Iragarkia
87. ALDIZKARIA - 2025eko maiatzaren 5a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK
1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza
1089/2025 EBAZPENA, apirilaren 14koa, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak emana, industria ingeniari teknikoaren lanpostuan aritzeko izangaien bi zerrenda hautaproben bidez osatzeko deialdia onesten duena. Zerrendetako bat prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko izanen da, eta bestea, aldi baterako kontratazioak egiteko.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak dituen langile beharrak ikusirik, bidezkoa da deialdi bat onestea industria ingeniari teknikoaren lanposturako honako bi zerrenda hauek osatzeko, hautaproben bidez: batetik, izangaien zerrenda bat, prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko, eta bestetik, izangaien beste zerrenda bat, lanpostu horretan aldi baterako kontratudun gisa aritzeko. Zerrenda horiek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan sortzen diren beharrei erantzuteko erabiliko dira, salbu Osasun Departamentuaren menpeko erakundeetan.
Apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuan ezarritakoaren arabera, aldi baterako kontrataziora jo aurretik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta haren erakunde autonomoek bertako langile finkoei eskainiko dizkiete bete nahi dituzten lanpostuak, eta, horretarako, behar diren hautaprobetarako deia eginen dute, lanpostu horietan prestakuntza jaso nahi duten izangaien zerrendak egiteko.
Deialdi hau honako hauetan ezarritakoari jarraikiz onesten da: apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretua, zeinaren bidez, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren 24.2 artikulua partzialki garatuz, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileen prestakuntza eta lanbide hobekuntza eskaintzen baitira; Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren abenduaren 30eko 199/2004 Foru Agindua, prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko izangaien zerrendak osatu eta kudeatzeko prozedura ezartzen duena; ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42.2.c) artikulua; eta Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesteko abenduaren 31n emandako 814/2010 Foru Agindua; bai eta aplikatzekoak diren gainerako arauak ere.
Horrenbestez, eta otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuaren bidez esleiturik ditudan eskudantziak erabiliz, hauxe
EBAZTEN DUT:
1. Industria ingeniari teknikoaren lanpostuan aritzeko izangaien bi zerrenda hautaproben bitartez osatzeko deialdiak onestea: bata, prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko, eta bestea, aldi baterako kontratazioak egiteko, gero Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan sortzen diren beharrei erantzuteko, Osasun Departamentuaren menpeko erakundeetan izan ezik.
2. Agintzea ebazpena eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela.
3. Ebazpen hau eta eranskinak jakinaraztea Egiturako, Plantillako eta Langileen Aldi Baterako Kontratazioetarako Zerbitzuari, Langileriaren Prozedurak Kudeatzeko Zerbitzuari, eta Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiko Langileriaren Gastuaren Kontrolaren eta Nominen Zerbitzuari, eta izendatutako epaimahaikideei, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2025eko apirilaren 14an.–Funtzio Publikoko zuzendari nagusia, Rashid Mohamed Vázquez.
I. ERANSKINA.–DEIALDIA, HAUTAPROBEN BIDEZ INDUSTRIA INGENIARI TEKNIKOAREN LANPOSTUA BETETZEKO BI IZANGAI ZERRENDA OSATZEKO: ZERRENDA BAT PRESTAKUNTZARAKO ZERBITZU BEREZIETAN ARITZEKO IZANEN DA, ETA BESTEA ALDI BATERAKO KONTRATAZIOAK EGITEKO
Hona hemen deialdiaren:
OINARRIAK
Lehena.–Deialdiaren xedea.
Deialdi honen xedea da hautaproben bitartez industria ingeniari teknikoaren lanpostuan aritzeko izangaien bi zerrenda osatzea: bata, prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko, eta bestea, aldi baterako kontratazioetarako, gero Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan sortzen diren beharrei erantzuteko, Osasun Departamentuaren menpeko erakundeetan izan ezik.
Aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrenda erabili baino lehen, langile finkoen zerrendak erabiliko dira, daudenak edo etorkizunean osatzen direnak, apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuan xedatutakoaren arabera.
Bigarrena.–Prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko izangaien zerrenda osatu nahi duten parte-hartzaileek bete beharreko baldintzak.
2.1. Onartuak izateko, deialdi honetan parte hartu eta prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko izangaien zerrenda osatu nahi duten izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea akitzen den egunean:
a) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finkoa izatea, deialdi honen xede diren lanpostuena baino maila edo talde beheragokoa, eta eskubidez dagokion gehieneko prestakuntzaldia agorturik ez izatea.
b) Bere lanpostuan gutxienez hiru urteko zerbitzualdia benetan egin izana.
c) Ez egotea borondatezko edo nahitaezko eszedentzian.
d) Industria ingeniari tekniko gisa zerbitzu berezietan prestakuntza jasotzeko zerrenda batean dagoeneko ez egotea.
e) Industria Ingeniaritza Teknikoaren unibertsitate titulua izatea, edo industria ingeniari teknikoaren lanbide arautuan jarduteko gaitzen duen titulua, edo horietako baten baliokidea den titulua; edota titulua eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina izatea, edo, bestela, eskabideak aurkezteko epea bukatu aurretik titulua eskuratzeko moduan egon delako ziurtagiria.
Titulu horiek ezin dira izan langile finkoari jarduneko zerbitzuan aritzeko balio diotena.
Titulua atzerrian lortu bada, baliozkotuta edo homologatuta dagoela frogatzen duen agiria eduki beharko da. Baldintza hori ez zaie aplikatuko beren lanbide kualifikazioaren aitorpena Europar Batasuneko xedapenen babesean eta lanbide arautuen esparruan eskuratu duten izangaiei.
f) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete behar diren eginkizunetan aritzeko.
g) B motako ibilgailuen gidabaimena izatea.
2.2. Aurreko apartatuan jasotako baldintza guztiak eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko dira, baita hautapen prozedura osoan, izendapenaren unean eta prestakuntzak iraun bitartean ere.
2.3. Prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko izangaien zerrenda ezin dute osatu Hezkuntza Departamentuko irakasleek, Osasun Departamentuko erakunde autonomoei atxikitako langileek, Nafarroan Justizia Administrazioan ari diren langileek, ez eta Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuaren aplikazio eremutik kanpo dauden langileek ere.
Hirugarrena.–Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda osatu nahi duten parte-hartzaileek bete beharreko baldintzak.
3.1. Onartuak izateko, deialdi honetan parte hartu eta aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda osatu nahi duten izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea akitzen den egunean:
a) Espainiako nazionalitatea eduki beharko dute, Europar Batasuneko estatu batekoa edo Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera langileen joan-etorri askea aplikatzen duen estatu batekoa.
Parte har dezakete, orobat, herritar espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatutako nazioarteko tratatuen aplikazio eremuan sartzen diren estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.
b) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.
c) Industria Ingeniaritza Teknikoaren unibertsitate titulua izatea, edo industria ingeniari teknikoaren lanbide arautuan jarduteko gaitzen duen titulua, edo horietako baten baliokidea den titulua; edota titulua eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina izatea, edo, bestela, eskabideak aurkezteko epea bukatu aurretik titulua eskuratzeko moduan egon delako ziurtagiria.
Titulua atzerrian lortu bada, baliozkotuta edo homologatuta dagoela frogatzen duen agiria eduki beharko da. Baldintza hori ez zaie aplikatuko beren lanbide kualifikazioaren aitorpena Europar Batasuneko xedapenen babesean eta lanbide arautuen esparruan eskuratu duten izangaiei.
d) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete behar diren eginkizunetan aritzeko.
e) Ez dira eginkizun publikoak betetzeko desgaiturik ez bazterturik egoten ahalko, ez eta administrazio publiko baten zerbitzutik bereizita ere.
f) B motako ibilgailuen gidabaimena izatea.
3.2. Aurreko apartatuan jasotako baldintza guztiak eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko dira, baita hautapen prozedura osoan, kontratatzeko eskaintza egiten zaien unean eta kontratuak iraun bitartean ere.
Laugarrena.–Eskabideak eta agiriak.
4.1. Eskabideak aurkezteko epea.
Deialdi honetan parte hartzeko eskabideak hamar egun balioduneko epean aurkeztu beharko dira, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.
4.2. Eskabidea aurkeztea eta formalizatzea.
Hautapen prozesu honetan parte hartu nahi dutenek telematikoki aurkeztu beharko dute eskabidea, Internet bitartez, https://www.navarra.es/eu/enplegu-publikoa helbidean, "Herritarrentzako lan deialdiak" atalean, deialdi honen fitxan sartuz.
Eskabidean, interesdunek adierazi behar dute baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.
4.3. Parte hartzeko eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa:
%33ko edo hortik gorako desgaitasuna izanik parte hartzen dutenek horren berri eman beharko dute eskabidean; gainera, organo eskudunak emandako dokumentazioa erantsi beharko dute, eskaneaturik, hori frogatzeko.
% 33ko desgaitasuna edo hortik gorakoa duten izangaiek agiri hauetako bat aurkeztu behar dute hura frogatzeko:
–IMSERSOk edo autonomia erkidegoan eskumena duen organo eskudunak emandako ziurtagiria.
–Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpena, prestazio bat jasotzeko eskubidea onartzen diona hauetakoren bat edukitzeagatik: ezintasun iraunkor osoa, ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia.
Desgaitasuna izateagatik eta hala behar izateagatik probak egiteko denboretan eta bitartekoetan egokitzapenen bat eskatzen duten izangaiek hala adierazi beharko dute eskabidean, eta, horretarako prestatutako tokian, adierazi beharko dute zer egokitzapen behar duten edo denbora eta/edo bitartekoak nola doitu behar diren. Horretarako, izangaiak egokitzat jotzen duen dokumentazioa aurkez dezake, eskabidea aurkeztean. Pertsona horiek Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziara bideratuko dira, proba egiteko denbora eta baliabide aldetik behar dituzten egokitzapenak zehazteko.
Izangaiek aurkezten duten dokumentazioak ez du zertan izan jatorrizkoa edo fotokopia konpultsatua; hortaz, dokumentu horien kopia arruntak aurkezten ahalko dira, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira. Hala ere, Administrazioak noiznahi eskatzen ahalko dizkie izangaiei aurkeztutako dokumentazioaren jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak.
Desadostasunik sortzen bada ofizioz egiaztatutako datuen eta interesdunak deklaratzen dituenen artean, edo haien gaineko alderdiren bat argitu behar bada, behar den errekerimendua eginen da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.
Bosgarrena.–Izangaien onarpena.
5.1. Behin-behineko zerrendak.
Eskabideak aurkezteko epea bukatu ondotik Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak ebazpena emanen du izangai onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrendak onesteko, eta Nafarroako Gobernuaren webgunean (www.nafarroa.eus) argitaratzeko aginduko du (deialdiaren fitxan). Horretarako, zerrenda hauek argitaratuko dira:
–Prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko izangaien zerrendan sartzeko onartutakoen eta baztertutakoen behin-behineko zerrenda.
–Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendan sartzeko onartutakoen eta baztertutakoen behin-behineko zerrenda.
Behin-behineko zerrendak argitaratu eta biharamunetik hasita, izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko. Erreklamazioak telematikoki aurkeztu beharko dira, Nafarroako Gobernuaren webgunearen bidez (www.nafarroa.eus), deialdiaren fitxan.
Izangai bazterturik ez bada, onartuen behin betiko zerrendak zuzenean onetsiko dira.
5.2. Behin betiko zerrendak.
Erreklamazioak edo zuzenketak egiteko epea igaro ondoren, eta horiek ebatzi ondoren, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak, ebazpen bidez, onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrendak onetsiko ditu. Horretarako, zerrenda hauek argitaratuko dira:
–Prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko izangaien zerrendan sartzeko onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrenda.
–Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendan sartzeko onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrenda.
Zerrenda horiek Nafarroako Gobernuko webgunean (www.nafarroa.eus) argitaratuko dira, deialdiaren fitxan, deialdian aurreikusitako hautaproba egiteko data, ordu eta tokiarekin batera.
Emandako epean aurkeztutako eskabidea zuzendu ez duten edo behar bezala zuzendu ez duten izangaiek eskabideetan atzera egin dutela ulertuko da.
Onartuen zerrendetan agertzea ez da aski deialdi honetan eskatutako betebeharrak betetzen direla aitortzeko. Izangaiek aurkeztu behar duten dokumentazioa edo Administrazioak bere eskuetan daukana aztertuta, baldintzaren bat betetzen ez dela ohartuz gero, interesdunek deialdian parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak galduko dituzte.
5.3. Izangai onartu eta baztertuen zerrendak argitaratzearekin ulertuko da interesdunei egin beharreko jakinarazpena egin dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluan ezarritakoarekin bat.
Seigarrena.–Kalifikazio epaimahaia.
6.1. Kalifikazio epaimahaia honako hauek osatuko dute:
Epaimahaiburua: Laura Larraya Irigoyen, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuko Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuko zuzendaria.
Ordezko epaimahaiburua: Javier Amezaga Ruiz, Industria eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuko Enpresen Erregistroaren eta Industria Segurtasunaren Ataleko burua.
Epaimahaikidea: Esperanza Aristu Pérez de Larraya, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuko Trantsizio Energetikoaren Zerbitzuko zuzendaria.
Ordezko epaimahaikidea: Francisco Javier Larrea Larraz, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuko Deskarbonizazio Ataleko burua.
Epaimahaikidea: Iñaki Elías López, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuko Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko zuzendaria.
Ordezko epaimahaikidea: Gabriel Viedma Moreno, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuko Meatzeen Ataleko burua.
Epaimahaikidea: Fernando Urricelqui Chasco, Langileen Batzordeak izendatutako ordezkaria.
Ordezko epaimahaikidea: María Laura Tejada Salvatierra, Langileen Batzordeak izendatutako ordezkaria.
Idazkaria: Ana Sáinz Jiménez, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuko Industriaren, Energiaren eta Meatzeen Araubide Juridikoaren Ataleko burua.
Ordezko idazkaria: Isabel Akerreta Larraz, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuko Laguntza Juridikoaren Ataleko burua.
6.2. Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean abstentziorako aipatzen diren arrazoietako bat gertatzen denean, epaimahaiko kideek ez dute epaimahaian parte hartzen ahalko, eta Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiari jakinarazi beharko diote.
Halaber, hori gertatzen denean, zilegi da epaimahaia osatzen duten kideak errekusatzea.
6.3. Hautaproba egiten hasi aurretik eratuko da epaimahaia.
Epaimahaia ez da eratzen ahalko, eta ez du jarduten ahalko ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan. Halaber, epaimahaiaren eraketak eta jardunak balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.
6.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren auzi guztiak.
6.5. Epaimahaiak aholkulari espezialistak hartzen ahalko ditu probarako, eta horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diete laguntza epaimahaiko kideei.
Zazpigarrena.–Proba.
7.1. Hautapen prozesua proba teoriko baten bidez eginen da. Proba horretan, test motako 30 galdera erantzun beharko dira, idatziz, ebazpen honen II. eranskinean ageri diren gaiei buruz. Galdera bakoitza erantzuteko lau aukera eskainiko dira, baina bakarra izanen da zuzena. Erantzun oker bakoitzak penalizazioa ekarriko du, hain zuzen ere erantzun zuzenaren balioaren herena.
Proba egiteko bi ordu emanen dira gehienez.
Proba egiteko ez da inolako testurik ez dokumentaziorik erabiltzen ahalko, ezta hiztegirik, kalkulagailurik, gailu elektronikorik edo bestelako materialik ere, mutur lodiko boligrafo urdinaz edo beltzaz besterik.
Probak 30 puntuko kalifikazioa izanen du gehienez, eta bazterturik geldituko dira gehieneko puntuazio horren %30 gutxienez lortzen ez duten izangaiak.
7.2. Probarako dei bakarra eginen da. Izangaiek nortasun agiri nazionala, pasaportea, gidabaimena edo epaimahaiak askiesten duen beste nortasun agiri bat eraman beharko dute probara. Nor diren frogatzen ez dutenak edo agertzen ez direnak baztertuta geldituko dira.
7.3. Desgaitasuna onartuta dutenei proba egiteko denbora eta baliabideak egokituko zaizkie, eskabide-orrian eskatu badute.
Zortzigarrena.–Emaitzak.
8.1. Proba kalifikatzen bukatu ondotik epaimahaiak izangaien puntuazioak argitaratuko ditu Nafarroako Gobernuaren webgunean (www.nafarroa.eus), deialdiaren fitxan, eta bost egun balioduneko epea emanen du emaitzei buruzko alegazioak telematikoki aurkezteko.
8.2. Alegazioak aurkezteko epea igarota, eta horiek ebatzita, epaimahaiak probaren behin betiko emaitzak argitaratuko ditu Nafarroako Gobernuaren webgunean (www.nafarroa.eus), deialdiaren fitxan. Bi zerrenda hauek bereizita agertuko ditu:
–Prestakuntzarako zerbitzu berezietarako izangaien zerrenda osatzeko hautapen prozesua gainditu dutenen zerrenda, guztira lortutako puntuen hurrenkeraren arabera.
–Aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrenda osatzeko hautapen prozesua gainditu dutenen zerrenda, guztira lortutako puntuen hurrenkeraren arabera.
8.3. Epaimahaiak, izangaien puntuazioetan gertatzen diren berdinketak ebazteko, irizpide hauei jarraituko die:
a) Prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko izangaiak: deialdi honetako eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean izangaiek aitortuta daukaten antzinatasunaren arabera hautsiko dira berdinketak, antzinatasun handiena duena lehenetsiz. Berdinketak jarraitzen badu, aldi baterako kontratazioetarako deialdian ezarritako irizpideari jarraikiz hautsiko dira berdinketak.
b) Aldi baterako kontratazioetarako izangaiak: berdinketak zozketa bakar baten bidez erabakiko ditu kalifikazio epaimahaiak. Berdindutako izangai guztien artean bat ausaz hautatuko da. Berdinketa guztiak hurrenkera alfabetikoari jarraikiz deseginen dira, abiapuntu harturik zozketa horretan hautatzen den izangaiaren abizenak eta izena. Emaitzak Nafarroako Gobernuaren webgunean (www.nafarroa.eus), deialdiaren fitxan, argitaratuko dira.
8.4. Oinarri honetan ezarritako jarduketak bukaturik, epaimahaiak Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusira igorriko ditu probak gainditu dituzten izangaien zerrendak, onets ditzan. Zerrendekin batera, hautapen prozesuaren espediente osoa ere bidaliko dio.
Bederatzigarrena.–Industria ingeniari teknikoaren lanpostuetan aritzeko izangaien zerrendak eta haien eskaintza.
9.1. Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak, behin hautapen prozesuaren espediente osoa jasorik, ebazpena emanen du izangaien zerrendak onesteko, eta Nafarroako Gobernuaren webgunean (www.nafarroa.eus) argitaratuko dira, deialdiaren fitxan. Horretarako, zerrenda hauek argitaratuko dira:
–Prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko izangaien zerrenda.
–Aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrenda.
9.2. Izangaiei prestakuntzan aritzeko eskaintza egiten zaienean eta, hala badagokio, prestakuntzarako zerbitzu berezietako egoera deklaratzean, honako hauetan ezarritakoari jarraituko zaio: apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretua, zeinaren bidez, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren 24.2 artikulua partzialki garatuz, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileen prestakuntza eta lanbide hobekuntza eskaintzen baitira; deialdi honetako oinarriak; Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren abenduaren 30eko 199/2004 Foru Agindua, prestakuntzarako zerbitzu berezietako lanpostuetan aritzeko izangaien zerrendak osatu eta kudeatzeko prozedura ezartzen duena; eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.
9.3. Izangaiei aldi baterako kontratu bidez aritzeko eskaintza egiten zaienean eta, hala bada, kontratatzean, honako hauetan ezarritakoari jarraituko zaio: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 88. artikulua eta hurrengoak; 68/2009 Foru Dekretua, irailaren 28koa, Nafarroako Administrazio Publikoetan langileak administrazio araubidean kontratatzeko arauak ezartzen dituena; deialdi honetako oinarriak; aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesteko Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak abenduaren 31n eman zuen 814/2010 Foru Agindua; eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.
9.4. Prestakuntzaren edo kontratazioaren eskaintza jasotzen dutenek, prestakuntza edo kontratua hasi aurretik, eskatutako betebeharrak betetzen dituztela frogatzeko agiriak aurkeztu beharko dituzte; horretarako, hauetako baten kopia aurkeztu beharko dute: Topografia Ingeniaritza Teknikoko unibertsitate tituluarena, edo industria ingeniari teknikoaren lanbide arautuan jarduteko gaitzen duen tituluarena, edo baliokidetzat jotzen den beste titulu batena; edota titulua eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena, edo, bestela, eskabideak aurkezteko epea bukatu aurretik titulu horietako bat eskuratzeko moduan egon delako ziurtagiriarena.
Era berean, behar denean, izangaiek egiaztatu beharko dute betetzen dituztela eskaintzaren bidez bete nahi den lanpostuaren betebehar espezifikoak.
Izangaiek aurkezten duten dokumentazioak ez du zertan izan jatorrizkoa edo fotokopia konpultsatua; hortaz, dokumentu horien kopia arruntak aurkezten ahalko dira, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira. Hala ere, Administrazioak noiznahi eskatzen ahalko dizkie izangaiei aurkeztutako dokumentazioaren jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak.
9.5. Eskatutako baldintzak betetzen ez dituzten izangaiak hautapen prozesutik kanpo geratuko dira Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiaren ebazpen baten bidez, eta deialdi honetan parte hartzeak sortzen dituen eskubide guztiak galduko dituzte.
Hamargarrena.–Errekurtsoak.
Kalifikazio epaimahaiak ematen dituen egintzen eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da. Errekurtsoa Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusira bidali behar da errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazten denetik hilabete iragan baino lehen.
Deialdiaren kontra, haren oinarrien kontra eta horiek aplikatzeko egintzen kontra (kalifikazio epaimahaiak ematen dituenak ez beste egintzak) gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko zaio Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariari errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabete iragan baino lehen.
Hori guztia bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta Foru Sektore Publiko Instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluan xedatutakoarekin, eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.
II. ERANSKINA.–GAI ZERRENDA
1. gaia.–842/2002 Errege Dekretua, abuztuaren 2koa, Behe tentsiorako erregelamendu elektroteknikoa onesten duena: Behe tentsiorako erregelamendu elektroteknikoa (1. artikulutik 29.era) eta ITC-BT-03tik ITC-BT-10era.
2. gaia.–842/2002 Errege Dekretua, abuztuaren 2koa, Behe tentsiorako erregelamendu elektroteknikoa onesten duena: ITC-BT-11tik ITC-BT-24ra.
3. gaia.–842/2002 Errege Dekretua, abuztuaren 2koa, Behe tentsiorako erregelamendu elektroteknikoa onesten duena: ITC-BT-28tik ITC-BT-34ra. ITC-40. ITC-BT-52.
4 gaia.–Eraikinetako instalazio termikoei buruzko erregelamendua onesten duen uztailaren 20ko 1027/2007 Errege Dekretua: "Eraikinetako Instalazio Termikoen Erregelamendua (EITE)" eranskina, I. zatia, 1etik 47ra bitarteko artikuluak.
5. gaia.–513/2017 Errege Dekretua, maiatzaren 22koa, Suteen kontra babesteko instalazioen erregelamendua onesten duena.
6. gaia.–2/2018 Foru Legea, apirilaren 13koa, Kontratu Publikoei buruzkoa: atariko titulua. I. titulua - II. kapitulua: Kontratistak. I. titulua - III. kapitulua: Kontratuen tipologia eta araubide juridikoa. I. titulua - V. kapitulua: Publizitate arauak eta adjudikazio prozedurak.
Oharra: gai guztiak deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean indarra duen legediaren arabera eskatuko dira.
Iragarkiaren kodea: F2505862
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
