Iragarkia
98. ALDIZKARIA - 2025eko maiatzaren 20a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK
57C/2025 EBAZPENA, martxoaren 28koa, Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez erabakitzen baita FCC Aqualia SA enpresaren hitzarmen kolektiboa erregistratu, gordailutu eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Aztertu da FCC Aqualia SA enpresaren hitzarmen kolektiboa (kodea: 31006972011999), Mairagako Mankomunitateko ur hornidura eta saneamenduko instalazioen mantentze, zainketa, ustiapen, garbiketa eta konponketa zerbitzu publikoaren kudeaketarako kontratuari atxikitako langileentzat. Hitzarmena 2025eko martxoaren 19an sartu zen erregistro honetan, eta enpresaren eta sindikatuen ordezkariek 2025eko martxoaren 13an sinatu zuten.
Bat etorriz Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina onetsi zuen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 90. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan eta Hitzarmen kolektiboak, lan akordio kolektiboak eta berdintasun planak erregistratu eta gordailutzeari buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretuan ezarritakoarekin,
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, eta Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 251/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidanak, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. Nafarroako Hitzarmen Kolektiboen, Lan Akordio Kolektiboen eta Berdintasun Planen Erregistroan inskriba dadila agintzea.
2. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila xedatzea, orok jakin dezaten.
Iruñean, 2025eko martxoaren 28an.–Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusia, Iñaki Mendióroz Casallo.
FCC AQUALIA SA ENPRESAREN LAN HITZARMEN KOLEKTIBOA, MAIRAGAKO MANKOMUNITATEAREN LURRALDE ESPARRUAN (NAFARROA) UR HORNIDURA ETA SANEAMENDUKO INSTALAZIOEN MANTENTZE, ZAINKETA, USTIAPEN, GARBIKETA ETA KONPONKETA ZERBITZUEN KUDEAKETARAKO ETA KONTAGAILUEN IRAKURKETARAKO KONTRATUARI ATXIKITAKO LANGILEENTZAT, 2023., 2024. ETA 2025. URTEETARAKO
I. KAPITULUA.–APLIKAZIO EREMUA
1. artikulua. Hitzarmen kolektibo honen eraginpeko aldeak zehaztea.
Lan hitzarmen kolektibo hau negoziatu eta itundu dute FCC Aqualia SA enpresaren ordezkariek eta FCC Aqualia SA enpresak Mairagako Mankomunitatearekin (Nafarroa) duen kontratuari atxikitako langileen legezko ordezkaritzak. Kontratua Mairagako Mankomunitatearen lurralde esparruan (Nafarroa) ur hornidura eta saneamenduko instalazioen mantentze, zainketa, ustiapen, garbiketa eta konponketa zerbitzuen kudeaketarako da, bai eta kontagailuen irakurketarako ere.
2. artikulua. Eremu pertsonala, eremu funtzionala eta lurralde eremua.
Lan hitzarmen kolektibo honek FCC Aqualia SA enpresaren eta FCC Aqualia SA enpresak Mairagako Mankomunitatearekin (Nafarroa) duen kontratuari atxikitako langileen arteko lan-harremanak arautuko ditu. Kontratu hori Mairagako Mankomunitatearen lurralde esparruan (Nafarroa) ur hornidura eta saneamenduko instalazioen mantentze, zainketa, ustiapen, garbiketa eta konponketa zerbitzuen kudeaketarako da, bai eta kontagailuen irakurketarako ere.
3. artikulua. Denbora eremua.
Lan hitzarmen kolektibo hau sinatzen den egunetik 2025eko abenduaren 31ra aplikatuko da, eta 2025eko abenduaren 31n automatikoki geldituko da salaturik. Nolanahi ere, ondorio ekonomikoak 2023ko urtarrilaren 1etik izanen ditu.
Aldeek hitza ematen dute hitzarmen honen negoziazio-mahaia gehienez ere hilabeteko epean eratzeko aurreko paragrafoan adierazitako hitzarmen kolektiboa bukatzen den egunetik hasita.
Hitzarmen kolektiboa salatu ondoren, indarrean jarraituko du iraungitzen den egunetik hura ordeztuko duen hitzarmen berria sinatu arte, eta, bitartean, 2025eko abenduaren 31n ezarritako behin betiko ordainsariei eutsiko zaie.
4. artikulua. Konpentsazioa eta xurgapena.
Lan hitzarmen kolektibo honetan itundutako baldintzek aurretik langileek izan ditzaketenak irentsi eta konpentsatu egiten dituzte, lehengo baldintzek edonolako jatorria izanik ere: lege aginduak, hitzarmen kolektiboak edo bestelako itun banako edo kolektiboak.
Era berean, aldeek erabaki dute aurretik egon zitekeen edozein lan baldintza hitzarmen honen ondoriozkoekin trukatzea.
5. artikulua. Enpresa subrogazioa.
Uraren ziklo integraleko enpresen Estatuko 2018, 2019, 2020, 2021, 2022 eta 2023rako hitzarmen kolektiboaren 57. artikuluan (subrogazio konbentzionalaren klausula) xedatuari jarraituko zaio (Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, 2019ko urriaren 3an, eta egun indarrean dago), bai eta hura ordeztuko duen hitzarmen kolektiboan horretaz ezarriko den etorkizuneko arauan xedatuari ere.
II. KAPITULUA.–LANAREN ANTOLAKETA
6. artikulua. Arau orokorra.
Lanaren antolaketa teknikoa eta praktikoa enpresari dagozkio, ez beste inori, eta ahalmen hori legeetan ezarritakoari jarraikiz erabiltzen ahalko du.
Uneoro, enpresak bere ekoizpen sistemak egoera teknologikoetara moldatuko ditu, eta langileak prozedura berriak garatu eta aplikatzeko prestatzea lehenetsiko du. Betiere, prozedura berriek ez diete eskuratutako eskubide ekonomiko edo bestelakoei kalte eginen.
7. artikulua. Plantilla.
Enpresak esleiturik duen zerbitzu publikoa zuzen betetzeko unean-unean behar den langile kopurua izanen da.
8. artikulua. Lana betetzea.
Langileak agindu zaizkion eginkizunak zuzen betetzeko lan guztiak ezagutu eta bete beharko ditu, bere lanbide kategoriari dagokion moduan.
Lanaldi arruntetik kanpo langileei ematen zaien prestakuntzaren denbora atseden denborarekin konpentsatuko da.
9. artikulua. Mailaz igotzea.
Enpresaren irizpideekin bat gertatuko dira maila igoerak, honako hauek kontuan hartuz: langilearen prestakuntza, merezimenduak, antzinatasuna eta enpresak bete behar duen zerbitzuaren antolaketarako beharrak.
10. artikulua. Dedikazio osoa lanari.
Lanaldiaren barnean kategoria bereko edo beheragoko zenbait lanposturen eginkizunak betetzen ahal badira, langile bakar bati agintzen ahalko zaizkio, bere lanaldi osoa horretan emateraino. Beharrezko neurria da langile guztien produktibitate hoberena lortzeko. Agintzen den lana ez da ez iraingarria ez gutxiesgarria izanen.
III. KAPITULUA.–BATZORDE PARITARIOA
11. artikulua. Batzorde paritarioa.
Hitzarmen kolektibo honetan erabakitakoa aplikatu, bete eta interpretatzeko batzorde paritarioa eratuko da, hitzarmenaren negoziazioan izandako parte-hartzaileekin. Langileen eta enpresaren ordezkari banak osatuko dute.
Bi aldeetako batek hala eskatuta elkartuko da batzordea, hogei eguneko epean, eta zitazioan eguneko gaiak aipatu beharko dira.
Batzordearen erabakiak baliodunak izateko bi aldeen adostasuna beharko da.
Batzorde paritarioaren eginkizunak:
I.–Hitzarmen honen klausula guztien aplikazioa interpretatzea.
II.–Itundutakoa betetzen den zaintzea.
III.–Indarreko araudian ezarritakoak.
IV.–Hitzarmenaren eraginkortasun praktikoa hobetzen duten beste jarduera guztiak.
Batzordeak landutako gaien inguruko ebazpena emanen du, adostasuna egon edo ez, hamar egun naturalean, bileraren egunetik zenbatzen hasita. Aldeak bat etorririk eta ebazpena adostasunik gabe eman ondoan, aldeek desadostasunak Laneko Gatazken Konponbide Autonomorako VI. Akordioaren menpe jar ditzakete (auzibidetik kanpoko sistema).
Batzorde paritarioaren eginkizunak ez dira inoiz ere oztopo izanen jurisdikzio eskudunak, indarrean den araudiarekin bat, askatasunez jarduteko.
Aldeek erabaki dute Laneko Gatazken Konponbide Autonomorako VI. Akordioaren menpe jartzea (auzibidetik kanpoko sistema), Langileen Estatutuaren 82-3) artikuluak aipatzen dituen lan baldintzak ez aplikatzeko sor daitezkeen desadostasunak konpontzeko eraginkortasunez. Aldeek ez dute auzia jarriko nahitaezko arbitrajearen menpe.
IV. KAPITULUA.–LANBIDE SAILKAPENA
12. artikulua. Lanbide sailkapena eta lanbide taldeak.
Lanbide sailkapenaren ondorioetarako, uraren ziklo integraleko enpresen Estatuko 2018, 2019, 2020, 2021, 2022 eta 2023rako hitzarmen kolektiboa aplikatuko da (Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen 2019ko urriaren 3an, eta egun indarrean dago), bai eta hitzarmen hau ordeztuko duen hitzarmen kolektiboan horretaz ezarriko den etorkizuneko araua ere.
V. KAPITULUA.–LANALDIA. APARTEKO ORDUAK ETA OPORRAK
13. artikulua. Lanaldia.
Lan hitzarmen kolektibo honen menpeko langileen urteko lanaldiak 1.728 benetako lan ordu izanen ditu, eta 2025eko urtarrilaren 1etik aurrera, berriz, 1.720 ordu.
Enpresak lanaldia betetzeko modua malgutzen ahalko du, ematen duen zerbitzu publikoaren beharretara moldatutako banaketa eginez. Langileek malgutasun hori dela-eta beren ohiko lanaldia luzatzen badute, ezarritako urteko lanaldiaren arabera eginen dute.
Lanaldiaren luzapena atseden denborarekin konpentsatuko da, eta honako irizpide hau aplikatuko da kasu bakoitzean:
–8:00ak eta 22:00ak artean egindako ordu bakoitzeko atseden ordu bat emanen da.
–22:00ak eta biharamuneko 8:00ak artean egindako ordu bakoitzeko atseden ordu bi emanen dira.
Lanaldiaren murrizketa horiek enpresaren egungo sistemari kalterik ez egiteko, langileek konpromisoa hartzen dute enpresak ezarritako egun eta ordutegietan lanean jarduteko, urteko lanaldia langileen lan sistemetara moldatze aldera, betiere lan baldintzak nabarmenki aldatu gabe eta langile berririk kontratatu gabe.
14. artikulua. Aparteko orduak.
Aparteko orduak dira ohiko lanaldiaren gehieneko iraupenaren gainetik egiten direnak. Hona hemen sailkapena:
–Egunekoak: 8:00ak eta 22:00ak artean egindakoak. Ohiko lan ordua baino %75 gehiago ordainduko dira.
–Gauekoak: 22:00ak eta 8:00ak artean egindakoak. Ohiko lan ordua baino %100 gehiago ordainduko dira.
–Jaiegunekoak: igandeetan edo ezarritako 14 jaiegunetan egindakoak. Ohiko lan ordua baino %140 gehiago ordainduko dira.
Egiturazko aparteko ordutzat hartuko dira honelako arrazoiengatik egindakoak: produkzio behar handiko uneak, ustekabeko absentziak, txanda aldaketak, matxurez arduratzea eta horiei aurrea hartzea eta enpresaren jarduerak sortutako egiturazko beste inguruabar batzuk. Halaber, bereziki aintzat hartuko dira ezinbesteko arrazoiengatik egindakoak.
15. artikulua. Oporrak.
Hitzarmen honetan sartzen diren langileek 30 egun naturaleko oporraldirako eskubidea izanen dute. Ahal dela, egun guztiak batera hartuko dira, datak enpresarekin adostuta, eta zerbitzuaren beharrak beteko direla kontuan hartuta.
Enpresak, langileen ordezkariekin batera, txanda sistema bat ezarriko du oporrak hartzeko. Txandak aldatu eginen dira.
Langileak ez badu artikulu honetako lehenbiziko paragrafoko ahalmena baliatzen, enpresak eta langileak elkarren artean adostuko dute oporraldi osoa, urtearen edozein hiletan, betiere zerbitzuaren beharrak errespetatuz.
Langilea urtarrilaren 1a baino geroago sartu bada enpresan, oporraldia abenduaren 31 baino lehen hartuko du, benetan lan egindako asteen arabera. Astearen zatiak astebete gisa hartuko dira.
Oporrak lanegunean hasiko dira. Langileen oporraldian zerbitzuaren beharrak bete daitezen, enpresek zerbitzuak berrantolatzeko ahalmena izanen dute.
Oporren ordainsaria izanen da hitzarmen kolektibo honetan erantsitako soldata taulako "hileko soldata, guztira" izenekoan jarritako zenbatekoa.
VI. KAPITULUA.–ARAUBIDE EKONOMIKOA
16. artikulua. Printzipio orokorra.
Hitzarmen honetako ordainsariek eta gainerako baldintzek erabat deuseztatzen dituzte aurreko baldintza guztiak, jatorrian hitzarmen lan hitzarmen kolektiboa, araua, ituna edo banaka aitortutako baldintzak izanik ere, eta izan zitezkeen lansari eta lanez kanpoko sarien zergatia edozein izanik ere. Beraz, hitzarmen honetan ezarritako sariak geldituko dira soilik, eta ezin izanen dira beste batzuk ezarri, jatorria edozein izanik ere, zeren izan zitezkeenak edo etorkizunean izan daitezkeenak konpentsatu eta irentsiko dituzte. Nominak horien arabera eguneratuko dira.
17. artikulua. Oinarrizko soldata.
Oinarrizko soldata hitzarmen kolektibo honetan erantsitako taulan dago ezarrita lanbide talde bakoitzerako eta soldata maila bakoitzerako.
18. artikulua. Antzinatasuna (moldaketa).
2000ko abenduaren 31n langileek antzinatasunagatik jasotzen zituzten zenbatekoak banaka finkatuak gelditu dira. Beraz, zenbatekoak finkoak dira, eta ez da diru kopuru gehigarririk sortuko kontzeptu horregatik. Zenbateko hori "moldaketa" izenpean agertuko da nominan.
2001eko urtarrilaren 1etik aurrera sartzen diren langileek ere ez dute zenbatekorik sortuko kontzeptu horregatik.
Erabat indargabetzen da lan hitzarmen kolektibo honetan ezarritakoa ukatu edo aldatzen duen edonolako arau, hitzarmen kolektibo, arbitraje-epai edo xedapen, iraganekoa, oraingoa edo etorkizunekoa.
19. artikulua. Hitzarmeneko plusa.
Hitzarmeneko plusaren soldata kontzeptua hitzarmen kolektibo honetan erantsitako taulan dago ezarrita lanbide talde bakoitzerako eta soldata maila bakoitzerako. Hileko soldatan kobratuko dira soil-soilik.
20. artikulua. Lanpostuko osagarria.
Lanpostuko osagarriaren kontzeptua hitzarmen kolektibo honetan erantsitako taulan dago ezarrita lanbide talde bakoitzerako eta soldata maila bakoitzerako. Hileko soldatan kobratuko dira soil-soilik.
21. artikulua. Aparteko pagak.
Hitzarmen honetan sartzen diren langileek urtean aparteko lau paga izanen dituzte. Horietako hiru ohiko hileko pagarekin batera ordainduko dira, martxoan, ekainean eta irailean, eta, laugarrena, "Eguberrietakoa" izenekoa, abenduaren 15ean. Aparteko paga bakoitzean oinarrizko soldata ordainduko da.
22. artikulua. Toxikotasunaren, nekagarritasunaren eta arriskuaren plusa.
Saneamendu lanak egiten dituzten langileentzat, toxikotasunaren, nekagarritasunaren eta arriskuaren plus bat ezartzen da, baldintza horietan benetan lan egindako ordu bakoitzeko. Zenbatekoa hitzarmen kolektibo honetan erantsitako taulan dago jasota.
Baldintza horietan benetan lan egindako ordutzat hartzen da langileak saneamenduko sarearekin kontaktu zuzena duen ordua; beraz, hortik kanpo gelditzen dira egoera hori betetzen ez duten aldiak (joan-etorriak, atsedenaldiak, saneamendukoak ez diren bestelako sareetan egindako lanak eta abar).
23. artikulua. Gaueko lanaren plusa.
Olorizko EUAko langileentzat, gaueko lanaren plus bat ezartzen da benetan lan egindako gau bakoitzeko. Zenbatekoa hitzarmen kolektibo honetan erantsitako taulan dago jasota.
24. artikulua. Jaiegunak ordaintzea.
Olorizko EUAko langileek berreskuratu ezin den jaiegunen batean (ofizialki 14 egun ezarri dira urte guztirako) lan egiten badute, lan hitzarmen kolektibo honi erantsitako taulan adierazitako konpentsazioa jasoko dute, berreskuratu ezin diren jaiegunetan lan egindako egun bakoitzeko.
Gabon gauean eta Urte Zahar gauean lanean jarduten duten langileek konpentsazioa jasoko dute gau bakoitzeko. Zenbatekoa hitzarmen kolektibo honetan erantsitako taulan dago jasota.
25. artikulua. Prestasunaren edo zaintaldearen plusa.
Enpresak zerbitzu publikoa ematen duenez, prestasunaren plusa ezartzen da enpresak izendatutako langileentzat. Konpentsazio ekonomikoa da, zaintaldean eta berehalakoan lokalizatzeko moduan egoteagatik, lanalditik kanpo agintzen ahal zaien lanerako prest, eta esku-hartze bakoitzean egiten dituzten lan edo eginkizunengatik.
Etengabeko zaintaldearen egoeran edo txandan dauden mantentze-lanetako ofizialentzat prestasunaren plusak lan hitzarmen kolektibo honi erantsitako taulan adierazitako zenbatekoa izanen du, benetan zaintaldean emandako egun bakoitzeko. Kopuru hori lan hitzarmen kolektibo honi erantsitako taulan adierazitako zenbatekora iritsi arte handituko da zaintaldean larunbat, igande edo jaiegunean aritzen bada. Larunbat jaiegunean eginez gero, lan hitzarmen kolektibo honi erantsitako taulan ezarritako zenbatekoa kobratuko da.
Langilezainaren eta elektromekanikariaren lanpostuak betetzen eta zaintaldean dauden langileek lan hitzarmen kolektibo honi erantsitako taulan adierazitako hileko zenbatekoa kobratuko dute horregatik (zenbateko horrek larunbat, igande eta jaiegun eta gainerako egunetako prestasuna edo zaintaldea ere konpentsatzen ditu).
Halaber, enpresak laguntza-zaintalderako langilea izendatzen ahalko du. Pertsona horrek oso erraz aurkitzeko moduan egon behar du eta berehalakoan lanerako prest, astelehenetik igandera arte, lan ordutegitik kanpo, zaintaldean dagoen pertsonak edo enpresak agintzen dioten edozein zereginetarako, baita esku-hartze guztietan egiten dituen lanetarako ere. Laguntza-zaintaldea egiten duen langileak lan hitzarmen kolektibo honi erantsitako taulan adierazitako konpentsazioa jasoko du.
26. artikulua. Garraio plusa.
Olorizko EUAn dauden bost langileek eta Larrateko EUAn dagoen langileak hitzarmen kolektiboari erantsitako taulan adierazitako zenbatekoa jasoko dute hilero, garraio plusaren kontzeptuarengatik.
27. artikulua. Osagarri pertsonala.
Enpresak zenbait langilerentzat egoki eta beharrezkoak diren zenbatekoak ezar ditzake lan hitzarmen kolektibo honetan ezarritako soldatetara iristeko edo horiek osatzeko, gainerako langileen aurkako bereizkeria izan gabe.
28. artikulua. 2023., 2024. eta 2025. urteetarako soldatak eguneratzea.
2023. urterako behin betiko soldata-ordainsariak hitzarmen kolektibo honen I. eranskinean adierazitakoak dira, eta 2022ko behin betiko taulei %6ko igoera aplikatzearen emaitza dira.
2024. urterako behin betiko soldata-ordainsariak hitzarmen kolektibo honen II. eranskinean adierazitakoak dira, eta 2023ko behin betiko taulei %3ko igoera aplikatzearen emaitza dira.
2025erako behin betiko soldata-ordainsariak hitzarmen kolektibo honen III. eranskinean adierazitakoak dira, eta 2024ko behin betiko taulei %4,2ko igoera aplikatzearen emaitza dira.
VII. KAPITULUA.–LAGUNTZA ARAUBIDEA
29. artikulua. Lanerako ezintasunengatik jasotzen diren prestazioak hobetzea.
Lanerako ezintasuna gertatzen bada, Gizarte Segurantzak behar bezala ziurtatuta, eritasun arruntaren, eritasun profesionalaren edo istripuaren (lanekoa izan edo ez) ondorioz, enpresak langilearen hartzeko finkoen %100erainoko aldea ordainduko du. Langileren batek lanerako ezintasun egoera behar ez bezala erabiltzen duela uste bada, enpresak langileari indarrean dagoen legerian xedatutakoa ordaintzen ahalko dio, enpresan legez eratutako langileen ordezkaritzari jakinarazi ondoren.
30. artikulua. Osasun azterketak.
Enpresak urtero osasun azterketa bat eginen die langileei. Lan-mutualitatearen osasun zerbitzuek eginen dute azterketa hori, edo enpresak ezartzen duenak.
Langileari osasun zerbitzuek egindako txostenaren fotokopia bat emanen zaio.
31. artikulua. Istripu aseguru kolektiboa.
Lan hitzarmen kolektibo honetan sartzen diren langileentzat enpresak lan istripuen asegurua kontratatuko du, honako berme eta kapital aseguratuekin: erabateko ezintasun iraunkorraren, baliaezintasun handiaren edo heriotzaren kasuan, lan istripuaren, eritasun profesionalaren edo lanez kanpoko istripuaren ondorioz izanik, betiere lanez kanpo ez bada arrisku handiko jarduerarik egin, kalte-ordaina 40.000,00 eurokoa izanen da, lan hitzarmen kolektibo hau indarrean den bitartean.
Heriotza kasuetan, ezarritako kalte-ordaina langilearen legezko jaraunsleei ordainduko zaie, hildakoak berariaz izendatutako onuradunik baldin bada salbu.
32. artikulua. Laneko jantziak.
Enpresako langileei urteko sasoi bakoitzerako jantziak emanen zaizkie. Jantziak finkatutako epeen barnean eman edo ez, enpresak jantziak berrituko ditu horien egoera dela eta hala komeni denean. Aldez aurretik zaharrak itzuliko dira.
33. artikulua. Azterketarako baimena; heriotzagatiko eta ospitalizazioagatiko baimena; kontsulta medikorako baimena; eta bularra emateko baimena.
Langileen prestakuntza eta lanbide-kualifikazioa bultzatzeko, sinatzen duten aldeek ordaindutako baimenak adostu dituzte kasu hauetarako:
a) Hamar egun izanen dira urtean lanbide-trebakuntzarako ikastaroetara joateko, hitzarmenean araututako esparruan, baldin eta langileak ikastaroa hasi baino hilabete lehenago abisatzen badio enpresa zuzendaritzari, egoki justifikatuta.
b) Titulu akademikoa lortzeko ikastetxe ofizialetako ikastaroetan ari diren langileek eta funtzionario publikoen kidegoan sartzeko oposiziogile direnek behar duten denborako baimena izanen dute azken azterketak egiteko.
Langileak hiru lanegun lanera joan gabe ematen ahalko ditu (ordainsaria jasotzeko eskubidearekin) bigarren mailarainoko odol edo ezkontza bidezko ahaideen heriotzagatik, edo 5 lanegun ospitalizaziogatik, bi kasuetan. Langileak hiru egun natural gehiagoko baimena izanen du aipatu berri ditugun kasuetan lekualdatzea egin behar badu, 250 kilometro gutxienez joanean eta beste hainbeste etorrian.
Heriotzagatiko eta ospitalizazioagatiko baimenak gertaera eragilearen egunean hasiko dira. Gertaera eragilea langilearen egutegiaren arabera laneguna ez den egun batean suertatzen bada, hurrengo lehen lanegunean hasiko da baimena.
Ospitalizazioagatiko baimena etenka hartzen ahalko da ahaidea ospitalean dagoen bitartean.
Langileak behar beste denbora hartzen ahalko du lanetik, ordainsaria jasotzeko eskubidea mantenduz, kontsulta medikoetara joan ahal izateko, bisitak jasotzeko eta ondoren lanpostura itzultzeko. Langileak eskubide hori erabiltzen duen bakoitzean agiri bat bete beharko du hori kontabilizatu ahal izateko. Horrez gain, kontsulta medikoko egiaztagiria ere entregatu beharko du, eta bertan kontsulta noiz amaitu den zehaztuta egon beharko da.
Bederatzi hilabetetik beherako seme edo alaba bati esnea emateko, langileek eskubidea dute lanetik ordubetez lekutzeko. Denbora hori bi zatitan banatzen ahal dute. Legezko zaintza dela-eta eskubide hori baliatzen duen langileak, horren ordez aukeran izanen du lanaldia helburu berarekin ordu erdiz murriztea haurrak bederatzi hilabete izan arte, edo esnea emateko baimen hori metatzea, 14 egun naturaleko baimen ordaindua hartuz amatasun edo aitatasun baimena amaitutakoan.
34. artikulua. Baimena, norberaren aferetarako.
Lan-bizitza eta familia bateragarri egiteko asmoz, hitzarmen kolektibo honen eraginpeko langileek idatziz eskatu eta enpresak horretarako baimena eman ondoren, baimen ordainduko bi egun izanen dituzte urtean, ez direnak oporrekin metatzen ahalko, eginkizun pertsonaletarako (senitartekoei lagundu, norberaren tramiteak egin, eskoletako bileretara joan, familiaren ospakizunak, gestioak eta tramiteak erregistroetan eta notariotzetan, baimenei eta dokumentazioei buruzko gestioak, etab.). 2025. urtetik aurrera, hitzarmen honen eraginpeko langileek urtean baimen ordainduko hiru egun hartzeko eskubidea izanen dute guztira, norberaren gauzetarako.
Aurreko paragrafoan adierazitako baimenak disfrutatzen ahalko dira zerbitzuaren beharrek horretarako aukera ematen badute eta horiek betetzen badira. Enpresak beste langile bat izendatzen ahal du lanpostu horretan aritzeko aipatu baimenak disfrutatuko dituen pertsonaren eginkizun berberekin. Helburua da hutsik gelditzen diren lanpostuak enpresako langileek betetzea, langile berriak sartu gabe.
VIII. KAPITULUA.–DIZIPLINA ARAUBIDEA
35. artikulua. Diziplina araubidea.
Diziplina araubidearen ondorioetarako, uraren ziklo integraleko enpresen Estatuko 2018, 2019, 2020, 2021, 2022 eta 2023rako hitzarmen kolektiboa aplikatuko da (Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen 2019ko urriaren 3an, eta egun indarrean dago), bai eta hitzarmen hau ordeztuko duen hitzarmen kolektiboan horretaz ezarriko den etorkizuneko araua ere.
IX. KAPITULUA.–LANGILEEN LEGEZKO ORDEZKARITZA
36. artikulua. Langileen legezko ordezkaritza.
Arlo honetan indarrean dagoen legeriak esleitzen dituen eskumen eta berme guztiak langileen legezko ordezkaritzari dagozkio.
I. ERANSKINA.–FCC AQUALIA SA ENPRESAREN LAN HITZARMEN KOLEKTIBOA, MAIRAGAKO MANKOMUNITATEAREN LURRALDE ESPARRUAN (NAFARROA) UR HORNIDURA ETA SANEAMENDUKO INSTALAZIOEN MANTENTZE, ZAINKETA, USTIAPEN, GARBIKETA ETA KONPONKETA ZERBITZUEN KUDEAKETARAKO ETA KONTAGAILUEN IRAKURKETARAKO KONTRATUARI ATXIKITAKO LANGILEENTZAT
2023-01-01etik 2023-12-31ra bitarteko soldaten behin betiko taula
LANBIDE TALDEA | SOLDATA MAILA | LANPOSTUA | OINARRIZKO SOLDATA (eurotan) | HITZARMENAREN | LANPOSTUKO OSAGARRIA (eurotan) | GUZTIRA, | APARTEKO | GUZTIRA (eurotan) |
6 | 1 | Goi mailako tituluduna, burutzarekin | 1.408,15 | 308,29 | 248,14 | 1.964,58 | 1.408,15 | 29.207,56 |
5 | 2 | Goi mailako tit. / Erdi mailako tit., burutzarekin | 1.362,21 | 308,29 | 241,25 | 1.911,75 | 1.362,21 | 28.389,84 |
4 | 3 | Erdi mailako tituluduna | 1.348,80 | 308,29 | 239,24 | 1.896,33 | 1.348,80 | 28.151,16 |
3 A | 5 | Arduraduna | 1.134,47 | 308,29 | 207,07 | 1.649,83 | 1.134,47 | 24.335,84 |
3 B | 3 | Administrari arduraduna | 1.348,80 | 308,29 | 239,24 | 1.896,33 | 1.348,80 | 28.151,16 |
2 A | 6 | Administrari-ofiziala | 1.132,64 | 308,29 | 206,81 | 1.647,74 | 1.132,64 | 24.303,44 |
2 B | 10 | Administrari laguntzailea | 1.009,70 | 308,29 | 188,36 | 1.506,35 | 1.009,70 | 22.115,00 |
2 B | 10 | Irakurlea-administraria | 1.009,70 | 308,29 | 188,36 | 1.506,35 | 1.009,70 | 22.115,00 |
2 B | 11 | Irakurlea | 971,55 | 308,29 | 182,64 | 1.462,48 | 971,55 | 21.435,96 |
3 A | 4 | Langilezaina | 1.333,20 | 308,29 | 236,90 | 1.878,39 | 1.333,20 | 27.873,48 |
3 B | 5 | Langilezainordea | 1.224,65 | 308,29 | 220,77 | 1.753,71 | 1.224,65 | 25.943,12 |
2 A | 7 | Lehen mailako ofiziala | 1.131,26 | 308,29 | 206,60 | 1.646,15 | 1.131,26 | 24.278,84 |
2 B | 8 | Bigarren mailako ofiziala | 1.051,91 | 308,29 | 194,70 | 1.554,90 | 1.051,91 | 22.866,44 |
2 B | 9 | Hirugarren mailako ofiziala | 1.011,78 | 308,29 | 188,68 | 1.508,75 | 1.011,78 | 22.152,12 |
1 | 11 | Peoia-Peoi espezialista | 971,55 | 308,29 | 182,64 | 1.462,48 | 971,55 | 21.435,96 |
23. artikulua. Toxikotasun, nekagarritasun eta arriskugarritasun plusak (saneamendua): 1,70 euro, lan egindako ordu bakoitzeko.
24. artikulua. Gaueko lanaren plusa (Olorizko EUA): 14,15 euro, benetan lan egindako gau bakoitzeko.
25. artikulua. Jaiegunetako ordainsaria –14 egun– (Olorizko EUA): 22,16 euro, berreskuratzekoa ez den lan egindako jaiegun bakoitzeko.
25. artikulua. Gabon gaueko eta Urte Zahar gaueko konpentsazioa (Olorizko EUA): 110,96 euro, adierazitako gau bakoitzeko.
26. artikulua. Mantentze-lanetako ofizialen zaintaldeak: 27,77 euro, zaintaldean benetan emandako egun bakoitzeko.
26. artikulua. Mantentze-lanetako ofizialen zaintaldeak (larunbata, igandea edo jaieguna izanez gero): 55,47 euro, zaintaldean benetan emandako larunbat, igande edo jaiegun bakoitzeko.
26. artikulua. Mantentze-lanetako ofizialen zaintaldeak (larunbata jaieguna izanez gero): 110,96 euro, zaintaldean benetan emandako larunbat bakoitzeko, jaiegun izanez gero.
26. artikulua. Zaintaldeak, langilezain eta elektromekanikaria: 363,46 euro hilean.
26. artikulua. Laguntzako zaintaldeak: 12,13 euro, laguntzako zaintaldean benetan emandako egun bakoitzeko.
27. artikulua. Olorizko EUAko eta Larrateko EUAko langileen garraio plusa: 199,71 euro hilean.
32. artikulua. Istripu-aseguru kolektiboa: 40.000,00 euro.
II. ERANSKINA.–FCC AQUALIA SA ENPRESAREN LAN HITZARMEN KOLEKTIBOA, MAIRAGAKO MANKOMUNITATEAREN LURRALDE ESPARRUAN (NAFARROA) UR HORNIDURA ETA SANEAMENDUKO INSTALAZIOEN MANTENTZE, ZAINKETA, USTIAPEN, GARBIKETA ETA KONPONKETA ZERBITZUEN KUDEAKETARAKO ETA KONTAGAILUEN IRAKURKETARAKO KONTRATUARI ATXIKITAKO LANGILEENTZAT
2024-01-01etik 2024-12-31ra bitarteko soldaten behin betiko taula
LANBIDE TALDEA | SOLDATA | LANPOSTUA | OINARRIZKO SOLDATA (eurotan) | HITZARMENAREN | LANPOSTUKO | GUZTIRA, | APARTEKO | GUZTIRA |
6 | 1 | Goi mailako tituluduna, burutzarekin | 1.450,39 | 317,54 | 255,58 | 2.023,51 | 1.450,39 | 30.083,68 |
5 | 2 | Goi mailako tit. / Erdi mailako tit., burutzarekin | 1.403,08 | 317,54 | 248,49 | 1.969,11 | 1.403,08 | 29.241,64 |
4 | 3 | Erdi mailako tituluduna | 1.389,26 | 317,54 | 246,42 | 1.953,22 | 1.389,26 | 28.995,68 |
3 A | 5 | Arduraduna | 1.168,50 | 317,54 | 213,28 | 1.699,32 | 1.168,50 | 25.065,84 |
3 B | 3 | Administrari arduraduna | 1.389,26 | 317,54 | 246,42 | 1.953,22 | 1.389,26 | 28.995,68 |
2 A | 6 | Administrari-ofiziala | 1.166,62 | 317,54 | 213,01 | 1.697,17 | 1.166,62 | 25.032,52 |
2 B | 10 | Administrari laguntzailea | 1.039,99 | 317,54 | 194,01 | 1.551,54 | 1.039,99 | 22.778,44 |
2 B | 10 | Irakurlea-administraria | 1.039,99 | 317,54 | 194,01 | 1.551,54 | 1.039,99 | 22.778,44 |
2 B | 11 | Irakurlea | 1.000,70 | 317,54 | 188,12 | 1.506,36 | 1.000,70 | 22.079,12 |
3 A | 4 | Langilezaina | 1.373,20 | 317,54 | 244,01 | 1.934,75 | 1.373,20 | 28.709,80 |
3 B | 5 | Langilezainordea | 1.261,39 | 317,54 | 227,39 | 1.806,32 | 1.261,39 | 26.721,40 |
2 A | 7 | Lehen mailako ofiziala | 1.165,20 | 317,54 | 212,80 | 1.695,54 | 1.165,20 | 25.007,28 |
2 B | 8 | Bigarren mailako ofiziala | 1.083,47 | 317,54 | 200,54 | 1.601,55 | 1.083,47 | 23.552,48 |
2 B | 9 | Hirugarren mailako ofiziala | 1.042,13 | 317,54 | 194,34 | 1.554,01 | 1.042,13 | 22.816,64 |
1 | 11 | Peoia-Peoi espezialista | 1.000,70 | 317,54 | 188,12 | 1.506,36 | 1.000,70 | 22.079,12 |
23. artikulua. Toxikotasun, nekagarritasun eta arriskugarritasun plusak (saneamendua): 1,75 euro lan egindako ordu bakoitzeko.
24. artikulua. Gaueko lanaren plusa (Olorizko EUA): 14,57 euro, benetan lan egindako gau bakoitzeko.
25. artikulua. Jaiegunetako ordainsaria –14 egun– (Olorizko EUA): 22,82 euro, berreskuratzekoa ez den lan egindako jaiegun bakoitzeko.
25. artikulua. Gabon gaueko eta Urte Zahar gaueko konpentsazioa (Olorizko EUA): 114,29 euro, adierazitako gau bakoitzeko.
26. artikulua. Mantentze-lanetako ofizialen zaintaldeak: 28,60 euro, zaintaldean benetan emandako egun bakoitzeko.
26. artikulua. Mantentze-lanetako ofizialen zaintaldeak (larunbata, igandea edo jaieguna izanez gero): 57,13 euro, zaintaldean benetan emandako larunbat, igande edo jaiegun bakoitzeko.
26. artikulua. Mantentze-lanetako ofizialen zaintaldeak (larunbata jaieguna izanez gero): 114,29 euro, zaintaldean benetan emandako larunbat bakoitzeko, jaiegun izanez gero.
26. artikulua. Zaintaldeak, langilezain eta elektromekanikaria: 374,36 euro hilean.
26. artikulua. Laguntzako zaintaldeak: 12,49 euro, laguntzako zaintaldean benetan emandako egun bakoitzeko.
27. artikulua. Olorizko EUAko eta Larrateko EUAko langileen garraio plusa: 205,70 euro hilean.
32. artikulua. Istripu-aseguru kolektiboa: 40.000,00 euro.
III. ERANSKINA.–FCC AQUALIA SA ENPRESAREN LAN HITZARMEN KOLEKTIBOA, MAIRAGAKO MANKOMUNITATEAREN LURRALDE ESPARRUAN (NAFARROA) UR HORNIDURA ETA SANEAMENDUKO INSTALAZIOEN MANTENTZE, ZAINKETA, USTIAPEN, GARBIKETA ETA KONPONKETA ZERBITZUEN KUDEAKETARAKO ETA KONTAGAILUEN IRAKURKETARAKO KONTRATUARI ATXIKITAKO LANGILEENTZAT
2025-01-01etik 2025-12-31ra bitarteko soldaten behin betiko taula
LANBIDE TALDEA | SOLDATA MAILA | LANPOSTUA | OINARRIZKO | HITZARMENAREN | LANPOSTUKO | GUZTIRA, | APARTEKO | GUZTIRA |
6 | 1 | Goi mailako tituluduna, burutzarekin | 1.511,31 | 330,88 | 266,31 | 2.108,50 | 1.511,31 | 31.347,24 |
5 | 2 | Goi mailako tit. / Erdi mailako tit., burutzarekin | 1.462,01 | 330,88 | 258,93 | 2.051,82 | 1.462,01 | 30.469,88 |
4 | 3 | Erdi mailako tituluduna | 1.447,61 | 330,88 | 256,77 | 2.035,26 | 1.447,61 | 30.213,56 |
3 A | 5 | Arduraduna | 1.217,58 | 330,88 | 222,24 | 1.770,70 | 1.217,58 | 26.118,72 |
3 B | 3 | Administrari arduraduna | 1.447,61 | 330,88 | 256,77 | 2.035,26 | 1.447,61 | 30.213,56 |
2 A | 6 | Administrari-ofiziala | 1.215,62 | 330,88 | 221,96 | 1.768,46 | 1.215,62 | 26.084,00 |
2 B | 10 | Administrari laguntzailea | 1.083,67 | 330,88 | 202,16 | 1.616,71 | 1.083,67 | 23.735,20 |
2 B | 10 | Irakurlea-administraria | 1.083,67 | 330,88 | 202,16 | 1.616,71 | 1.083,67 | 23.735,20 |
2 B | 11 | Irakurlea | 1.042,73 | 330,88 | 196,02 | 1.569,63 | 1.042,73 | 23.006,48 |
3 A | 4 | Langilezaina | 1.430,87 | 330,88 | 254,26 | 2.016,01 | 1.430,87 | 29.915,60 |
3 B | 5 | Langilezainordea | 1.314,37 | 330,88 | 236,94 | 1.882,19 | 1.314,37 | 27.843,76 |
2 A | 7 | Lehen mailako ofiziala | 1.214,14 | 330,88 | 221,74 | 1.766,76 | 1.214,14 | 26.057,68 |
2 B | 8 | Bigarren mailako ofiziala | 1.128,98 | 330,88 | 208,96 | 1.668,82 | 1.128,98 | 24.541,76 |
2 B | 9 | Hirugarren mailako ofiziala | 1.085,90 | 330,88 | 202,50 | 1.619,28 | 1.085,90 | 23.774,96 |
1 | 11 | Peoia-Peoi espezialista | 1.042,73 | 330,88 | 196,02 | 1.569,63 | 1.042,73 | 23.006,48 |
23. artikulua. Toxikotasun, nekagarritasun eta arriskugarritasun plusak (saneamendua): 1,82 euro lan egindako ordu bakoitzeko.
24. artikulua. Gaueko lanaren plusa (Olorizko EUA): 15,18 euro, benetan lan egindako gau bakoitzeko.
25. artikulua. Jaiegunetako ordainsaria –14 egun– (Olorizko EUA): 23,78 euro, berreskuratzekoa ez den lan egindako jaiegun bakoitzeko.
25. artikulua. Gabon gaueko eta Urte Zahar gaueko konpentsazioa (Olorizko EUA): 119,09 euro, adierazitako gau bakoitzeko.
26. artikulua. Mantentze-lanetako ofizialen zaintaldeak: 29,80 euro, zaintaldean benetan emandako egun bakoitzeko.
26. artikulua. Mantentze-lanetako ofizialen zaintaldeak (larunbata, igandea edo jaieguna izanez gero): 59,53 euro, zaintaldean benetan emandako larunbat, igande edo jaiegun bakoitzeko.
26. artikulua. Mantentze-lanetako ofizialen zaintaldeak (larunbata jaieguna izanez gero): 119,09 euro, zaintaldean benetan emandako larunbat bakoitzeko, jaiegun izanez gero.
26. artikulua. Zaintaldeak, langilezain eta elektromekanikaria: 390,08 euro hilean.
26. artikulua. Laguntzako zaintaldeak: 13,01 euro, laguntzako zaintaldean benetan emandako egun bakoitzeko.
27. artikulua. Olorizko EUAko eta Larrateko EUAko langileen garraio plusa: 214,34 euro hilean.
32. artikulua. Istripu-aseguru kolektiboa: 40.000,00 euro
Iragarkiaren kodea: F2504927
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
