87. ALDIZKARIA - 2025eko maiatzaren 5a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

54E/2025 EBAZPENA, apirilaren 8koa, Energia, Enpresa I+G+b eta Ekintzailetza Zuzendaritza Nagusiak emana, zeinaren bidez dirulaguntzen deialdi hau onesten baita: "Bigarren deialdia, turismo-enpresetako energia-efizientziako proiektuetarako laguntzak emateko, Europar Batasunaren NextGenerationEU funtsak finantzatutako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan". Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren identifikazioa: 826286.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren bidez ezarritako Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa (SEM) «Next Generation EU» programaren osagai nagusia da (programa hori ekonomia bultzatzeko tresna da, Europar Batasunak finantzatua, COVID-19aren pandemiak eragindako krisiari aurre egiteko).

SEMen sartu ahal izateko, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana (aurrerantzean SEEP) onetsi zuen Espainiak, Ministroen Kontseiluak 2021eko apirilaren 27an hartutako Erabakiaren bidez. Plan horren 14. osagaiak («Turismoaren sektorearen modernizazio eta lehiakortasun plana») inbertsioak aurreikusten ditu «turismo-enpresetan energia-efizientziako eta ekonomia zirkularreko» proiektuak finantzatzeko (C14.I4 neurria, 2. jarduketa ildoa).

Bete beharreko helburua SEEPren 227. CID helburua da, 2026ko ekainaren 30erako aurreikusia, eta jarduketa ildo horri esleitutako etiketa klimatikoa 024 da: «Energia-efizientzia eta frogantza-proiektuak enpresa txiki eta ertainetan eta laguntza-neurriak», %40ko ekarpenarekin, bai klima bai ingurumen helburuei, 2021/241 (EB) Erregelamenduaren VI. eranskinaren arabera.

Bada, 2022ko martxoaren 29an, Turismoaren Konferentzia Sektorialak 2022ko aurrekontuari dagokion kreditua lurraldeen artean banatzeko Erabakia hartu zuen: SEEPren turismo-enpresetako energia-efizientziako proiektuak finantzatzeko lerroa (C14.I4 neurria, 2 jarduketa ildoa). Erabaki hori 2022ko 83. Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, apirilaren 7koan. Erabaki horren arabera, Nafarroari esleitzen zaion kreditua 3.706.370 eurokoa da, eta zeharkako kostuak kendu ondoren ebazpen honetan baimentzen den gastua da, hots, 3.573.757,75 euro. Gainera, erabaki horretan autonomia-erkidego bakoitzaren oinarri arautzaileak bideratzeko esparru komuna ezartzen da, turismo-ostatuen titularrei laguntzak emateko.

Era berean, 2023ko abenduaren 29an beste erabaki bat hartu zen. Horren bidez, handitu egin zen kredituaren lurraldeen arteko banaketa, 2023ko aurrekontuaren kargura, Turismoaren Konferentzia Sektorialaren 2022ko martxoaren 29ko Erabakian ezarritakoaren arabera. Kreditu hori turismo-enpresetako energia-efizientziako eta ekonomia zirkularreko proiektuak finantzatzeko lerrora zuzendu zen, 119,6 milioi euroko zenbatekoarekin, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren 14. osagaiaren, 4. inbertsioaren, 2. azpineurriaren esparruan.

Gainera, 2025eko urtarrilaren 21ean, ECOFINek eranskin bat argitaratu zuen Kontseiluaren 2021eko uztailaren 13ko Betearazpen Erabakia aldatzeko, energia-efizientziako proiektuak gauzatzeko eta justifikatzeko epea luzatu baitzen 2026ko ekainaren 30era arte.

Aurrekoaren ondorioz, SEMek finantzatutako laguntzen deialdi hau onesten da (SEEP espedientearen kodea: C14.I04.P02.S15). Laguntza horiek "de minimis" izanen dira, 2023ko abenduaren 13an Batzordearen 2023/2831 (EB) Erregelamenduaren arabera (Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak "de minimis" laguntzei aplikatzeari buruzko Erregelamendua).

Hala adierazten baitu 12.2 artikuluan Nafarroako Foru Komunitatean Ukrainako gerraren ondorio ekonomiko eta sozialei erantzuteko premiazko neurriak hartzeko den apirilaren 13ko 1/2022 Foru Lege-dekretuak, Nafarroako Gobernuaren aldez aurreko baimenik ez da behar, baldin eta banakako ebaluazioaren araubidea zehaztuta badago proiektuaren gauzapena arautzen duen Estatuko tresna juridikoan. Hitzaurrean aitortzen da errepikakorra eta alferrikakoa dela gobernu-akordio bat izapidetzea aurreikusitako jarduketak gauzatzeko, eta hura ezabatzea foru-lege dekretuaren helburuen barruan sartzen da, finantzatutako jarduketak errazten eta administrazio-prozedurak arintzen baititu.

Horiek horrela, eta azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoarekin bat, kasu honetan aplikatu beharreko prozedura banakako ebaluazioarena da, lege horren 17.1 artikuluan eta apirilaren 13ko 1/2022 Foru Lege-dekretuan ezarritakoari jarraituz.

Azpiproiektu horri dagokion kudeaketa plana Industriaren, Energiaren eta S4 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiaren irailaren 27ko 166E/2022 Ebazpenaren bidez onetsi zen, eta ezartzen du deialdi hau lotu behar dela C14.I04.P02.PROVISIONAL.S15 azpiproiektuaren mugarriak eta helburuak lortzearekin. Era berean, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariaren urriaren 28ko 123E/2024 Foru Aginduaren bidez onetsi zen departamentu honen SEMen kargura finantzatutako proiektuen kudeaketa esparruko iruzurraren aurkako neurrien plana.

Azkenik, adierazi behar da laguntza honen helburuek guztiz bat egiten dutela 2030erako Nafarroako Energia Planaren helburuekin, biek pizgarriak ematen baitituzte energiaren kontsumoa arrazionalizatzeko eta baliabide fosilen mendekotasuna gutxiagotzeko jarduketak egiteko.

Adierazitakoarekin bat, eta erabiliz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak,

EBAZTEN DUT:

1. Turismo-enpresetako energia-efizientziako proiektuetarako laguntzen bigarren deialdia onestea, NextGeneration EU Europar Batasunak finantzatutako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan.

2. 1.600.978,89 euroko gastua baimentzea, 2025eko eta 2026ko gastu aurrekontuko "SEM Turismo-enpresetako energia-efizientziaren deialdia" izeneko 820001 82500 7701 425206 partidaren kargura, baldin eta deialdiaren ondoriozko konpromisoei erantzuteko kreditu egokia eta nahikoa badago 2025. eta 2026. urteetan.

3. Dirulaguntza emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean bildu dira.

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta zilegi da haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2025eko apirilaren 8an.–Energia, Enpresa I+G+b eta Ekintzailetzako zuzendari nagusia, Garbiñe Basterra Oloriz.

ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK

1. oinarria.–Xedea.

1. Laguntza hauen helburua da Europar Batasunaren araudian ezarritako ingurumen eta energia helburuak lortzen laguntzea, turismo-ostatuetarako eraikinak eraberritzeko jarduketen bidez, titularren izaera juridikoa edozein dela ere, azken energiaren kontsumoa eta karbono dioxidoaren isurtzeak murrizten laguntzeko.

Era berean, turismoak lurraldeari eta ingurumenari egiten dien presioa murrizteko helburu orokorraren barruan, gure turismo-enpresen lehiakortasuna handitu nahi da, energia-efizientziaren arloko goi mailako estandarrak txertatuz, modu horretan haien karbono-aztarna eta energiaren kostuak murrizteko.

2. Laguntza horiek emateko, oinarri arautzaile hauek bete beharko dira, bat baitatoz Turismoaren Konferentzia Sektorialaren 2022ko martxoaren 29ko Erabakian (2022ko 83. Estatuko Aldizkari Ofiziala, apirilaren 7koa) eta 2023ko abenduaren 29ko Erabaki berrian (erabaki horretan kredituaren lurralde-banaketa zabaltzen da, 2023ko aurrekontuaren kargura) autonomia-erkidego guztientzat esparru komun gisa jasotako oinarriekin. Orobat, 2025eko urtarrilaren 21ean, ECOFINek eranskin bat argitaratu zuen Kontseiluaren 2021eko uztailaren 13ko Betearazpen Erabakia aldatzeko, energia-efizientziako proiektuak gauzatzeko eta justifikatzeko epea luzatu baitzen 2026ko ekainaren 30era arte.

2. oinarria.–Aurrekontuko zuzkidura.

1. Deialdi honetarako bideratu den zuzkidura ekonomikoa 1.600.978,89 eurokoa da eta Nafarroako 2025eko eta 2026ko gastu aurrekontuetako "SEM Turismo-enpresetako energia-efizientziaren deialdia" izeneko 820001 82500 7701 425206 partidaren kargura ordainduko da [PEP: E-22/000511-01].

2. Baimendutako gastua ekitaldi bakoitzean ez bada osorik gauzatzen, hurrengo ekitaldiari gehitzen ahalko zaio, Ogasun Publikoari buruzko Foru Legearen 49. artikuluaren 1.e) eta 5. apartatuei jarraituz. 2026koa da kreditu soberakinak gehitzen ahal diren azken ekitaldia.

3. oinarria.–Aplikatzekoa den araubide juridikoa.

Aplikatu beharreko araubide juridikoa ezartzen da laguntzen fitxan eskuragarri dagoen araudiaren atalean.

4. oinarria.–Onuradunak.

1. Laguntzen azken onuradun (hemendik aurrera, onuradun) izaten ahal dira pertsona fisiko edo juridiko pribatuak, baldin eta titularrak, enpresa ustiatzaileak, errentariak edo emakidadunak badira. Honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Merkatuan ondasunak edo zerbitzuak eskaintzen dituen jarduera ekonomiko bat egiten dutenak eta Nafarroako Jarduera Ekonomikoen Erregistroan alta emanda daudenak, jarduera ekonomikoa egiten duten tokian.

b) Jarduera sailkatuta egotea Ekonomia-jardueren Sailkapen Nazionalaren (EJSN) honako kode hauetakoren batean:

551 Hotelak eta antzeko ostatuak.

5510 Hotelak eta antzeko ostatuak.

552 Turismo ostatuak eta egonaldi laburretarako bestelako ostatuak.

5520 Turismo ostatuak eta egonaldi laburretarako bestelako ostatuak.

553 Kanpinak eta karabanendako aparkalekuak.

559 Bestelako ostatuak.

5590 Bestelako ostatuak.

561 Jatetxeak eta janari postuak.

5610 Jatetxeak eta janari postuak.

6820 Norberaren konturako higiezin ondasunen alokairua. Landetxeen eta apartamentu turistikoen kasuan.

7721 Aisialdi eta kirolerako gauzak alokatzea.

7911 Bidaia-agentzien jarduerak.

7912 Bidaia-agentzia handizkarien jarduerak.

910 Liburutegi, artxibategi eta museoen jarduerak eta bestelako kultur jarduerak.

9102 Museoen jarduerak.

9103 Leku eta eraikin historikoen kudeaketa.

9104 Lorategi botanikoen, parke zoologikoen eta natura-erreserben jarduerak.

9321 Jolas parkeen jarduerak eta parke tematikoenak.

9329 Jolas eta entretenimendu jarduerak.

c) Enpresa edo establezimenduak Nafarroako Turismo Erregistroan izena emanda izatea, izen-ematea beharrezkoa bada. Datuak behar bezala eguneratuta egon beharko dira.

2. Onuradunen betebeharrak:

2.1. Eskatzaileak pertsona fisikoak badira, Espainiako nazionalitatea izan beharko dute, edo Europar Batasuneko edo Europako Esparru Ekonomikoko estatu kideren batekoa edo Suitzakoa. Europar Batasunekoak ez diren atzerritarren kasuan, egoitza fiskala eta zentro operatibo iraunkorra Espainian izan beharko dute, eta gutxienez dirulaguntzaren xede diren jarduerak egiten diren aldian mantendu beharko dituzte.

Eskatzaileak pertsona juridikoak badira, aplikatzekoa zaien araudiaren arabera behar bezala eratuta daudela frogatu beharko dute.

2.2. Azken onuradunek jasotzen duten laguntzaren zenbateko osoa kasuan kasuko jarduketa diruz lagungarriak ordaintzera bideratuko dute. Arau hori aplikatzekoa izanen da, halaber, pertsona fisikoen edo juridikoen elkarteak direnean eta bestelako unitate ekonomikoak edo ondare bereiziak direnean, nortasun juridikorik ez izanik ere, baldin eta dirulaguntzaren xede diren proiektu, jarduera edo portaerak gauzatu baditzakete edo dirulaguntza ematea zilegi egiten duen egoeran badaude, alde batera utzita bai dirulaguntzaren zenbatekoa, bai obren kostua elkarteen kideen artean jasanarazi behar diren.

Hala ere, kideren batek azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 13.2 artikuluan ezarritako debekuren bat edo batzuk urratzen baditu, ez zaio kide horri emanen jasotako laguntzan legokiokeen zati proportzionala, zeina gainerakoen artean hainbanatuko baita, betiere dagokion entitateak azken onuraduna izateko eskatzen diren baldintzak betetzen jarraitzen badu.

Eskatzaileek eratzen badute pertsona fisikoen edo juridikoen elkarte bat, edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 8.3 artikuluko ekimen pribatuko kasuetako batean, ordezkari edo ahaldun bakarra izendatu behar dute, behar adinako ahalmena duena onuradun gisa dagozkion betebeharrak betetzeko.

Kasu horietan, dirulaguntza eskaeran berariaz adieraziko da unitateko kide bakoitzak zer gauzatze konpromiso hartzen dituen bere gain. Hala egin ezean, Nafarroako Foru Ogasuneko Entitateen Erroldan eskatzailearen izen-ematearen agirian agertzen diren partaidetza ehunekoak aplikatuko dira. Halaber, laguntza ematen duen ebazpenean adieraziko da kide bakoitzari aplikatu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa. Kide horiek ere onuraduntzat joko dira.

Era berean, bete beharko du ezarrita dagoena Administrazio Publikoa modernizatzeko eta SEEP gauzatzeko premiazko neurriak onesten dituen abenduaren 30eko 36/2020 Errege Lege-dekretuaren 67. artikuluan.

2.3. Azken onuradun diren pertsona edo entitateek bermatuko dute ingurumenari kalte nabarmenik ez eragiteko printzipioa (Do No Significant Harm-DNSH printzipioa) eta etiketatze klimatikoa eta digitala erabat betetzen direla, bat etorriz Ministroen Kontseiluak 2021eko apirilaren 27an onartutako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planean eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduan (Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa ezartzen duena) aurreikusitakoarekin, bai eta Espainiako suspertze eta erresilientzia planaren ebaluazioa onesteari buruzko Kontseiluaren Betearazpen Erabakian eskatutakoarekin ere.

Pertsona edo entitate onuradunak ez badu betetzen "Kalte nabarmenik ez eragiteko" printzipioa edo etiketatze klimatikoa jartzearena, jasotako zenbatekoak itzuli beharko ditu.

2.4. Plantillan 50 pertsona baino gehiago dituzten enpresek berdintasun plan bat eduki beharko dute erregistraturik, hala ezartzen baitu Berdintasun Planak eta haien Erregistroa arautzen dituen urriaren 13ko 901/2020 Errege Dekretuak, zeinak Laneko Hitzarmen eta Akordio Kolektiboak Erregistratu eta Gordailutzeari buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretua aldatu baitzuen.

3. Honako hauek ezin izanen dira laguntzen onuradun izan:

3.1. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluan ezarritako debekuren bat betetzen ez dutenak.

Dirulaguntzaren eskaera egitean, baimena ematen zaie bai administrazio organo emaileari bai instrukzio organoari zuzenean eskura ditzaten eskatzaileak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela egiaztatzen duten egiaztagiri telematikoak, prozedura izapidetu bitartean beharrezkoa denean.

3.2. Administrazio zehapen irmoa edo kondena epai irmoa betetzen ari direnak sexu edo genero diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, ez eta arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain daudenak ere.

3.3. Aurretik Administrazioak emandako edozein laguntza edo dirulaguntza itzultzeko betebeharren bat bete gabe dutenak, edo emandako laguntza edo dirulaguntzaren bat berreskuratzeko agindu baten mende daudenak, agindua eman bada laguntza legez kanpokoa eta barne merkatuarekin bateraezina dela deklaratu delako Europako Batzordearen erabaki baten ondorioz, edo emateko erabakia hartzean ezarritako baldintzak, era batean edo bestean, bete ez direlako.

3.4. 30.000 eurotik gorako dirulaguntzen kasuan, ezin izanen dira onuradun izan zuzenbide publikoko entitateez bestelako pertsona fisiko eta juridikoak, baldin eta irabazi-asmorik badute eta betetzen ez badituzte Merkataritzako eragiketetako berankortasunaren aurka borrokatzeko neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitako ordainketa-epeak.

Honako agiri hauen bidez frogatuko da bete direla ordainketa-epeak:

a) Kontabilitate-araudiaren arabera galera-irabazien kontu laburtua aurkezten ahal duten pertsona fisiko eta juridikoen kasuan: ordezkaritza-ahal nahikoa duen pertsona fisikoak sinatutako ziurtagiria, edo, pertsona juridikoen kasuan, administrazio organoak edo behar adinako ordezkaritza-ahala duen organo baliokideak sinatutako ziurtagiria, non adieraziko baita bete direla abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak. Egoera hori egiaztatzeko, b) letran adierazitako frogabideren bat ere erabil dezakete.

b) Kontabilitate-araudiaren arabera galera-irabazien kontu laburtua aurkeztu ezin duten pertsona juridikoen kasuan, honako hauen bidez frogatzen ahal dute:

1. Kontuen Auditoreen Erregistro Ofizialean (KAEO) inskribatutako auditore batek emandako ziurtagiria, zeinetan xehaturik jasoko baita auditatutako azken urteko kontuen memorian deskribatutako ordainketen arloko informazioa, kontu horietatik ondorioztatzen denean lortu dela abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak betetzeko maila, apartatu honetan zehaztutakoa (%90), oinarri hartuta uztailaren 5eko 15/2010 Legearen hirugarren xedapen gehigarrian eskatutako informazioa.

Ziurtagiri hori baliozkoa izanen da hurrengo ekitaldiko urteko kontuak ikuskatu arte.

2. Aurreko ziurtagiria ezin bada egin, KAEOn inskribatutako auditore batek egindako "Adostutako prozeduren gaineko txostena", non adierazten baita ezen aztertu dela sozietatearen hornitzaileei erreferentziazko data batean ordaintzeke dauden fakturen lagin adierazgarri bat (epeak bete direla ziurtatzeko kontuan hartutako data deialdiaren argitalpen-data baino geroagokoa izan beharko da) eta ez dela salbuespenik detektatu abenduaren 29ko 3/2004 Legean jasotako ordainketa-epeak betetzeko orduan, edo, halakorik detektatu bada, ez dutela eragozten hurrengo paragrafoan eskatzen den betetze-maila lortzea.

Ondorio horietarako, baldintza hori betetzat joko da 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak betetzeko maila %90ekoa edo handiagoa denean (18/2022 Legearen azken xedapenetako seigarrenaren d) letraren bigarren apartatuan ezarritako ehunekoa).

Nahi izanez gero, dokumentazio hori laguntza-eskaerarekin batera aurkezten ahalko da, eta, une horretan aurkeztu ezean, hilabeteko epea emanen da horretarako, dirulaguntza emateko ebazpenean. Hala ere, b) letrako dokumentazioa ezin bada lortu epe hori baino lehen, eskatu izanaren egiaztagiria aurkeztuko da, eta, lortutakoan, bost egun naturaleko epe luzaezinean aurkeztuko da.

Epe hori eskatutako dokumentazioa aurkeztu gabe iraganik, laguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.

4. Eskatzaileek onuradun izateko debekurik ez dutela frogatu beharko dute; horretarako, aurreikusten da eskaera egiteko formularioan atal horretan jasotako erantzukizunpeko adierazpenak sartzea, eta ez da beharrezkoa izanen adierazpen horiek dokumentazio gehigarri gisa aurkeztea.

5. oinarria.–Diru-laguntza jaso dezaketen jarduketak

1.–Dirulaguntza jaso ahal izateko, onuradunek egin beharreko jarduketak tipologia hauetako batean edo batzuetan sar daitezke, eta bete beharko dituzte jarraian ezartzen diren baldintza espezifikoak eta deialdiaren web-fitxan eskuragarri dagoen II. eranskineko AII.1 atalean ezartzen direnak:

1.1. Eraikinetako energia-efizientziako proiektuak:

a) Jarduketak, halabeharrez, turismo establezimendu diren eraikin edo eraikin multzoetan egin beharko dira. Eraikinek Nafarroako Turismo Erregistroan izena emanda egon beharko dute, datuak eguneratuta daudela, izen-ematea beharrezkoa bada.

b) Jarduketak honako azpitipologietako batekoak edo batzuetakoak izan beharko dute:

1.–Inguratzaile termikoaren energia-efizientzia hobetzea.

2.–Energia-efizientzia hobetzea eta energia berriztagarriak erabiltzea berokuntza, klimatizazio, hozte, aireztatze eta etxeko ur beroaren instalazio termikoetan, zenbait eraikinetako konplexu turistikoetarako energia-iturri berriztagarriek eta/edo hondar-beroak elikatutako bero eta hotz sareen instalazioa barne.

3.–Argiztapen instalazioen energia-efizientzia hobetzea.

c) Jarduketak honako turismo establezimenduetakoren batekoak edo batzuetakoak izan beharko dute:

i. Oraingo turismo establezimenduak. Horietan egiten den jardunak lortu eta justifikatu beharko du energia primario berriztaezinaren kontsumoa %30 murriztu dela, abiapuntuko egoerarekin alderatuta, eta gutxienez letra bat hobetu beharko dute karbono dioxidoaren emisioen eskalan (kg CO 2/m² urtean), eraikinaren hasierako kalifikazio energetikoarekin alderatuta. Eraikinak egiaztatzen badu CO 2 eskalako A kalifikazio energetikoa duela, frogatu beharko du karbono dioxidoaren emisioen eskala hobetu duela.

Energia-kalifikazioaren hobekuntza hori jarduketa tipologia bat gauzatuz edo zenbait konbinatuz egiten ahal da, bai eta jarduketa baterako edo zenbaiterako neurri partzialak hartuz ere.

Eraikin osoetan (A aukera), eta, salbuespen modura, eraikin baten zati bat hartzen duten turismo establezimenduetan (B aukera), baldin eta horretara bideratutako aurrekontuak ez badu gainditzen 2. oinarrian adierazitako aurrekontu-zuzkiduraren erdia. Ehuneko horretara iritsitakoan, ez da B aukera horri buruzko eskaera gehiagorik onartuko, eta ebazpen arrazoitua emanen da. B aukeraren barruan ezin izanen dira instalatu hainbat eraikinetako konplexu turistikoetarako energia-iturri berriztagarriz eta/edo hondar-beroaz elikatutako bero eta hotz sareak.

ii. Oraingo turismo establezimenduak. Jarduketari esker energia primario berriztaezinaren kontsumoa %5 murriztu beharko dute gutxienez, baita karbono dioxidoaren isuriak (CO2 kg/m² urtean) ere, eraikinaren hasierako kalifikazio energetikoarekiko.

1.2 Turismo establezimendu edo enpresetan autokontsumorako instalazio fotovoltaikoak (biltegiarekin edo gabe) jartzea. Instalazio horiek energia elektrikoaren autokontsumorako baldintza administratibo, tekniko eta ekonomikoak arautzen dituen apirilaren 5eko 244/2019 Errege Dekretuaren araberakoak izan beharko dira. Diruz lagungarriak izanen dira, halaber, apirilaren 5eko 244/20219 Errege Dekretuaren aplikazio-eremutik kanpo dauden sareko instalazio isolatuak.

2. Jarduketa guztiak, halabeharrez, Nafarroako turismo establezimendu eta enpresetan egin beharko dira, eta aplikatzekoa den indarreko araudia bete beharko dute. Era berean, nahitaezko lizentzia eta administrazio-baimenak izan beharko dituzte, administrazioek hala eskatzen dutenean. Aintzat hartuko dira, bereziki, 2022ko martxoaren 29ko Turismoaren Konferentzia Sektorialaren Erabakiaren 17. oinarriko 10. ataleko oharrak, eta, tipologiaren arabera, 8 b) eta c) ataletakoak ere.

3. Jarduketa guztiek energia primario berriztaezinaren abiapuntuko kontsumoa eta karbono dioxidoaren isuriak murriztea lortu eta justifikatu beharko dute. Hori frogatzeko, egun dagoen eraikinaren energia-efizientziaren ziurtagiria eta eraberritu ondoren lortutako energia-efizientziaren ziurtagiria aurkeztu beharko dira. Eraikinaren energia-ziurtapena egin beharko da eraikinen energia-efizientzia ziurtatzeko oinarrizko prozedura arautzen duen araudiarekin bat, aitortuta dauden programa informatiko ofizialetako bat erabiliz.

Establezimenduak ez badu kalifikazio energetikorako prozedurarik, egiaztatu beharko da energia primario berriztaezinaren kontsumoa eta karbono dioxidoaren emisioak murriztu direla.

Lortzen den azken energiaren aurrezpena kontuan hartuko da 2012ko urriaren 25eko 2012/27/EB (EB) Zuzentarauaren 7. artikuluko azken energiaren aurrezpenaren helburuak betetzearen ondorioetarako. Zuzentarau hori 2018/2002 Zuzentarauak aldatu zuen, urriaren 15eko 18/2014 Legean xedatutakoaren arabera (lege hori hazkundeari, lehiakortasunari eta efizientziari buruzko presako neurriak onesteari buruzkoa da). Betebeharpekoek ezin dute energiaren aurrezpen hori bitan kontatu, aipatutako zuzentarauaren 7. artikuluan jasotzen den helburua –2014-2020 epean energiaren aurrezpen metatuarena betetzearen ondorioetarako. Azken energiaren aurrezpena kalkulatzeari eta hautagarri diren jarduketak zehazteari begira, Batzordearen 2019ko irailaren 25eko 2019/1658 (EB) Gomendioa aplikatuko da, energia aurrezteko betebeharren transposizioari buruzkoa, Energia-efizientziaren gaineko Zuzentaraua betez.

4. Jarduerak diruz lagungarriak izanen dira baldin eta onuradunek hasi badituzte laguntzaren eskaera erregistratzeko egunaren ondotik. Hori horrela, ez da hautagarri izanen egun hori baino lehenago jarduketaren gauzatzeari buruz fakturatutako inongo kosturik.

Hala ere, eskaera aurkezteko edo dagozkion inbertsioak egiteko beharrezkoak diren prestaketa jarduketei dagozkien kostuak –hala nola proiektua, memoria teknikoak, ziurtagiriak eta abar–, diruz lagungarritzat hartzen ahal dira, nahiz eta aurretik fakturatuak izan, baldin eta prestaketa jarduketa horiek 2021eko urtarrilaren 1a baino geroago hasi badira.

5. Honako hauek ez dira jarduketa diruz lagungarriak izanen:

–Eraikin berrietan egindakoak.

–Lehendik dauden eraikinetan egindako esku-hartzeak, baldin eta eraikitako azalera edo bolumena handitzen badira.

–Lehendik dauden eraikinetan egindako esku-hartzeak, baldin eta, horrekin batera, eraikinaren erabilera aldatzen bada.

–Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2020ko ekainaren 18ko 2020/852 (EB) Erregelamenduaren 17. artikuluan ezarritako klima eta ingurumen arloko helburuei kalte nabarmena, zuzenekoa edo zeharkakoa, eragiten dieten jarduketak. Erregelamendu hori inbertsio jasangarriak errazteko esparrua ezartzeari buruzkoa da eta 2019/2088 (EB) Erregelamendua aldatu zuen.

Zehazki, ezin izanen dira diruz lagundu Kontseiluaren Betearazpen Erabakian inbertsio honetatik kanpo gelditzen diren jarduerak ezartzeko zerrendaren barruan daudenak (152. orrialdea). Horiek 2022ko martxoaren 29ko Turismoaren Konferentzia Sektorialaren Erabakiaren 17. oinarriko 5. apartatuko d) letran zerrendatuta daude.

Era berean, Espainiako eta Europako ingurumen legedia betetzen duten jarduerak soilik hautatu ahal izatea eskatuko da.

6. Diruz lagungarria den gastua 30.000 eurotik gorakoa bada (BEZa kanpo), obra gauzatzeko gastuen kasuan, edo 12.000 eurotik gorakoa bada (BEZa kanpo), ekipo ondasunez hornitzearen kasuan, onuradunak frogatu beharko du hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu duela. Horretarako, gutxienez hiru eskaintza aurkeztu beharko ditu, eta aukeraturiko eskaintza hautatzeko arrazoiak eman laguntzen fitxako "Hornitzailearen hautaketaren justifikazioa" izeneko formularioan.

Onuradunak ez dira beharturik egonen hiru eskaintzak aurkeztera, baldin eta merkatuan behar adina entitate hornitzaile edo zerbitzu-emaile ez badaude, dirulaguntzaren xedeko gastuen ezaugarri bereziengatik. Edonola ere, alderdi horiek aipatu inprimakian frogatu beharko dira.

6. oinarria.–Laguntzen zenbatekoa.

Jarduketa diruz lagungarriaren mota bakoitzerako laguntzaren zenbatekoa eta mugak laguntzen fitxan dagoen III. eranskinean ezartzen dira.

7. oinarria.–Eskaerak aurkeztea.

1. Eskaerak aurkezteko epea:

Laguntza jasotzeko eskaerak aurkezteko epea hasiko da oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera, eta 2025eko ekainaren 6ra arte iraunen du, edo deialdian baimendutako aurrekontu kreditua agortu arte. Hori laguntzen fitxan jakinaraziko da.

2. Laguntzak eskatzeko modua:

Eskaerak modu telematikoan aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko (www.nafarroa.eus) fitxaren bitartez (laguntzen fitxa). Bertan dagoen formularioa erabili beharko da.

Eskabide telematikoan adierazi behar da eskatzaileak baduela gaitutako helbide elektroniko bakarra (GHEb) eta harpidetua dagoela Nafarroako Gobernuak jakinarazpen elektronikorako gaitutako prozeduretan. Gaitutako helbide elektroniko bakarra 20. oinarrian adierazten den moduan lortuko da.

3. Aurkeztu beharreko agiriak:

Laguntzak eskatzeko, laguntzen fitxan eskuragarri dagoen I. eranskinean (AI.1) eskatutako dokumentazioa aurkeztu beharko da.

Eskaerak eta eskatutako dokumentazio guztia fitxan eskuragarri dauden ereduetara egokituko dira, eta PDF formatuan aurkeztuko dira, izenarekin behar bezala identifikatuta (adib.: "Memoria").

4. Zuzenketak:

Aurkeztutako dokumentazioak ez baditu Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 66. artikuluko betebeharrak betetzen, Trantsizio Energetikoaren Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

Ezin izanen da inolaz ere zuzendu laguntzen fitxan eskuragarri dagoen I. eranskinean (AI.1) eskatutako dokumentazioa aurkeztu ez izana.

8. oinarria.–Banakako ebaluazioa.

1. Laguntza hauek banakako ebaluazioko araubidearen bidez emanen dira; horregatik, eskaerak aurkeztu diren ordenari jarraituko zaio zorrotz, aurrekontuetan horretarako kreditua den bitartean. Aurrekontuan behar adina diru ez egoteagatik kontuan hartzen ez diren eskaerak ezetsitzat joko dira.

2. Laguntzak eskatzeko epea amaitu baino lehen agortzen bada aurrekontu-kreditua, eskaerak behin-behineko erreserba zerrendan erregistratzen jarraitzen ahalko dira. Eskaera horiei erantzunen zaie, sarrera ordenari zorrotz jarraituz, kreditua askatzen bada (laguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratzen delako edo onuradunen batek laguntzari uko egiten diolako) edo deialdian aurrekontu berria sartzen bada.

Eskaera behin-behineko erreserba zerrendarako aurkezteak ez dio inolako eskubiderik sortuko eskatzaileari, harik eta eskaera ebatzi arte.

9. oinarria.–Dirulaguntza ematea.

1. Laguntzak kudeatzen dituen organoak, hau da, Trantsizio Energetikoaren Zerbitzuak, eskaerak aztertuko ditu, eta gero organo eskudunari ebazpen proposamena igorriko dio. Proposamen horretan adieraziko da onuradunek dirulaguntza eskuratzeko baldintza guztiak betetzen dituztela.

2. Energia, Enpresa I+G+b eta Ekintzailetzako zuzendari nagusia izanen da dirulaguntza emateari buruz ebazteko organo eskuduna.

Eskaera aurkezten denetik hasita, gehienez ere 6 hilabeteko epean eman eta jakinaraziko zaie ebazpen arrazoitua eskatzaileei, gaitutako helbide elektroniko bakarraren bidez. Epe horretan eskatzaileari berariazko ebazpena jakinarazi ezean, eskaera ezetsitzat joko da.

10. oinarria.–Diruz lagundutako jarduerak gauzatzeko eta justifikatzeko epea.

1. Gauzatzeko eta justifikatzeko gehieneko epea 2026ko otsailaren 27ra artekoa izanen da, egun hori barne.

Justifikazioa egiten bada ezarritako epea bukatu ondoren, baina, betiere, hurrengo 10 egun balioduneko epearen barnean, kobratu beharreko dirulaguntza %5 murriztuko da. Denbora gehiago igaro bada, deklaratuko da galdu dela laguntza kobratzeko eskubidea.

2. Aurkeztu beharreko frogagiriak eskuragarri dagoen ereduaren araberako ordainketa eskaera izanen dira, laguntzen fitxaren I. eranskinean (AI.2) eskatutako dokumentazioarekin batera.

Frogagiriak osatu gabe badaude edo akastunak badira, 7. oinarriko 4. apartatuan ezarritako moduan zuzentzeko eskatuko da.

3. Nafarroako Gobernuaren Diruzaintzak dirua onuradunaren kontuan sartzeko, onuradunak "Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera" bete eta Nafarroako Ogasun Departamentuko diruzaintzan aurkeztu beharko du, salbu eta lehenago aurkeztu badu.

11. oinarria.–Dirulaguntza ordaintzea.

1. Ordaintzeko eskaera jasota, eta frogagiriak aztertuta, kudeaketa organoak organo eskudunari igorriko dio ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena. Horrekin batera, txosten bat aurkeztuko da, ziurtatzen duena betetzen direla dirulaguntza emateko arrazoi izandako xedeak eta onuradunek betetzen dituztela dirulaguntza kobratzeko eskubidea ematen duten baldintzak.

2. Dirulaguntza ordaintzeko ebazpena sei hilabeteko epean emanen da, frogagiriak aurkezten direnetik hasita, eta azken eguna 2026ko ekainaren 30a izanen da.

3. 60.000 eurotik gorako dirulaguntzen kasuan, ordainketa egin aurretik, laguntzen organo kudeatzaileak inbertsioaren egiaztapen materiala eginen du, eta hori jasota utziko da espedientean, akta edo egiaztatze txosten baten bidez.

12. oinarria.–Onuradunen betebeharrak.

1. Laguntzaren onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Dirulaguntza eman dela jakinarazten denetik hasita hilabeteko epean, telematikoki aurkeztea dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena, laguntzen fitxan eskura dagoen ereduaren araberakoa. Adierazpen hori beti aurkeztu behar da, gardentasun betebeharra izan (Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3.c) artikuluko baldintzak betetzeagatik) edo ez izan (kasu horretan, inguruabar hori jasoko da adierazpenean).

3.c) artikuluko baldintzak betetzen dituztenek ez badute betetzen foru lege horren 12.4 artikuluak eskatzen duen informazioa aurkezteko betebeharra, laguntza kobratzeko eskubidea galduko dute.

Hala ere, proportzionaltasun-printzipioa aplikatuz eta kasu bakoitzaren inguruabar zehatzak kontuan hartuta, aipatutako betebeharra ez betetzeak penalizazioa ekar lezake emandako dirulaguntzaren ordainketan.

Era berean, 4. oinarriko 3.4 ataleko dokumentazioa aurkeztu beharko da, ordainketa-epeak betetzeari buruzkoa, hala badagokio, eskaera-orriarekin batera aurkeztu ez denean.

b) Diruz lagundutako jarduera egin eta justifikatzea deialdi honetako oinarrietan ezarritako moduan eta epeetan.

c) Agirien bidez justifikatzea laguntzaren xede den jarduketarekin lotutako transakzio guztietarako kontabilitate bereizia erabili dela (sarrerak eta ordainketak, eta, halakorik izan bada, laguntzen sarrera, hornitzaileei egindako ordainketak eta abar).

d) Enpresa-deslokalizaziorik ez egiteko konpromisoa hartzea, Enpresen sustraitzearen aldeko eta enpresa-deslokalizazioaren aurkako neurriei buruzko abenduaren 16ko 18/2020 Foru Legearen 4. artikuluan ezartzen dena kontuan hartuta.

e) Laguntzak kudeatzen dituen organoari jakinaraztea dirulaguntza eskatu ondoren xede bererako beste laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuk lortu direla, beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batek emanak. Jakin bezain laster egin behar da komunikazio hori.

Halaber, dirulaguntza ematean kontuan izan den edozein inguruabar (objektibo nahiz subjektibo) aldatzen bada, horren berri eman beharko da.

f) Biomasa instalazioen kasuan, tokiko berogailuak edo 1 MW baino gutxiagoko galdarak dituzten jarduketetarako:

Onuradunak agirien erregistro nahikoa izanen du egiaztatzeko ekipoan erabilitako erregaiak ziurtagiri bat duela, entitate independente egiaztatu batek emana, non honako hauek betetzen dituela ziurtatzen baita: UNE-EN-ISO 17225-2 arauan ezarritakoaren araberako A1 mota, UNE-EN-ISO 17225-4 arauaren 1. mota, 164003 arauaren A1 mota edo 164004 arauaren A1 mota. Erregistro hau bost urtez mantenduko da.

g) Onuradunak argitalpenetan, zabalkunde jardueretan, web-orrietan eta, oro har, edozein hedabidetan diruz lagundutako jarduerari buruz egiten duen aipamen orok Industriaren, Energiaren eta S4 Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusiak ezarritako baldintzak bete beharko ditu. Gainera, adierazi beharko da Industria eta Turismo Ministerioak eta Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuak finantzatu dituztela.

Informazio kartelak eta plakak egiten badira, leku ikusgarrian, jendeak erraz ikusteko moduan, jarriko dira, eta testua Nafarroako bi hizkuntza ofizialetan eta hizkera inklusiboz idatzirik egonen da.

h) Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoak (SEM) finantzatutako dirulaguntzen onuradun diren pertsonek bete behar dituzten betebeharrak, ondoko apartatuan jasotzen direnak.

i) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

2. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, onartutako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da, edo, hala badagokio, diru hori itzuli beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat. Hala ere, enpresa-deslokalizazioa gertatuz gero, 18/2020 Foru Legearen 7. artikuluan ezarritako baldintzen arabera itzuliko da dirulaguntza.

Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa doitzen ahalko da proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

13. oinarria.–Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoak (SEM) finantzatutako dirulaguntzak lortzeagatik bete beharrekoak.

1. SEMek finantzatutako dirulaguntzen onuradun diren pertsonek, gainera, honako betebehar hauek dituzte:

a) Funtsen azken jasotzaileari buruzko datuak ematea, onuraduna bera ez bada, eta kontratistei eta azpikontratistei buruzkoak, azken jasotzailea adjudikazio botere bat bada, kontratazio publikoaren arloko zuzenbidearen arabera.

b) Onartzea datuen lagapena egitea inplikatuta dauden administrazio publiko guztien artean, Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan xedatutakoaren arabera.

c) SEEPan ezarritako zeharkako printzipioak betetzeko konpromisoa hartzea, besteak beste, ekonomia zirkularraren printzipioa eta «ingurumenari kalte nabarmenik ez egitea» printzipioa, eta orobat SEEPan ezarritako etiketatu berde eta digitala betetzea.

d) Egiaztatzea, jarduera ekonomikorik aurrera eramanez gero, Nafarroako Jarduera Ekonomikoen Erregistroan inskribatuta dagoela, eta hor azaltzea laguntza eskatzen den unean egiaz aurrera eramaten duen jarduera ekonomikoa.

e) Hurrengo oinarrian jasotako publizitate- eta hedapen-betebeharra betetzea.

f) Finantzaketari buruzko dokumentazioa bost urtez gordetzea, ordainketa egiten denetik zenbatzen hasita, edo hiru urtez, finantzaketa 60.000 eurokoa edo txikiagoa bada.

g) Adieraztea badakitela Foru Komunitateko Administrazioak eta aipatutako Erregelamenduaren 22. artikuluan jasotako organismo europar guztiek aukera dutela Benetako Titulartasunen Erregistroan (JUS/319/2018 Aginduaren bidez sortua) jasotako informazioa eskuratzeko, edo benetako titularrei buruzko datu horiek eman ditzaketen Administrazioaren beste datu-base batzuetan sartzeko.

Tributu Administrazioko Estatu Agentziak ez badu laguntza eskatzen duen enpresaren benetako titulartasunei buruzko informaziorik, organo kudeatzaileak informazio hori eskatzen ahalko dio eskatzaileari. Eta informazio hori 5 egun balioduneko epean ematen ez bada, enpresak ezin izanen ditu eskatutako laguntzak eskuratu (urtarrilaren HFP/55/2023 Aginduaren 7.3 artikulua, 2023ko 21. Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratua, urtarrilaren 25ekoan).

h) Onartzea Europako Batzordearen, Iruzurraren aurka Borrokatzeko Europako Bulegoaren, Europako Kontuen Auzitegiaren eta Europako Fiskaltzaren kontrolak, eta aitortzea Europako erakunde horiek eta agintari nazionalek beren eskumenak gauzatzeko behar duten informazioa eskuratzeko eskubidea dutela.

i) Biltzea, funtsen ikuskapen eta kontrolerako eta formatu elektronikoan, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak otsailaren 12an emandako 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 22.2.d) artikuluan jasotzen diren datuen kategoria harmonizatuak. Datu horiek datu base bakarrean jasoko dira.

j) Turismoaren Konferentzia Sektorialaren 2022ko martxoaren 29ko Erabakiaren 17. oinarrian adierazitako betebeharrak.

2. a), b), eta c) letretan xedatutakoa betetzeko, laguntzen eskatzaileek aurkeztu behar dute "SEEPeko jarduketen gauzatzeari buruzko adierazpena", barne duela interes gatazkarik ezaren adierazpena (IGEA).

14. oinarria.–Publizitatea eta zabalkundea.

1. SEMak finantzatutako dirulaguntzen onuradunek publizitate- eta hedapen-betebehar hauek bete behar dituzte:

a) Diruz lagundutako jarduketei buruzko informazio eta komunikazio neurrietan (informazioa emateko kartelak, plakak, argitalpen inprimatuak eta elektronikoak, ikus-entzunezko materiala, web-orriak, prentsako iragarki eta tartekatzeak, ziurtagiriak eta abar), honako logotipo hauek erakutsi beharko dira:

1. Europar Batasunaren enblema, "Europar Batasunak finantzatua-Next Generation EU" testuarekin batera https://planderecuperacion.gob.es/identidad-visual.

2. Suspertze planaren logoa https://planderecuperacion.gob.es/identidad-visual.

"SEEParen markaren eskuliburuan" jasotako arau grafikoak eta kolore normalizatuak hartuko dira kontuan, honako webgune honetan kontsultatzen ahal direnak: https://www.prtr.miteco.gob.es/es/comunicacion.html.

b) Diruz lagundutako jarduketei buruzko edozein hedapen egiten denean, adierazi beharko da Industria eta Turismo Ministerioak eta Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuak finantzatu dituztela.

2. Informazio-kartelak eta plakak egiten badira, leku ikusgarrian, jendeak erraz ikusteko moduan, jarriko dira, testua Nafarroako bi hizkuntza ofizialetan idatzirik.

15. Oinarria.–"De minimis" laguntzak eta finantzaketa bikoitzik ez izatea.

1. Deialdi honetako dirulaguntzak "de minimis" laguntzak dira, Europako Batzordearen 2023ko abenduaren 13ko 2023/2831 (EB) Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu horren xedea da Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak "de minimis" laguntzei aplikatzeko modua zehaztea (2023ko L 2831. Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, abenduaren 15ekoa).

Erregelamendu horrekin bat, enpresa bakar bati hiru urteko edozein alditan emandako "de minimis" laguntza guztien batura ezin da 300.000 eurotik gorakoa izan. Enpresa bakarraren definizioa aipatu erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarrita dago.

Ondorio horietarako, interesdunek adierazi beharko dituzte, eskaera-inprimakian, hiru urteko edozein alditan jasotako beste de minimis laguntzak.

Interesdunek adierazi beharko dituzte, eskaera-inprimakian, aldi horretan jasotako beste minimis laguntza batzuk.

2. Finantzaketa bikoitzari dagokionez, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa ezartzen duen 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 9. artikuluaren arabera, SEMaren esparruan emandako laguntza Europar Batasuneko beste programa eta tresna batzuen baitan emandakoari gehituko zaio. Erreformek eta inbertsio-proiektuek Batasuneko beste programa eta tresna batzuen laguntza jasotzen ahalko dute, laguntza horrek kostu bera estaltzen ez badu, hau da, gastu berak bi aldiz finantzatzen ez badira (finantzaketa bikoitza).

16. oinarria.–Laguntzen bateragarritasuna.

Erabaki honetako laguntzak ez dira bateragarriak finantzagarriak diren kostu berak finantzatzeko beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabiderekin, administrazio edo erakunde publiko zein pribatuek, nazionalek, Europar Batasunekoek edo nazioarteko erakundeek eman.

Onuradunek adierazi beharko dute ez dutela funts publikoko inolako laguntzarik jaso finantzagarriak diren kostu berak dituzten jarduerak finantzatzeko. Gainera, adierazpen hori eguneratu beharko dute inoiz hasieran adierazitakoa aldatzen bada.

17. oinarria.–Iruzur arriskuaren ebaluazioa.

Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariaren urriaren 28ko 123E/2024 Foru Aginduaren bidez onetsi da iruzurraren aurkako neurrien plana, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren (SEM) kargura finantzatzen diren Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuko proiektuen kudeaketaren esparruan.

Aipatutako planean jasotzen denaren arabera, oinarri arautzaile hauek onesteko espedientean jasoa dago iruzur arriskuaren ebaluazioa (bandera gorrien egiaztapen zerrenda) eta, orobat, "Interes gatazkarik ezaren adierazpena" (IGEA), haren prestaketan eta tramitazioan parte hartu duten pertsona guztiei dagokiena, eta halaber, onuradunak hautatu eta baldintzak betetzearen egiaztapen prozeduran parte hartzen duten guztiei dagokiena. Adierazpen hori eguneratuta mantentzeko konpromisoa hartzen dute, egoera aldatzen bada jatorrizko adierazpenaren aldean, horrek galaraziko baitie prozeduran parte hartzea.

Gainera, laguntza eskatzen dutenek beren IGEA aurkeztuko dute, 13. oinarrian aipatzen den adierazpenean jasota dagoena.

18. oinarria.–Interes-gatazken ebazpena.

Deialdi honen ardura duen administrazio organoaren titularrak Iruzurraren aurkako Neurrien Planean eta urtarrilaren 24ko HFP/55/2023 Aginduan ezarritako iruzurra zuzentzeko eta pertsegitzeko neurriak hartuko ditu.

Aipatutako HFP/55/2023 Aginduaren aplikazio esparruan, eta deialdi honetan parte hartzen duten eskatzaileei begira Zerga Administrazioko Estatu Agentziaren (ZAEA) datu-baseetan titulartasun errealeko daturik ez badago, prozedura honi jarraituko zaio:

Operazioaren arduradunak MINERVAn sartuko du eskatzailearen identifikazioa, eta, behin ZAEAk egiaztatu ondoren ez dituela entitatearen benetako titulartasunaren datuak, erantzunean adieraziko zaio ZAEAn informaziorik jasota ez dagoela; martxan den prozedurarekin jarraitzen ahalko da.

Nolanahi ere eta aldi berean, organo kudeatzailea gaituko da deialdiko parte hartzaileei eska diezaien benetako titulartasunaren informazioa, betiere ZAEAk ez badu kontsultaren xede den entitatearen benetako titulartasunaren informaziorik eta horixe adierazi badio kasuko operazioaren arduradunari dagokion bandera beltzaren bidez. Informazio hori organo kudeatzaileari eman beharko zaio, informazio eskaera egin eta bost egun balioduneko epean.

Informazio hori adierazitako epean aurkezten ez bada, dirulaguntzak emateko prozeduratik kanpo geratuko da, 13. oinarrian adierazi den bezala.

19. oinarria.–Laguntzen kontrola.

1. Bai dirulaguntzak emateko fasean, bai horiek ordaintzekoan edo ondoren, dirulaguntza ematen duen organoak, bai eta kontrolerako organo eskudunek ere, barnean direla 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 22.2.e) artikuluan eta Finantza Erregelamendua delakoaren [2018ko uztailaren 18ko 2018/1046 (EB, Euratom) Erregelamendua] 129. artikuluan jasotakoak, egokitzat jotzen dituzten kontrol eta ikuskapen guztiak egiten ahalko dituzte, emandako laguntza behar bezala gauzatu dela ziurtatzeko. Horrela, bada, eskatzaileak behartuta daude laguntza ematera eta oinarri arautzaile hauetan ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko beharrezkotzat jotzen den beste edozein dokumentazio eta informazio ematera. Era berean, onuradunek konpromisoa hartzen dute egiten ahal diren ikuskapen eta egiaztapen guztiak errazteko. Egiaztapen eta ikuskapen horiek eragozteak laguntza itzultzea ekartzen ahal du, ukatu gabe dagokion zehapen prozedura tramitatzea.

Artikulu horietan ezarritakoaren arabera, Suspertze eta Erresilientzia Planaren funtsak jasotzeko baldintza izanen da idatziz aurkeztea konpromisoa, behar diren eskubideak eta sarbideak errazteko, Batzordeak, Iruzurraren aurkako Europako Bulegoak (OLAF), Europako Kontu Auzitegiak, Europako Fiskaltzak eta estatuko agintariek beren kontrol eskumenak egikaritu ditzaten.

Justifikazioak aintzat hartuko ditu, halaber, Europar Batasunak eta Espainiak Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoari buruz emandako araudiaren eskakizunak.

2. Dirulaguntza ematen duen erakundeak neurriak hartuko ditu iruzurrari eta ustelkeriari aurrea hartu, antzeman eta haiek jakinarazi eta zuzentzeko, eta halaber interes gatazkari eta finantzaketa bikoitzari aurrea hartzeko, irailaren 29ko HFP/1030/2021 Agindua betez.

3. Administrazioak eta 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 22. artikuluan jasotako organoek Benetako Titulartasunen Erregistroetan jasotako informazioa eskuratzen ahalko dute, bai eta administrazioaren beste datu base guztietan jasotakoa ere, benetako titularren inguruko datu horiek eman ahal izateko.

4. Laguntza hauen gaineko informazioaren eta kontrolaren ondorioetarako, informazioa lagako da Europako Funtsen Sistemekin dirulaguntza horiek kudeatzeko eta kontrolatzeko ezarritako sistemen artean.

20. oinarria.–Bitarteko elektronikoen bidezko harremanak.

1. Eskatzaileek baliabide telematikoen bitartez aurkeztu beharreko laguntza eskaerak eta gainerako dokumentazio guztia Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan aurkeztu behar dituzte, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoan dagoen laguntzen fitxaren bidez.

Laguntza hauek emateko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak eta administrazio egintzen jakinarazpenak eskaera egiten duten pertsona juridikoen gaitutako helbide elektroniko bakarraren bidez eginen dira.

2. Ogasun Ministerioaren http://notificaciones.060.es helbidean eskuratu daiteke gaitutako helbide elektroniko bakarra. Horretarako, ziurtagiri digitala eduki behar da.

Halaber, Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen prozeduretarako harpidetza egin beharko da, gaitutako helbide elektroniko bakarra lortzen den helbide berean.

21. oinarria.–Datu pertsonalen babesa.

Datuak babesteko indarrean dagoen araudiaren arabera, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuak tratatuko ditu datu pertsonalak, deialdi honetako laguntza-ematea, kudeaketa, jarraipena eta kontrola egiteko.

Datu pertsonalak babesteko eskubideak departamentu horretan baliatzen ahal dira, laguntzen fitxan adierazitako moduan.

22. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Trantsizio Energetikoaren Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu-kredituri egotzi zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua.

Deialdi honen emaitzak argitaratuko dira, orobat, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko (www.navarra.eus) tramiteen katalogoko laguntzen fitxan.

23. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute oinarri arautzaile hauen aurka, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik.

Iragarkiaren kodea: F2505677