1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
79E/2025 FORU AGINDUA, apirilaren 11koa, Lurralde Kohesiorako kontseilariak emana, zeinaren bidez xedatzen baita Lurralde Kohesiorako Departamentuaren eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren arteko 2025eko apirilaren 10eko Erabakia argitaratzea. Erabaki horren bidez, kudeaketa esleipen bat ematen zaio Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiari, toki erakundeentzako 2025eko dirulaguntzetarako deialdiak egin ditzan, Tokiko Hiri Agenda prestatu edo Tokiko Agendak eta "hirigintza arloko ekintza berritzaileen" aurretiazko deialdietan egindako esparru dokumentuak garatzeko proiektu edo ekintzak gauzatzeko.
Martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta Foru-sektore publiko instituzionalari buruzkoaren, 14. artikuluaren 3. apartatuan xedatutakoarekin bat etorriz, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak eta Lurralde Kohesiorako kontseilariak, 2025eko apirilaren 10eko Erabakiaren bidez, Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiari kudeaketa esleipen bat emateko akordioa sinatu dute. Kudeaketa esleipen horren xedea da toki erakundeentzako 2025eko dirulaguntzetarako deialdiak egitea, Tokiko Hiri Agenda prestatu edo Tokiko Agendak eta "hirigintza arloko ekintza berritzaileen" aurretiazko deialdietan egindako esparru dokumentuak garatzeko proiektu edo ekintzak gauzatzeko.
Aipatu martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 14. artikuluaren 6. apartatuak xedatzen du kudeaketa esleipenaren baimena eraginkorra izan dadin beharrezkoa dela Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea oso-osorik.
Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,
AGINTZEN DUT:
1. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea foru agindu hau eta Lurralde Kohesiorako Departamentuaren eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren arteko erabakia. Erabaki horren xedea da Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiari kudeaketa esleipen bat ematea, toki erakundeentzako 2025eko dirulaguntzetarako deialdiak egin ditzan, Tokiko Hiri Agenda prestatu edo Tokiko Agendak eta "hirigintza arloko ekintza berritzaileen" aurretiazko deialdietan egindako esparru dokumentuak garatzeko proiektu edo ekintzak gauzatzeko. Erabakia foru agindu honen eranskin gisa ageri da.
2. Foru agindu hau jakinaraztea Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiari, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko eta Lurralde Kohesiorako Departamentuko idazkaritza tekniko nagusiei eta aipatu departamentuetan dauden kontu-hartzailetza delegatuei, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2025eko apirilaren 11n.–Lurralde Kohesiorako kontseilaria, Óscar Chivite Cornago.
LURRALDE KOHESIORAKO DEPARTAMENTUAREN ETA LANDA GARAPENEKO ETA INGURUMENEKO DEPARTAMENTUAREN ARTEKO AKORDIOA, ZEINAREN BIDEZ BAIMENTZEN BAITA LURRALDE ANTOLAMENDUKO ZUZENDARITZA NAGUSIARI KUDEAKETA ESLEIPEN BAT EMATEA, TOKI ERAKUNDEENTZAKO 2025EKO DIRULAGUNTZETARAKO DEIALDIAK EGIN DITZAN, TOKIKO HIRI AGENDA PRESTATU EDO TOKIKO AGENDAK ETA "HIRIGINTZA ARLOKO EKINTZA BERRITZAILEEN" AURRETIAZKO DEIALDIETAN EGINDAKO ESPARRU DOKUMENTUAK GARATZEKO PROIEKTU EDO EKINTZAK GAUZATZEKO
Iruñean, 2025eko apirilaren 10ean.
Batetik, Óscar Chivite Cornago jaunak, Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesiorako kontseilariak.
Bestetik, José María Ayerdi Fernández Barrena jaunak, Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak,
ADIERAZTEN DUTE:
Lehenbizikoa.
Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusia Lurralde Kohesiorako Departamentuaren mendeko organo bat da (departamentu horren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 249/2023 Foru Dekretuaren 3. artikuluaren arabera).
Era berean, foru dekretu horren bigarren xedapen gehigarrian, Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusiaren esku uzten da indarra duen araudiak Lurralde Kohesiorako Departamentuko kontseilariari lurraldearen antolamenduaren eta hirigintzaren arloan esleitzen dizkion eskumen administratiboen titulartasuna eta erabilera.
Bestalde, azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuaren, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura oinarrizkoa ezartzen duenaren, 55.j) artikuluak xedatzen duenez, Ingurumen Zuzendaritza Nagusiari atxikitako Berrikuntzaren eta Europako Proiektuen Atalari dagokio, besteak beste eta bere esparru material eta funtzionalaren barruan, "laguntza ematea Agenda 21 Tokiko Jasangarritasunerako Ekintza Planak eta Klimaren eta Energia Jasangarriaren aldeko Ekintza Planak (PACES) prestatu eta garatzeko". 255/2023 Foru Dekretuaren laugarren xedapen gehigarrian araututakoaren arabera, "Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren titularraren esku uzten dira, bere eskumenen esparru materialean, indarra duen araudiak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren titularrari arlo hauetan esleitzen dizkion eskumen administratiboen titulartasuna eta erabilera: dirulaguntzak (...)".
Bigarrena.
1992an, Ingurumenari eta Garapen Jasangarriari buruzko Nazio Batuen Konferentziaren ondoren, "Lurraren Goi Bilera" ere deitua, "XXI. mendeko garapen jasangarrirako Programa Globala" sortu zen. "21 Programa" horrek protagonismoa aitortzen die toki agintariei garapen jasangarrian. Alde horretatik, Tokiko Agenda 21 udalerrietako ingurumena etengabe hobetzeko konpromisoa da, eta Tokiko Ekintza Planen bidez adierazten da, udal politiketan helburu eta estrategia komun eta parte-hartzekoak zehaztuz. Nafarroan, gaur egun, 54 agenda daude eta 230 udalen jasangarritasun-planak biltzen dituzte.
Globalizazioaren gizarte, ekonomia eta ingurumen erronka handiei aurre egiteko, Nazio Batuetako kide diren herrialdeetako estatuburuek eta gobernuburuek Garapen Jasangarrirako 2030 Agenda sinatu zuten 2015ean. Agenda horren 11. helburua, "hiri eta komunitate jasangarriak", agenda propio baten bidez lantzen da: "Hiri agenda". Agenda hori esparru estrategikoa da, hiri politika jasangarriak bideratzeko, gizarte, ingurumen eta ekonomia helburuetara begira. Hala, Agenda 21, ingurumen arlokoa, Hiri Agendak ordezkatzen du. Hiri Agendak ikuspegi estrategiko, integratzaile eta sozialagoa du, eta egungo erronka ugariei aurre egiteko egituratuta dago, bai eta ekonomia, energia eta ingurumen trantsizioa sustatzeko ere.
Ikuspegi integratu –lurralde jasangarria, orekatua eta kohesionatua– eta zeharkako horretarako, beharrezkoa da sektoreen eta administrazioen arteko koordinazioa eta lankidetza izatea, eta hori lurralde antolamendu eta plangintzaren arloko berezko diziplina da. Hori dela eta, Etxebizitza eta Hiri Agenda ministerioak "Espainiako Hiri Agenda" argitaratu zuen 2019an, Espainian, hiri eta landa eremuetan, inplementazioa bideratzeko gida metodologiko gisa, eta lurralde antolamenduarekin eta hirigintzarekin lotutako unitateen lidergoa sustatzen du, parte-hartzekoa betiere.
Agenden bilakaera eta egungo gizarteak aurrean dituen erronken aniztasuna direla eta, justifikatuta dago Tokiko Agendak kudeatzeko eskumenak Nafarroako Gobernuko Ingurumen Zuzendaritza Nagusitik Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusira aldatzea, ikuspegi integratuago bat har dezaten, ingurumenaren dimentsioa alde batera utzi gabe.
Horregatik, une honetan, bi zuzendaritza nagusiek koordinatuta, egitura organikoari buruzko foru dekretuetan egin beharreko aldaketak izapidetuko dira.
Alde batetik, aldaketa eginen da azaroaren 15eko 249/2023 Foru Dekretuan, Lurralde Kohesiorako Departamentuaren egitura organikoa ezartzekoan, haren eskumenen barruan sartzeko "Europako eta Espainiako lurralde eta hiri agendaren printzipio eta mekanismoak Nafarroan integratzea eta bultzatzea, bai Foru Komunitatean, bai toki esparruan". Eskumen hori, zehazki, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko Lurralde Plangintzaren eta Parte-hartzearen Atalari dagokio. Bestetik, Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiari, besteak beste, orain arte Agenda 21en arloan zuen eskumena kenduko zaio.
Hirugarrena.
Ondorioz, 2024ko azken hiruhilekotik aurreikusita zeudenez aldaketa horiek, 2025eko Nafarroako Aurrekontu Orokorretako "0 fitxan" aurrekontu partidak esleitu ziren Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiaren barruan "Hiri Agendak egiteko" eta "hirigintza arloko eta hiri agendako ekintzetako inbertsioetarako" dirulaguntzak emateko, eta Ingurumen Zuzendaritza Nagusian ez zen aurrekontu zuzkidurarik aurreikusi agenden arloan.
Laugarrena.
Horregatik, Lurralde Kohesiorako eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuen egitura organikoari buruzko foru dekretuetan aldaketak egin arte, Tokiko Hiri Agenden eskumena azken horrena da, baina aurrekontu zuzkidurarik gabe, eta, beraz, ez du izanen baliabide tekniko egokirik izaera material eta teknikoko jarduerak garatzeko.
Hala ere, Lurralde Kohesiorako Departamentuko Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiak baditu jarduera horiek garatzeko aurrekontu partidak, eta, beraz, arlo horretako dirulaguntzen deialdia egiteko behar diren baliabide material eta tekniko egokiak.
Horregatik guztiagatik, egokia da Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusia arduratzea toki erakundeentzako dirulaguntzen deialdiak egiteaz eta dirulaguntzak tramitatu eta emateaz, Tokiko Hiri Agenda prestatu edo Tokiko Agendak eta "hirigintza arloko ekintza berritzaileen" aurretiazko deialdietan egindako esparru dokumentuak garatzeko proiektu edo ekintzak gauzatzeko.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 14.1 artikuluak xedatzen du Foru Administrazio Publikoko organoek zilegi izanen dutela beste organo batzuei edo zuzenbide publikoko beste erakunde eta entitate batzuei –loturikoak edo haien menpekoak– eskuordetzea beren eskumeneko jarduera materialak eta teknikoak egitea, dela eraginkortasun arrazoiengatik, dela lan horietarako baliabide tekniko egokiak ez dituztelako, ondoko apartatuetan xedatuarekin bat.
Aipaturiko 14. artikuluko 3. apartatuan ezartzen da ezen, kudeaketa-lan bat esleitzeko departamentu berekoa ez den administrazio-organo bati edo beste departamentu baten menpeko erakunde publiko bati, bi departamentu horien titularrek batera emandako baimena beharko dela.
Horrenbestez,
ERABAKITZEN DUTE:
Lehenengoa.–Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiari kudeaketa esleipen bat baimentzea, toki erakundeei dirulaguntzak eman ditzan, Tokiko Hiri Agenda prestatu edo Tokiko Agendak eta "hirigintza arloko ekintza berritzaileen" aurretiazko deialdietan egindako esparru dokumentuak garatzeko proiektu edo ekintzak gauzatzeko.
Bigarrena.–Esleipena indarrean egonen da Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik dagokion dirulaguntzen deialdiaren likidazio datara arte.
Hirugarrena.–Kudeaketa esleipenaren xedeko prozeduren ondoriozko gastuen finantzaketa, aldez aurretik behar diren tramiteak egin eta gero, Lurralde Kohesiorako Departamentuaren aurrekontuko partida hauen kargura eginen da:
- 2025eko gastuen aurrekontuko "240000 24100 4609 261700 Toki erakundeentzako dirulaguntzak, hirigintza arloko ekintza berritzaileak egiteko" izeneko partida, 125.000 euroko gehieneko kreditua duena.
- 2025eko gastuen aurrekontuko "240000 24100 4609 261702 Toki erakundeentzako dirulaguntzak, jasangarritasun azterketak eta planak egiteko. 21 Agendak" izeneko partida, 12.000 euroko gehieneko kreditua duena.
- 2025eko gastuen aurrekontuko "240000 24100 7609 261703 Toki erakundeentzako dirulaguntzak, hirigintza arloko ekintza berritzaileetarako inbertsioak egiteko" izeneko partida, 350.000 euroko gehieneko kreditua duena.
- 2025eko gastuen aurrekontuko "240000 24100 7609 261700 Toki erakundeentzako dirulaguntzak 21 Agendetako ekintza planak egiteko" izeneko partida, 50.000 euroko gehieneko kreditua duena.
Laugarrena.–Erabaki hau igortzea Ingurumen Zuzendaritza Nagusira eta Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusira, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko eta Lurralde Kohesiorako Departamentuko idazkaritza tekniko nagusietara eta aipatu departamentuetan dauden kontu-hartzailetza delegatuetara, behar diren ondorioak izan ditzan.
Eta erabaki honen edukiarekin ados daudela erakusteko, bi aldeek sinatzen dute, goian adieraziriko lekuan eta egunean.
LANDA GARAPENEKO ETA INGURUMENEKO KONTSEILARIA José María Ayerdi Fernández Barrena | LURRALDE KOHESIORAKO KONTSEILARIA Óscar Chivite Cornago |
Iragarkiaren kodea: F2505818