91. ALDIZKARIA - 2025eko maiatzaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

230/2025 EBAZPENA, apirilaren 15ekoa, Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako zuzendari nagusiak emana, sarrera proben deialdia egiten duena 2025-2026 ikasturtean Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan musikako goi mailako arte irakaskuntzak egiteko.

Hala xedatuta baitago urriaren 26ko 1614/2009 Errege Dekretuaren 12. artikuluan (1614/2009 Errege Dekretua, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak araututako goi mailako arte irakaskuntzen antolamendua ezartzen duena), goi mailako arte irakaskuntzetako gradu-tituluak lortzeko irakaskuntza ofizialetarako sarrera eginen da berariazko proba bat gaindituta, betiere unibertsitatean sartzeko 25 urtetik gorakoentzako proba gaindituz gero edo hauetako titulu bat izanez gero: Batxilergoko titulua, goi mailako arte irakaskuntzetako titulu bat, unibertsitate-titulu bat edo goi mailako teknikari-titulu bat.

Hezkuntzako kontseilariak martxoaren 29an emandako 48/2011 Foru Aginduaren bidez, Nafarroako Foru Komunitatean musikako goi mailako arte irakaskuntzetan sartu, matrikulatu eta jarraitzeko arauak ematen dira, eta martxoaren 14ko 105/2018 Ebazpenaren bidez haren eranskina aldatzen da.

Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako zuzendari nagusiaren martxoaren 19ko 112/2025 Ebazpenaren bidez, 2025eko deialdia egin zen musikako goi mailako arte irakaskuntzetako graduko ikasketak egiteko sarrera proba egin dezaten ohiz kanpoko goiztiartasuna erakusten dutenek, baldin eta 2025. urte naturalean 16, 17 edo 18 urte betetzen badituzte.

Arte eta Hizkuntza Ikasketen Atalak 2025eko apirilaren 11n emandako aldeko txostena ikusirik, bidezkoa da 2025-2026 ikasturtean Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan musikako goi mailako arte irakaskuntzetan sartzeko proben deialdia egitea.

Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen azaroaren 15eko 245/2023 Foru Dekretuak emandako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Sarrera proben deialdia egitea 2025-2026 ikasturtean Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan musikako goi mailako arte irakaskuntzak egiteko, ebazpen honi gehitu zaion eranskinean jasotako oinarrien arabera.

2. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau eta eranskinak Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Arte eta Hizkuntza Ikasketen Atalera, Eskolatze Bulegora, Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatoriora eta "Pablo Sarasate" Musika Kontserbatorio Profesionalera igortzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

4. Ebazpen honen kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Hezkuntza Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Iruñean, 2025eko apirilaren 15ean.–Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako zuzendari nagusia, Gil Sevillano González.

ERANSKINA.–OINARRIAK

1. Xedea eta eremua.

Ebazpen honen xedea da Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan musikako goi mailako arte irakaskuntzak egiteko sarrera proben deialdia egitea 2025-2026 ikasturterako, Hezkuntzako kontseilariaren martxoaren 29ko 48/2011 Foru Aginduan ezarritakoarekin bat, horren bidez arauak ematen baitira Nafarroako Foru Komunitatean musikako goi mailako irakaskuntzetan sartu, matrikulatu eta jarraitzeko, eta foru agindu horren eranskina aldatzen duen martxoaren 14ko 105/2018 Ebazpenean ezarritakoarekin bat.

2. Eragina eta balioa.

Sarrera proba gainditzeak ahalbidetzen du, bakar-bakarrik, 2025-2026 ikasturtean matrikula egiteko, eta aukera ematen du irakaskuntza horiek ematen dituen estatuko edozein ikastetxetara joateko; betiere, haietan ikasposturik izanez gero.

3. Probak egiteko tokia eta egunak.

Probak Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan eginen dira (Musikaren Hiria, Antonio Pérez Goyena pasealekua 1, Iruña).

Hala ere, kasuren batean beste espazio batzuk erabili behar badira, Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioak emanen du horren berri, behar den moduan eta behar bezain goiz eman ere, hala zentroaren iragarki-taulan nola web-orrian.

Sarrera probak deialdi bakarrean eginen dira. 2025eko ekainaren 9tik aurrera hasiko dira, eta behar den denborarekin iragarriko dira Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioaren iragarki-taulan eta web-orrian.

Epaimahai bakoitzak 48 ordu lehenagotik gutxienez jarriko ditu jendaurrean probaren zati bakoitza egiteko eguna eta ordua, baita emaitzak argitara emateko eguna ere, probak eginen diren tokian eta Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioaren web-orrian (https://csmn.es/).

4. Baldintzak.

Musikako goi mailako ikasketetan sartzeko, beharrezkoa izanen da betebehar hauek betetzea:

a) Unibertsitatean sartzeko 25 urtetik gorakoentzako proba gaindituta edo hauetako titulu bat izatea: batxilergoko titulua, goi mailako arte irakaskuntzetako titulu bat, unibertsitate titulu bat edo goi mailako teknikari titulu bat.

b) Baldintza horiek betetzen ez badira, 2025a baino lehenagoko ziurtagiri bat izatea, betekizun akademikoak ordezten dituen heldutasun proba gainditu izana egiaztatzen duena. Proba hori hezkuntza administrazioek antolatzen dute, eta urriaren 26ko 1614/2009 Errege Dekretuaren zortzigarren xedapen gehigarrian aipatzen da (1614/2009 Errege Dekretua, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak araututako goi mailako arte irakaskuntzen antolamendua ezartzen duena).

Sartzen ahalko dira, orobat, 2008tik 2018ra bitarte (biak barne) Nafarroako Foru Komunitatean antolatutako deialdiren batean goi mailako heziketa zikloetan sartzeko lau proba modalitateetako edozeinen zati komuna gainditu dutela frogatzen duten pertsonak.

Sartzen ahalko dira, orobat, Arteen eta Giza Zientzien modalitateetan goi mailako heziketa zikloetan sartzeko 2019tik 2024ra bitarte (biak barne) Nafarroako Foru Komunitatean egindako proben zati komuna gainditu dutela frogatzen duten pertsonak.

c) Hezkuntza Departamentuak araututako berariazko sarrera proba bat gainditzea, izangaiak ikasketa horiek probetxuz egiteko behar diren ezagutza eta trebetasun profesionalak dituela erakusteko. Berariazko proba horrek deialdia egin den ikasturte berean matrikulatzeko balioko du bakarrik. Musikako lanbide titulua izatea aintzat hartuko da probaren azken kalifikazioan.

5. Sarrera proba, musikako goi mailako arte irakaskuntzetako gradu ikasketak egin ditzaten ohiz kanpoko goiztiartasuna erakusten dutenek, baldin eta 2025. urte naturalean 16, 17 edo 18 urte betetzen badituzte.

2025eko urte naturalean 16, 17 edo 18 urte betetzen dituztenek, baldin eta ebazpen honen 4.a) edo 4.b) oinarrietan ezarritako baldintzak betetzen ez badituzte, sarbidea izan dezakete, frogatzen badute gainditu dutela Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako zuzendari nagusiaren martxoaren 19ko 112/2025 Ebazpenean aipatzen den proba (ebazpen horren bidez, sarrera probarako deialdia egiten da musikako goi mailako arte irakaskuntzetako graduko ikasketak egin ditzaten ohiz kanpoko goiztiartasuna erakusten dutenek, baldin eta 2025. urte naturalean 16, 17 edo 18 urte betetzen badituzte, Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan).

6. Probetan izena ematea.

6.1. Probetara aurkezten direnek telematikoki aurkeztu beharko dute eskaera, Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioak bere web-orritik prestatuko duen inprimaki elektronikoaren bidez: https://csmn.es/pruebas-de-acceso/ edo zuzenean esteka honetatik: https://eoimus.educacion.navarra.es/csmn/.

Eskaera horretan, izangaiak zehaztu beharko du zein espezialitate eta ibilbidetan ematen duen izena.

6.2. Desgaitasunen bat duten izangaiek, horrek galarazten badie probak ohiko baliabideekin egitea, hala adierazi beharko dute izena ematean, eta eskaerarekin batera minusbaliotasun mailaren ebazpena edo ziurtagiria aurkeztuko dute, erakunde eskudunak emana, baita irizpen tekniko fakultatiboa eta denborak eta baliabideak egokitzeko eskaera ere. Epaimahaiak neurri egokiak eta bidezkoak hartuko ditu denborak eta baliabideak egokitzeko, eta, betiere, errespetatuko du izangaiak frogatu ahal izatea badituela irakaskuntza horiek probetxuz egiteko behar diren ezaupide eta trebetasun profesionalak.

6.3. Eskaerarekin batera, agiri hauek aurkeztuko dira:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren edo nortasun agiri baliokide baten kopia digitala, bi aldeetatik.

b) Musikako goi mailako ikasketetan sartzeko probetarako inskripzio gisa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren diru-bilketa kontuan dagokion kopurua sartu izanaren frogagiriaren gordekina. Kopuru hori ezarrita dago otsailaren 11ko 2/2021 Foru Legean, Nafarroako Foru Komunitatearen eta haren erakunde autonomoen tasa eta prezio publikoei buruzkoan, eta hauxe da: 61,79 euro. Ordainketa hori telematikoki eginen da.

Honako zerga onura hauek aplikatuko dira:

–Kategoria orokorreko familia ugarietako kideak, guraso bakarreko familiak edo gurasobakartasun egoeran daudenak (kategoria orokorrekoak) eta %33ko edo hortik gorako desgaitasun aitortua duten pertsonak: %50eko hobaria.

–Kategoria bereziko familia ugarietako kideak; guraso bakarreko familiak edo gurasobakartasun egoeran daudenak (kategoria berezikoak); ekintza terroristen biktimak (baita haien ezkontideak eta seme-alabak ere); genero indarkeriako ekintzen biktimak (baita haien seme-alabak ere); eta gutxienez %65eko desgaitasun aitortua duten pertsonak: %100eko salbuespena.

c) Kasua bada, familia ugariaren tituluaren fotokopia, guraso bakarreko familiaren tituluarena edo Barne Ministerioak ekintza terroristen biktimentzat, haien ezkontideentzat edo seme-alabentzat emandako ziurtagiriarena, edo biktimaren aldeko babes ebazpen judizialarena, kondena-epaiarena edo biktimaren aldeko kautelazko neurriarena, edo desgaitasunaren ziurtagiriarena.

d) Batxilergoko tituluaren fotokopia edo hura eskatu izanaren gordekina, titulua lortu badu.

e) 25 urtetik gorakoentzako unibertsitatera sartzeko proba gaindituta izatea frogatzen duen agiriaren fotokopia, hala izanez gero, edo goi mailako arte irakaskuntzetako titulu bat, unibertsitate-titulu bat edo goi mailako teknikari-titulu bat izatea frogatzen duenarena.

Probetan izena ematean, izangaiek, baldin eta d) eta e) ataletan aipatutako ikasketen azken maila egiten ari badira eta, hortaz, aipatutako dokumentuak ez badituzte, 2025eko uztailaren 1a baino lehen aurkeztu beharko dituzte.

f) Goi mailako arte irakaskuntzetan sartzeko, 2025 baino lehenago heldutasun proba gainditu izanaren ziurtagiriaren fotokopia, halakorik izanez gero.

g) 2008tik 2018ra bitarte (biak barne) Nafarroako Foru Komunitatean antolatutako deialdiren batean goi mailako heziketa zikloetan sartzeko lau proba modalitateetako edozeinen zati komuna gainditu duela frogatzen duen agiriaren fotokopia, halakorik badu.

h) 2019tik 2024ra bitarte (biak barne) Arteen edo Giza Zientzien modalitateetan goi mailako heziketa zikloetan sartzeko proben zati komuna gainditu dutela frogatzen duen agiriaren fotokopia, halakorik izanez gero.

Nafarroako Foru Komunitatean ohiz kanpoko goiztiartasuna erakusten duen izangai batek, izena ematean, gainditzeko baldin badauka musikako goi mailako arte irakaskuntzetako graduko ikasketak egiteko proba eta 2025. urte naturalean 16, 17 edo 18 urte betetzen baditu, eskaeran adierazi beharko du izena eman duela proba hori egiteko, eta proba gainditu izanaren ziurtagiria aurkeztu beharko du, behin betiko emaitza eskuratu bezain laster, eta, edozein kasutan, matrikula egin aurretik. Haien matrikulazioa eginen da baldin eta dokumentazio hori aurkezten badute.

i) Musikako ikasketa profesionalak egin dituzten izangaiek horien egiaztagiria aurkeztuko dute, lortutako Musikako lanbide tituluko edo Musikako lanbide irakaskuntzetako teknikariaren tituluko batez besteko nota agertzen duena, edo, hori ezean, ikasketen ziurtagiri oso bat.

j) Irailaren 10eko 2618/1966 Dekretuaren araberako musikako irakasle titulua duten izangaiek tituluaren fotokopia eta ikasketen ziurtagiri osoa aurkezten ahalko dute.

k) Izangaiak proban aurkeztuko dituen obren zerrenda.

l) Minusbaliotasun mailaren ebazpena edo ziurtagiria, erakunde eskudunak emana, hala badagokio, baita irizpen tekniko fakultatiboa eta denborak eta baliabideak egokitzeko eskaera ere.

Administrazioak edozein unetan eskatzen ahalko dizkie eskatzaileei eskaerarekin batera aurkeztutako agirien jatorrizkoak edo horien fotokopia konpultsatuak.

6.4. Eskaera non eta noiz aurkeztu.

Eskaera eta aipatutako dokumentazioa 6.1 oinarrian ezarritako bideak erabiliz aurkeztu beharko dira maiatzaren 12tik 23ra bitartean, biak barne.

6.5. Eskaera onartuak eta baztertuak.

Izena emateko ezarritako epea bukatu ondoren, Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioak aditzera emanen du, ikastetxean bertan, eskatzaile onartuen izenen zerrenda, espezialitateen arabera, eta, hala badagokio, ibilbideen arabera, bai eta baztertuenena ere, eta, kasu horretan, zehaztuko du zergatik dauden bazterturik. Baztertutako izangaiek 3 egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda argitaratzen denetik hasita, baztertzeko arrazoiak zuzentzeko moduko dokumentazioa aurkezteko. Eranskin honen 6.1 oinarrian ezarritako bideak erabiliz aurkeztuko da dokumentazioa. Izan daitezkeen erreklamazioei erantzun ondoren, onartutako eta baztertutako izangaien behin betiko zerrenda argitaratuko da, ikastetxean bertan; baztertuen kasuan, gainera, baztertzearen arrazoia zehaztuko da.

7. Espezialitateak eta ibilbideak.

Deialdi honetan, espezialitate hauetarako sarrera probak iragartzen dira: Konposizioa, Musikologia, Pedagogia eta Interpretazioa, ibilbide hauetan: Akordeoia, Harpa, Jazzeko Baxu Elektrikoa, Jazzeko Bateria, Kantua, Jazzeko Kantua, Klarinetea, Klabea, Kontrabaxua, Jazzeko Kontrabaxua, Fagota, Moko-flauta, Zeharkako Flauta, Gitarra, Jazzeko Gitarra Elektrikoa, Oboea, Organoa, Perkusioa, Pianoa, Jazzeko Pianoa, Saxofoia, Jazzeko Saxofoia, Tronboia, Jazzeko Tronboia, Tronpa, Tronpeta, Jazzeko Tronpeta, Tuba, Txistua, Biola, Biolina eta Biolontxeloa.

8. Sarrera proba berariazkoaren egitura eta edukia eta probako atal bakoitzaren balorazio partziala espezialitatearen arabera.

Berariazko sarrera probaren egitura eta edukia, baita espezialitatearen arabera probako atal bakoitzari ematen zaion balorazio partziala ere, Hezkuntzako zuzendari nagusiaren martxoaren 14ko 105/2018 Ebazpenaren eranskinean ezarritakoak izanen dira, horren bidez aldatu baitzen Nafarroako Foru Komunitatean musikako goi mailako arte irakaskuntzetan sartu, matrikulatu eta jarraitzeko arauak ezartzeko Hezkuntzako kontseilariak martxoaren 29an eman zuen 48/2011 Foru Aginduaren eranskina.

9. Berariazko sarrera proba gainditzea.

Berariazko probaren kalifikazioa bi dezimalekin adieraziko da. Sarrera proba gainditutzat joko da lortzen den azken kalifikazioa, kasuan kasuko espezialitateko probaren atal guztien ponderazio partziala egin ondoren, 5,00 puntukoa edo altuagoa baldin bada.

10. Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan eskaintzen diren ikaspostuak.

Espezialitate bakoitzean eskaintzen den ikaspostu kopurua Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiaren martxoaren 26ko 98/2010 Ebazpenean eta Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiaren maiatzaren 7ko 137/2010 Ebazpenean adierazten dena izanen da. Ebazpen horietako lehenak Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioko espezialitate bakoitzean eskura daitezkeen ikaspostuen urteko eskaintza zehaztu zuen, eta bigarrenak martxoaren 26ko 98/2010 Ebazpenaren eranskina aldatu.

11. Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan onartzea.

Hezkuntzako kontseilariaren martxoaren 29ko 48/2011 Foru Aginduaren 10. artikuluan jasotzen den bezala, Musikako lanbide titulua izatea aintzat hartuko da musikako goi mailako ikasketetan sartzeko probaren azken kalifikazioan.

Berariazko sarrera proba gainditu eta Musikako lanbide titulua edo Musikako irakasle titulua (irailaren 10eko 2618/1966 Dekretuaren arabera) edo Musikako lanbide ikasketetako teknikariaren titulua duten ikasleen kasuan, Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan sartzeko azken puntuazioa kalkulatzeko, beren ikasketa espedientearen batez besteko notaren araberako puntuazio gehigarria erantsiko zaio berariazko sarrera proban lortzen duten notari. Espediente hori Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatoriora bidali beharko da 2025eko ekainaren 6a baino lehen, helbide elektroniko honen bidez: csmnavar@educacion.navarra.es.

Berariazko sarrera proba gainditzen duten izangaiei lanbide ikasketen balorazioa gehitu ondoren, zerrenda bakar bat osatuko da espezialitate bakoitzerako eta, hala badagokio, ibilbide bakoitzerako, puntuazio altuenetik txikienera ordenatua.

Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan onartzeko prozesua espezialitate bakoitzerako bakarka lortzen den puntuazioaren arabera eginen da, altuenetik txikienera.

Onarpen prozesua bukatuta ikasposturik gelditzen bada, Kontserbatorioak beste ikastetxe bateko proba gainditu duten izangaiei esleitzen ahalko dizkie.

12. Epaimahaiak.

Espezialitate bakoitzerako epaimahai bat osatuko da, hiru kide izanen dituena: epaimahaiburua, idazkaria eta epaimahaikidea. Gainera, Interpretazioa espezialitatean, ibilbidearen araberako epaimahaiak eratzen ahalko dira.

12.1 Epaimahaien osaera.

Ikastetxeko zuzendaritzak ikastetxean kasuan kasuko espezialitatean dauden irakasleen artetik aukeratuko ditu epaimahaikideak. Horrelako irakasle aski ez badago, antzeko espezialitateetako irakasleengana joko da. Epaimahaiak ariketekin lotutako arloetako irakasleen aholkularitza izan dezake, egoki iritziz gero.

12.2 Epaimahaiak publiko egitea.

Epaimahaiko kideen izenak probak egin baino gutxienez bost egun lehenago iragarriko dira, Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioaren iragarki-taulan eta web-orrian.

13. Elkarrizketa.

Epaimahaiak elkarrizketa bat egiten ahalko die izangaiei, bakoitzaren prestakuntza eta lanbide esperientzia ezagutzeko eta musikako goi mailako ikasketei begira dituzten asmoak ezagutzeko. Epaimahaiak ikasleen jardueren eta esperientzien gaineko egiaztagiriak eska ditzake.

14. Erreklamazioak.

Proben kalifikazioen aurkako erreklamazioak, halakorik bada, epaimahaiburuari zuzenduak, probak egiten diren tokian aurkeztuko dira, bost egun balioduneko epean, emaitzak argitaratzen direnetik hasita. Erreklamazioak aurkezteko epea amaitu eta hurrengo hamar egun baliodunen barnean ebatziko dira. Ebazpen horien kontra, izangaiak beste erreklamazio bat jar dezake Hezkuntza Departamentuko Ikuskapen Zerbitzuari zuzendua, argitaratu eta hurrengo bost egunetan.

15. Aurkeztutako agiriak gordetzea.

Musikako goi mailako ikasketetara sartzekoak probaren prozesuan sortzen diren agiri guztiak bi hilabetez gordeko dira gutxienez, probak egiten direnetik.

Iragarkiaren kodea: F2505886