1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
297/2025 EBAZPENA, maiatzaren 8koa, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emana, apirilaren 25eko 277/2023 Ebazpena aldatu eta 2025. urtean abeltzaintzaren osasun defentsarako elkarteei laguntzak emateko deialdia onesten duena, gaitzak prebenitzeko, kontrolatzeko eta desagerrarazteko osasun programak egiteagatik. DDBN identifikazioa: 831443.
Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiaren apirilaren 25eko 277/2023 Ebazpenaren bidez, oinarri arautzaileak ezarri ziren abereen gaitzak prebenitzeko, kontrolatzeko eta desagerrarazteko osasun programak egitearren abeltzaintzaren osasun defentsarako elkarteei laguntzak emateko 2023-2029 aldian.
Elkarte horiek hiru faktoreri esker hobetzen dute produktuen ekoizpen eta osasun maila: profilaxi-programak gauzatu eta horien jarraipena egiteari esker, animalien gaixotasunen aurka borrokatzeari esker eta baldintza higienikoak hobetzeari esker. Ustiategietako osasun programen jarraipenak berekin dakar osasun kontrolak, proba diagnostikoak, laborategiko analisiak edo animalien gaixotasunak detektatzeko beste neurri batzuk, abeltzaintzaren osasun defentsarako elkarteetako albaitarien jardun profesionalari dagozkionak barne.
Abeltzaintzaren osasun defentsarako elkarteei abereen gaitzak prebenitzeko, kontrolatzeko eta desagerrarazteko osasun programak egiteagatik ematen zaizkien laguntzak Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko 2022/2472 (EB) Erregelamenduaren 26. artikuluan xedatutakoaren araberakoak dira; erregelamendu horrek barne merkatuarekin bateragarriak diren zenbait laguntza kategoria deklaratzen ditu nekazaritza eta basogintza sektoreetan eta landa eremuetan, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta. L 327. Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, 2022ko abenduaren 21ekoa.
Laguntzen eragin ekonomikoak ez direnez aldatzen Batasunak hein batean finantzatu ala estatu kide batek bakarrik finantzatu, kongruentzia eta koherentzia egon behar dira Batzordeak estatuko laguntzak kontrolatzearen alorrean duen politikaren eta nekazaritza politika erkidearen babesean ematen den laguntzaren artean. Laguntzen estatuko araubide horiek ezartzea aurreikusten duten arau juridikoek oro har iraupen berbera izaten dute nekazaritza politika erkidearen babesean emandakoenaren aldean. Europako Batzordeko Nekazaritza eta Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiak Nafarroako Foru Komunitateko agintariek emandako informazio laburtua jaso izanaren adierazpena egin zuen, eta salbuetsitako laguntza-neurriari buruzko jakinarazpena erregistratu zuen SA.107659 laguntza-zenbakiarekin.
Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 18. eta 19. artikuluek ezartzen dutenez, dirulaguntzak emateko prozedura ofizioz hasiko da behin organo eskudunak dirulaguntza emateko araua edo deialdia eta oinarri arautzaileak ezarri eta gero, non eta ez dauden aurrez ezarrita.
Ebazpen honek, deialdia onesteaz gain 2025. urtean abeltzaintzaren osasun defentsarako elkarteen laguntzetarako, abereen gaitzak prebenitzeko, kontrolatzeko eta desagerrarazteko osasun programak egiteagatik, helburu bikoitz bat ere badauka. Lehenik eta behin, nabarmenki murrizteko untxien abeletxe kopurua, eta, horrenbestez, untxi populazioen zentsua, laguntza eskuratzeko betekizunak aldatu behar dira, halako moldez non beharrezkoa izanen den untxi hazkuntzaren sektoreko abereen defentsarako elkarteek gutxienez ere Nafarroako untxi eme ugaltzaileen %50 biltzea.
Bestalde, azpimarratu behar da azken urteotan pertsonengan Q sukarraren prebalentzian hazkundea egon dela Nafarroan (Coxiella burnetti delakoak eragina); Nafarroak du Estatu osoan gaixotasun horren tasarik altuenetakoa. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren Animalien Osasunaren Atala abereetan gaixotasun hori kontrolatzeko jarduketak egiten ari da, egiztatuz Coxiella burnettirik dagoen ardi eta ahuntzen abortuen agerraldi guztietan, baita behietan ere, PCR bidez: ardien kasuan %47 eta behien kasuan %14 positibo atera dira. Hori dela-eta, prebalentzia murrizteko, gaitz horren aurkako txertaketa sustatu behar da.
Helburu horiek betetze aldera, Nafarroako Foru Komunitateak 277/2023 Ebazpena aldatzen du, apirilaren 25ekoa, eta onesten du abeltzaintzaren osasun defentsarako elkarteei laguntzak emateko kasuko deialdia, 2025eko ekitaldirako, abereen gaitzak prebenitzeko, kontrolatzeko eta desagerrarazteko osasun programak egiteagatik.
Laguntza lerro hau Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren 2024-2026 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren berrikuspen eta eguneraketan sartzen da, zeina Nafarroako Gobernuaren 2024ko ekainaren 19ko Erabakiaren bidez onetsi zen.
Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Onestea Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiaren apirilaren 25eko 277/2023 Ebazpenaren aldaketa. Ebazpen horren bidez, oinarri arautzaileak ezarri ziren abereen gaitzak prebenitzeko, kontrolatzeko eta desagerrarazteko osasun programak egitearren abeltzaintzaren osasun defentsarako elkarteei laguntzak emateko. Aldaketa hori eginen da ebazpen honen I. eranskinean jasotzen den moduan.
2. Deialdia onestea 2025. urtean abeltzaintzaren osasun defentsarako elkarteen laguntzetarako, abereen gaitzak prebenitzeko, kontrolatzeko eta desagerrarazteko osasun programak egiteagatik.
Laguntza lerro hau Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren 2024-2026 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren berrikuspen eta eguneraketan sartzen da, zeina Nafarroako Gobernuaren 2024ko ekainaren 19ko Erabakiaren bidez onetsi zen.
3. 2025. urteari dagokion laguntzaren eskaerak aurkezteko epea hilabeteko epean akituko da, urteko laguntzaren deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.
4. Deialdi honetarako, aplikatuko da Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiaren apirilaren 25eko 277/2023 Ebazpena. Ebazpen horren bidez, oinarri arautzaileak ezarri ziren abereen gaitzak prebenitzeko, kontrolatzeko eta desagerrarazteko osasun programak egitearren abeltzaintzaren osasun defentsarako elkarteei laguntzak emateko 2023-2029 aldian.
5. Laguntza ekonomikoaren jasotzaileek enpresa ez deslokalizatzeko konpromisoa hartzen dute, bat etorriz Enpresen sustraitzearen aldeko eta enpresen deslokalizazioaren aurkako neurriei buruzko abenduaren 16ko 18/2020 Foru Legearen 5. artikuluan ezarritakoarekin.
6. Onuradunak Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiaren apirilaren 25eko 277/2023 Ebazpenaren hamalaugarren oinarrian ezarritako gardentasun-betebeharrari buruzko adierazpena aurkeztu beharko du, esteka honen bidez:
https://administracionelectronica.navarra.es/RGE2/gestorinstancia.aspx?idinstancia=2010565
7. Deialdi honen ondoriozko gastuei aurre egiteko, 220.000 euroko gastua baimentzen da, 2025eko Aurrekontu Orokorretako gastu-aurrekontuen "Zenbait espezieren osasun defentsarako elkarteen sustapena" izeneko 710004 71300 4819 412203 partidaren kargura.
8. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.
9. Dirulaguntzen deialdi hau Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basean erregistratzea (NGDDB).
10. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
Iruñean, 2025eko maiatzaren 8an.–Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia, Ignacio Gil Jordán.
NEKAZARITZA ETA ABELTZAINTZAKO ZUZENDARI NAGUSIAK EMANDAKO APIRILAREN 25EKO 277/2023 EBAZPENAREN ALDAKETA, 2023-2029 ALDIAN ABELTZAINTZAREN OSASUN DEFENTSARAKO ELKARTEEI LAGUNTZAK EMATEKO DEIALDIA ONESTEN DUENARENA, GAITZAK PREBENITZEKO, KONTROLATZEKO ETA DESAGERRARAZTEKO OSASUN PROGRAMAK EGITEAGATIK
Lehen oinarria.–Aldatzen da Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiaren apirilaren 25eko 277/2023 Ebazpenaren I. eranskineko bigarren oinarria, 2. puntuko e) letran, laguntzak eskuratzeko betekizunei eta onuradunei dagokionez. Honela geldituko da idatzita:
e) Abeltzaintzaren osasun defentsarako elkarteek 1 000 AzLU edo 10.000 untxi eme ugaltzaile izan beharko dituzte gutxienez, edo Nafarroako untxi eme ugaltzaileen %50 bildu.. AzLUak kalkulatzeko, abenduaren 27ko 1048/2022 Errege Dekretuaren V. eranskineko baliokidetasun taulari jarraituko zaio, zeinak 2023tik aurrera Nekazaritza Politika Erkidearen Plan Estrategikoaren esparruan zuzeneko ordainketa gisako esku-hartzeak eta baldintza komunen ezarpena arautzen dituen eta kudeaketa- eta kontrol-sistema integratuaren eskaera bakarra arautzen duen.
Bigarren oinarria.–Aldatzen da Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiaren apirilaren 25eko 277/2023 Ebazpenaren I. eranskineko bosgarren oinarria, 2. puntua, f) letra gehitzeko, jardueraren, espeziearen eta orientazioaren araberako laguntzaren gehieneko zenbatekoari dagokionez. Honela geldituko da idatzita:
f) Behien, ardien eta ahuntzen ustiategietan jarritako Q sukarraren aurkako txerto kopurua, aldez aurretik PCR bidez Coxiella burnetti delakoaren presentzia diagnostikatu bazaie. Albaitaritzako langile klinikoek txerto horien berri eman behar diote Abeltzaintza Zerbitzuari, Albaitaritzako Kudeaketa Telematikoko programaren bidez.
Laguntza 4 eurokoa izanen da txerto bakoitzeko ardi eta ahuntz espezieetan. Gehienez 1000 ardiri emanen zaie ustiategi bakoitzeko. 8 euroko laguntza emanen da txerto bakoitzeko behi espeziean, gehienekoa izanik 500 animalia ustiategi bakoitzeko.
Hirugarren oinarria. Aldatzen da Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiaren apirilaren 25eko 277/2023 Ebazpenaren I. eranskineko bosgarren oinarria, 3. puntua, jardueraren, espeziearen eta orientazioaren araberako laguntzaren gehieneko zenbatekoari dagokionez, Q sukarrari buruzko txertoen adierazlea gehitzeko. Honela geldituko da idatzita:
"3. Elkarte baten kontrol eskema funtsean aldatuz gero, bai eta adierazleetako bat gauzatzeko kostuak ere, laguntzaren urteko deialdian zenbateko berriak alda daitezke, adierazlea kostu berrira egokitu dadin.
LAGUNTZAREN GEHIENEKO ZENBATEKOA, JARDUERAREN, ESPEZIEAREN ETA ORIENTAZIOAREN ARABERA |
Espeziea eta orientazioa | Abeltzaintzaren osasun defentsarako elkartearen ustiategi kopurua | Goi mendiko udalerrietako ustiategi kopurua | Abeltzaintzaren osasun defentsarako elkartearen animalia kopurua | IBR4 gisa kalifikatutako ustiategi kopurua | IBR txertaketa programak dituzten behien kopurua | Q sukarraren txerto kopurua |
Zezenketarako ez den behi azienda | 25 euro ustiategiko | 15 euro ustiategiko | 4 euro abelburuko | 300 euro ustiategiko | 4 euro abelburuko | 8 euro txertoko |
Esnetarako behienak | 25 euro ustiategiko | 15 euro ustiategiko | 3 euro abelburuko | 300 euro ustiategiko | 4 euro abelburuko | 8 euro txertoko |
Zezenketarako behi azienda | 25 euro ustiategiko | 15 euro ustiategiko | 3 euro abelburuko | 300 euro ustiategiko | 4 euro abelburuko | 8 euro txertoko |
Ardi eta ahuntz azienda | 25 euro ustiategiko | 15 euro ustiategiko | 1 euro abelburuko | - | - | 4 euro txertoko |
Behor azienda | 25 euro ustiategiko | 15 euro ustiategiko | 4 euro abelburuko | - | - | - |
Untxi azienda | 25 euro ustiategiko | 15 euro ustiategiko | 1 euro abelburuko | - | - | - |
Iragarkiaren kodea: F2506833