92. ALDIZKARIA - 2025eko maiatzaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

47E/2025 FORU AGINDUA, martxoaren 31koa, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako enpresei dirulaguntzak emateko deialdi bat, naturan jarduerak egiteko heziketa- eta kirol-proiektuak gauza ditzaten 2025ean, unibertsitateaz kanpoko irakaskuntza arautuetako Nafarroako ikastetxe publiko, pribatu eta itunduei zuzenduta. DDBN identifikazioa: 824129.

Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legeak planteatzen du kirol jarduera sustatzeko laguntzak eta dirulaguntzak ematen ahal direla eta, 14.1 artikuluan, ezartzen du Foru Komunitateko kirol administrazioak eskola adineko haurrentzako kirol jarduerak sustatzeko programak bultzatuko dituela, Nafarroako hezkuntza administrazioarekin, toki entitateekin, kirol entitateekin eta beste entitate publiko zein pribatu batzuekin elkarlanean, kasua bada.

Foru lege beraren 14.2 artikuluan zehaztu zen ezen eskola adineko haurrentzat kirol jarduera sustatzeko programen xedea izanen dela eskolako heziketa integrala, nortasunaren garapen harmonikoa, sasoi fisikoa eta prebentzioaren osasun ohiturak osatzea. Gainera, hezkuntza premia bereziak dituzten eskola-haurren integrazioa kontuan hartu eta sustatuko dute.

Bestetik, Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuaren estatutuak onesten dituen azaroaren 15eko 257/2023 Foru Dekretuak ezartzen duenez, Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuak Kirola eta Jarduera Fisikoa Sustatzeko Zuzendariordetzaren bidez esleituak dituen eginkizunen artean dago mota guztietako gorputz eta kirol jarduerak sustatzea Nafarroako gizarte osoan, horretarako laguntzak eta dirulaguntzak emanez, betiere Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuaren goi mailako plangintzaren, zuzendaritzaren eta babesaren mende.

Jarduera horiek antolatzea ahalbidetzen duten laguntzak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen esparruan sartzen dira, hori baita araubide orokorraren esparrua Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan dirulaguntzak emateko, kudeatzeko eta kontrolatzeko.

Deialdi honetan ematen diren dirulaguntzak Nafarroako enpresei zuzenduta daude, eta bideratuko dira ikastetxeek naturan jarduerak egiteko heziketa- eta kirol-programak antolatzeak sortutako gastuak hein batean ordaintzera, ez beste ezertara. Programa horiek ingurumen inpaktu txikia izan behar dute, horrela ingurumena zaintzen laguntzeko.

Kasu honetan, Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuak bultzatzen duena da naturan jarduerak egin daitezela, 3 eguneko proiektuen barnean. Heziketa- eta kirol-ikuspegian oinarrituta, proiektu horien barnean egiten den jarduera fisikoak hainbat helburu izanen ditu:

–Ikasleen gaitasun fisikoak eta mugimenduarekin lotutakoak hobetzeko tresna bihurtzea, aurrerago mugimendu autonomia garatu ahal dezaten.

–Bizi ohitura osasungarriak eta kirola jarraitutasunez egiteko ohitura sortzea, baita kirol jarduerarekiko atxikimendua ere.

–Afektibitatearen eta harremanen inguruko gaitasunak eskuratzea, beharrezkoak baitira gizartean bizitzeko (adiskidetasuna, hobetzeko gogoa, inklusioa, genero berdintasuna...).

–Ingurunearen ezagutzari buruzko jarrerak eta balioak garatzea eta ingurumenari buruzko sentsibilizazioa.

Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariaren otsailaren 21eko 12/2025 Foru Aginduaren bidez xedatu zen argitaratzea Hezkuntzako kontseilariak eta Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariak 2025eko otsailaren 15ean hartutako Erabakia, zeinaren bidez biek batera baimentzen baitute kudeaketa-esleipen bat egitea Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuari, laguntza eta ekarpen ekonomikoak eman ditzan 2025ean ikastetxeetan eskiko, belako, naturako jardueretako eta kirol-hastapeneko jardueretako eskola kanpainak gauzatzeko.

Horregatik, naturan jarduerak egiteko heziketa- eta kirol-proiektuetarako 125.000 euro bideratu dira, guztira, honela banatuta:

  • 75.000 euro, Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpen bidez baimenduko direnak, Nafarroako 2025eko Aurrekontu Orokorretako "Naturan jarduerak egiteko eskola kanpainak" izeneko A50002-A5100-4709-336100 aurrekontu-partidaren kontura.
  • 50.000 euro, Hezkuntzako zuzendari nagusiak martxoaren 19ko 110/2025 Ebazpenaren bidez baimenduak eta Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuaren eskura jarriak, Nafarroako 2025eko Aurrekontu Orokorretako "Naturan jarduerak egiteko eskola kanpainak" izeneko 420000-42000-4709-322G00 aurrekontu-partidaren kargura.

Horrenbestez, Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuaren estatutuak onesten dituen azaroaren 15eko 257/2023 Foru Dekretuak aitortzen dizkidan ahalmenekin bat,

AGINTZEN DUT:

1. Onestea deialdi honen oinarri arautzaileak, foru agindu honen I. eranskinean jaso direnak, eta eranskinak.

2. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontu-kredituak baimentzen dira; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, jasotzen diren eskaerak kontuan hartuta:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

A50002-A5100-4709-336100: Naturan jarduerak egiteko eskola kanpainak

2025

75.000,00

Baimendu gogo den kreditu horri gehituko zaizkio Hezkuntzako zuzendari nagusiak martxoaren 19ko 110/2025 Ebazpenaren bidez baimendutako 50.000 euroak, Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuaren eskura jarriak, 2025eko Nafarroako Aurrekontu Orokorretako "Naturan jarduerak egiteko eskola kanpainak" izeneko 420000 42000 4709 322G00 aurrekontuko partidaren kargura.

3. Foru agindu hau eta I., II. eta III. eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2025eko martxoaren 31n.–Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.

I. ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK

1. Xedea.

Deialdi honen xedea da Nafarroako enpresei dirulaguntzak ematea, norgehiagokako araubidean, naturan jarduerak egiteko heziketa- eta kirol-proiektuak gauza ditzaten, Nafarroan unibertsitateaz kanpoko ikasketa arautuak ematen dituzten ikastetxe publiko, pribatu eta itunduei zuzenduta.

Dirulaguntzak bideratuko dira hein batean ordaintzera naturan jarduerak egiteko heziketa- eta kirol-proiektuak antolatu, kontrolatu eta garatzeak sortutako defizitak. Proiektuak 2024-2025 ikasturtean eskainiak eta eginak izanen dira, Aste Santuko oporretan izan ezik, eta txanda bakoitzeko hiru eguneko jarduerak izan beharko dituzte, deialdiaren II. eranskinarekin bat.

2. Helburua.

2.1. Proiektu horien helburua da naturan gorputz eta kirol jarduerak egitea, ingurumenean inpaktu txikia dutenak, horrela natura zaintzen laguntzeko, heziketaren eta kirolaren ikuspegian oinarrituta; lehentasuna izanen du jarduera fisikoa modu jarraituan egiteko ohiturak sortzeak, balio, jarrera eta arau batzuei loturik, eta jarduera fisikoak norberaren garapenean dituen ondorioak ere ezagutzeak.

Heziketa- eta kirol-proiektu hauen babesean egiten den jarduera fisikoak izan behar du, alde batetik, tresna bat, gaitasun fisikoak eta mugimendukoak hobetzeko eta horrela ohitura osasuntsuak finkatzeko; eta, bestetik, afektibitatearen eta harremanen inguruko gaitasunak eskuratzeko, beharrezkoak baitira gizartean bizitzeko.

Gainera, balioak sustatuko ditu, hala nola adiskidetasuna, hobetzeko gogoa, inklusioa, aurkariarekiko errespetua, joko garbia eta genero berdintasuna. Eta ahaztu gabe ingurunearen ezagutza eta ingurumenarekiko sentsibilizazioa.

2.2. Aurkezten diren proiektuek, xede eta helburu orokorrak betetzeaz gainera, aurreko puntuan xedatutakoarekin bat, II. eranskinean adierazten diren ezaugarriak bete beharko dituzte, jarduera motari, langileei, iraupenari eta beste arlo batzuei dagokienez.

3. Entitate onuradunak.

3.1. Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatutako turismo aktibo eta kulturaleko enpresek eskatzen ahalko dituzte deialdi honen xede diren dirulaguntzak, gaur egun kirol zerbitzuak ematen badituzte.

3.2. Deialdi honetatik kanpo gelditzen dira Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuko beste deialdi espezifikoago batzuen helburu diren heziketa- eta kirol-proiektuak. Orobat, aurrekontuan inolako diru-sarrerarik aurreikusten ez dutenak.

4. Entitate onuradunek bete beharreko baldintzak.

4.1. Dagokien erregistroan inskribatuta egotea, kirol zerbitzuak eta turismo aktibo eta kulturalekoak ematen dituzten enpresa gisa.

4.2. Inola ere ez dira onuradun izaten ahal apustu enpresen finantzaketa eta/edo babesa duten entitateak (apustu-makinen operadore diren enpresak barne), izan finantzaketa hori osoa edo partziala. Halaber, bazter utziko dira halako enpresen edozein publizitate mota duten entitateak, dela instalazioetan, dela jantzietan eta materialean.

Halaber, ez dira onuradun izaten ahalko sexu- edo genero-diskriminaziotzat hartutako lan-praktikak egiteagatik edo onartzeagatik administrazio-zehapen irmo bat edo kondena-epai irmo bat betetzen ari diren entitateak. Horrez gainera, ez dira onuradun izaten ahalko arrazoi horiengatik ezarritako zehapen bat edo kondena-epai irmo bat bete zain dauden entitateak.

4.3. Zerga arloko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean izatea, baita Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari edo haren erakunde autonomoei zorrak ordaintzeko betebeharrak ere.

4.4. Dirulaguntzen onuraduna izateko ezarritako debeku-egoeretan ez egotea, zeinak jasotzen baitira Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan.

4.5. Eskatutako dirulaguntzaren zenbatekoa 30.000 eurotik gorakoa bada, Merkataritza-eragiketetan berankortasunaren aurkako neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legearen aplikazio eremuan sartzen diren enpresa eskatzaileak ezin izanen dira onuradun izan aipatutako legean ezarritako ordainketa epeak betetzen ez badituzte.

Hori betetzen dela frogatzeko, erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztuko da, baldin eta, kontabilitate araudiaren arabera, galera-irabazien kontu laburtua aurkez dezaketen sozietateak badira.

Kontabilitate araudiari jarraikiz, galera-irabazien kontu laburtua aurkeztu ezin duten sozietateen kasuan, ordaintzeko legezko epeak bete izana ziurtagiri bidez frogatzeko beharra ezarri da. Ziurtagiri hori Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatutako auditore batek eman beharko du, enpresa bezeroaren ordainketen benetako epea aztertu ondotik, enpresa hornitzailearen aurretiazko kobrantzarako edozein finantzaketa egonik ere.

Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko dira baldintza guztiak, eta, orobat, diruz lagundutako jarduerak irauten duen bitartean.

5. Gastu diruz lagungarriak.

Aurkeztu den heziketa- eta kirol-proiektuari dagozkion gastuak baino ez dira izanen, eta, zehazki, honako hauek:

A) Proiektua garatzeko behar diren enpresako langileen soldatak eta gizarte-segurantza:

  • Proiektuaren koordinatzaile bat.
  • Gorputz eta kirol jardueren monitoreak, eta jarduera osagarrien monitoreak.
  • Ostatuetako langileak, autobuseko gidaria eta bestelakoak.

B) Parte-hartzaileen ostatua eta mantenua. (Ikasleak eta irakasleak).

C) Parte-hartzaileen joan-etorriak jardueretara (ikasleak eta irakasleak), jarduerak egiten dituzten tokitik gaua igarotzen duten lekuraino, eta alderantziz.

D) Jarduerak egiteko beharrezkoa den kirol-material espezifikoa, aurten eskuratutakoa, jarduerak irauten duen denboraren proportzioan.

E) Kirol jardueren eta jarduera osagarri eta alternatiboen kostua.

F) Proiektua garatzeko behar diren beste gastu batzuk, jarduerak irauten duen denboraren proportzioan.

  • Istripuetako eta gizarte-erantzukizuneko aseguruak.
  • Ostatu-asegurua.
  • Jardueretan erabilitako ibilgailuen zergak.
  • Jardueretan erabilitako ibilgailuak aztertzea eta ikuskatzea.

G) Taxi bidezko joan-etorriak, ikasleen eta irakasleen osasun-egoerarekin loturik.

6. Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

6.1. Eskaerak aurkezteko epea 15 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

6.2. Dirulaguntzen eskaerak eta justifikazio-agiriak telematikoki aurkeztu beharko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoan deialdiari dagokion esteka erabiliz. Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko erregistro orokor elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da.

6.3. Dirulaguntzen eskaera eta hasierako dokumentazioa Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuari zuzenduko zaizkio, horretarako ezarritako eredu ofizialari jarraikiz. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.8 eta 66.6 artikuluetan xedatutakoari jarraikiz, ez dira aurkeztutzat hartuko laguntzen fitxan dagoen eredura egokitzen ez diren eskaerak, ez eta telematikoki eta aipatutako fitxaren bitartez aurkezten ez direnak ere. Horrenbestez, ez-aurkeztutzat jotzen direnez, eskaera horiek ezin izanen dira zuzendu.

Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.

7. Enpresek aurkeztu beharreko agiriak.

7.1. Laguntzak eskatzeko agiriak bereizita eta behar bezala identifikatuta aurkeztuko dira, zein bere izenarekin, ezarritako eranskinen arabera. Eranskin horiek eskura egonen dira deialdiaren estekan eta web-orri honetan: https://www.navarra.es/eu/kirola.

7.2. Eskaeran aurkeztu beharreko agiriak:

1. IV. eranskina.–Eskaera-orria.

2. Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrak eta Nafarroako Foru Ogasunak egindako ziurtagiriak, gehienez hilabeteko antzinatasuna dutenak, egiaztatzen dutenak entitateak egunean dituela Gizarte Segurantzarekiko eta Ogasunarekiko betebeharrak. Halere, ez da beharrezkoa izanen ziurtagiri horiek aurkeztea baldin eta entitateak berariaz ematen badio baimena Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuari zuzenean egiteko egiaztapen hori Nafarroako Gobernuaren Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuan eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusian, hurrenez hurren (IV. eranskinean dago baimena).

3. Heziketa- eta kirol-proiektua. V. eranskinean aurkibide bat dago, proiektuan sartu eta garatu behar diren puntuak dituena.

4. VI. eranskina.–Heziketa- eta kirol-proiektuaren diru-sarrera eta gastu guztien aurrekontua.

5. Hala badagokio, Merkataritzako eragiketen berankortasunaren aurka borrokatzeko neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitako ordainketa-epeak bete direla egiaztatzen duen dokumentazioa.

7.3. Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena, 16. oinarriaren arabera. Entitate onuradunek soilik aurkeztu behar dute, dirulaguntza eman zaiela jakinarazi eta hilabeteko epean. Telematikoki eginen da, tramiteen katalogoan gaitutako botoi baten bidez.

8. Eskaerako akatsak zuzentzea.

Aurkezten den dokumentazioa aski ez bada edo deialdian eskatzen diren betebeharrak betetzen ez baditu, erakunde eskatzaileari errekerimendua eginen zaio gaitutako helbide elektroniko bakarraren (GHEB) bidez, 10 egun balioduneko epean dokumentazioa osa dezan edo akatsak zuzen ditzan, eta ohartaraziko zaio ezen, hala egin ezean, bere eskaera ezetsi eginen dela, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluan ezarritakoarekin.

9. Antolaketa eta instrukzioa.

Laguntza hauek emateko prozeduraren antolaketarako eta instrukziorako unitate organiko eskuduna Kirola eta Jarduera Fisikoa Sustatzeko Zuzendariordetza izanen da, Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutukoa.

10. Dirulaguntzak emateko prozedura, balorazioa eta zenbatekoa.

10.1. Dirulaguntza hauek norgehiagokako araubideari jarraikiz emanen dira, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 17.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.

10.2. Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuak 125.000 euro bitarte bideratzen ahalko ditu proiektuak finantzatzeko, aurrekontu-baliabideen arabera. Ematen den dirulaguntza ezin da izan aurkezten den defizita baino handiagoa. Muga horiek kontuan harturik, ematen diren dirulaguntzak deialdi honen III. eranskinean azaltzen den baremoaren arabera finkatuko dira, eta Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuak 2025eko ekitaldirako daukan aurrekontuan horretarako kreditu aski eta egokia izatearen mende egonen dira.

Zenbateko hori honela banatuko da:

a) 75.000 euro, 2025eko Aurrekontu Orokorretako "Naturan jarduerak egiteko eskola kanpainak" izeneko A50002 A5100 4709 336100 aurrekontu-partidaren kargura.

b) 50.000 euro, Hezkuntzako zuzendari nagusiak martxoaren 19ko 110/2025 Ebazpenaren bidez baimenduak eta Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuaren eskura jarriak, Nafarroako 2025eko Aurrekontu Orokorretako "Naturan jarduerak egiteko eskola kanpainak" izeneko 420000-42000-4709-322G00 aurrekontu-partidaren kargura.

10.3. Kasuan kasuko dirulaguntza ematerakoan, alderatu eginen dira aurkeztutako eskaerak, horien artean lehentasuna ezartzeko, III. eranskinean zehazten den baremoari jarraituz. Puntuazio handiena lortu duen enpresari dirulaguntzaren zenbateko osoa esleituko zaio. Eragiketa hori egindakoan eskura dagoen kreditua agorturik ez badago, bigarren puntuaziorik handiena lortu duen enpresari esleituko zaio gelditzen den saldoa, ezarritako hurrenkerari jarraituz. Eragiketa hori gainerako enpresa eskatzaileekin errepika daiteke, aurrekontuko kreditua agortu arte.

Esleitu beharreko zenbatekoan, jarduerak sortutako defizita izanen da muga.

11. Ebazpenak.

11.1. Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emanen du dirulaguntza esleitzeko behar den ebazpena. Interesdunei beranduenez 90 egun naturaleko epean jakinaraziko zaie, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

11.2. Ezarritako epean ebazpen berariazkorik jakinarazten ez bada, eskaerak ezetsitzat hartuko dira.

11.3. Dirulaguntza emateko ebazpenean dirulaguntzaren xedeak, zenbatekoa eta ordaintzeko modua agertuko dira. Halaber, gainerako eskaeren ezespena adierazi beharko da berariaz, halakorik bada.

11.4. Deialdi honetan onartzen diren proiektuetarako dirulaguntzak bateragarriak izanen dira helburu bererako administrazio berak, beste administrazio publiko batzuek, beste entitate publiko edo pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, ematen dituzten bestelako laguntza edo baliabideekin, are erabiltzaileen ekarpen edo kuotetatik heldu diren baliabideekin ere. Nolanahi ere, beste horien zenbatekoa, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen da inola ere izan eginen den jardueraren kostua baino handiagoa.

11.5. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 14.r) artikuluan ezarritakoa bete beharrez, deialdi honetan emandako dirulaguntzak eta haien onuradunen zerrenda Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuko eta Kirolaren Etxeko iragarki-tauletan jarriko dira.

12. Frogagiriak eta proiektuaren memoria.

12.1. Proiektuaren frogagiriak proiektua amaitzen denetik 2025eko irailaren 1era arte (egun hori barne) aurkeztuko dira:

1. VII. eranskina.–Proiektuak sortutako diru-sarrerak eta gastuak jasotzen dituen emaitzen kontua.

2. VIII. eranskina.–Gastuak justifikatzeko kontua:

a) Jarduera dela eta, edozein administrazio publikok, entitate pribatuk edo partikularrek egindako diru-sarrera guztien zerrenda, zenbakiduna eta zehatza. Parte-hartzaileek kuota bat ordaindu behar badute, diru-sarrera horiek zehaztu eta justifikatuko dira.

b) Diruz lagundutako jarduerengatik ordaindutako gastu guztiak (ez bakarrik kontzeptu diruz lagungarriak) dakartzaten fakturen eta frogagirien zerrenda zenbakidun eta zehatza. Honako hauek sartuko dira: hartzekoduna, fakturaren/frogagiriaren zenbakia eta data, kontzeptua, zenbatekoa eta ordainketaren eguna (VII. eranskina). Euskarri informatikoan ere aurkeztu behar da.

3. Ordaindutako fakturen fotokopiak, emandako dirulaguntzaren zenbateko osoa adinakoak. Aurkeztutako zerrendan dagokion zenbakia adieraziko da kopian, eta ordainketaren frogagiriak erantsiko dira. Honako hauek izaten ahal dira: bankuko ordainagiriak; hornitzaileak sinatutako eta zigilatutako fakturak, "ordaindua" zigilua dakartela; fakturari erantsitako erosketa tiketa; edo beste edozein agiri, dagokion faktura ordaindu dela frogatzen duena.

4. IX. eranskina.–Beste dirulaguntza edo baliabide batzuk justifikatzeko inprimakia.

5. X. eranskina.–Azpikontratazioari buruzko inprimakia.

6. XI. eranskina.–Hornitzaileen hautaketa justifikatzeko inprimakia.

7. Heziketa- eta kirol-proiektuaren memoria teknikoa.

1.–Edukiak:

–Egindako jarduerak, noiz egin diren zehaztuta.

–Parte-hartzearen gaineko datuak: Parte-hartzearen gaineko datuen taula, honako hauek zehaztuta: astea/ikastetxeak/parte-hartzaileak ikastetxeen arabera (sexuaren arabera banatuta)/parte-hartzaile guztiak (ikasleak eta irakasleak).

2.–Balorazio teknikoa.

2.1. Talde bakoitzaren ebaluazioaren emaitzak garraioari, jarduerei, monitoreei, materialari eta ostatuari (jatekoa, garbiketa, gela, tratu pertsonala) dagokienez, ebaluazio txantiloietan oinarrituta.

2.2. Hobetu beharrekoak.

3.–Publizitate betebeharrak bete izanaren frogak, esaterako, fotokopiak, argazkiak, etab., 15.11 oinarriaren arabera.

12.2. Aurkezten den dokumentazioa aski ez bada edo deialdian eskatzen diren betebeharrak betetzen ez baditu, entitate eskatzaileari errekerimendua eginen zaio gaitutako helbide elektronikoaren bidez, 10 egun balioduneko epean dokumentazioa osa dezan edo akatsak zuzen ditzan, eta ohartaraziko zaio ezen, hala egin ezean, bere eskaera ezetsi eginen dela, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluan ezarritakoarekin.

13. Dirulaguntzaren ordainketa.

Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpen baten bidez erabakiko da dirulaguntza ordaintzea, diruz laguntzen den jarduera egin ondoren, eta behin onuradunak 12. oinarrian adierazitako frogagiriak aurkeztutakoan; transferentzia bidez ordainduko da hiru hilabeteko epean, kasuan kasuko ebazpena argitaratzen denetik hasita. Kasu guztietan, ebazpen hori 2025eko ekitaldiaren barnean eman eta jakinaraziko da.

14. Jarraipena eta kontrola.

Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuak izanen du, Kirola Sustatzeko Ataleko teknikarien bitartez, proiektuaren jarraipena egiteko eta gauzatutako alderdi guztiak eta finkatutako helburuak noraino bete diren ikuskatzeko eta ebaluatzeko ardura.

15. Betebeharrak.

15.1. Dirulaguntzen onuradunek adierazten zaizkien xedeetarako erabili beharko dituzte laguntzak. Horrez gainera, haien aplikazioa agiri bidez frogatu beharko dute, eta Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuak egiten dituen egiaztapenak onartu eta erraztu.

15.2. Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabiderik lortuz gero, onuradunek horren berri eman beharko dute. Informazio hori jakin bezain laster emanen da, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

15.3. Dirulaguntzen onuradunek egunean izan beharko dituzte Nafarroako Ogasun Publikoarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako gainerako betebeharrak ere bete beharko dituzte (eskaeraren IV. eranskinean adieraziko da).

15.4. Onuradunek adierazi beharko dute ez direla zehapen administratibo irmorik edo kondena-epai irmorik betetzen ari, edo, edonola ere, ez daudela zehapen- eta kondena-epai bat bete zain, sexuan edo generoan oinarritutako diskriminazioa dakarten lan arloko jardunbideak gauzatu edo toleratzeagatik (eskaeraren IV. eranskinean adieraziko da).

15.5. Onuradunek adierazi beharko dute betetzen dituztela Haurrak eta nerabeak indarkeriaren aurrean babesteari buruzko ekainaren 4ko 8/2021 Lege Organikoaren 48. artikuluan ezarritako betekizunak (eskaeraren IV. eranskinean adieraziko da).

48. artikulua.

1. Adingabeekin kirol- edo aisia-jarduerak egin ohi dituzten entitateek betebehar hauek dituzte:

a) Administrazio publikoek kirolaren eta aisiaren eremuan ezarritako jarduketa protokoloak aplikatzea (Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuaren jarduketa protokoloa).

b) Monitorizazio-sistema bat ezartzea, bermatzeko betetzen direla adingabeen babeserako protokolo horiek.

c) Babes-ordezkaria izendatzea, harengana jo dezaten adingabeek beren kezkak adierazteko; hura arduratuko da ezarritako protokoloak hedatzeaz eta betearazteaz, bai eta behar diren komunikazioak abiarazteaz ere, haurren edo nerabeen aurkako indarkeria-egoera bat detektatu den kasuetan.

d) Behar diren neurriak hartzea kirola, jarduera fisikoa, kultura edo aisialdia ez dadin izan bazterkeria-une bat, dela adinagatik, arrazagatik, desgaitasunagatik, sexu-orientazioagatik, sexu-identitateagatik edo genero-adierazpenagatik, dela beste edozein inguruabar pertsonal edo sozialengatik. Horretarako, lan egin behar da haurrekin eta nerabeekin beraiekin, bai eta haien familiekin eta profesionalekin ere, irain eta adierazpen umiliagarri eta diskriminatzaileen erabilera arbuiatzeko.

e) Halaber, haurrek eta nerabeek beren prestakuntzaren eta garapen integralaren alderdi guztietan aktiboki parte har dezaten sustatuko da.

f) Harremanak eta komunikazioa sustatzea eta indartzea kirol-erakundeen eta gurasoen (edo tutoretza-, zaintza- edo harrera-eginkizunak betetzen dituztenen) artean.

2. Orobat, entitate horietan lan egiten duten pertsonek, 5. artikuluan aipatutako prestakuntzaz gain, prestakuntza espezifikoa jaso beharko dute desgaitasuna duten haur eta nerabeen gaitasunei eta ahalmenei behar bezala erantzuteko, haien kirol inklusiboa sustatu eta garatzeari begira.

15.6. Kirol proiektuaren memorian eta deskribapenean hizkuntza inklusiboa erabiliko da, eta egindako jardueren onuradunen edo erabiltzaileen datu estatistikoak sexuaren arabera bereizita emanen dira.

15.7. Onuradunek erabiltzen diren kirol instalazioen urteko segurtasun-aktak eduki beharko dituzte (proiektua zer urtetan gauzatzen den, urte horretakoak).

15.8. Proiektua gauzatzeko erabiltzen diren kirol instalazio guztiek apirilaren 20ko 38/2009 Foru Dekretua bete beharko dute, kirol instalazio eta ekipamenduen oinarrizko baldintzak eta segurtasun-neurriak arautzen dituena.

15.9. Begiratuko da Nafarroako Hondakinen 2017-2027 Plana betetzen dela, baita Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzko ekainaren 18ko 14/2018 Foru Legea ere.

Zehazki, neurriak hartuko dira hondakinik ez sortzeko (ahalik eta paper gutxien erabiltzea, ahal den guztietan txorrotako ura erabiltzea, erabilera bakarreko ontziak eta produktuak alde batera uztea, etab.), bai eta behar diren neurriak ere hondakinak bereiziko direla bermatzeko ere, horiek birziklatze aldera (gai organikoak, ontziak eta materialak, papera eta kartoia eta gainerakoa, gutxienez), proiektua zein udaletan garatzen den, hango hondakin-kudeaketarekin bat.

Ezin izanen da plastikozko poltsarik erabili, salbu eta plastiko konpostagarrizko poltsak badira, 13432:2001 UNE-EN arauan edo horren baliokidea den beste arau batean ezarritako betebeharrak betetzen dituztenak. Poltsa horiek ezin izanen dira doan eman edo banatu.

Halaber, ez da plastikozko plater, edalontzi, kikara edo erretilurik erabiliko, betiere erabili eta botatzekoak badira eta Ontziei eta ontzien hondakinei buruzko 94/62/EE Zuzentarauaren aplikazio eremuan sartzen ez badira (salbuespena izanen dira material biodegradagarriz eginikoak); banakako dosietan ontziratutako produkturik eta erabilera bakarreko kapsularik ere ez, prozesu organiko edo mekanikoen bidez birziklatu ezin badira.

15.10. Egiaztapen eta kontrol lanak egoki egiten direla bermatzeko, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak behar bezala ikuskaturik eduki beharko dituzte, indarra duten legeetan xedatutakoarekin bat.

15.11. Onuradunek Nafarroako Gobernuaren ikur ofiziala edo xedatzen den beste bat erabili beharko dute dirulaguntzaren xede diren jardueren publizitatean eta zabalkundean, betiere bete beharrez Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen dituen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretua.

15.12. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritako kasuetan, hartutako dirulaguntzak itzultzea.

15.13. Hala badagokio, hornitzaileak efizientzia eta ekonomia irizpideen arabera eta merkatuko prezioetan kontratatu direla frogatzea, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.3 artikuluarekin.

15.14. Dirulaguntzei buruzko Foru Legeak dirulaguntzen onuradunei ezartzen dizkien gainerako betebeharrak.

16. Gardentasun betebeharrak.

Enpresa onuradunek telematika bidez aurkeztuko dute dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena, eta, behartuta badaude, eskatutako dokumentazioa aurkeztuko dute, dirulaguntza eman zaiela jakinarazten zaienetik hilabeteko epean, maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3. artikuluen ezarritakoari jarraituz, foru lege horren bidez arautzen baitira Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak.

17. Azpikontratazioa eta entitate hornitzaileen kontratazioa.

17.1. Azpikontratazioa.

Deialdi honetan aurreikusitako ondorioetarako, bidezkoa da azpikontratazioa egitea, alegia, hirugarrenekin hitzartzea haiek gauzatu dezatela, osorik edo zati batean, dirulaguntzaren xede den jarduera. Entitate onuradunak berak egiten badu diruz lagundutako jarduera, horretarako behar diren gastuen kontratazioa kontzeptu honetatik kanpo geldituko da.

Enpresek, gehienez ere, diruz lagundutako jardueraren zenbatekoaren %50 azpikontrata dezakete. Hirugarrenekin hitzartutako jarduerak dirulaguntzaren zenbatekoaren %20 gainditzen badu eta zenbateko hori 60.000 eurotik gorakoa bada, idatzizko kontratuaren bidez egin beharko da azpikontratazioa.

17.2. Entitate hornitzaileen kontratazioa.

Dirulaguntzei buruzko Legearen 28.3 artikuluan xedatutakoaren arabera, ekipo ondasunen horniduren kasuan edo aholkularitza edo laguntza enpresek egindako zerbitzuen kasuan, dirulaguntzaren xede den gastuaren zenbatekoa 12.000 eurotik goitikoa bada, onuradunak frogatu beharko du hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu dela, salbu eta, dirulaguntzaren xede diren gastuen ezaugarrien berezitasuna dela-eta, merkatuan ez badago hornidura edo zerbitzu hori emateko behar adina entitate.

18. Ez-betetzeak.

18.1. Deialdi honen arauetan ezarri dena ez betetzeak, gezurrezko datuak emateak edo Nafarroako Kirolaren eta Jarduera fisikoaren Institutuaren baimenik gabe dirulaguntzaren helburuak aldatzeak dirulaguntza galtzea ekarriko du berekin, eta jasotako dirua itzuli beharra, eta hurrengo eta helburu bereko edo bertsuko dirulaguntza eskaerak ez onartzea ere izan dezake ondorio, legeek agintzen dituzten beste erantzukizunak galarazi gabe.

18.2. Era berean, onuradunak betebeharrak ia osorik bete dituenean eta zalantzarik gabe bere konpromisoak betetzeko jarrera frogatzen duenean, itzuli beharreko dirua proportzionaltasun-printzipioari jarraituz zehaztuko da.

19. Bitarteko elektronikoen bidezko harremanak.

19.1. Laguntzen eskaera eta erantsi beharreko dokumentazio guztia telematika bidez aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren erregistro orokor elektronikoan, laguntzen fitxaren bidez, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoaren barnean.

19.2. Deialdi honen prozeduran egiten diren komunikazioak, errekerimenduak eta jakinarazpenak telematikoki eginen dira, gaitutako helbide elektroniko bakarraren (GEHB) bidez.

20. Datu pertsonalen babesa.

Honako hauekin bat tratatuko dira deialdi hau tramitatzearen eta kudeatzearen ondorioz biltzen diren datu pertsonalak: Datuak Babesteko 2016/679 (EB) Erregelamendu Orokorra, Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa eta arlo horretan indarrean dagoen gainerako araudia.

Deialdi honen IV. eranskinean informazioa eskaintzen da datu pertsonalen tratamenduari aplikatzen zaion datuak babesteko politikari buruz.

21. Errekurtsoak.

Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluekin. Era berean, deialdi hau onesten duen foru agindua aplikatzearen ondorioz Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak ezartzen dituen ebazpenen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Kultura eta Kiroleko kontseilariari zuzendua, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

22. Aplikatzekoa den legedia.

Foru agindu honetan ezarrita ez dagoen guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

II. ERANSKINA.–PROIEKTUEN EZAUGARRIAK

1. Alderdi orokorrak.

Naturan jarduerak egiteko heziketa- eta kirol-proiektuek honako alderdi orokor hauek izan behar dituzte oinarri:

–Parte-hartzaileak: DBHko 3. eta 4. mailako ikasleak, Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeetakoak, hezkuntza-premia bereziak dituztenak barne, ikastetxeko irakasleek lagundurik beti, 5.4 atalaren araberako ratioarekin.

–Tokia: Nafarroako Foru Komunitatea.

–Proiektuaren iraupena, guztira: 2024-2025 ikasturtean eskainiko da, Aste Santuko oporrak kenduta.

–Eskainitako jardueren iraupena: 3 egun. Astelehenetik asteazkenera edo asteazkenetik ostiralera. Lehenbiziko bi egunetan goizez eta arratsaldez, eta azkeneko egunean goizez.

–Ostatua eta mantenua: 1. egunean: afaria eta gaua pasatzea; 2. egunean: gosaria, bazkaria, afaria eta gaua pasatzea; eta 3. egunean: gosaria eta bazkaria (azken hori, ikastetxeak nahi badu).

2. Edukiak.

Heziketa- eta kirol-proiektuan hiru jarduera mota izanen dira, eta honela garatuko:

a) Kirol jarduerak: nahitaezkoa izanen da jarduera guztiak naturan eta naturarekin kontaktua izanik garatzea, beharrezkoak diren segurtasun neurriak hartuta eta jarduera bakoitzak behar dituen baliabide materialekin, giza baliabideekin eta azpiegiturekin. Goizeko eta/edo arratsaldeko ordutegian eginen dira.

b) Jarduera osagarriak: atal honetan sartzen diren jarduera guztiek heziketaren ikuspegia izanen dute eta kirol jardueren osagarri izanen dira. Ingurumenaren aldeko sentsibilizazioa eta ingurunearen eta bertako tradizioen ezagutza landuko dira jarduera horietan.

c) Jarduera alternatiboak: jarduera hauek eginen dira, soil-soilik, eguraldi txarra dagoenean edo suertatzen diren beste arrazoi batzuen ondorioz kirol jarduerak eta jarduera osagarriak ezin badira baldintza onetan egin segurtasunaren eta garapenaren aldetik.

3. Segurtasuna instalazioetan eta jardueretan.

3.1. Eskainitako egonaldi- eta ostatu-instalazioak honako modalitate hauetakoren batean sailkatuta egon beharko dira:

1. Aterpetxeak edo turismo-instalazioak, ofizialki aitortuta daudenak abenduaren 5eko 140/2005 Foru Dekretuan, zeinaren bidez onesten baita aterpetxe turistikoen antolamenduaren erregelamendua, eta Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismoko kontseilariaren ekainaren 18ko 190/2004 Foru Aginduan, zeinaren bidez ezartzen baita Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatzeko prozedura.

2. Udal titulartasuneko aterpetxeak edo instalazioak, haur eta gazte taldeei ostatu emateko direnak. Hori frogatzeko, instalazioaren titularra den udalaren idazkia edo komunikazioa beharko da, zehazten duena haur eta gazte taldeei ostatu emateko nahitaezko eta beharrezko bizigarritasun baldintza guztiak betetzen direla.

3. Instalazio pribatuak, jarduerarako udal lizentzia dutenak haur eta gazte taldeen egonaldirako eta ostaturako.

3.2. Uretako jardueren kasuan, parte-hartzaileek ezinbestekoa eta nahitaezkoa izanen dute igerian jakitea. Antolatzaileek ez diete baimenik emanen uretako jarduerak egiteko igerian ez dakitenei. Gainera, beharrezko eta berariazko neurriak hartuko dituzte hori kontrolatzeko.

3.3. Uretan egiten diren jarduera guztietan nahitaezkoa izanen da salbamendu-txalekoa eramatea.

3.4. Nahitaezkoa izanen da larrialdi kasuetan jarduteko protokolo bat izatea, Barne Zuzendaritza Nagusiko Babes Zibilerako Zerbitzuarekin koordinatuta.

3.5. Nahitaezkoa izanen da osasun-arretako eta ebakuazioko plan bat izatea.

4. Giza baliabideak eta prestakuntzakoak.

4.1. Honako langile hauek dira heziketa- eta kirol-proiektua egiteaz arduratuko direnak:

  • Koordinatzaile bat, proiektua antolatzeaz, kontrolatzeaz eta gauzatzeaz arduratuko dena.
  • Naturako jardueretako monitoreak.
  • Jarduera osagarrietako monitoreak, prestakuntza dutenak.

4.2. Kirol jarduerak egiteaz arduratzen diren monitore guztiek berariazko titulazioa izan behar dute emandako modalitatean kirol-monitore jarduteko, Nafarroan kirol-lanbidean hasteari eta jarduteari buruzko apirilaren 4ko 18/2019 Foru Legearen arabera, bai eta lehen sorospenetako titulazioa ere, ekainaren 15eko 63/2022 Foru Dekretuaren arabera (foru dekretu horren bidez, Nafarroan kirol-arloko lanbideetan aritzeko lehen sorospenetako hasierako prestakuntza egiaztatzea arautu zen).

4.3. Parte-hartzaileen talde bakoitzeko monitore-ratioa ezartzeko, kontuan hartuko da zer jarduera eginen den, non eginen den eta zer arrisku duen.

4.4. Proiektua gauzatu bitartean eginkizun batean edo bestean aritzen diren proiektuko langileek ez dute inolako lan-kontratu harremanik izanen Nafarroako Gobernuarekin.

5. Parte-hartzaileak.

5.1. Proiektuak Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publikoei, pribatuei eta itunduei zuzenduta daude. Parte-hartzaileak DBHko 3. eta 4. mailako ikasleak izanen dira, Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeetakoak, hezkuntza premia bereziak dituztenak barne, eta ezin izanen da kirol praktikarako gaitasunetan oinarritutako murrizketarik egin.

5.2. Deialdiaren xede nagusia kontuan hartuta, ezin izanen da ikaslerik baztertu hautapen prozesuen ondorioz. Hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleei proiektuan parte hartzeko aukera eman beharko zaie, hezkuntza sistema normalizatuan integratu daitezen. Hori betetzen ez bada, dirulaguntza galduko da.

5.3. Talde guztiek ikastetxeko irakasleak izanen dituzte lagun, eta irakasle horiek taldeak antolatzen lagunduko dute hori behar den jardueretan eta ostatu lekuetan. Otorduetan lagunduko dute, eta gauetan ordena eta ordutegiak betearazteaz arduratuko dira. Halaber, edozein arrazoirengatik programatu gabeko joan-etorriren bat egin behar duten ikasleei lagunduko diete, baita programaturiko jarduera guztietan ere.

5.4. Honako hau da irakasleen ratioa, proiektuan parte hartzen duten ikasle arrunten kopuruaren arabera:

TALDEA

GUTXIENEKOA

GEHIENEKOA

15 arte

1

2

16 eta 30 bitarte

2

3

30 eta 50 bitarte

3

4

50 baino gehiago

4

6

Hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleen kasuan, taldearen beharren eta ezaugarrien arabera ezarriko da ratioa.

6. Ostatua.

Parte-hartzaile guztiek, hala ikasleek nola irakasleek, jarduera lekutik ahalik eta hurbilen hartu behar dute ostatu; gehienez ere 30 km-ra.

7. Baliabide materialak eta azpiegiturak.

7.1. Enpresa onuradunek parte-hartzaile bakoitzaren esku jarri beharko dute heziketa- eta kirol-proiektuaren barnean egin beharreko jarduera bakoitzean aritzeko behar den material espezifiko guztia.

7.2. Material guztia behar bezala erabiltzeko moduan egonen da, eta onuradunen ardura izanen da hura konpondu edo ordeztea.

8. Baimenak.

Deialdi honetako enpresa onuradunek bermatu behar dute legezko betebeharrak konplitzen direla heziketa- eta kirol-proiektuko jarduera guztiak egiteko baimenei dagokienez.

9. Laguntza teknikoa.

Enpresa onuradunak beste enpresa batzuekin lankidetzan aritzen ahalko dira zerbitzuetako edozein egiteko: ostatua, mantenua, garraioa, lurreko eta uretako kirol jarduerak egitea, aisialdiko jarduerak, etab., I. eranskineko 17. oinarriarekin bat.

10. Osasun laguntza.

Enpresa onuradunek parte-hartzaile guztientzako istripu aseguru bat kontratatu beharko dute. Horretaz gain, erantzukizun zibileko asegurua izan behar dute.

III. ERANSKINA.–BAREMOA. BALORAZIO IRIZPIDEAK

Deialdi honetaz baliatu nahi duten enpresek aurkeztutako eskaerak barematzeko balorazio irizpideak honako honetan oinarritzen dira:

1. Edukiak:

  • Naturarekin kontaktuan dauden kirol jarduerak: 10 puntu jarduera bakoitzeko.
  • Kirol jarduera alternatiboak: 10 puntu jarduera bakoitzeko:
  • Jarduera osagarriak:
    • Naturarekin kontaktuan: 10 puntu jarduera bakoitzeko:
    • Barrualdeetan: 5 puntu jarduera bakoitzeko:

2. Antolaketa:

Monitoreen ratioa talde/jarduera bakoitzeko:

  • 1 monitore / 5 parte-hartzaile = 20 puntu.
  • 1 monitore / 7 parte-hartzaile = 15 puntu.
  • 1 monitore / 9 parte-hartzaile = 10 puntu.
  • 1 monitore / 10 parte-hartzaile edo gehiago = 5 puntu.

3. Izena eman duten parte-hartzaileen kopurua:

  • 500 arte: 5 puntu.
  • 501 eta 799 bitarte: 10 puntu.
  • 800 eta 1099 bitarte: 15 puntu.
  • 1100 eta 1399 bitarte: 20 puntu.
  • 1400 eta 1699 bitarte: 25 puntu.
  • 1700 eta 1999 bitarte: 30 puntu.
  • 2000 baino gehiago: 35 puntu.

4. Giza baliabideak:

  • Proiektuaren koordinatzaileak enpresan duen lan-esperientzia. 15 puntu, gehienez. 1 puntu urte bakoitzeko.
  • Ematen dituen jardueretan monitore bakoitzak duen lan-esperientzia. 15 puntu gehienez monitore bakoitzeko. 1 puntu esperientzia-urte bakoitzeko.
  • Monitore bakoitzaren titulazio osagarria, egiten dituen jarduerekin loturik: 15 puntu gehienez monitore bakoitzeko. 1 puntu titulazio osagarri bakoitzeko.

5. Segurtasuna:

  • Eskainitako jardueretan kanpoko enpresek egindako urteko segurtasun-ikuskapenaren ziurtagiriak. 5 puntu ikuskapen bakoitzeko.

6. Proiektuaren iraupena (3 eguneko txandak):

  • 25 txandatik 30 txandara arte: 30 puntu.
  • 20 txandatik 25 txandara arte: 25 puntu.
  • 15 txandatik 20 txandara arte: 20 puntu.
  • 10 txandatik 15 txandara arte: 15 puntu.
  • 5 eta 10 txanda bitarte: 10 puntu.
  • 5 txanda baino gutxiago: 0 puntu.

7. Parte-hartzaileen ostatura dagoen distantzia (ostatutik urrunen dagoen jarduera hartuko da erreferentziatzat):

  • Jardueratik 0-9 km-ra: 20 puntu.
  • Jardueratik 10-14 km-ra: 15 puntu.
  • Jardueratik 15-20 km-ra: 10.
  • Jardueratik 21-30 km-ra: 5 puntu.

8. Aukera berdintasuna: genero ikuspegia:

Emakumeen eta gizonen arteko ekitatea, proiektuko monitore kopuruari dagokionez. Ulertuko da presentzia orekatua dela baldin eta kasu batean edo bestean proportzioa ez bada %60tik gorakoa eta %40tik beherakoa. Bai: 5 puntu. Ez: 0 puntu.

9. Aukera berdintasuna: irisgarritasuna.

  • Desgaitasuna duten pertsonei egokitutako jardueren zerrenda: 5 puntu desgaitasuna duten pertsonentzat irisgarria den jarduera bakoitzeko.
  • Desgaitasuna duten pertsonei egokitutako instalazioen zerrenda: 5 puntu instalazio bakoitzeko.

Iragarkiaren kodea: F2505318