2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
ANUE
Ordenantza, pilotalekuaren erabilera arautzen duena
Anueko Udalak, 2025eko otsailaren 26an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen aldaketa egitea Anueko pilotalekuaren erabilera arautzen duen ordenantzan.
Erabaki hori 2025eko 54. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 18an, bat etorriz Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1.b) artikuluarekin.
Jendaurrean egoteko legezko aldia iraganik inork inolako alegaziorik, kexarik edo oharrik aurkeztu gabe, eta aipatu Foru Legearen 325.1.c) artikuluaren bukaerako aginduak betez, aipatu ordenantzaren aldaketa behin betiko onetsitzat jotzen da, eta haren testu osoa ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 326. artikuluari jarraikiz.
Anuen, 2025eko apirilaren 23an.–Alkatea, Miguel Larrayoz Vidan.
ANUEKO PILOTALEKUAREN ERABILERA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA
1. artikulua.
Ordenantza hau aplikatuko da Anueko Udaleko pilotalekuko kirol instalazioan.
2. artikulua.
Anueko pilotaleku estalia Udalaren jabetzako ondasuna da, nagusiki herriko bizilagunei zerbitzu egiteko dena, aisialdiari, kirolari, kulturari eta arlo sozialari loturiko helburuetarako.
Anueko Udalak instalazioen erabilera esklusiborako eskubidea izanen du beste ekitaldi edo jarduera batzuetarako, komenigarri iruditzen bazaio.
3. artikulua.
Ordenantza honen xedea da arau multzo bat ematea, udal pilotalekuaren erabilera arautu beharrez, honako onura hauek lortzearren:
–Instalazioak era egokian eta ordenatuan erabiltzea, guztiek izan dezaten horiek erabili eta aprobetxatzeko aukera.
–Jardueren koordinazioa eta kontrola.
4. artikulua.
Anueko Udalari hauek dagozkio:
–Esku-hartze administratiboa, kontrola, zainketa eta bere eskumeneko gainerako zereginak, udal pilotalekuan egiten den jarduera edozein delarik ere.
–Udalerrian sustatzea jarduera sozialak nahiz kirol jarduerak gauza daitezen, eginiko ahalegin eta ekimen guztiak koordinatuz, ikuspegi orokor bat harturik.
–Gastuak xedatzea, bere eskumenen eta aurrekontu-kredituen barnean, instalazioak kontserbatu eta hobetzearren.
–Instalazioak erabiltzeko prezio publikoak ezartzea.
–Instalazioak erabiltzeko ordutegia ezartzea, modu arrazoituan, eta ordutegiok aldatzea.
–Instalazioen erabateko erreserba baimentzea egun zehatzetan, Udalaren beraren, kanpoko beste erakunde batzuen nahiz partikularren ekimenez.
–Dirulaguntzak eta bestelako laguntzak eskatzea Nafarroako Gobernuari, korporazio publikoei, enpresa pribatuei eta partikularrei, eta haiek ematen dituztenak onartzea.
–Ordenantza hau interpretatzea eta sortzen diren zalantzak ebaztea.
–Ordenantza hau onetsi, aldatu edo indargabetzea.
–Aplikatzekoak diren gainerako arauek ezartzen dituzten bestelako eginkizunak.
5. artikulua.
Instalazioen erabiltzaileen eskubideak eta betebeharrak.
a) Doakoa izanen da instalazioetan antolatzen diren kirol, kultura eta gizarte arloko ekitaldietarako sarrera. Jarduerarik egin nahi bada sarrera ordainarazita, Udalaren berariazko baimena beharko da aurretiaz.
b) Erabiltzaileek eskubidea dute instalazioak erabiltzeko, kontuan izanda nolakoak diren baimendutako jarduerak. Bete beharko dituzte instalazioen erabilera arautzen duen ordenantza honetan eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan ezarritako betebeharrak.
c) Erabiltzaileek konpromisoa hartzen dute udal pilotalekuko instalazioetako ondasun higigarri eta higiezin guztiak errespetatzeko. Ondasun horietan egin kalteak egileak berak edo haren legezko ordezkariak ordainduko ditu.
d) Erabiltzaileek instalazioetan ikusten duten anomalia edo kalte oro komunikatu behar diote Anueko Udalari.
e) Erabiltzaileek jarri eta jaso beharko dute erabiltzen duten materiala, eta instalazioak aurkitu bezala utzi beharko dituzte.
f) Instalaziotik ateratzeko aginduko zaie ordenantza honetako arauen aurkako jokabidea duten erabiltzaileei zein ikusleei, edo une horretan instalazioan dauden pertsonak edo ondasunak errespetatzen ez dituztenei.
g) Bete beharreko arauen zerrenda instalazioan bertan jarriko da ikusgai. Ordenantza honen eranskinean jasota dago zerrenda hori.
6. artikulua.
Instalazioak erabiltzeko, aldez aurretik prezio publiko bat ordaindu beharko da argindarragatik: 4 euro orduko. Horretarako, txanpon-kutxa bat jarriko da, txanponak sartzeko.
Anueko Udalak antolatutako jardueretan edo Udalaren partaidetza dutenetan, ez da zenbateko hori ordaindu beharko.
Azken xedapena.–Ordenantza honek ondorio juridikoak izanen ditu Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan jasotako izapide guztiak egin, eta haren testu osoa argitaratzen denean Nafarroako Aldizkari Ofizialean; hori guztia, oinarri hartuta 6/1990 Foru Legearen 326. artikulua.
ERANSKINA.–ERABILERA ARAUAK
1. Anueko pilotaleku estalia Udalaren jabetzako ondasuna da, nagusiki herriko bizilagunei zerbitzu egiteko dena, aisialdiari, kirolari, kulturari eta arlo sozialari loturiko helburuetarako.
2. Pilotalekuaren erabilera arautzen dute haren ordenantzak eta aplikagarri den gainerako arauek. Erabiltzaileek horiek guztiak errespetatu beharko dituzte.
3. Anuen erroldaturik daudenek lehentasuna izanen dute, erroldatuta ez daudenen aldean, pilotalekua erabiltzeko eta gozatzeko.
Lehentasun-irizpide hauek hartuko dira kontuan pilotalekua erabiltzeko:
–Ibarrekoa ez den norbait ari bada pilotalekua erabiltzen, eta bertako bizilaguna iristen bada, ordu erdiko tartea egonen da pilotalekua azken horri uzteko.
–Ibarreko norbait ari bada pilotalekua erabiltzen, eta ibarreko beste bizilagun bat iristen bada, ordubeteko tartea egonen da pilotalekua azken horri uzteko.
Halaber, Udalarekin zerikusia duten jarduera antolatuek lehentasuna izanen dute gainerakoen aldean.
4. Jarduera bat baino gehiago egin nahi bada egun eta ordutegi berberetan, interesdunak saiatuko dira erabilera-akordio bat egiten. Akordio horrek ahalik eta onuragarriena eta ekitatiboena izan behar du. Akordiorik lortzerik ez badago, Anueko Udalak ebatziko du auzia, interesdunei entzun eta gero.
5. Pilotalekua erabiltzeko ordutegia izanen da, urte osoan, 7:00etatik 22:00etara. Udalak ordutegi hori aldatzeko eskubidea izanen du, egoki iruditzen zionean edo inguruabarrengatik hala komeni denean.
6. Udalak ez ditu bere gain hartuko erabiltzaileek esparruan izandako kalteak, halakorik izanez gero.
7. Pilotalekuaren erabiltzaileek konpromisoa hartu behar dute egoki erabiltzeko bai instalazioa eta bai esparru barneko ondasunak ere.
8. Erabat debekaturik dago pintada oro, lurrean zein paretetan, edo eranskailuak edo baimendu gabeko kartelak jartzea, esparruaren estetikaren kaltetan, bai eta hondakinak uzten dituen edo beste batzuei eragozpenak sortzen dizkien ekintza oro ere.
Iragarkiaren kodea: L2506018