96. ALDIZKARIA - 2025eko maiatzaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

139E/2025 EBAZPENA, apirilaren 15ekoa, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez proba industrialetarako baimena ematen baita haize-sorgailuetarako palak fabrikatzeko instalazio batean elektrolizadore alkalinoak testatzeko, hidrogeno berdea ekoizteko erabiltzearren. Horren ondorioz, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honen eranskinean ezarritako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioa Irunberriko udal-mugartean dago, eta haren titularra Nordex Blades Spain SAU da.

Egun abian den instalazio horrek lehendik du ingurumen baimen bateratua, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendariaren otsailaren 7ko 26E/2024 Ebazpenaren bidez eman baitzitzaion, eta sarturik dago Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 1. eranskineko 11.6 taldean.

2025eko otsailaren 18an, titularrak eskatu zuen elektrizadore alkalinoak probatzeko instalazio bat jartzeko baimena. Hidrogeno berdea ekoizteko erabiliko da, horretarako baliatuz uraren elektrolisia (energia elektrikoa behar da horretarako).

Instalazio hori bakarrik erabiliko da lurzati horretatik kanpo dauden instalazioetan fabrikatzen diren prototipoak probatzeko. Instalazio horretan prototipoen funtzionamendua probatuko da, karga desberdinen aurrean nola erantzuten duten ikusteko.

Nabe berriaren azalera eraikia, orotara, 511,24 m²-koa izanen da, eta bi prototipo izanen ditu. Gutxi gorabehera, urtean, lehengai hauek kontsumituko dituela aurreikusten da: 375 m³ ur, B50/200 bar motako nitrogenoaren 50 botila eta uretan %32an disolbatutako sodio hidroxidoaren 12 m³.

Elektrolizadoreak ez dira martxan egonen etengabe. Aurreikuspenen arabera, gehienez, 500 orduz funtzionatuko dute urtean. Probak urtebete iraunen du, 2025eko irailean hasita.

Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bategina onesten duen abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren 2. artikuluaren arabera, eskatuta aldaketa ez dago errege dekretuaren aplikazio-eremuaren barnean, prozesu berri batekin esperimentatzeko instalazioa da eta.

Bestalde, 7/2022 Legearen 34. artikuluaren arabera, aldaketa horretarako ez da behar baimenik, hondakinak tratatzeko modu berri batekin esperimentatzeaz ari gara eta.

Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 16. artikuluan xedatutakoari jarraituz, proiektua jendaurrean jarri zen hogei egunez. Titularrak aurkeztutako alegazioak ohartarazpen batzuk izan dira, eta baliagarriak izan dira ebazpen honen eranskinetako testua egokitzeko.

Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuak aurkeztutako eskaera aztertuta, honako hau ondorioztatu du: instalazioa bera, dagoeneko hartzen diren neurri zuzentzaileak, eta proba egiteko ezarritako baldintzak egokiak direla proba egitea baimentzeko.

Adierazitakoarekin bat, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehena.–Proba industrialetarako baimena ematea haize-sorgailuetarako palak fabrikatzeko instalazio batean elektrolizadore alkalinoak testatzeko, hidrogeno berdea ekoizteko erabiltzearren. Horren ondorioz, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honen eranskinean ezarritako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioa Irunberriko udal-mugartean dago, eta haren titularra Nordex Blades Spain SAU da.

Bigarrena.–Ebazpen honetan jasotako baldintzak betetzen ez badira, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotako ingurumen diziplinako neurriak hartuko dira (testu bategin hori abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen), eta, subsidiarioki, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen III. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoak, ezertan galarazi gabe legeria sektorialean ezarritakoa, aurrerantzean ere aplikatu beharko baita.

Hirugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Laugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute haren kontra, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.

Bosgarrena.–Ebazpena igortzea Nordex Blades Spain SAUri eta Irunberriko Udalari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2025eko apirilaren 15ean.–Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendaria, Raúl Salanueva Murguialday.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/ConsultasAAU.html#/ConsultaAutorizacionesAmbientalesUnificadas.

Iragarkiaren kodea: F2505880