Iragarkia
87. ALDIZKARIA - 2025eko maiatzaren 5a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
17E/2025 FORU AGINDUA, otsailaren 25ekoa, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baita akordio honen testuko bigarren aldaketa: Akordioa, kudeaketa-esleipena egiten diona Diruaren eta Zerga-zigiluaren Fabrika Nazionala-Diruaren Errege Etxeari 2025ean zehar zerbitzu publikoak hedatzeko jarduera materialak edo teknikoak egin ditzan. Akordioa Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariaren eta "Diruaren eta Zerga-zigiluaren Fabrika Nazionala - Diruaren Errege Etxea, Enpresa-erakunde Publikoa, Bitarteko Propioa"ren (DZFN-DEE-EEP-BP) zuzendari nagusiaren artekoa da, eta onetsi zen Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariaren abenduaren 23ko 131E/2024 Foru Aginduaren bidez.
Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariaren abenduaren 23ko 131E/2024 Foru Aginduaren bidez, agindu zen onesteko eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara emateko akordio bat, kudeaketa-esleipena egiten diona Diruaren eta Zerga-zigiluaren Fabrika Nazionala-Diruaren Errege Etxeari 2025ean zehar zerbitzu publikoak hedatzeko jarduera materialak edo teknikoak egin ditzan. Akordioa Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariaren eta "Diruaren eta Zerga-zigiluaren Fabrika Nazionala - Diruaren Errege Etxea, Enpresa-erakunde Publikoa, Bitarteko Propioa"ren (DZFN-DEE-EEP-BP) zuzendari nagusiaren artekoa izan da.
Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariaren otsailaren 10eko 8E/2025 Foru Aginduaren bidez, agindu zen onesteko eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara emateko akorio horren testuko aldaketa bat, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuko titularra aldatu zen eta. Horrek ekarri zuen akordioa sinatu zuen aldeetako bat aldatu beharra.
Ondoren, "Diruaren eta Zerga-zigiluaren Fabrika Nazionala - Diruaren Errege Etxea, Enpresa-erakunde Publikoa, Bitarteko Propioa" (DZFN-DEE-EEP-BP) erakundeak akordioaren testuan zenbait aldaketa egitea eskatu zuen; hona hemen:
Lehenengo azalpen zatian, proposatzen da lehenbiziko paragrafoa aldatzea eta haren ordez honako hau jartzea:
"Lehenengoa.–DZFN-DEE-EEP-BPren Estatutuko 4. artikuluak haren funtzio eta eskumenen (Neurri Fiskal, Administratibo eta Sozialei buruzko abenduaren 30eko 66/1997 Legearen 81. artikuluak ezarritakoak) artean aitortu eta ezartzen ditu honako hauek: segurtasun-zerbitzuak ematea komunikazioetan teknika eta baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoak (EIT) erabiliz eta identifikazio elektronikoko eta konfiantzazko zerbitzuak ematea transakzio elektronikoetarako, gaitutako helbide elektronikorako eta edozein euskarritako agiriak modu elektronikoan jakinarazteko, digitalizatzeko, gordailutzeko eta gordetzeko; erabiltzaile-titulu edo -ziurtagiriak (euskarri digitalean edo txartelezkoak) eman, sortu eta hornitzea; blockchain motako zerbitzuen hornikuntza eta kredentzial deszentralitatuen egiaztapena, eta zerbitzu digitalak garatzea eta ematea administrazio publikoen eraldaketa digitalerako; horiek guztiak dagozkien legezko xedapenek –Espainikoek, Europar Batasunekoek edo nazioartekoak– ezartzen dutenaren arabera. Gaur egun, jarduera horiek arautzen ditu, besteak beste, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko uztailaren 23ko 910/2014 (EB) Erregelamenduak, identifikazio elektronikoari eta barne merkatuko transakzio elektronikoetarako konfiantzazko zerbitzuei buruzkoak, zeinak 1999/93/EE Zuzentaraua indargabetzen baitu."
Bosgarren klausulan ("Iraupena"), proposatzen da lehenbiziko paragrafoa aldatzea eta haren ordez honako hau jartzea:
"Kudeaketa-esleipenerako hitzarmen hau aldeen sinaduraren bidez perfekzionatzen da, eta aplikatu da, dagozkion zerbitzuak ematearen eta eragindako ordainketak gauzatzearen ondorioetarako, 2025eko urtarrilaren 1etik 2025eko abenduaren 31 arte; hori guztia, bat etorriz ezarrita dagoenarekin Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 39.3 artikuluan."
Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,
AGINTZEN DUT:
1. Akordio honen testua aldatzea: akordioa, kudeaketa-esleipena egiten diona Diruaren eta Zerga-zigiluaren Fabrika Nazionala-Diruaren Errege Etxeari 2025ean zehar zerbitzu publikoak hedatzeko jarduera materialak edo teknikoak egin ditzan. Akordioa Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariaren eta "Diruaren eta Zerga-zigiluaren Fabrika Nazionala - Diruaren Errege Etxea, Enpresa-erakunde Publikoa, Bitarteko Propioa"ren (DZFN-DEE-EEP-BP) zuzendari nagusiaren artekoa da, eta onetsi zen Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariaren abenduaren 23ko 131E/2024 Foru Aginduaren bidez. Akordioaren behin betiko testua foru agindu honen eranskin gisa ageri da.
2. Foru agindu hau eta aipatu akordioa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea bi aldeek sinatu ondoren.
3. Foru agindu hau igortzea Nafarroako Gobernuko Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari eta Telekomunikazioetako eta Digitalizazioko Zuzendaritza Nagusiari eta "Diruaren eta Zerga-zigiluaren Fabrika Nazionala - Diruaren Errege Etxea, Enpresa-erakunde Publikoa, Bitarteko Propioa"ri , behar diren ondorioak izan ditzan.
4. Foru agindu honek ez du administrazio bidea amaitzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Iruñean, 2025eko otsailaren 25ean.–Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilaria, Juan Luis García Martín.
ERANSKINA.–KUDEAKETA-ESLEIPENA, NAFARROAKO GOBERNUKO UNIBERTSITATEKO, BERRIKUNTZAKO ETA ERALDAKETA DIGITALEKO DEPARTAMENTUAK "DIRUAREN ETA ZERGA-ZIGILUAREN FABRIKA NAZIONALA - DIRUAREN ERREGE ETXEA, ENPRESA-ERAKUNDE PUBLIKOA, BITARTEKO PROPIOA"RI EGITEN DIONA, ZERBITZU PUBLIKO ELEKTRONIKOAK HEDATZEKO JARDUERA MATERIALAK ETA TEKNIKOAK EGIN DITZAN
BILDURIK:
Alde batetik, Juan Luis García Martín jauna, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen abuztuaren 30eko 72/2023 Foru Dekretuak esleitutako eskumenekin, Nafarroako Gobernuko Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuaren izenean eta hura ordezkatuz, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak esleitzen dizkion eskumenak baliatuz, Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretuan ezarritako eskumen-esparruarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitatearen ordezkari gisa (egoitza instituzionala: Cabárceno kalea 6, 3. solairua, 31621 Sarriguren, Nafarroa, eta IFZa: S7138185I).
Eta, bestetik, María Isabel Valldecabres Ortiz andrea, "Diruaren eta Zerga-zigiluaren Fabrika Nazionala - Diruaren Errege Etxea, Enpresa-erakunde Publikoa, Bitarteko Propioa"ren (aurrerantzean, DZFN-DEE-EEP-BP) zuzendari nagusia, abuztuaren 3ko 726/2021 Errege Dekretuaren bidez izendatua (2021eko 185. EAO, abuztuaren 4koa), erakunde horren izenean eta hura ordezkatuz, haren Estatutuaren 18. artikuluarekin bat; egoitza instituzionala Madrilen du, Jorge Juan kaleko 106. zenbakian, eta IFZa: Q2826004J.
DZFN-DEE-EEP-BP haren Estatutuak (urtarrilaren 31ko 51/2023 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen eta 2023ko 27. Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, otsailaren 1ekoan) eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legeak arautzen dute; Ogasun Ministerioari atxikita dago Ogasun Idazkariordetzaren bidez, bat etorriz Ogasun Ministerioaren oinarrizko egitura organikoa garatzen duen otsailaren 27ko 206/2024 Errege Dekretuaren 12.11.b) artikuluarekin.
Bi alderdiek elkarri aitortzen diote legezko gaitasun eta eskumen nahikoak dituztela esleipen hau formalizatzeko.
ADIERAZTEN DUTE:
Lehenengoa.–DZFN-DEE-EEP-BPren Estatutuko 4. artikuluak haren funtzio eta eskumenen (Neurri Fiskal, Administratibo eta Sozialei buruzko abenduaren 30eko 66/1997 Legearen 81. artikuluak ezarritakoak) artean aitortu eta ezartzen ditu honako hauek: segurtasun-zerbitzuak ematea komunikazioetan teknika eta baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoak (EIT) erabiliz eta identifikazio elektronikoko eta konfiantzazko zerbitzuak ematea transakzio elektronikoetarako, gaitutako helbide elektronikorako eta edozein euskarritako agiriak modu elektronikoan jakinarazteko, digitalizatzeko, gordailutzeko eta gordetzeko; erabiltzaile-titulu edo -ziurtagiriak (euskarri digitalean edo txartelezkoak) eman, sortu eta hornitzea; blockchain motako zerbitzuen hornikuntza eta kredentzial deszentralitatuen egiaztapena, eta zerbitzu digitalak garatzea eta ematea administrazio publikoen eraldaketa digitalerako; horiek guztiak dagozkien legezko xedapenek –Espainikoek, Europar Batasunekoek edo nazioartekoak– ezartzen dutenaren arabera. Gaur egun, jarduera horiek arautzen ditu, besteak beste, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko uztailaren 23ko 910/2014 (EB) Erregelamenduak, identifikazio elektronikoari eta barne merkatuko transakzio elektronikoetarako konfiantzazko zerbitzuei buruzkoak, zeinak 1999/93/EE Zuzentaraua indargabetzen baitu.
Prozedura bateko interesdunen identifikazio elektronikoari dagokionez, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 9. eta 10. artikuluek ezartzen dute ezen, interesdunek erabilitako eta Administrazio Publikoek onartutako sistemen artean, "interesdunek elektronikoki identifikatzeko aukera izanen dutela (...) sinadura elektronikoko ziurtagiri elektroniko kualifikatuetan oinarritutako sistemen bidez; ziurtagiri horiek "Ziurtapen zerbitzuen emaileen konfiantzazko zerrenda"n dauden emaileek emanak izan beharko dute".
Konfiantzazko zerrenda hori egiten da kontuan hartuta Batzordearen 2015eko irailaren 8ko 2015/1505 (EB) Betearazpen Erabakian aurreikusitakoa. Izan ere, erabaki horretan ezartzen dira konfiantzazko zerrendekin lotutako zehaztapen teknikoak eta formatuak. DZFN-DEE-EEP-BP ziurtapen zerbitzuen emailea da, zehazki Eraldaketa Digitalerako eta Funtzio Publikoaren Ministerioak (Digitalizazioaren eta Adimen Artifizialaren Estatu Idazkaritza - SEDIA) kudeatzen duen konfiantzazko zerrendan sartuta daudenetako bat:
https://avancedigital.gob.es/es-es/Servicios/FirmaElectronica/Paginas/Prestadores.aspx
Beste alde batetik, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legeak ezartzen du sektore publikoaren funtzionamendu elektronikoa, non ohikoa izan behar baitu administrazio publikoek bitarteko elektronikoak erabiltzea, hala nola sinadura eta egoitza elektronikoak, datuen truke elektronikoa komunikazio ingurune itxietan eta administrazio jardun automatizatua. Ezartzen du, halaber, administrazio publikoen arteko harremanak bitarteko elektronikoak erabiliz egin behar direla, eta aurreikuspen hori garatzen da aurrerago, administrazioen arteko lankidetzari buruzko tituluan, administrazioen arteko harreman elektronikoen gaineko arau espezifiko batzuen bidez. Horretarako, jarduteko printzipio berri bat aurreikusten da: bitarteko elektronikoen eta sistemen elkarreragingarritasuna eta herritarrentzako zerbitzuak administrazioek batera ematea.
Urriaren 1eko 40/2015 Legearen Atariko Tituluaren V. kapituluak berariaz arautzen du sektore publikoaren funtzionamendu elektronikoa, hots, hauena guztiena: Estatuko Administrazio Orokorra, autonomia erkidegoetako administrazioak, Toki Administrazioa osatzen duten erakundeak eta sektore publiko instituzionala.
Sektore publikoak bitarteko elektronikoekin jarduteko eta funtzionatzeko Erregelamendua onesten duen martxoaren 30eko 203/2021 Errege Dekretuak garatu eta zehazten ditu arestian gainetik azaldutako lege aurreikuspenak, besteak beste helburu honekin: bitarteko teknologikoen erabileran inplikaturiko eragileei horiek eraginkortasunez erabiltzea erraztea eta, aldi berean, lege hauetan arautzen diren gaietatik erregelamenduz jarduteko aukera ematen dutenak argitu eta zehaztea. Espainiako 2025eko Agenda Digitalean jasota dago ardatz estrategiko espezifiko bat sektore publikoaren eraldaketa digitalari buruz, neurri batzuk betetzean gauzatzen dena, hala nola Administrazio digitalaren arau-esparrua hobetzea. Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planak ("España puede"), berriz, hazkunde jasangarri eta inklusiborako egiturazko erreformaren arloko hamar palanka-politiken artean jasotzen du Administrazio modernizatua lortzea haren digitalizazioaren bidez, bai zeharkakotasunez bai arlo estrategikoetan.
Kudeaketa-esleipen honen gaiari dagokionez, martxoaren 30eko 203/2021 Errege Dekretuak garatzen du administrazio publikoen identifikazio elektronikoaren jarduera eta haren eskumenaren erabileraren autentifikazio lana, barne hartuta honakoak: egoitza elektronikoen eta egoitza elkartuen identifikazioa, ziurtagiri elektroniko kualifikatuan oinarritutako zigilu elektronikoaren bidezko identifikazioa, jardun administratibo automatizaturako sinadura elektronikoaren sistemak, administrazio publikoen zerbitzuko langileen identifikazioa eta sinadura (barne direla enplegatu publikoaren ziurtagiriak, identifikazio zenbaki profesionalarekin eta izenordearekin); horrez gain, interesdunen identifikazioa eta sinadura eta haien ordezkaritza ere arautzen ditu.
Bigarrena.–Jarduera horien gauzatze materiala araututa dago Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko uztailaren 23ko 910/2014 (EB) Erregelamenduan, barne-merkatuko transakzio elektronikoetarako identifikazio elektronikoari eta konfiantzazko zerbitzuei buruzkoan, eta 1999/93/EE Zuzentaraua indargabetzen duenean. Hala, barne merkatuaren funtzionamendu zuzena bermatzeko eta identifikazio elektronikoko zein konfiantza zerbitzuetako identifikazio elektronikoko bitartekoen segurtasun-maila egokia lortzeko, honako hauek ezartzen ditu: (a) Estatu kideek zer baldintzatan onartu beharko dituzten identifikazio elektronikoko sistema baten parte diren pertsona fisiko eta juridikoen identifikazio elektronikoko bitartekoak; (b) konfiantza zerbitzuen arauak, transakzio elektronikoei dagozkienak zehazki, eta (c) esparru juridikoa sinadura elektronikoetarako, zigilu elektronikoetarako, denbora-zigilu elektronikoetarako, dokumentu elektronikoetarako, entrega elektroniko ziurtatuko zerbitzuetarako eta webguneen autentifikaziorako ziurtagirien zerbitzuetarako.
Arlo honi buruzko barne zuzenbideari dagokionez, azaroaren 11ko 6/2020 Legea onetsi da, konfiantzazko zerbitzu elektronikoen alderdi batzuk arautzen dituena. Lege horren eginkizuna da Europako erregelamendua osatzea harmonizatu gabe dauden eta Batasuneko estatuen ordenamenduetan garatzea aurreikusita dauden alderdiei dagokienez, horien xedapenak erregelamenduaren arabera interpretatu behar baitira.
Identifikazio sistemen eta gainerako sistemen jarduerari eta ondorioei dagokienez, 6/2020 Legearen bigarren xedapen gehigarriak adierazten du erabateko ondorio juridikoak izanen dituztela 39/2015 Legean eta 40/2015 Legean jasotako identifikazio, sinadura eta zigilu elektronikoko sistema guztiek; hain zuzen ere, sistema horien artean daude DZFN-DEE-EEP-BPk eskainitakoak.
Hirugarrena.–Neurri Fiskal, Administratibo eta Sozialei buruzko abenduaren 30eko 66/1997 Legearen 81. artikuluak (Diruaren eta Zerga-zigiluaren Fabrika Nazionalak segurtasun zerbitzuak ematea teknika eta bitarteko elektroniko, informatiko eta telematikoen bidezko komunikazioetarako) ahalmena ematen dio DZFN-DEE-EEP-BPri behar diren zerbitzu tekniko eta administratiboak emateko, teknika eta bitarteko elektroniko, informatiko eta telematikoen bidez komunikazioak eta agiriak eman eta jasotzeko eragiketak seguruak, baliozkoak eta eraginkorrak direla bermatzeko (1. apartatua), eta gaikuntza ematen dio, Finantza Sistemaren Erreformarako Neurriei buruzko azaroaren 22ko 44/2002 Legearen bidez aldaketa egin eta gero, funtzio publikoak betetzen dituzten pertsona, entitate eta korporazioei zerbitzu horiek emateko eta identifikazio eta erregistro tramiteetan parte hartzeko, kasuan kasuko hitzarmena (edo harremanetarako beste tresna bat) formalizatu ondoren.
Artikulu hori oinarritzen da indargabetua dagoen 30/1992 Legearen 45.1 artikuluak ezarritako aginduan, hartan xedatzen baitzen administrazio publikoek, beren eskumenak gauzatzean eta jarduerak garatzean, EIT teknikak eta bitartekoak erabiltzea eta aplikatzea sustatu behar dutela. Agindu hori, gaur egun 39/2015 Legearen 17., 26. eta 27. artikuluek eta 40/2015 Legeak arautzen dute.
Identifikazio eta erregistro jarduerei dagokienez eta aipatu 81. artikuluaren bederatzigarren apartatuan xedatutakoari jarraikiz, DZFN-DEE-EEP-BPk egoki jotzen dituen hitzarmenak edo bestelako tresna juridikoak martxan jartzen ahalko ditu funtzio publikoak betetzen dituzten pertsona, entitate eta korporazioekin, eta haietan ezarriko dira pertsona, entitate eta korporazioek zer baldintzatan parte hartzen ahalko duten aipatu jardueretan.
Azaroaren 30eko 1317/2001 Errege Dekretuak, lehen aipatutako 81. artikulua garatzen duenak, arautzen du DZFN-DEE-EEP-BPk nola emanen dituen segurtasun zerbitzuak bitarteko eta teknika elektroniko, informatiko eta telematikoen bidezko komunikazioak eta idatziak egin eta jasotzeko eragiketetan. Errege dekretu horren 6. artikuluak ahalmena ematen dio DZFN-DEE-EEP-BPri ezartzeko zer baldintzatan emanen dituen bere zerbitzuak teknika eta bitarteko elektroniko, informatiko eta telematikoak erabiliz egiten diren komunikazioetan, bai eta elkarren arteko lankidetzarako ere, erregistro eta egiaztapenaren arloan (interesdunena nahiz erakundearena berarena eta erakundeko langileena).
90eko hamarkadaren erdialdetik, DZFN-DEE-EEP-BPk garatu, hobetu eta eguneratu ditu gako publikoaren azpiegitura batzuk (PKI, ingelesez), urriaren 1eko 39/2015 Legearen eta urriaren 1eko 40/2015 Legearen beharrak asetzen dituztenak; soluzio horiek Estatuko beste administrazio publiko, ente eta erakunde batzuetara eta gainerako organo eta botereetara hedatzeko modukoak dira. PKI horiek abian jarri dira irizpide hauen arabera:
–Espainiako Ziurtapeneko CERES proiektuan metatutako esperientziaz baliatzea, gako publikoaren azpiegituraren muina baita.
–Arriskuak gutxitzea "paperik gabeko administrazioa" sendotzean.
–Bitartekoen ekonomia, esperientzia metatuak eta administrazio publikoen arteko teknologia transferentziak dakartena.
–Egun erabiltzen diren teknologien, ekipamenduen, txartelen eta aplikazioen berrerabilera.
Laugarrena.–40/2015 Legearen 11. artikuluak xedatzen duenez, administrazio organoen edo zuzenbide publikoko erakundeen eskumeneko jarduera material edo teknikoak betetzea esleitzen ahalko zaie administrazio bereko edo beste bateko organo edo zuzenbide publikoko erakunde batzuei, jarduera horiek haien eskumenen artean badaude, dela eraginkorragoak izateko, dela jarduera horiek betetzeko baliabide tekniko egokiak ez izateagatik. Tresna honen bidez DZFN-DEE-EEP-BPri egin ditzan esleituko zaizkio esleipen-emailearen xedeak betetzeko beharrezko diren jarduerak.
Kontuan hartuta, batetik, Nafarroako Gobernuaren interesa dela bermatzea interesdunek bitarteko elektronikoak erabiliz harremanak izan ahal izatea, bai eta bere burua identifikatu eta interesdunekin nahiz beste administrazioekin komunikazioak ezarri ahal izatea, eta, bestetik, DZFN-DEE-EEP-BPk egiten ahal dituela ziurtapenari, sinadura elektronikoari eta agiri honetan jasotzen diren gainerako jarduketei dagozkien jarduera tekniko eta segurtasunekoak, bere helburu instituzionalen arabera, hitzarmen honen bidez ezartzen da DZFN-DEE-EEP-BPri horiek egin ditzan esleitzea, honako hauek direla horretarako:
KLAUSULAK:
Lehena.–Xedea.
Kudeaketa-esleipen honen helburua da DZFN-DEE-EEP-BPk Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarentzat jarduera materialak edo teknikoak egitea, esleipen-emailearen eginkizunak eta eskumenak betetzea ahalbidetzeko. Jarduera horiei esker, jardun-esparru instituzional bat sortuko da, identifikazio eta sinadurarako zerbitzu publiko elektronikoak sustatzea erraztuko duena; horretarako, DZFN-DEE-EEP-BPk garatutako Ziurtapeneko Plataforma Publikoaren jarduerak eta bestelako zerbitzu elektroniko, informatiko eta telematikoak hedatuko ditu, bere eskumenen esparruan, administrazioek erabil ditzaten.
Zehazki, DZFN-DEE-EEP-BPk honako hauek barne hartuko ditu bere jardunean:
1. Ziurtapeneko Plataforma Publikoa hedatzea, esleipen honen I. eranskineko I. eta III. kapituluetan jasotzen diren jarduerak eginez, administrazio publikoen nahiz herritarren identifikaziokoak. Bereziki, jarduera material edo tekniko hauek eginen dira:
1.1. Pertsona fisikoentzako erabiltzaile-ziurtagiriak ematea eta haien bizi-zikloa kudeatzea, AC USUARIOSen bidez. Ziurtagiriak kudeatzeko plataforma seguruen mantentze-lanak.
1.2. Pertsona juridikoentzako eta nortasun juridikorik gabeko erakundeentzako ordezkariaren ziurtagirien bizi-zikloa kudeatzea, AC REPRESENTACIÓNen bidez. Ziurtagiriak kudeatzeko plataforma seguruen mantentze-lanak.
1.3. Urriaren 1eko 40/2015 Legean jasotako ziurtagiriak ematea eta haien bizi-zikloa kudeatzea, eta ziurtagiriak kudeatzeko plataforma seguruen mantentze-lanak: langileen ziurtagiriak (sw, izenordearekin eta sinadura zentralizatuarekin), egoitza elektronikoaren ziurtagiriak (webgunearen autentifikazioa) eta administrazio publikoaren zigilu elektronikoaren ziurtagiriak (hurrengo 3. atalaren arabera).
Esleipen honetako I. eranskin bereko II. kapituluan zerrendatutako funtzionalitate eta jarduera guztiak ere bilduko ditu.
2. Ziurtagiriak onartzea eta balidatzea DZFN-DEE-EEP-BPren Multi-AC Balidazio Plataformaren bidez, herritarrek zerbitzu publikoetan sarbide elektronikoa izateari buruzko ekainaren 22ko 11/2007 Legea hein batean garatu zuen 1671/2009 Errege Dekretuaren bosgarren xedapen gehigarrian edo horiek ordezten dituzten arauetan aurreikusitakoaren arabera.
3. DZFN-DEEk jarduera gehigarri hauek ere egiten ahalko ditu, aurrekoetarako tresna gisa eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak aldez aurretik eskatuta:
–Denbora-zigiluak ematea dokumentu honen babesean egiten diren komunikazio elektroniko, informatiko eta telematikoetan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak aldez aurretik eskatuta, DZFN-DEE-EEP-BPren Denbora Zigilatzeko Azpiegitura Publikoaren bidez, Itsas-armadaren Errege Institutu eta Behatokiarekin (ROA) egindako hitzarmenaren bidez sinkronizatuta, Espainian Ordu Patroia mantentzeko eskumena duen organoa den aldetik.
–Osagai-ziurtagiriak (I. eranskineko ezaugarrien arabera: II. kapitulua, zerbitzu aurreratuak).
–Ordezkariaren ziurtagiriak, aldez aurretik Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eskatuta, bere eremuan eta toki erakundeen eta zuzenbide publikoko beste entitate batzuen edo atxikitakoen eremuan.
Bigarrena.–Aplikazio-eremu subjektiboa.
1. Esleipen honen aplikazio-eremu subjektiboan sartuta daude Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa eta haren organo eta unitate administratiboak.
2. Esleipen-emaileari lotutako edo haren mendeko organismo eta entitate publiko guztiak ere sartuko dira. Bai eta III. eranskinean jasota daudenak ere. I. KAPITULUA - ATXIKITAKO ERAKUNDEAK edo ondoren atxikitzen direnak.
Hirugarrena.–Bete beharreko jarduerak.
Alderdi bakoitzaren eskumen eta eginkizunen araubidearen arabera, DZFN-DEE-EEP-BPri dagokio, esleipen honen xedean eta bertan aipatutako araudian xedatutakoaren arabera, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren esku jartzea Administrazio Elektronikoaren funtzionamendurako garatutako Ziurtapeneko Plataforma Publikoa, interesdunek, administrazioek eta Estatuko beste ente batzuek identifikazio elektronikorako tresnak erabiltzean segurtasuna eskaintzeko. Plataforma horiek, beste funtzionalitate gehigarri batzuekin batera (denboraren zigilatzea, adibidez), aukera ematen diote DZFN-DEE-EEP-BPri jarduera materialak eta teknikoak egiteko komunikazioak, ziurtapena eta sinadura elektronikoa babestearen arloan, Administrazio Elektronikoa hedatzeko agindua betetze aldera.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari dagokio, aldiz, bere prozeduretan plataformak ezartzera bideratutako administrazio-jarduketak betetzea eta bere eginkizunak eta eskumenak garatzea. Esleipen honen xedea behar bezala betetzeko, alderdiek zenbait jarduera bete behar dituzte:
1. DZFN-DEE-EEP-BPk jarduera hauek eginen ditu:
1.1. Jarduera materialak, administratiboak eta teknikoak:
–Egokia den azpiegitura teknikoa eta antolaketakoa jartzea plataformak hedatu eta ezarri ahal izateko, herritarren administrazio-harremanak garatzeko aurreikusitako funtzionaltasunekin, EIT sistemen bidez eta eranskinetan jasotakoarekin eta teknikaren egoerarekin bat etorriz.
–Ezarpen horretarako beharrezkoak diren jabetza industrialeko eta intelektualeko eskubideak ematea, horien erabilera baketsua bermatuz. DZFN-DEE-EEP-BPk bazter uzten du hirugarrenentzat edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarentzat edonolako lizentzia edo azpilizentzia, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren nahiz hirugarrenen aplikazio eta sistemetarako, DZFN-DEE-EEP-BPk berak, esleipen honi jarraikiz, zuzenean erabiltzaile gisa erabiltzeko emandakoa ez dena.
–Laguntza teknikoa, eranskinetan ezarritakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari sistemek behar bezala funtzionatzeko behar den informazioa emateko.
–Sistemen eguneratze teknologikoa, teknikaren egoeraren, DZFN-DEE-EEP-BPren aurrekontu-baliabideen eta Elkarreragingarritasun eta Segurtasun Eskema Nazionalen arabera, horrek eragotzi gabe IKTen Estrategia Batzordeak edo, hala badagokio, organo eskudunak dagozkion baldintza teknikoak onartzea.
–Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren betebeharrak bete ahal izateko behar den teknologia ematea; bereziki, erregistro- eta egiaztapen-bulegoak eratzeko eta ziurtagiri elektronikoak emateko eskaerak izapidetzeko beharrezkoak diren aplikazioak. Aplikazio horiek bateragarriak izanen dira aurrerapen teknologikoen eta teknikaren egoeraren arabera.
–Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eskatuta, DZFN-DEE-EEP-BPk egindako jarduerak egiaztatzen dituzten txostenak egitea.
–Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta erabiltzaileek kontsultatu ahal izateko, Ziurtapen Praktiken Deklarazioa edo Konfiantzazko Zerbitzuarena (ZPD) eskuragarri izatea, gutxienez 910/2014 (EB) Erregelamenduan eta 6/2020 Legean ezarritako zehaztapenak jasoko dituena. Deklarazioa eta gainerako informazio interesgarria helbide elektroniko (URL) honetan egonen da eskuragarri:
https://www.sede.fnmt.gob.es/normativa/declaracion-de-practicas-de-certificacion
ZPD hori interesdun guztiek kontsultatzen ahalko dute eta DDZFN-DEE-EEP-BPk aldatzen ahalko du, legezko edo prozedurazko arrazoiengatik. ZPDaren aldaketen berri emanen zaie erabiltzaileei haien helbide elektronikora bidalitako abisuen bidez.
ZPDari eta haren eranskinei dagokienez, kontuan hartu beharra dago Ziurtapen Praktiken Deklarazio Orokorra eta Ziurtapen Politika eta Praktika Partikularrak, ziurtagiri mota edo horien eremu bakoitzerako.
Nolanahi ere, DZFN-DEE-EEP-BPk erabiltzen dituen baliabide teknikoek eta teknologiak aukera emanen dute honako hauek frogatzeko: ziurtapen elektronikoaren jardueraren fidagarritasuna, ziurtagiri bat eman, eten edo errebokatu den data eta ordua, sistemen eta produktuen fidagarritasuna (sistema eta produktu horiek aldaketen aurkako babes egokia izanen dute, bai eta segurtasun tekniko eta kriptografiko egokia ere, erabiltzen diren prozeduren arabera), ziurtagiriaren titularraren identitatea egiaztatzea, baimendutako erregistro- eta egiaztapen-bulegoen bitartez, eta, hala badagokio, –soilik ziurtagiriaren titularra identifikatu eta erregistratu den zati edo erakundearen aurrean–, dagozkion atributuak eta, oro har, aplikatzekoak direnak kasuko Europar Batasuneko araudiari edo araudi nazionalari jarraikiz.
Aurrekoa gorabehera, 40/2015 Legearen eremuko jarduketak egitean, erregistro-bulegoak (kudeaketaren eta administrazio-zuzenbidearen berezitasunak direla eta, eta azaroaren 30eko 1317/2001 Errege Dekretuaren 11. artikuluarekin bat etorriz) ez dira egonen zuzenean DZFN-DEE-EEP-BPren mende, baizik eta organikoki horiek bere mende dituen organo, organismo edo erakundearen mende, horrek eragotzi gabe DZFN-DEE-EEP-BPk, konfiantzazko zerbitzuen emaile den aldetik, erregistroaren eta egiaztapenaren gainean frogatze eta koordinatze lanak egitea, kudeaketa kontrolatzea eta protokolo eta gidalerroak prestatzea.
DZFN-DEE-EEP-BPk konpromisoa hartzen du, esleipena garatu eta gauzatzean, ingurumena babesteari, laneko arriskuen prebentzioari, berdintasunari eta diskriminaziorik ezari buruzko arau- edo programa-esparruei buruzko xedapenak eta gomendioak aplikatzeko, egindako jarduera motaren arabera bidezkoa denean.
1.2. Bere araudi espezifikoan ezarritako ahalmenak garatzekoak, bere jarduera azaroaren 30eko 1317/2001 Errege Dekretuan aurreikusitako baldintzetan eta ondorioekin eginez, bereziki:
–Erregistro- eta egiaztapen-bulegoen frogatze, koordinazio eta kontrol lanak, horrek eragotzi gabe bulego horiek dagokien administrazio edo organismo publikoaren mende egotea organikoki eta funtzionalki.
–Ebaztea hitzartutako jardueraren ondoriozko errekurtsoak eta erreklamazioak, DZFN-DEE-EEP-BPren eskumenekoak.
–Ogasun Ministerioari komunikatzea, administrazio elektronikoa garatzeko eta herritarrek zerbitzu publikoetara sarbide elektronikoa izateko behar diren koordinazioaren eta elkarreragingarritasunaren ondorioetarako.
2. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, sistemen funtzionaltasun egokia lortzeko, jarduketa hauek eginen ditu:
–Erregistro-agintaritzaren jarduerak egitea, hurrengo atalean ezarritako jarduketekin: ziurtagiri elektronikoa eskuratu aurreko identifikazioa eta, hala badagokio, dagozkion atributuak, kargua eta sinatzaileen/jagoleen eskumena eta haien nahikotasuna frogatzea, DZFN-DEE-EEP-BPren aurrean akreditatutako erregistro-bulegoaren bidez.
–DZFN-DEE-EEP-BPk ematen dituen sinadura elektronikoko ziurtagirien izaera unibertsala aitortzea.
–Bere eskumeneko errekurtsoak eta erreklamazioak ebaztea.
3. Erregistro- eta egiaztapen-bulegoen araubidea:
–Orokorra: ziurtagiri elektronikoak emateko eskaerak identifikatu, jaso eta izapidetzeko jarduerak eginen dituzten erregistro- eta egiaztapen-bulegoen kopurua eta kokapena III. eranskinean daude jasota. (III. kapitulua: Nafarroako Gobernuko Egiaztapen Bulegoak, esleipen honetakoak). Zerrenda horretan edo bulegoen kokapenean aldaketarik eginez gero, DZFN-DEE-EEP-BPri jakinarazi beharko zaio, eta hark behar bezala zabalduko du, etengabe eguneraturik egon dadin ziurtagiri elektronikoak lortzeko erregistro- eta egiaztapen-bulegoen sarearen zerrenda, azaroaren 30eko 1317/2001 Errege Dekretuan eta gainerako araudi aplikagarrian aurreikusitakoaren arabera.
DZFN-DEE-EEP-BPk emanen ditu ziurtapen eta identifikazio jarduerak gauzatzeko behar diren aplikazio informatikoak. Aplikazio horiek teknologia aldetik bateragarriak izanen dira aurrerapen teknologikoen eta teknikaren egoeraren arabera.
Ziurtagiriak emateko, errebokatzeko edo eteteko eskaerak, hala dagokionean, DZFN-DEE-EEP-BPk ezarritako ereduetara eta helbide honetan eskuragarri dagoen erakundearen Ziurtapen Praktiken Deklaraziora egokituko dira:
https://www.sede.fnmt.gob.es/normativa/declaracion-de-practicas-de-certificacion
–Neurri Fiskalei, Administratiboei eta Arlo Sozialekoei buruzko abenduaren 30eko 66/1997 Legearen 81. artikuluaren esparruko jardueretarako: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak erregistro- eta egiaztapen-bulegoa edo bulegoak izanen ditu, DZFN-DEE-EEP-BPrekin telematikoki konektatzeko behar diren baliabide informatikoak eta segurtasun-sistemak izanen dituztenak. Bulego horietan, ziurtagirien eskatzaileak (herritarrak eta enpresak, nortasun juridikoarekin edo gabe) egiaztatzeko eta identifikatzeko, frogatu beharko dira haien identitatea eta ziurtagiri elektroniko bat emateko nahia, eta, hala badagokio, kasuan kasuko egiaztagiria lortzeko ordezkaritza-, gaitasun- eta egokitasun-ahalmenak betetzen direla ere, eta dena egiaztatuko da aplikatu beharreko araudian xedatutakoaren arabera, eta hura osorik betez.
Egindako egiaztapenek erabateko ondorioak izanen dituzte, eta baliozkoak izanen dira edozein administrazio publikok edo DZFN-DEE-EEP-BPk emandako ziurtagiriak onartzen dituen beste edozein erakundek onar ditzan.
–Urriaren 1eko 40/2015 Legearen esparruko jardueretarako: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko erregistro- eta egiaztapen-bulegoak administrazio horren mende egonen dira organikoki eta funtzionalki (DZFN-DEE-EEP-BPk frogatze, koordinazio eta kontrol eginkizunak betetzea galarazi gabe), eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren beraren identitatea eta ahalmena ezarriko dituzte, bai eta ziurtagirien titularra den administrazioak izendatutako erabiltzaileena ere (sinatzaileak/jagoleak), hauei jarraikiz: ZPD Orokorra eta Administrazio Publikoaren Ziurtapen Politika eta Praktika Partikularrak (kontsultarako eskuragarri daude webean: https://www.sede.fnmt.gob.es/dpcs/acsp), aplikazio-esparru honetako ziurtagiri eta sinadura elektronikoko sistemei dagozkienak, eta ziurtagiri mota bakoitza erabiltzeko inprimaki eta baldintzak.
Horretarako, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak beharrezkotzat jotzen dituen erregistro- eta egiaztapen-bulegoak ezarriko ditu mota horretako ziurtagiriak egiaztatzeko; bulego horiek behar diren bitarteko informatikoak izan beharko dituzte DZFN-DEE-EEP-BPrekin telematikoki konektatzeko eta ziurtagiriak emateko eskaerak egiteko. Erregistro-bulego horietan, non ziurtagirien titularrak eta jagoleak egiaztatu eta identifikatuko baitira, eskatuko da frogatzea haien identitatea, kargua eta, hala badagokio, kasuan kasuko ziurtagiria lortzeko ordezkaritza-, gaitasun- eta egokitasun-ahalmenak betetzen direla ere, bai eta ziurtagiriaren titularraren nahia ere, eta dena egiaztatuko da aplikatu beharreko araudian xedatutakoaren arabera, eta hura osorik betez.
Laugarrena.–Finantzaketa.
Esleipen honen alderdiek bere gain hartuko dituzte, bakoitzak bere aldetik eta bere eskumenen arabera, bertan garatutako jardueraren kostuak. Halere, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak bere gain hartzen du DZFN-DEE-EEP-BPk garatutako jarduketa espezifikoak finantzatzeko betebeharra, esleipena ematen duen administrazioaren jardunerako eskumen-esparruan, kontuan hartuta DZFN-DEE-EEP-BPren jarduera kostuak ordaintzera bideratuta dagoela eta haren araubidea entitatearen Estatutuan eta aplikatzen ahal diren gainerako lege xedapenetan ezarrita dagoela.
1. Ziurtapen elektronikoaren arloko jarduerak egiteagatik sortutako gastuen itzulketa. DZFN-DEE-EEP-BPk, I. eranskineko I. kapituluan (EIT zerbitzuak), II. kapituluan (zerbitzu aurreratuak) eta III. kapituluan (AP zerbitzuak) jasotako jarduera material nahiz teknikoak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarentzat egitearen ordainetan, urtean ehun eta hamahiru mila bederatziehun eta sei euro eta hirurogeita hamaika zentimoko zenbatekoa jasoko du (113.906,71 euro), BEZa kenduta, BEZaren (%21eko BEZa) 23.920,41 euroak gehituta 137.827,12 euro egiten duena. Esleipenaren hasierako aldia urtebete (1 urte) baino txikiagoa bada, zenbateko hori hainbanatu eginen da, proportzioan murriztuta.
Aurreko zenbatekoan sarturik daude Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarentzat eta III. eranskinean jasota dauden entitate publiko guztientzat (harekin lotuta eta haren mende daudenak) ziurtapen elektronikoaren arloan egindako jarduerak. I. kapitulua - Atxikitako erakundeak, edo ondoren atxikitzen direnak.
Nafarroako Foru Komunitateak berariaz eskatzen badu beste jarduera edo funtzionalitate batzuk, II. eranskineko II. eta III. kapituluetan jasotakoen artetik, hedatzeko, arestiko zenbatekoari gehituko zaio esleipen honen aipatu II. eranskinean dauden taulak aplikatuta dagokion zenbatekoa.
Esleipena indarrean dagoen bitartean DZFN-DEE-EEP-BPk Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eskainitako zerbitzuren bat emateari uzten badio eta horren ondorioz Nafarroako Gobernuak kasuan kasuko zerbitzu hori beste erakunderen batekin kontratatu behar izanez gero, esleipenaren kostuan islatuko da aldaketa, aldeek aldez aurretik adostuta.
2. Hurrengo urteetako itzulketa. Esleipena luzatzen bada, irizpide bera aplikatuko da, zenbatekoak honela banatuta urtez urte:
URTE NATURALA | ZENBATEKOA | BEZa | ZENBATEKOA, GUZTIRA |
2026 | 116.640,47 euro | 24.494,50 euro | 141.134,97 euro |
2027 | 119.439,84 euro | 25.082,37 euro | 144.522,21 euro |
2028 | 122.306,40 euro | 25.684,34 euro | 147.990,74 euro |
3. Fakturazioa. DZFN-DEE-EEP-BPk betetako jarduera teknikoen finantzaketa (eskatutako jarduketa gehigarriak ere barne hartuta, halakorik bada) bi (2) epetan ordainduko da, urte bakoitzeko maiatzean eta azaroan.
Fakturak ordainduko dira fakturaren datatik hogeita hamar (30) eguneko epean gehienez ere, DZFN-DEE-EEP-BPren kontura banku transferentzia eginez:
–CCC kodea: 0182 2370 49 0208501334.
–IBAN kodea: ES28 0182 2370 4902 0850 1334.
–BIC kodea: BBVAESMM.
DZFN-DEE-EEP-BPren fakturak honen izenean jaulkiko dira:
Nafarroako Gobernua.
Telekomunikazioetako eta Digitalizazioko Zuzendaritza Nagusia, Telekomunikazioen, Azpiegituren eta Zibersegurtasunaren Zerbitzua. Cabárceno kalea 6, beheko solairua. IFZa: S-31-00000-C.
e-fakturarako datuak:
Pertsona mota: juridikoa.
Egoitza mota: egoiliarra.
Kontabilitate-bulegoa: GE0001267 (NGko fakturen kontabilitate erregistroa).
Kudeaketa-organoa: A15031078 (Telekomunikazioetako eta Digitalizazioko Zuzendaritza Nagusia).
Tramitazio unitatea: A15047456 (Telekomunikazioen, Azpiegituren eta Zibersegurtasunaren Zerbitzua).
Esleipen-kodea: 5000000000.
Kontuan hartzekoak:
–Esleipen-kodea: facturae-n ez dago datu hori sartzeko eremu espezifikorik, beraz hemen sartuko da: BESTE DATU BATZUK – HARTZAILEAREN ERREF. – KONTRATUAREN ERREF., fakturaren lerro bakoitzean).
–Espediente-zenbakia: facturae-n ez dago datu hori sartzeko eremu espezifikorik; beraz, fakturaren beste lerro bat bezala sartuko da, zero zenbatekoarekin eta esleipen-kode berarekin.
Bosgarrena.–Iraupena.
Kudeaketa-esleipenerako hitzarmen hau aldeen sinaduraren bidez perfekzionatzen da, eta aplikatu da, dagozkion zerbitzuak ematearen eta eragindako ordainketak gauzatzearen ondorioetarako, 2025eko urtarrilaren 1etik 2025eko abenduaren 31 arte; hori guztia, bat etorriz ezarrita dagoenarekin Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 39.3 artikuluan.
DZFN-DEE-EEP-BPk jarduera material edo teknikoak egiteko beharra mantentzen bada, esleipen-emaileak erabakitzen ahalko du hura luzatzea beste urtebetez, gehienez ere lau (4) urte egin arte; DZFN-DEE-EEP-BPk bere gain hartuko du esleipena behar adinako baliabide baldin badu eta aplikatu beharreko araudiari jarraikiz. Hasierako luzapena lau (4) urte baino laburragoa bada, hurrenez hurren erabakitzen ahalko dira luzapenak, esleipenaren lau (4) urteko gehieneko epea bete arte.
Luzapenak gauzatzeko, esleipenaren hasierako muga-eguna edo luzapenetakoa iritsi baino lehen, bi alderdiek gehigarri bat izenpetuko dute, luzapen bakoitzaren iraupena ezarriko duena, bai eta, hala dagokionean, baldintzak ere.
Seigarrena.–Berrikuspena.
Alderdiek proposatzen ahalko dute kudeaketa-esleipena berrikustea edo eguneratzea indarraldiko edozein unetan, bidezkoak diren aldaketak eransteko.
Zazpigarrena.–Jarraipen batzordea.
Alderdietako edozeinek eskatuta, batzorde misto bat eratzen ahalko da zainketa eta kontrol eginkizunak betetzeko, bai eta esleipen hau interpretatu eta betetzean sortzen diren arazoen inguruko gaiak ebazteko ere. Batzorde hori kide anitzeko organoa izanen da eta haren funtzioak urriaren 1eko 40/2015 Legean ezarritakoaren araberakoak izanen dira.
Zortzigarrena.–Erantzukizuna.
DZFN-DEE-EEP-BP, esleipen honetan deskribatutako jardueren emaile den aldetik, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa, horien hartzailea eta erabiltzaileak eta, hala badagokio, administrazioak eta sinatzaileak/jagoleak identifikatzeko, egiaztatzeko eta erregistratzeko prozeduran sartutako eginkizunen arduraduna den aldetik, erantzule izanen dira, zein bere eginkizunen esparruan, sistemaren funtzionamenduak eragin litzakeen kalte-galerena, aplikagarriak diren ordenamendu juridikoko arau orokorrekin eta esleipen honen bidez bere gain hartutako betebeharrekin bat etorriz.
Zerbitzu eta jarduera hauek hedatzeko legezko agindua dela eta, DZFN-DEE-EEP-BPren erantzukizunaren muga izanen da esleipen honen urteko zenbatekoa ehuneko hamar (%10) handituta, gehienez ere, non bere jarduna edo bere enplegatuena ez den dolo edo arduragabekeria larriaren ondorio.
Bederatzigarrena.–Suntsiaraztea eta azkentzea.
Kontratua suntsiarazteko arrazoiak. DZFN-DEE-EEP-BPk nahitaez egin beharko ditu esleipen honetan aurreikusitako jarduerak, dokumentu honetan aipatutako legerian xedatutakoaren arabera; beraz, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak esleipena suntsiarazten ahalko du, DZFN-DEE-EEP-BPk kalitate falta nabarmenez betetzen dituenean jarduerak, edo betebeharren ez-betetze larria dagoenean haren jardunean.
DZFN-DEE-EEP-BPk esleipena suntsiarazteko eskatzen ahalko du adostutako prezioa ez ordaintzeagatik, aurrekontuan kontsignaziorik edo kreditu-erreserbarik ez izateagatik edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari dagozkion betebeharren ez-betetze larriagatik.
Azkentzeko arrazoiak. Honako hauek izanen dira azkentzeko arrazoiak:
–Dokumentu honetan aurreikusitako epea eta, hala badagokio, luzapenak betetzea.
–Aldeek ados jarrita hala erabakitzea.
Hamargarrena.–Datuen babesa.
Bi aldeek adierazi dute berariaz beteko dutela datu pertsonalak babesteko indarrean dagoen araudia, eta konpromisoa hartzen dutela batak zein besteak esleipen hau gauzatzearen ondorioz eskuratzen ahal dituzten mota horretako datuak behar bezala erabiltzeko.
ARAUBIDEA. Esleipen honetatik eta alderdien baterako jarduketatik eratorritako datu pertsonalak babesteko araubidea honako hauetan aurreikusitakoa izanen da: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016/679 (EB) Erregelamendua, 2016ko apirilaren 27koa, datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzko arauak ezartzen dituena, eta 95/46/EE Zuzentaraua (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra, DBEO) indargabetzen duena, 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa (DPBEDBLO), eta 1720/2007 Errege Dekretua, abenduaren 21ekoa, lehen aipatutako arauen aurka ez doan guztian.
DZFN-DEE-EEP-BPk Tratamendu Jardueren Erregistroa sortu du eta Datuen Babeserako ordezkari bat izendatu du, DBEOra egokitzeko. Hemen kontsulta daitezke: https://www.fnmt.es/rgpd.
DZFN-DEE-EEP-BPko Datuen Babeserako ordezkaria. Helbide elektronikoa: dpd@fnmt.es.
Jorge Juan kalea 106, 28009 Madril.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak Tratamendu Jardueren Erregistroa sortu du eta Datuen Babeserako ordezkari bat izendatu du, DBEOra egokitzeko. Hemen kontsulta daitezke: https://www.navarra.es/eu/datuen-babesa.
Nafarroako Gobernuko Datuak Babesteko Ordezkaritza. Helbide elektronikoa: dpd@navarra.es.
Helbidea: Karlos III.aren etorbidea 2, 2. solairua, 31002 Iruña.
Datuen komunikazioa. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak DZFN-DEE-EEP-BPri egiten dion datu pertsonalen komunikazioak, bertako enplegatu publikoen datuei buruzkoak, sinadura elektronikoko ziurtagiriak emateko xedeaz, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen esparruan (eta, hala badagokio, Neurri Fiskal, Administratibo eta Sozialei buruzko abenduaren 30eko 66/1997 Legearen 81. artikuluaren esparruan), interesdunaren baimena du, zeinak onartu egin baititu, ziurtagiria eskatzean, ziurtagiria emateko baldintzak eta informazioa jaso baitu bere datuen tratamenduaren helburuei, balizko hartzaileei eta aplikatzekoak diren arauetan (DBEO, 13. artikulua, eta DPBEDBLO, 11. artikulua) ezarritako gainerako xede eta informazioari buruz, lehen aipatutako Tratamendu Jardueren Erregistroan jasotakoaren arabera (13. tratamendua).
Hori guztia, DBEOren 6.1. artikuluari jarraikiz, eta entitatearen interes legitimoa izanda; izan ere, komunikazio hori ezinbestekoa da DZFN-DEE-EEP-BPk sinadura elektronikoaren ziurtagiriak eman diezazkien Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko enplegatuei eta, hala badagokio, hirugarrenei.
Hirugarrenek datuak eskuratzea (tratamenduaren arduraduna).
Oro har, eta urriaren 1eko 40/2015 Legearen 11.2 artikuluaren arabera, DZFN-DEE-EEP-BP, esleipena bere gain hartu duen erakundea den aldetik, kudeaketa-esleipena gauzatzean eskura ditzakeen datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna izanen da, eta datu pertsonalak babesteari buruzko araudian xedatutakoa aplikatuko zaio.
Zehazki, Erregistro eta Egiaztapen Plataforma kudeatzeko mekanismoak kontuan hartuta, esleipen-emailea ere tratamendu-eragilea izanen da datu pertsonalak eskuratzeari dagokionez, erregistro- eta egiaztapen-bulego gisa jarduten badu DZFN-DEE-EEP-BPren kontura, honako irizpide eta baldintza hauekin bat:
1) Ez da datu-komunikaziotzat hartuko Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, DZFN-DEE-EEP-BPren erregistro- eta egiaztapen-bulego gisa, DZFN-DEE-EEP-BPk, tratamenduaren arduradun gisa, bere erabiltzaileei buruz –pertsona fisikoak– mantentzen dituen datu pertsonalak eskuratzea, xedea denean abenduaren 30eko 66/1997 Legearen 81. artikuluaren esparruan EIT zerbitzuak eskatzea, dokumentu honetan deskribatutakoak. Datu horiek aurreko estekan deskribatutako DZFN-DEE-EEP-BPren Tratamendu Jardueren Erregistroko (TJE) 13. tratamenduan jasota daude.
2) Horrenbestez, eta DBEOren 28. artikuluarekin bat etorriz, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa tratamendu-eragile gisa arituko da DZFN-DEEren kontura, eta bere gain hartuko ditu hala aritzeagatik eta aplikatu beharreko legerian ezarritako betebeharrak.
3) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak DZFN-DEE-EEP-BPren TJEren 13. tratamenduari buruz datuekin eginen dituen jarduketa zehatzak honako hauek izanen dira:
| Bilketa | | Erregistroa |
| Egituraketa | | Aldatzea |
| Kontserbazioa | | Erauzketa |
| Kontsulta | | Komunikazioa |
| Zabalkundea | | Interkonexioa |
| Erkaketa | | Mugaketa |
| Ezabaketa | | Suntsiketa |
| Bestelakoak: ... | | Bestelakoak: ... |
4) Tratamendu-eragileak, esleipen honetan egiten duen jarduerari dagokionez, betebehar hauek izanen ditu:
a) Tratamenduaren xedeko datu pertsonalak edo tratamenduan sartzeko biltzen dituenak esleipen honen xede den helbururako bakarrik erabiltzea. Datuak ezin ditu inola ere erabili bere helburuetarako.
b) Datuak tratamenduaren arduradunaren jarraibideen arabera tratatzea. Tratamenduaren eragileak uste badu jarraibideetako baten batek DBEO edo Europar Batasuneko edo estatu kideetako datuen babesaren arloko beste edozein xedapen urratzen duela, eragileak horren berri emanen dio berehala arduradunari.
c) Datuak Babesteko Lege Organikoa garatzeko Erregelamenduak, Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorrak eta Datuak Babesteko Espainiako Agentziaren gomendioek eskatzen dituzten segurtasun-neurriak hartzea. Segurtasun-neurriak lehen jakinarazitako DZFN-DEE-EEP-BPren fitxategien segurtasun-mailaren arabera eta tratamendu-eragileek datu pertsonaletara sartzeko moduaren eta lekuaren arabera zehazten dira.
Tratamendurako ezarritako segurtasun-neurriak aldatu, ezabatu edo berritzen ahalko dira, Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorrak eta horrekin lotutako indarreko gainerako araudiak ezarritako eskakizunak betetzeko. Horretarako, arriskuen ebaluazioa eginen da, eta inpaktuaren ebaluazioa edo aldez aurreko kontsulta, hala badagokio. Bertan, tratamenduaren segurtasuna bermatzeko neurri egokiagoak ezarri behar diren zehaztuko da. Neurri horiek hartu beharko dira, eta jardun guztia dokumentatu beharko da. Nolanahi ere, arduraduna edo eragilea atxikita badago jokabide-kode, zigilu, ziurtagiri edo datuen babesa eta informazioaren segurtasuna betetzeari buruzko nazioarteko edozein arau edo estandar eguneraturi, horietan ezarritako neurriak hartzea erabakitzen ahalko da.
Tratamendu-eragileak datu pertsonaletarako sarbidea ematen dien langile guztiei berariaz jakinarazi beharko zaie konfidentzialtasuna errespetatu behar dutela eta dagozkien segurtasun-neurriak bete behar dituztela, eta horien berri behar bezala eman behar zaie.
d) Arduradunaren kontura egindako Tratamendu Jardueren Erregistro bat idatziz eramatea eta eskuragarri egotea, honako hauek jasoko dituena (hala badagokio): hirugarren herrialde batera edo nazioarteko erakunde batera egindako datu pertsonalen transferentziak, hirugarren herrialde edo nazioarteko erakunde horren identifikazioa barne, eta, DBEOren 49. artikuluko 1. apartatuko bigarren paragrafoan adierazitako transferentzien kasuan, berme egokien dokumentazioa.
Erregistro horretan, halaber, honako hauei buruzko neurri teknikoen, antolakuntzakoen eta segurtasun-neurrien deskribapen orokorra ere jasoko da:
–Datu pertsonalak izenordearekin jartzea eta zifratzea (hala badagokio).
–Tratamenduko sistemen eta zerbitzuen konfidentzialtasun, osotasun, erabilgarritasun eta erresilientzia etengabeak bermatzeko gaitasuna.
–Datu pertsonalen erabilgarritasuna eta atzipena azkar leheneratzeko gaitasuna, gorabehera fisiko edo teknikorik egonez gero.
–Tratamenduen segurtasuna bermatzeko neurri teknikoen eta antolakuntzakoen eraginkortasuna egiaztatzeko, ebaluatzeko eta baloratzeko prozesu erregularrak.
e) Datuak hirugarren pertsonei ez jakinaraztea, tratamenduaren arduradunaren berariazko baimena izan ezean, legez onar daitezkeen kasuetan.
Eragileak datu pertsonalak hirugarren herrialde bati edo nazioarteko erakunde bati jakinarazi behar badizkio aplikatu beharreko Europar Batasuneko edo estatu kideetako zuzenbideari jarraikiz, lege eskakizun horren berri emanen dio arduradunari aurretik, salbu eta zuzenbide horrek debekatzen badu interes publikoko arrazoi garrantzitsuak direla-eta.
f) Kontratu honen xede diren eta datu pertsonalak tratatzea dakarten zerbitzuetako bakar bat ere ez azpikontratatzea, eragilearen zerbitzuen funtzionamendu arrunterako behar diren zerbitzu osagarriak izan ezik. Eragileak datuak jakinarazten ahalko dizkie arduradun beraren beste tratamendu-eragile batzuei, arduradunaren aldez aurreko baimenarekin eta haren jarraibideen arabera, azpikontratatu nahi diren tratamenduak adierazita eta argi eta garbi identifikatuta zein den enpresa azpikontratista eta haren harremanetarako datuak.
Arduradunak baimena ematen badu eragileak zerbitzuak azpikontratatzeko, eragileak konpromisoa hartzen du kontratu honetako betebeharrak azpieragileei jakinarazteko.
g) Esleipen honen ondorioz eskuratu diren datu pertsonalen sekretua gordetzeko betebeharrari eustea, haren xedea amaitu ondoren ere bai.
h) Aurreko atalean ezarritako betebeharra betetzen dela egiaztatzen duen dokumentazioa arduradunaren eskura izatea.
i) Datu pertsonalak tratatzeko baimena duten pertsonek datu pertsonalen babesaren arloan beharrezko prestakuntza jasotzen dutela bermatzea.
j) Tratamenduaren arduradunari laguntzea honako eskubide hauei erantzuten:
1. Datuak eskuratu, zuzendu, ezabatu eta aurka egitea.
2. Tratamendua mugatzea.
3. Datuak eramatea.
4. Banakako erabaki automatizatuen (profilen prestaketa barne) xede ez izatea.
k) Hala badagokio, datuen babeserako ordezkari bat izendatzea, eta nor den eta haren harremanetarako datuak arduradunari jakinaraztea.
l) Tratamenduaren xede izan diren datu pertsonalak arduradunari itzultzea. Nolanahi ere, eragileak behar bezala blokeatuta gordetzen ahalko ditu beharrezkoak diren datuak, tratamenduaren arduradunarekin duen harremanetik erantzukizunak erator daitezkeen bitartean.
5) Tratamenduaren arduradunak, esleipen honetan egiten duen jarduerari dagokionez, betebehar hauek izanen ditu:
a) Eragileari bere fitxategiak osatzen dituzten datuetarako sarbidea ematea edo datu horiek zerbitzua behar bezala emateko egokia den moduan ematea.
b) Araudiaren arabera, informazio ematea interesdunei, zeinen datuak tratamenduaren xede baitira, eta datu horiek eskuratzeko esanbidezko baimena lortu izana haiengandik, edo horretarako arrazoi legitimo eta egiaztagarriak izatea.
c) Tratamendua legitimatzen duen lege-oinarria ezarrita izatea.
d) Mekanismo errazak izatea interesdunek beren eskubideak baliatu ahal izan ditzaten.
e) Arriskuen analisia, tratamenduen erregistroa eta inpaktu-ebaluazioak, tratatutako datuen izaeragatik beharrezkoa bada.
f) Arduradunari datuak transmititzean datuak babesteko segurtasun-neurri egokiak gaituta edukitzea.
g) Datuen babeserako ordezkari bat izendatzea nahitaezkoa den kasuetan, eta arduradunari jakinaraztea nor den ordezkari hori. Gaur egun, eta kontratu hau sinatzen den egunean, DZFN-DEEk izendatutako Datuen Babeserako ordezkariaren datuak honako hauek dira:
DZFN-DEE-EEP-BPko Datuen Babeserako ordezkaria. Helbide elektronikoa: dpd@fnmt.es.
Jorge Juan kalea 106, 28009 Madril.
Dokumentu honetan aurreikusi ez den orori dagokionez, datu pertsonalen babesaren arloan indarrean dagoen araudia aplikatuko da.
Hamaikagarrena.–Zuzenbide aplikagarria eta gatazkak ebaztea.
Esleipen hau Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak egiten dio DZFN-DEE-EEP-BPri, urriaren 1eko 40/2015 Legearen 11. artikuluarekin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 14. artikuluarekin bat etorriz. Esleipenak izaera administratiboa du, eta honako hauek arautuko dute: dokumentu honetan alderdiek berariaz itundutakoak, bertan aipatutako arauek eta, halakorik ezean, aplikatzekoak diren administrazio-zuzenbideko arauek.
Zazpigarren klausulan ezarritako batzorde mistoa eratzeko alderdiek duten ahalmena ukatu gabe, esleipen honetan eta eranskinetan aurreikusitako jarduerak, haien edukiari eta ezaugarriei dagokienez, honako hauetan jasotako erregulazioari jarraikiz eginen dira: 39/2015 Legea, 6/2020 Legea, eta, azkenik, Neurri Fiskal, Administratibo eta Sozialei buruzko abenduaren 30eko 66/1997 Legearen 81. artikulua, eta hura garatzeko araudia.
Interpretatzean eta betetzean sor litezkeen gorabeherak elkarren arteko adostasunez konpontzeko konpromisoa hartzen dute alderdiek. Garatu eta betetzean alderdien artean sor litezkeen auziak Estatuko Zerbitzu Juridikoaren mende jarriko dira, haren esku-hartzea aplikagarria bada, eta, hala ez bada, administrazioarekiko auzien jurisdikzioaren mende, hura arautzen duen legean xedatutakoarekin bat.
Hamabigarrena.–Eraginkortasuna.
Urriaren 1eko 40/2015 Legearen 11. artikuluari jarraikiz, esleipen honek sinatzen den unetik izanen ditu ondorioak, eta, erabateko eraginkortasuna izan dezan, Estatuko Aldizkari Ofizialean edo autonomia erkidegoko edo probintziako aldizkari ofizialean argitaratuko da, esleipena egin duen organoa zein administraziotakoa den.
Eta, ados daudela adierazteko, bi alderdiek esleipen hau eta haren eranskin guztiak sinatu dituzte, Iruñean eta sinadura elektronikoaren egunean.
NAFARROAKO GOBERNUA UNIBERTSITATEKO, BERRIKUNTZAKO | DIRUAREN ETA ZERGA-ZIGILUAREN FABRIKA NAZIONALA - DIRUAREN ERREGE ETXEA, ENPRESA-ERAKUNDE PUBLIKOA, BITARTEKO PROPIOA |
Juan Luis García Martín | María Isabel Valldecabres Ortiz |
Iragarkiaren kodea: F2505032
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
