96. ALDIZKARIA - 2025eko maiatzaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

227/2025 EBAZPENA, apirilaren 25ekoa, Etxebizitzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita Errenta Egokiagatiko Erosahalmen Nahikotasuna (ERREGEROSNA) izeneko adierazlea 2025eko ekitaldi fiskalerako, eta 10.919,71 eurotan finkatzen baita.

Nafarroan etxebizitzarako eskubide subjektiboa arautzen duen abenduaren 26ko 28/2018 Foru Legeak Nafarroan etxebizitza izateko eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legea aldatu zuen, eta 3 ter artikulu berria erantsi. Artikulu horrek Errenta Egokiagatiko Erosahalmen Nahikotasuna (ERREGEROSNA) izeneko adierazlea sortu zuen, Ondorio Askotarako Errenta-adierazle Publikoa (OAEAP) ordezten duena, oinarria izan dadin zenbait zerga-kenkari eta familiaren diru-sarrera haztatuak kalkulatzeko, erabakigarriak direnak etxebizitza eta birgaitze babestuaren arloko jarduketa eta laguntzak eskuratzeko.

3 ter artikulu horrek ezartzen du, halaber, zer formula erabiliko den eguneratzeko. Horretarako, honako hauen arteko balio handiena hartuko da: aurreko urtean Nafarroako Kontsumoko Prezioen Indizeak (KPIa) izandako urteko batez besteko igoera, eta Nafarroako batez besteko soldatena, halakoak kalkulatuz datu eskuragarriak dituzten azken lau hiruhilekoetako Lan Kostuari buruzko Hiruhileko Inkestako soldata-kostu arruntaren arabera.

Balio berri hori onetsi behar da etxebizitzaren arloko eskumenak dituen zuzendaritza nagusiko titularraren ebazpen baten bidez, zeina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko baita.

Horrekin bat, 2025eko ekitaldi fiskalerako, ERREGEROSNAren balioa 10.919,71 eurokoa da, hori baita 2024ko ekitaldi fiskalerako ERREGEROSNAren zenbatekoari (Etxebizitzako zuzendari nagusiaren maiatzaren 28ko 426/2024 Ebazpenaren bidez onetsia) 10.529,08 euro aplikatzearen emaitza (hau da, %3,71ko igoera). Zenbateko hori bat dator soldatek izan duten igoera arruntarekin 2024ko lehenbiziko hiru hiruhilekoetan eta 2023ko azkenekoan. Kontsumoko prezioen indizea (KPIa), aldiz, %2,7 igo da Nafarroan 2024an.

Horrenbestez, ikusirik Etxebizitza Zerbitzuko zuzendariaren proposamen-txostena, eta erabiliz Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 241/2023 Foru Dekretuaren bidez eskuratu ditudan ahalmenak,

EBAZTEN DUT:

1. Errenta Egokiagatiko Erosahalmen Nahikotasuna (ERREGEROSNA) izeneko adierazlearen zenbatekoa onestea 2025eko ekitaldi fiskalerako, eta 10.919,71 eurotan finkatzea.

2. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako kontseilariari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2025eko apirilaren 29an.–Etxebizitzako zuzendari nagusia, Elga Molina Roig.

Iragarkiaren kodea: F2506318