96. ALDIZKARIA - 2025eko maiatzaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

135E/2025 EBAZPENA, apirilaren 15ekoa, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez onartzen baita Tafallako udal mugartean fruta zukuak eta alkoholik gabeko edariak fabrikatzen dituen instalazio baten ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzen aldaketa. Horren ondorioz, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honen eranskinean ezarritako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioaren titularra Refresco Iberia SAU da.

Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak urriaren 6ko 1553/2010 Ebazpenaren bidez emana, gero Ingurumenaren eta Uraren Zerbitzuko zuzendari nagusiaren martxoaren 23ko 203E/2015 Ebazpenaren bidez eguneratu zena.

2021eko azaroaren 12an, titularrak bere ingurumen baimen integratuan dauden baldintzak aldatzeko eskatu zuen. Zehazki, honako hauek:

1) Ingurumen baimen integratuan ezarrita dagoen instalazioaren gehieneko ur-kontsumo espezifikoa handitzea, 3,5 m³/m³ produktu landutik 4 m³-ra.

2) Eguneko gehieneko emaria eguneko 740 m³-tik 440 m³-ra jaistea.

3) Isurketaren emari espezifikoa handitzea, 2,5 m³ isurketa / produktu landuaren m³-koa izan dadin. Ingurumen baimen integratuan ezarritakoa hauxe da:

EKOIZPENA (m³)

45.000 arte

45000-75000

75000-107000

Isurketaren emari espezifikoa (*)

2,0

1,8

1,5

Eguneko emaria

250

370

440

Ondoren, 2022ko irailaren 13an, dokumentazioa hobetzeko 2022ko ekainaren 16an egindako errekerimenduari erantzunez, titularrak honako aldaketa hau eskatu zuen 3. zenbakiko aldaketari dagokionez:

–Isurketaren emari espezifikoaren eta eguneko emariaren balioak aldatzea, ekoizpenaren arabera, taula honetan zehazten denarekin bat:

EKOIZPENA (m³)

25.000 arte

25000-45000

45000-75000

Isurketaren emari espezifikoa (*)

3,0

2,5

2,0

Eguneko emaria

200

250

370

Eskatu den ratioen aldaketa azaltzeko, titularrak argudiatu du ezen instalazioaren ur kontsumoa eta, beraz, isurketa-kontsumoa, produktuaren formatua aldatzeagatik egin behar diren garbiketa-lanen funtzioa dela, eta zaila dela betetzea ekoizpen baldintzak IBBan zehaztutakoak baino txikiagoak badira. Titularrak aldaketa hori azaldu du elikagaien, edarien eta esnearen industrietan aplika daitezkeen teknika erabilgarri onenak (TEOak) ebaluatu ondoren; zehazki, 1.4 puntuko 7. TEOak, uraren kontsumoari eta hondakin-uren isurketari buruzkoak, zeinak ezarrita baitaude Batzordearen 2019ko azaroaren 12ko 2019/2031 (EB) Betearazpen Erabakiaren ondorioetan, bat etorriz Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2010/75/EB Zuzentarauarekin.

Aurreko guztia ikusita, ondorioztatu da eskatutako aldaketak instalazioaren ingurumen funtzionamendu egokia ahalbidetzen duela eta bat datorrela teknika erabilgarri onenak aplikatzearekin. Beraz, honako muga-balio (ratio) hauek ezartzen dira, instalazioak gaur egun baimenduta duen gehieneko ekoizpen-ahalmenera arteko balioak barne (91.270 m³/urtea-95.103 t/urtea):

EKOIZPENA (m³)

25.000 arte

25000-45000

45000-75000

75000-107000

Isurketaren emari espezifikoa (*)

3,0

2,5

2,0

1,5

Eguneko emaria

200

250

370

440

Kasu honetan, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 35. artikuluan ezarritako inguruabarrak gertatzen direla ulertzen da, eta, ondorioz, bidezkoa da ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzea, artikulu horretan ezarritako administrazio prozedurarekin bat etorriz, eta ez da egokitzat jotzen aldaketa-espediente hau jendaurrean jartzea.

Ebazpen proposamena hamabost egunez egon da instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehendabizikoa.–Onartzea Tafallako udal mugartean fruta zukuak eta alkoholik gabeko edariak fabrikatzen dituen instalazio baten ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzen aldaketa. Horren ondorioz, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honen eranskinean adierazitako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioaren titularra Refresco Iberia SAU da.

Bigarrena.–Baimenean sartzea hondakin urak udalaren kolektore sarean isurtzeko baimena, alegia, Ur Jabari Publikoaren gaineko Erregelamenduaren 245. artikulua aplikatuz eskatzen dena, bat etorriz Uren Legearen testu bateginaren (uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia) hamargarren xedapen gehigarrian eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 6. artikuluan xedatutakoarekin. Ebazpen honen II. eranskinean jasotzen da zer isurketa egiten ahalko diren eta instalazioak zer baldintza bete beharko dituen. Baimenak bost urteko indarraldia du eta bost urtetik bost urtera automatikoki berrituko da, une bakoitzean eskatzen ahal diren kalitate arauak eta ingurumen helburuak betetzen badira.

Hirugarrena.–Ebazpen honetan jasotako baldintzak betetzen ez baldin badira, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotako ingurumen-diziplinako neurriak hartuko dira (testu bategin hori abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen), eta, subsidiarioki, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen III. tituluan ezarritako zehapen-araubidean jasotakoak, ezertan galarazi gabe legeria sektorialean ezarritakoa, aurrerantzean ere aplikatu beharko baita.

Laugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Bosgarrena.–Ebazpen honen aurka, ez baitu administrazio bidea amaitzen, interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.

Seigarrena.–Ebazpen hau Refresco Iberia SAUra eta NILSAra igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2025eko apirilaren 15ean.–Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendaria, Raúl Salanueva Murguialday.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/CentroPublicaciones.html#/CentroPublicaciones.

Iragarkiaren kodea: F2505909