92. ALDIZKARIA - 2025eko maiatzaren 12a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ANUE

Udal materialaren mailegua arautzeko ordenantza arautzen duen udal ordenantzaren behin betiko onarpena

Anueko Udalak, 2025eko otsailaren 26an egindako osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen hirigintza jarduketengatiko tasak arautzeko ordenantza.

Erabaki hori 2025eko 54. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 18an, bat etorriz Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1.b) artikuluarekin.

Jendaurrean egoteko legezko aldia iraganik inork inolako alegaziorik, kexarik edo oharrik aurkeztu gabe, eta aipatu Foru Legearen 325.1.c) artikuluaren bukaerako aginduak betez, aipatu ordenantzen aldaketa behin betiko onetsitzat jotzen da, eta haren testu osoa argitaratuko da, behar diren ondorioak izan ditzan, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 326. artikuluari jarraikiz.

Anuen, 2025eko apirilaren 21ean.–Alkatea, Miguel Larrayoz Vidan.

UDAL MATERIALA MAILEGATZEA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honek xede hauek ditu:

–Udal jabetzako materialaren maileguan jarraitu beharreko irizpideak eta prozedura orokorra finkatzea, eta horien emakidarako kondizioak arautzea.

"Mailegu" deritzo udal jabetzako materiala jarduera eta ekitaldi zehatzetarako erabileran lagatzea, baldin eta haren iraupena 15 egun naturaletik gorakoa ez bada.

–Udal materiala mailegatzeagatik aplikatu beharreko fidantza ezartzea eta arautzea, haren itzulketa bermatzeko.

2. artikulua. Mailegatzen ahal den materiala.

Anueko Udalaren jabetzako material hau mailegatzen ahal da:

–Mahai eta aulki tolesgarriak eta proiektagailua.

3. artikulua. Aplikazio eremua.

Ibarreko kontzejuek, elkarteek eta irabazi-asmorik gabeko beste erakunde batzuek eskatzen ahalko dituzte.

Ez zaie mailegua egiten ahalko pertsona fisikoei edo irabazi-asmoa duten erakunde juridikoei.

4. artikulua. Materialaren mailegua baimentzeko irizpideak.

Hona hemen materialaren mailegua baimentzeko irizpide orokorrak:

a) Materiala udalerriko elkarte, entitate kolektibo edo jai batzordeei eta kontzejuei soilik mailegatuko zaie, Anueko udal-mugartean egiten diren kultura, gizarte edo kirol alorreko edota interes publikoko jarduerak gauzatzeko.

b) Udalak beretzat gordetzen du interes publikoko arrazoiengatik baimendutako materialaren mailegua ukatzeko eskubidea, baldin eta behar bezala arrazoitzen badu. Nolanahi ere, isiltasun administratiboak eskabidearen ezespena ekarriko du.

c) Udal zerbitzuak emateko edo ekitaldi publikoak egiteko materiala erabiltzea beharrezkoa denean, Anueko Udalak lehentasun osoa izanen du.

d) Ikus-entzunezko materialaren erabilera lagatzeko, beharrezkoa izanen da erakundeak haren funtzionamendua ezagutzen duen pertsona bat izatea, interesdunaren erantzukizunpeko adierazpenaren –mailegu eskabideari erantsitakoaren– bidez egiaztatua, eta bere gain hartuko du haren funtzionamenduaren erantzukizuna, bai eta, geroago, hura kondizio hobeezinetan itzultzea.

5. artikulua. Arau orokorrak.

Material mailegua baimenduta duten erakunde guztiek ordenantza honetan jasotako arau orokorrak bete beharko dituzte, eta, zehazki, honako hauek:

a) Materiala dituen ezaugarrien arabera erabiltzea.

b) Materiala zaintzeaz, mantentzeaz eta garbitzeaz arduratzea, eta ezarritako datan garbi eta erabiltzeko kondizio hobeezinetan itzultzea.

c) Mailegatutako materiala ez lagatzea hirugarrenei, ez osorik, ez partzialki.

d) Emandako materialean edozein anomalia, gorabehera edo arazo detektatuz gero, Anueko Udalari horren berri ematea; larrialdia bada, halaber, berehala jakinarazi beharko da.

e) Erabili ondoren, gehienez hiru eguneko epean itzultzea Udalari materiala.

f) Dagozkion fidantzak ordaintzea.

h) Ez zaie hirugarrenei ezer kobratzen ahalko material hori erabiltzeagatik.

i) Materiala doan eginen diren interes publikoko ekitaldi edo jardueretarako usatuko da.

j) Udalarekin zorrak dituzten elkarte, pertsona juridiko edo fisikoei ez zaie materialik utziko zor horiek ordaindu arte.

6. artikulua. Eskabidea.

Interesdunek idatziz eskatuko diote Udalari, eskabidea betez eta gutxienez zazpi eguneko aurretiaz, material mailegua, honako hauek adierazita gutxienez:

–Material-mailegua eskatzen duen administrazio publikoaren, elkartearen edo partikularraren deitura, Identifikazio Fiskaleko Zerga, helbidea eta telefonoa adierazita.

–Ordezkariaren izena, Nortasun Agiri Nazionala, helbidea eta telefonoa. Ordezkari hori izanen da, ondorio guztietarako, sortzen diren kalte, galera eta ez-betetze guztien erantzulea Udalean.

–Eskatutako materialaren deskribapena, helburua eta erabilera egunak.

–Erabileraz arduratuko den teknikariaren izen-abizenak.

7. artikulua. Prozedura.

1. Eskabidea, Udaleko Erregistro Orokorrean aurkeztu ondoren, Anueko Udaleko Alkatetzak baimendu edo ukatuko eginen du.

2. Fidantzaren likidazioa edo kondizio espezifikoen ezarpena eskatzen duten material maileguak espresuki eta idatziz ebatziko dira, baita erabilera ukapenak ere.

3. Administrazioak ez badu garaiz ebazten, eskabidea ezetsitzat joko da.

4. Bi eskabide edo gehiago iritsiz gero, aurkeztutako lehenengoak izanen du lehentasuna, sarrera erregistroaren zenbakiaren arabera.

5. Pertsona eskatzaileak edota erakunde kolektibo eskatzailearen ordezkariak Udalak izendatutako pertsonekin hitzartu beharko du materiala nola erretiratu. Materiala lanegunen batean edota ohiko lan ordutegiaren barruan erretiratu edo itzuli beharko da. Ez dira larunbatean edo jaiegunean erretiratzen edo itzultzen ahalko.

6. Era berean, materialak jaso eta itzultzean, eskatzaileak fitxa bat sinatuko du, entregatutako edo jasotako materiala xehetasunez bermatze aldera.

8. artikulua. Fidantza.

Udalak legez baimendutako moduetako edozeinetan eskatuko die eskatzaileei fidantza, mailegatutako materialaren erabilera eta itzultze okerrari erantzuteko.

Honako hau izanen da fidantzaren zenbatekoa:

–Proiektagailua: 200 euro.

–Mahaiak eta aulkiak mailegatzea:

  • Banku bakoitzeko, 15 euro.
  • Mahai bakoitzeko, 45 euro.

Fidantzaren bidez bermatuko da materiala behar bezala erabiltzen dela eta lagapenaren aurreko egoeran itzuliko dela.

Halaber, erabiltzaileek ordaindu beharko dituzten kalte-ordainen berme izanen da delako fidantza, mailegatutako materialean halakoak gertatzen direnean. Ordenantza hau aplikatuz zehapenik ezarri behar baldin bada, horien ordainketari erantzuteko ere izanen dira.

Fidantzaren ordainketa-gutunak material maileguaren baimenarekin batera aurkeztuko dira. Erakundeak fidantzaren ordainketaren kopia aurkeztu beharko du eskatutako materiala erretiratu aurretik.

9. artikulua. Erantzukizun zibila eta fidantza.

Materiala erretiratzeko baimena duten pertsona fisikoek edo materiala erretiratzen duen erakundearen ordezkari gisa egiaztatuta dauden pertsonek erantzun eginen dute, halaber, materiala puskatzen edo hondatzen bada; hala, apurtutako piezak berriz jarri edo konpontzeko ardura izanen dute. Erretiratzean, jasotako material guztiaren zerrenda bat sinatuko dute, jasotze seinale gisa, I. eranskinaren arabera (Materiala erretiratzea). Zerrenda horretan honako hauek adieraziko dira: materiala nork eskuratu duen, zenbat, eta zer egunetan jaso den; gainera, maileguaren xede den ondasun bakoitzean inprimatutako zenbakia ere jasoko da.

Udaleko arduradunetakoren batekin eginen da itzulketa, eta I. eranskinean materiala itzultzeko egoerari buruzko apartatua eta itzulketaren data beteko dira.

Aurrekoa gorabehera, materiala entregatu eta hurrengo hamar egun baliodunetan, Udalak eskatzaileari jakinaraziko dio, hala badagokio, detektatutako akatsen, kalteen edo material faltaren zerrenda. Kalteen jakinarazpen hori hamar egun balioduneko epean alegatzen ahalko du eskatzaileak. Epe hori igaro ondoren, Alkatetzak ebazpena emanen du, Udalak jasandako kalte edo galerak eta horien balioa zehaztuz eta pertsona fisiko eskatzaileari edo pertsona juridiko eskatzailearen ordezkariari erantzukizunak eskatuz.

Mailegatutako unitateak baino gutxiago edota unitateak egoera txarrean itzuliz gero, ordaindu beharreko zenbatekoa honako hau izanen da:

–Banku bakoitzeko 35 euro eta mahai bakoitzeko 90 euro.

–Proiektagailua: 450 euro.

Erakundearen ardura izanen da altzariak mailegatu zireneko kopuru eta kondizio berberetan itzultzeaz.

10. artikulua. Fidantza itzultzeko prozedura.

Fidantza itzultzeko, erakundeak idatziz eskatuko dio Udalari fidantza itzultzeko. Anueko Udalak egindako egiaztapenaren ondoren, itzulketa bidezkoa ote den adieraziko da, eta Alkatetzaren ebazpen bidezko onespena beharko du.

11. artikulua. Araubide juridikoa.

Ordenantza honen esparruan, hauetan xedatutakoaren arabera arautuko da zehatzeko ahala: araudi sektorial aplikagarria, eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 25.-31. artikuluetan jasotako printzipioak; gainera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako prozedurari jarraikiz izapidetuko da, baita ordenantza honetan eta aplikatu beharreko gainerako araudian aurreikusitakoari jarraikiz ere.

12. artikulua. Betebeharrak betearazteko kontrolaren araubidea.

Udal materialak erabiltzen dituzten erakunde edo pertsonen arau-haustetzat joko dira honako hauek:

a) Udalaren baimenik gabe materiala erabiltzea.

Baimenarekin mailegatutako materiala behar bezala ez erabili edo mantentzea, ordenantza honetan ezarrita dagoen bezala.

b) Mailegatutako material eta ekipoetan kalteak eragitea.

c) Materiala eskabidean deskribatu ez diren helburuetarako erabiltzea.

d) Materiala ez itzultzea ordenantza honetan ezarritako epeen barruan.

e) Materiala hirugarrenei lagatzea.

f) Beste edozein arau-hauste, ordenantza honen aurkakoa.

13. artikulua. Arau-hauste motak.

Arau-hausteak arinak, astunak eta oso astunak izaten ahal dira.

–Arau-hauste arinak izanen dira aurreko artikuluko e) eta g) letretan ezarritakoak.

–Arau-hauste astunak izanen dira aurreko artikuluko a) eta c) letretan ezarritakoak.

–Arau-hauste oso astunak izanen dira aurreko artikuluko b), d) eta f) letretan ezarritakoak.

14. artikulua. Zehapenak.

1.–Arau-hausteak honela zehatuko dira:

a) Arinengatik, 100-300 euroko isuna.

b) Astunengatik, 301-600 euroko isuna.

c) Oso astunengatik, 601-1.200 euroko isuna.

2.–Oso astuntzat jotako arau-hausteek, gainera, udal materiala maileguan hartzeko eskubidea galtzeko arriskua dakarte, ebazpenean ezartzen den epean, gehienez ere urtebetez.

15. artikulua. Zehapenak.

1.–Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 25.-31. artikuluetan jasotako printzipioak aplikatuko dira, eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako prozeduraren arabera izapidetuko dira.

2.–Anueko Udaleko alkatea da zehatzeko organo eskuduna, edo hark eskuordetutako organoak.

3.–Zehapen horiek ezartzeaz aparte, kalte-galerengatiko dagokion ordaina ere eskatzen ahalko da.

Lehen xedapen gehigarria.–Ordenantza honetan aurreikusten ez den orotan, Udaleko arduradunen jarraibideak bete beharko dira.

Bigarren xedapen gehigarria.–Alkateak baimena du erregelamendu hau aplikatzeko beharrezkoak diren jarduketa guztiak egiteko.

Ordenantza honi erantsitako eranskinak aldatu edo eguneratzeko baimena ematen zaio alkateari.

Azken xedapen bakarra.–Ordenantza hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta berehala jarriko da indarrean, eta argitaratu eta biharamunetik aurrera hasiko da aplikatzen. Indarrean egonen da berariaz aldatu edo indargabetu arte. Aditzera ematen da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iragarkiaren kodea: L2506017