Iragarkia
92. ALDIZKARIA - 2025eko maiatzaren 12a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
47E/2025 FORU AGINDUA, apirilaren 23koa, Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilariak emana, "Irabazi-asmorik gabeko gizarte entitateendako 2025erako laguntzak, euskara sustatzeko" izeneko dirulaguntzen deialdia onesteko. Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren identifikazioa: 828503.
Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legeak Nafarroako administrazio publikoak premiatzen ditu euskararen presentzia sustatzera gizarteko eremu guztietan, euskara jakiteko eta erabiltzeko eskubidea bermatzeko, baita eskubide hori benetako bihurtzeko tresnak zehaztera ere.
Legezko betebehar hori gauzatzeko, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuaren eginkizunak dira, besteak beste, bizitza sozialaren zernahi esparrutan euskara agertzeko eta erabiltzeko sentsibilizazio programak gauzatzea, eta entitate publiko eta pribatuekin elkarlanean aritzea helburu hori lortzeko, Erakunde Autonomo horren Estatutuak onesten dituen azaroaren 15eko 240/2023 Foru Dekretuan ezarritakoaren arabera.
Horrenbestez, bidezkotzat jotzen da "Irabazi-asmorik gabeko gizarte entitateendako 2025erako laguntzak, euskara sustatzeko" deialdia onestea, laguntzak norgehiagoka emateko prozeduraren bidez.
Hortaz, Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 239/2023 Foru Dekretuaren bidez eman dizkidaten eskumenak erabiliz,
AGINTZEN DUT:
1. "Irabazi-asmorik gabeko gizarte entitateendako 2025erako laguntzak, euskara sustatzeko" izeneko deialdia onestea.
2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Foru agindu honen I. eranskinean jaso dira.
3. 805.000 euroko gastua baimentzea, deialdi honetatik eratorritako konpromisoei aurre egiteko, 2025eko Nafarroako Aurrekontu Orokorretako B30002 B3200 4819 334100 "Irabazi-asmorik gabeko gizarte entitateendako laguntzak, euskara sustatzeko" partidaren kargura.
4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Foru agindu hau eta eranskinak igortzea Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuko Kontu-hartzailetza Delegatura, departamentu horretako Idazkaritza Tekniko Nagusira eta Kudeaketa Ekonomikoaren Atalera, Euskarabideko Euskara Sustatzeko Atalera eta Gai Administratiboak, Langileria eta Azpiegiturak Kudeatzeko Atalera, eta Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera, bidezko ondorioak izan ditzaten.
6. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.
Iruñean, 2025eko apirilaren 23an.–Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilaria, Ana Ollo Hualde.
I. ERANSKINA.–IRABAZI ASMORIK GABEKO ENTITATEEI 2025EAN LAGUNTZAK EMATEKO DEIALDIA, EUSKARAREN ETA HAREN PRESENTZIA SOZIALA SUSTATU DITZATEN
1.–Xedea eta helburua.
Deialdi honen xedea da publikoak ez diren irabazi-asmorik gabeko entitateei laguntzea, euskararen gaineko sentsibilizazioa lantzea edo gizartearen hainbat esparrutan erabilera sustatu eta erraztea helburu duten programak eta jarduerak finantza ditzaten Nafarroan (2024ko urriaren 1etik 2025eko irailen 30era bitarte egindakoak, bi egun horiek barne).
2.–Pertsona edo entitate onuradunek bete beharreko baldintzak.
Deialdi honetan aurreikusitako laguntzak eskatzen ahalko dituzte Nafarroan helbideraturik dauden irabazi-asmorik gabeko entitateek, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluan adierazitako baldintzak betetzen badituzte eta dirulaguntzaren xedeko jarduerak Foru Komunitatearen barrenean egiten badituzte. Halaber, deialdi honetan parte hartu ahal izanen dute, egoitza soziala Nafarroatik kanpo izan arren, Nafarroan eta bertako herritarrei zuzendutako programak egiten dituzten irabazi-asmorik gabeko elkarteek.
Deialdi honetan aurkeztu eta laguntzak jaso nahi dituzten fundazioek, laguntzak jaso ahal izateko, dagokien Babesletzari kontuak aurkeztu beharko dizkiote, Nafarroako Fundazioei buruzko ekainaren 30eko 13/2021 Foru Legearen 49. artikuluarekin bat.
3.–Aurrekontuetako egozpena.
3.1. Dirulaguntzak honako partida honen kargura egotziko dira: Nafarroako Gobernuko 2025eko gastu aurrekontuko B30002 B3200 4819 334100 "Irabazi-asmorik gabeko gizarte entitateendako laguntzak, euskara sustatzeko". Partida horrek 805.000 euro ditu esleituta.
3.2. Balorazio batzordeak laguntzen zenbatekoa zehaztuko du lortutako puntuazioan oinarrituta. Puntuazio hori bederatzigarren oinarrian zehaztutako irizpideak aplikatuz lortuko da, eta deialdi honi esleitutako zenbateko guztia agortu arte banatuko da.
4.–Jarduera diruz lagungarriak.
4.1. Deialdi honetan, lehentasuna emanen zaie euskararen presentzia eta erabilera areagotzen laguntzen duten jarduerei eta programei, gehienbat nerabeei eta gazteei zuzendutakoei.
Jarduera hauek lagunduko dira diruz:
a) Euskararen erabilera sozialarekin eta euskarazko ahozko komunikazioa hobetzearekin zuzenean lotutako jarduerak. Besteak beste, hauek izango dira publikoari zuzendutako euskarazko jarduerak: prestakuntza tailerrak, antzerki emanaldiak, liburuen aurkezpenak, hitzaldiak, konferentziak, mahai-inguruak, bertsolaritza emanaldiak, euskarazko pelikulen proiekzioak, etab.
b) Kontzientziazio eta sentsibilizazio jarduerak, hala nola:
–Euskararen erabilera sustatzen duten efemerideak edo bestelako ekimenak ospatzea, lotuta daudenak euskararekin, kulturarekin, tradizioekin, hizkuntzaren historiarekin edo euskararen garapenean garrantzia izan duten pertsonaiekin.
–Euskararen aldeko mezu positiboak zabaltzen dituzten kanpainak.
c) Tokian tokiko euskararen ondarea (abestiak, ipuinak, tradizioak, bertsoak, euskalkiak...) bildu, babestu eta aktibatzeko programak, jendartean erabil dadin.
d) Haur eta gazte taldeetan aritzen diren monitore, hezitzaile eta entrenatzaileendako trebakuntza jarduerak eta baliabideak (hizkera berezitua, materialak), batez ere euskararen ahozko erabilera dinamizatzeko estrategiei begira, gazteen hizkuntza gaitasuna sendotzeko zenbait esparrutan (aisialdia, kirola, kultura, denbora librea…).
e) Euskararen erabilera edozein egoeratan normalizatzeko jarduketak, horretarako erabiliz kanpainak, materialak, bideoak nahiz bideojokoak.
f) Bertsolaritzan trebatzeko jarduerak, jendeari oro har zuzendutakoak, betiere 8 ikasle baino gehiagoko taldeak badira eta ikastetxeetako guraso elkarteek antolatutako jarduerak ez badira.
g) Elkarteetako aldizkari ez-profesionalak, euskararen normalizazioa helburu nagusi dutenak.
Salbuespen gisa, gaztelaniaz egiten diren jarduerak lagunduko dira diruz. Kasu horietan, euskararen normalizazioa sustatu beharko dute (adibidez, euskal toponimiari buruzko hitzaldiak) euskaldunak %10 baino gutxiago diren eremuetan.
Jarduera guztietan genero berdintasuna sustatuko da; esate baterako, edukien diseinuan eta garapenean, jardueren hedapena egiteko euskarri grafikoetan, hizkera ez-sexistaren erabileran eta parte-hartzaileen parekotasunean.
4.2. Honako hauek deialdi honetatik kanpo gelditzen dira:
a) 4.1.a puntuan adierazitako jardueren aurreko prestaketa eta koordinazio lanak.
b) Nafarroako Gobernuaren beste departamentu edo unitate batzuei dagozkien edo haien eskumenekoak diren jarduerak edo ekintzak. Orobat, euskararen presentziarik ez dutenak diseinuan, publizitatean nahiz lotutako euskarrietako edozeinetan.
c) Eskolaz kanpoko jarduerak, guraso elkarteek antolatutako aisialdiko jarduerak, eta Hezkuntza Departamentuaren eskumeneko ikastetxeetan egiten direnak.
d) Beste jarduera batzuk, besteak beste, kanpalekuak, txangoak, bazkariak, artisautza azokak, dantzaldiak, ikuskizunak eta kirol lehiaketak, etab., ez badute harreman zuzenik deialdiaren xedeekin.
e) Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuaren eskumenekoak diren jarduerak.
f) Musika kontzertuak.
g) Euskara sustatzeko programetan sartutako jarduerak izanda ere, euskararen erabilerarekin zuzeneko lotura ez dutenak.
h) Liburuen edo web-orrien itzulpenak.
i) Liburuen edizioak.
j) Eremu euskalduneko eta mistoko herrietako festetako jarduerak.
k) Elkarteen barne koordinazioko jarduerak (elkartekideei zuzendutakoak).
l) Genero-berdintasuna bermatzen ez duten jarduerak eta programak.
5.–Gastu diruz lagungarriak.
5.1. Zuzeneko gastuak.
Zuzeneko gastu diruz lagungarriak dira behar-beharrezkoak direnak, dirulaguntzaren xedeko jarduerarekin zalantzarik gabeko lotura dutenak eta diruz lagungarria den proiektu nahiz jarduera egiteko epea amaitu baino lehen egiten direnak.
Honelako gastuek zuzeneko lotura izan behar dute onetsitako jarduera nahiz programa antolatu eta gauzatzearekin, esaterako: materialak erostea edo alokatzea, lokalak alokatzea eta langileak nahiz zerbitzuak kontratatzea.
5.2. Proiektuarekin lotutako zeharkako gastuak.
Elkarteen ohiko funtzionamendurako gastuak zeharkako gastutzat hartuko dira, hala nola: elkarteen administrazio eta kudeaketa zereginetarako soilik kontratatutako langileak; bulegoko eta informatikako material suntsikorra; kontabilitateko eta laneko aholkularitza; aseguru orokorrak; argia, telefonoa eta Internet, posta eta mezularitza. Horrelako gastuak jarduerak gauzatzeko egun zehatzen arabera egotziko dira soilik, hots: ekintza diruz lagunduak zehazki zenbat egun edo denboratan egin diren, horren araberako gastua aplikatuko da. Gastu horiek justifikatzeko bi aukera egongo dira:
a) Zeharkako gastuak izanen dira diruz lagungarriak diren zuzeneko kostuen %7, eta ehuneko hori automatikoki aplikatuko zaio justifikatutako zenbatekoari. Hortaz, ez dira zeharkako gastu horien faktura edo ordainagiriak aurkeztu behar.
b) Zeharkako gastua izanen da onartutako aurrekontuaren %10, eta ehuneko hori automatikoki aplikatuko zaio justifikatutako zenbatekoari. Kasu horretan, fakturak eta ordainagiriak aurkeztu beharko dira.
5.3. BEZa.
Balio erantsiaren gaineko zergaren (BEZa) gastua ez da konputatuko, zerga berreskuratu ezin duten entitateetan izan ezik.
6.–Eskaerak aurkeztea.
6.1. Deialdi honetan parte hartu nahi duten entitateek eskaera egin beharko dute deialdiko fitxa erabiliz. Nafarroako Gobernuaren webgune instituzionaleko laguntzaren tramitearen fitxatik eskuratzen ahal da, helbide honetan: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/irabazi-asmorik-gabeko-gizarte-entitateendako-laguntzak-euskara-sustatzeko.
6.2. Eskaerak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
6.3. Ezinbestekoa da gaitutako helbide elektroniko bat izatea; Ogasuneko Ministerioaren helbide honetan eskura daiteke: http://notificaciones.060.es. Horretarako, ziurtagiri digitala eduki behar da, eta honako helbide honetan eskura daiteke: https://www.sede.fnmt.gob.es/certificados/certificado-de-representante/persona-juridica/solicitar-certificado.
7.–Aurkeztu beharreko dokumentazioa.
7.1. Honako dokumentu hauek aurkeztu beharko dira (ahal dela, ZIP/RAR fitxategia batean):
a) Eskaera, behar bezala beteta.
b) Legez eratua izatearen frogagiriak (elkartea erregistratzeko akta, estatutuak eta identifikazio fiskaleko kodearen txartela).
Entitate eskatzaileari dagokion dokumentazioa Administrazio honen esku badago, ez da beharrezkoa izanen berriz aurkeztea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 39/2015 Legearen 53.d) artikuluari jarraikiz. Kasu horretan, dokumentazio hori indarrean dagoela agertzen duen adierazpena aurkeztu beharko da, zehaztuz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko zein organotan edo tokitan eta noiz aurkeztu zen edo luzatu zuten.
Bide hau bakarrik erabiltzen ahalko da agirien prozedura bukatu zenetik bost urte baino gehiago iragan ez badira.
c) Entitateko arduradunaren aitorpena, adierazteko betetzen dituztela Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluak ezarritako betebeharrak. Aski da deialdiaren eskaera fitxan klik egitea.
d) Jardueren proiektua. Honako informazio hau bildu beharko du gutxienez: proiektuaren deskripzioa, helburuak, aurreikusitako jarduerak, ezarritako datak eta proposatutako programen nahiz jardueren xede diren pertsonak (II. eranskina).
e) Proiektuaren aurrekontu xehatua (III. eranskina): gastuen zehaztapena (soilik gastu zuzenak), diru-sarrerak eta aurreikusitako laguntzak.
f) Entitateak zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak egunean dituela frogatzen duten agiriak.
Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, eskaera aurkezteak berekin dakar interesdunak organo kudeatzaileari baimena ematea hark zilegi izan dezan deialdi honetan eskatutako informazioa biltzea beharrezko erakundeetan, espedientea tramitatu eta ebazteko. Horrenbestez, eta aurkakorik adierazi ezean, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuak kontsultatu eta egiaztatu eginen ditu identifikazio fiskaleko txartelari dagokion dokumentazioa, zerga betebeharrak egunean daudela egiaztatzen duen ziurtagiria eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean daudela egiaztatzen duena.
g) Gardentasun betebeharrari buruzko egiaztagiriak, 16. oinarriarekin bat, laguntzaren tramitearen fitxan aktibatuko den botoiaren bidez erantsi beharko dira, laguntzak adjudikatzeko ebazpena argitaratu ondoren. Dokumentazioa ebazpenaren jakinarazpena egiten denetik hilabeteko epean aurkeztu beharko da hemen: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/irabazi-asmorik-gabeko-gizarte-entitateendako-laguntzak-euskara-sustatzeko.
h) Laguntza honetara lehen aldiz aurkezten diren edo aurreko urteetan emandako banku daturen bat aldatu nahi duten entitateek esteka honen bidez egin beharko dute: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/kontuen-eta-ordainketen-kontsulta.
7.2. Dirulaguntzaren eskaera oso-osorik beteta ez badago, pertsona edo entitate eskatzaileari akatsa zuzentzeko eskatuko zaio. Horretarako, gehienez ere 10 egun balioduneko epea emanen zaio, zuzentzeko errekerimendua jakinarazi eta biharamunetik hasita. Errekerimendua eskatzailearen gaitutako helbide elektroniko bakarraren bidez egingo da: https://dehu.redsara.es/.
7.3. Elkarte bakoitzak eskaera bakarra aurkeztu beharko du, eta hartan zehaztu beharko zer programetarako edo jardueretarako eskatzen den laguntza, eta hori dena bete beharko da jardueren proiektuan eta proiektuaren aurrekontu xehatuan.
8.–Laguntzak emateko prozedura, tramitazio organoak eta ebaluazioa.
8.1. Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak norgehiagoka emanen dira, hainbanaketarekin, aurkeztutako eskaerak alderatuz jasotako puntuazioaren arabera, bederatzigarren oinarriko irizpideei jarraikiz, harik eta aurrekontu-izendapena agortu arte.
8.2. Balorazio irizpideen arabera kalkulatuko da entitate eskatzaileen puntuazio osoa, eta lortutako puntuazioaren araberakoa izanen da laguntzaren zenbatekoa.
8.3. Euskarabideko Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuak tramitatuko ditu eskaerak.
8.4. Batzorde batek baloratuko ditu eskaerak, eta kide hauek izanen dira batzorde horretan:
–Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuko zuzendaria, edo hark eskuordetzen duena; batzordeko burua izanen da.
–Euskara Sustatzeko Ataleko burua, edo berak eskuordetzen duena.
–Eta Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuari atxikitako teknikaria, idazkaritza lanak betetzeko, hitzarekin eta botoarekin.
Balorazio batzorde teknikoak kanpoko adituen aholkularitza eskatzen ahalko du, aurkeztutako eskaerak hobeki baloratzeko.
Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuak, ebaluazio batzordeak sinatutako akta ikusita, deialdiko adjudikazio-ebazpen proposamena eginen du.
9.–Balorazio irizpideak.
9.1. Aurkeztutako eskaerak baloratzeko eta laguntzaren zenbatekoa zehazteko, batzordeak irizpide hauek izanen ditu kontuan:
a) Programaturiko jardueren izaera eta kalitatea; 10 puntu gehienez:
–Jarduera edo programa koherentea izatea helburuei, edukiei edo garatuko den errealitate soziolinguistikoari dagokionez: 10 puntu gehienez.
b) Hartzaileen lehentasuna; 20 puntu gehienez:
–Populazioa oro har: 5 puntu.
–Haurrak: 10 puntu.
–Gazteak: 20 puntu.
c) Jarduera edo ekintza kopurua:
Jarduera edo ekintza bakoitzeko 20 puntu emanen dira.
d) Proiektuaren ibilbidea eta egonkortasuna:
–Jarraipena duten programetarako, egunero edo astero errepikatzen badira, honako irizpide hau ezarriko da: jarduera bakoitzeko 25 puntu emanen dira.
D irizpidea aplikatzen den proiektuetan ez da aurrekoa baloratuko, hots, C irizpidea ez da baloratuko.
e) Genero ikuspegia. Genero berdintasuna kontuan hartzea jarduerak antolatzerakoan (hizlariak, gaiak, etab.): 10 puntu gehienez.
Haztapena:
–Jardueretako hizlarietan genero parekotasuna, 5 puntu gehienez.
–Ekintzetan genero berdintasunaren sustapenari eta generoen arteko desberdintasunaren aurkako borrokari lotutako gaiak kontuan hartzea, 5 puntu gehienez.
f) Gizarte ekonomiako entitateekin lan egitea: 10 puntu gehienez.
Jarduerak egiteko, gizarte ekonomiako entitateak kontratatzea edo azpikontratatzea. 10 puntu.
g) Kulturartekotasuna: 5 puntu gehienez.
–Beste kultura batzuetako pertsonei zuzendutako proiektu edo jarduerak. 2,5 puntu.
–Kulturartekotasuna eta euskara lotzen dituzten proiektuak. 2,5 puntu.
9.2. Zenbatekoen kalkulua.
a) Balorazio batzorde teknikoak, jasotako eskaerak azterturik, zenbatekoak esleituko ditu puntu sistema bat erabiliz.
b) Entitate guztiek lortutako puntu guztiak gehitu ondoren, eta deialdiari esleitutako aurrekontuaren arabera, puntu bakoitzaren balioa lortuko da eurotan.
10.–Adjudikazioaren ebazpena.
10.1. Laguntzak zuzendari kudeatzailearen ebazpen baten bidez emanen dira, gehienez ere hiru hilabeteko epean eskaerak aurkezteko epea bukatu eta biharamunetik hasita. Epe hori bukatutakoan ebazpen espresurik eman ez bada, eskaerak ezetsi eginen dira.
10.2. Dirulaguntzak emateko ebazpenak honako hauek agertuko ditu, eskaera onartuei dagokienez: entitate onuradunak, onartutako aurrekontua, lortutako puntuazioa eta dirulaguntzan aurreikusitako zenbatekoa. Orobat, gastu horiek justifikatzeko modua eta epea adieraziko dira. Ebazpenak, halaber, bazter utzitako eskaerak adieraziko ditu, arrazoia zein den adieraziz.
10.3. Deialdiaren ebazpena laguntzak eskatu dituzten elkarteei jakinaraziko zaie eta hemen argitaratuko da: Euskarabidearen webgunean (www.euskarabidea.es) eta Nafarroako Gobernuko webguneko tramiteen katalogoan, laguntza honi dagokion fitxan (https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/irabazi-asmorik-gabeko-gizarte-entitateendako-laguntzak-euskara-sustatzeko).
11.–Entitate onuradunen betebeharrak.
11.1. Deialdi honen babesean diruz laguntzen den programa egiteko erabiltzea dirulaguntza, ez beste deusetarako.
11.2. Euskarabideko Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuan justifikatzea diruz lagundutako programa gauzatu dela eta zer gastu egin diren, adierazita jarduera bakoitzeko parte-hartzaileen kopurua, sexuaren eta adin tarteen arabera.
11.3. Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuari jakinaraztea, telematika bidez, programa edo jarduera garatzean gertatzen den edozein gorabehera, gertatzen den unean berean, baldin eta, elkartearekin zerikusirik ez duten arrazoiengatik, proiektua aldatzea ekartzen badu. Diruz lagundutako programan edo jardueran edozein aldaketa egiteko, aurretik beharko da Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuaren adostasuna, eta zerbitzu horrek baimena emanen du, baldin eta, Balorazio Batzorde Teknikoaren ustez, aldaketak ez badu funtsezko aldaketarik ekartzen onetsitako programan edo jardueran.
11.4. Entitate edo pertsona onuradunek jasotako dirulaguntzari dagokion publizitatea ematea (Nafarroako Gobernuko logoa erabiltzea), dirulaguntza onesten den unetik hasita. Aipamen hori eginen da bat etorriz Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen duen otsailaren 12ko 8/2020 Foru Dekretuaren jarraibideekin https://www.navarra.es/eu/nafarroako-gobernua/sinbolo-ofiziala kasu bakoitzean aurreikusitako elementuen arabera, eta jarduera hedatzen den denbora guztian mantenduko da.
Horrez gain, idatzizko eta ahozko publizitate eta zabalkundeetan, bai eta diruz lagundutako proiektuari buruzko agiri guztietan ere, Nafarroako Gobernuaren parte-hartzearen eta Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuak emandako dirulaguntzaren berri emanen da. Dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik aurrera egiten diren publizitate eta zabalkunde jardueretan soilik eskatzen ahalko da betebehar hori.
11.5. Proiektua gauzatu dela egiaztatzeko Euskarabideko Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuak egiten dituen lanak onartzea beti.
11.6. Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste laguntza, dirulaguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuen berri ematea Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.
11.7. Egiaztapen eta kontrolak egiteko ahalmenak behar bezala erabil daitezen bermatzeko, behar bezala ikuskatuak edukitzea kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak, betiere pertsona edo entitate onuradunari aplikatu behar zaizkion legeetan eta merkataritza lege sektorialetan agindutako moduan.
11.8. Gordetzea jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrolaren xede izan daitezkeen artean.
12.–Dirulaguntzaren ordainketa.
12.1. Dirulaguntza bi alditan ordaindu daiteke: lehenik, ordainketa partzial bat, borondatezkoa, %50ekoa gehienez, udako hilabeteetan, oinarri harturik 2025eko martxoaren 31 arte egindako gastuak, eta, bigarrenik, beste ordainketa bat urtea bukatu baino lehen. Bi kasuetan, jardueren memoria laburra eta hamalaugarren oinarrian eskatutako frogagiriak behin aurkezturik ordainduko da.
12.2. Emandako laguntzen zenbatekoa, oro har eta deusetan galarazi gabe kasuan-kasuan adostu daitekeena, justifikaziorako epeak bukatutakoan ordainduko da, Euskarabideko zuzendari kudeatzailearen ebazpen bidez, Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuak aurretik aldeko txostena emanik.
13.–Gastuen justifikazioa.
13.1. Bi epe ezartzen dira gastuak justifikatzeko:
Lehena. Lehenbiziko ordainketa, borondatezkoa, %50ekoa gehienez, oinarri harturik 2025eko martxoaren 31 arte egindako programak eta gastuak, egun hori barne. Lehen ordainketarako frogagiriak aurkeztuko dira laguntzak emateko ebazpenean horretarako ezarritako epean.
Bigarrena. 2025eko urriaren 15a izanen da frogagiriak aurkezteko azken eguna, 2025eko irailaren 30a arte egindako programa eta gastuetarako. Elkarteek, nahi izanez gero, gastuen justifikazio bakarra aurkeztu ahal izanen dute, bigarren epeko datak kontuan hartuta (2024ko urriaren 1etik 2025eko irailaren 30era arte egindako jarduerak, bi egunak barne).
Ez da beharrezkoa izanen finantza- eta zerga-gastuak eta Gizarte Segurantzako gastuak egun horretarako ordainduak izatea, baldin eta ezinezkoa bada horiek lehenago ordaintzea borondatezko likidazio-aldia hasi ez delako.
13.2. Entitate onuradunak faktura edo nomina eta haien bankuko ordainagirien bidez frogatu beharko du gauzatu dituela dirulaguntzaren xede diren jarduerak edo programak, aurkeztutako proiektu teknikoan lortutako puntuazioarekin bat.
Gerta daiteke diruz lagundutako jardueraren justifikatutako guztizko gastua txikiagoa izatea onetsitako aurrekontua baino. Horrelakoetan, proportzioan gutxituko da eman den zenbatekoa.
14.–Frogagiriak.
14.1. Dokumentazioa laguntzaren tramite orritik aurkeztu beharko da, eta, ahal dela, Zip/RAR fitxategi trinkotuan: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/irabazi-asmorik-gabeko-gizarte-entitateendako-laguntzak-euskara-sustatzeko.
Entitate onuradunek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:
a) Programaren memoria laburra (IV. eranskina) –5 orrialde gehienez–. Honako hauek bildu beharko ditu: balorazio orokorra, jarduera diruz lagunduak xehaturik; diruz lagundutako jardueren gastuen laburpen txikia, eta parte-hartzaileen kopurua, sexua adierazita.
b) Justifikazio ekonomikoa: Excel dokumentu bat bete beharko da gastuak, diru-sarrerak eta jasotako laguntzak (Kasu, Euskarabidekoa kenduta!) barne. Excelak automatikoki kalkulatuko du emaitza. Eredua foru agindu honetan dago argitaratuta, V. eranskinean, kalkulu-orri formatuan. Horrez gain, Nafarroako Gobernuko webgune instituzionalean, laguntzaren tramiteen fitxan ere egongo da eskuragarri: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/irabazi-asmorik-gabeko-gizarte-entitateendako-laguntzak-euskara-sustatzeko.
c) Inprimatutako elementuak eta publizitatekoak.
d) Egindako programa eta jardueren ordainagiriak, faktura originalak edo kopia soilak, dagozkien bankuko frogagiriarekin.
Kanpoan gelditzen dira, berariaz, aurrekontuak eta albaranak.
14.2. Fakturen ezaugarriak.
Ez dira gastuen justifikazio gisa onartuko fakturak nahiz ordainagiriak baldin honako datu hauek argi identifikatzen ez badira:
–Jaulkitzailea, haren izena edo sozietate-izena eta NANa edo IFZa.
–Hartzailea, haren izena edo sozietate-izena eta NANa edo IFZa.
–Gastuaren xedea.
–Data.
–Fakturaren zenbakia.
14.3. Bankuko frogagiriak.
Fakturez gain edo gastuen agiriez gain, aurkeztu behar dira dagozkien bankuko kontu laburpenak edo frogagiriak. Bat etorri beharko dute aurkeztutako zenbatekoekin.
14.4. Euskarabideak elkarte onuradunei eskatzen ahal die nahi adina dokumentazio, informazio, frogagiri eta faktura, zentzuz ondorioztatzeko dirulaguntza ongi aplikatu dela.
15.–Bateragarritasuna beste dirulaguntza batzuekin.
Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak bateragarriak dira xede eta helburu berberetarako beste administrazio batzuetatik, Nafarroako Gobernuko departamentuetatik eta edozein motatako entitate eta erakunde publiko edo pribatuetatik jasotzen den beste edozein dirulaguntza edo laguntzarekin. Hala ere, dirulaguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan entitate onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa, bakarrik edo beste dirulaguntzekin, laguntzekin, diru-sarrerekin edo diruz lagundutako jardueraren berezko baliabideekin.
16.–Gardentasuna.
16.1. Gardentasunari, informazio publikoari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3.c) artikuluan aipatutako entitate pribatuak behartuak daude gardentasun betebeharra betetzera baldin eta, urtebetean, 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak beren urteko diru-sarrera guztien %20 edo gehiago badira eta, gutxienez, 5.000 euro.
Aurreko atalean ezarritako muga kuantitatiboak gainditzen diren jakiteko, batuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien kopuruak. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura. Negozio zifra honako hauetako txikiena izanen da:
a) Aurreko urteko negozio zifra.
b) Hala badagokio, dirulaguntza ematen den ekitaldian entitatearen organo eskudunak onetsitako negozio zifra.
16.2. Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharra duten entitate onuradunek jarraian adierazten den informazioa eman beharko dute hilabeteko epean, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik zenbatzen hasita:
a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.
b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.
c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa izanen da haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa.
d) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza eginkizunetan ematen den dedikazioaren araubidea.
e) Entitate onuradunaren azken urteko kontuen kopia.
16.3. Entitate onuraduneko legezko ordezkariak sinatu ondoren, informazio hori aurkeztuko da, deialdiaren tramiteen fitxako orrian gaitutako botoiaren bidez: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/irabazi-asmorik-gabeko-gizarte-entitateendako-laguntzak-euskara-sustatzeko.
16.4. Entitateak ez badu gardentasun-betebeharra bete beharrik, ez direlako aurreikusitako inguruabarrak gertatzen, horren gaineko adierazpena aurkeztu beharko du.
16.5. Entitateak ekitaldi berean dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen badu, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira. Horretarako, erakundeak adierazi beharko du Foru Komunitateko Administrazioaren zein organoren aurrean aurkeztu zuen, eta noiz.
16.6. Betebehar hori bete ezean, emandako dirulaguntza ez da ordainduko, ezta aurrerakinak ere, eta kobratutako zenbatekoak itzuli egin beharko dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraituta.
16.7. Aurrekoa galarazi gabe, errekerimendua eginez gero, entitate onuradun guztiak behartuak daude unitate kudeatzaileari behar den informazio guztia ematera hamar eguneko epean, frogatzeko betetzen dituztela Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen II. tituluan jasotako gardentasun betebeharrak.
16.8. Errekerimenduan emandako epea bukatzen bada eskatutakoa bete gabe, hertsapen-isunak ezartzea erabakitzen ahalko da, 500 eurotik 5.000 eurora bitartekoak, interesdunari ohartarazpena egin ondoren eta entzunaldia emanda. Isuna hamabost egunetik behin errepikatuko da, errekerimendua bete arte. Isunaren zenbateko osoa ez da izanen dirulaguntzaren zenbatekoaren ehuneko bost baino handiagoa. Zenbatekoa zehazteko, ez-betetzearen astuntasuna eta proportzionaltasunaren printzipioa hartuko dira kontuan.
17.–Oinarriak ez betetzea, itzulketak eta arau-hausteak.
17.1. Ez-betetze arintzat joko dira irregulartasun formalei dagozkienak; halakoetan, dirua partez itzuli beharra etorriko da, edo ordainketa partzialik ez egitea, ez-betetzearen muntaren arabera. Ez-betetze larritzat joko dira, berriz, funtsezko kontuei dagozkienak; halakoetan, arau orokor gisa, dirua osorik itzuli beharko da, edo ez da deus ere ordainduko. Batean nahiz bestean berandutze-interesak eskatzen ahalko dira, azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako kasuetan. Balorazio batzordeak mailakatzea egiteko komenigarriak iruditzen zaizkion irizpideak ezartzen ahalko ditu.
17.2. Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedatutakoa aplikatuko da.
18.–Dirulaguntzen araubide orokorra eta errekurtsoak.
18.1. Modalitate hau oinarri hauek gobernatuko dute, baita Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoak ere, horren bidez ezarri baitzen Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen araubide juridiko orokorra.
18.2. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea).
AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA
II. ERANSKINA.–Jardueren proiektua (DOC).
III. ERANSKINA.–Aurrekontu xehakatua (XLS).
IV. ERANSKINA.–Proiektuaren oroitidazkia (DOC).
V. ERANSKINA.–Justifikazio ekonomikoa (XLS).
Iragarkiaren kodea: F2506253
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
