97. ALDIZKARIA - 2025eko maiatzaren 19a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

147E/2025 EBAZPENA, apirilaren 22koa, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez partez onartzen baita San Adriango udal mugartean hondakinak kudeatzeko dagoen instalazio baten ingurumen baimen bateratuan ezarritako funtzionamendu baldintzen aldaketa. Horren ondorioz, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honen eranskinean ezarritako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioaren titularra Recuperación de Chatarras La Pinilla SA da.

Egun abian den instalazio horrek ingurumen baimen bateratua du, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen hirugarren xedapen iragankorra aplikatuta eman baitzitzaion; izan ere, jarduera hori sarturik dago aipatutako foru lege horren 1. eranskineko 5.1 taldean.

2024ko urriaren 30ean, titularrak eskatu zuen bere ingurumen baimen bateratuan ezarritako baldintzak aldatzeko, zehazki, ingurumen baimen bateratuaren III. eranskinean, zentroan kudeatzen diren hondakinen zerrendan, hondakin batzuk sartzeko; hain zuzen, 150103, 170201 eta 170203 EHZ kodeak dituztenak eta 1704 EHZ kode multzoa dutenak.

2025eko otsailaren 17an, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzu honek egindako errekerimenduari erantzunez, titularrak murriztu egin zuen eskatutako hondakinen zerrenda, eta, ondorioz, eskatu zuen zentroan kudeatutako hondakinak jasotzen dituen III. eranskineko zerrendan sartzea, bakar-bakarrik, 150103 eta 170201 EHZ kodeak dituzten hondakinak, hau da, eraikuntza- eta eraispen-jardueretatik datozen zurezko ontziei eta zurezko hondakinei dagozkienak. Errekerimenduko gainerako puntuei ez zien erantzunik eman.

2025eko martxoaren17an, titularrak, errekerimenduari emandako beste erantzun batean, zentroan kudeatzen diren hondakinak biltzen dituen III. eranskineko zerrendan 150103 eta 170201 EHZ kodeak eta 170203, 170401, 170402, 170403, 170404 eta 170407 EHZ kodeak dituzten hondakinak sartu zituen, den-denak eraikuntza- eta eraispen-jardueretatik datozenak.

Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuak aztertu du aurkeztutako eskaera, eta balorazio hau egin du:

EHZ KODEA

DESKRIBAPENA

BALORAZIOA

15 01 03

Zurezko ontziak.

Onartzen da kudeatu beharreko hondakinen zerrendan sartzea.

17 02 01

Zura.

Onartzen da kudeatu beharreko hondakinen zerrendan sartzea.

17 02 03

Plastikoa.

Ez da bidezkoa sartzea. Hondakin hori dagoeneko sartuta dago instalazioak kudeatzen dituen hondakinen zerrendan, zehazki, R120106 prozesuan (hondakinen sailkapena). Plastikoa// Plastikoaren sailkapena.

17 04 01

Kobrea, brontzea, letoia.

Ez da bidezkoa sartzea. Hondakin horiek dagoeneko sartuta daude instalazioak kudeatzen dituen hondakinen zerrendan, zehazki, R120103 prozesuan (hondakinen sailkapena). Txatarra// Txatarraren aurretratamendua.

17 04 02

Aluminioa.

17 04 03

Beruna.

17 04 04

Zinka.

17 04 07

Metal nahastuak.

Onartutako aldaketek ez dute eragozten instalazioaren funtzionamendu egokia, ingurumenari dagokionez, eta bat datoz ingurumen baimen bateratuan ezarritako gehieneko isurketa-balioekin eta gainerako eskakizunekin, bai eta teknika erabilgarri onenen aplikazioarekin ere.

Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 28. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, bidezkoa da ingurumen baimen bateratua aldatzea.

Ebazpen proposamena hamabost egunez egon da instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehendabizikoa.–Onartzea San Adriango udal mugartean hondakinak kudeatzeko dagoen instalazio baten ingurumen baimen bateratuan ezarritako funtzionamendu baldintzen aldaketa. Horren ondorioz, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honen eranskinean adierazitako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioaren titularra Recuperación de Chatarras La Pinilla SA da.

Bigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Hirugarrena.–Ebazpen honen aurka, ez baitu administrazio bidea amaitzen, interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.

Laugarrena.–Ebazpen hau Recuperación de Chatarras La Pinilla SAra eta San Adriango Udalera igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2025eko apirilaren 22an.–Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendaria, Raúl Salanueva Murguialday.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/ConsultasAAU.html#/ConsultaAutorizacionesAmbientalesUnificadas.

Iragarkiaren kodea: F2506022