91. ALDIZKARIA - 2025eko maiatzaren 9a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

BURLATA

Deialdia, bete daitezen Udaltzaingoko agente lehenaren bi plaza, kategoriaz igotzeko lehiaketaren bidez. Onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda eta lehenbiziko proba egiteko eguna

Udal honetako alkateak 2025/990 Ebazpena eman du 2025eko apirilaren 7an. Hona hemen testua:

2025eko 40. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, otsailaren 27an, argitaratu zen Alkatetzaren 314/2025 Ebazpena, otsailaren 3koa, zeinaren bidez erabaki zen bertan behera uztea etenaldia honako deialdi honetarako: deialdia, agente lehenen bi lanpostu kategoriaz igotzeko lehiaketaren bidez betetzeko. Aintzat harturik zenbat denbora igaro den deialdia onetsi zenetik, erabaki da, ebazpen berean, epaimahaikide berriak izendatzea.

2025eko martxoaren 11n eratu zen epaimahaia, eta ikusirik eginiko azken administrazio-egintza izan zela onestea onartu eta baztertu diren izangaien behin-behineko zerrenda, Alkatetzaren 604/2023 Ebazpenaren bidez (2023ko 104. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, maiatzaren 18koan).

Horretarako emandako epean bi alegazio aurkeztu dira, eta bertze bat legezko epetik kanpo.

Epaimahaiak aurkezturiko alegazioak berrikusi ditu:

–56 zenbakidun agenteak eskatu du:

a) Txanda irekian sartua izan dadin, eskaturiko euskara titulazioa baduelako.

b) Gainerako izangaien euskara titulazioak berrikustea.

c) Euskara proba baliogabetzea, 103/2017 Foru Dekretuaren aurkakoa delako.

Eginiko alegazioak azterturik, epaimahaiak aho batez erabaki du:

a) Baiestea txanda irekian sartzeko alegazioa, espedientean frogaturik dagoelako baduela txanda irekian sartzeko eskaturiko titulazioa.

b) Baiestea gainerako izangaiek aurkezturiko euskara tituluak berrikusteko alegazioa, eta erabaki da horiek denak bat datozela araudiarekin eta deialdiaren oinarriekin.

c) Ezestea euskara proba egiteko aukera baliogabetzeko alegazioa, ondoko arrazoiak direla medio:

Udaltzaingoko agente lehenaren bi plaza kategoriaz igotzeko lehiaketaren bidez betetzeko deialdia argitaratu zen 2023ko 44. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, martxoaren 2an. Deialdiko oinarrietan jaso zen euskararen ezagutza proba egitea eskatzeko aukera, eta oinarriei ez zitzaien errekurtsorik jarri. Hortaz, deialdiko oinarriak Lege direnez eta aplikatzeko araudiak hala xedatzen baitu, ezin dira oinarriak aldatu izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrendaren kontrako alegazioak jarriz. Gisa honetan, bat etorriz ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuaren 14. artikuluan ezarritakoarekin (foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua), deialdien oinarriekin loturik:

"Deialdia eta haren oinarriak lotesleak izanen dira Administrazioarendako, hautaproben epaimahaiendako eta parte-hartzaileendako".

Halaber, 2025eko 40. zenbakiko Nafarroako Aldizkari Ofizialean, otsailaren 27an, deialdi baten etena kentzea argitaratu zen, honako honetan: deialdia, Burlatako Udaltzaingoko agente lehenaren 2 lanpostu kategoriaz igotzeko lehiaketa bidez betetzeko. Deialdia argitaratu zen 2023ko 44. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, martxoaren 2koan. Alkatetzaren 757/2023 Ebazpenaren bidez, erabaki zen deialdia etetea, aurkezturiko gora jotzeko bi errekurtsoak ebatzi arte (etena 2023ko 131. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, ekainaren 22an).

Nafarroako Administrazio Auzitegiak 2431 Ebazpena (2023ko irailaren 20koa) eta 3127 Ebazpena (2023ko abenduaren 20koa) eman zituen. Horietako ezta batean ere ez du aipatzen oposizio bidezko hautapen-prozesu batean euskara proba egiteko aukera ematearen desegokitasuna. Nafarroako Administrazio Auzitegia, deialdi honen oinarrien jakitun, eta zehazki, euskararen balorazioa azterturik, ez da bidezkoa orain egin den alegazioa baiestea. Izan ere, balorazio hori aipatu oinarrietan zegoen, eta oinarriok irmo geratu dira bere egunean jarritako errekurtsoak ebatzi ondoren.

31 zenbakidun agenteak eskatu du:

a) Txanda irekian sartua izan dadin, eta aurkeztu du akatsak zuzentzeko dokumentazioa.

Eginiko alegazioak azterturik, epaimahaiak aho batez erabaki du:

Alegazioa baiestea. Alegatzaileak aurkezturiko dokumentazioa aurkezturik, frogatutzat ematen da betetzen dituela deialdiko 4.4 oinarriaren lehen eta bigarren paragrafoetan eskaturiko baldintzak.

Epez kanpo, 2025eko otsailaren 28an, alegazio bat aurkeztu zen:

50 zenbakidun agenteak eskatu du:

a) Behin-behineko zerrendatik kanpo uztea.

Eginiko alegazioak azterturik, epaimahaiak aho batez erabaki du:

Alegazioa ezestea, epez kanpo aurkezteagatik.

Alegazioen gainean ebatzi ondoren, onetsiko da onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da. Zehaztuko da, gainera, prozedura osatzen duten probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren.

Legeak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Zati batean baiestea 56 zenbakidun agenteak aurkezturiko alegazioak, zioen azalpenean adierazitako arrazoiengatik.

2. Baiestea 31 zenbakidun agenteak aurkezturiko alegazioa, zioen azalpenean adierazitako arrazoiengatik.

3. Ezestea 50 zenbakidun agenteak aurkezturiko alegazioa, zioen azalpenean adierazitako arrazoiengatik.

4. Izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrendari eginiko alegazioen gainean ebatzi ondoren, onestea izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda, honako deialdi honetarako: deialdia, Udaltzaingoko agente lehenaren 2 lanpostu kategoriaz igotzeko lehiaketa bidez betetzeko. Zerrenda eranskinean ematen da.

5. Oposizioaldiko lehenengo ariketa (proba teorikoa) egiteko eguna, ordua eta lekua adieraztea (deialdiaren 6.3.1.a oinarria): 2025ko ekainaren 17an, 09:00etan, Burlatako Kultura Etxean (Bentetako ingurubidea 1, Burlata).

6. Ariketa teoriko-praktikorako dei bakarra eginen da. Izangaiek nortasun agiri nazionala eraman beharko dute edo, bertzela, pasaportea, edo gidabaimena (edo, epaimahaiaren iritziz, izangaia nor den frogatzen duen bertze nortasun agiriren bat). Oposiziotik kanpo geldituko dira agertzen ez diren izangaiak edo aipatutako agirien bidez nor diren frogatzen ez dutenak. Orobat, boligrafo urdina ekarri beharko dute. Egindako probetan lortutako puntuazioa eta hautapen prozesu honi buruzko bertze zernahi informazio izangaiei komunikatuko zaie Burlatako Udalaren web-orriko (https://www.burlada.es/eu/) egoitza elektronikoaren bidez.

Oinarrietako 6.3.1. apartatuaren a) letran zehaztutako proba teoriko-praktikoak gehienez ere 150 puntu izanen ditu guztira; test motako azterketa bat egin beharko da, 100 galderakoa, III. eranskineko gai zerrendari buruz, eta galdera bakoitzak balizko hiru erantzun izanen ditu. Galdera zuzen bakoitzeko 1,5 puntu emanen dira, eta oker bakoitzeko 0,5 puntu kenduko.

7. Interesdunei jakinaraztea honako hauek aurkez daitezkeela ebazpenaren aurka: berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita. Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Burlatako Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita. Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita. Kalifikazio epaimahaiaren egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Burlatako Udaleko alkateari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

8. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

9. Ebazpen hau jakinaraztea izangai onartu eta baztertuei.

ERANSKINA.–ONARTUEN ETA BAZTERTUEN BEHIN BETIKO ZERRENDA

–Barne igoerako txandako izangaiak.

Onartutako izangaiak:

AGENTE ZK.

POLIZIA KIDEGOA

044

Burlatako Udaltzaingoa

061

Burlatako Udaltzaingoa

059

Burlatako Udaltzaingoa

062

Burlatako Udaltzaingoa

056

Burlatako Udaltzaingoa

052

Burlatako Udaltzaingoa

050

Burlatako Udaltzaingoa

036

Burlatako Udaltzaingoa

039

Burlatako Udaltzaingoa

–Igoera txanda irekiko izangaiak.

Onartutako izangaiak:

AGENTE ZK.

POLIZIA KIDEGOA

1242

Foruzaingoa

19

Altsasuko Udaltzaingoa

1225

Foruzaingoa

56

Burlatako Udaltzaingoa

31

Antsoaingo Udaltzaingoa

Burlatan, 2025eko apirilaren 22an.–Alkate udalburua, Berta Arizkun González.

Iragarkiaren kodea: L2505990