96. ALDIZKARIA - 2025eko maiatzaren 16a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

AGOITZ

Udalaren lokalen erabilera eta lagapena arautzen dituen udal ordenantza. Behin betiko onespena

Agoizko Udalak, 2025eko urtarrilaren 28an egin bilkura b rezian, erabaki du hasiera batez onestea Udalaren lokalen erabilera eta lagapena arautzen dituen udal ordenantza. Ordenantza horren xedea da ezartzea zer baldintzatan lagako den Agoizko Udalaren jabetzako udal lokalen erabilera, bertan gizarte eta kultura arloko jarduerak egiteko.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325 artikuluan xedatuari jarraituz, ordenantza jendaurrean egon zen hogeita hamar egunean (2025eko 30. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, otsailaren 13koa). Jendaurrean egon bitartean inork ez du erreklamazio, kexa edo oharrik aurkeztu. Beraz, bidezkoa da ordenantza hori behin betiko onestea eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratzea.

Agoitzen, 2025eko apirilaren 24an.–Alkatea, Angel Martín Unzué Ayanz.

AGOIZKO UDALAREN LOKALEN ERABILERA ETA LAGAPENA ARAUTZEN DITUEN UDAL ORDENANTZA

1. artikulua. Araudi honen xedea da Agoizko Udalaren jabetza diren lokalen erabilera lagatzeko baldintzak ezartzea, gizarte eta kultur jarduerak egiteko.

2. artikulua. Udalak arduradun bat izendatuko du, honako ardura hauek izanen dituena: giltzak uztea eta biltzea, egoera gainbegiratzea antolatzen den ekitaldi bakoitzaren aitzinetik eta ondotik, eta arau hauen 10. artikuluak aipatzen duen ziurtagiria biltzea. Nolanahi ere, eskatzen diren egintzak ez ditu arduradun horrek baimenduko, Agoizko Udalaren ardura izanen baita, arau hauen 5. artikuluan azaltzen den gisan.

3. artikulua. Interesdunek Herriko Etxean aurkezten duten eskaeran ezartzen dena izanen da ekitaldien iraupena. Baimendutako emanaldiak bukaturik, giltzak arduradunari itzuliko zaizkio, eta hark gainbegiratuko du zer egoeratan dauden instalazioak eta haien sarbideak. Lagapen-hartzailea erantzulea izanen da deus hautsirik baldin bada, eta berriak jarri beharko ditu, lehengoen ezaugarri antzekoak dituztenak, edo diru ordaina Udalari eman. 10. artikuluan azaltzen den gisan, fidantza bat ezarriko da, instalazioen funtzionamendu egokiaren berme.

4. artikulua. Lagapen-hartzaileek Agoizko Udalaren Erregistroan aurkeztu beharko dituzte beren proposamenak, edo bertzenaz Herriko Etxean edo posta elektronikoaren bidez, helbide honetara: ayuntamiento@aoiz.es. Zenbat eta lehenago egin hobe izanen da, eskaera aztertu ahal izateko. Hala ere, presako eskaerak ebazten ahalko dira, baldin haren justifikazioak agertzen badu presaz ebatzi behar dela. Eskaera motaren arabera, dokumentazio hau eskatzen ahalko da:

–Pertsona fisikoaren, elkartearen, entitatearen eta/edo enpresaren IFKren fotokopia (identifikazio fiskaleko kode zenbakia).

–Egin beharreko jarduketen gaineko txostena, haien edukia, datak eta ordutegiak barne, baita eskatzaileari komenigarria iruditzen zaion bertze edozein agiri ere. Betiere, txostenaren barnean sartuko dira eskatzailearen datuak (izena, harremanetarako pertsona, helbidea, harremanetarako telefonoa eta posta elektronikoa geroko harremanetarako).

Posta elektronikoaren bidezko eskaerak izanez gero, A eta B puntuei buruzko artxiboak gehitu beharko dira.

5. artikulua. Proposamenen azterketa eta onespena:

Agoizko Udalak, barne ekitaldi batean, jarduketa proposamena aztertuko du, kalifikatuko, eta erabakiko errefusatzea edo onartzea. Presaren kariaz eskaerak aurkezteko epeak eta baldintzak betetzea ezinezkoa bada, gutxienez ere Alkatetzarekin harremanetan jarri beharko da, eta haren oniritzia jaso.

6. artikulua. Esleipenerako irizpideak eta lagapenaren aurretiazko dokumentazioa:

Honako irizpide hauek hartuko dira kontuan, erabiltzeko proposamenak onartzeko:

–Proposamenaren interesa, gizarte, kultura eta hezkuntzaren aldetik.

–Proposatu diren egun eta orduak.

–Proposamenaren komunikazio eta publizitate plana, Udalaren partaidetza aipaturik.

–Jardueraren ardura duten pertsona eta entitateen curriculuma.

–Prezio eta tarifen proposamena, halakorik bada.

–Hobekuntzarako bertzelako proposamen batzuk, halakorik bada.

Udalak bidezko iruditzen zaizkion irizpen eta txosten guztiak eskatzen ahalko ditu, lagapenaren aitzinetik nahiz ondotik. Lagatzeko irizpideen arabera esleituko da erabilera; lagatzeko prozedura eman gabe utz daiteke.

Gisa berean, Udalak, proposamen bat onartu eta interesdunari jakinarazi ondoan, beretako gordeko du hura gero deuseztatu edo aldatzeko eskubidea, lagapen-hartzaileari inolako ordainik eman behar izan gabe horregatik.

Bai onarpenak, bai geroko aldaketa edo deuseztapenak, idatziz jakinaraziko zaizkio lagapen-hartzaileari, posta elektronikoaren bidez, baita erabili beharreko udal armarriaren logotipoa ere, lagatzeko arau hauen 17. artikuluan adierazten den gisan.

7. artikulua. Halako kasu batzuetan, Udalak beretako gordeko du tarifa bat kobratzeko eskubidea higiezina lagatzeagatik; hura baimenaren aitzinetik komunikatuko da betiere. Horretarako, oinarritako hartuko da urtero Udalak tasak arautzeko osoko bilkuran onetsiko dituen ordenantza.

8. artikulua. Lagapen-hartzailea izanen da tarifetatik heldu diren diru-sarrera guztien onuradun, halakorik bada.

9. artikulua. Lagapen-hartzaileak bere bizkar eskuratu beharko ditu proposatzen dituen jarduera guztiak egiteko behar diren baimenak.

10. artikulua. Lagapen-hartzaileak fidantza pausatu beharko du, instalazioen erabilera zuzenaren berme; programatutako ekitaldiak bururatuta itzuliko zaio, haien egoera egiztatu ondoan. Orobat, giltzak ematen zaizkion momentuan aitorpen bat sinatuko du, higiezina egoera onean jasotzen duela dioena, eta erabileraren lagapena bukatzean jaso bezain egoera onean itzultzeko beharkizuna ezartzen diona. Makurren bat izanez gero, ekitaldia gauzatu aitzin jakinarazi beharko zaio giltzen arduradunari; bertzela ez da kontuan hartuko.

11. artikulua. Lagapen-hartzailearen kontura izanen dira erantzukizun zibila nahiz istripuengatikoa, hala bere zerbitzuko langile guztiena nola parte-hartzaileena edo programatzen diren jarduerena; Agoizko Udalak, berriz, ez du inolako erantzukizunik izanen haien gain.

12. artikulua. Gelan ez da inolako jarduerarik egiten ahalko, aurkeztutako txostenean agertzen ez bada. Arrazoiren bat dela-eta aldaketarik gertatzen bada, horren berri eman beharko zaio aitzinetik Udalari, baita honek onetsi ere. Beraz, jarduera bakoitza antolatzeko, Udalak aitzinetik jakin eta baimendu beharko du.

13. artikulua. Lagapen-hartzaileak honako betebehar hauek izanen ditu:

–Berak eskaintzen dituen zerbitzu guztien funtzionamenduaren gaineko erantzukizun osoa.

–Higiezina eta bertako sarrerak behar bezala zaintzea jarduera garatzen den bitartean.

–Programaturiko jarduera guztiak koordinatzea.

–Tarifarik bada, haiek kobratzea.

–Agoizko Udalak eskuordetutako arduradunaren eskutik giltzak bildu eta berari itzultzea, zehaztutako epeetan.

–Instalazioen erabilera okerraren ondoriozko kalteen erantzule izatea.

–Instalazioaren funtzionamenduan edozein makur gertatuz gero, horren berri berehala ematea Udalak eskuordetutako arduradunari.

–Lokala garbi edukitzea, osotasunari kalte egiten ahal dion deus egin gabe (afixak, paperak etab. finkatzeko itsasgarriak edo bertze baliabideak erabiltzea), baldin Udalak aitzinetik eta espresuki baimendu ez badu.

–Bere jarduerari dagozkion instalazio eta ekipoen mantentze-lanak egitea.

–Higiene, osasun eta osasungarritasun kontuak direla-eta, animalia guztiei sarrera debekatzea, baita erretzea ere.

–Erantzukizun zibilaren eta istripuengatiko erantzukizunaren segurtasunaren erantzule izatea, hala bere zerbitzuko langile guztiei nola parte-hartzaileei edo programatzen diren jarduerei dagokienez; Agoizko Udalak, berriz, ez du inolako erantzukizunik izanen haien gain.

14. artikulua. Gastu hauek lagapen-hartzailearen bizkar izanen dira:

–Dagokion tarifaren gastua.

–Proposatutako jardueren ondoriozko gastu guztiak.

–Hala bere zerbitzuko langile guztiei nola parte-hartzaileei edo programatzen diren jarduerei dagokienez, erantzukizun zibileko asegurua eta istripuengatikoa kontratatzearen ondoriozko gastuak.

15. artikulua. Araudi hau ahalik eta hobekien bete ahal izateko, eta lagapen prozesuetan pizten diren aferak arintzeko, udal batzorde bat sortuko da; hura osatuko dute Alkatetzak, Kultur Zinegotzigoak eta Udalak higiezinaren lagapenerako izendatzen duen erantzuleak, eta bertara gonbidatu ahal izanen dute lagapen-hartzailea, horren beharrik baldin bada.

16. artikulua. Oro har, debekatua dago lokalaren barnean eta bertako sarbideetan edatea eta jatea. Edateko edo jateko, Udalak baimen espresua eman beharko du.

17. artikulua. Agoizko Udalaren logotipoa agertu beharko da lagapen-hartzaileak lagatako lokalean antolatzen dituen jarduera publiko guztietan eta publizitaterako edozein euskarritan, baita idazkun hau ere: "Agoizko Udalaren laguntzaz", gaztelaniaz eta euskaraz. Hura ikusteko moduko tokian agertuko da eta antolatzailearen edo edozein laguntzaileren maila berean. Logotipo hori baimenaren posta elektronikoan erantsiko da.

18. artikulua. Udalak beretako gordeko du instalazioan edozein emanaldi antolatzeko eskubidea, eta horrek lehentasuna izanen du, bertze edozein entitatek, lagapen-hartzailea barne, antolatzen dituenen aitzinetik; antolaketaren aldetik, lagapen-hartzaileari komunikatu beharko dio, gutxienez ere hamabortz egun lehenago, salbu eta presako eskaeren kasuan; halakoetan, Udalak baloratuko ditu, eta erabakitzen ahalko du zer emanaldik duen lehentasuna.

19. artikulua. Udalbatzako edozein kidek ikuskatzen ahalko ditu, berak edo berak gaitutako bertze baten bitartez, programaturiko zerbitzu eta jarduera guztien egoera eta funtzionamendua; beraz, xede horrekin, sarbidea zabalik izanen dute barnera eta jarduera horietara, izenik eman gabe eta aitzinetik gaztigatu gabe.

20. artikulua. Aparteko arrazoien kariaz prestakuntza gela guztiz edo partez itxi behar baldin bada, Udalak ez ditu bere gain hartuko eragindako kalte-galerak.

21. artikulua. Debeku da espresuki lagapena lagatzea edo eskualdatzea, nolanahi ere eta edonola izendatuta ere.

Halaber, lagapen-hartzailea bakarra izanen da; ez da bertze zenbaiten artean barreiatzen edo zatikatzen ahalko. Orobat, lagapen-hartzaileak zuzenean eta pertsonalki eginen du jarduera.

22. artikulua. Lagapen-hartzaileak inoiz ez du gelan aldaketa iraunkorrik sartuko, horretako Udalaren baimen espresurik ez badu. Horietarako baimena jaso ondoan, lagapen-hartzailearen kontura izanen dira, eta jarduera bukatzen delarik Udalarendako geldituko dira, horrengatik batere dirurik ordaindu behar izan gabe.

23. artikulua. Honako tarifa hauek aplikatuko dira:

1. tarifa.

–Irabazi asmorik gabeko entitateak, elkarteak eta kolektiboak, egoitza Agoitzen dutenak.

2. tarifa.

–Irabazi asmorik gabeko entitateak, elkarteak eta kolektiboak, egoitza Agoiztik kanpo dutenak.

–Irabazi asmoa duten enpresak eta partikularrak, egoitza Agoitzen dutenak.

3. tarifa.

–Irabazi asmoa duten enpresak eta partikularrak, egoitza Agoiztik kanpo dutenak.

Aplikatu beharreko tasak:

–1 tarifa: kosturik gabe.

–2 tarifa: 10,00 euro erabilera ordu bakoitzeko (3. tarifari %50eko deskontua aplikaturik).

–3 tarifa: 20,00 euro erabilera ordu bakoitzeko.

Udalak epe luzerako eskaerak aztertuko ditu, eta tasen kostua doitu eta/edo aldatu ditzake.

24. artikulua. Baldintza-orri honetako betebeharretako edozein ez betetzea izanen da baimena hutsaltzeko arrazoi, aparte utzirik lagapen-hartzaileari eska lekizkiokeen erantzukizunak.

25. artikulua. Lagapen-hartzailearen gain egonen da programaturiko jardueren arrisku eta mentura.

26. artikulua. Baldintza-orri honen ondoriozko lagapen prozedurak izaera administratiboa du; beraz, horien ondoriozko goiti-beheiti guztien ebazpena, baita bertako xedapenen interpretazioa ere, Agoizko Udalaren eskutan egonen dira lehen-lehenik, nahiz eta haren ebazpenen kontra jotzen ahalko den, hautara, Nafarroako toki entitateetarako aurreikusirik dauden bideak erabiliz.

27. artikulua. Agoizko Udalak noiznahi berrikusten eta aldatzen ahalko ditu arau hauek, baina horrek ez die eraginen lehenago onetsitako eskaerei.

28. artikulua. Bi eskaerek data eta ordutegietan bat egiten badute, lehenago aurkeztu dena nagusituko da. Hala ere, eta salbuespenez, horren beharrik bada, 18. artikuluak dioen bezala, Agoizko Udalak erabakitzen ahalko du zer emanaldik duen lehentasuna aldi berean proposatu direnen artean.

29. artikulua. Jarduera burutzean ordainduko da tasa. Udalak dagokion faktura igorriko dio lagapen-hartzaileari.

Iragarkiaren kodea: L2506235