izanen da: Urteko % 2,2ko igoera finkoa + % 0,8 (% 0,8 aplikatuko da waste –hondakinak– fabrikako helburuak betetzen badira).
3.–2026. urtea:
Soldata bermea zera izanen da: 2026rako soldata-tauletan, soldata-igoera hau aplikatuko da 2025eko taulen gainean: urte horretako urtarriletik abendura bitarteko KPI erreala (Estatistikako Institutu Nazionalak argitaratutako Kontsumoko Prezioen Indizea) gehi % 0,6.
Soldata igoera hauxe izanen da: Urteko % 2,2ko igoera finkoa + % 0,8 (% 0,8 aplikatuko da waste –hondakinak– fabrikako helburuak betetzen badira).
Igoera eta berrikuspena gaur egun aplikatzen diren kontzeptu beren gainean aplikatuko dira, eta ez zaizkie aplikatuko merezimenduak dituzten langileei.
Igoera bera eta ondorio berekin aplikatuko zaie aldi baterako laneko enpresetako langileei.
8.2. Ordainsarien kontzeptuak:
a) Oinarrizko soldata.
Lanbide kategoriaren arabera eta hitzarmen honen 1. eranskineko 1. zutabean jasotako balioen arabera ordainduko da.
b) Plus pertsonala.
2008-2012 aldiko hitzarmen kolektiboak indarra hartu zuenetik behin betiko kendu zen antzinatasunaren osagarri pertsonala.
Edonola ere, 2008-2012 aldiko hitzarmen kolektibo hori sinatu zen egunean plantillan zeuden langileek eutsi egiten diote, baldintzarik onuragarriena den aldetik eta norberaren plusaren izaerarekin, 2008-2012 aldiko hitzarmen kolektiboak indarra hartu zuen egunean antzinatasun osagarriaren kontzeptuarengatik jasotzen zuten zenbatekoari.
Plus hori enpresaren 2008tik 2012ra bitarteko hitzarmen kolektiboan xedatutako moduan igoko da, hau da, gehienez ere lau hirurteko berri (bost, hitzarmena sinatu zenean 40 urtetik behera zuten langileen kasuan) sortzeak emanen lukeen kopurua adina, 2008tik 2012ra bitarteko hitzarmena sinatu zenetik kontatu beharrekoa, hirurteko berri bakoitza sortzen den egunean berean.
Aipatutako hirurteko gehigarri horiek orain arte bezala kalkulatuko dira, oinarrizko soldatari % 7 aplikatu eta ateratzen den kopurua jasotzen ari den norberaren plusari gehituta.
Hona bi adibide, norberaren plusa nola kalkulatu adierazteko:
–Langilearen antzinatasuna: 1975/06/20.
- Kategoria: Ontziratze saileko 1. mailako ofiziala.
- Hirurtekoaren azken aldaketa 2010eko ekainean izan zen.
- 2012. urteko norberaren plusa: 10.323,95 euro (22,69 x 455 = 10.323,95 euro).
- 2013. urtean, 2013. urteko KPI errealaren igoera erabaki da. Eman dezagun % 1eko KPIa; norberaren plus berria hau izanen da:
- 22,69 + % 1 = 22,92 euro; urte osorako: 22,92 euro x 455 = 10.427,19 euro.
–Langilearen antzinatasuna: 2004/06/10.
- Kategoria: Ontziratze saileko 1. mailako ofiziala.
- Hurrengo hirurteko aldaketa 2013/06/01ean izanen da.
- 2012. urteko norberaren plusa: 386,75 (0,85 x 455 = 386,75 euro).
- Norberaren plusa, % 1eko KPIarekin eguneratua: 0,86 x 455 = 390,6 euro.
- Plus aldaketa 2013/06/01ean: hirurteko aldaketa bakoitzak bere kategoriako oinarrizko soldataren % 7ko igoera dakar.
- Oinarrizko soldata: 34,05.
- 34,05 euroren % 7 = 2,38 euro.
- Norberaren plusa + hirurtekoaren igoera: 0,86 + 2,38 = 3,24.
- Norberaren plus berria, urtean: 3,24 x 455 = 1.475,02 euro.
Aurreko hitzarmena sinatu eta urte eta erdi egitean sortutako hirurteko gehigarri bati dagokion ordainsariari buruz, 2008-2012 hitzarmenean ezarritakoaren ondorioz adostutako kopuruak sortzen diren unean jasoko dira, Iruñeko Lan arloko 2. Epaitegiaren 2011ko abuztuaren 2ko epaian ezarritakoari jarraituz.
c) Laneratze eta puntualtasun plusa.
I. eranskineko 2. zutabean kategoria bakoitzerako zehaztutako zenbatekoei dagokie. Plus hori benetan lan egindako egun bakoitzean sortuko da, eta, orobat, arauzko oporraldietako eta "zubietako" lanegun bakoitzean. Plus hori ez da ordainduko larunbat, igande eta jaiegunengatik.
Urte osoko balioan ateratzen den zenbatekoa egun gehiagotan banatzen ahalko da, langile gehienek onartzen badute, urtean 455 egunetan gehienez ere. Aukera hori ekitaldiaren hasieran bakarrik erabiltzen ahalko da.
d) Malgutasunaren ondoriozko prestasun plusa.
Prestutasun malguko plusa: 649,33 euro urtean 2023rako, langile guztientzat, ordutegi malgua ez duten eta astelehenetik ostiralera lan egiten duten langileentzat izan ezik.
e) Gaueko lana.
22:00etatik 06:00ak arte lan egiten dutenek gaueko lanaren plusa jasoko dute. Lanordu bakoitzari dagokion plusa kalkulatzeko formula hau erabiliko da:
Honako honen % 25: (Oin. soldata + Norberaren plusa x 365) + (Ad personam x 12) + (Laneratze eta puntualt. plusa x (Urteko lanaldia / 8)) |
Urteko lanorduak |
–Gaueko lanaren plusa oporraldian. Honela ordainduko da:
Oporraldiaren aurreko sei hilabeteetan gaueko lanagatik kobratutakoa |
|
Sei hilabete horietako lanegunen kopurua |
f) "Ad personam" osagarria.
"Ad personam" osagarria langile bakoitzarentzat ezarritako zenbatekoa da, hain zuzen ere hitzarmen honen III. eranskinean agertzen den izen zerrendan kreditatua.
Zenbateko horiek urtez urte igoko dira hitzarmen honen gainerako kontzeptuak igotzen diren portzentaje beretan.
g) Garraio plusa.
"Garraio plusa" langile bakoitzarentzat ezarritako zenbatekoa da, hain zuzen ere hitzarmen honen IV. eranskinean agertzen den izen zerrendan kreditatua. Plus hori benetan lan egindako egun bakoitzari dagokio.
Espresuki adostu denez, plus hori bakarrik gaur egun daukatenentzat izanen da eta ez zaio beste inori ordainduko, ez gaur egungo plantillako beste langileei, ezta etorkizunean kontrata litezkeenei ere.
h) Ibiltari lanetako plusa.
Ibiltari lanetan aritutako egun bakoitzeko soldata osagarri bat kobratuko du langileak. Horren zenbatekoa hauxe izanen da: sei lanordu kontatuta, bere lanbide kategoriaren eta 1. mailako ofizialaren arteko soldaten diferentzia.
i) SLUG malgutasun plusa.
Slug txandakatze malguko lan sistema, 5. artikuluko 7.C).1 atalean aurreikusia, duten langileek jasoko dute plus hori.
Plus hori, gehienez ere, 1.785,86 euro gordinekoa izanen da urtean 2023rako, eta egunero jaso eta sortuko da Slug txandakatze malguko sisteman benetan lan egindako ordu bakoitzeko.
Slug malgutasun plusa lanpostuko plusa da.
9. artikulua. Aparteko pagak.
Kontzeptu honen izenpean langile guztiei aparteko hiru paga ordainduko zaizkie, hilabete bateko oinarrizko soldataren baliokoa bakoitza, gehi norberaren plusa, "ad personam" plusa eta soldata osagarria, horrelakorik sortuz gero, hileko soldatapeko langileen kasuan, eta 30 eguneko oinarrizko soldataren baliokoa gehi antzinatasuna, "ad personam" plusa eta soldata osagarria, horrelakorik sortuz gero, eguneko soldatapeko langileen kasuan.
–Paga horietako lehenengoa uztailaren 15ean ordainduko zaie, edo aurreko egun baliodunean, egun horretan jardunean dauden langileei, eta horren zenbatekoa kalkulatzeko urtarrilaren 1etik ekainaren 30era arte enpresan lan egindako denbora hartuko da kontuan.
–Lehenengo seihilekoan enpresa uzten duten langileek enpresan eman duten denborari dagokion zatia kobratuko dute.
–Paga horietako bigarrena abenduaren 22an ordainduko zaie, edo aurreko egun baliodunean, egun horretan jardunean dauden langileei, eta horren zenbatekoa uztailaren 1etik abenduaren 31ra arte enpresan lan egindako denboraren araberakoa izanen da. Bigarren seihilekoan enpresa uzten duten langileek enpresan eman duten denborari dagokion zatia kobratuko dute.
–Paga horietako hirugarrena, mozkinen paga deitzen dena, hura sortu eta hurrengo urteko martxoko nominarekin batera ordainduko da, eta horren zenbatekoa kobrantzako hilean indarra duten soldata balioen araberakoa izanen da, sortzapen denboran (urtarrilaren 1etik abenduaren 31 arte) enpresan emandako denboraren proportzioan.
–Urtean barna enpresa uzten duten langileek enpresan emandako denboraren araberako zati proportzionala kobratuko dute, kobrantzako egunean indarra duten soldata balioen arabera kalkulatuta.
–Gaixotasun nahiz istripuaren ondoriozko aldi baterako ezintasun egoeran dauden bitartean, arauzko eskersarien ordainpartearen emaitza diren balio ekonomikoak ez dira aparteko pagen kalkulutik kenduko.
–Soldadutzan dauden langileek hiru eskersariak kobratuko dituzte, enpresan lanean aritu balira bezala.
2024an, uztaileko aparteko ordainsaria laneratze eta puntualtasun plusaren 10 eguneko baliokidea den zenbatekoan igoko da, eta abenduko aparteko ordainsaria plus horren 20 eguneko zenbatekoan, hitzarmenaren 8.2.c artikuluan jasotako laneratze eta puntualtasun plusaren definizioaren arabera, bi-biak sortzapenean enpresan lan egindako denboraren arabera.
2025ean eta 2026an, uztaileko eta abenduko aparteko ordainsariak laneratze eta puntualtasun plusaren 20 eguneko baliokidea den zenbatekoan igoko dira, hitzarmenaren 8.2.c artikuluan jasotako laneratze eta puntualtasun plusaren definizioaren arabera, bi-biak sortzapenean enpresan lan egindako denboraren arabera. Aparteko bi pagen txertaketa hori finkatuta geratzen da.
10. artikulua. Aparteko orduak.
Aparteko orduak honenbeste euro orduko ordainduko dira, II. eranskineko tauletan ageri bezala.
–Eguneko soldatapeko langileak.
(Oinarrizko soldata x 365) + (Laner. eta puntualt. plusa x (Urteko lanaldia /8)) |
|
Urteko lanorduak |
(Oinarrizko soldata x 365) + (Laner. eta puntualt. plusa x (Urteko lanaldia /8)) |
|
Urteko lanorduak |
–Hileko soldatapeko langileak.
(Oinarrizko soldata x 12) + (Laner. eta puntualt. plusa x 11) |
|
Urteko lanorduak |
(Oinarrizko soldata x 12) + (Laner. eta puntualt. plusa x 11) |
|
Urteko lanorduak |
Langileak aparteko orduak atsedenarekin konpentsatzea aukeratzen badu, honako aukera hauen artean aukeratzen ahalko du:
–Lan egindako denboraren baliokidea den atsedenaldia; gainera, ordu arruntaren balioaren eta aparteko orduaren balioaren arteko aldea ordainduko da.
–Aparteko ordu gisa lan egindako denboraren bikoitzaren baliokidea den atsedenaldia (adibidez: bi orduko atsedenaldia lan egindako aparteko ordu bakoitzeko).
Zehazki, mantentze-lanetako sailean bada konpromisoa kolaboratzaileen interesak eta sailekoenak bateratzen ahalegintzeko, atseden hori arautzearren; betiere, sailaren beraren funtzionamendua bermatu beharko da.
11. artikulua. Ordainsariak ordaintzea.
Hilabetea bukatutakoan ordainduko da, langile bakoitzak libreki aukeratutako kontu batera egindako banku transferentzia bidez.
Horrek, dena dela, ez du langileek aurrerakinak eskatzeko duten eskubidea kentzen, legeak ezarritakoari jarraikiz.
LAUGARREN KAPITULUA
Atarikoa.–Izatezko bikoteek ezkonduei hitzarmen honetan ematen zaien tratamendu bera izanen dute, baldin eta beren egoera modu sinesgarrian frogatzen badute behar den administrazio publikoak (Estatukoak, autonomiakoak, tokikoak edo judizialak) luzatutako ziurtagiriaren bidez.
12. artikulua. Jaiegunak eta baimenak.
Ordaindu eta errekuperatzen ez diren lanegunetako jaiak ez dira urtean 14 baino gehiago izanen, horietatik bi herrikoak.
1. Baimen ordainduak.
Honako egoera hauetan, langileak baimena izanen du denbora batez lanera ez agertzeko, ordaindua izateko eskubidea galdu gabe, betiere aldez aurretik abisatu eta justifikatzen badu:
a) Ezkontza: hamabost egun natural. Ezkontza larunbatean edo igandean izanez gero, hurrengo astelehenetik hasiko da kontatzen, edo lehenbiziko egun baliodunetik.
b) Ezkontidearen heriotza: lau egun natural.
c.1) Seme-alaben jaiotza, odol bereko edo ezkontza bidezko hirugarren gradura arteko ahaideen eritasun larria edo heriotza: hiru egun natural. Hirugarren graduko ahaideen kasuan, baimena bi egunekoa izanen da. Langilearekiko bizikidetasuna frogatzen bada, baimena hiru egunekoa izanen da.
Arrazoi horregatik langileak 100 kilometrotik 150era arteko bidaia egin behar duenean, baimena egun bat gehiagokoa izanen da, eta 150 kilometrotik gorakoa bada, beste egun bat gehiago izanen du.
c.2) Odol edo ezkontza bidezko hirugarren gradura arteko ahaideen istripuaren edo ospitalizazioaren kasuan: bi egun natural. Baimen egun horiek eria ospitalean dagoen bitartean hartuko dira, denak jarraian. Ahaideen ospitalizazioaren kasuan, langileak erabakitzen ahalko du ospitaleratzearen aurreko egunean hartzea baimena, betiere horrek ez badakar baimen egunak gehitzea.
Ospitalizazioa hirugarren egunez luzatzen bada, hori ere ordaindua izanen da 1. eta 2. graduko ahaideen kasuan, bestela ez. Hirugarren gradukoen kasuan, ez dago eskubiderik hirugarren egun hori hartzeko. Arrazoi horregatik langileak 100 kilometrotik 150 kilometrora arteko bidaia egin behar duenean, baimena egun bat gehiagokoa izanen da, eta 150 kilometrotik gorakoa bada, beste egun bat gehiago izanen du. Egun gehigarri horiek ahaidetasun gradua odol edo ezkontza bidezko bigarren gradura artekoa denean bakarrik hartzen ahalko dira.
c.1 eta c.2 araubideak ez dira bateragarriak. Adibidez, ezin dira bat egin ospitalizazioagatiko bi egunak gaixotasun larriagatiko hiru egunekin, kasu bera baldin bada.
d) Heriotza kasuan, lehengusu-lehengusina propio nahiz ezkontza bidezko lehengusu-lehengusinen ehorzketa: egun bateko lizentzia.
Justifikatutako beharra izanez gero, hiru egunera arte luzatuko da, bi egun osagarri horien soldata izateko eskubiderik gabe, baina enpresak Gizarte Segurantzari kotizatu behar diona deskontatu gabe.
e) Ohiko bizilekua aldatzeagatik, egun bat.
f) Langilearen gurasoen, anai-arreben, aiton-amonen, seme-alaben, biloben eta iloben ezkontza: egun bateko baimena, eta berdin ezkontidearen ahaideak direnean.
g) Nahitaezko eginbehar publiko eta pertsonal bat betetzeko: behar-beharrezkoa den denbora. Aldi jakin bat lege bidez edo hitzarmenen bidez ezarritako arau batean jasota dagoenean, absentziaren iraupenari eta konpentsazio ekonomikoari dagokienez arau hartan xedatutakoari jarraituko zaio.
Goian aipatu den eginbehar hori betetzeagatik hiru hilabeteko tartean lanorduetako % 20 baino gehiagoan ezin izan bada lana bete, enpresak eszedentzia egoerara pasatzen ahal du langilea.
Langile batek, eginbeharra betetzeagatik edo karguan jardun beharragatik, kalte-ordaina kobratzen badu, diru kopuru horixe deskontatuko zaio enpresak ordaintzen dion soldatatik.
h) Eginkizun sindikaletan edo langileen ordezkaritza lanetan aritzeko, legeetan ezarritakoari jarraituko zaio.
i) Langileek titulu akademiko edo profesionalak erdiesteko azterketa ofizialetan parte hartu beharra dutenean, behar den denborarako baimen ordaindua emanen zaie, betiere egindako azterketaren ziurtagiria aurkezten badute.
j) Bederatzi hilabetetik beherako semeari edo alabari bularra ematen dioten emakumezko langileek eskubidea dute lanetik ordubetez joateko. Denbora hori bi zatitan banatzen ahal dute. Emakumezko langileak eskubide hori ohiko lanaldiaren ordu erdiko murrizketarekin ordezkatzen ahal du, hala nahi badu, helburu berbererako.
Baimen honen ordez, 14 laneguneko baimena hartzen ahalko da, enpresak eta langileak adosten duten datan, baina, betiere, semeak edo alabak bederatzi hilabete bete baino lehen.
k) Legezko zaintza dela-eta langileek hamabi urtetik beherako adingabe bat edo desgaitasuna duen eta ordaindutako jarduerarik egiten ez duen pertsona bat beren kargura badute, legez ezarritako xedapenak aplikatuko dira.
Adingabeak 12 urte baditu, eta, edozein kasutan, 13 urte baino gutxiago, lanaldia murrizteko eskubidea izanen dute, gutxienez zortziren batean eta gehienez ere erdian, eta soldata proportzio berean murriztuko zaie. Aurrekoa 13 urtetik 14 urtera arteko adingabeak dituztenei ere aplikatuko zaie, baldin eta langilea guraso banandua edo guraso bakarreko familia bada eta adingabearen zaintza badu.
l) Familia-medikuaren edo Gizarte Segurantzako espezialistaren nahiz mediku partikular baten kontsultara joateko, egiaztagiria aurkeztuta, langileak ordu horiek kobratzeko eskubidea izanen du, inguruabar hauetan:
l.1.–Lanera lanaldiaren barnean itzultzen bada, lanaldi osoa ordainduko zaio.
l.2.–Medikura joateagatik lanaldiaren barnean lantokira itzultzen ez bada, 4 orduko soldata ordainduko zaio laguntza medikoa Logroñon baldin bada, eta 2 ordukoa bizi den herrian izanez gero.
l.3.–Goiko aurreikuspen horiek gaueko txandako enplegatuei ere aplikatuko zaizkie, salbu eta medikuarengana joaten den egunaren aurreko gauean atseden eguna baldin badu.
Lanera ez itzultzearen arrazoia kontsulta medikoa bizilekua duen herritik edo Logroñotik kanpora egin beharra baldin bada, egiaztagiria aurrez aurkeztuta, lanaldi osoa ordainduko zaio.
Aurreko kasuetan garraio plusa kenduko zaio, kreditatua baldin badu.
m) Bakarrik joateko gai ez diren lehen graduko ahaideak medikura lagundu beharra duten langileei, zuzeneko beste ahaiderik ez badute laguntzeko, 1. ataleko araua aplikatuko zaie.
Ordutegi mugakidea 12.1 artikuluko l) eta m) ataletarako.
Ordutegi mugakidea, hemen zehazten den bezala, baimen ordaindu bilakatuko da goian aipatu diren l) eta m) atalei bakarrik dagokienez.
Arau hau goizeko txandaren bukaera eta arratsaldeko txandaren hasierako kasuetarako ezarri da espresuki, baina ez gaueko txandarako, hots, arratsaldeko txandaren bukaera edo gauekoaren hasierarako, ezta gaueko txandaren bukaera eta goizekoaren hasierarako ere.
Ordutegi mugakidea dela ulertuko da bazkaltzeko denboraren (45 minutu) eta kontsulta medikoa egiten den herritik Vianako lantegira joan-etorrian emandako denbora-tartearen batuketa.
Zenbait modulu zehaztu dira fabrikaren eta kontsultategi medikoaren arteko joan-etorrian eman beharreko denbora ezartzeko. Hona zein diren modulu horiek: Distantzia Joan-etorrirako denbora:
- 0 km-tik 20 km-ra: ordu erdi.
- 21 km-tik 60 km-ra: 1 ordu.
- 61 km-tik 100 km-ra: 1 ordu eta 30 minutu.
- 101 km-tik 140 km-ra: 2 ordu.
- Hortik aurrera, 39 km-ko moduluak gehituko dira: Ordu erdi bat bakoitzeko.
Adibideak:
1. Kontsultategia 15 km-ra (45 minutu + 30 minutu = ordu 1 eta 15 minutu); beraz, ordutegi mugakidea 12:46tik 15:15era artekoa izanen da.
Kontsulta 13:00etan bukatzen bada, arratsaldeko txandako langilea 14:15ean etortzen ahal da lanera; 13:15ean bukatzen bada, 14:30ean; kontsulta 13:59an bukatzen bada, 15:15ean, eta kasu horietan absentziako denbora baimen ordaindutzat hartuko da.
2. Kontsultategia 55 km-ra (45 minutu + 60 minutu = ordu 1 eta 45 minutu); beraz, ordutegi mugakidea 12:16tik 15:45era artekoa izanen da.
Kontsulta 12:30ean bukatzen bada, arratsaldeko txandako langilea 14:15ean etortzen ahal da lanera; 13:15ean bukatzen bada, 15:00etan...; kontsulta 13:59an bukatzen bada, 15:45ean, eta kasu horietan absentziako denbora baimen ordaindutzat hartuko da.
3. Kontsultategia 90 km-ra (45 minutu + 90 minutu = 2 ordu eta 15 minutu); beraz, ordutegi mugakidea 11:46tik 16:15era artekoa izanen da.
Kontsulta 12:00etan bukatzen bada, arratsaldeko txandako langilea 14:15ean etor daiteke lanera; 12:45ean bukatzen bada, 15:00etan.
Kontsulta 13:59an bukatzen bada, 16:15ean etortzen ahal da, eta kasu horietan absentziako denbora baimen ordaindutzat hartuko da.
Eta horrela, hurrenez hurren.
Araudi hau langileen ordezkariek eta enpresak adostu dute, produkzioko beharrak eta laguntza medikoaren behar pertsonalak elkarrekin egokitze aldera. Hori guztia absentismoa mugatzeko helburuarekin eta enpresarekin ardura eta konpromisoa hartzen duten pertsona guztiei laguntzearren, zeinak laguntza medikoaren beharrean daudenean ere laguntza hori eta laneratzea bateragarri izan daitezen saiatzen baitira.
n) Lizentziagatiko egunak kontzeptu guztietan ordainduko dira, benetan lan egindakoak bezala, garraio plusa salbuetsita.
2. Baimen ordaindu gabeak.
Behar bezala arrazoitutako kasu berezietan, lizentziak ematen ahal dira behar adinako denborarako, hartzekorik izan gabe eta lizentziaren denbora kenduta antzinatasunaren ondorioetarako.
Langile guztiek aukera izanen dute beren ezkontza egunaren aurreko egunean ez lan egiteko, eta ordaindu gabeko baimentzat hartuko da. Langileak, gehienez ere, zazpi egun naturaleko baimena izaten ahalko du, ezkontidea edo seme-alabak hilez gero, eta ez litzateke ordainduko hitzarmen kolektibo honen laugarren kapituluko 12. artikuluko 1. puntuko b) eta c) puntuetan ezarritako baimen egunetatik gorako denbora.
Absentzia guztiak justifikatu egin behar dira, aldez aurretik ahal bada, lanak hobeki antolatze aldera.
Hori ezinezkoa baldin bada, justifikazioa lehenbailehen igorriko zaio enpresari edo, azken kasuan, lanera itzultzean, lehenbiziko egunean.
Bidezko arrazoirik gabe lanera berandu iritsi edo huts eginez gero, denbora hori urtean bi aldiz errekuperatzen ahal da, baldin eta egun berean edo biharamunean errekuperatzen badira. Hilean bi aldiz berandu iristea ez da atzerapentzat hartuko, bakoitza 5 minututik beherakoa baldin bada.
Ordaindu gabeko absentziako orduak deskontatuko dira, honako balio hauen arabera: urteko ordainsari gordina zati benetako lanorduak, gehi garraio plusa, hori kreditatua izanez gero.
3. Justifikazioa.
Absentzia guztiak justifikatu egin behar dira, aldez aurretik ahal bada, lanak hobeki antolatze aldera. Hori ezinezkoa baldin bada, justifikazioa lehenbailehen igorriko zaio enpresari edo, azken kasuan, lanera itzultzean, lehenbiziko egunean.
Bidezko arrazoirik gabe lanera berandu iritsi edo huts eginez gero, denbora hori urtean bi aldiz errekuperatzen ahal da, baldin eta egun berean edo biharamunean errekuperatzen badira. Hilean bi aldiz berandu iristea ez da atzerapentzat hartuko, bakoitza 5 minututik beherakoa baldin bada.
Ordaindu gabeko absentziako orduak deskontatuko dira, honako balio hauen arabera: urteko ordainsari gordina zati benetako lanorduak, gehi garraio plusa, hori kreditatua izanez gero.
4. Txanda malguko langileak.
Zerbitzuak asteburuetan egiten dituztenek (txanda malgua), asteburuan edo jaiegunean ospatzen diren seme-alaben, iloben edo biloben jaunartze edo bataioak direla eta, lanegun hori beste batekin trukatzeko eskatzen ahalko dute, edo ordaindu gabeko baimena hartu.
13. artikulua. Eszedentziak eta lanaldiaren borondatezko murrizketa.
1. Eszedentziak.
Langileen Estatutuaren 46. artikuluan ezarritakoa gorabehera, hitzarmen honen eraginpeko langileek eskubide hauek izanen dituzte:
a) Hiru hilabeteko eszedentzia berezia, erabateko eta frogatutako beharra dagoenean, eritasun larria dela-eta ezkontidea eta odol bereko lehen graduko ahaideak zaintzeko, eginbehar horretarako beste ahaiderik ez badago betiere.
Enpresak eskubidea du baimen hori hartu nahi duen langileari frogagiri medikoa edo beharrezkoa iruditzen zaion beste edozein eskatzeko.
Eszedentzia berezian dagoen langileak enpresara itzultzea eskatzen ahalko du eszedentzialdia bukatu baino lehen, eta enpresa behartua dago onartzera, baldin eta ez badu eszedentzialdirako bereziki kontratatutako beste langile batek haren lanpostua betetzen.
b) Urte eta erdi baino gehiagorako ez den eszedentzia, bukaeran besterik gabe itzultzekoa, indarra duen legedian ezarritako kontratazio motaren baten bidez enpresak haren ordezkoa hartu beharra izan duen edo ez kontuan hartu gabe.
Eszedentzialdia urte eta erditik beherakoa baldin bada, gehieneko iraupen hori bete arte luzatzen ahal da.
c) Hiru urte baino gehiagorako ez den eszedentzia, bukaeran besterik gabe itzultzekoa, indarra duen legedian ezarritako kontratazio motaren baten bidez enpresak haren ordezkoa hartu beharra izan duen edo ez kontuan hartu gabe.
Eszedentzia mota horretan, nahitaezkoa da zenbat denborarako izanen den hasiera-hasieratik eskatzea, eta ezin luzatuko da hasieratik eskatutako denbora.
d) Ematen ahal diren eszedentzien kopurua, a), b) eta c) atalen arabera, gehienez ere plantillaren % 5era iritsiko da.
2. Lanaldia borondatez murriztea.
Hitzarmen honen eraginpeko langileek % 50era murrizten ahal dute eguneko lanaldi arrunta (8 ordukoa).
Eskubide hori borondatezkoa izanen da, eta lanaldia murrizten den heinean murriztuko da soldata ere. Gutxieneko iraupena 6 hilabete segidakoa izanen da.
Eskubide horretaz baliatzen diren pertsonen ordezkoak kontratatuko dira, bitarte baterako eta denbora partzialean, lanaldi murrizketaren ordutegi eta denboraldira egokituta.
14. artikulua. Aldi baterako ezintasunean dauden langileak, gaixotasunagatik.
a) Eritasunaren ondorioz bajan dauden langileek, Gizarte Segurantzaren agiri ofizialaren bidez kreditatuta, aurreneko lau egunetan (urtean behin) oinarri arautzailearen % 60ko diru konpentsazioa jasotzeko eskubidea izanen dute.
Soldata kontzeptuen % 100era arte osatuko da, garraio plusa salbuetsita, haurdunaldi arriskutsuak eragindako aldi baterako ezintasun kasuetan, baldin eta Gizarte Segurantzako Institutu Nazionaleko zerbitzu medikoek luzatutako ziurtagiri medikoaren bidez kreditatzen bada lanpostuan aritzeak kalte egiten ahal diola amaren edo fetuaren osasunari.
Administrazio saileko emakume langileek (teknikariak), haurdun badaude, arrisku egoerara jotzen ahal dute, haurdunaldiko 36. astetik aurrera, mutualitateak egokitzat jotzen badu.
b) Zernahi arrazoirengatik langilea ospitaleratu beharra dagoenean, 48 ordutik gora, enpresak Gizarte Segurantzaren prestazioa osatuko du bajako aurreneko 60 egun naturalean, langilea lanean aritu balitz kobratuko zituzkeen soldata kontzeptuen % 100 kobratuko duela bermatze aldera, garraio plusa salbuetsita. Era berean, ospitalizazioaldia 60 egunetik gorakoa baldin bada, soldata osagarria ospitalizatuta egondako egun guztiena izanen da. Amatasun kasuetan, soldata osagarria egoera horrek irauten duen aldi osora hedatuko da (16 aste).
15. artikulua. Aldi baterako ezintasunean dauden langileak, laneko istripuengatik edo lanbide gaixotasunagatik.
Lan istripua izan duten langileek ordura arte kobratzen zuten soldataren % 100 kobratuko dute –garraio plusa izan ezik hura kreditatua badute ere–, lehenengo egunetik hasita eta gehienez ere 18 hilabetean. Egoera horretarako soldata erreala aurreko 6 hilabeteetako oinarri arautzaileak kontuan hartuta kalkulatuko da, garraio plusa kanpoan utzita.
16. artikulua. Osagarriak galtzea.
Gaixotasun edo istripuaren ondorioz bajan dagoen langilea edozein lanetan nahiz jardueratan aritzen bada, behin betiko galduko du 14. eta 15. artikuluetan aipatutako osagarria jasotzeko eskubidea.
17. artikulua. Ezintasunagatiko laguntza.
Langileari ezintasun iraunkor absolutuagatik baja ematen bazaio plantillan, enpresan duen antzinatasunaren bost urte bakoitzeko hileko soldata bat kobratuko du, eta hiru, gehienez ere.
18. artikulua. Erretiro partziala eta erretiro aurreratua.
2024., 2025. eta 2026. urteetarako, eta betiere 2018ko uztailaren 3an indarrean zeuden lege orokorrak eta Gizarte Segurantzari buruzko legeak oraindik ere indarrean baldin badaude, enpresak eskubide horretaz baliatzeko legezko betebeharrak betetzea bermatuko du eta erretiro partziala hartzeko aukera emanen die langileei arau horien arabera eskatzen diren baldintza orokorrak betetzen badituzte eta 2018ko uztailaren 3an arau horietan aurreikusitakoaren arabera; horretarako, aldi baterako errelebo-kontratuak eginen ditu, lanaldi partzialekoak. Etorkizunean legea aldatu eta aipatutako erretiro partziala hartzeko onartutako konpromiso eta betebeharrak ere aldatzen badira, langileen ordezkariak eta enpresa asmo onez bilduko dira gehienez ere 30 eguneko epean, konpromiso horri eusten saiatzeko neurri egokiak adostearren.
Arau iragankorrak aplikatuta, legez ezarritako baldintzak betetzen dituen langileak 64 urtetan eskuratzen ahal badu erretiro aurreratua, eskubidea izanen du, berak hala erabakita, erretiro berezi hori hartzeko, uztailaren 17ko 1194/1985 Errege Dekretuan eta hori garatu edo aldatzen duen araudian ezarritako moduan eta baldintzetan.
Langileak eskubidea du eguneko lanordu guztiak lanaldi bakar batean biltzeko.
19. artikulua. Heriotzagatiko sorospena.
2023an, 2.213,66 eurokoa izanen da heriotzagatiko sorospena, hildako langileak ezkontidea, ondorengoak edo lehen graduko aurreko ahaideak baditu. Dena dela, ahaidetasun gradu horiek ez badaude, baina bai, enpresaren ustez, behar adina justifikatutako arrazoiak, beste ahaide batzuei ematen ahalko zaie laguntza hori.
20. artikulua. Prestakuntza.
20.1. Ikasketetarako laguntza.
a) Enpresak beren seme-alabak inskribatzen dituzten langileei 191,58 euroko laguntza emanen die haur bakoitzeko 2023. urtean, haurrak irailean hiru urte beteak baditu eta hemezortzi urte bete arte. Laguntza horri matrikula egiteko laguntza deritzo. Laguntza irailean/urrian ordainduko da, ikastetxe bateko inskripzio agiria aurkeztu ondoren.
b) Enpresak, 2023an, 766,40 euro ordainduko die lanean ari eta DBHko eta Batxilergoko ikasketak egiten dituzten jarduneko langileei, kurtsoa gaindituz gero. Laguntza irail/urrian ordainduko da, edozein ikastegitan inskribatu izanaren agiria eta aurreko kurtsoa osorik gainditu izanaren ziurtagiri akademikoa aurkeztu ondoren.
c) Enpresak, 2023an, 766,40 euro ordainduko die lanean ari eta LH1eko, LH2ko eta erdi edo goi mailako karrerak egiten dituzten jarduneko langileei, kurtsoa gaindituz gero. Laguntza irail/urrian ordainduko da, edozein ikastegitan inskribatu izanaren agiria eta aurreko kurtsoa osorik gainditu izanaren ziurtagiri akademikoa aurkeztu ondoren.
Ikasketa horiek konpainiaren jarduerekin bat etorri beharko dute eta, hortaz, ez da laguntzarik emanen enpresan zuzeneko aplikaziorik ez duten espezialitateentzat.
20.2. Prestakuntza orduak.
Prestakuntzarako denbora langileen lanorduetan izanen da. Kasu guztietan ezinezkoa denez gero, langile bakoitzaren prestakuntzarako urteko denboraren % 85 lanorduetan eta beste % 15 lanordutik kanpora izaten ahal dela erabaki da.
Lanaldi arruntetik kanpo ematen diren prestakuntza orduak kobratu edo hartzen ahalko dira, zer nahi duen langileak, langile horren ordu arruntak duen balioaren arabera.
Adibidea: ordu horren prezioa 7,11 eurotan ordaintzen bada eta langileak 22.000 euroko soldata badu, bere orduko soldata 12,56 eurokoa da; hortaz, 0,57 orduz hartzen ahalko du atseden prestakuntza ordu bakoitzeko.
Lanordutik kanpoko prestakuntzaren kasuan, 2023. urtean, 10,68 euro gordin ordainduko dira orduko. Joan-etorrietako gastuak ere ordainduko dira.
21. artikulua. Ezkontza saria.
Ezkondu ondoren enpresan lanean jarraitu nahi duen orori ezkontzagatiko laguntza edo sari gisa 325,91 euro emanen zaizkio 2023an, baina behin bakarrik.
22. artikulua. Fideltasun saria.
Aurten enpresan 20 urteko antzinatasunera iristen diren langileei 500,48 euroko saria emanen zaie, 2023an, eta astebeteko opor ordainduak, baina behin bakarrik.
Aipatutako antzinatasuna kontatzeko orduan kontuan hartuko da langileak enpresan behin-behineko edo aldi baterako kontratupean lan egindako denbora ere.
23. artikulua. Jantziak.
Enpresak honako jantziak emanen dizkie langileei:
–Lantegiko langileak: bina uniforme urtean.
Gainera segurtasuneko oinetakoak eta hotzetik babesteko txalekoak banatuko dizkie behar dutenerako. Hasiera batean langile bakoitzari gai horietatik bana eman eta gero, behar denean, berria emanen die, erabilitakoaren truke. Jantzi horiek gutxienez urtebete iraun behar dute.
–Bulegoko langileak: bi mantal urtean.
Gainera, segurtasuneko oinetakoak emanen dizkie fabrikan sartzen direnean janzteko.
Horien ordez berriak emateko, fabrikako langileentzat ezarritako arauak erabiliko dira.
Jantzi horiek guztiak nahitaez jantzi beharko dituzte langileek eta ez dituzte fabrikatik kanpora erabiltzen ahalko. Langileek uniforme berriak jasotzean lehen erabilitakoak itzuliko dituzte, edo lan kontratua bukatzean, eta beren ardura izanen da horiek garbitzea eta zaintzea.
24. artikulua. Laneko segurtasuna eta osasuna/Lan istripuen eta lanbide gaixotasunen mutualitatea. Aseguru poliza kolektiboa. Osasun azterketak.
24.1. Laneko segurtasuna eta osasuna.
Langileen osasuna babestea alderdi sinatzaileen funtsezko eta lehentasunezko helburua denez gero, ezinbestekotzat jotzen dute horretarako ekintza prebentiboa ezartzea eta planifikatzea, arriskuak jatorrian ezabatzeko edo murrizteko, arriskuen ebaluaziotik hasi eta behar diren neurriak hartuz, hala egungo egoera zuzentzearen arloan nola enpresaren bilakaera teknikoan eta antolakuntzakoan, hori guztia lana pertsonari egokitzeko eta haren osasuna babesteko asmoz.
Langileen osasunaren eta segurtasunaren prebentzioan eragina duten gai guztietan Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legeak eta harekin bat datorren araudian xedatutakoari jarraituko zaio.
Mondelez España Galletas Production SLU (Viana) enpresako prebentzioko ordezkariek hurrengo ordu kreditu ordaindua izanen dute urtean, legeak kargu horrentzat aurreikusitako eskumen eta ahalmenak erabil ditzaten: 120 ordu urtean.
24.2. Lan istripuen eta lanbide gaixotasunen mutualitatea.
Lan istripuetan eta lanbide gaixotasunetan, oinarrizko laguntza mutualitateko zentro medikoan emanen da, zentro horrek mutualistak hartzeko duen ordutegian. Mutualitateak ohikoa duen ordutegitik kanpora, edo oinarrizkoak ez diren laguntzetarako, Nafarroako Osasun Zerbitzuarena den Vianako osasun laguntza zentroa erabiliko da.
24.3. Aseguru poliza kolektiboa.
a) Enpresak aseguru kolektiboen poliza kontratatu eta indarrean mantenduko du langile finko nahiz aldi batekoentzat, betiere sei hilabete eta egun bat baino denbora gehiago badaramate jarraian enpresan eta talde aseguratuan sartzeko garaian 14 urte baino gehiago eta 65 baino gutxiago badituzte eta ezgaituak ez badaude. Arrisku hauen estaldura aseguratuko da:
–Heriotza naturala: urtebeteko soldata gordina.
–Heriotza, istripuagatik: bi urteko soldata gordina.
- Istripuak eragindako heriotza dela ulertuko da aseguratuak espero ez zuen bat-bateko eragile bortitz batek gorputzean erasandako lesio baten ondoriozko heriotza.
–Zirkulazioko istripu baten ondoriozko heriotza: hiru urteko soldata gordina.
- Zirkulazioko istriputzat joko da kasu hauetan gertatzen dena:
–Aseguratuaren heriotza, bide publikoan oinez doala auto batek harrapatuta.
–Aseguratuaren heriotza, bide publikoan lurreko ibilgailu bat gidatzen edo bidaiari gisa doanean.
–Aseguratuaren heriotza, lurreko, itsasoko edo aireko garraio publikoen erabiltzaile izatean.
Salbuetsi egiten dira aseguratua edozein motatako kirol probetan parte hartzean gerta daitezkeen istripuak, ibilgailu batean pilotu gisa, edo kopilotu nahiz bidaiari gisa joatean.
–Ezintasun absolutu eta iraunkorra: urtebeteko soldata gordina.
- Ezintasun absolutu eta iraunkortzat hartuko da halako itzulerarik gabeko egoera fisikoa, istripu edo gaixotasun batek eragina, aseguratuaren borondatea zein den ere, zeinaren ondorioz langilea gauza ez den inolako harreman edo jarduera profesionaletan modu iraunkorrean aritzeko.
–Lanbiderako ezintasun osoa eta iraunkorra: urtebeteko soldata gordina.
- Lanbiderako baliaezintasun oso eta iraunkortzat hartuko da halako itzulerarik gabeko egoera fisikoa, istripu edo gaixotasun batek eragina, aseguratuaren borondatea zein den ere, zeinaren ondorioz langilea gauza ez den bere ohiko lanbidean aritzeko, berariaz hala deklaratuta atxikipen aldizkari indibidualean, edo langile horren prestakuntza eta ezagutza profesionalari dagokion antzeko beste jarduera batean aritzeko.
b) Salbuetsitako arriskuak:
Aurrez zehaztutako arrisku salbuetsiez gainera, aseguru honen bermeetatik honako hauek ere salbuesten dira:
–Aseguratuak nahita eragindako ezbeharrak.
–Aseguratua mozkortu delako edo medikuak agindu ez dizkion sorgorkariak hartu dituelako gertatzen zaizkion istripuak edo gaixotasunak.
–Aseguratuaren zabarkeria ausartegiko edo utzikeria larriko egintza baten ondorioak, judizialki horrela deklaratuak, eta orobat delitu egintzetan, borroka edo liskarretan parte hartu izanaren ondoriozkoak, salbu eta bidezko defentsan arituz edo pertsonak nahiz ondasunak salbatu nahian gertatutakoak.
–Gerren edo antzeko egintzen ondoriozkoak edo gertakari politikoen edo sozialen ondoriozkoak.
–Lurrikarek, sumendien erupzioek, uholdeek eta ohiz kanpoko beste fenomeno sismiko nahiz meteorologikoek eragindako istripuak.
–Erreakzio edo erradiazio nuklearraren edo kutsadura erradiaktiboaren ondorioak.
–Aseguru honek indarra hartu baino lehen izandako gaixotasun edo istripuaren ondorioak.
24.4. Osasun azterketak.
Osasun azterketak enplegatuaren lan txandaren barruan eginen dira beti, baita gaueko txandan ere.
25. artikulua. Lan igoerak, lanpostu hutsak eta kontratuak.
Mailaz igotzea:
–Hornitzaile-orga jasotzaileko gidariak produkzioko lehen mailako ofizialen kategoriara igoko dira 6 hilabetean.
–Mantentze-lanetako laguntzaile kategoria duten mantentze-lanetako langileak mantentze-lanetako bigarren mailako ofizial izatera igoko dira 2 urtean.
–Mantentze-lanetako bigarren mailako ofizialak mantentze-lanetako lehen mailako ofizialen kategoriara igoko dira 3 urtean.
–Mantentze-lanetako lehen mailako ofizialak lehen mailako ofizial balioaniztunen kategoriara igoko dira 3 urtean.
Lanpostu hutsak aukera berdintasunaren printzipioari jarraikiz beteko dira eta Langileen Estatutuaren 17. artikuluan ezarritakoarekin bat.
Enpresak ez du astean 12 ordutik eta hilean 48 ordutik beherako lanaldi partzialeko kontraturik eginen.
26. artikulua. Atal sindikaleko delegatuak eta berme sindikalak.
1. Delegatu sindikala.
Askatasun Sindikaleko Lege Organikoaren arabera delegatu sindikalak hautatzeko behar diren baldintzak bete ez arren, enpresak, bere borondatez, enpresa batzordea osatzen duten sindikatuei, zeinak hitzarmena sinatu dutenak baitira, delegatu sindikal bat izendatzeko ahalmena aitortzen die.
2. Berme sindikalak.
Enpresa batzordeko kideek zilegi dute bakoitzari dagozkion ordu kredituak berek aukeratutako kide batzuengan metatzea, hileko ordu kopurua kontuan hartuta.
27. artikulua. Subsidiarioki aplikatzeko arauak.
Hitzarmen honetan espresuki ezarri ez den orotan Langileen Estatutuan ezarritako arauak aplikatuko dira, baita hitzarmen honetan espresuki itundutakoarekin bateragarri izaten ahal diren legezko beste xedapenak ere.
28. artikulua. Hitzarmena ez aplikatzea.
Hitzarmen honek indarra duen bitartean, enpresak konpromisoa hartzen du ez duela erabiliko hitzarmen kolektibo honetako lan baldintzak ez aplikatzeko prozedura, Langileen Estatutuaren 82.3 artikuluan ezarritakoa, ezta lan baldintzen aldaketa ez aplikatzekoa ere, Langileen Estatutuaren 41. artikuluan jasoa.
29. artikulua. Batzorde paritarioa eta Nafarroako Lan Auzitegia.
29.1. Batzorde paritarioa.
Hitzarmen hau nola betetzen den interpretatzeko eta zaintzeko, Batzorde Paritarioa eratu da, kide hauekin:
–Enpresaren ordezkariak: Nerea Touchard Barbeira, Candela Estenaga eta Óscar Crespo.
–Langileen ordezkariak: Asier Macho, Javier Garcia eta Aner Galindez.
Batzorde Paritarioak hitzarmenaren edukiari eta Langileen Estatutuaren 85.3 c) artikuluan jasotako gaiei buruz sor daitezkeen desadostasunetan hitzarmenaren aplikazioa interpretatzeko eta zaintzeko eginkizuna izanen du. Bi alderdiek berariaz adosten dute sor daitekeen edozein zalantza edo desadostasun Batzorde Paritarioaren mende jarriko dela aldez aurretik, jurisdikzio eskudunean edozein erreklamaziori ekin aurretik.
Batzorde horrek aldeetako edozeinek eskatuta eginen du bilera, desadostasunak izaten direnean (banakakoak edo taldekakoak) hitzarmen honen nahiz Langileen Estatutuaren 85.3 c) artikuluan araututako gainerako gaien interpretazioaren edo betetzearen gainean. Gutxienez astebete lehenago emanen da abisua, eta arazoak konpontzeko gehienez ere bi aste izanen du.
Eskaera formala izateko, hitzarmena sinatu duten alderdietako baten kideen gehiengoaren sinadurak bildu beharko dira.
Eztabaidatutako gaiak batzordea osatzen duten bi aldeetako bakoitzaren gehiengo soilaz onetsiko dira. Bestela, Nafarroako Lan Auzitegiaren bitartekotza eta arbitraje sistemen menpe jar daitezke beren borondatez. Kasu horretan, arbitrajearen ondorioak onartzera beharturik daude, Langileen Estatutuaren 91. artikuluan araututakoarekin bat.
Kontsultaldia adostasunik gabe bukatu eta afera ez bada Nafarroako Lan Auzitegiaren menpe jarri, Langileen Estatutuaren 85.3 artikuluan xedatutakoa aplikatuko da hitzarmen honen indarraldian.
Batzorde paritarioak hartzen dituen erabakiak hitzarmenaren testuari erantsiko zaizkio eta haren osagai izanen dira.
29.2. Nafarroako Lan Auzitegia.
Alderdiek erabaki dutenez, hitzarmen kolektibo honen interpretazioan eta aplikazioan sortzen ahal diren gatazka kolektiboak ez ezik, baita hitzarmen hau sinatzen duten langileengan eta enpresan eragina izaten ahal duten beste guztiak ere, Nafarroako Lan Gatazkak Konpontzeko Auzitegiaren esku jarriko dira adiskidetze eta bitartekotza faseetan.
Era berean, adierazten dute ahaleginak eginen dituztela eraginpeko alderdiak auzitegi horren arbitraje prozeduraren esanetara jar daitezen.
Beraz, artikulu honek balio du alderdiak gatazkak konpontzeko arbitraje organo horri berariaz atxikitzeko, eraginkortasun osoa duela, eta ondorioz, itunak enpresa, sindikatuen ordezkariak eta langileak behartzen ditu beren desadostasunak aipatutako organoaren bitartekotza- eta adiskidetze-prozeduretan azaltzera epaiketara jo baino lehen. Hortaz, ez da nahitaezkoa alderdien desadostasun edo gatazka bakoitzerako atxikimendu berariazkoa eta banakakoa egitea, arbitrajera lotzeko ez bada, zeina bultzatzeko eta sustatzeko konpromisoa hartu baitute lan hitzarmen honen sinatzaileek.
Halaber, hitzarmen kolektibo honen sinatzaileek hitz eman dute ahaleginak eginen dituztela hitzarmenaren aplikazio eremuko langileen eta enpresaburuen artean sortzen ahal diren banakako gatazkak Nafarroako Lan Gatazkak Konpontzeko Auzitegiaren aurrean adiskidetze-, bitartekotza- eta arbitraje-prozeduren menpean borondatez eta espresuki jar daitezen, salbu hauteskunde gaiak, Gizarte Segurantza, sindikatu askatasunaren babesa eta oinarrizko eskubideak direla-eta egiten diren erreklamazioei buruzkoak.
LEHEN XEDAPEN GEHIGARRIA
Pentsio Planak eta Funtsak Arautzeko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 29ko 1/2002 Legegintzako Errege Dekretuan, urriaren 15eko 1588/99 Errege Dekretuan eta gainerako xedapen osagarrietan xedatutakoari jarraiki, hitzarmen honetan ezarritako aurreikuspen sozialeko plan guztiak kanpora atera dira, aipatutako araudia betez.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Bi alderdiek prebentzio zerbitzu mankomunatuari eustea erabaki dute Vianako lantokian den Mondelez enpresa taldearentzat, prebentzio zerbitzuak hitzartuz osasunaren kontrol medikoari, ergonomiari, laneko segurtasunari eta higieneari dagokienez.
HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Berdintasun plana
Berdintasun planen prestakuntza eta aplikazioa arautzen dituen Legea aplikatuz, Berdintasunaren Batzorde Paritarioa eratu da, honako kide hauek osatuko dutena:
–Enpresaren ordezkariak:
- Nerea Touchard Barbeito andrea.
- Candela Estenaga andrea.
- Teresa Fernández andrea.
–Langileen ordezkariak:
- Ismael Mendaza jauna.
- Isabel Sorzano andrea.
- Francisco Pasalodos jauna.
Batzordeko kideak erabaki bezain maiz bilduko dira berdintasun planean ezarritako neurri eta helburuen jarraipena eta kontrola egiteko, baita planean aurreikusitako adierazleen aurrerapenarena ere.
LAUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
DLO (Desgaitasuna duten pertsonen eskubideei eta haien gizarteratzeari buruzko Lege Orokorra)
Bat-egite, integrazio, desinbertsio eta negozio transferentzia prozesuen ondorioz enpresak azken urteotan izan duen bilakaera dela eta, bi alderdiek erabaki dute, hitzarmen kolektibo honen eta bere luzapenen indarraldian, salbuespen egoera eskatzea eta apirilaren 8ko 364/05 Errege Dekretuan aurreikusitako neurri alternatiboak hartzea, desgaitasuna duten pertsonen aldeko lanpostu erreserbaren kuota ezartzeko betebeharrari dagokionez.
BOSGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Laneko egonkortasuna
Enpresak honako konpromiso hauek hartzen ditu:
–Errelebo-kontratuak bukatutakoan, mugagabe bihurtuko dira. Akordioa sinatzean indarrean dauden errelebo-kontratuak mugagabe bihurtuko dira hitzarmen hau sinatzen den egunean.
Lan poltsa
Lan poltsa bat sortzea erabaki da. Hala, irizpide batzuk ezarriko dira aldi baterako agentzia baten bidez aldi baterako lanpostuak betetzen dituzten enplegatuak errekrutatu eta hautatzeko. Aldi baterako laneko enpresak arduratuko dira lanpostu bakoitzerako egokien diren izangaiak kudeatzeaz, itxarote-zerrenda bati jarraikiz. Hilero, enpresak kudeaketa horren egoeraren berri emanen die langileen ordezkariei.
Vianan, 2024ko abenduaren 10ean.
Iragarkiaren kodea: F2505668
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
