87. ALDIZKARIA - 2025eko maiatzaren 5a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ATARRABIA

Udal ordenantza, hiri-berroneratzeko jarduketak egiteko laguntzak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Atarrabiako Udalak, 2021eko urtarrilaren 21ean egin osoko bilkuran, erabaki zuen behin betiko onestea Hiri-berroneratzeko jarduketak egiteko laguntzak arautzen dituen udal ordenantza.

Argitara ematen da, orok jakin dezan.

Atarrabian, 2025eko martxoaren 24an.–Alkatea, Mikel Oteiza Iza.

HIRI-BERRONERATZEKO JARDUKETAK
EGITEKO LAGUNTZAK ARAUTZEN DITUEN
ORDENANTZA

SARRERA

Ordenantza hau kokatzen da udal honek 2018ko urriaren 16an Nafarroa de Suelo y Vivienda SA enpresa publikoarekin sinatutako hitzarmenaren barruan. Hitzarmen horren helburua da Europako SustaiNAVility H2020 (Grant Agreement, 785045 zenbakia) proiektua garatzeko hiri-berroneratzeko prozesuak babestea. Proiektu horren helburua da sustatzea Nafarroako Horizonte 2030 (PEN2030) energia-planaren esparruan Nafarroako eskualdean energia-efizientzia hobetzeko inbertsioak, bai jatorri publikokoak bai pribatukoak.

Hitzarmen horretan, Atarrabiako Udalak bere gain hartu zuen konpromisoa aztertzeko ea zer aukera zegoen laguntzen ordenantza bat ezartzeko, bideratua egonen zena erkidegoetako obren (inguratzaile termikoak jartzekoak kasu) kostuetarako ekarpena murriztera, zaurgarritasun ekonomikoko egoeran daudenenentzat.

Era berean, Atarrabiako Agenda 21eko (20-30 Agenda) Tokiko Ekintza Planaren ildo estrategikoetako bat 10. ildoa da: klima-aldaketaren eta haren ondorioen aurka borrokatzeko neurriak hartzea, eraikitako hiria birgaitzea eta berritzea sustatuz, berroneratze energetikoan lagunduz, bizilagunen bizi-kalitatea hobetuz eta pobrezia energetikoaren kasuak minimizatuz.

Ordenantza honen helburua da erraztea erabakiak hartzea esku-hartze orokorreko plan (EOP) baten esparruan sartuta dauden eta bizitegi-eraikinen eta haien instalazioen energia-efizientzia hobetzeko jarduketak egin nahi dituzten jabeen erkidegoen barruan, eta, horretarako, egoera ekonomiko zaurgarrienean dauden auzotarrek ordaindu beharreko kuotaren zati handi bat finantzatzea, esku-hartze orokorreko plan baten (EOP) esparruan.

Bertan definitzen dira ekonomikoki zaurgarriak diren pertsonen eta pertsona zaurgarri larrien figurak, Errenta Egokiagatiko Erosahalmen Nahikotasunari (ERREGEROSNA) loturiko errenta-muga jakin batzuei dagokienez, bizikidetza-unitateko kide kopuruaren arabera eta erreferentziatzat hartzen diren inguruabar berezi jakin batzuen arabera.

Horrenbestez, eraikitako hiria berroneratzea eta birgaitzea dira helburuak, Atarrabiako hiri-ingurunean pobrezia energetikoaren aurka borrokatzeko eta klima-aldaketara egokitzeko.

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da erregulatzea Atarrabiako Udalak ematen dituen laguntzen araubide juridikoa. Laguntzak bideratuak daude hiri-berroneratzerako jarduketak sustatzera, bizilagunen bizi-kalitatea hobetzearren eta pobrezia energetikoaren kasu kopurua murriztearren, betiere proiektu honen barnean:

–Etxebizitzen energia-efizientzia eta jasangarritasuna.

–Irisgarritasuna eta segurtasuna, erabiltzeko orduan.

Honako hauek arautuko dituzte ordenantza honetan bildutako laguntzak: ordenantza bereko preskripzioek, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean xedatutakoak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onesten baitu, eta aplikagarri diren administrazio eskubideko gainerako arauek.

2. artikulua. Esparrua.

Laguntzak aplikatuko zaizkie 3. artikuluan adierazitako obra-motetako batean sartzen diren etxebizitza kolektiboko jarduketei, ekimena sustatu dutenean jabeen erkidegoek, etxebizitza-elkarteek edo kooperatibek, sarturik daudenean udal-ekimen bidez sustatutako esku-hartze orokorreko proiektu batean eta bizigarritasun zedulak gutxienez 25 dituenean. Orobat, laguntzak aplikatuko zaizkie sistema zentralizatuak berritzeko jarduketei ere, baldin eta horiek egiten badira sistema zentralizatuetan, baldin espazio publikoari eragiten badiote, eraikin bati baino gehiagori zerbitzu egiten dioten bero-sareetan.

3. artikulua. Gastu diruz lagungarriak.

Jarduketa babesgarriek egiaztatu beharko dute betetzen dutela indarrean dagoen araudia eta badutela Jarduketa babestuaren behin-behineko kalifikazioa.

Hala behar denean, esku-hartze orokorreko proiektuan (EOP) ezarritako jarraibide teknikoak eta konposiziozko jarraibideak jasoko dituzte, onetsitako bat baldin badago eremu horretan.

Edozein kasutan ere, birgaitze obrak egitean, bermatu behar da obra horiek teknika eta eraikuntza aldetik bat egiten dutela eraikinaren egoerarekin eta egin litezkeen gainerako obrekin. Hortaz, eraikinak egitura eta eraikuntza aldetik segurtasunik ez badu, ezta argindar hornidurarik edo ur banaketarik ere, edo saneamendu orokorra modu egokian ez badabil, eta behar bezalako estankotasunik ez badu euriari aurre egiteko, obrak ez dira lagunduko haiekin batera ez badira egiten gabezia horiek konpontzeko behar diren obrak.

Ordenantza honetan ezarritako ondorioetarako, gastu diruz lagungarriak dira inolako zalantzarik gabe eraikinak eta etxebizitzak birgaitzeko direnak, jarduketa hauek, alegia:

3.1. Etxebizitzen energia-efizientzia eta jasangarritasuna.

a) Eraikineko inguratzaile termikoaren hobekuntza, murriztearren berotzeko edo hozteko behar den energia, fatxadan, estalkian, babestu gabeko beheko solairuetan edo aipatu inguratzailearen edozein paramentutan; isolamendu termikoaren hobekuntzak; zureria aldatzea eta hutsarteetan beirak jartzea; terraza teilatudunak ixtea edo haietan beira jartzea; eta bestelakoak, gailu bioklimatikoak (landare estalkiak eta fatxadak eta abar) eta itzala sortzekoak paratzea barne.

b) Sistema zentralizatu berriak jartzea edo berritzea berokuntzarako, hozketarako, etxeko ur beroa sortzeko eta egokitzapen termikoaren aireztatzerako, edo egungo sistemen efizientzia energetikoa handitzea honako hauek eginez: beroa edo hotza sortzeko ekipoak aldatzea, eta jartzea energia kontrolatzeko, erregulatzeko eta kudeatzeko sistemak, kontagailuak eta energia-kostuak banatzeko gailuak berokuntza zentraleko instalazioetan; banatze eta garraiatze sareen isolamendu termikoa jartzea edo fluido bero-eroaleak mugitzeko ekipoak aldatzea; hondakin-energiak berreskuratzeko gailuak jartzea; kanpoko airearekin dabiltzan hozteko sistemak ezartzea, baita berritzeko airearen beroa berreskuratzekoak ere, eta, eraikinak lotzea lehendik dauden bero- eta hotz-sareetara, besteak beste.

c) Energia berriztagarriak (eguzki-energia, fotovoltaikoa, biomasa, aerotermia, geotermia) sortzeko edo horiek erabiltzeko ekipoak jartzea, energia termiko edo elektriko konbentzionalaren kontsumoa murriztearren. Horien barnean daude energia berriztagarriko edozein teknologia, sistema edo ekipo jartzea ere. Esaterako, eguzki-panel termikoak eta aerotermiaren arloko konponbide integralak aire-girotzerako eta etxeko ur berorako, etxebizitzek eskatzen duten etxeko ur beroa sortzeko edo aire-girotzeko instalazioen ur beroa sortzeko.

d) Eraikineko instalazio komunen energia-efizientzia hobetzea, besteak beste lanparak eta argiak aldatuz, energia-errendimendu handiagoko beste batzuekin ordezkatuta eta orokortuz, adibidez, LED argiztapena jartzea, piztea kontrolatzeko eta argiztapen-maila erregulatzeko sistemak jartzea eta argi naturala aprobetxatzea.

e) Ur-horniduraren instalazioak hobetzea eta ura aurrezteko mekanismoak jartzea, saneamendu sare bereiziak ezartzea edo ur grisak eta euri-urak eraikinean edo lurzatian bertan berrerabiltzeko bestelako sistemak ezartzea, baita estolderia publikora isurtzen den bolumena gutxitzeko balio duten sistemak ezartzea ere.

3.2. Irisgarritasuna eta segurtasuna, erabiltzeko orduan.

Energia-efizientzia hobetzeko proiektu batean sartzen badira, honako jarduketa hauek lagunduko dira diruz:

a) Jarduketak irisgarritasun unibertsalerako eta pertsona guztientzako diseinurako, oztopoak kentzeko badira, desgaitasuna duten pertsonak eraikinaren eremu komunetan sar daitezen, bide publikotik etxebizitzetaraino, eta eremu horiek erabil ditzaten.

Horiekin batera egiten diren bestelako obrak ez dira diruz lagunduko, ez badira ordenantza honetan azaldutako helburuak zuzen lortzekoak. Eraikinetako konponketa puntualak edo mantentze-laneko jarduketak ere ez dira lagunduko, ez badute hobekuntzarik ekartzen energia-efizientzian edo irisgarritasunean.

4. artikulua. Eraikinen / etxebizitzen gutxieneko baldintzak.

Orokorrean, honako baldintza hauek bete behar dituzte higiezinek Udalaren laguntzak jaso ahal izateko:

a) Eraikineko etxebizitzek gutxienez 25 urteko edo lehenagoko bizigarritasun-zedula bat izatea.

b) Jarduketa-eremurako hirigintzako planeamenduan edo hori garatzen duen araudian ezarritakora egokitzea. "Antolamendutik kanpoko" eraikinetan egin beharreko obrek ezin izanen dituzte birgaitzerako udal laguntzak jaso.

c) Eraikinaren ebaluazio txostena edukitzea. Txosten horretan, laguntzen xede den birgaitze-proiektuaren bidez konponduko diren akatsak identifikatu beharko dira. Jarduketak jaso beharko du eraikinaren ebaluazio txostenean zehaztutako obrak egitea, eraikina Gai izan dadin.

5. artikulua. Dirulaguntzak kalkulatzeko oinarria.

Nafarroako Gobernuaren birgaitze babestuko kalifikazio espedientea duten jarduketen kasuan, dirulaguntzak kalkulatzeko oinarritzat hartuko da espedienteko diruz lagun daitekeen aurrekontua.

Bestalde, Nafarroako Gobernuko laguntzen espedienterik ez duten jarduketetarako (adibidez, erabilera publikoko espazio pribatuak berrurbanizatzeko jarduketetan), honako kontzeptu hauen batura hartuko da laguntzak kalkulatzeko aplikazio-oinarritzat:

–Kontrataren aurrekontua: obra gauzatzeko aurrekontutik kenduko dira obra babesgarri izan ezin diren partidak, eta gehituko dira gastu orokorrak eta mozkin industriala (bi horiek batera gehienez ere obra gauzatzeko aurrekontuaren %15 izateraino).

–Ordainsari profesionalak, gehienez ere kontzeptu horiengatik dirulaguntza jaso dezakeen kontrataren aurrekontu babestuaren %10eko zenbatekoarekin, honako hauek barne hartuta: EOPa idaztea, proiektu teknikoa idaztea, obren zuzendaritza fakultatiboa, eraikinaren ebaluazio-txostena, betiere laguntzen eskaera egiten bada txosten horren datatik zenbatzen hasita lehenengo bost urteetan, eta kudeaketa-gastuak (finken administrazioa), jarduketari buruzkoak soilik.

Balio erantsiaren gaineko zergaren edo eraikuntzen, instalazioen eta obren gaineko zergaren kontzeptuan ordaindu beharreko zenbatekoak ez dira inola ere sartuko birgaitze jarduketen aurrekontu babesgarriaren barnean.

6. artikulua. Zaurgarritasun egoeran daudenentzako laguntzak.

Pertsona bat zaurgarritasun-egoeretarako ezohiko laguntzen onuradun izan dadin, bere etxebizitzak ordenantza honetan jasotako jarduketaren batean parte hartu behar du.

Onuraduna zaurgarritasun egoeran edo egoera zaurgarri larrian dago baldin etxebizitzan bizi den bizikidetza-unitatearen familiaren diru-sarrera haztatuak badaude ordenantza honen 8. artikuluan ezarritako mugen barruan.

Jarraian ematen den taulan ezartzen dira zaurgarritasun egoeretarako laguntza berezietako gehieneko ehunekoa eta zenbatekoa:

ESKU-HARTZE OROKORREKO PROIEKTUETARAKO LAGUNTZEI BURUZKO UDAL ORDENANTZA

ATARRABIAKO UDALA

LAGUNTZA BEREZIAK, ZAURGARRITASUN EGOERAN DAUDENENTZAKO

JARDUKETA MOTA

FAMILIA-UNITATEAREN EDO BIZIKIDETZA-UNITATEAREN DIRU-SARRERAK

< 1 aldiz Errenta Egokiagatiko
Erosahalmen Nahikotasuna (ERREGEROSNA)

1 eta 1,7 arteko ERREGEROSNA

ETXEBIZITZEN ENERGIA-­EFIZIENTZIA ETA JASANGARRITASUNA

a) Inguratzaile energetikoa hobetzea.

%40

Gehien: 5.000 euro

%20

Gehien: 2.500 euro

b) Energia-efizientziako instalazioak hobetzea edo jartzea.

c) Energia berriztagarriak sortzeko edo erabiltzeko aukera ematen duten ekipoak instalatzea.

d) Eraikineko edo lurzatiko instalazio komunen energia-efizientzia hobetzea.

e) Urez hornitzeko instalazioak hobetzea eta ura aurrezteko mekanismoak instalatzea.

%40 2021eko urtarrila

Gehien: 2.800 euro

%20 2021eko urtarrila

Gehien: 1.800 euro

IRISGARRITASUNA ETA SEGURTASUNA, ERABILTZEKO ORDUAN

Irisgarritasun unibertsala eta pertsona guztientzako diseinua.

%40

Gehien: 5.000 euro

%20

Gehien: 2.500 euro

7. artikulua. Zaurgarritasun egoeretarako laguntzen onuradunak.

1. Zaurgarritasun egoeretarako laguntzen onuraduntzat joko dira, laguntza orokorren osagarri gisa, jarraian ematen diren oinarrizko baldintzak betetzen dituztenak, jabeak zein gozamendunak, jabeen erkidego bateko kide direnak:

–Etxebizitza horretan erroldaturik egotea, 3 hilabete lehenagotik.

–Zaharberritu beharreko eraikinean dagoen etxebizitzaren jabetza edo gozamena edukitzea eta etxebizitza horretan ohiko bizilekua izatea gutxienez 5 urtez, jarduketa amaitzen denetik zenbatzen hasita.

–Eskatzailearen familia-unitatearen familiaren diru-sarrera haztatuak (errenta egokiagatiko erosahalmen nahikotasunaren adierazlea) zortzigarren artikuluan jasotako tarteen barruan egotea.

–Udalari berariazko baimena ematea laguntza ordain dezan jabeen erkidegoaren banku-kontuan.

8. artikulua. Laguntza ekonomikoak.

Dirulaguntza indibidualak izanen dira, aplikatuz Nafarroako Gobernuaren birgaitze babestuaren Kalifikazioan onartutako Aurrekontu diruz lagungarrian parte hartzeko laguntzaren ehunekoa, eta kontuan hartuz eskatzailearen familia-unitatearen familiaren diru-sarrera haztatuak (FDH), errenta-atalase jakin batzuk, erreferentzia egiten diotenak errenta egokituagatiko erosahalmen nahikotasunaren adierazleari (ERREGEROSNA).

FDHaren kalkulua eginen da jarraikiz laguntza eskatzeko unean indarrean dagoen araudiari, eta aplikatuko da eskaera egiteko unean indarrean dagoen koadroa.

Onuradunak 5.000 euro jasotzen ahalko ditu gehienez inguratzaile energetikoa eta irisgarritasuna hobetzeko, eta 2.800 euro gehienez, hobetzeko edo jartzeko energetikoki efizienteak diren instalazioak eta ordenantza honen 6. artikuluan ezarritako koadroan jasotako gainerako kasuetarako.

Betiere, jarduketa sustatzen duen erakundeak jasoko ditu zaurgarritasun egoeretarako laguntzak; izan daiteke jabeen erkidego bat, kooperatiba bat edo etxebizitza-elkarte bat, baina bideraturik egonen dira dirulaguntza jasotzen duen jabe edo gozamendun eskatzaileari esleitutako obraren kostua murriztera. Laguntza ematen bada, interesdunari eta erakundeari jakinaraziko zaie, aldi berean.

9. artikulua. Onuradunen betebeharrak.

1. Pertsona onuradunen betebehar orokorrak dira Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren II. kapituluaren 14. artikuluan ezarritakoak.

2. Erkidegoaren edo batasunaren ordezkari edo ahalordedun bakar bat izendatu beharko da, batasunari onuradun gisa dagozkion zereginak betetzeko adinako ahalen jabe. Batasuna ezin izanen da desegin harik eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 35. eta 65. artikuluetan ezarritako preskripzio-epea iragan arte.

Nortasun juridikorik gabeko pertsona fisiko edo juridikoen batasunen kasuan, publikoak edo pribatuak izan, espresuki adieraziko dira, bai laguntzaren eskabidean bai emateko ebazpenean, batasuneko kide bakoitzak bere gain hartzen dituen konpromisoak, baita haietako bakoitzari aplikatzekoa zaion dirulaguntzaren zenbatekoa ere, horiek ere onuraduntzat hartuko baitira.

3. Gastu diruz lagungarriak gainditzen baditu Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legeak kontratu txikietarako ezartzen dituen zenbatekoak, emandako laguntza jasotzen duen jabeen erkidegoak egiaztatu beharko du hornitzaile desberdinen gutxienez hiru eskaintza eskatu direla obrarako konpromisoa, zerbitzuaren prestazioa edo ondasunaren entrega kontratatu aurretik, salbu eta ezaugarri bereziak izateagatik merkatuan ez badago obra, prestazio edo hornikuntza hori egiten duten hornikuntza erakundeen kopuru nahikorik.

Aurkeztutako eskaintzak agertu behar dira justifikazioan edo, hala badagokio, dirulaguntzaren eskaeran. Efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituko zaie haien artean aukeratzeko, eta, proposamenik onuragarriena ez bada hautatzen, espresuki justifikatu beharko da.

10. artikulua. Espedienteak izapidetzea eta ebaztea.

10.1. Aurretiazko jarduketak.

Orokorrean, interesdunek beharrezko informazioa jasotzeko, horretarako gaituta dagoen udal bulegora jo beharko dute.

Ikuskapena egin ondotik, halakorik beharrezkoa bada, bulego horrek argibideak emanen dizkie interesdunei alderdi hauen gainean:

–Zer obra egin behar diren.

–Kasu bakoitzean zer agiri tekniko behar den.

–Ordenantza honen babespean eta honi dagokionez eman daitezkeen laguntzak adieraztea, Nafarroako Gobernuaren edo beste erakunde batzuen bitartez oro har legozkiokeen laguntzak alde batera utzita.

10.2. Eskabidea eta aurkeztu beharreko agiriak. Interesdunek dagozkien agiriak aurkeztuko dituzte horretarako gaitua dagoen bulegoan. Horiekin batera, behin-behineko kalifikazioa izapidetzeko behar den dokumentazioa aurkeztuko dute. Etxebizitzaren arloan eskudun den departamentuak eskatutako dokumentazio horretan honako hauek jasoko dira orokorrean: (egokitasun-txostena edo behar bezala justifikatzea indarreko araudia betetzen dela).

1) Ezohiko laguntza eskatzeko inprimakia, ordenantza honen 2. eranskinaren araberakoa, honako hauek egiaztatzeko agiriekin batera:

a) Obra-lizentzia eskatzeko inprimakia edo obra-lizentziaren kopia, ordenantza hau indarrean jarri baino lehenago emana bada, betiere obrak ordenantza honetan jasotako baldintzekin bat badatoz eta laguntzak eskatu diren egunean ez bada hasi diruz lagun daitekeen jarduketa gauzatzen.

b) Jabeen erkidegoaren ziurtagiria, jabeen erkidegoaren barruko partaidetza-koefizientea jasotzen duena, banaketa horizontalaren eta bakoitzari esleitutako obraren kostuaren arabera.

c) Jabeen batzarraren edo entitate kudeatzailearen erabaki baliozkoa, bertan espresuki adierazita obrak egiteko konpromisoa hartzen dutela.

d) Proiektuan edo memorian jasotako obrak kontratatzeko hiru aurrekonturen kopia –bakoitza enpresa batena– edo hiru eskaintza/aurrekontu eskatzeko konpromisoa, gastu lagungarria 40.000 euro baino gehiagokoa bada. Eskaintzarik onena hautatzeko jabeen erkidegoak onetsitako balorazio irizpideak azaldu behar dira (prezioa, epea eta abar).

Dagoeneko eraikuntza enpresa hautatu baldin badute, hori erabakitzeko arrazoiak eta horretarako erabilitako irizpideak agertu behar dituzte txosten batean.

e) Banketxearen frogagiria, bertan azalduta jabeen erkidegoaren izenean dagoen kontu zenbakia, dirulaguntza sartzeko.

Jabeen erkidego bateko kide izanik, zaurgarritasun egoeran daudenentzako laguntza bereziak eskatzen dituzten jabe edo gozamendunek aurkeztu beharreko dokumentazioari dagokionez:

2) Zaurgarritasun egoeran daudenentzako laguntza berezia ordaintzeko eskabidea, ordenantza honen 2. eranskinaren arabera. Frogagiriak erantsi behar dira honako hauen inguruan:

a) Birgaitu beharreko higiezinaren/higiezinen jabetzaren, gozamenaren eta eskubide errealen egiaztapena, Jabetza Erregistroko informazio-ohar sinple eguneratuaren bidez.

b) Errolda-ziurtagiria.

c) Familia-unitatearen edo bizikidetza-unitatearen pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren (PFEZa) aitorpena(k), eskaera egiten den egunean indarrean dagoena.

d) Inguruabar bereziak frogatzen dituen dokumentazioa edo ziurtagiria, Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako Departamentuak emana, edo beste edozein administrazio eskudunek.

10.3. Ebazpena eta ebazteko eskumena.

Udalak berariazko ebazpena eman baino lehen, eskabideei buruzko txostena eginen da, eta erabaki hori obra-lizentzia emateko administrazio-egintzarekin bat etor daiteke. Hala ere, laguntza horiek ordaintzeko, beharrezkoa izanen da udal espedientea behin betiko ebatzita egotea, obrak egin direla justifikatu ondoren.

Era berean, obretarako udal lizentzia duten proiektuei laguntzak ematen ahalko zaizkie, baldin eta obrak hasi ez badira.

Udalaren aurrekontuan baliabide ekonomikoak nahikoak izan behar dira, eman ahal izateko behar den ekitaldi ekonomikoaren kargurako laguntzak. Aurkezpenaren ekitaldian aurrekontu ahalmenik ez badago, hurrengo ekitaldietan erantzunen zaie.

Oro har, eta ordenantza honetan bereziki jasota ez dauden eta tramitazioan gerta daitezkeen inguruabar berezietan, Nafarroako Gobernuaren irizpenari jarraituko zaio, etxebizitza arloko jarduketa babesgarriei buruzko dekretua aplikatzeari buruzko irizpenari, hain zuzen.

Ordenantza honen aplikazioari dagokion guztian, ordenantza justifikatzen duten helburuak lortzeko ordenantza normaltasunez betetzen dela zainduko du udal organo eskudunak.

11. artikulua. Laguntza ekonomikoak ordaintzeko modua eta epeak.

1. Ezin izanen dira gorantz berrikusi Udalak ematen duen laguntzaren ebazpen espresuan baietsitako laguntzen zenbatekoa eta ehunekoa.

Obren azken kostuaren justifikazioa txikiagoa bada hasieran onetsitako espedientearen diruz laguntzeko moduko aurrekontua baino, beheranzko berrikuspena eginen da.

2. Espediente bakoitzari dagozkion laguntzen egiazko likidazioa eginen da obrak behar bezala bukatzen direnean, betiere bi hilabeteko epean, interesdunak aginduzko "Obra bukaeraren orria" aurkezten duenetik hasita, eta obrek bat egiten badute lizentziarekin, dagokion dokumentu teknikoarekin eta aplikatzekoa den gainerako araudiarekin.

Aurreko apartatuan adierazitakoa gorabehera, Udalak, diskrezionalitatez, udal laguntzen zenbateko bat aurreratu dezake (gehienez ere %25) Udalak dirulaguntzaren xede diren obretarako nahitaezko obra-lizentzia ematen duenetik aurrera.

3. Onuradunak justifikatu beharko du lagundu den jarduketa egin egin dela, hura ordaindu baino lehen, horretarako baldintza izanen baita. Horretarako, honako hauek aurkeztu behar ditu:

–Obra amaierako ziurtagiria, dagokion elkargo ofizialak ikus-onetsia.

–Obren bukaerako kostua frogatzen duten agiriak eta/edo gastua ziurtatzen duten fakturak.

–Jabeen erkidegoaren frogagiria, bertan azalduta jabeen erkidegoa osatzen duten partaidetza-koefizienteak, banaketa horizontalaren araberakoak. Egindako gastuak eta lortutako diru-sarrerak zerrendatuko dira, modu antolatuan eta kontzeptuka sailkatuta.

4. Kalifikazioaren elementu eta oinarri gisa aurkeztutako proiektu teknikoaren alderdi guztiak errespetatu beharko dira egin beharreko obrak gauzatzean, eta, beraz, ezin izanen da aldaketarik egin (bereziki, arkitekturaren, materialen edo egin beharreko tratamenduen kalitateari eragiten diotenean), zerbitzu teknikoen aldez aurreko baimenik gabe.

5. Udaleko zerbitzu teknikoek lizentziaren gaineko aurrekariak eta espedientean jasotako dokumentazioa aztertuta, obrak ikuskatuko dituzte, dirulaguntzaren xedeari egokitzen zaizkion eta obra lizentziaren arabera egin diren egiaztatu beharrez, bai eta eskatutako dokumentazioa behar bezala aurkeztu den egiaztatzeko ere.

6. Udal zerbitzu teknikoei dagokie nahitaezko txosten teknikoa idaztea, obrak amaitu ondoren, udalak, horiek egoki badira, espedientean jasota dauden gainerako laguntzak likidatu ditzan, bai eta espedientearekin zerikusia duten alderdi guztien jarraipena eta kudeaketa egitea ere, hasieratik amaitu arte, onuradunek dirulaguntzak erabat eraginkorrak izanen direla bermatzeko.

7. Jarduketak, laguntza hauetaz gain, bestelako dirulaguntzekin edo baliabideekin finantzatu direnean, justifikazioan diru horien zenbatekoa eta jatorria frogatu beharko dira eta, orobat, funtsak diruz lagundutako jarduketari aplikatu zaizkiola.

8. Edozein kasutan ere, laguntzak ematen dituen organoak eska dezakeen beste edozein dokumentazio aurkeztu behar da, egindako jarduketak justifikatzeko.

9. Laguntza jaso eta gero ezin izanen da berriro eskatu ordenantza honetan jasotako laguntza bost urteko epean, birgaitzea bereziki konplexua den eraikinen kasuan izan ezik. Kasu horretan, faseka birgaitzea onartzen ahalko da, eta laguntzak fase bakoitzerako emanen dira, betiere udal zerbitzu teknikoek aldeko txostena ematen badute eta udal organo eskudunak onartzen badu.

12. artikulua. Laguntzen bateragarritasuna.

1. Ordenantza honetan laguntza mota bakoitzerako ezarritako irizpideen aplikazioak ezarriko du Udalaren laguntza ekonomikoen muga.

2. Udalaren laguntzak Nafarroako Gobernuak horretarako ezarrita dituenen osagarri izanen dira, baita espedientean helburu bererako izaten den beste edozein laguntzaren osagarri ere.

3. Dirulaguntzen zenbatekoa ez da inoiz handiagoa izanen diruz lagundutako jardueraren kostua baino, ez berez, ez hari gehituta beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera eta baliabide batzuk, edozein administrazio, erakunde edo pertsonarengandik datozela ere.

4. Proiektu edo jardueraren kostuaren aldean, erakunde publikoetatik hartutako dirulaguntzak sobera direnean, nahiz bateragarriak izan, onuradunak soberakina eta berandutzaren interesak itzuli beharko ditu, frogagiriari ordainketa-gutunak gehituta. Laguntza ematen duten erakundeei itzuliko zaie gehiegizko zenbatekoa; zenbat eman duen bakoitzak, haren proportzioan.

Hala ere, Administrazioa ohartzen bada gehiegizko finantzaketa horretaz, gehiegizko zenbatekoa osorik itzultzeko exijituko du, hark emandako dirulaguntzaren mugaraino.

13. artikulua. Laguntzen publizitatea.

Atarrabiako Udalak zehazten ahalko ditu zabalkundea emateari buruzko neurriak, diruz lagundutako helburuaren arabera hartu eta egokitu behar direnak, forman zein iraupenean. Izan liteke Udalaren irudi instituzionala sartzea eta finantzaketa publikoari buruzko aipamenak egitea kartel, plaka oroigarri, inprimatutako material, baliabide elektroniko edo ikus-entzunezkoetan, edo komunikabideetan egiten diren aipuetan.

Jarduketak beste finantza-iturri batzuk izan eta onuraduna inguruabar hori jakinaraztera behartua denean, Udalaren dirulaguntzaren berri emateko bideak eta haiei eman beharreko garrantzia beste finantza-iturri horietarako erabilitakoen berdintsuak izan behar dira.

14. artikulua. Laguntzen xedea.

Laguntzen onuradunek dirulaguntzaren xede zehatzerako erabili beharko dituzte ondasunak, gutxienez bost urtez.

Xedearekiko betebehar horri huts eginez gero, hala gertatuko baita betiere ondasuna besterentzen edo kargatzen denean, laguntza itzuli egin beharko da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren II. tituluan ezarritako moduan; ondasuna itzulketari atxikiko zaio, zein den ere jabea, non ez den hirugarren bat, erregistroko fede publikoak babestua, edo ondasunak fede onez eta titulu zuzenez eskuratu direla justifikatzen bada.

Xedearekiko betebehar hori ez da huts egintzat joko Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31.5 artikuluan jasotako kasuetan, ez eta Nafarroako Gobernuak bere araudian jasotako kasuetan eta tokiko gobernu batzarrak onetsitako kasu berezietan ere.

15. artikulua. Laguntzak galtzea eta/edo itzultzea.

1. Ordenantza honetako baldintzak eta beharkizunak betetzen ez badira, edo aurkeztutako dokumentazioan edozein datu faltsutzen bada, Udalak emandako laguntza guztiak deuseztatuko dira eta espedientean izan daitezkeen onurak bertan behera geldituko; gainera, jasotakoa itzuli beharko da, legezko interesak barne, jaso ziren unetik. Indarrean dagoen legerian diru-bilketarako ezarritako premiamendu bidez ordainaraz daitezke, gertatzen baldin bada honako hauetan jasotako arrazoietako bat: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan eta dirulaguntza eta laguntza publikoei aplikatzekoak diren gainerako xedapenetan.

2. Jabeen erkidegoen kasuan, deuseztapen hori banaka egin daiteke, erkidegoko kideetatik bat bakarra bada betetzekoari huts egiten diona, edo taldeka, erkidegoari berari egozten ahal baldin bazaio.

16. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

Dirulaguntzen arloko arau-hauste administratiboak dira azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean tipifikatutako egiteak eta ez-egiteak (Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorra), eta horiek zehatuko dira jarraikiz aipatutako legean eta hura garatzeko araudian ezarritako prozedurari.

17. artikulua. Indarraldia.

Ordenantza hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean, eta mugagabeko iraunaldia izanen du.

I. ERANSKINA.–ZER DIREN ETA NOLA KALKULATZEN DIREN FAMILIAREN DIRU-SARRERA HAZTATUAK

Zaurgarritasun-egoeretarako laguntza ekonomikoen eskaerak baloratzeko hartzen diren diru-sarrerak ematen ditu "Zerga-oinarriaren zati orokorrak", 507. laukiko epigrafearekin bat datorrenak, aitorpen hori Nafarroan egin baldin bada. Zerga Oinarriaren Zati Orokorraren (PGBI) diru-sarrerak handitu egiten dira benetan jasotako eta tributaziotik salbuetsitako errentekin; beraz, errenta horiek adierazi egin behar dira. Adibidez, salbuetsitako errentak dira: Gizarte Segurantzaren eta Administrazio Publikoen prestazioak edo pentsioak, kaleratzeagatiko kalte-ordainak, loteria-sariak eta antzekoak, ikasketa-bekak eta deialdi publikoen bidezko prestakuntza... Hala ere, ez dira errenta salbuetsitzat hartzen, eta, beraz, ez dituzte handitzen PGBIren diru-sarrerak honako hauek: kilometrajeagatiko konpentsazioak, joan-etorriengatiko dietak, elikagaiengatiko urterokoak... Errenta salbuetsiak errenta-aitorpenaren 529. laukiaren epigrafean daude.

Errenta-aitorpena Nafarroakoa ez den beste zerga-administrazio batean egin bada, komeni da kontsultatzea zer zenbateko diren konputagarriak diru-sarrera gisa.

Familiaren diru-sarrera haztatuak (https://www.navarra.es/NR/rdonlyres/5D02A8B5-9144-4337-BF70-3A5497238A4B/0/TABLASDEINGRESOSSARArenta2018.pdf) ateratzen dira honela konputatutako diru-sarrerak bi koefizienterekin biderkatuta; 0,94ko balio finkoa duen T koefizientea, eta N koefizientea edo familia-unitatearen koefizientea, balio desberdina duena familia-unitateko kide kopuruaren arabera, eta honako balio hauek dituena:

FAMILIA UNITATEA

N

1

1

2

0,75

3

0,70

4

0,66

Hortik gorako kide bakoitzeko, ponderazio koefizienteari 0,04 kenduko zaio. Familia-unitatea osatzen dute ezkontideek eta seme-alaba adingabeek. Familia-unitateko kideren bat 65 urtetik gorakoa bada, pertsona bat gehiago zenbatuko da. Gauza bera gertatzen da pertsonaren batek %33tik gorako desgaitasuna badu.

Horrela lortutako zenbatekoak dagokion urteko errenta egokiagatiko erosahalmen nahikotasun (ERREGEROSNA) indizearen bidez adierazten dira (n urteko diru-sarrerak n urteko ERREGEROSNA indizearekin alderatzen dira). Horrela, formula honela geratuko litzateke:

n urteko diru-sarrerak x N koefiz. x T koefiz.

= ERREGEROSNA indize kopurua

-------------------------------------------------------------------

ERREGEROSNA indizea n urtean

FDH (familiaren diru-sarrera haztatua) =

(Zerga-oinarriaren zati orokorra (507 laukia) + Errenta salbuetsiak (529 laukia)) x NxT

-----------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------

ERREGEROSNA indizea (Ondorio askotarako errenta-adierazle publikoa) = Ebazpenak urtero finkatzen du

II. ERANSKINA.–HIRIA BERRONERATZEKO LAGUNTZEN ESKABIDEA

Izena: ........................................................................................................... IF................................, ........................................................... jabeen erkidegoko lehendakaria/administratzailea naizen aldetik (IFK:..................................................... Helbidea: ...................................................................................................................................), hau adierazten dut:

–Jabeen erkidegoak bere higiezinaren birgaitze obrak egiteko asmoa duela ordenantza honi jarraikiz, eta honako hauek aurkezten ditudala:

Obra-lizentziaren edo horren eskabidearen kopia.

Jabeen erkidegoaren ziurtagiria, jabeen erkidegoaren barruko partaidetza-koefizientea jasotzen duena, banaketa horizontalaren eta bakoitzari esleitutako obraren kostuaren arabera.

Jabeen erkidegoaren edo entitate sustatzailearen erabaki baliozkoa, obrak egitekoa.

–Erkidegoak obrak kontratatzeko hiru eskaintza/aurrekontu aurkezten ditu edo eskatzeko konpromisoa hartzen du, eta efizientzia- eta ekonomia-irizpideen arabera hautatuko dira.

Aurkeztutako hiru eskaintzen kopia eta hautaketaren justifikazio memoria.

–Atarrabiako Udalari baimena ematen diodala dagozkion laguntzak ordaintzeko jabeen erkidegoaren banku-kontu honetan:

Kontuaren titularra: ............................................................................................................................

Kontuaren zenbakia: ............................................................................................................................

Banketxearen ziurtagiria.

.....................................................(e)n, ................(e)ko ...............................aren ........(e)(a)n.

Stua.: ...................................................................................................................................................

IFZa: ....................................................................................................................................................

3. ERANSKINA.–HIRIA BERRONERATZEKO LAGUNTZAK ORDAINTZEKO ESKABIDEA

Izena: ........................................................................................................... IF................................, ..................................................................... kaleko .................... solairuan dagoen etxebizitzaren jabea naizen aldetik, eta Hiri Berroneratzeko Jardueretarako Laguntzei buruzko udal-ordenantzan jasotako zaurgarritasun-egoeretarako laguntzaren onuradun naizen aldetik, honako hau adierazten dut:

–Diruz lagungarria den jarduketaren xedeko etxebizitzaz aparte, ez naizela beste etxebizitza baten jabariaren edo haren erabileraren edo gozamenaren eskubide erreal baten titularra %100ean.

–Atarrabian erroldatuta nagoela.

Errolda-ziurtagiria.

–Ez dudala jasotzen PFEZn aitortutakoez eta aitortutako errenta salbuetsiez bestelako diru-sarrerarik.

PFEZren azkeneko aitorpena.

–Bizikidetza-unitateak gutxienez adingabeko bat duela bere ardurapean, eta honako hauek aurkezten ditudala:

Familia liburuaren kopia eta, hala badagokio, familia ugariaren txartela.

–Familia-unitatean inguruabar bereziren bat gertatzen dela:

Bonu soziala eskatzeko inguruabar berezien ziurtagiria, Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako Departamentuak emana.

Bestelako frogagiriak.

–Atarrabiako Udalari baimena ematen diodala behean sinatzen duenari dagokion laguntza ordaintzeko, jabeen erkidegoaren banku-kontu honetan:

Kontuaren titularra: ...........................................................................................................................

Kontuaren zenbakia ..........................................................................................................................

.....................................................(e)n, ................(e)ko ...............................aren ........(e)(a)n.

Stua.: ...................................................................................................................................................

IFZa: ....................................................................................................................................................

Iragarkiaren kodea: L2504446