87. ALDIZKARIA - 2025eko maiatzaren 5a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

115/2025 EBAZPENA, martxoaren 27koa, Justiziako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez bulego judizialaren diseinua eta egitura erabakitzen baitira kide anitzeko auzitegietarako eta auzialdiko auzitegietarako, bat etorriz Justizia Zerbitzu Publikoaren efizientzia-neurriei buruzko urtarrilaren 2ko 1/2025 Lege Organikoan jasotako aurreikuspenekin.

Justizia Zerbitzu Publikoaren efizientzia-neurriei buruzko urtarrilaren 2ko 1/2025 Lege Organikoak, antolamenduaren ikuspegitik, aldaketa nabarmena ekarri du bulego judizialean, zeinak sostengua eta laguntza ematen baitio funtzio jurisdikzionalari. Hala, gure justizia-sistemaren antolaketa-egitura berria efizienteagoa izanen da, lan-sistema arrazional eta homogeneoak izanen baititu, ahalik eta eraginkortasun eta erantzukizun handienarekin bete dadin.

Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoaren 436.2 artikuluan ezarritakoarekin bat, bulego judizialaren diseinua malgua izan behar da, eta administrazio publiko eskudunak zehaztuko du zer-nolako tamaina eta antolamendua duen, bertan egiten den jardueraren arabera.

Bestalde, progresiboa eta mailakatua izan behar du urtarrilaren 2ko 1/2025 Lege Organikoan aurreikusitako antolaketa-eredu berria ezartzeko araubideak. Ildo horretan, lehen xedapen iragankorrak ezartzen du noiz eratu auzialdiko auzitegiak barruti judizial bakoitzean, epaitegien tipologiaren arabera. Era berean, aipatutako lege organikoaren bosgarren xedapen iragankorrak adierazten du bulego judiziala eta auzialdiko auzitegiak aldi berean ezarriko direla, lege horretan zehaztutako baldintzetan.

Bulego judiziala hedatu dadin antolaketa-eredu berrira egokituta, Justizia Administrazioaren Konferentzia Sektorialak erreferentzia-eredu bat onetsi zuen 2022an bulego horren egiturari buruz. Onespen horrek gaikuntza ematen du egitura garatzeko, ebazpen baten bidez, zeina eman beharko du justiziaren arloan eskumenak dituen administrazio bakoitzeko agintaritza eskudunak, bat etorriz urtarrilaren 2ko 1/2025 Lege Organikoaren bosgarren xedapen iragankorrean xedatutakoarekin.

Ondorioz, otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuak (haren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen organoetako langileen arloko eskudantziak zehazten dira), azaroaren 15eko 254/2023 Foru Dekretuak (haren bidez, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen dira) eta urtarrilaren 2ko 1/2025 Lege Organikoaren bosgarren xedapen iragankorrak esleitutako ahalmenak erabiliz, honako hau,

EBAZTEN DUT:

1. Bulego judizialen diseinu, tamaina eta antolaketaren egitura onestea, jarraian zerrendatzen diren barruti judizialetan egoitza duten kide anitzeko auzitegiei eta auzialdiko auzitegiei dagozkienez:

BULEGO JUDIZIALAREN EGITURA, KIDE ANITZEKO AUZITEGI ETA AUZIALDIKO AUZITEGIETARAKO, BALDIN ETA HAIEN GAINEKO ESKUMENA NAFARROAKO GOBERNUKO BARNEKO, FUNTZIO PUBLIKOKO ETA JUSTIZIAKO DEPARTAMENTUKO JUSTIZIA ZUZENDARITZA NAGUSIAK BADU

I. KAPITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua. Ebazpenaren xedea.

Ebazpen honen xedea da ezartzea nola zehaztu eta esleitu egitura- eta antolaketa-ereduak bere aplikazio-eremuan sartzen diren organo judizialei sostengua ematen dien bulego judizialean.

Nafarroako Gobernuko Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuko Justizia Zuzendaritza Nagusiak, ebazpen honen bidez, bat egiten du bulego judizialaren erreferentzia-ereduan sartutako proposamenarekin eta bulego judizialeko lanpostu-zerrenden erreferentzia-ereduarekin (Justizia Administrazioaren Konferentzia Sektorialean onetsi ziren).

2. artikulua. Aplikazio-eremua.

Ebazpen honen aplikazio-eremua zabaltzen da auzialdiko auzitegiei sostengua eta laguntza ematen dieten bulego judizial guztietara, Nafarroako Gobernuko Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuko Justizia Zuzendaritza Nagusiaren eskumeneko lurraldean, bai eta Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiari eta Nafarroako Probintzia Auzitegiari dagokienez eginkizun hori bera betetzen duen bulego judizialera ere.

3. artikulua. Bulego judizialaren egiturari buruzko alderdi orokorrak.

3.1. Bulego judizialaren jarduera, hau da, lege prozesalen aplikazioa, zerbitzu erkideen bidez gauzatuko da. Zerbitzu horiek barnean hartuko dituzte izapidetze zerbitzu erkideak eta, hala badagokio, zehazten diren beste zerbitzu erkide batzuk, baldin eta haietan integratuta badaude eginkizunak direla-eta funtzionalki lotutako lanpostuak.

3.2. Zerbitzu erkideak arlo eta taldetan egituratzen ahalko dira, hala ezarrita baitago Botere Judizialaren Lege Organikoaren 436. eta 437. artikuluetan, Justizia Administrazioaren zerbitzuko funtzionarioen sarrerari, haien lanpostuak betetzeko moduari eta haien lanbide igoerari buruzko Erregelamendua onetsi zuen abenduaren 27ko 1451/2005 Errege Dekretuaren 39 bis artikuluan eta bulego judizialaren erreferentzia-ereduetan.

3.3. Bulego judizialaren tipologia eta egitura zehazteko, Justizia Administrazioaren letraduen eginkizunak zehazteko eta II. eranskinean jasotako barruti judizialetako bulego judizialetako Justizia Administrazioaren zerbitzuko funtzionarioen kidegoetako langileak zehazteko, men eginen zaio Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoan ezarritakoari, bai eta destino-zentro bakoitzeko lanpostu-zerrendetan jasotako zehaztapenetan eta ebazpen honetan ezartzen denari ere.

3.4. Nolanahi ere, gobernuko idazkariek onetsiko dituzten jarduketa protokoloetan ezarritakoari jarraituz eginen da bulegoaren jarduera, bat etorriz abenduaren 30eko 1608/2005 Errege Dekretuak onetsitako Idazkari Judizialen Kidegoaren Erregelamendu Organikoarekin.

4. artikulua. Bulego judizialean integratzen diren unitateen definizioa.

Ebazpen honetan aipatzen diren bulego judizialen egiturak honako elementu hauen definizioari jarraitzen dio:

4.1. Zerbitzu erkideak. Bulego judizial guztiek izapidetze zerbitzu erkide bat izanen dute. Bulego horiek zerbitzu erkide orokor bat ere edukitzen ahalko dute, bai eta betearazpen zerbitzu erkide bat ere. Zerbitzu horiek egoteak edo ez egoteak markatuko du bulego horren identifikazioa, ebazpen honen I. eranskinean adierazitako ereduekin bat.

4.2. Arloak. Zerbitzu erkide batzuk arloka banatzen ahalko dira, eta haien agintean arloburu bat izanen da. Haren eginkizuna izanen da arloko langileen jarduera koordinatzea, bai eta zerbitzuak emateko antolatzen diren ekipo eta lantaldeena ere. Arlo horiek egoteak aukera emanen du ebazpen honen I. eranskinean jasotako azpimotak izateko.

4.3. Ekipoak eta lantaldeak. Lantaldeak sortzen ahalko dira jarduera garatzen laguntzearren zerbitzu erkideetan eta, hala badagokio, eratzen diren arloetan. Talde horiek hertsiki funtzionalak izanen dira, eta ez dira esplizituki jasoko lanpostu-zerrendetan, salbu eta, hala badagokio, lantaldeetako burutzak identifikatzeari dagokionez.

II. KAPITULUA.–IZAPIDETZE ZERBITZU ERKIDEAK

5. artikulua. Kontzeptua eta lanpostuen zuzkidura.

Izapidetze zerbitzu erkidea da prozedura antolatzeko behar diren eginkizun guztiak betetzen dituen bulego judizialeko unitatea.

Lanpostu-zerrendek zehazten dituzten lanpostuek osatzen dute izapidetze zerbitzu erkide bakoitza. Lanpostu horiek gordeta daude Justizia Administrazioaren zerbitzuko kidego hauetako funtzionarioentzat:

a) Justizia Administrazioaren Letraduen Kidegoa.

b) Kudeaketa Prozesal eta Administratiboko Kidegoa.

c) Izapidetze Prozesal eta Administratiboko Kidegoa.

d) Laguntza Judizialeko Kidegoa, zerbitzu erkide orokorrik eratu ez bada.

Izapidetze zerbitzu erkide bakoitzaren burutzan Justizia Administrazioaren letradu bat egonen da. Hark beteko du zerbitzuaren zuzendaritza lana, eta funtzionalki haren mende egonen dira letraduak eta kasuan kasuko zuzendaritzako lanpostuetan eta lanpostu operatiboetan destinoa duten Justizia Administrazioko langileak.

Zerbitzu erkidea arloka egituratzen denean, arlo bakoitzean buru bat ezarriko da, arlo horretako langileen jarduera koordinatzeko, bai eta zerbitzuak emateko antolatzen diren ekipo eta lantaldeena ere. Koordinazio funtzio bera izanen dute, kasuan kasuko lanpostu-zerrendetan jasotakoari jarraituz, zerbitzu erkideko zuzendaritzaren laguntzaileen lanpostuak betetzen dituztenek, arlo bat eratu ez denean.

Ebazpen honen II. eranskinean identifikatzen da zer bulego judizialetan dauden arloka egituratuta izapidetze zerbitzu erkideak.

6. artikulua. Izapidetze zerbitzu erkideek ematen dituzten zerbitzuak.

6.1. Izapidetze zerbitzu erkideetan, bulego judizialeko gainerako zerbitzu erkideekin koordinatuta, honako zerbitzu hauek emanen dira deklarazio-fasean dauden prozedurak antolatu, kudeatu eta izapidetzeko:

a) Prozedura abiatzen duten idazkiak onartzea jurisdikzio-ordena guztietan, lege prozesalei jarraituz.

b) Hala dagokionean, idazki abiarazlearen berri ematea hura banaketan egokitu zaion epaile edo magistratuari, ebatz dezan onartzen den edo ez.

c) Epaileei eta magistratuei sostengua ematea beren eskumeneko jarduketa guztietan, eta haiei laguntzea dagozkien ebazpenak egiten.

d) Guardiako zerbitzua ematea jurisdikzio-ordena guztietan.

e) Prozedura deklarazio-fasean antolatzea, kudeatzea eta izapidetzea.

f) Errekurtsoak antolatu, kudeatu eta izapidetzea.

g) Irmotasuna, errekurtsoak eta artxiboa kontrolatzea.

h) Gordailu eta kontsignazio judizialen kontua kudeatzea.

i) Epaiketa, ikustaldi eta agerraldiak ezartzeko agenda kudeatzea eta koordinatzea.

j) Zitazio, epatze eta epe prozesalen kontrola eta jarraipena.

k) Izapidetzen ari diren espediente judizialak mantentzea eta kontserbatzea, euskarri fisikoa edo elektronikoa edozein dela ere.

l) Beste administrazio eta erregistro publiko batzuekin egin beharreko jarduketak egitea etxeko ikerketa, ondarearena edo beste edozein motatakoa egiteko, prozedurak antolatu, kudeatu eta izapidetzean.

m) Merkataritzaren eremuan, eta konkurtsoko prozedurei dagokienez, izapidetze zerbitzu erkideari esleitutako prozeduraren antolamendua, kudeaketa eta izapidetzea zabalduko dira konkurtsoei buruzko araudian jasotako konkurtsoaren likidazio-fasera.

n) Espetxe-zaintzaren jurisdikzio-eremuan, izapidetze zerbitzu erkideari dagokion prozeduraren antolaketa, kudeaketa eta izapidetzea luzatuko dira prozedura amaitu eta artxibatu arte.

o) Behar den lankidetza ematea, modu automatikoan atera ahal izateko estatistikaren betebehar publikoak betetzeko behar diren datuak, barne daudela estatistika judiziala eta administrazio publiko eskudunen kudeaketa-beharrei lotutako ustiapenak, bat etorriz Botere Judizialaren Lege Organikoan ezarritakoarekin.

p) Aplikatzekoa den araudian aurreikusitako beste edozein zerbitzu, edo identifika daitekeena jarduketa protokoloetan eta antolamenduari buruzko dokumentazioan, betiere izapidetze zerbitzu erkidearen izaerarekin bat badator.

6.2. Bulego judizialean zerbitzu erkide orokorrik sortu ez bada, izapidetze zerbitzu erkideak bere gain hartuko ditu zeharkako zerbitzu edo zerbitzu orokor hauek:

6.2.1. Erregistro eta banaketa zerbitzuak:

a) Mota guztietako idazki abiarazleak jasotzea, erregistratzea eta banatzea, zerbitzua ematen dien organo judizialen artean, bat etorriz banaketari buruzko arauetan ezarritakoarekin.

b) Izapide-idazkiak jasotzea, baita bere eremuko organo judizialei zuzendutako bestelako dokumentazioa ere, eta aurkeztutako dokumentazioaren lehen tratamendua egitea.

c) Dokumentazioa ematea, bereziki, aurkezte eta bertaratze frogagiriak eta eginbideak, bai eta antzeko beste edozein ere.

d) Banaketaren arloko gobernu-akordioak egiten eta idazten laguntzea.

e) Guardia-zerbitzua erregistratzen laguntzea.

f) Aurrekoen antzeko edozein zerbitzu.

6.2.2. Komunikazio eta betearazpen egintzen zerbitzuak:

a) Komunikazio eta betearazpen egintza materialak gauzatzea, organo judizialek egin behar dituztenak egoitza duten udalerrian, barruti judizialeko gainerako udalerrietan eta espetxeetan. Komunikazio-egintzak horretatik salbuetsita egonen dira baldin eta esleituta badaude barruti judizial horretako udalerrietako edo justizia-bulegoen taldeetako justizia-bulegoei eta bulego horietan Justizia Administrazioko langileek lan egiten badute; kasu horretan, izan ere, bulego horiei dagokie zuzenean komunikazio-egintza.

b) Posta jasotzea eta posta banatzea. Era berean, irteera-posta jasotzeko ardura ere izanen du, eta zerrendak eginen ditu egoitzan erabiltzen den posta-zerbitzura edo mezularitza-zerbitzura elektronikoki bidaltzeko.

c) Posta-zorroak kudeatzea eta erabiltzea, dokumentazioa jasotzeko eta Justizia Administrazioko beste bulego edo zerbitzu batzuetara bidaltzeko.

d) Aurrekoen antzeko beste edozein zerbitzu.

6.2.3. Laguntza judizialaren prestazioarekin eta eskaerarekin lotutako zerbitzuak:

a) Laguntza judizialaren eskaerak jasotzea eta izapidetzea, bai eta nazioko edo nazioarteko lankidetza judizialaren eskaerak ere, itzuli arte.

b) Antzeko beste edozein zerbitzu.

6.2.4. Herritarrei, profesionalei eta auzilariei arreta ematearekin lotutako zerbitzuak:

a) Informazio orokorreko eskaerei erantzutea, edozein dela ere jasotzeko komunikazio-kanala (aurrez aurrekoa, telefono bidezkoa, paperean edo formatu elektronikoan).

b) Prozesu judizialei buruzko informazio espezifikoa jasotzeko eskaerei erantzutea, honako hauek egiten dituztenean: alderdi prozesal diren pertsonek eta haien ordezkariek, prozedura batean beren buruaren ordezkaritza edo defentsa egiten duten profesionalek eta, informazioa lortzeko interes legitimoa ikusten denean, interesdunek.

c) Formularioak jasotzea barruti judizialeko zerbitzu erkideen funtzionamenduari buruzko kexak, erreklamazioak, salaketak eta iradokizunak jasotzeko, eta edukiaren arabera dagokien bidea ematea eta egin beharreko izapideak egitea, bidezkoa bada, bat etorriz Botere Judizialaren Lege Organikoan eta hura garatzeko arauetan ezarritakoarekin.

d) Delituaren biktimen informazio-eskaerei erantzutea, barruti judizialeko edo probintziako Delituaren Biktimei Laguntzeko Bulegoarekin koordinatuta.

e) Eztabaidak konpontzeko bitarteko egokiei buruzko informazio-eskaerei erantzutea, prestazioa ematen duen administrazio eskudunarekin koordinatuta.

f) Justizia Administrazioarekin lotutako administrazio zerbitzuak, aurreikusita daudenak Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoaren 439 quater artikuluan.

g) Aurrekoen antzeko beste edozein zerbitzu.

6.2.5. Zeharkako zerbitzuak edo zerbitzu orokorrak.

a) Laguntza judizialeko langileek bulego judizialaren jarduerari laguntzeko egiten duten zerbitzu orokorra. Sostengu hori emanen zaio, halaber, dagokion barruti judizialeko Erregistro Zibilaren bulegoari, kasuan kasuko jarduketa protokoloak ezartzen dituen baldintzetan.

b) Judizio-aretoen eta erabilera anitzeko gelen kudeaketa.

c) Kudeaketa-artxiboa: prozedura judizialak eta konbikzio-piezak eta ondorioak jasotzea, kontserbatzea, zaintzea, sailkatzea eta igortzea bere jarduera-eremuaren barnean dauden organo judizialetako prozeduretan.

d) Prozedura judizial bat hasi aurretik egiten diren gordailu eta kontsignazio judizialak kudeatzea, eta bidezkoak diren manamenduak eta transferentziak ematea, aplikatu beharreko araudiaren eta hartzen diren erabakien arabera.

e) Peritu judizialen zerrendak kudeatzea eta egindako esleipenen jarraipena egitea.

f) Sostengua ematea zinpekoen epaimahaiaren bulegoari.

g) Gobernurako laguntza, sostengua emanez kide anitzeko organoetako eta auzialdiko auzitegietako buruei.

h) Koordinazioa bulego fiskalarekin.

i) Aurrekoen antzeko beste edozein zerbitzu.

6.3. Bulego judizialean betearazpen zerbitzu erkiderik sortu ez bada, izapidetze zerbitzu erkideak honako zerbitzu hauek hartuko ditu bere gain, sostengua ematen dien organo judizialei dagokienez:

6.3.1. Jurisdikzio-ordena guztietan:

a) Jurisdikzio-ordena guztietako betearazpen-prozesuak hasteko idazkien berri ematea epaileari edo auzitegiari, behin egiaztatuta behar diren onargarritasun-baldintzak betetzen dituztela eta lege prozesalekin bat.

b) Organo judizialaren titularrak betearazpen-demanda aztertzearen ondorioz zuzendu beharreko gorabeherak izapidetzea eta ebaztea, bai eta onartu aurreko arazo prozesalak ere.

c) Epaileei eta magistratuei laguntzea betearazpen-prozesua hasteko idazkia onartzeko edo ez onartzeko ebazpenak egiten, bai eta haien eskumeneko beste jarduketa guztietan ere.

d) Betearazpen-neurriei buruzko dekretua ematea, lege prozesaletan aurreikusitakoaren arabera hala dagokionean, eta behar diren izapideak egitea erabakitako neurriak betearazteko.

e) Behin-behineko betearazpenaren hasierako eskaera izapidetzea eta, hala badagokio, kudeatzea.

f) Ebazpen judizialak betearaztean sortzen diren gorabehera prozesalak izapidetzea.

g) Betearazpen-prozesuan eta haren intzidenteetan ematen diren ebazpenen aurka jarritako errekurtsoak antolatzea, kudeatzea eta izapidetzea.

h) Beste administrazio eta erregistro publiko batzuekin egin beharreko jarduketak egitea etxeko ikerketa, ondarearena edo beste edozein motatakoa egiteko, prozedurak antolatu, kudeatu eta izapidetzean.

i) Beharrezkoak diren izapideak egitea enkante judizialaren ordezko neurriak hartzeko, diruzkoak ez diren betearazpen-kasuetan, eta, errekerimenduari kasurik egin ez bazaio, bidezkoak diren jarduketak, betearazleak eskatuta.

j) Betearazpen-prozesuaren eta haren intzidenteen seinalamenduak, zitazioak, epatzeak eta epeak kontrolatzea eta jarraitzea.

k) Betearazpen ez-aktiboen kontrola bultzada judizialerako edo behin-behineko edo behin betiko artxibatzea erabakitzeko.

l) Agenda kudeatzea eta koordinatzea, agenda informatikoko sistema baten bidez, epaiketak, ikustaldiak eta agerraldiak ezartzeko, bai eta horien gorabeherak ere, betearazpen-prozesuetan.

m) Izapidetzen ari diren espediente judizialak mantentzea eta kontserbatzea, euskarri fisikoa edo elektronikoa edozein dela ere.

n) Gordailu eta kontsignazio judizialen kontua kudeatzea betearazpen-prozesuen eremuan.

o) Aplikatzekoa den araudian aurreikusitako beste edozein zerbitzu, edo identifika daitekeena jarduketa protokoloetan eta antolamenduari buruzko dokumentazioan, betiere betearazpen zerbitzu erkidearen izaerarekin bat badator.

6.3.2. Zigor arloko jurisdikzioan eta adingabeen jurisdikzioan, bereziki, aurrekoez gain:

a) Espetxe-manamenduak izapidetzea, edo, hala badagokio, xerkatu eta atzemateko aginduak, betearazpen fasean emandakoak.

b) Adingabeak barneratzeko neurriak izapidetzea, bai eta beste batzuk ere, adingabeen erantzukizun penal eta zibilaren arloan emandako ebazpenak betearazteko.

c) Askatasun-manamenduak izapidetzea, bai eta bertan behera uzten dutenak ere eskubideak edo askatasunak kentzeko edo mugatzeko neurriak, prozesu penaletan erabakitakoak.

d) Zigorren eteteak eta indultuak izapidetzea.

e) Zigorrak metatzeko izapideak.

f) Behar diren izapideak egitea eskubideez gabetzeko zigorrak betearazteko.

g) Behar diren izapideak egitea kondenen likidazioa egiteko eta zigorrak ordezteko.

h) Behar diren jarduketa guztiak izapidetzea mota guztietako diruzko erantzukizunak gauzatzeko, bai eta beharrezkoak direnak ere lortutako zenbatekoak legez bideratzeko.

i) Baimen ofizialak atxikitzeko izapideak eta ondorengo jakinarazpenak.

j) Erregistro publikoen kontsultak, beharrezkoak direnak betearazpen-prozesua izapidetzeko, eta erregistro publikoen idatzoharrak, eguneraketak eta jakinarazpenak, bat etorriz lege prozesaletan eta administratiboetan ezarritakoarekin.

k) Bulego judizialeko gainerako zerbitzu erkideekin koordinatuta eginen den beste edozein betearazpen-eginkizun.

7. artikulua. Izapidetze zerbitzu erkideetako langileek betetzen dituzten eginkizunak.

7.1. Zuzendaritzako edo burutzako lanpostuetan:

a) Zerbitzu erkideko zuzendaritza. Lanpostu hori duen pertsona Justizia Administrazioaren letraduen kidegokoa izanen da beti, eta haren mende egonen dira funtzionalki hala Justizia Administrazioko letraduak nola zerbitzu erkide horretan destinoa duten langileak. Bere eginkizunak betetzeko, zuzendariak koordinatuko ditu zerbitzua osatzen duten Justizia Administrazioko letraduak, Botere Judizialaren Lege Organikoaren 436.6 artikuluan ezarri bezala.

Gainera, auzitegiko lehendakaritzarekin eta gainerako zerbitzu erkideen zuzendaritzekin partekatuko ditu Botere Judizialaren Lege Organikoaren 437.5 artikuluan aurreikusitako koordinazio ahalmenak, bulego judizialaren funtzionamendu eraginkorrerako.

Prozedura judizialen izapidetzea koordinatu eta gainbegiratuko du. Zerbitzu erkidearen gaineko lan-karga dela-eta beharrezkoa denean, zuzenean bereganatuko ditu legez dagozkion eginkizun tekniko-prozesalak.

b) Arloko burutza. Arloko buruek zerbitzu erkide horretan destinoa duten langile guztiak antolatu, kudeatu, ikuskatu eta koordinatuko dituzte, dela zuzenean, dela beren eskumeneko arloa egituratzen duten ekipo edo lantalde funtzionalak koordinatuz.

Eginkizun berak izanen dituzte, kasuan kasuko lanpostu-zerrendetan jasotakoari jarraituz, zerbitzu erkideko zuzendaritzaren laguntzailearen lanpostuak betetzen dituztenek, arlo bat eratu ez denean.

c) Ekipoko burutza. Ekipoetako buruek talde horretan destinoa duten langile guztiak antolatu, kudeatu, ikuskatu eta koordinatuko dituzte, dela zuzenean, dela jarduketa protokoloek zehazten dituzten lantalde funtzionalak koordinatuz, dela zuzendariek edo buruek emandako jarraibideen bidez, dagokion jarduketa protokoloak zehazten duenari jarraituz.

Arlo edo taldeetako buruak zer kidegotako kide diren, hari legez dagozkion eginkizunak ere beteko dituzte eremu prozesalean.

7.2. Lanpostu generikoetan:

a) Justizia Administrazioko letraduak. Kidego horretako kideek eta lanpostu generikoak betetzen dituztenek Botere Judizialaren Lege Organikoaren V. liburuko II. tituluaren II. kapituluan aurreikusitako eginkizunak beteko dituzte, ezertan galarazi gabe antolaketa, kudeaketa, ikuskapen eta koordinazio eskumenak, zuzendaritza postuetan ari direnei edo, hala badagokio, kasuan kasuko arloko edo ekipoko buruei dagozkienak.

Kasu horietan, Gobernu Idazkaritzaren titularrak ematen dituen jarduketa protokoloek eta berariazko jarraibideek mugatuko dute zuzendaritza-eginkizun horien hedadura, baina horrek ez du inoiz ekarriko Justizia Administrazioko letraduak lotuta gelditzea bulego judizialeko gainerako funtzionario-kidegoetako burutzetan ari diren langileek hartzen dituzten erabakietara.

b) Kudeaketa Prozesal eta Administratiboko Kidegoko langileak. Kidego horretako kide izanik lanpostu generikoak betetzen dituztenek goragoko mailako jarduera prozesalean lagunduko dute, eta aurreko artikuluan aipatutako zerbitzu erkidearen berezko gaiei buruz agintzen zaizkien zeregin prozesalak eginen dituzte, Botere Judizialaren Lege Organikoaren 476. artikuluan ezarritakoarekin bat.

c) Izapidetze Prozesal eta Administratiboko Kidegoko langileak. Kidego horretako langileek eta lanpostu generikoak betetzen dituztenek kudeaketa prozesalean laguntzeko agintzen zaizkien jarduera guztiak eginen dituzte, betetzen duten lanpostuaren espezializazio-mailaren arabera, Botere Judizialaren Lege Organikoaren 477. artikuluan aurreikusitakoarekin bat, aurreko artikuluan aipatzen den izapidetze zerbitzu erkideak ematen dituen zerbitzuen gaiei dagokienez.

III. KAPITULUA.–ZERBITZU ERKIDE OROKORRAK

8. artikulua. Kontzeptua eta lanpostuen zuzkidura.

Zerbitzu erkide orokorra bulego judizialeko unitate bat da, beste zerbitzu erkide prozesal batzuei berariaz agindu ez zaizkien lan zentralizatuak eta zeharkakoak egiten dituena.

Lanpostu-zerrendek zehazten dituzten lanpostuek osatzen dute zerbitzu erkide orokor bakoitza. Lanpostu horiek gordeta daude Justizia Administrazioaren zerbitzuko kidego hauetako funtzionarioentzat:

a) Justizia Administrazioaren Letraduen Kidegoa.

b) Kudeaketa Prozesal eta Administratiboko Kidegoa.

c) Izapidetze Prozesal eta Administratiboko Kidegoa.

d) Laguntza Judizialeko Kidegoa.

Zerbitzu erkide orokor bakoitzaren burutzan Justizia Administrazioaren letradu bat egonen da. Hark beteko du zerbitzuaren zuzendaritza lana, eta funtzionalki haren mende egonen dira letraduak eta kasuan kasuko zuzendaritzako lanpostuetan eta lanpostu operatiboetan destinoa duten Justizia Administrazioko langileak.

Zerbitzu erkidea arloka egituratzen denean, arlo bakoitzean buru bat ezarriko da, arlo horretako langileen jarduera koordinatzeko, bai eta zerbitzuak emateko antolatzen diren ekipo eta lantaldeena ere. Koordinazio funtzio bera izanen dute, kasuan kasuko lanpostu-zerrendetan jasotakoari jarraituz, zerbitzu erkideko zuzendaritzaren laguntzaileen lanpostuak betetzen dituztenek, arlo bat eratu ez denean.

Ebazpen honen II. eranskinean identifikatzen da zer bulego judizialetan dauden arloka egituratuta zerbitzu erkide orokorrak.

9. artikulua. Zerbitzu erkide orokorrek ematen dituzten zerbitzuak.

9.1. Erregistro eta banaketa zerbitzuak:

a) Mota guztietako idazki abiarazleak jasotzea, erregistratzea eta banatzea, zerbitzua ematen dien organo judizialen artean, bat etorriz banaketari buruzko arauetan ezarritakoarekin.

b) Izapide-idazkiak jasotzea, baita bere eremuko organo judizialei zuzendutako bestelako dokumentazioa ere, eta aurkeztutako dokumentazioaren lehen tratamendua egitea.

c) Dokumentazioa ematea, bereziki, aurkezte eta bertaratze frogagiriak eta eginbideak, bai eta antzeko beste edozein ere.

d) Banaketaren arloko gobernu-akordioak egiten eta idazten laguntzea.

e) Guardia-zerbitzua erregistratzen laguntzea.

f) Aurrekoen antzeko edozein zerbitzu.

9.2. Komunikazio eta betearazpen egintzen zerbitzuak:

a) Komunikazio eta betearazpen egintza materialak gauzatzea, organo judizialek egin behar dituztenak egoitza duten udalerrian, barruti judizialeko gainerako udalerrietan eta espetxeetan. Komunikazio-egintzak horretatik salbuetsita egonen dira baldin eta esleituta badaude barruti judizial horretako udalerrietako edo justizia-bulegoen taldeetako justizia-bulegoei eta bulego horietan Justizia Administrazioko langileek lan egiten badute; kasu horretan, izan ere, bulego horiei dagokie zuzenean komunikazio-egintza.

b) Posta jasotzea eta posta banatzea. Era berean, irteera-posta jasotzeko ardura ere izanen du, eta zerrendak eginen ditu egoitzan erabiltzen den posta-zerbitzura edo mezularitza-zerbitzura elektronikoki bidaltzeko.

c) Posta-zorroak kudeatzea eta erabiltzea, dokumentazioa jasotzeko eta Justizia Administrazioko beste bulego edo zerbitzu batzuetara bidaltzeko.

d) Aurrekoen antzeko beste edozein zerbitzu.

9.3. Laguntza judizialaren prestazioarekin eta eskaerarekin lotutako zerbitzuak:

a) Laguntza judizialaren eskaerak jasotzea eta izapidetzea, bai eta nazioko edo nazioarteko lankidetza judizialaren eskaerak ere, itzuli arte.

b) Hala badagokio, eskaeraren xedearen arabera eskuduna den zerbitzu erkideari igortzea.

c) Antzeko beste edozein zerbitzu.

9.4. Herritarrei, profesionalei eta auzilariei arreta ematearekin lotutako zerbitzuak:

a) Informazio orokorreko eskaerei erantzutea, edozein dela ere jasotzeko komunikazio-kanala (aurrez aurrekoa, telefono bidezkoa, paperean edo formatu elektronikoan).

b) Prozesu judizialei buruzko informazio espezifikoa jasotzeko eskaerei erantzutea, honako hauek egiten dituztenean: alderdi prozesal diren pertsonek eta haien ordezkariek, prozedura batean beren buruaren ordezkaritza edo defentsa egiten duten profesionalek eta, informazioa lortzeko interes legitimoa ikusten denean, interesdunek.

c) Formularioak jasotzea barruti judizialeko zerbitzu erkideen funtzionamenduari buruzko kexak, erreklamazioak, salaketak eta iradokizunak jasotzeko, eta edukiaren arabera dagokien bidea ematea eta egin beharreko izapideak egitea, bidezkoa bada, bat etorriz Botere Judizialaren Lege Organikoan eta hura garatzeko arauetan ezarritakoarekin.

d) Delituaren biktimen informazio-eskaerei erantzutea, barruti judizialeko edo probintziako Delituaren Biktimei Laguntzeko Bulegoarekin koordinatuta.

e) Eztabaidak konpontzeko bitarteko egokiei buruzko informazio-eskaerei erantzutea, prestazioa ematen duen administrazio eskudunarekin koordinatuta.

f) Justizia Administrazioarekin lotutako administrazio zerbitzuak, aurreikusita daudenak Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoaren 439 quater artikuluan.

g) Aurrekoen antzeko beste edozein zerbitzu.

9.5. Zeharkako zerbitzuak edo zerbitzu orokorrak.

a) Laguntza judizialeko langileek bulego judizialaren jarduerari laguntzeko egiten duten zerbitzu orokorra. Sostengu hori emanen zaio, halaber, dagokion barruti judizialeko Erregistro Zibilaren bulegoari, kasuan kasuko jarduketa protokoloak ezartzen dituen baldintzetan.

b) Judizio-aretoen eta erabilera anitzeko gelen kudeaketa.

c) Kudeaketa-artxiboa: prozedura judizialak eta konbikzio-piezak eta ondorioak jasotzea, kontserbatzea, zaintzea, sailkatzea eta igortzea bere jarduera-eremuaren barnean dauden organo judizialetako prozeduretan.

d) Gordailu eta kontsignazio judizialen kontua kudeatzea hasitako prozedura judizialetara bideratuta ez dauden diru-sarreren tratamendurako.

e) Prozedura Zibilaren Legearen 341. artikuluan aipatzen diren peritu judizialen zerrendak egitea eta barruti judizialeko organoek egindako esleipenen jarraipena egitea.

f) Sostengua ematea zinpekoen epaimahaiaren bulegoari.

g) Gobernurako laguntza, sostengua emanez kide anitzeko organoetako eta auzialdiko auzitegietako buruei, baita gobernu-salei, gobernu-idazkaritzei eta probintziako koordinazio-idazkaritzei ere, kasu bakoitzean, esleituta dituzten gobernu-eginkizunetan.

h) Koordinazioa bulego fiskalarekin.

i) Behar den lankidetza ematea, modu automatikoan atera ahal izateko estatistikaren betebehar publikoak betetzeko behar diren datuak, barne daudela estatistika judiziala eta administrazio publiko eskudunen kudeaketa-beharrei lotutako ustiapenak, bat etorriz Botere Judizialaren Lege Organikoan ezarritakoarekin.

j) Aurrekoen antzeko beste edozein zerbitzu.

10. artikulua. Zerbitzu erkide orokorretako langileek betetzen dituzten eginkizunak.

10.1. Zuzendaritzako edo burutzako lanpostuetan:

a) Zerbitzu erkide orokorraren zuzendaritza. Lanpostu hori duen pertsona Justizia Administrazioaren letraduen kidegokoa izanen da beti, eta haren mende egonen dira funtzionalki hala Justizia Administrazioko letraduak nola zerbitzu erkide horretan destinoa duten langileak. Bere eginkizunak betetzeko, zuzendariak koordinatuko ditu zerbitzua osatzen duten Justizia Administrazioko letraduak, Botere Judizialaren Lege Organikoaren 436.6 artikuluan ezarri bezala.

b) Arloko burutza. Arloko buruek zerbitzu erkide horretan destinoa duten langile guztiak antolatu, kudeatu, ikuskatu eta koordinatuko dituzte, dela zuzenean, dela beren eskumeneko arloa egituratzen duten ekipo edo lantalde funtzionalak koordinatuz.

Eginkizun berak izanen dituzte, kasuan kasuko lanpostu-zerrendetan jasotakoari jarraituz, zerbitzu erkideko zuzendaritzaren laguntzailearen lanpostuak betetzen dituztenek, arlo bat eratu ez denean.

c) Ekipoko burutza. Ekipoetako buruek talde horretan destinoa duten langile guztiak antolatu, kudeatu, ikuskatu eta koordinatuko dituzte, dela zuzenean, dela jarduketa protokoloek zehazten dituzten lantalde funtzionalak koordinatuz, dela zuzendariek edo buruek emandako jarraibideen bidez, dagokion jarduketa protokoloak zehazten duenari jarraituz.

10.2. Lanpostu generikoetan:

a) Justizia Administrazioko letraduak. Kidego horretako kideek eta lanpostu generikoak betetzen dituztenek Botere Judizialaren Lege Organikoaren V. liburuko II. tituluaren II. kapituluan aurreikusitako eginkizunak beteko dituzte, ezertan galarazi gabe antolaketa, kudeaketa, ikuskapen eta koordinazio eskumenak, zuzendaritza postuetan ari direnei edo, hala badagokio, kasuan kasuko arloko edo ekipoko buruei dagozkienak.

Kasu horietan, Gobernu Idazkaritzaren titularrak ematen dituen jarduketa protokoloek eta berariazko jarraibideek mugatuko dute zuzendaritza-eginkizun horien hedadura, baina horrek ez du inoiz ekarriko Justizia Administrazioko letraduak lotuta gelditzea bulego judizialeko gainerako funtzionario-kidegoetako burutzetan ari diren langileek hartzen dituzten erabakietara.

b) Kudeaketa Prozesal eta Administratiboko Kidegoko langileak. Kidego horretako kide izanik lanpostu generikoak betetzen dituztenek goragoko mailako jarduera prozesalean lagunduko dute, eta aurreko artikuluan aipatutako zerbitzu erkidearen berezko gaiei buruz agintzen zaizkien zeregin prozesalak eginen dituzte, Botere Judizialaren Lege Organikoaren 476. artikuluan ezarritakoarekin bat.

c) Izapidetze Prozesal eta Administratiboko Kidegoko langileak. Kidego horretako langileek eta lanpostu generikoak betetzen dituztenek kudeaketan laguntzeko agintzen zaizkien jarduera guztiak eginen dituzte, betetzen duten lanpostuaren espezializazio-mailaren arabera, Botere Judizialaren Lege Organikoaren 477. artikuluan aurreikusitakoarekin bat, aurreko artikuluan aipatzen den izapidetze zerbitzu erkideak ematen dituen zerbitzuen gaiei dagokienez.

d) Laguntza Judizialeko Kidegoko langileak. Kidego horretako kide direnek eta lanpostu generikoak betetzen dituztenek agintzen zaizkien jarduera guztiak eginen dituzte sostengua ematearren organo judizialen jardunari eta haiei zerbitzua ematen dieten bulego judizialenei, bat etorriz Botere Judizialaren Lege Organikoaren 478. artikuluan ezarritakoarekin. Besteak beste, kidego horretako langileei dagokie guardia-zerbitzuari sostengua ematea, indarrean dagoen araudian aurreikusitako baldintzetan. Zerbitzu erkide orokorretik koordinatuko dira, lanpostu-zerrendan «GU» zehaztapenarekin identifikatutako lanpostuak betetzen dituztenenekin.

IV. KAPITULUA.–BETEARAZPEN ZERBITZU ERKIDEAK

11. artikulua. Kontzeptua eta lanpostuen zuzkidura.

Betearazpen zerbitzu erkidea da betearazpen-prozesua antolatzeko behar diren eginkizun guztiak betetzen dituen bulego judizialeko unitatea.

Lanpostu-zerrendek zehazten dituzten lanpostuek osatzen dute betearazpen zerbitzu erkide bakoitza. Lanpostu horiek gordeta daude Justizia Administrazioaren zerbitzuko kidego hauetako funtzionarioentzat:

a) Justizia Administrazioaren Letraduen Kidegoa.

b) Kudeaketa Prozesal eta Administratiboko Kidegoa.

c) Izapidetze Prozesal eta Administratiboko Kidegoa.

Betearazpen zerbitzu erkide bakoitzaren burutzan Justizia Administrazioaren letradu bat egonen da. Hark beteko du zerbitzuaren zuzendaritza lana, eta funtzionalki haren mende egonen dira letraduak eta kasuan kasuko zuzendaritzako lanpostuetan eta lanpostu operatiboetan destinoa duten Justizia Administrazioko langileak.

Zerbitzu erkidea arloka egituratzen denean, arlo bakoitzean buru bat ezarriko da, arlo horretako langileen jarduera koordinatzeko, bai eta zerbitzuak emateko antolatzen diren ekipo eta lantaldeena ere. Koordinazio funtzio bera izanen dute, kasuan kasuko lanpostu-zerrendetan jasotakoari jarraituz, zerbitzu erkideko zuzendaritzaren laguntzaileen lanpostuak betetzen dituztenek, arlo bat eratu ez denean.

Ebazpen honen II. eranskinean identifikatzen da zer bulego judizialetan dauden arloka egituratuta betearazpen zerbitzu erkideak.

12. artikulua. Betearazpen zerbitzu erkideek ematen dituzten zerbitzuak.

12.1. Jurisdikzio-ordena guztietarako:

a) Jurisdikzio-ordena guztietako betearazpen-prozesuak hasteko idazkien berri ematea epaileari edo auzitegiari, behin egiaztatuta behar diren onargarritasun-baldintzak betetzen dituztela eta lege prozesalekin bat.

b) Organo judizialaren titularrak betearazpen-demanda aztertzearen ondorioz zuzendu beharreko gorabeherak izapidetzea eta ebaztea, bai eta onartu aurreko arazo prozesalak ere.

c) Epaileei eta magistratuei laguntzea betearazpen-prozesua hasteko idazkia onartzeko edo ez onartzeko ebazpenak egiten, bai eta haien eskumeneko beste jarduketa guztietan ere.

d) Betearazpen-neurriei buruzko dekretua ematea, lege prozesaletan aurreikusitakoaren arabera hala dagokionean, eta behar diren izapideak egitea erabakitako neurriak betearazteko.

e) Behin-behineko betearazpenaren hasierako eskaera izapidetzea eta, hala badagokio, kudeatzea.

f) Ebazpen judizialak betearaztean sortzen diren gorabehera prozesalak izapidetzea.

g) Betearazpen-prozesuan eta haren intzidenteetan ematen diren ebazpenen aurka jarritako errekurtsoak antolatzea, kudeatzea eta izapidetzea.

h) Beste administrazio eta erregistro publiko batzuekin egin beharreko jarduketak egitea etxeko ikerketa, ondarearena edo beste edozein motatakoa egiteko, prozedurak antolatu, kudeatu eta izapidetzean.

i) Beharrezkoak diren izapideak egitea enkante judizialaren ordezko neurriak hartzeko, diruzkoak ez diren betearazpen-kasuetan, eta, errekerimenduari kasurik egin ez bazaio, bidezkoak diren jarduketak, betearazleak eskatuta.

j) Betearazpen-prozesuaren eta haren intzidenteen seinalamenduak, zitazioak, epatzeak eta epeak kontrolatzea eta jarraitzea.

k) Betearazpen ez-aktiboen kontrola bultzada judizialerako edo behin-behineko edo behin betiko artxibatzea erabakitzeko.

l) Agenda kudeatzea eta koordinatzea, agenda informatikoko sistema baten bidez, epaiketak, ikustaldiak eta agerraldiak ezartzeko, bai eta horien gorabeherak ere, betearazpen-prozesuetan.

m) Izapidetzen ari diren espediente judizialak mantentzea eta kontserbatzea, euskarri fisikoa edo elektronikoa edozein dela ere.

n) Gordailu eta kontsignazio judizialen kontua kudeatzea betearazpen-prozesuen eremuan.

o) Behar den lankidetza ematea, modu automatikoan atera ahal izateko estatistikaren betebehar publikoak betetzeko behar diren datuak, barne daudela estatistika judiziala eta administrazio publiko eskudunen kudeaketa-beharrei lotutako ustiapenak, bat etorriz Botere Judizialaren Lege Organikoan ezarritakoarekin.

p) Aplikatzekoa den araudian aurreikusitako beste edozein zerbitzu, edo identifika daitekeena jarduketa protokoloetan eta antolamenduari buruzko dokumentazioan, betiere betearazpen zerbitzu erkidearen izaerarekin bat badator.

12.2. Zigor arloko jurisdikzioan eta adingabeen jurisdikzioan, bereziki, aurrekoez gain:

a) Espetxe-manamenduak izapidetzea, edo, hala badagokio, xerkatu eta atzemateko aginduak, betearazpen fasean emandakoak.

b) Adingabeak barneratzeko neurriak izapidetzea, bai eta beste batzuk ere, adingabeen erantzukizun penal eta zibilaren arloan emandako ebazpenak betearazteko.

c) Askatasun-manamenduak izapidetzea, bai eta bertan behera uzten dutenak ere eskubideak edo askatasunak kentzeko edo mugatzeko neurriak, prozesu penaletan erabakitakoak.

d) Zigorren eteteak eta indultuak izapidetzea.

e) Zigorrak metatzeko izapideak.

f) Behar diren izapideak egitea eskubideez gabetzeko zigorrak betearazteko.

g) Behar diren izapideak egitea kondenen likidazioa egiteko eta zigorrak ordezteko.

h) Behar diren jarduketa guztiak izapidetzea mota guztietako diruzko erantzukizunak gauzatzeko, bai eta beharrezkoak direnak ere lortutako zenbatekoak legez bideratzeko.

i) Baimen ofizialak atxikitzeko izapideak eta ondorengo jakinarazpenak.

j) Erregistro publikoen kontsultak, beharrezkoak direnak betearazpen-prozesua izapidetzeko, eta erregistro publikoen idatzoharrak, eguneraketak eta jakinarazpenak, bat etorriz lege prozesaletan eta administratiboetan ezarritakoarekin.

k) Bulego judizialeko gainerako zerbitzu erkideekin koordinatuta eginen den beste edozein betearazpen-eginkizun.

13. artikulua. Betearazpen zerbitzu erkideetako langileek betetzen dituzten eginkizunak.

13.1. Zuzendaritzako edo burutzako lanpostuetan:

a) Betearazpen zerbitzu erkideko zuzendaritza. Lanpostu hori duen pertsona Justizia Administrazioaren letraduen kidegokoa izanen da beti, eta haren mende egonen dira funtzionalki hala Justizia Administrazioko letraduak nola zerbitzu erkide horretan destinoa duten langileak. Bere eginkizunak betetzeko, zuzendariak koordinatuko ditu zerbitzua osatzen duten Justizia Administrazioko letraduak, Botere Judizialaren Lege Organikoaren 436.6 artikuluan ezarri bezala.

Zuzendaritzako postu hori betetzen duenak koordinatu eta gainbegiratuko du prozedura judizialen izapidetzea. Zerbitzu erkidearen gaineko lan-karga dela-eta beharrezkoa denean, zuzenean bereganatuko ditu legez dagozkion eginkizun tekniko-prozesalak.

b) Arloko burutza. Arloko buruek zerbitzu erkide horretan destinoa duten langile guztiak antolatu, kudeatu, ikuskatu eta koordinatuko dituzte, dela zuzenean, dela beren eskumeneko arloa egituratzen duten ekipo edo lantalde funtzionalak koordinatuz.

Eginkizun berak izanen dituzte, kasuan kasuko lanpostu-zerrendetan jasotakoari jarraituz, zerbitzu erkideko zuzendaritzaren laguntzailearen lanpostuak betetzen dituztenek, arlo bat eratu ez denean.

c) Ekipoko burutza. Ekipoetako buruek talde horretan destinoa duten langile guztiak antolatu, kudeatu, ikuskatu eta koordinatuko dituzte, dela zuzenean, dela jarduketa protokoloek zehazten dituzten lantalde funtzionalak koordinatuz, dela zuzendariek edo buruek emandako jarraibideen bidez, dagokion jarduketa protokoloak zehazten duenari jarraituz.

Arlo edo taldeetako buruak zer kidegotako kide diren, hari legez dagozkion eginkizunak ere beteko dituzte eremu prozesalean.

13.2. Lanpostu generikoetan:

a) Justizia Administrazioko letraduak. Kidego horretako kideek eta lanpostu generikoak betetzen dituztenek Botere Judizialaren Lege Organikoaren V. liburuko II. tituluaren II. kapituluan aurreikusitako eginkizunak beteko dituzte, ezertan galarazi gabe antolaketa, kudeaketa, ikuskapen eta koordinazio eskumenak, zuzendaritza postuetan ari direnei edo, hala badagokio, kasuan kasuko arloko edo ekipoko buruei dagozkienak.

Kasu horietan, Gobernu Idazkaritzaren titularrak ematen dituen jarduketa protokoloek eta berariazko jarraibideek mugatuko dute zuzendaritza-eginkizun horien hedadura, baina horrek ez du inoiz ekarriko Justizia Administrazioko letraduak lotuta gelditzea bulego judizialeko gainerako funtzionario-kidegoetako burutzetan ari diren langileek hartzen dituzten erabakietara.

b) Kudeaketa Prozesal eta Administratiboko Kidegoko langileak. Kidego horretako kide izanik lanpostu generikoak betetzen dituztenek goragoko mailako jarduera prozesalean lagunduko dute, eta aurreko artikuluan aipatutako betearazpen zerbitzu erkideak ematen dituen zerbitzuen berezko gaiei buruz agintzen zaizkien zeregin prozesalak eginen dituzte, Botere Judizialaren Lege Organikoaren 476. artikuluan ezarritakoarekin bat.

c) Izapidetze Prozesal eta Administratiboko Kidegoko langileak. Kidego horretako langileek eta zerbitzu erkidean lanpostu generikoak betetzen dituztenek kudeaketa prozesalean laguntzeko agintzen zaizkien jarduera guztiak eginen dituzte, betetzen duten lanpostuaren espezializazio-mailaren arabera, Botere Judizialaren Lege Organikoaren 477. artikuluan aurreikusitakoarekin bat, aurreko artikuluan aipatzen den betearazpen zerbitzu erkideak ematen dituen zerbitzuen gaiei dagokienez.

V. KAPITULUA.–ZERBITZU ERKIDEAK ANTOLATZEKO XEDAPEN KOMUNAK

14. artikulua. Zerbitzu erkideak arlotan banatzea.

Bulego judizialaren zerbitzu erkideak arlotan egituratzen dira, ebazpen honen I. eranskinean adierazten den moduan.

Arloek zer ataletan ematen duten sostengua edo laguntza, hari esleitutako prozeduren edo jardueren tipologiari dagokion jarduera-eremuan emanen dute zerbitzua.

15. artikulua. Ekipoak eta lantaldeak eratzeko, antolatzeko eta funtzionatzeko araubidea.

Ekipo edo lantaldeen eraketa ez da berariaz jasoko antolaketa-egituran, ez eta, beraz, lanpostu-zerrendetan ere. Bi kasuetan, jarduketa protokoloen bidez zehaztuko da langile kopurua eta egiten duten jarduera zehatza, betiere kasuan kasuko zerbitzu erkidearen berezko gaien barnean.

VI. KAPITULUA.–ZEHARKAKO ZERBITZUAK BULEGO JUDIZIALEKO UNITATEETAN

16. artikulua. Guardiako zerbitzua.

1. Arloko araudiak zehaztuko du zenbat funtzionariok eta Justizia Administrazioaren zenbat letraduk emanen duten guardiako zerbitzua. Barruti judizial bakoitzean txanda bat ezarri beharko da horretarako.

Hori helburu, izapidetze zerbitzu erkideko zuzendariak bulego judizialeko langileen guardia-egutegi bat egin eta onartuko du urtero, eta behar bezain goiz jakinaraziko zaie zerbitzu hori eman behar duten langileei.

2. Bulego judizial bakoitzeko lanpostu-zerrendak zehaztuko du zer lanpostuk bete beharko duten guardia-zerbitzu hori.

17. artikulua. Koordinazioa bulego fiskalarekin.

1. Bulego fiskalekiko lankidetza- eta koordinazio-mekanismoak azaldu beharko dira, bereziki seinalamenduen arloan, Gobernu Idazkaritzaren titularrak bulego judizial bakoitzarentzat onesten dituen jarduketa protokoloetan, bat etorriz abenduaren 30eko 1608/2005 Errege Dekretuaren bidez onetsitako Idazkari Judizialen Kidegoaren Erregelamendu Organikoan aurreikusitakoarekin.

Zerbitzu erkideetako zuzendariei dagokie koordinazio hori bulego fiskaleko zuzendaritzarekin batera antolatzea eta artikulatzea.

2. Horretarako, eta bulego judizialaren ezaugarrien arabera, jarduera hori esleitzen ahalko zaie, beste batzuekin batera, Kudeaketa Prozesal eta Administratiboko Kidegoko edo Laguntza Judizialeko Kidegoko funtzionario bati edo batzuei, zeinek zubi-lan zuzena eginen baitute kasuan kasuko bulego fiskalekin.

3. Bulego judizial baten egituran izapidetze zerbitzu erkide bakarra dagoenean, haren zuzendariak hartuko ditu bere gain eginkizun horiek, eta jardueren eta zereginen banaketaren arabera zehazten diren funtzionarioen sostengua izanen du.

18. artikulua. Koordinazioa udalerrietako justizia-bulegoekin.

1. Bulego judizial bakoitzaren jarduketa protokoloek mekanismoak ezarriko dituzte udalerrietako justizia-bulegoekin lankidetzan aritzeko eta koordinatzeko, komunikazio-lanak behar bezala egin asmoz. Horrela, udalerriko biztanleek aukera izanen dute bideokonferentzia bidez parte hartzeko eta bulego horiei esleitutako gainerako zerbitzuak jasotzeko.

Zerbitzu erkideetako zuzendariei dagokie koordinazio hori antolatu eta artikulatzea, udalerrietako justizia-bulegoetako idazkariekin, Justizia Ministerioko lurraldeko kudeatzailetzarekin eta zerbitzuak bulego horietatik ematen dituzten beste administrazio eta erakunde batzuekin batera.

2. Ondorio horietarako, bulego judizial bakoitzaren tamainaren arabera zehazten den bulego judizialaren unitatean, jarduera hori esleitzen ahalko zaie Justizia Administrazioaren letradu bati edo batzuei, edo Kudeaketa Prozesal eta Administratiboko Kidegoko edo Laguntza Judizialeko Kidegoko funtzionario bati edo batzuei, zeinek zubi-lan zuzena eginen baitute kasuan kasuko udalerrietako justizia-bulegoekin.

3. Barruti judizial batean bulego judizial baten egituran izapidetze zerbitzu erkide bakarra dagoenean, izapidetze zerbitzu erkideko zuzendariak hartuko ditu bere gain eginkizun horiek, eta jardueren eta zereginen banaketaren arabera zehazten diren funtzionarioen sostengua izanen du.

19. artikulua. Koordinazioa probintziako gatazkak konpontzeko bitarteko egokien taldeekin.

1. Bulego judizialaren jarduketa protokoloek lankidetza eta koordinazio mekanismoak ezarriko dituzte gatazkak konpontzeko bitarteko egokiei buruzko zerbitzuak ematen dituzten administrazio-unitateekin.

Zerbitzu erkideetako zuzendariei dagokie koordinazio hori antolatzea eta artikulatzea, bulego judizialaren barnean gatazkak konpontzeko bitarteko egokiei buruzko informazio-zerbitzua ematen duten langileekin batera.

2. Ondorio horietarako, bulego judizial bakoitzaren tamainaren arabera, jarduera hori esleitzen ahalko zaie Kudeaketa Prozesal eta Administratiboko Kidegoko edo Laguntza Judizialeko Kidegoko funtzionario bati edo batzuei, zeinek zubi-lan zuzena eginen baitute gatazkak konpontzeko bitarteko egokiei buruzko zerbitzua ematen duten administrazio-unitateekin.

3. Barruti judizial batean bulego judizial baten egituran izapidetze zerbitzu erkide bakarra dagoenean, izapidetze zerbitzu erkideko zuzendariak hartuko ditu bere gain eginkizun horiek, eta jardueren eta zereginen banaketaren arabera zehazten diren funtzionarioen sostengua izanen du.

20. artikulua. Ordutegi berezia.

Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoaren 500. artikuluaren 5. apartatuan xedatutakoarekin bat, gomendagarria baldin bada zerbitzu erkide batzuen berezitasunengatik, lanpostu-zerrendek ordutegi bereziak ezartzen ahalko dituzte.

21. artikulua. Dedikazio berezia.

Lanpostu-zerrendetako zenbait lanpostuk, ardura berezia eskatzeagatik, dedikazio berezia izanen dute, eta, horren ondorioz, astean 40 orduko lanaldia egin beharko da haietan, indarrean dagoen araudian ezarritakoarekin bat.

22. artikulua. Espetxeak.

Lanpostu-zerrendetan sartzen ahalko dira espetxe jakin bati dagozkion lanpostuak.

23. artikulua. Gobernu-eginkizunetarako lanpostuak.

Zehazten den zerbitzu erkideak emanen die gobernurako laguntza eta sostengua kide anitzeko auzitegietako burutza eginkizunak betetzen dituztenei, gobernu-salari, auzialdiko auzitegiko buruari eta gobernu-idazkaritzako titularrari.

Zerbitzu erkideen zuzendariek zehazten diren funtzionarioei esleituko diete zeregin hori. Funtzionario horiek modu esklusiboan beteko dute lan hori, edo destinoko zerbitzu erkideko beste jarduera batzuekin batera.

24. artikulua. Erregistro Zibilaren bulegoak.

Nafarroako Gobernuko Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuko Justizia Zuzendaritza Nagusiak antolatuko ditu bere eskumen-eremukoak diren Erregistro Zibilaren bulegoak. Horretarako, egoki diren lanpostu-zerrendak prestatu eta onetsiko ditu, eta Erregistro Zibileko arduradun-lanpostuak, beste arduradun batzuk eta zerbitzu horren antolaketarako behar diren beste lanpostu berezi batzuk zehaztu eta beteko ditu.

25. artikulua. Udalerrietako justizia-bulegoak.

Nafarroako Gobernuko Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuko Justizia Zuzendaritza Nagusiak antolatuko ditu bere eskumen-eremukoak diren udalerrietako justizia-bulegoak. Horretarako, egoki diren lanpostu-zerrendak prestatu eta onetsiko ditu, eta zerbitzu horren antolaketarako behar diren lanpostuak beteko ditu.

26. artikulua. Estatistika eta txostenak.

Ebazpen honetan aipatzen diren zerbitzu erkideetan diharduten langileek sartu eta eguneratuta eduki beharko dituzte eskuragarri dauden kudeaketa- eta informazio-sistemek eskatzen dituzten datuak, gero modu automatizatuan atera ahal izateko; hori guztia, estatistika judiziala egitea eta datuak ustiatzea erregulatzen duen araudian aurreikusitako ondorioetarako, Botere Judizialaren Lege Organikoaren 461. artikuluan aipatu bezala.

Horretarako, zerbitzu erkide bakoitzean destinoa duten langileek bete beharko dituzte horretarako ematen diren jarraibideak eta gidalerroak.

2. Ebazpen hau egin, sinatu eta jakinarazten den egunaren biharamunean hartuko du indarra, ezertan galarazi gabe aplikazioak ondorioak sortuko dituela kasuan-kasuan laguntzen diren auzitegi bakoitzeko bulego judizialak eratzen direnetik aurrera.

Iruñean, 2025eko martxoaren 27an.–Justiziako zuzendari nagusia, Maite Arenaza Sarasola.

I. ERANSKINA.–BULEGO JUDIZIALAREN ANTOLAMENDU-EREDUAK

Bulego Judizialaren antolamendu-eredu hauek aplika dakizkieke ebazpen honen II. eranskinean jasotzen diren barruti judizialei:

–A1 EREDUA: Izapidetze zerbitzu erkideak soilik osatutako bulego judiziala. Zerbitzu horrek bere gain hartuko ditu funtzio prozesal eta administratibo guztiak.

–B2 EREDUA: Izapidetze zerbitzu erkideak eta zerbitzu erkide orokor batek osatutako bulego judiziala. Zerbitzu horiek bere gain hartuko dituzte funtzio prozesal eta administratibo guztiak.

–C3.2 EREDUA: Honako hauek osatutako bulego judiziala: auzialdiko auzitegiko izapidetze zerbitzu erkidea, probintzia auzitegiko izapidetze zerbitzu erkidea, auzitegi nagusiko izapidetze zerbitzu erkidea, zerbitzu erkide orokorra eta betearazpen zerbitzu erkidea. Egituraren barneak, arlo hauek identifikatzen dira:

  • Zerbitzu erkide orokorrean:

1.–Zerbitzu orokorren arlo bat.

2.–Komunikazio-egintzen arlo bat.

3.–Laguntza judizialetan sostengua emateko arlo bat.

  • Auzialdiko auzitegiko izapidetze zerbitzu erkidean:

1.–Arlo Zibila, Familiaren, Haurren eta Gaitasunarena.

2.–Lanaren, administrazioarekiko auzien eta merkataritzaren arloa.

3.–Instrukzioaren, zigorraren, adingabeen, emakumeen aurkako indarkeriaren eta espetxe-zaintzaren arloa.

  • Betearazpen zerbitzu erkidean:

1.–Arlo zibila, lanarena eta administrazioarekiko auziena.

2.–Zigor arloa.

II. ERANSKINA.–BULEGO JUDIZIALEN ZERRENDA ETA HORIEN EGITURA, EBAZPEN HONETAN AURREIKUSITAKO ANTOLAKETA-EREDUEN ARABERA

Lehen ezarpen-faseko bulego judizialak: 2025eko uztailaren 1a

BARRUTI JUDIZIALA

BULEGO JUDIZIALAREN ER.

LIZARRA

A1

AGOITZ

A1

TAFALLA

A1

TUTERA

B2

Hirugarren ezarpen-faseko bulego judizialak: 2025eko abenduaren 31

BARRUTI JUDIZIALA

BULEGO JUDIZIALAREN ER.

IRUÑA

C3.2

Iragarkiaren kodea: F2505392