96. ALDIZKARIA - 2025eko maiatzaren 16a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ERRONKARIBARKO BATZORDE NAGUSIA

Eguneratzea Erronkaribarko Mankomunitatearen araubiderako ordenantzak

ZIOEN AZALPENA

Erronkaribarko Mankomunitatea "antzina-antzinakoa da, eta epaitegiek beti errespetatu eta berretsi dute, hainbat epaitan frogatzen den moduan".

Denboran zehar iraun eta mantendu izana hainbat legediren bidez jaso duen aitorpen eta babesari esker izan da, bai eta Ibarreko herritarren kontzientziari esker ere, mankomunitatearen zuzenbidea gorde nahi eta jakin izan baitute.

Erronkaribarko Batzorde Nagusiaren nahia izan da Mankomunitatearen ordenantzak eguneratzeko eta egungo garaiekin bat egiteko prozesu bat aurrera eramatea. Hori guztia bere funtsa galdu gabe eta 1. artikulu gehigarrian xedatutakoa betez: "Erronkaribarko Batzorde Nagusiak, komenigarri edo beharrezkotzat jotzen duenean, ordenantza hauek berritzen ahalko ditu, osorik edo zati batean, baina mankomunitatearen eskubidetik atera gabe". Prozesu hau 2021ean hasi zen eta parte-hartzerako zenbait deialdi egin dira prozesuak iraun duen lau urteetan.

Erronkaribarko Batzorde Nagusiaren izateko arrazoia da mankomunitatea titularra den ondasun eta eskubideen zaintzaile, kudeatzaile eta administratzaile izatea, baita haien jarraitutasuna bermatzea ere. Eginkizun horiek guztiak bete beharko ditu, betiere Ibarraren edo herritarren zuzeneko edo zeharkako beharrak eta komenentziak kontuan hartuz, ordenantzetan ageri diren mugekin. Indarrean dauden 1890eko Ordenantza Orokorrak eguneratzeko beharrak dagokien eskumeneko esparruetako egoera berriei erantzuten die:

–Larreen eta ereindako lurren gaineko eskubideak.

Gaur egun, aldatuta dago abeltzaintzaren, larreen eta, oro har, lehen sektorearen kudeaketa. Zerealak ez dira jada landatzen (ogialorrak), harategia (Ibarrerako haragitarako aziendua) ez da jada enkantean jartzen, eta gaur egun jada indarrean ez dauden beste maneiu batzuk ere ez dira egiten.

Itxiturak debekatuta daude 1890eko ordenantzetan eta mankomunitatearen zuzenbidean, baina gaur egun ezinezkoa da abeltzaintza eta beste labore batzuk maneiatzea, itxiturarik gabe. Garrantzitsua da egiten den edozein hesi beti aldi baterako izanen dela mantentzea, eta justifikatuta egon behar duela, baita jabetza pribatuetan ere, larreen zortasun eskubideak bere horretan jarraitzen baitu. "Fruituak bildutakoan", itxiturak desagertu egin behar du.

–Beste labore batzuk.

Labore berriak agertu dira, eta Ordenantzetan jasotzen ez diren beste behar batzuk dituzte. Fruta arbolak, trufa, etab.

–Etxamendiak (betatuak), saitsak eta kortsilak, harategiak eta ogialorrak.

Ordenantzen aldaketa hauek idazterakoan, luze eztabaidatu da figura horiei buruz eta haiek ordenantzan jarraitu beharrari buruz.

Alde batetik, lur horien kudeaketa Udalek egiten jarraitu behar dutela defendatu da; izan ere, figura horien salbuespenen arrazoiak desagertu egin diren arren, Udalei funtsak helarazteko eta, horrela, lur horiek garbi eta erabilgarri mantentzeko modu bat dela uste da.

Bestalde, argudiatu da, larrerik behar duen lanerako aziendarik ez badago, harategirik ez bada enkantean jartzen, edo ogialorretan zerealik ez bada ereiten, lur horiek Erronkaribarko Batzorde Nagusiak kudeatu behar dituela, eta haietan bazkatzeak libre eta doakoa izan behar duela. Azken finean, ezinezkoa izanen da udalek horiek kudeatzea; esaterako, ez dira belarrak enkantean paratzen ahalko.

Erronkaribarko Batzorde Nagusiak, bere garaian –horren isla testu berri hau onartu arte indarrean zeuden ordenantzak–, ulertu zuen arrazoi sendoak zeudela lur batzuk udalek kudeatzeko, eta salbuespen horiek erregulatu eta figura hauek sortu zituen: etxamendiak (betatuak), saitsak eta kortsilak, haragitako aziendarako larreak eta ogialorrak. Nolabait, lurzati horiek mankomunitatearen arauditik salbuesten ziren. Izan ere, lehenbiziko artikuluan xedatzen da Erronkaribarko larreak librea eta doakoa izan behar duela.

Egia da salbuespenak eragin zituzten arrazoiak ez direla existitzen, edo gaur egun ez direla ematen, baina Erronkaribarko Batzorde Nagusiak ulertzen badu interes publikoko beste arrazoi batzuk daudela, eta horiek justifikatzen badute lehen artikulu horretatik salbuespenak sortzea, eta Udalek zenbait lursail kudeatzea onuragarria dela mankomunitatearentzat, eta, beraz, Ibarreko herritarrentzat, berriro arautzen ahalko litzateke salbuespen berri horien existentzia, lehen artikulu horren kontrakoa izan gabe.

Ordenantza hauek idazterakoan bi aldeak hurbildu nahi izan dira, eta, betiere, ordenantzaren lehen artikuluan jasotako larreen zortasuna errespetatu da.

–Funtzio berriak.

Urteetan zehar, eta batez ere azken 20 urteetan, Erronkaribarko Batzorde Nagusiak bere gain hartu ditu Ibarreko herritarren beharretarako eta komenentzietarako bete behar diren beste funtzio batzuk (oinarrizko gizarte zerbitzuak, 0-3 hezkuntza, euskara...). Eginkizunen zabaltze hori Ibarra osatzen duten herrien eta herritarren proposamen eta/edo adostasunarekin gauzatu da. Ibarreko gizartea eta haren beharrak aldatu egin dira, eta, beraz, "guztion ongia" ere bai. Erronkaribarko Batzorde Nagusiaren ustez, Ordenantzek gaur egungo errealitateari aplikagarriak izan behar dute, etorkizunerako erabilgarriak izan behar dute, iraganeko, "garai aspaldi-aspaldikoetako" jakinduria eta mandatua galdu gabe.

Hori da eguneratze prozesu honen erronka, segurtasun juridiko handiagoa ematea bere jarduerari, eta esparru argia eta Ibarreko herritar guztientzat berdin aplikagarria. Mankomunitatearen titulartasuneko eta hark "guztien ongirako" kudeatutako ondasun, baliabide natural eta eskubideak zaindu eta administratzeko etengabeko lanarekin jarraitzeko, funtzio berriak gehitzen zaizkio Erronkaribarko Batzorde Nagusiari, Erronkaribarko egungo gizartearen "guztion onerako".

I. KAPITULUA.–ERRONKARIBARKO MANKOMUNITATEA

1. artikulua. Erronkaribar eratzen duten zazpi herrien Mankomunitatea Uztarroze, Izaba, Urzainki, Erronkari, Garde, Bidankoze eta Burgi herriek osatzen dute. Mankomunitateko herrietako herritar guztiek eskubidea dute aprobetxatzeko, doan eta aske, zazpi herrietako jurisdikzioetako lur edo mendi guztietan, Ibarreko bertako azienda mota guztiendako larreak eta belarrak, zura, egurra eta gainerako produktu naturalak. Era berean, eskubidea dute luberritzeko eta ereiteko edozein herritako lurretan edo mendietan, ordenantza hauetan ezarritako mugak eta baldintzak kontuan hartuz. Eta eraikitako jabetza partikularreko etxaldeetan ere, fruituak eta larreak herri-lurretako doako aprobetxamendu komunak dira Ibarreko herritar guztiendako, eta inork ezin ditu etxaldeak itxi ez mugatu ere, larreen kargari edo zortasunari loturik baitaude. Jabetza eta jabari partikularreko ondasunak aldi baterako ixteko, ordenantza hauetan ezarritakoa bete beharko da. Mankomunitatearen jatorria antzina-antzinakoa da, eta epaitegiek beti errespetatu eta berretsi dute, hainbat epaitan frogatzen den moduan, bereziki 1862ko martxoaren 1ean Auzitegi Nagusiak eman zuen epaian.

Erronkaribarko mankomunitatearen ondarea zatiezina, besterenezina, preskribaezina eta enbargaezina da, eta erronkaribartarren jabetza komuna. Erronkaribarko lurraldean eta Bardeetako Komunitatean dagokion zatian dauden ondasun eta eskubide komunek osatzen dute, bai eta lurzoruak eta hegalkinak, mendiek, lurrek, mineralek, basoek, larreek, berezko produktuek, ingurumenekoek, urek eta beste edozein motatako energia eta teknologia baliabideek ere. Horiek guztiak Ibarrean bizi ahal izateko ezinbestekoak diren lanak egiteko baliabideak dira, eta, horrela, posible egiten dira herritarren enpresa, ekonomia, turismo, abeltzaintza, merkataritza, gizarte, hezkuntza, laguntza edo osasun arloko ekimenak, lanaren edo inbertsioen bidez, modu pertsonalean, elkartuan, kolektiboan, komunitatean edo ondasun komun jakin batzuen aldi baterako lagapenen bidez, herritarren mesederako instalazio, zerbitzu edo xedeetarako.

2. artikulua. Zazpi herrietako bakoitzaren mugarteetan dauden etxamendiak (betatuak), saitsak eta kortsilak deritzen lurrak lanerako abelburuak larratzeko dira.

Lur horiei erabilera hori ematen ez bazaie, Erronkaribarko Mankomunitatearen esku geratuko dira, eta bertan sortzen diren larreen erabilera eta gozamena librea eta doakoa izanen da, ordenantza honen 61. artikuluan ezarritako salbuespenarekin.

3. artikulua. Erronkaribarko herritartasuna zazpi udaletako bateko udal erroldan izena emanda eskuratzen da.

Larreen aprobetxamendua edo baliabide naturalen erabileraren beste onura batzuk lortu ahal izateko, interesdunek, Ibarreko herritarra izateaz gain, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Adinez nagusia izatea edo adingabeko emantzipatuak izatea.

b) Gutxienez 9 hilabete erroldatuta izatea.

c) Dena delako udalerrian benetan bizitzea, urtean bederatzi hilabetez gutxienez, artzain transhumante tradizionalak izan ezik.

d) Ibarreko herritarren kargen arloko betebeharrak egunean izatea.

e) Pertsona juridikoa edo sozietatea izatea, eta haietako kideek aurreko baldintzak betetzea.

Artikulu hau interpretatzerakoan sortzen ahal diren zalantzak kasuan-kasuan argituko ditu Erronkaribarko Batzorde Nagusiak, eta beste agiri batzuk eskatzen ahalko dizkio interesdunari, Erronkaribarren bizi dela frogatzeko.

b) edo c) letretan ezarritako baldintzaren bat betetzen ez bada, salbuespen gisa eta arrazoiak azalduta, Erronkaribarko Batzorde Nagusiak behin-behineko baimena ematen ahalko du, goian aipatzen diren baldintzak bete arte, Erronkaribarko herritarra izateak dakartzan onuretako bat eskuratzeko. Horretarako, interesdunak Erronkaribarko Batzorde Nagusiari aurkeztu beharko dizkio baldintza horiek 9 hilabetetik beherako epean beteko direla egiaztatzen duen dokumentazioa.

a) Etxebizitzaren errentamendu kontratua.

b) Etxebizitzaren salerosketa kontratua.

c) Establezimendu, negozio edo enpresaren erosketa.

d) Establezimendua, negozioa edo enpresa ezartzeko proiektua.

e) Interesdunak b) eta/edo c) letretan ezarritako betekizunak beteko dituela modu frogagarrian egiaztatzen duen beste edozein agiri.

II. KAPITULUA.–ERRONKARIBARKO BATZORDE NAGUSIA ETA HAREN FUNTZIONAMENDUA

4. artikulua. Erronkaribarko Batzorde Nagusia, beti bezala, Mankomunitatea osatzen duten ondasun guztien ordezkari eta administratzaile jatorra da.

5. artikulua. Erronkaribarko Batzorde Nagusiaren jarduera, batez ere, mankomunitatearen aldeko helburu hauek lortzera bideratuko da:

a) Mankomunitatearen ondasunen baliabide naturalak kudeatu, babestu, erabili eta hobetzea.

b) Ibarraren garapen sozioekonomikoa eta kulturala lortzeko ekintzak kudeatzea, sustatzea, diruz laguntzea, haietan parte hartzea edo sortzea, bere kabuz edo beste entitate edo partikular batzuekin lankidetzan, Komunitatearen interes komunaren alde.

c) Beste administrazio publiko batzuek transferitutako edozein eskumen kudeatzea, erabiltzea eta garatzea.

d) Ibarreko herritarren parte-hartzea sustatzea batzordeen bidez, bai tokiko elkarteen bidez, bai banaka; komunitateari martxan dauden jardueren eta kudeaketa lanen berri ematea aldian behin, gardentasunez.

6. artikulua. Erronkaribarko Batzorde Nagusiak araudia prestatzen ahalko du, edo araudia aldatu edo zabaldu, Ibarreko udalek beren gain hartutako eta/edo eskuordetutako zerbitzuen prestazioa arautu eta zehazteko, honako hauei dagokienez:

a) Larreen eta belarren gozamena, Ibarreko bertako abere mota guztiendako, bai eta egurraren, zurajearen eta gainerako produktu naturalen gozamena ere.

b) Oinarrizko Gizarte Zerbitzua.

c) Haur Hezkuntzako ikastetxea.

d) Euskara Zerbitzua.

e) Mendiko pisten erabilera.

f) Lokal komunen erabilera.

g) Erronkaribarko Batzorde Nagusiaren jabetzako jantzien erabilera.

h) Bere gain hartzen ahal duen beste edozein zerbitzu.

Guztien onerako izaten ahal diren jarduera guztien arteko planifikazio egokia eta beharrezko lankidetza kontuan hartuko dira.

Ahal den guztietan, eta lehentasunezko beste interesik ez badago, ondasun komunak erabiltzeagatik kobratzen ahal diren tasa eta gainerako ordainketetatik lortzen diren diru sarrerak mankomunitatearen azpiegiturak mantentzeko eta eraikitzeko lan eta obretarako izanen dira.

7. artikulua. Erronkaribarko Batzorde Nagusia hogeita bat lagunek osatzen dute, gehienez, hau da, zazpi herrietako bakoitzetik hauetako bat gutxienez eta hiru gehienez: alkatea, zinegotzi bat eta herriko beste herritar bat, Udalak libreki izendatuak. Dena dela, legean ezarritako bateraezintasunak bete beharko dira.

8. artikulua. Erronkaribarko Batzorde Nagusia osatu ondoren, Batzordeko burua eta buruordea hautatuko dira.

Burutzaren eta buruordetzaren iraupena lau urtekoa izanen da, eta udal legegintzaldiarekin bat etorriko da aldi hori.

Bi karguak, lehenik eta behin, Erronkaribarko Batzorde Nagusia osatzen duten kideen artean horretarako borondatez aurkezten denak izanen dituzte. Hautagai bat baino gehiago izanez gero, bozkatu eginen da. Boto gehien lortzen dituen pertsona Batzordeko buru izendatuko da, eta bigarrena, berriz, buruorde.

Erronkaribarko Batzorde Nagusiko burutzarako boluntariorik ez badago, burutza zazpi herrietako bakoitzak izanen du, txandaka.

Hau izanen da txandatzeko ordena: Bidankoze, Uztarroze, Urzainki, Garde, Erronkari, Burgi eta Izaba. Ordena hori errepikatu eginen da azken herriko ordezkariak Erronkaribarko Batzorde Nagusiaren burutza aldia bukaatzen duenean.

Aldaketa udal legegintzaldiaren bukaerako aldaketarekin batera eginen da. Batzordeko burutzaren txanda duen herriak Erronkaribarko Batzorde Nagusiko burua izendatuko du ezarritako eperako, Erronkaribarko Batzorde Nagusian parte hartzen duten bere hautetsien artean (hau da, Erronkaribarko Batzorde Nagusian parte hartzen duen alkatea edo zinegotzia).

Modu berean hautatuko da Batzordeko buruordea; haren izendapena eginen du lau urte geroago Erronkaribarko Batzorde Nagusiko burutzaren txanda izanen duen herriak.

Erronkaribarko Batzorde Nagusiak bidezkotzat jotzen dituen komisioak eratzen ahalko ditu bere eginkizunak hobeki betetzeko.

9. artikulua. Bilkurak Ibarraren Etxean, Erronkarin, eginen dira; Batzordeko buruak, bilkuraren buru izateaz gainera, zuzenduko ditu eta haietarako deia ere eginen du, bilkuran aztertu beharreko gaiak adieraziz. Izan ere, Erronkarin egiten diren bilkurak ohiz kanpokoak izanen dira eta deialdian azaldutako gaiak besterik ez dira aztertzen ahalko, gainerakoan erabakitzen dena deuseztatzeko zigorra baitago, aurkezten den gaia ez bada premiazko gaia eta berehala ebatzi beharrekoa, eta hori Erronkaribarko Batzorde Nagusiak erabakiko du aho batez edo gehiengoaren bidez.

10. artikulua. Urte bakoitzeko ohiko edo taulako bi saioak ere eginen ditu: bata, Urzainkin, abuztuaren 24an, egun hartan askatzen diren ogialorrei eta mestari buruzkoa; bigarrena, Izaban, uztailaren hamalauan, bezperan Baretosko ibarrak (orain Frantzian) Erronkaribarri betiereko feudoko hiru behiak entregatzeari buruzkoa. Bi bilkura horiek aurretik deialdia egin gabe eginen dira eta herri bakoitzeko alkatea izanen da bilkura burua. Bilkura horietan ez da bestelako gairik aztertzen ahalko aurretik deialdirik egin gabe, ez bada premiazko gaia aurkezten dela, aurreko artikuluan azaltzen den bezala.

11. artikulua. Erronkaribarko udal bakoitzak izanen du ekimen eskubidea Batzordea bilkura berezian biltzeko eta bi bilkura arruntetan gai nagusiaz gain beste gai batzuk ere azter daitezen; horretarako, lehenik, ofizio bat bidaliko dio Erronkaribarko Batzorde Nagusiko buruari, aztertu beharreko gaiak aipaturik, deialdia egin dezan. Hark ez dio ukorik egiten ahalko deialdia egiteari.

12. artikulua. Idazkariak bilkura bakoitzeko akta eginen du. Akta horretan, printzipioz, herri bakoitzetik bertaratu diren ordezkarien edo diputatuen izenak jasoko dira, eta, ondoren, deialdiaren ofizioa transkribatuko da. Gehienez ere 15 eguneko epean, bilerako akta ordezkarien esku jarriko da, eta egiten den hurrengo bilkuran sinatuko da, adostasuna adierazteko. Ordezkari berak joaterik ez badu, bilkurara joanen den herri bereko ordezkariak sinatu ahalko du, eskuordetze bidez.

13. artikulua. Gai guztiak, lehenbizi, eztabaidatuko dira; gero, haien gaineko bozketa eginen da eta ordezkari guztiek eman behar dute beren botoa, ez bada gaia pertsonala edo laugarren mailara arteko ahaideen gaia dela. Erabakiak gehiengo soilez hartuko dira, eta herri bakoitzeko ordezkaritzak boto bat izanen du. Bozketaren emaitza berdinketa bada, beste bozketa bat eginen da bilkura berean, eta berdinketak bere horretan badirau, buruaren botoak erabakiko du.

14. artikulua. Zazpi herrietako ordezkariek dute bilkuretara joateko betebeharra, bai arruntetara, bai berezietara; bat edo batzuk ez badoaz, doazenek hartzen ahalko dituzte erabakiak, ondorio guztiak izanen dituztenak.

15. artikulua. Herri bakoitzetik bilkura arruntetara joaten diren ordezkariek, Erronkaribarko jantzia badaramate, ohiko longainez eta zaragoilez osaturikoa jantzi beharko dute; eta galtzaduna janzten badute, erabili ohi duten kapa edo bestelakoa jantzita.

16. artikulua. Erronkaribarko Batzorde Nagusiak, bere funtsen egoerak horretarako aukera ematen badu, bere iritziz eta horretarako urtero onesten den aurrekontuko partidaren arabera, herrietatik joaten den ordezkari bakoitzari dietak ordainduko dizkio, egiten den bilkura eta/edo batzorde bakoitzeko.

17. artikulua. Erronkaribarko Batzorde Nagusiko buruaren eskumenak.

Hauek izanen dira Erronkaribarko Batzorde Nagusiko buruaren eskumenak:

a) Erronkaribarko Batzorde Nagusiaren bilkuretarako deia egitea, bilkuretako buru izatea, bilkura etetea eta gai zerrenda prestatzea.

b) Erronkaribarko Batzorde Nagusiaren aurrekontu proiektuak prestatzea, idazkariarekin batera.

c) Egin behar diren ordainketak agintzea, betiere aurrekontuko kontsignazioen barrenean.

d) Erronkaribarko Batzorde Nagusiaren funtsak eta ondasunak administratzea, haren erabakiak betearazteko.

e) Erronkaribarko Batzorde Nagusiaren ordezkaria izatea hura ukitzen duten egintza eta arazo juridiko guztietan, baita ahala ematea ere prokuradore eta legelariei epaiketetara agertzeko edo hortik kanpora, beharrezkoa denean, Erronkaribarko Batzorde Nagusiak erabakitzen dituen ahalmenekin.

f) Erronkaribarko Batzorde Nagusiaren ziurtagiriak, aktak eta dokumentuak sinatuz ikus-onestea.

g) Erronkaribarko Batzorde Nagusiaren ordenantzak eta erregelamenduak betetzea eta betearaztea.

h) Egiteko erabaki diren obrak eta zerbitzuak zuzendu eta ikuskatzea, edo eginkizun hori eskuordetzea.

i) Zaindariak eta gainerako langileak gidatzea eta ikuskatzea.

j) Erronkaribarko Batzorde Nagusiaren eskumenekoak diren enkanteen buru izatea eta kontratuak egitea.

k) Zerbitzu eta eginkizunak betetzeko orduan eragina izanen duten xedapen bereziak ematea.

l) Apirilaren 2ko Toki Araubidearen Oinarriei buruzko 7/1985 Foru Legearen 21. artikuluan eta lege hori garatzeko araudietan toki-korporazioetako alkateei esleitzen zaien beste edozein eginkizun, Erronkaribarko Batzorde Nagusiak eskumenak dituen arloetan.

17. bis artikulua. Erronkaribarko Batzorde Nagusiko buruordearen eskumenak. Batzordeko buruordea Batzordeko buruaren ordez arituko da postu hori hutsik baldin badago nahiz hura kanpoan edo eri badago. Batzordeko buruak esleitu dizkion eskudantzia zehatzak erabiliko ditu Erronkaribarko Batzorde Nagusiko buruordeak, alde batera utzi gabe Erronkaribarko Batzorde Nagusiko buruak beste batzordekide baten esku uzten ahal dituela bereziki zeregin espezifiko batzuk.

18. artikulua. Idazkariak herritarrek eskatzen dizkioten Ibarreko dokumentuen kopiak eta ziurtagiriak eginen ditu, maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzkoan –edo onesten diren hurrengoetan–, ezarritako moduan eta baldintzetan.

III. KAPITULUA.–MESTAK

19. artikulua. Urzainkin urtero egiten den mestan, orain arte bezala, alkatea izanen da buru, Erronkariko eta Izabako alkateen laguntza izanik. Hirurek epaimahaia osatuko dute, eta Erronkaribarko Batzorde Nagusiko idazkariak idatziko du horren akta.

Epaimahaiak, beti bezala, erabakiko du abelburuak beren jabeei edo ordezkariei ematea, epaimahaiburuak hartuko dituela zin egin ondoren, haiek dituzten ezaugarri eta markak ikusirik, eta gertatzen diren gorabehera guztiak ebatziko ditu, bazkatzeak, larretzeak eta gainerakoak ordainduz, eta beharrezko ikusten badu, eskumena dutenei entzunez.

Ibarreko alkate guztiek, betiko gisan, albienteen jendaurreko bandoen bidez, bi mestetako bakoitzaren aurreko egunean jakinarazi behar dute artzainek, nagusiek edo artaldeen jabeek biharamunean, goizeko zortzietan, beren artaldeetan dauzkaten abere deslaiak aurkeztu behar dituztela, dela ardi-azienda dela ahuntz-azienda; dagokien zina eginez eginen diete harrera eta ohi bezala ziurtagiriarekin bidaliko dituzte Urzainki herrira; eta ez badituzte abelburuak aurkezten, herriko alkateari ziurtagiri negatiboa igorriko diote. Ondoren, jakinen balitz ez nagusiek edo artaldeen jabeek ez zituztela erakutsi beren artaldeetan dauzkaten abere deslaiak, artaldeko jabearen herriko alkateak akatsa zuzenduko du gobernuz.

IV. KAPITULUA–ERRONKARIBARKO BATZORDE NAGUSIAREN IDAZKARIA

20. artikulua. Erronkaribarko Batzorde Nagusiak, indarra duen legeriari jarraikiz, idazkari bat izanen du eta izendatuko du, bere funtsetatik ordaindua, eta eginkizun hauek izanen ditu:

a) Urtero uztailaren hamahiruan Baretos ibarrak (Frantzia), Erronkaribarri betiereko feudoko hiru behiak emateko ekitaldia baimentzea.

b) Erronkaribarko Batzorde Nagusiari argibideak eta aholkuak ematea, ordenantzen, erregelamenduen eta gainerako ordenamendu juridikoaren arabera hartu beharreko ebazpenen gainean.

c) Akta eta akordio guztien fede emailea izatea.

d) Erronkaribarko Batzorde Nagusiaren dokumentazio guztia bideratu eta aktibatzea, burua aurretik jakinaren gainean egonda.

e) Honako hauek idatzi eta baimentzea: Erronkaribarko Batzorde Nagusiak egiten dituen bileren aktak, buruaren ebazpenak eta Erronkaribarko Batzorde Nagusiak igorri beharreko agiriak.

f) Dagozkion ziurtagiriak igortzea, buruaren oniritziarekin, eta Erronkaribarko Batzorde Nagusiko funtsen kontu-hartzailearen funtzioak betetzea.

g) Erronkaribarko Batzorde Nagusiak egindako bilkuren akten kopia ziurtatua igortzea Ibarreko udal bakoitzari, bilkura egin eta 15 eguneko epean.

h) Ibarreko udal bakoitzari informazio buletinak eta akten kopiak bidaltzea, Erronkaribarko Batzorde Nagusiak egindako bilkuren akten kopia ziurtatua udalei bidali eta 15 eguneko epean, buletin horiek herritarren eskura jar daitezen, udal bakoitzak nahi duen moduan, dela paperean entregatuta, dela formatu digitalean.

i) Akten ziurtagiriak igortzea, doan, bai eta buruak agintzen dituenak ere.

j) Batzordeko buruak agindutako gainerako eginkizunak, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legean udaletako idazkarientzat aipatzen direnak, aplikagarriak diren neurrian.

21. artikulua. Erronkaribarko Batzorde Nagusiko idazkariaren funtzioak betetzen dituenak beteko ditu, halaber, kontu-hartzailearen funtzioak. Bete beharreko eginkizunak Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legean xedatutakoak izanen dira, aplikagarriak direnean.

22. artikulua. Erronkaribarko Batzorde Nagusiari dagokio idazkariaren jarduna etetea eta hura kargugabetzea, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legean xedatutakoaren arabera.

23. artikulua. Erronkaribarko Batzorde Nagusiak legelari aholkulari bat izaten ahalko du, indarreko kontratazio araudiaren arabera izendatua eta bere funtsetatik ordaindua, antolamendu juridikoarekin zerikusia duen orotan lagundu eta informatzeko.

V. KAPITULUA.–ERRONKARIBARKO MENDI ETA LARREAK KONTSERBATU ETA ZAINTZEA

24. artikulua. Ibarreko edo altxonbideetako, bideetako eta gainerako zortasun publikoko herri-mendiren baten azalerari buruz zalantza sortzen den aldiro, jabe mugakideek horietan intrusioa edo usurpazioa egin dutelako, Erronkaribarko Batzorde Nagusiak egiaztatuko ditu mugaketa eta mugarriak, egoki ikusten dituen pertsonei eginkizun hori emanez, eta, intrusioa egitearen ondorioz bidezkoa bada, jabe mugakideei entzunen zaie, bai eta parte hartzeko aukera emanen ere. Horrenbestez, gertaera Nafarroako Gobernuko departamentu eskudunari jakinarazi ondoren eta mugaketa eginik, bi aldeen artean ados jartzen ez badira, egindako guztiaren akta xehatua eginen da, parte hartu zuten guztiek sinatuko dutena, eta hari erantsiko zaizkio egiten diren agiriak, kexuak eta erreklamazioak, eta berehala espedientea igorriko zaio aipatu Nagusigoari, eman beharreko ebazpena eman dezan. Ados jartzen badira, Erronkaribarko Batzorde Nagusiak aipatu Nagusigoari jakinaraziko dio.

25. artikulua. Jaberen batek eskatuko balu mugaketa egitea eta mugarriak jartzea, hark izendatuko duen peritu batek eta Erronkaribarko Batzorde Nagusiak izendatuko duen batek eginen dute, eta peritu biak ez badira ados jartzen, Erronkaribarko Batzorde Nagusiak hirugarren bat izendatuko du hark ebatz dezan, aurreko artikuluan ezarritako moduan.

26. artikulua. Espresuki debekaturik dago edozein eremutan zabaldutako luberriak edo egurra erretzea, herri-basoren batetik berrogeita hamar metroko distantziara ez badago alde guztietatik; eta artikulu honen arau-hausteagatik kalteren bat sortzen duen suteren bat gertatzen bada, udal horretako alkateak eskumena duen aginte judizialari jakinaraziko dio, egin behar duena egin dezan.

27. artikulua. Erronkaribarko Batzorde Nagusiak komenigarri ikusten duenean betiere, eta indarreko legediaren arabera, beharrezkotzat jotzen dituen zaindariak izendatuko ditu Ibarreko herri-larre eta -zuhaitzak zaintzeko. Erronkaribarko Batzorde Nagusiak, egoki ikusten badu, Ibarreko eremua banatuko die kuartel edo barrutietan; zaindari bakoitzaren esku utziko du kuartel edo barruti bakoitzaren zaintza, eta zerbitzu ona emateko egoki ikusten dituen baldintzak ezarriko dizkie.

28. artikulua. Ez da zaindarien eskumena izanen Ernaz eta Lexako lurren zaintza, Arlasko bortu fazeroan, lur horien zaintza Erronkaribarko bi zaindariei eta Baretos ibarreko bi zaindari frantsesei baitagokie; horiek urtero izendatzen baitituzte bi ibarretako ordezkariek, uztailaren hamahiruan San Martin Harrian, Ernazko bortuan, Baretos ibarrak Erronkaribarri betiereko feudoaren harira hiru behiak ematean.

29. artikulua. Erronkaribarko Batzorde Nagusiak Ibarreko udalei haragitako abelburuak larratzeko lagatzen dizkien eta aurrerantzean lagatzen ahalko dizkien herri-mendietako lurrak horretarako bakarrik erabiliko dira.

Haragitakoendako larreak errentan eman gabe gelditzen badira, horretarako legezko prozedurak agortuta ere, mankomunitatearen esku geldituko dira eta haietan sortzen ahal den larrea libre eta doan erabiltzen ahalko da, ordenantza honen 61. artikuluan aurreikusitako salbuespenarekin.

30. artikulua. Erronkaribarko Batzorde Nagusiak komenigarri eta beharrezko ikusten duen guztietan, Izaba eta Uztarroze herrietako udalak baimentzen ahalko ditu, beren jurisdikzioetan Ibarreko zati komunak Frantziarekin mugakide baitituzte, herrialde horretako herri mugakideekin onuragarri irizten dioten konpromiso edo kontratu oro egin dezaten, bi herrialdeetako mota guztietako abelburuek egin ditzaketen zanpatzeengatik. Eta halakorik gertatzen denean, kontuan izanen dituzte Espainiaren eta Frantziaren artean 1856ko abenduaren 2an sinatutako muga ituneko 14. artikulua, bai eta itun horretako 3. eta 4. eranskinetako 1. eta 10. artikuluak ere, 1858ko abenduaren 28koak, beren testuinguruetara egoki daitezen.

VI. KAPITULUA.–ZUR ETA EGUR APROBETXAMENDUA

31. artikulua. Erronkaribarko Batzorde Nagusiak beharrezkotzat jotzen badu baliabideak biltzea haren gaineko zamei aurre egin ahal izateko edo mankomunitatearen obra publikoetarako, erabakitzen ahalko du zuhaitzak saltzea ibarreko mendi erreserbatu eta komunetan, egoki iruditzen bazaio, behar den espedientea Nafarroako Gobernuko departamentuan aldez aurretik aurkeztuta.

32. artikulua. Erronkaribarko Batzorde Nagusiak udalei emandako zuhaitz erreserbak Udalaren jabari osokoak dira, larreak erabiltzea galarazi gabe.

33. artikulua. Ez da mozten ahalko herri-lurretako zuhaitzik, ez egurretarako, ez beste ezertarako, Erronkaribarko Batzorde Nagusiak espresuki baimena eman ezean.

Erronkaribarko Batzorde Nagusiko buruak, mankomunitatearen ordezkari gisa, bando bat argitaratuko du urtero, ordenantza hauetako 3. artikuluko baldintzak betetzen dituzten eta etxerako egur loteen aprobetxamendua egin nahi duten Erronkaribarko herritarrei eskaera aurkezteko epearen berri emateko.

Espresuki debekatuta dago hirugarrenei, osorik edo zati batean, aprobetxamenduaren xede den etxerako egurra zuzenean edo zeharka saltzea.

Beti bezala, debekaturik dago inolako zuhaitz edo zuhaixkarik moztea Ibarrak zazpi herrien jurisdikzioan dauzkan abereen moskairu, saroi eta zaltuetan.

34. artikulua. Inork ez du eragozten ahalko zurak jabetza partikularretan zehar arrastatzea, landu gabe badaude, eta ez badago horretarako aldamenetik pasatzeko gurdibide edo biderik. Laboreak ereinda dituztenetan, jabeekin ados jarri beharko dute kalte­galerak ordaintzeko, errei edo biderik ez badago eta beste leku batetik pasatzea ezinezkoa bada.

Baso aprobetxamenduetan, baso agintaritzak ezartzen dituen baldintza teknikoak bete beharko dira.

Erronkaribarko Batzorde Nagusiak zilegi izanen du makina astunak pasatzeko behar diren baimenak arautzea eta horregatiko tasak ezartzea, haien xedea jabetza partikularretako zurak aprobetxatzea bada. Hori Erronkaribarko Mankomunitatearen pista eta bide publikoen erabilera eta haiek mantentzeko, zaintzeko eta hobetzeko lanengatik ordaindu beharreko tasa arautzen dituen ordenantzaren bidez garatuko da.

VII. KAPITULUA.–LUBERRITZEETAKO ETA EREITEKO LURRAK

35. artikulua. Ibarreko herritarrek bertako herri-mendietan –salbu eta "Ibarreko erreserbatuak" izenez ezagutzen diren pinu, izei zuri eta pago mintegi eta zuhaiztiak dauzkaten lurretan– ereiteko duten luberritze eskubidea, ulertzen da soilik ahalbidetuko dela alderdi soiletan eta sastrakadietan eta, zuhaitzak eduki arren, "Ikialte edo Ekialte" izenarekin ezagutzen direnetan, betiere jakinik zuretarako erabilgarriak ez direla eta ez direla izanen.

Luberritzaileek Erronkaribarko Batzorde Nagusiari eskatuko diote ereiteko baimena, eta Erronkaribarko Batzorde Nagusiak esleitu eta adieraziko du horretarako lurra, baimena zer eperako ematen den adierazita.

36. artikulua. Era berean, debekaturik daude luberritzeak eta ereiteak abereen moskairu, saroi, altxonbide, gatz biltegi eta zaltuetan, bestela ez baitira errespetatu eta zaintzen eta dagokion erantzukizuna sorraraziko baitu.

37. artikulua. Luberritzeetarako herri-lurren markatzeak Erronkaribarko Batzorde Nagusiak adierazitakoaren arabera eginen dira –antzina bezala, urtero, azaroaren bitik, egun hori barne, uztailaren azken egunera arte–, eta egun hori igarota ez bada luberritzea egin, markatzeak baliogabetu eta lurrak aske geldituko dira. Seinaleak lursailaren inguruan elkarren artean hamarna metrorako distantziara jarritako hesolak izanen dira.

38. artikulua. Erronkaribarko udalek edo Batzorde Nagusiak, bakoitzak bere jurisdikzioan, ogialor gisa sailkatutako lurretan, baimena ematen ahalko dute ereiteko, bi urtean behingoko txandaketa gorde gabe, eta tokiak hesiz itxita, behar adina babes daitezen.

Etxola eta eskorten inguruko zelaietan ere belarra ereiten ahalko da, mozteko edo belardietarako, eta tokiak hesiz itxiko dira babes gisa, Erronkaribarko udalerrietako alkateen eta/edo Batzordearen iritziz.

Fruituak bildutakoan, itxitura kendu egin beharko da.

39. artikulua. Ibarraren erdiguneko altxonbidearen ondoko sailetan ereindakoak urte txandaketarik gabe egiaztatuko dira. Errepidearen norabide bera darama altxonbide horrek, eta abelburuak sartu eta ateratzeko pasabideak markatuta ditu.

40. artikulua. Jabetza eta jabari partikularreko ondasunak bertan dauden fruituak babesteko ixten ahalko dira. Fruituak bildutakoan, itxitura kendu egin beharko da, bertan dauden larreak Ibarreko herritar guztiek doan aprobetxatzeko baitira.

"Fruitutzat" hartuko dira modu produktiboan lantzen diren laboreak, finka esleitutako ekoizpenari dagozkion zereginetarako erabiltzen denean.

Itxitura egin nahi duen herritarrak baimena eskatu beharko dio Erronkaribarko Batzorde Nagusiari, eskaera hori baimendu edo uka dezan, behar diren egiaztapenak egin ondoren; bestela, baimenik gabe egiten badu, ez zaio fruitua errespetatuko.

VIII. KAPITULUA.–OGIALORRAK ETA LARREAK APROBETXATZEA

41. artikulua.

Ogialorrak garia edo beste zereal batzuk ereiteko lurrak dira. Lur horiei erabilera hori ematen ez bazaie, Erronkaribarko Mankomunitatearen esku geratuko dira, eta bertan sortzen diren larreen erabilera eta gozamena librea eta doakoa izanen da, ordenantza honen 61. artikuluan ezarritako salbuespenarekin.

Herriek ogialor gisa sailkatu diren lurren erabilera eta edukitza izaten jarraituko dute, haien etxamendiekin. Herri bakoitzeko udalek kudeatuko dituzte lur horiek, ohiturazko muga ezagunetan, Erronkaribarko Batzorde Nagusiak onetsitako alhatze planarekin bat. Burgik ez baitu inoiz ogialorrik izan, Erronkaribarko Batzorde Nagusiak, horretarako izendatutako perituen bidez, lursail bat zehaztuko du Burgik erabili eta edukitzeko, bertako Udalak kudeatuta.

42. artikulua. Herriek ogialortzat sailkatutako lurrak ondoz ondo erabiltzen ahalko dituzte, baldin eta ez badute nahi sailetako aukera bete.

43. artikulua. Ogialorretako eta etxamendietako mugarrien azterketa egin behar denean, betiere, Erronkaribarko Batzorde Nagusiak izendaturiko perituek egiaztatuko dute, eta horien dietak ogialorra edo etxamendia zein udal-mugartetan dagoen, herri horrek ordainduko ditu.

44. artikulua. Herri bakoitzeko udalak, ogialor gisa definitutako lurren administratzailea den aldetik, komenigarritzat jotzen badu, bertako belarrak errentatzen ahalko ditu, edo bertan zein azienda mota bazkatu behar den zehaztu, eta haietan egokitzat jotzen dituen hobekuntzak egiten ahalko ditu, Erronkaribarko Batzorde Nagusiak ezarritako alhatze planaren arabera.

45. artikulua. Ogialorretako mugen barnean jabetzak dituzten guztiek zalantzarik gabe mozteko belarra hazten ahal den lursail zati bat edo beste erreserbatzen ahalko dute. Eta abereek bazka ez ditzaten eta artzainek gorde ez ditzaten, lursaila markatu edo ixten ahalko da. Belarra moztu ondoren, itxitura kendu egin beharko da.

46. artikulua. Ogialorra dagoen mugarteko udalak susmoa badu edo kexa badu aurreko artikuluan ezarritako belarren markatzea egin dela horretarako ez diren lurretan, dela elkorrak direlako dela beste arrazoi batengatik, perituen azterketa egiteko aginduko du eta, planoan hura ikusirik, bidezkoa dela uste duena ebatziko du.

47. artikulua. Debekua dagoen artean ez da ezein abelburu ez artalde sartzen ahalko larratzera ogialorretako eta etxamendietako uztondoetan, ez ereindako gainerako lurretan, sailetik erretiratu gabeko sorta bakar bat dagoen artean eta horien jabeek uzta edo laboreak biltzen bukatu arte, jabetza bereko larrainetan egiaztatzen bada, eta uztondo horiek gorde ahal izateko, sailen jabeek, berriz, ikusteko moduko seinaleak edo itxiturak jarri beharko dituzte sailetan. Eta aipatu jabeek ez dute moztu gabe uzten ahalko ezein motatako laborerik, sasoian egonik, uztondoa gorde dadin zeren, nabaritzen bada, abelburuak hartan larratzera sartzen ahalko baitira.

Ez artzainek ez beste inork ez du sortarik kentzen ez jasotzen ahalko sailetatik, uztondoak larratzeko asmoz, ez eta aipatu seinaleak eta itxiturak suntsitzen ahalko ere.

48. artikulua. Urde azienda ez da sartzen ahalko larratzera ogialor eta etxamendietan, betaturik dauden denboran, ez eta ereindako aldean ere, uzta bilduta egon arte. Xaxguetan baizik ez da onartuko.

49. artikulua. Suteak sortzeko arriskua dagoenez, eta sailetako belarrak galtzeko arriskua saihesteko, haien aprobetxamendua kaltetuz, debeku da uztondoak erretzea, bai jabeendako bai besterendako.

50. artikulua. Ibarreko ezein herritarrek ez du hartzen ahalko, ez sasi-kontratuz ez beste inolaz ere, beren artaldeetan, ez haietatik kanpo, Ibarretik kanpoko abererik Ibarreko herri-mendietan larratzeko, ez eta herrietakoetan ez jabetza partikularretan ere, bestela Ibarretik kanpo atera beharko ditu, bere kargura eta bere erantzukizunpean. Errege Bardeara ere ez ditu bideratzen ahalko, ez bada herri partzuerren batekoak direla.

51. artikulua. Erronkaribarko Batzorde Nagusiak bere egin beharrekoei erantzuteko beharrezkotzat jotzen duenean funtsak eskuratzea, agintaritza eskudunaren onespenarekin, Ibarreko larre komunak aprobetxatzeagatik kanon bat ezartzea erabakitzen ahalko du ariel gisa azienda mota guztien gainean, komenigarri ikusten duen moduan eta neurrian. Eta hori egiten denean, udal bakoitzari herri bakoitzean jasotzen den kopuru osoaren ehuneko bosta ordainduko zaio, diru bilketako gastuen kontzeptu gisa.

52. artikulua. Erronkaribarko Batzorde Nagusiak, ibarrean abeltzaintzako jarduna eta maneiua bultzatzeko, egoki iruditzen zaionean, xaxguak, abeltzaintzako mahukak, ibilgailuentzako sarbideak eta beste inbertsio batzuk sustatzen ahalko ditu larre eta mendi komunetan.

IX. KAPITULUA.–BELARREN ERRENTAMENDUA

53. artikulua. Erronkaribarko Batzorde Nagusiak, antzinatik egin ohi duen moduan eta beharrezkotzat jotzen duen artean, Bortuak eta Trozoak deitzen diren Ibarreko lurretako belarrak errentan ematen jarraituko du, urtero garairako, apirilaren hogeitik, orduan debekatutzat hartuko baitira, irailaren hogeita bederatzira arte, komenigarritzat jotzen dituen postura eta baldintzetan; eta hala ere errentamendua zabaltzen ahalko du beste lur batzuetara, Bortu eta Trozoetarako egiten duen modu berean.

54. artikulua. Bai aipatu Bortu eta Trozoetako belarrak errentamenduan ematea erabakitzeko bai hori beste lur batzuetara zabaltzeko, Erronkaribarko Batzorde Nagusiak aho batez adostu beharko du, Nafarroako Errege Kontseilu iraungiaren 1665eko maiatzaren 23ko epaian ezarri bezala.

Guztien adostasunik ez badago, gehiengoaren adostasuna nahikoa izanen da, baldin eta gutxiengoak ez badu bere aurkakotasuna herrietako aziendei sortzen ahal zaizkien kalteetan oinarritzen, baina inoiz ez larreen aprobetxamenduaz edo gozamenaz kanpoko gaietan.

55. artikulua. Errentamendua eginen da Ibarreko herritarren azienda mota guztiek belarra aprobetxatzeko, kopurua zehaztu gabe.

56. artikulua. Errentamendu horiek eginen dira ezertan kaltetu gabe Ibarreko herritarrek lur horietan, errentamenduaren denboran zehar, daukaten gainerako produktuen aprobetxamendua, errentamenduan ez baleude bezala.

57. artikulua. Ogialorrak dituzten udalek, haien etxamendiekin, edozein azienda motarako errentan emanen dituzte, kumeak edo hazitakoak izan, larretarako izendatzen duten kopururako, nahi duten denborarako. Herri bakoitzean udalek, komenigarri ikusten badute, zehazten ahalko dute zein ogialor adjudikatu beharko den azienda mota bakoitzarendako edo, enkantea egiten ahal dute, belarrak zein azienda motak aprobetxatu behar dituen zehaztu gabe.

Ogialortzat sailkatutako lurrak ez dira enkantean paratzen ahalko horretarako erabili ez badira; lur horiek askeak eta doakoak izanen dira, lehenengo artikuluan ezarritakoaren arabera, ordenantza hauetako 61. artikuluan ezarritako salbuespenarekin.

58. artikulua. Bortu eta Trozoetako belarren erremategileek eta ogialorretakoek ere, errentamenduaren denboran zehar lege orokorrak jabeendako ezartzen duen eskubidea edukiko dute belarrak zainduko dizkien zaindariak jartzeko, eta zaindari horiek lur horiek dauden jurisdikzioetako alkateen aurrean, egin beharreko zina eginen dute. Alkate horiek artikulu honen ondorioz salatzen ahal dizkieten falten jakinaren gainean egon behar dute gobernuz, udal legeriak ematen dizkien eskudantzien barnean.

X. KAPITULUA.–ITXITURAK ETA BESTE SALBUESPEN BATZUK

59. artikulua. Ibarrean belarra erabiltzea eragozten duen edozein itxituratarako, baimena eskatu behar zaio Erronkaribarko Batzorde Nagusiari.

Jabetza partikularretan, itxitura guztiak (hesiak, hesi elektrikoak edo bestelakoak) aldi baterakotzat hartuko dira eta kasu hauetan baino ez dira baimenduko.

a) Abeltzaintza: ezin da zelairik itxita egon abeltzaintzako ustiategi bati lotuta ez badago. Abereak kudeatzeko itxitura beharrezkoa da: belarrak eta belardiak. Eskortetarako eta erditze guneetarako edo proposatzen ahal diren beste erabilera batzuetarako itxiturak.

b) Ereindako lurrak eta laborantzakoak: babestu beharreko hainbat labore: fruta arbolak, trufak, baratzeak, patatak, babarrunak, zerealak eta planteatzen ahal diren beste batzuk. Itxiturak fruitua bildutakoan kendu eginen dira, haien laborantza aldiaren iraupena kontuan hartu gabe. Ixten diren finkek edo finken zatiek hautatutako labore ekoizteko izan behar dute, osorik.

c) Oihana: zuhaitzek aurrera egiteko behar duten denbora igarotakoan, itxitura altxatu eginen da.

Itxituraren berri eman beharko zaio Erronkaribarko Batzorde Nagusiari.

Erronkaribarko Batzorde Nagusiak araudi bat garatzen ahalko du itxitura horietarako, betiere ordenantza honetako lehen artikuluan aipatzen den larreen zortasuna errespetatuz.

60. artikulua.

Erronkaribarko Batzorde Nagusiak itxitura baimentzen edo onesten ahal duen kasu bakar batean ere, ez eta etorkizunean sortzen ahal diren beste ezein kasutan ere, ez da oztopatuko ez zailduko azienda beste larre eremu batzuetara sartzea, ez eta iturrietara, sakanetara, ibaietara eta edanlekuetara ere.

Ezta baimendutako ibilgailuak pistetatik zirkulatzea ere, eta interes turistikoko, olgetako, kiroletako, kulturako, dibulgazioko edo hezkuntzako lekuetara sartzea ere ez.

Itxituren jabeak arduratuko dira beren finketatik sartzen uzteaz pertsonei, baimendutako ibilgailuei eta aziendari.

61. artikulua. Etxamendiak (betatuak), saitsak eta kortsilak, haragitarako aziendarako lurrak eta ogialorrak.

Lurrak hasieran aurreikusitakorako erabiltzen ez badira –hau da, etxamendiak (betatuak), saitsak eta kortsilak, lanerako aziendarako; haragitarako aziendarako bazka lurrak, azienda horiek bazkatzeko; ogialorra, garia edo beste zereal batzuk landatzeko–, horiek guztiak libreak eta doakoak izanen dira eta ordenantza hauetako 3. artikuluko baldintzak betetzen dituen Ibarreko edozein herritarrek hartzen ahalko ditu.

Nolanahi ere, herri bakoitzeko udalek, behar bezala arrazoituta eta interes publikoa kontuan hartuta, Erronkaribarko Batzorde Nagusiari eskatzen ahalko diote lur horiek kudea ditzala, betiere honako baldintza hauek betetzen badira:

a) Udalek administratzen dituzten lur horietatik diru sarreraren bat lortzen badute, lortutako diru guztia dagokion herriak administratzen dituen larreak mantendu edo berreskuratzeko erabiltzea. Udalak Erronkaribarko Batzorde Nagusiari aurkeztuko dizkio lortutako diru sarreren eta gastuen zerrenda.

b) Interesatuta dagoen Ibarreko edozein herritarri lur horien erabilera eta gozamena ez ukatzea, eta hori berdintasun baldintzetan izatea, herritarra zer herritan dagoen erroldatuta aintzat hartu gabe. Publizitate egokia eta nahikoa eman beharko da lur horiek kudeatzeko moduari buruz.

c) Lur horiek zaintzeko eta kontrolatzeko ardura horiek kudeatzen dituen Udalari dagokio, enkantean jarri edo horien erabileragatik tasa bat ezartzen den edo edozein dela ere kudeaketa modua. Larre horietan abereak aurreikusi gabeko moduan ez sartzearen ardura, kasuan kasu, lur horiek erabiltzen eta gozatzen ari diren Udalarena edo/eta abeltzainena izanen da, eta inoiz ez Erronkaribarko Batzorde Nagusiarena edo lur horiekin zerikusirik ez duten abeltzainena.

Kasu horietan, Erronkaribarko Batzorde Nagusiak lur horien kudeaketa baimentzen ahalko dio Udal eskatzaileari, bilkuran gehiengoz erabakita.

XI. KAPITULUA.–MENDIKO ESTALPEAK

62. artikulua. Mendietan dauden eskortak eta gainerako estalpeak beren jabeek itxita edukitzen ahalko dituzte, horien barnean azienda ibilita laboreak, belarrak edo bestelako gaiak kaltetuak izan daitezkeenean soilik; eta zabalik daudela, edozeinek ixten ahalko ditu bere artaldeak antzinatik egin ohi den moduan; hau da: eskortaren edo estalpearen jabearenak ez diren bi artalde edo gehiago aldi berean iristen badira hartan artaldea ixteko asmoz, beharrik handiena duenak izanen du lehentasuna, hau da, artilea moztu berri edukirik eta euri edo ekaitzengatik kaltetzeko arriskua daukanak, bestea moztu gabe badago; eta bi artalde edo gehiagorendako arriskua badago, elkarrekin sartzen ahalko dira artilea mozturik edo moztu gabe badute eta, denak sartzen ez badira, egoera berdinean daudenetatik lehen iritsi dena sartuko da, baina beti edukiko du lehentasuna eskortaren edo estalpearen jabeak.

63. artikulua. Antzinatik ezarria den bezala, debekatua dago ardi edo ahuntz aziendaren ezein jabek ez artzainek baztanga gaixotasuna edo beste edozein epizootia duen ardi edo ahuntz talderik ixtea mendiko eskorta ez bordatan, ez beren ez inorenean, ez eta bazkatzeko edo sesteatzeko balio duten haitzetako lezeetan ere, beste batzuk kutsatzea saihesteko xedez.

XII. KAPITULUA.–ABELBURUEN IGAROTZEAK

64. artikulua. Belarren errentamenduaren harira edo beste herrialde batzuetarako bidean Ibarrera etortzen ahal den kanpoko azienda, altxonbidetik igaro beharko da datorren guneraino, eta gauza bera eginen du itzuleran; eta horretarako, joan-etorrian zeharkatutako herri bakoitzeko alkateak gidaria jarriko dio bideratzeko eta altxonbidea erakusteko, eta horren gainean Nafarroako legeek ezarritakoa beteko da.

65. artikulua. Erronkaribarko Batzorde Nagusia arduratuko da Ibarreko altxonbide nagusiak kontserbatu eta zaintzeaz, eta ogialorretarako dauden altxonbideez, udal bakoitza.

XIII. KAPITULUA.–ZIGOR EDO ZEHAPEN XEDAPENA.

66. artikulua. Zazpi herrietako alkateek dute, bakoitzak bere jurisdikzioan, ordenantza hauek betearazteko ardura, eta arau-hausteak zuzendu, zigortu edo gobernuaren esku utzi beharko dituzte, dagokion legedian xedatutakoaren arabera. Gainera, haien ordura izanen da, halaber, kalteen ordainak ematea.

Abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legearen, Nafarroako oihan ondarea babestu eta garatzeari buruzkoaren, 75. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoaren arabera zigortuko da mendi publikoetan dagokion baimenik gabe sartzen den aziendaren jabea.

67. artikulua. Herri-mendietan zuhaitzak mozteagatik eragindako kaltea baimenean adierazitako kopurutik gorakoa denean, alkateari jakinarazi beharrean, Erronkaribarko Batzorde Nagusiari jakinaraziko zaio gertaera.

68. artikulua. Zuhaitzen edo zuren lapurreta gertatuz gero, jakinarazpena eta zigorra agintaritza judizialari dagokio.

69. artikulua. Zuhaitz mozketek mendietan edo larreetan eragiten dituzten kalteen berri Ibarreko basozainak emanen du eta Erronkaribarko Batzorde Nagusiari jakinaraziko dizkio, hark behar bezala jardun dezan.

70. artikulua. Oro har Ibarreko herri-mendietan eta larreetan eragiten diren kalteen zenbatekoa, alkateek Ibarreko funtsen Gordailuzaintzan sartuko dute. Ogialor eta etxamendien larreetakoa herri bakoitzarenean, eta horiek eta Bortu eta Trozoetakoak errentan emanda badaude, erremategileei emanen diote.

71. artikulua. Ordenantza hauetako faltengatiko erantzukizunetik salbuesteko, preskripziorako, faltak arindu edo astundu egiten dituzten inguruabarretarako, erantzule kriminal eta zibilendako eta adingabeen erantzukizunerako, alkateek aintzat hartuko dute Zigor Kodean ezarritakoa, aplikatzen ahal den neurrian.

72. artikulua. Ibarreko zaindariez eta herri bakoitzetakoez gainera, Ibarrean bizi den edozein herritarrek salatzen ahalko ditu ordenantza hauen arau-hausteak, horiek gertatzen diren jurisdikzioetako alkateen aurrean.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

1. xedapena. Erronkaribarko Batzorde Nagusiak, komenigarri edo beharrezkotzat jotzen duenean, ordenantza hauek berritzen ahalko ditu, osorik edo zati batean, baina mankomunitatearen eskubidetik atera gabe.

2. xedapena. Bere horretan jarraituko dute zaindarien izendapenei eta kalteen apreziatzaileei eta horien betebeharrei dagozkien Ibarreko hainbat herriren arteko itunek, hitzarmenek eta konpromisoek, mankomunitateari baitagozkio, beren artean baliogabetzen ez dituzten artean, betiere.

I. ERANSKINA

Ordenantza hauek eguneratzeak berekin dakar zenbait kapitulu eta artikulu kanpoan uztea, abeltzaintzaren maneiuari buruzkoak. Kapitulu horietan jasotzen den kudeaketa modua oso desberdina da gaur egungo moduarekiko, baina hor jasotzen diren jakintzak eta egiteko moduak kudeaketa kolektibo zehatz eta efiziente baten isla dira.

Ondare hori mantentzeko, gaur egun horrelako maneiua egitea ezinezkoa bada ere, Erronkaribarko Batzorde Nagusiak uste du garrantzitsua dela antzinako jakintza horri buruzko informazioa ez galtzea.

IBARREKO MENDI ETA LARREEN KONTSERBAZIOARI ETA ZAINTZARI BURUZKO KAPITULUA

34. artikulua. Ogialorren eta etxamendien zaintza ez da Ibarreko zaindarien eskumena izanen, baizik eta herri bakoitzeko udaltzainena. Hala ere, bai zaindariek bai udaltzainek elkar lagunduko dute, elkarri eskatu eta behar dutenetan.

36. artikulua. Ibarreko zaindaririk ez dagoenean, herri guztietako udaltzainek, bakoitza bere jurisdikzioan, mankomunitateari dagokion guztia zaindu beharra edukiko dute; egin beharreko bahitzeak eta salaketak egin beharko dituzte, eta haien adierazpenek fede emanen dute, ez bada aurkakorik frogatzen.

37. artikulua. Frantziar abelburuen bahitzeetan, Ibarreko zaindariek edo, beharrezkoa bada, udaltzainek, Espainia eta Frantziaren arteko 1856ko abenduaren 2ko muga itunean eta haren 1858ko abenduaren 28ko eranskinetan ezarritakoari lotu beharko zaizkie, eta horietan adierazitako zigorrak ezarriko dituzte bahitzeak gertatu diren jurisdikzioetako alkateek.

38. artikulua. Espainiar abelburuen bahitzeetan, Ibarrekoak edo handik kanpokoak badira ere, larratzen ezin diren bortu edo trozo komunetan gertatzen direnean, bahitzea gertatu den jurisdikzioko alkatearen aurrean salatu beharko dituzte Ibarreko edo udaleko zaindari horiek; alkateak jakinarazi eta hutsegitea zigortuko du. Halaber, zuhaitzen legez kanpoko mozketen salaketak eginen dituzte.

39. artikulua. Bai Ibarreko bai herrietako zaindariek aurkitzen dituztenean artzainik gabeko abelburuak leku debekatuetan edo kalteak eragiten, abelburuak bildu eta itxiko dituzte ahuntz taldearen ahunztegian, eta alkateari jakinaraziko zaio. Saldoa osatzen duten abelburuak badira, edozein bahitzen ahal dute herriko alkateari eman eta bahitzea frogatzeko, eta saldoaren jabeari jakinaraziko diote. Kalterik sortzen bada, alkateari eta abelburuen eta jabetzaren jabeei ere jakinaraziko die.

GAZTANDEGIEI BURUZKO KAPITULUA

77. artikulua. Gazta egiteko etxola edo lekuetarako eskubideari buruzko zalantzak argitu eta galderak saihesteko, aurrekoan bezala, honako hau ezarri da: alderdira goizez, gazta egiteko arroparekin eta tresnekin iristen den lehenbizikoak edukiko du lehentasuna, baina arratsaldean alderdi horretara iritsi behar da gazta egiteko esnea eman behar duen artaldea; eta ez bada hala egiten, eskubide hori galduko du. Ohartarazten da gune batean kokapen seinale horiek egiten direnean ez direla beste gune batean egiten ahalko egun berean; eta egiten badira, ez dute baliorik edukiko.

78. artikulua. Arratsaldez alderdi horietako batera iritsiz gero gazta egiteko asmoz, eta horretarako seinalaturik dagoela adierazten duten objektuak ez badaude, jabetza hartzen ahalko da eta arratsalde berean eraman esnea eman behar duen artaldea.

79. artikulua. Kabañizo izenez ezagutzen diren lekuak, aurreko bi artikuluetan adierazten diren helburuetarako, ezin dira ez lugorritu ez erein ere.

AZIENDA BIRULENTOARI BURUZKO KAPITULUA

82. artikulua. Abeltzainek, artzainek, zaindariek edo beste edozeinek nabaritzen badute ezein azienda motatan epizootiaren bat, eta zehazki baztanga, lehenbailehen jarriko du azienda hori dagoen jurisdikzioko alkatearen jakinaren gainean; hark berehala aginduko du zorrotz aztertzeko, eta albaitari batek egiaztatuko du, eta halakorik ezean, albeitar batek adituren batekin batera.

83. artikulua. Gaixotasuna dagoela jakinik, ardi eta ahuntz azienda bada, berehala bidaliko dira xede horretarako Ibarrak dauzkan eta 92. artikuluan adierazten diren alderdietan mugaturiko belarretara, eta artalde bakoitzarendako beharrezko zatia adieraziko dute bi aditu adimendunek, artaldea zein herritakoa den, bertako alkateak izendatuak, eta horiek ezarriko dituzte erizaintzarako markaturiko sailaren perimetroa zehazteko beharrezko mugak eta kontramugak.

83. artikuluaren eranskina. Erronkaribarko Batzorde Nagusiak, 1897ko irailaren 15eko bilkuran, erabaki zuen, partez 83. artikulua aldatuz, Izaba, Urzainki, Erronkari eta Garde herrietako artalde bakoitzarendako behar den zatia lau perituk egiaztatuko dutela; hots, lau herrietako bakoitzetik bat, herriko alkateak izendatua, azienda gaixoaren jabearen herrikoak aldez aurretik jakinarazi ondoren, galarazi gabe 85. artikuluan ezarritakoa, eta lau perituen artean eginen dute seinaleztatzea, 92. eta 93. artikuluen arabera eta artaldeen jabeen erantzukizuna izanen da lau peritu horien dietak ordaintzea.

84. artikulua. Gaixotasuna gertatuko balitz artaldean ibiltzen ez diren abelburuetan, udal bakoitzak hartuko ditu kutsatzea saihesteko egoki ikusten dituen neurriak.

85. artikulua. Gaixotasun infekziosoetako bat deklaratzen den herri-mugarteko alkateak berehala jakinaraziko die Ibarreko gainerako alkateei, haiek eta eta artalde gaixoarendako mugaturiko belarretatik hurbil beren artaldeak larratzen dauzkaten abeltzainak jakinaren gainean egon daitezen.

86. artikulua. Gaixorik dauden artaldeek beren larre eta barrutietan jarraitu beharko dute harik eta sendatzeaz arduratzen den albaitariak edo albeitarrak gaixotasuna erabat desagertu dela ziurtatu arte.

87. artikulua. Gaixorik dagoen edo dauden artaldeak Erribera aldetik badatoz eta Garde, Erronkari, Urzainki eta Izaba herrietakoak badira, Burgiko mugartera, Ollate izeneko gunera, iritsi bezain laster, arduradunak herriko alkateari gidari bat eskatuko dio altxonbidetik joateko, egun horretan bertan iritsi ahal izateko Bideko Ama Birjinarenera. Gune horretatik biharamunean jarraituko dute bidean, altxonbidetik halaber, Erronkariko alkateak emandako beste gidari batekin Urzainki herriraino, eta hango alkateari jakinarazita, bidean jarraituko dute Izabaraino gidaririk gabe herri horretakoak direnak, zeren harainoko distantzian gidaririk gabe joaten ahal baitute galdu gabe eta kutsatzen ahal duten lekuetan sartu gabe; eta horietako bakoitzetik artaldeak bideratuko dira, gidariekin, esleitu zaien guneraino, 92. artikuluari jarraikiz. Garde herrikoek, bertako gidariarekin batera, betiko altxonbidea hartuko dute ohi bezala Puente nuevon, eta bertatik Armentadoia guneraino jarraituko dute. Aipatu artalde eriak Bidankoze eta Uztarroze herrietakoak badira, Burgiko mugarterainoko altxonbide zatia oso laburra denez gero, ez dute nahitaez gidaria hartu behar, baina bai jakinarazi behar diote alkateari jakinaren gainean egon dadin hura eta bertako abeltzainak ere; eta Uztarrozekoak Bidankoze udal mugartera iristen direnean, bertako alkateari gidaria eskatuko diote bere jurisdikzioa bukatu arte: eta bai herri batekoek bai bestekoek beren artaldeak gidariarekin bideratuko dituzte esleitu zaizkien gunetaraino, 92. artikuluari jarraikiz. Aipatu artaldeak bidean doazen artean, geratzen ahalko dira larratzera altxonbidean, baina soilik arauturik dauden ohiko lekuetan. Ahalegina eginen da alkateek jartzen dituzten gidariak udaltzainak izan daitezen, eta enkargu bakoitzeko bi pezeta ordainduko zaio bakoitzari.

88. artikulua. Artaldeak Erribera aldera eraman beharko balira neguko larreetara, artean baten batek baztanga edo beste gaixotasun kutsakorren bat duela, artaldea ez da abiatzen ahalko harik eta osasuntsu daudenak joanda egon arte, ez bada urriaren hogeirako ez direla joan, eta kasu horretan, gidariekin eginen lukete bidea, aurreko artikuluan ezarritako moduan.

88. artikuluaren eranskina. 1897ko irailaren 15eko Erronkaribarko Batzorde Nagusiaren erabakiarekin bat, artikulu honen eranskin gisa, probintziako gobernadore zibilari kontsulta egin zitzaion hilaren 16an, bi puntu hauei buruz: "1. Udalen betebeharra ote den lurrak markatzea eta mugatzea txertoa hartu duten edo hartu nahi duten artalde osasuntsuendako, eta 2. Artalde horiei aplikatzen ahal zaien baztanga gaixotasuna dutenendako ezarritakoa, hau da, Erribera aldera abiatu ez daitezen txertoaren eragina gainditu eta albaitariak aske eta osasuntsu daudela deklaratu bitartean". Eta agintaritza nagusi hark, hilabete bereko ofizio baten bidez, honako hau erantzun zuen: "Kontuan hartuz aziendak txertoaren eragina gainditu ez duen artean, gaixotzat hartu behar dela, erabaki dut zuri adieraztea udal horrek gaixotasunen bat garatzea saihesteko beharrezkoa den guztia egiteko betebeharra daukala eta, ondorioz, kontsultatzen dituzun bi gaietan azaltzen diren neurriak hartzekoa, horren gainean eman diren xedapen guztiak betez.

89. artikulua. Gaixorik dagoen artaldearen jabeak abian jarri baino hamabi egun lehenago, bere herriko alkateari jakinaraziko dio zein gunetara doan eta artaldeak gurutzatu beharreko altxonbideak eta mugarteak adieraziko dizkio; eta jarraian alkate horrek probintziako gobernadore zibilari eta gaixorik dagoen artaldeak egoitza finkatu arteko guneraino igaro behar dituen mugarteetako alkateei jakinaraziko die.

90. artikulua. Artalderen batetik zenbait abelburuk alde eginen balute gaixorik dauden abereak dauden sailera, ez dira ateratzen ahalko, hartan gelditu beharko dute, kutsatu balira, epidemia hedatzea saihesteko; eta aitzitik, gaixorik dagoen artaldetik osasuntsu dagoenarekin elkartuko balira, talde osasuntsuaren artzainak berehala bereizi eta haien lekura eramanen ditu, eta arreta handia paratuko du bere artaldean kutsatze sintomarik aurkitzen ote duen ikusteko.

91. artikulua. Epizootia eta zehazki baztanga deklaratuko balitz artaldeak Errege Bardean daudela, jabeek edo bestela, ardura duten artzainek, bertako ordenantzetan horretarako ezarritakoa beteko dute; eta Erriberako beste alde batzuetan edo handik kanpo daudela deklaratuko balitz, dauden mugarteko alkateari jakinaraziko diote.

92. artikulua. Gaixorik dauden abelburuendako 83. artikuluan zehazten diren belarrak eta urak, honako hauek dira: Izaba, Urzainki, Erronkari eta Garde herrietarako, Armentadoia, Surgizea eta Berroeta izeneko Ibarreko alderdi edo mendietan; Uztarroze eta Bidankoze herrietarako, Dronda eta Armuskoa alderdietan, hurrenez hurren; eta Burgi herrirako, bere mugartean Udalak adierazten dituenak.

93. artikulua. Aurreko artikuluan aipatzen diren lurretan ez balego aski leku gaixorik dauden abereak iritsi ahala kokatzen joateko, Udal bakoitzak bere mugartean moldatuko du soberakina ahalik eta hobekien.

ABELBURUEN HIDROFOBIA EDO ERRABIARI BURUZKO KAPITULUA

94. artikulua. Abereen jabeek, artzainek, zaindariek edo beste edozeinek abere edo txakurren batean edo beste animaliengan errabia sintomarik nabaritzen duten unean, berehala hilko dute, eta beste batzuei hozka egin dielako susmoa badute, arreta eta zaintza berezia jarriko dute, sintomarik txikiena agertzean, akabatzeko.

95. artikulua. Abere edo animalia hidrofoboa beste norabait abiatu bada, mugarteko alkateari jakinaraziko zaio, eta hark berehala jakinaraziko die Ibarreko gainerakoei eta kanpokoei ere bai, aberea beste leku baterantz abiatu bada, jazarri eta akaba dezaten.

II. ERANSKINA.–LURRALDEA IZENDATZEKO TERMINOAK ETA FIGURAK

Ordenantza hauek eta barne hartzen dituzten jakintzak hobeki ulertzeko, lurraldea izendatzeko erabiltzen diren termino eta irudiak azaltzen dira hemen.

OGIALORRAK ETA ETXAMENDIAK

Antzina, garia erein ohi zen haietan, familiaren kontsumorako ogia egiteko, edo garagarra, neguan abereak elikatzeko. Ongarritzeko aukera gutxi zeudenez, komeni zen lurrari atseden hartzen uztea. Horregatik ezarri zen «bi urtean behingoko txandaketa» edo «urtea eta orria» sistema: Ezka ibaia hartu zen ibarraren ardatz banatzailetzat, eta ezarri zen ibaiaren alde bat ogialorra izanen zela urte batean, eta kontrakoa ondoko urtean. Ogialorrak mugarrien eta erliebe naturalen bidez zedarrituta daude. Ogialorretarako ez den aldea komuna da urte horretan –finka partikularrak edo herri-lurrekoak diren kontuan hartu gabe– eta bertan Ibarreko zeinahi abeltzainek eramaten ahal du azienda alhatzera, data mugarik gabe.

Ogialorretan, zerealaren prozesu osoan zehar, ernamuintzetik uzta biltzera arte, debekatuta zegoen edozein azienda mota larratzea, ereindako sailak babesteko.

Ogialorren barruan landatzen ez ziren eremuei etxamendi esaten zaie, eta, haietan bai, bazkatzen zen, artzainen zaintzapean, abereek ereindako soroak inbaditu ez zitzaten, hain zuzen ere.

Etxamendia arkumeentzat gordetzen zen, Sanmigeletarako (iraila eta urria), lur garbia eta larre ugarikoa izan zezaten.

Ogialorrak enkantean paratzen dira haien herriko abeltzainen artean, erein gabe dauden lurrak (lerdoiak edo malda handiko mazelak) erabili ahal ditzaten, bai eta ereindako lursailak ere, uzta bildu ondoren. Soro horietan aleak geratu ohi ziren, bai eta gari zurtoinak ere; gainera, euria egiten bazuen, belar on eta ugaria ateratzen zen, lurra luberritu egin baitzen, ereiteko. Hurrengo urtean, lur horiek Ibarreko lur komun bihurtzen ziren, eta ogialorra ibaiaren beste aldean ezartzen zen.

ETXAMENDIAK (BETATUAK), SAITSAK ETA KORTSILAK

Herrietatik hurbil, lursail bat dago, lanerako abereak (idiak, behiak, zaldiak) elikatzeko erabiltzen zena. "Vedau" esaten zaio. Larre horien hurbiltasunak bertan bazkatzen ziren animaliak berehala baliatzeko aukera ematen zuen, uztartzeko edo kargatzeko. Lur horietan, udalerriko abereek soilik larratzen ahal dira.

Herritik gertu idiak bazkatzen ziren leku eguzkitsuei saitsa edo kortsila esaten zaie.

Gaur egun ez dago lanerako abererik, beraz, nahiz eta etxamendiak (betatuak) udalarenak diren eta izaten jarraitu behar duten, larreak Ibarreko zeinahi herritako zeinahi aziendak erabili behar ditu.

HARATEGIAK ETA HARAGITAKOENDAKO LARREAK

Antzina, udalerriak harategia eta haragitakoendako larreak enkantean jartzen zituzten. Herriarendako haragi hornidura jartzen zen enkantean, urtebeterako. Errematagileak herrirako haragi hornidurarekin lotutako baldintza guztiak bete behar zituen. Horrek "haragitako aziendarako larreak" deiturikoen urtebeteko gozamen esklusiboa zekarren berekin, eta, aldi berean, ardi eta arkume haragia hornitzeko betebeharra zuen, enkanteko baldintzetan adierazitako datetan.

TROZOAK ETA BORTUAK

Trozo deitzen zaie udal mugarte bakoitzeko gunerik altuenetan dauden udako larreei, non larrea ugaria eta kalitate hobekoa den eta ura uda osorako "bermatuta" dagoen; gune freskoak edo mendi lepoak dira, eta haietan haizea dabilenez, aziendak aiseago jasaten ahal du beroa. Trozo handienei, bortu esaten zaie. Pirinioekiko mugetako eremuetan daude.

Ibarreko abeltzain guztiek eskubidea dute beren abelburuak esleitzen zaizkien trozo eta bortuetan bazkatzeko, ekainaren 15etik abuztuaren 24ra bitartean, eta gainerako abeltzainenak errespetatu beharko dituzte. Abuztuaren 24tik aurrera, hau da, «askatze» egunetik aurrera, zeinahi abere alhatzen ahalko da zeinahi bortu edo trozotan.

Iragarkiaren kodea: L2506021