1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
211E/2025 EBAZPENA, martxoaren 27koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen txosten estrategikoa egiten baita Noain Elortzibarko Udal Planaren aldaketa egituratzaile honi buruz: Eguzki-teknologia bidez energia berriztagarria ekoizteko instalazioak. Sustatzailea Noain Elortzibarko Udala da.
Noain Elortzibarko Udal Planaren aldaketa egituratzailearen helburua da eguzki-teknologiaren bidez energia berriztagarria ekoizteko egungo arau-esparrua aldatzea.
Noain Elortzibarko Udal Plana aldatzen da eguzki-instalazio fotovoltaikoen instalazioak onartzeko baina, betiere, udalerriaren nortasuna errespetatuz eta dauden natura-balioekin bat datorren erregulazioa ezarriz.
Noain Elortzibarko Udal Planaren araudi partikularrean 67., 68., 69. eta 70. artikuluak aldatzen dira, eta artikulu berri bat sartzen da: 83 bis artikulua.
67., 68. eta 69. artikuluek erabileren eta jardueren araubidea ezartzen dute basoko lurzoruan, nekazaritzako produktibitate handiko lurzoruan eta aisialdiko baratzetarako produktibitate handiko lurzoruan. Lurzoru horietan debekatzen dira eguzki-teknologia bidez energia berriztagarria ekoizten duten instalazioak, salbu eta 0,2 hektarea baino gutxiago okupatzen dutenak.
70. artikuluak erabileren eta jardueren araubidea ezartzen du nekazaritzako edo abeltzaintzako produktibitate ertaineko lurzoruan. Lurzoru urbanizaezineko kategoria horretan baimentzen dira eguzki-teknologia bidez energia berriztagarria ekoizten duten instalazioak, baldintza jakin batzuk betetzen badituzte.
83 bis artikulu berriak lurzoru urbanizaezinean arautu beharreko jardueratzat jotzen ditu eguzki-teknologia bidez energia berriztagarria ekoizten duten instalazioak. Gainera, udal-plangintzan jarduera horretarako ezartzen den erregulazio berria jasotzen du, laburbildurik.
83 bis artikulua.–Eguzki-teknologia bidez energia berriztagarria ekoizten duten instalazioak.
1. Nekazaritzako edo abeltzaintzako produktibitate ertaineko lurzoruan baimentzen ahalko dira, betiere honako irizpide hauek betetzen badira:
–Instalazioaren azalera (hesitutako azalera) 30 hektarea baino txikiagoa izatea.
–200 metroko tartea izatea, gutxienez, bizitegi-erabilerako hiriguneetatik.
–200 metroko tartea izatea, gutxienez, eguzki-instalazio fotovoltaiko batetik bestera.
–Kokalekuak %10etik beherako malda izatea.
–200 metroko tartea izatea, gutxienez, Elortz ibaitik.
2. Baimentzen ahal dira lurzoru urbanizaezinean, lurzoruaren kategoria edozein dela ere, baldin eta instalazioaren azalera (azalera hesitua) 0,2 hektareatik beherakoa bada eta maila goragoko legeriak eguzki-instalazio fotovoltaikoak baimengarritzat jotzen baditu. Eguzki-instalazio fotovoltaiko horiek ez dira kontuan hartuko instalazioen arteko tartea zehazteko orduan, eta 1. puntuan ezarritako irizpideek ere ez diete eragiten. Nekazaritzako edo abeltzaintzako produktibitate ertaineko lurzoruan, guneen inguruko 150 m-ko lurrean aplikatu beharreko araubide berezia bete beharko da.
3. Eguzki-instalazio fotovoltaiko guztietan, energia ateratzeko linea elektrikoek lurpekoak izan behar dute, haien tamaina edozein dela ere.
Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak adierazi du ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura egoki egin dela eta proposatu du ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren txostena egitea, aldekoa, ingurumen ukipen nabarmenik sortzen ez dela iritzita.
Adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretua, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen abuztuaren 30eko 74/2023 Foru Dekretua,
EBAZTEN DUT:
1. Ingurumen txosten estrategikoa egitea Noain Elortzibarko Udal Planaren aldaketa egituratzaile honi buruz: Eguzki-teknologia bidez energia berriztagarria ekoizteko instalazioak, ingurumen ukipen nabarmenik sortzen ez dela iritzita. Sustatzailea Noain Elortzibarko Udala da.
2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
3. Ebazpen hau Hirigintza Atalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2025eko martxoaren 27an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.
Iragarkiaren kodea: F2504947