92. ALDIZKARIA - 2025eko maiatzaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

288E/2025 EBAZPENA, apirilaren 9koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez baimena ematen baita aldaketa funtsezko bat egiteko Garesko udal-mugartean ibilgailuak desegiteko dagoen instalazio batean. Instalazioaren titularra Recuperaciones Valdizarbe SL da.

Instalazioa martxan dago gaur egun eta badu ingurumen baimen integratua, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak martxoaren 27ko 419/2012 Ebazpenaren bidez emana, gero Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendari nagusiaren otsailaren 4ko 28E/2016 Ebazpenaren bidez eguneratu zena.

Instalazio hori sarturik dago Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bategineko (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia) I. eranskineko 5.1.c) epigrafean, "Hondakin arriskutsuak balorizatzeko edo ezabatzeko instalazioak, egunean 10 tona baino gehiagoko ahalmenarekin" izenekoan, eta Europako Parlamentuak eta Kontseiluak industria-isuriei buruz (kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratua) emandako azaroaren 24ko 2010/75/EB Zuzentarauaren (bertsio bategina) I. eranskineko 5.1.c) epigrafean, "Hondakin arriskutsuak balorizatzea edo ezabatzea, egunean 10 tona baino gehiagoko ahalmenarekin" izenekoan.

2024ko urtarrilaren 4an, titularrak jakinarazi zuen instalazioa aldatzeko proiektua eginen zuela honako hauei dagokienez: deskontaminazio nabe berria, harrerarako zelaigunea, 1. nabea handitzea (piezak eta bidalketak), 3. nabea gehitzea, bulegoak, eta saneamendu-sarea eta harguneak aldatzea. 2024ko maiatzaren 8an, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuak aldaketa hori funtsezkotzat jo zuen, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko Legearen testu bategina garatzen duen Erregelamenduaren 14. artikuluan ezarritako irizpideei jarraikiz (erregelamendu hori urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen).

Horrenbestez, eta Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuaren legearen testu bateginaren 10.3 artikuluan xedatutakoarekin bat (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onetsi zuen testu bategin hori), aldaketa funtsezkoa ezin da egin ingurumen baimen integratua aldatu arte.

Aldaketa egiteko proiektua Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskineko 9. taldeko d) kategorian sartuta dago, eta, horrenbestez, lege horren 7. artikuluan xedatutakoarekin bat, ingurumen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura bete behar du.

Horrenbestez, prozedura hori bete ondoren, Ingurumeneko zuzendari nagusiaren martxoaren 7ko 166E/2025 Ebazpenaren bidez, erabaki zen proiektuak ez zuela ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura bete behar, eta ingurumen inpaktuaren txostena eman zen, ingurumenaren gainean ondorio nabarmenik ez duela adierazita.

Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginak (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia) 12.1.f) artikuluan xedatutakoarekin bat, berrikusi egin dira substantzia arriskutsu garrantzitsuen erabilera, ekoizpena eta emisioa, eta, lurzorua eta lurpeko urak kutsatzeko arriskua baloraturik, erabaki da ingurune horiek kutsatzeko aukera handirik ez dagoela, eta ez dela beharrezkoa oinarrizko txosten bat egitea egungo kokapenaren egoerari buruz, lurzoruaren eta lurpeko uren kutsadurari dagokionez.

Baimen honek berekin dakar azaleko uretan zeharkako isuria egiteko baimena, Jabari Publiko Hidraulikoaren gaineko Erregelamenduaren 245. artikuluan eskatzen dena. Kontuan hartuta euri-uren kolektorera bideratutako efluentea ez dela tratatzen ibilgura isuri baino lehen, Ebroko Konfederazio Hidrografikoak emandako txostenean jasotako isurien onargarritasunari buruzko edukia sartu da.

Espedientea tramitatu da honako arau hauetan ezarritakoarekin bat etorriz: abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko Legearen testu bategina, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea, eta Ingurumen Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea.

Bat etorriz Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. artikuluan eta Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatzen duen Industria Isurien Erregelamenduaren 15. artikuluan ezarritakoarekin (urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuak onetsi zuen erregelamendu hori), proiektua eta ingurumen inpaktuaren azterketa jendaurrean jarri dira hogeita hamar egunez, eta ez da inolako alegaziorik aurkeztu.

Egiaztatu da ezen, aurkeztutako dokumentazioak justifikatzen duenez, 2018ko abuztuaren 10eko 2018/1147 (EB) Betearazpen Erabakiak ezartzen duena betetzen dela, zeinaren bidez ezartzen baitira dauden teknika erabilgarri onenei (TEO) buruzko ondorioak, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak hondakinen tratamenduari buruz onetsitako 2010/75/EB Zuzentarauari jarraikiz.

Ebazpen proposamena hamabost egunez egon da instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehena.–Baimentzea ibilgailuak desegiteko instalazioaren aldaketa funtsezkoa, honako proiektu hau egiteko: deskontaminazio nabe berria, harrerarako zelaigunea, 1. nabea handitzea (piezak eta bidalketak), 3. nabea gehitzea, bulegoak, eta saneamendu-sarea eta harguneak aldatzea. Instalazioa Gares udal-mugartean dago kokatuta eta Recuperaciones Valdizarbe SL da titularra. Instalazioak eta bertan garatzen den jarduerak ebazpen honen eranskinetan jasotzen diren baldintzak bete beharko dituzte.

Bigarrena.–Hondakin urak jabari publiko hidraulikora isurtzeko baimena sartzea, Jabari Publiko Hidraulikoaren gaineko Erregelamenduaren 245. artikulua aplikatuz eskatzen dena, bat etorriz uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitako Uren Legearen testu bateginaren hamargarren xedapen gehigarrian xedatutakoarekin. Ebazpen honen II. eranskinean jasotzen da zer isurketa egiten ahalko diren eta instalazioak zer baldintza bete beharko dituen. Baimenak bost urteko indarraldia du, eta, une oro eskatzen ahal diren kalitate arauak eta ingurumen helburuak betetzen diren bitartean, automatikoki berrituko da bost urtetik bost urtera.

Hirugarrena.–Hondakin urak jabari publiko hidraulikora isurtzeko baimena mantentzea, Jabari Publiko Hidraulikoaren gaineko Erregelamenduaren 245. artikulua aplikatuz eskatzen dena, bat etorriz uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitako Uren Legearen testu bateginaren hamargarren xedapen gehigarrian xedatutakoarekin. Ebazpen honen II. eranskinean jasotzen da zer isurketa egiten ahalko diren eta instalazioak zer baldintza bete beharko dituen. Baimenak bost urteko indarraldia du, eta iraupen bereko epeetarako berritutzat joko da, baldin eta isurketak unean-unean indarra duten ingurumen kalitatearen arauak betetzen baditu. Indarraldi horretan zehar legeriak isurketen baimenetarako epe luzeago bat ezarriko balu, ez litzateke eragozpen teknikorik izanen, besterik gabe, hasierako epea arauak ezartzen duen gehieneko eperaino zabaltzeko. Nolanahi ere, legeek ezarritako kasuetan, Ebroko Konfederazio Hidrografikoak organo autonomikoari eskatzen ahalko dio ingurumen baimen integratua aldatzeko prozedurari ekiteko (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren 26. artikulua eta uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuaren 104. artikulua). Bereziki, ezustean gertatzen direnean lehenago baimena ukatzea edo, emanez gero, bestelako baldintzetan ematea ekarriko luketen gorabeherak. Horien barruan sartzen dira titularrak aitortu gabeko gorabeherak edo argibideak, horiek ere baimena ukatzea edo bestelako baldintzetan ematea ekarriko luketenean. Ohiz kanpoko kasuetan, lehorteengatik edo ofizialki deklaratutako muturreko egoera hidrologikoengatik, arroko erakundeak isuriaren baldintzak aldatzen ahalko ditu kalitate helburuak, ingurumen kalitateko arauak eta ingurune hartzailearen ingurumen helburuak bermatzeko. Halaber, hondakin urak isurtzeko ezarritako baldintzak behin eta berriro ez betetzea isurketarako baimena kentzeko arrazoia izanen da, Jabari Publiko Hidraulikoaren gaineko Erregelamenduaren 263. eta 264. artikuluetan ezarritako prozedurarekin bat.

Laugarrena.–Ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzen edo berrikusten ahalko ditu Zuzendaritza Nagusi honek, gertatzen baldin bada Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen gainean abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitako testu bateginaren 26. artikuluan aurreikusitako inguruabarren bat.

Bosgarrena.–Halaber, Zuzendaritza Nagusi honek ingurumen baimen integratuaren baldintzak berrikusten ahalko ditu eta, behar denean, egokitu, baldin eta eskura dauden aurrerapen teknikoek ahalbidetzen badute emisioak nabarmen murriztea, betiere, jarduera nagusiaren inguruko teknika erabilgarri onenei buruzko ondorioak argitaratu eta gehienez ere lau urtera, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko Legearen gainean abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitako testu bateginaren 26. artikuluarekin bat.

Seigarrena.–Instalazioan edozein aldaketa egiteko, titularrak aldez aurretik jakinarazi beharko du, aldaketa funtsezkotzat jotzen duen arrazoiz adieraziz, Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuaren legearen testu bategina garatzen duen Erregelamenduaren 14. artikuluan ezarritako irizpideei jarraikiz (erregelamendu hori urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen). Halaber, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7. artikuluan xedatutakoa aplikatu beharko da; hau da, instalazioaren aldaketari ingurumen-inpaktuaren ebaluaziorako prozedura arrunta edo sinplifikatua ezartzen ahalko zaio, kasuaren arabera.

Zazpigarrena.–Aldaketa abian jarri aurretik, titularrak abian jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko du Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan, bat etorriz Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 25. artikuluan xedatutakoarekin (erregelamendu hori martxoaren 30eko 26/2022 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen).

Zortzigarrena.–Abian jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpenarekin batera, titularrak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu:

–Jarduketa plana, non deskribatuko baita zer neurri hartuko diren ingurumenean eragina izan dezaketen ohiz kanpoko ustiatze baldintzak gertatzen direnean.

–Jarduketa programa, non azalduko baita zer jarduketa aurreikusi diren lurzorura eta lurpeko uretara iristen ahal diren isuri kutsagarriak –bereziki instalazioan dauden substantzia arriskutsu nabarmenenak– saihesteko neurriak mantentzeko eta aldian behin gainbegiratzeko, hori guztia instalazioak ongi funtzionatzen duela ziurtatze aldera.

–Ebazpen honen VIII. eranskinean ezarritako hirigintza-baldintzak betetzen direla frogatzen duen dokumentazioa.

–Instalazioan ingurumen-kudeaketarako ezarrita dagoen sistema.

–Erantzukizunpeko adierazpen bat, Ingurumen Erantzukizunari buruzko urriaren 23ko 26/2007 Legea partez garatzeko Erregelamenduaren 33. artikuluan aurreikusia. Horretarako, erantzukizunpeko adierazpenaren eredu normalizatua erabiliko da, erregelamenduaren IV.1 eranskinean edo IV.2 eranskinean dagoena, kasuan kasukoa.

Bederatzigarrena.–Ebazpen honetan ezarritako baldintzak aplikatzen hasiko dira titularrak proiektua gauzatu dela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena aurkezten duen egunetik aurrera, eta, zeinahi kasutan, aldaketa abian jartzen den unetik aurrera. Bien bitartean, indarrean dagoen ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak aplikatuko dira.

Hamargarrena.–Ebazpen honetan jasotzen diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia) IV. tituluan jasotakoak, ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikagarri izaten segituko baitu.

Hamaikagarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Hamabigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea akitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko titularrari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.

Hamahirugarrena.–Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Recuperaciones Valdizarbe SLri, Garesko Udalari, Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzuari, NILSAri, Ebroko Konfederazio Hidrografikoari eta Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuari.

Iruñean, 2025eko apirilaren 9an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/CentroPublicaciones.html#/CentroPublicaciones.

Iragarkiaren kodea: F2505762