Iragarkia
97. ALDIZKARIA - 2025eko maiatzaren 19a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
65E/2025 FORU AGINDUA, apirilaren 30ekoa, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten den despopulazio arriskuan dauden Nafarroako toki entitateei zuzendutako dirulaguntzen deialdia, landaguneetan jarduera eta ariketa fisikoko programak hartzen dituzten tokiko kirol/komunitate egiturak eta espazioak egokitu eta hobetzekoa, horiek landaguneetan jarduera fisikoa sustatzeko sare koordinatu baten barnean (PAFER) sartzeko, Europar Batasunaren Next Generation EU funtsak finantzatutako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan (2025). DDBN identifikazioa: 829694.
Espainiako Konstituzioaren eskumen-esparru arauemailearen barruan, eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoak 44.14 artikuluan ezartzen duenaren arabera, Nafarroako Foru Komunitatearen eskumen esklusiboa da kirola eta aisialdiaren behar bezalako erabilera sustatzea. Nafarroako Foru Komunitateko administrazio publikoen kirol politikaren helburuetako bat da koordinazioa, elkarlana eta lankidetza arduratsua sustatzea eta bultzatzea kirol arloan, bai administrazio publikoen artean, bai haien eta Foru Komunitatean kirola sustatzen eta garatzen diharduten beste entitate publiko edo pribatu batzuen artean. Era berean, kirol jarduera sustatzea aurreikusten da, kirol egiturak eta espazioak egokitzeko eta hobetzeko dirulaguntzen bitartez.
Espainiako Konstituzioak 43.3 artikuluan jasotako gizarte eta ekonomia politikaren printzipio gidarietan ezartzen du botere publikoek osasun hezkuntza, gorputz hezkuntza eta kirola sustatuko dituztela.
2020ko uztailaren 21ean Kontseilu Europarrak onartu zuen martxan jartzea Suspertzerako Europako Bitartekoa, zeinaren garapenean Europako Parlamentuak eta Kontseiluak 2021/241 (EB) Erregelamendua eman baitzuten, 2021eko otsailaren 12koa, "Next Generation EU" funts berriarekin finantzatuko den Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa ezartzeko.
Kirolak oso zuzenean jasan ditu emergentzia sanitarioaren ondorioak, eta, horregatik, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruko Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoak (SEM) ematen ditu aparteko eta premiazko neurriak kirola jarduera ekonomiko gisa berraktibatzeko, abiapuntutzat hartuta garapen jasangarriko, gizarte kohesioko, enplegua sortzeko, kolektibo kalteberei arreta emateko eta lurraldea berrorekatzeko irizpideak. Bestalde, esparru berean, Espainiako Gobernuak 2021eko apirilaren 27ko Ministroen Kontseiluan onartu zuen Espainiako ekonomiarako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana. Plan hori hainbat osagaitan banatzen da, ministerioetako departamentuek esku hartzen duten jarduera ardatzen arabera.
Kirolaren Konferentzia Sektorialak 2023ko abenduaren 23ko bileran hartu zuen erabakiaren bidez baimentzen da autonomia-estatutua duten autonomia-erkidegoek eta hiriek kudeatutako kredituak lurraldean banatzea eta horiek banatzeko irizpideak ezartzea. Kredituok Kirol Kontseilu Gorenaren aurrekontuaren kargurakoak dira, «Kirolaren sektorearen sustapena» 26. osagaiaren esparruan; 3.900.000,00 euroko zenbatekoa izan zen 2024ko aurrekontu ekitaldian, «Jendez hustu diren eremuetan jarduera fisikoa eta osasuna sustatzea. PAFER sarea» proiekturako, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren baitan (SEEP).
Kirol Kontseilu Gorenaren Lehendakaritzaren 2024ko otsailaren 15eko Ebazpen bidez, Kirolaren Konferentzia Sektorialaren 2023ko abenduaren 26ko Erabakia argitaratu zen, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren lurralde banaketari eta banaketa irizpideei buruzkoa (Estatuko Aldizkari Ofiziala, 50. zk., 2024ko otsailaren 26koa).
Erabaki horren xede den kredituen lurralde banaketaren helburua da landa eremuko biztanleen jarduera fisikoaren mailak handitzea, landa eremuetan jarduera fisikoaren sustatzaileen sare koordinatu bat (PAFER) sortuz; sustatzaile horiek, hain zuzen, baliabideak kudeatzeaz eta sortzeaz eta jarduera fisikoa sustatzeko eta aktibatzeko oinarrizko programak diseinatzeaz arduratuko dira, despopulazio handieneko eremuetan, batez ere.
Landa eremuetako despopulazioa herrialde osoko arazo larri bihurtu den joera da, eta, beraz, eremu horietan kirol eskaintza eta zerbitzuak garatzeak joera horren ondorio negatiboak arintzen laguntzen ahal du, pertsonen bizi kalitatea hobetuz, haien kirol praktika errazten, sustatzen eta hobetzen lagunduko duten tresna eta irtenbide segmentatuekin, eta jarduera horiek egiten diren kirol espazioak egokituz eta hobetuz.
Era berean, laguntza horien helburua da, arestian deskribatutako helburuei laguntzeaz gain, berdintasuna, zabalkundea eta ikusgarritasuna, prestakuntza, energia eraginkortasuna, eraldaketa digitala eta irisgarritasuna sustatzen dituzten egiturak eta espazioak sendotzen laguntzea.
Horretarako, sektoreko azpiegiturak hobetu nahi dira, eta landa eremuetako jarduera ekonomiko jasangarria eta enplegua areagotu, helburu espezifiko honekin: landa eremuetako jarduera fisikoaren sustatzaileen sare nazional koordinatu bat sortzea (PAFER), tokiko kirol/komunitate egituraz eta espazioz hornitua, askotariko programei eraginkortasunez erantzutea ahalbidetuko dutenak.
Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen otsailaren 5eko 72/2025 Ebazpen bidez, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren (SEM) azpiproiektuaren Kudeaketa Plana onetsi da –C26.I02.P03.S01 "PAFER SAREA, Nafarroako Foru Komunitatea", Tokiko kirol/komunitate espazio eta egiturak egokitzea eta hobetzea–, landa eremuetan ariketa eta jarduera fisikoko programak ezartzeko, Nafarroako Gobernuaren 2022ko otsailaren 16ko Erabakian, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoak finantzatutako proiektuak kudeatzeko eta kontrolatzeko arauak onartzekoan, ezartzen den bezala (Nafarroako Aldizkari Ofiziala, 41. zenbakia, 2022ko otsailaren 25ekoa).
«Jendez hustu diren eremuetan jarduera fisikoa eta osasuna sustatzea. PAFER sarea» proiektuaren kasuan, lortu beharreko beste mugarria PAFER sarea bera eratzea da. Hori egiaztatzeko, Ariketa Fisikoaren Unitate Aktiboak (AFUA) eta beste programa batzuk inskribatu beharko dira udalerrien eta autonomia-estatutua duten autonomia-erkidego edo hiri bakoitzaren webgunean. Era berean, Kirol Kontseilu Gorenak informazio hori guztia bere webgunean bilduko du, abian jarritako jarduerak modu zentralizatuan jasoz eta idatzirik utziz.
Horregatik, Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuak toki entitateei zuzendutako dirulaguntza deialdi bat onestea proposatu du, despopulazio arriskuan dauden landa inguruneetan ariketa eta jarduera fisikoko programak ezartzeko tokiko kirol/komunitate egiturak eta espazioak egokitzeko eta hobetzeko.
Hortaz, Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuko Azpiegiturak Kudeatzeko Atalak deialdi horren oinarri arautzaileak onesteko eskatzen du, Planaren helburuetako bati erantzuten baitio, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako printzipio hauen arabera: publizitatea, gardentasuna, lehia, objektibotasuna, berdintasuna, diskriminaziorik eza, kontrola, eraginkortasuna administrazio emaileak ezarritako helburuak betetzean eta efizientzia baliabide publikoak esleitzean eta erabiltzean.
Era berean, dirulaguntzak jasotzeko, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planean jasotako helburuak bete, egikaritu eta gauzatu beharko dira, eta osotara aplikatuko zaizkie Suspertze eta Erresilientzia Mekanismorako ezartzen diren kudeaketa eta kontrol mekanismoak, bai eta kudeaketarako, jarraipen eta kontrolerako, publizitaterako eta egiaztapenerako Europar Batasunean ezarritako araudia ere; gainera, arau horiek nahitaez bete beharrekoak dira.
Horrenbestez, Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 256/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,
AGINTZEN DUT:
1.–Onestea despopulazio arriskuan dauden Nafarroako toki entitateei zuzendutako dirulaguntzen deialdia, landaguneetan jarduera eta ariketa fisikoko programak hartzen dituzten tokiko kirol/komunitate egiturak eta espazioak egokitu eta hobetzekoa, Europar Batasunaren Next Generation EU funtsak finantzatutako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan, Foru Agindu honen I. eranskinean jasotzen diren oinarri arautzaileen arabera.
2.–134.094,00 euroko gastua baimentzea deialdi hau aurrera eramateko. Gastu hori Nafarroako 2025eko Aurrekontu Orokorreko A50000-A5000-7609-336107 partida ekonomikoari egotziko zaio, [PEP: E-24/000712-01]: Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoen deialdia toki entitateetarako, PAFER sareko kirol/komunitate egitura eta espazioak egokitzeko eta hobetzeko.
3.–Deialdi hau Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera (DDBN) bidaltzea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean xedatutakoa betetzeko.
4.–Deialdiaren foru agindu hau eta bere oinarri arautzaileak (I. eranskina) Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Dokumentazio hori guztia eta gainerako eranskinak entitate interesdunen eskura egonen dira Nafarroako Gobernuaren tramiteen katalogoan.
5.–Foru arau honen eta oinarri arautzaileen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.
Iruñean, 2025eko apirilaren 30ean.–Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.
I. ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK
1. Xedea eta helburua.
Oinarri hauen xedea da despopulazio arriskuan dauden Nafarroako toki entitateei zuzendutako dirulaguntzak emateko baldintzak eta betekizunak arautzea, otsailaren 15eko 8/2023 Foru Aginduaren arabera, ariketa eta jarduera fisikoko programak ezartzen diren tokiko kirol/komunitate egiturak eta espazioak egokitzeko eta hobetzeko jarduerak egiteko 2025ean, eta landa eremuetan jarduera fisikoa sustatzeko sare koordinatu batean (PAFER) sartzeko, Europar Batasunaren "Next Generation EU" funtsak finantzatutako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren baitan.
Gainera, egokitzapen, moldaketa eta hobekuntza horien emaitzak kontuan hartuko ditu trantsizio ekologikoarekin, digitalizazioarekin, berdintasun eta inklusioarekin, irisgarritasunarekin eta/edo instalazioetako segurtasunarekin lotutako helburuak lortzea.
Administrazio publikoen baliabide ekonomikoei errentagarritasun handiagoa ateratzeko, eta bete daitezen jarduera administratiboaren oinarri nagusi diren eraginkortasunaren, efizientziaren eta ekonomiaren printzipioak, Nafarroako toki entitate bakoitzak eskaera bakarra aurkezten ahalko du deialdi honetan. Udalerri batek ez du eskaera bat baino gehiago aurkezten ahalko.
Dirulaguntza 26. osagaian sartuta dago («Kirolaren sektorearen sustapena»), 02 inbertsioan («Kirol Instalazioen Trantsizio Ekologikorako Plana»), 03 proiektuan («Jendez hustu diren eremuetan jarduera fisikoa eta osasuna sustatzea. PAFER sarea», Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planarena), eta Europar Batasunaren "Next Generation EU" funtsak finantzatuta.
Onuradunek Suspertze eta Erresilientzia Mekanismotik datozen funtsen kargura jasoko dituzten zenbatekoak baliatuz egiten dituzten proiektuek lagundu egin beharko dute Kontseiluaren Betearazpen Erabakiaren 373. helburua betetzen, Espainiako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren ebaluazioa onartzeari buruzkoa (Council Implementing Decision - CID).
Oinarri hauen babesean emandako dirulaguntzak Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduak (aurrerantzean, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoari buruzko Erregelamendua) ezarritako Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren bidez finantzatuko dira.
Europako funtsen bidez finantzatuko diren dirulaguntza hauek izapidetzean eta ematean, abenduaren 30eko 36/2020 Errege Lege Dekretuak, Administrazio Publikoa modernizatzeko eta Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana gauzatzeko premiazko neurriak onestekoak, ezarritakoa aplikatuko da, hargatik eragotzi gabe aplikatzekoa den gainerako araudia.
Obrak 2025eko azaroaren 30a baino lehen amaitu behar dira.
2. Entitate onuradunak.
Deialdi honetara batzen ahalko dira despopulazio arriskua duten eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten Nafarroako toki entitateak, baldin eta dirulaguntzaren xede den instalazioan garatu beharreko jarduera fisikoko programak badituzte edo proposatzen badituzte.
3. Gastu diruz lagungarriak.
Foru agindu honen bidez deitzen diren laguntzek abenduaren 30eko 36/2020 Errege Lege Dekretuaren 37. artikuluaren arabera finantzatuko dituzte jarduketak, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren arau-esparruaren arabera hautatzen ahal diren jarduerak finantzatzeko helburuarekin.
Gastu diruz lagungarriak dira, zalantzarik gabe, diruz lagundutako jardueraren izaerarekin bat datozenak, behar-beharrezkoak badira eta 2025. urtean egin badira. Hau da, ariketa eta jarduera fisikoko ikastaroak emateko erabiltzen diren instalazioetan trantsizio ekologikoarekin, digitalizazioarekin, berdintasun eta inklusioarekin, irisgarritasunarekin eta/edo segurtasunarekin lotutako inbertsio jarduerak.
1.–Hauek dira diruz laguntzen ahal diren gastuak:
–Egokitzapenak eta hobekuntzak (kirol instalazioak berriztatu edo eraberritzea ingurune osasungarrian, kirol zentroen irisgarritasuna hobetzea, espazio publikoak egokitzea ibilbideak edo zirkuituak sortzeko, edota kirol instalazioetan argiztapen iraunkorreko sistemak ezartzea).
–Ekipamendua (PAFER sareko instalazioetarako edo espazioetarako ekipoak erostea, ingurune osasungarrietako jarduera fisikoko eremuetarako altzariak erostea (kalistenia).
–Plataforma digitalen garapena (jarduera fisikoetan izena ematea edo jarraipena egitea errazteko aplikazio mugikorrak garatzea).
Energia birgaitzearekin lotuta egiten diren jarduketek ingurumenari kalte nabarmenik ez eragiteko printzipioak ezarritako baldintzak bete beharko dituzte. Printzipio hori Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2020ko ekainaren 18ko 2020/852 (EB) Erregelamenduak arautzen du, inbertsio jasangarriak errazteko esparru bat ezarri eta 2019/2088 (EB) Erregelamendua aldatzen duenak.
2.–Honako gastu hauek ez dira inola ere diruz lagungarriak:
–Langile propioen soldata kostuak.
–Instalazioen aldizkako mantentze lanei lotutako gastuak.
–Instalazioen ohiko kudeaketarekin lotutako gastuak (ura, elektrizitatea, Internet).
4. Jarduketen ingurumen betekizunak.
Neurriak eragin baliogabea edo txikia du ingurumen helburuan, haren izaera dela eta. Nolanahi ere, energia birgaitzeekin lotuta gauzatzen diren jarduketek helburu hau lortzen lagundu beharko dute: azpiegitura proiektuetan sortutako eraikuntza eta eraispen hondakinen % 70 gutxienez (pisuan) –alde batera utzita EHZ 17 05 04 kodea duten hondakinak– beste material batzuk berrerabiltzeko, birziklatzeko eta birbalorizatzeko prestatzea, betelanak barne, hondakinak beste material batzuk ordezkatzeko erabiliz. Era berean, eraistea dakarten proiektu finantzatuetan, gaikako eraispena eginen da (materialak bereiziz).
% 70eko helburua lortzeko, eraikuntzaz arduratzen diren eragileek hondakinen hierarkia printzipioari jarraituko diote, eta lehentasuna emanen diete prebentzioari, berrerabiltzeko prestaketari, birziklapenari, balorizazio energetikoari eta, azkenik, ezabatzeari, baldin eta ingurumenaren ikuspuntutik posible bada.
Eraikuntzarekin eta eraispenarekin lotutako prozesuetan, operadoreek hondakinen sorrera mugatu beharko dute, EBko eraikuntza eta eraispen hondakinak kudeatzeko protokoloarekin bat etorriz eta eskura dauden teknika onenak kontuan hartuta, eta eraispen selektiboa erabiliz, substantzia arriskutsuak segurtasunez ezabatu eta manipulatu ahal izateko eta materialak selektiboki ezabatuz kalitate handiko berrerabilera eta birziklatzea errazteko, eraikuntza eta eraispen hondakinetarako eskuragarri dauden sailkapen sistemak erabilita.
Eraikinen diseinuek eta eraikuntza teknikek zirkulartasunaren alde eginen dutela bermatuko da, eta, zehazki, ISO 20887 arauari edo eraikinak desmuntatzeko edo egokitzeko gaitasuna ebaluatzeko beste arau batzuei erreferentzia eginez, erakutsiko dute, batez ere, nola dauden diseinatuak baliabideen erabilerari dagokionez eraginkorragoak izateko, moldagarriagoak, malguagoak eta desmuntagarriak, gerora berrerabili eta birziklatu ahal izateko.
Eraikinen eraberritzeetan, kontuan hartu beharko dira eraikinen energia eraginkortasunari buruzko 2018/844 (EB) Zuzentarauan jasotako jarraibideak, ia energia kontsumorik ez duten eraikinak izan daitezen.
Bestalde, posible denean, iraunkortasun eta birziklagarritasun handiko ekipoak eta osagaiak erabiliko dira, desmuntatzeko eta berriz egokitzeko errazak direnak.
Energia birgaitzearen arloan, neurri honetan aurreikusitako jarduerak egiteko erabilitako osagaiek eta eraikuntza materialek ez dute amiantorik edukiko, ezta substantzia oso arriskutsurik ere. Substantzia horiek 1907/2006 (EE) Erregelamenduaren XIV. eranskineko baimenaren menpeko substantzien zerrendan daude identifikaturik.
Jarduketen izaera orokorrak ahalbidetuko du airerako isurketak nabarmen murriztea, jarduketak bideratuta baitaude energia fosiletan oinarritutako berokuntza eta hozte sistemak kutsagarririk ez duten beste teknologia batzuekin ordezkatzera, eta, ondorioz, osasun publikoa hobetuko da.
Eraikinen birgaitzea –energia eraginkortasunaren kontzeptua barne– sustatzeari dagokionez aurreikusitako jarduketek, oro har, argi eta garbi adierazten dute kutsatzaile atmosferikoen emisioak murriztu eginen direla, batez ere energia kontsumoa murriztearekin lotuta.
Gainera, obraren fasean neurriak hartuko dira zarata, hautsa eta emisio kutsatzaileak murrizteko, eta neurri horiekin lotutako jarduerak gauzatuko dira, betiere indarreko araudi aplikagarria betez, lurzoruak eta ura kutsatzeari dagokionez.
5. Dirulaguntzaren zenbatekoa.
1.–Deialdira bideratutako zenbateko osoa 134.094,00 eurokoa izanen da, eta Nafarroako 2025eko Aurrekontu Orokorreko A50000 A5000 7609 336107 partida ekonomikoari egotziko zaio, [PEP: E-24/000712-01]: Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoen deialdia toki entitateetarako, PAFER sareko kirol/komunitate egitura eta espazioak egokitzeko eta hobetzeko.
2.–Deialdi honetan laguntzen onuradun diren toki entitateek, orokorrean, aurkeztutako proiektuaren aurrekontuaren % 100erainoko dirulaguntza lortzen ahalko dute, eta gehienez 26.818,80 euro.
3.–Suspertzerako Europako Bitartekotik ("Next Generation EU") eratorritako finantza baliabideak erabiliko dira adierazitako hornidura ekonomikoa finantzatzeko, 2021/241 (EB) Erregelamenduak ezarritako Berreskurapen eta Erresilientzia Mekanismoaren bitartez (Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021/241 (EB) Erregelamendua, 2021eko otsailaren 12koa, Berreskurapen eta Erresilientzia Mekanismoa ezartzen duena).
6. Eskaeren aurkezpena, dokumentazioa eta epea.
1.–Eskaerak Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuari zuzenduko zaizkio, horretarako II. eranskinean ezarritako eredu ofizialari jarraiki. Ez dira aurkeztutzat hartuko dagoen eredura egokitzen ez diren eta telematikoki aurkezten ez diren eskaerak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.8 eta 66.6 artikuluetan xedatutakoari jarraikiz (aurrerantzean, APAPEL). Horrenbestez, ez-aurkeztutzat jotzen direnez, eskaera horiek ez dira zuzenduko.
2.–Dirulaguntza eskaerak modu telematikoan aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoaren edo Nafarroako Gobernuaren Atariko Interneteko izapideen Katalogoaren bidez (www.nafarroa.eus).
3.–Dirulaguntza eskaera eta hasierako dokumentazioa aurkezteko epea 20 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunetik zenbatzen hasita.
4.–Agiri hauek aurkeztuko dira:
4.1. Eskaeraren inprimakia, eta datuen aitorpena, II. eranskineko ereduaren arabera.
4.2. Tokiko kirol/komunitate egiturak eta espazioak egokitzeko eta hobetzeko proiektu edo memoria baloratua, non deskripzio memoria xehatu bat jasoko baita, egin beharreko obrak eta haien planoak, egungo egoeraren argazkiak, eta kapituluz kapituluko aurrekontua, proiektuko eta zuzendaritzako ordainsariak barne, zehaztuta.
4.3. Interes gatazkarik ezaren adierazpena, horri buruzko berariazko adierazpenak jasotzen dituena, III. eranskin gisa sartutako inprimaki ereduaren arabera.
4.4. Obraren xede diren lurren edo eraikinen jabetza ziurtagiria, indarrean den hirigintzako araudiarekin bateragarriak direla eta obrak hasteko unean erabiltzeko moduan egonen direla adierazita.
Lurren titularra Nafarroako Gobernua bada, lurren erabilera lagatzeko egiaztagiria aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuak emana.
4.5. Inbertsioaren baterako finantzaketaren ziurtagiria, espresuki adierazita beste entitate publiko edo pribatuetatik jaso diren dirulaguntzak, V. eranskineko eredua erabiliz.
Baldin dirulaguntza emateko ebazpenaren ondoren beste entitate publiko edo pribatu batzuen finantzaketa jasotzen bada, toki entitateak baterako finantzaketaren aitorpena aurkeztu beharko du.
4.6. Entitatearen legezko ordezkariak emandako ziurtagiria, V. eranskineko ereduaren araberakoa, zeinetan adieraziko baita egin beharreko inbertsioari dagokion BEZa berreskura edo konpentsa daitekeen edo ez, bete dadin Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.8 artikuluan xedatutakoa.
4.7. Ziurtagiri bat, entitatearen legezko ordezkariak emana, zeinetan adieraziko baita kirol instalazio guztiak eta kirol instalazio horietan jasotako kirol espazioen segurtasun aktak eguneratuta daudela Nafarroako Kirol Instalazioen Erroldan, eskatutako dokumentazioa aurkeztu baino lehenago, azken urtearen barruan, gutxi gorabehera. VI. eranskineko ereduari jarraikiz.
http://www.navarra.es/censoinstalacionesdeportivas
4.8. Toki entitateak eskainitako edo proposatutako osasunerako jarduera fisiko osasungarriaren programen azalpen memoria, Ariketa Fisikoaren Unitate Aktiboen (AFUA) bidez (edo antzeko izendapenekoen bidez) ezarritakoak, eta/edo diruz laguntzekoak diren eta kirol espazioetan, ingurune osasungarrietan, ibilbideetan edo zirkuitu osasungarrietan egindako edo eginen diren beste programa batzuen azalpen memoria.
4.9. Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean dituela frogatzen duen ziurtagiria.
4.10. Nafarroako ogasunaren tributu arloko betebeharrak egunean dituela frogatzen duen ziurtagiria.
4.11. Toki entitate eskatzaileari bere eskaera sendotzeko interesgarriak iruditzen zaizkion gainerako dokumentuak, foru agindu honetan adierazitako irizpide eta adierazleekin loturik.
Inprimaki guztiak entitate eskatzailearen arduradunak sinatuta aurkeztu beharko dira.
Dirulaguntza eskatzeak berarekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.
Esandako dokumentazioaren aurkezpenean akatsik ikusiz gero, edo agiriren bat falta bada, entitate eskatzaileari eskatuko zaio ikusitako akatsa telematikoki zuzentzeko, gaitutako helbide elektronikoaren bidez. Horretarako, 10 egun balioduneko epea emanen zaio gutxienez, eta ohartaraziko zaio epe horretan zuzenketarik egiten ez badu eskaera ezetsitzat joko dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68 artikulua betez.
7. Antolamendua eta instrukzioa.
7.1. Laguntzak emateko prozeduren instrukzioa Azpiegiturak Kudeatzeko Atalak eginen du. Atal horrek aurkeztu diren agiriak tramitatu, baloratu eta aztertuko ditu, foru agindu honen I. eranskinaren 8. oinarrian ezarritakoari jarraiki. Aurkezten edo eskatzen diren agirietan dagoen informazioa zabaltzeko edo hobetzeko eskatzen ahalko die toki entitate eskatzaileei, eskaerak hobeki ebaluatzeko.
Azpiegiturak Kudeatzeko Atalak dirulaguntzaren proposamena eginen du eta Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileari helaraziko dio. Hark dirulaguntzen deialdia ebatziko du.
7.2. Azpiegiturak Kudeatzeko Atalak zilegi du gaian eskumenak dituzten instituzioei eta entitateei txostenak eskatzea, egoki iruditzen zaionean. Kasu horretan, txosten horiek, lotesleak izan gabe, balio izanen dute dirulaguntza ematea egokia den baloratzeko.
8. Balorazio irizpideak.
Prozedura: Eskabideak jarraian adierazitako hiru ataletako bakoitzaren arabera baloratuko dira, ordena honetan:
A. BIZTANLERIA | 70 PUNTU GEHIENEZ |
A.1. Despopulazio arriskuaren indizea | 50 puntu |
A.2. Biztanle kopurua | 20 puntu |
B. INBERTSIOA | 30 PUNTU GEHIENEZ |
A.–Dirulaguntza eskatzen duen toki entitateko biztanleriaren arabera: 70 puntu gehienez.
A.1. Despopulazio arriskua: 50 puntu gehienez.
Nafarroako Foru Komunitatean despopulazio arriskuan dauden udalerrien zerrenda onesten duen Lurralde Kohesiorako kontseilariaren otsailaren 15eko 8/2023 Foru Aginduan kontuan hartutako despopulazio mailaren edo motaren arabera puntuatuko dira entitateak.
MOTA | PUNTUAZIOA | |
1 | Muturreko arriskua | 50 |
2 | Arrisku bizia | 40 |
3 | Arrisku nabarmena | 30 |
4 | Gainbehera bizia | 20 |
5 | Gainbehera moderatua | 10 |
Otsailaren 15eko 8/2023 Foru Agindua esteka honetan deskargatzen ahal da: https://bon.navarra.es/eu/iragarkia/-/texto/2023/49/25
A.2. Biztanle kopurua. 20 puntu gehienez.
Puntuen gehieneko kopurua emanen zaio populazio gutxieneko toki entitateari, eta gainerako toki entitateei emanen zaie dagokien balio haztatua, alderantzizko hiruko erregela aplikatu eta gero.
B. Inbertsioa. 30 puntu gehienez.
Inbertsiorako beharrezko zenbatekoei jarraikiz, eta aurkeztutako aurrekontuaren arabera, puntu 1 inbertsioko 1.000 euroko; gehienez ere, 30 puntu emanen dira.
Bi eskaera edo gehiagoren artean puntu berdinketa gertatuz gero, biztanle gutxien duen toki entitatearen alde ebatziko da.
9. Dirulaguntzak emateko ebazpena.
9.1. Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak laguntzak emateko ebazpena emanen du gehienez lau hilabeteko epean, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik aurrera. Epe hori bukatzean ebazpena eman eta jakinarazi ez bada, toki entitateek ondorioztatu beharko dute eskaera ukatu zaiela.
9.2. Dirulaguntza emateko ebazpena arrazoitua izanen da, eta bertan agertuko dira dirulaguntzaren xedeak, zenbatekoa eta ordainketa modua. Orobat, dirulaguntza izanen duten eskatzaileen zerrenda jaso beharko da.
Dirulaguntzaren zenbatekoa Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuaren aurrekontuetan xede horretarako dauden kredituen menpe egonen da betiere, baita foru agindu honen 5. oinarrian ezarritako zenbatekoen menpe ere.
Ekitaldi ekonomiko jakin baten kargura dirulaguntza bat emateak ez du eskubiderik sortzen hurrengo ekitaldi ekonomikoen kargura ere dirulaguntzak eskuratzeko.
9.3. Dirulaguntza emateko ebazpena telematikoki jakinaraziko da, entitate onuradunaren gaitutako helbide elektronikoaren bidez.
10. Europako araudia.
10.1. Interes-gatazkak.
Iruzurra, ustelkeria, eta interes-gatazkak prebenitzeko, detektatzeko eta zuzentzeko mekanismoak indartzeari dagokionez, deialdi hau Kultura eta Kirol Departamentuaren Iruzurraren aurkako neurrien planaren mende dago (23/2022 Foru Agindua, maiatzaren 10ekoa, Kultura eta Kiroleko kontseilariak emana, Kultura eta Kirol Departamentuaren Iruzurraren aurkako neurrien plana onesten duena, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana gauzatzeko).
Izaten ahal diren familia harremanak edo sozietate loturak aztertuko dira, zuzenak zein zeharkakoak, aurrez aipatutako pertsonen eta prozedura bakoitzeko parte-hartzaileen artean interes-gatazka sortzen ahal duen interes pertsonal edo ekonomikoa baden ikusteko.
Administrazioaren zerbitzura dagoen agintariak edo pertsonek abstentziorik egiten ez badute, aurreko apartatuan –abstentzioa– adierazitako egoeraren batean edo batzuetan, errekusatzeko aukera izanen du interesdunak, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 24. artikuluan aurreikusitakoaren arabera. Alde horretatik, errekusazioa idatziz aurkezten ahalko zaio kontratazio organoari, errekusatzeko arrazoiak adierazita, prozeduraren izapidetzearen edozein unetan. Errekusatuak biharamunean adieraziko dio bere nagusi hurrenari alegatutako arrazoia beragan betetzen den ala ez. Lehenengo kasuan, nagusiak ikusten badu errekusatzeko arrazoia betetzen dela, ordezkoa jartzea erabakiko du berehala. Errekusatuak errekusatze arrazoia ukatzen badu, nagusiak hiru eguneko epean ebatziko du, bidezko deritzen txostenen eta egiaztapenen ondotik.
Salaketarako berariazko kanala. Lizitazio prozedura honetan interes-gatazkarik dagoela jakiten duten pertsonek edo entitateek organo kontratatzaileari jakinarazi beharko diote, Iruzurraren Aurkako Koordinazio Zerbitzu Nazionalaren bitartez, bitarteko elektronikoen bidez, zerbitzu horrek berariaz gaitu duen kanalaren bitartez, web helbide honetan: https://www.igae.pap.hacienda.gob.es/sitios/igae/es-ES/paginas/denan.aspx.
10.2. Suspertze eta Erresilientzia Mekanismorako Erregelamenduaren 22.2.d) artikuluan aurreikusitakoa betetze aldera, Suspertze eta Erresilientzia Planaren esparruan berritzeak eta inbertsio proiektuak gauzatzeko neurriei dagokienez funtsen erabilera ikuskatu eta kontrolatzeko, informazio hau emanen zaie eskatzaileei:
a) Dirulaguntzaren erregistroa Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean eginen da, 130/2019 Errege Dekretuan aurreikusitakoaren arabera.
b) Foru Komunitateko Administrazioak eta SEMaren Erregelamenduaren 22. artikuluan jasotako organo guztiek aukera izanen dute Benetako Titulartasunen Erregistroan (JUS/319/2018 Aginduaren bidez sortua) jasotako informazioa eskuratzeko, edo benetako titularrei buruzko datu horiek ematen ahal dituzten Administrazioaren beste datu base batzuetan sartzeko.
c) Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana betearazten duten prozeduretako interes-gatazkaren arriskuaren analisi sistematikoari buruzko urtarrilaren 24ko HFP/55/2023 Aginduak 7.3 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, dirulaguntza ematen duen organoak prozeduretako parte-hartzaileei eskatzen ahalko die beren titulartasun errealari buruzko informazioa, baldin eta ZAEAk ez badu kontsultaren xede den enpresaren titulartasun errealei buruzko informaziorik, eta hala adierazi badio dagokion eragiketaren arduradunari dagokion bandera beltza erabilita. Informazio hori dirulaguntzak emateko organoari eman beharko zaio, informazio eskaera egin eta bost egun balioduneko epean.
Informazio hori adierazitako epean ez ematea parte-hartzailea prozeduratik kanpo gelditzeko arrazoia da.
d) Informazioa trukatuko da sistema horien eta Europako Funtsen Sistemaren artean, aplikatu beharreko Europako eta Estatuko araudian jasotako aurreikuspenen arabera.
Halaber, laguntza emateko baldintza izanen da idatziz konpromisoa hartzea (VII. eranskinaren arabera) beharrezkoak diren eskubideak eta sarbideak emateko Batzordeak, OLAFek, Europako Kontuen Auzitegiak, Europako Fiskaltzak eta agintari nazional eskudunek beren eskumenak baliatzen dituztela bermatu dadin, bat etorriz SEMaren Erregelamenduaren 22. artikuluko 2. zenbakiko e) letran eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2018ko uztailaren 18ko 2018/1046 Finantza Erregelamenduaren (EB, Euratom) 129. artikuluan ezarritakoarekin.
10.3. Dirulaguntzak emanen dira baldin eta kreditu egokia eta aski badago Nafarroako 2025eko Aurrekontu Orokorretan deialdi honetarako.
10.4. Ekitaldi ekonomiko jakin baten kargura dirulaguntza bat emateak ez du eskubiderik sortzen hurrengo ekitaldi ekonomikoen kargura ere dirulaguntzarik eskuratzeko.
11. Entitate onuradunen betebeharrak.
1.–Deialdi honen babesean dirulaguntza jasotzen duten entitateek betebehar hauek izanen dituzte:
a) Dirua nahitaez dirulaguntzaren helburuetan erabiltzea, eta hala egin dela justifikatzea dokumentuen bidez. Gainera, Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuak eskatzen dituen egiaztapen guztiak onartzea eta erraztea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeari jarraikiz.
b) Hala badagokio, hornitzaileak efizientzia eta ekonomia irizpideen arabera eta merkatuko prezioetan kontratatu direla frogatzea, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.3 artikuluarekin.
c) Jasotako edo jasotzeko dauden zuzeneko eta zeharkako diru-sarrera guzti-guztiak adieraztea.
d) Nafarroako Gobernuaren eta Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuaren ikur ofiziala zabaltzea, urtarrilaren 12ko 8/2020 Foru Dekretuan zehazten diren baldintzetan. Aipatu dekretu horrek Nafarroako Gobernuaren ikur ofiziala eta haren erabilera arautzen dituen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretua aldatzen du. Ikur hori webgune honetatik jaisten ahal da: https://www.navarra.es/eu/nafarroako-gobernua/sinbolo-ofiziala.
e) Jasotako funtsen aplikazioari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztapen eta kontrol lanen xede diren bitartean.
f) Jasotako funtsak itzultzea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan eta deialdi honetan eta dagokion legedian aipatzen diren kasuetan.
2.–Entitate onuradunek, halaber, Europar Batasuneko Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren finantzatzeari buruzko betebeharrak bete beharko dituzte (Europakoak eta Estatukoak):
a) Batasuneko erakundeen kontrol jarduketak beteko dituzte, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 22. artikuluaren arabera.
b) Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana (SEEP) kontuan hartuta, konpromisoa hartuko dute, ahal den neurrian, ekonomia zirkularraren printzipioak errespetatzeko eta ingurumenean inpaktu negatibo nabariak eragozteko (DNSH ingelesezko siglak - «do no significant harm»), 2021/241 (EB) Erregelamenduari jarraikiz –Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa ezartzen du–. Horrenbestez, adieraziko dute ez dutela bazter utzitako jarduerarik egiten, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren erregelamenduaren araberako «kalte nabarmenik ez eragiteko» printzipioari buruzko gida teknikoa betez; izan ere, erregelamendu horrek ez du aurreikusten jardueraren ondotiko faseek ingurumenean zuzeneko ondoriorik izatea, ez eta zeharkako lehen mailako ondoriorik ere (halakotzat joko dira bukatu ondotiko ondorioak). Bestalde, adieraziko dute ez dietela kalte nabarmenik eginen 2020/852 (EB) Erregelamenduaren 17. artikuluko ingurumen xedeei. (VIII. eranskina).
c) Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoari buruzko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 34. artikuluan jasotako informazio, komunikazio eta publizitate betebeharrak bete beharko dituzte (erregelamendu hori Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planean jasotako neurrien Europar Batasunaren finantzaketari buruzkoa da). Zehazki, logo hauek sartu beharko dituzte:
–Europar Batasunaren enblema, «Europar Batasunak finantzatua - Next Generation EU» testuarekin batera. "SEEParen marka eskuliburuan" jasotako arau grafikoak eta kolore normalizatuak hartuko dira kontuan, honako webgune honetan kontsultatzen ahal direnak: Nortasun bisuala | Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana, Espainiako Gobernua (https://planderecuperacion.gob.es).
–Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren logoa; esteka honetan eskuratzen ahal da:
https://planderecuperacion.gob.es/identidad-visual
Informazio-kartel eta plaka guztiak ongi ikusteko moduko leku publikoetan jarri beharko dira.
12. Epea, modua eta frogagiriak.
1.–Justifikazioa aurkezteko epea.
Noiznahi aurkeztuko da egindako jarduketen justifikazioa, dirulaguntza ematen duen ebazpena jakinarazi ondoren, eta, beranduenez, 2025eko azaroaren 30ean, egun hori barne.
2.–Justifikazioa aurkezteko modua.
Justifikazioa Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko tramiteen katalogoaren bidez aurkeztuko da. Kontuan hartuz 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 22.2.e) artikuluan eta Finantza Erregelamendua delakoaren [Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2018ko uztailaren 18ko 2018/1046 (EB, Euratom) Erregelamendua] 129. artikuluan ezarritakoa, Suspertze eta Erresilientzia Planaren funtsak jasotzeko baldintza izanen da idatziz aurkeztea konpromiso bat non behar diren eskubideak eta sarbideak emanen baitira, Batzordeak, Iruzurraren aurkako Europako Bulegoak (OLAF), Europako Kontu Auzitegiak, Europako Fiskaltzak eta Espainiako agintariek beren kontrol eskumenak egikaritu ditzaten. Era berean, onuradunek konpromisoa hartzen dute egiten ahal diren ikuskapen eta egiaztapen guztiak errazteko. Justifikazioak aintzat hartuko ditu, halaber, Europar Batasunak eta Espainiak Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoari buruz emandako araudiaren eskakizunak.
C26.I02 «Kirol Instalazioen Trantsizio Ekologikorako Plana» inbertsioan sartutako proiektuak egiaztatzeko mekanismoak helburua behar bezala bete zela justifikatu beharra dakar.
3.–Aurkeztu beharreko agiriak.
Zehazki, C26.I02.P03 «PAFER sarea» proiektuarekin lotuta egindako jarduketei dagokienez, entitate onuradunak aurkeztu beharreko dokumentazio espezifiko hau hartuko da kontuan:
a.–Programen esteka. Toki entitateak esteka jarri beharko du bere webgunean, Ariketa Fisikoaren Unitate Aktiboen (AFUA) bidez (edo antzeko izendapenekoen bidez) eskainitako osasunerako jarduera fisikoa onuragarriaren programetara bideratzen duena, eta/edo diruz laguntzekoak diren eta kirol instalazioetan, ingurune osasungarrietan, ibilbideetan edo zirkuitu osasungarrietan eginen diren jarduera fisikoko beste programa batzuetara, «Jendez hustu diren eremuetan jarduera fisikoa eta osasuna sustatzea. PAFER sarea» proiektuak eta PAFER sarea bera sortzeko helburuak eskatzen duen bezala.
b.–Egiturazko inbertsioak eginez gero, diruz lagundutako proiektuen eta aurreikusitako helburuak lortzeko egiten duten ekarpenaren azalpen memoria.
Azalpen memoriekin batera aurkezten diren agirietan, «ingurumenari kalte nabarmenik ez eragiteko printzipioa» betetzen dela dioen erantzukizunpeko adierazpena erantsi beharko da, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluko 6) apartatuan ezarritakoaren ildotik (erregelamendu horrek Suspertze eta Erresilientziarako Mekanismoa ezartzen du).
c.–Egindako jardueren kostua justifikatzeko memoria ekonomikoa, jarduerarekin lotutako gastuak eta diru-sarrerak zehatz-mehatz adierazita. Gastuei eta inbertsioei dagokienez, hartzekoduna, agiria, zenbatekoa, jaulkipen eguna eta ordainketa eguna zehaztu beharko dira. Beste finantzaketa iturri batzuk erabiltzen badira jarduerak finantzatzeko, justifikazioan frogatu egin beharko dira funts horien zenbatekoa, jatorria eta dirulaguntzaren xede diren jardueretan izan duten aplikazioa.
d.–Gauzatutako obren azken ziurtagiria eta ziurtagiriei dagozkien fakturak, faktura horien ordainagiriarekin batera.
e.–Energia eraginkortasunaren ziurtagiriak, berritze ekintzaren aurrekoak eta ondorengoak, eta lortutako energia aurrezpena.
Dokumentazio osoa aurkezten ez bada edo deialdian eskatzen diren betebeharrak betetzen ez baditu, onuradunari errekerimendua eginen zaio dokumentazioa osatu edo akatsak zuzen ditzan gutxienez 10 egun balioduneko epean, eta ohartaraziko zaio hala egin ezean bere eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluari jarraikiz.
Gaitutako helbide elektroniko bakarrera (GHEB) jakinarazpen elektronikoa igorriz eginen da dokumentazioa –aurreko paragrafoan zehaztua– osatu edo zuzentzeko errekerimendua.
13. Dirulaguntza ordaintzea, ordainketaren ebazpena.
1.–Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpen baten bidez erabakiko da dirulaguntza ordaintzea, diruz laguntzen den jarduera eginda eta onuradunak aldez aurretik aurkeztuta 12. oinarrian adierazitako frogagiriak.
2.–Justifikazioan onartutako gastua eskaeran onartutakoa baino txikiagoa baldin bada, justifikatutako zenbatekoa ordainduko da, betiere jasotzeko gehieneko zenbatekoa errespetatuta.
14. Dirulaguntzaren bateragarritasuna.
Agindu honetan araututako dirulaguntzak bateragarriak izanen dira beste edozein administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatutatik (estatukoa zein nazioartekoa izan) jasotako dirulaguntza edo laguntzekin, betiere kontuan hartuta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 9. artikulua –artikulu horrek ezartzen baitu ez dela kostu bera finantzatuko Europar Batasuneko beste laguntza batzuekin–, eta baldin eta laguntza horien zenbateko osoak –bakarka edo beste dirulaguntza edo laguntza batzuekin batera– ez badu gainditzen finantzatutako jardueraren kostua. Kostu berak finantzatzen lagundu duten beste funtsik izan bada, edozein eratakoak izanik ere, eta Europatik kanpokoak badira ere, onuradunak horiei buruzko informazioa eman behar du. Ondorio horietarako, eskatzaileek, eskaera aurkezten dutenean, eta onuradunek, justifikazioa aurkezten dutenean, jakinaraziko dute diruz lagundutako jarduerak finantzatzen dituzten beste laguntza, dirulaguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuk lortu dituztela.
15. Ez-betetzeak.
1.–Deialdi honetako oinarrietan ezarritakoa betetzen ez bada, datu faltsuak eman direla egiaztatzen bada edo dirulaguntzaren helburuak aldatzen badira, dirulaguntza galduko da eta jasotako zenbatekoak itzuli beharko dira, deusetan ukatu gabe antolamendu juridikoan aurreikusitako gainerako erantzukizunak.
Nolanahi ere, onuradunak betebeharrak ia osorik betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko zalantzarik gabeko jarrera frogatzen duenean, itzuli beharreko zenbatekoa proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da.
2.–Halaber, eragiketa honekin lotutako diru-sarrera gehigarriren bat jasotzen badute, eta horrek garatu beharreko jardueraren kostua gainditzea ekar badezake, dirua itzultzeko eskatuko da.
3.–Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpenaren bidez behin betiko emandako dirulaguntza bati uko egitea edo hura errebokatzea irizpide negatibotzat jotzen ahal da eskatzaileak hurrengo deialdietan aurkezten dituen eskaerak baloratzeko orduan, eta, hala, bigarren mailako lehentasuna izanen dute ondorengo deialdietan.
16. Datu pertsonalak babestea.
Honako hauekin bat tratatuko dira deialdi hau tramitatzearen eta kudeatzearen ondorioz biltzen diren datu pertsonalak: Datuak Babesteko 2016/679 (EB) Erregelamendu Orokorra, Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa eta arlo horretan indarrean dagoen gainerako araudia.
17. Publizitatea.
1.–NKJFIk jendaurrean paratuko ditu emandako dirulaguntzak Nafarroako Gobernuaren tramiteen katalogoaren bidez (www.nafarroa.eus) eta Ogasuneko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri dagokion, onuradunak eta emandako diru kopurua.
18. Arau-hausteak, zehapenak eta erantzukizunak.
Arau-hauste, zehapen eta erantzukizunei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42., 43. eta 44. artikuluetan xedatutakoari jarraituko zaio. Foru lege horren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta bere erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra ezarri zen.
19. Errekurtsoak.
1.–Deialdi honen eta bere oinarrien kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, jarraikiz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei.
2.–Orobat, Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpen bidez foru agindu hau aplikatzeko ematen diren egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita.
20. Aplikatu beharreko araudia.
1.–Foru agindu honetan ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.
2.–Era berean, laguntza hau "Next Generation EU" funts berriarekin batera finantzatzen denez, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren bidez, Kirol Kontseilu Goreneko Lehendakaritzaren 2024ko otsailaren 15eko Ebazpena aplikatuko zaie, zeinaren bidez argitaratzen baita Kirolaren Konferentzia Sektorialaren 2023ko abenduaren 26ko Erabakia, autonomia-estatutua duten autonomia-erkidegoek eta hiriek Kirol Kontseilu Gorenaren aurrekontuaren kargura kudeatutako kredituen lurralde banaketari eta banaketa irizpideei buruzkoa. Hori guztia 26. osagaiaren esparruan (Kirolaren sektorearen sustapena), «Jendez hustu diren eremuetan jarduera fisikoa eta osasuna sustatzea. PAFER sarea» proiekturako, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren baitan.
3.–Azkenik, aplikatzekoa izanen da Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021/241 (EB) Erregelamendua ere, 2021eko otsailaren 12koa, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa ezartzen duena.
Iragarkiaren kodea: F2506418
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
