1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
27E/2025 EBAZPENA, martxoaren 21ekoa, Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez onesten baitira aisialdiko hezkuntza proiektu onenari "Nafarroako Gazteentzako Jardueren Eskola (NGJE)" saria emateko 2025eko deialdia eta haren oinarri arautzaileak. Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren identifikazioa: 822561.
Gazteriari buruzko apirilaren 1eko 11/2011 Foru Legeak honela definitzen du gazteriaren hezkuntza ez-formala: pertsonaren garapena faboratzen duten jarduera ez-arautuen multzoa. Heziketa hori eman ahalko dute Nafarroako Gazteentzako Jardueren Eskolak (NGJE) eta Nafarroako Gazteriaren Institutuak ofizialki onartutako aisialdiko hezkuntza-eskolek.
Nafarroako Gazteriaren Institutua jakitun da aisialdiak gaztaroan duen garrantziaz. Aisialdi hezigarri eta komunitarioa zera da: elkarbizitza, atsedena, dibertsioa eta garapen pertsonala. Gainera, alderdi ludiko bat du, eta hori ezinbestekoa da pertsonen oreka sozial, fisiko, psikologiko eta emozionalerako. Aisialdi hezigarrirako zentro eta entitateak gizarteratzeko gune seguruak dira, erreferentziako eredu positiboekin, indarkeria eta arrisku jardueretatik urrun. Parte-hartze boluntario, motibatu eta atsegingarrian oinarrituta daude, baina baita ere beste pertsonekiko harremanetan, askotarikoak, errealitate eta esperientzia desberdinak dituztenak. Horiekin posible dira jarduera hezigarria eta garapen komunitarioa.
Nafarroako Gazteentzako Jardueren Eskola ekainaren 21eko 236/1999 Foru Dekretuaren bidez sortu zen, eta hura da gazteriaren egunerokoan hezkuntza ez-formala sustatzearen arduraduna. Bere kalitatea bermatzeko, uztailaren 5eko 56/2023 Foru Dekretuan, Nafarroako Foru Komunitatean aisialdiko hezkuntza-eskolak eta horien irakaskuntzak aitortzeko bidea arautzen da. Nafarroako Gazteriaren Institutuak, Nafarroako Gazteentzako Jardueren Eskolaren bitartez, urtero aisialdiko begirale eta zuzendari izateko zenbait ikastaro kudeatzen ditu. Nafarroako Gobernuak ofizialki onartutako aisialdiko hezkuntza-eskolek ematen dituzte ikastaroak.
Aisialdi hezigarria sustatzeko eta ikasleek ikastaroen azken memoriaren bidez aurkeztutako proiektuen hedapena errazteko, Nafarroako Gazteriaren Institutuak egokitzat jo du aisialdiko hezkuntza proiektu onenaren "NGJE" sarien laugarren edizioa deitzea, Nafarroan bizi diren, 31 urte baino gutxiago dituzten eta Nafarroako Gobernuak ofizialki aitortutako aisialdiko hezkuntza-eskoletan 2024ko urtarrilaren 1aren eta abenduaren 31ren artean aisialdiko begiralearen edo zuzendariaren titulua lortu duten pertsonei zuzenduta.
Horrenbestez, Nafarroako Gazteriaren Institutuaren estatutuak onesten dituen azaroaren 15eko 242/2023 Foru Dekretuak esleitu dizkidan ahalmenak baliatuz,
EBAZTEN DUT:
1. Aisialdiko hezkuntza proiektu onenari "NGJE" saria emateko 2025eko edizioaren deialdia onestea.
2. Dirulaguntza emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean bildu dira.
3. Guztira 1.200,00 euroko gastua baimentzea, 2025erako Nafarroako Aurrekontu Orokorretako "Gazte txartelaren sariak, lehiaketak eta txapelketak" izeneko 340002-34100-4809-232106 [PEP: E-23-000638-01] partida ekonomikoaren kargura.
4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea. Agiri horiek guztiak https://www.juventudnavarra.es/eu web-orrian ere egonen dira eskuragarri.
5. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.
6. Ebazpen hau Nafarroako Gazteriaren Institutuko Administrazio eta Kudeaketa Atalari, Ekonomia eta Ogasun Departamentuko kontu hartzailetza delegatuari, Ekonomia eta Aurrekontuak Kudeatzeko Atalari eta Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari helaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2025eko martxoaren 21ean.–Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailea, José María Burgaleta Encina.
I. ERANSKINA.–AISIALDIKO HEZKUNTZA PROIEKTU ONENARI "NGJE" SARIA EMATEKO OINARRI ARAUTZAILEAK; 2025EKO EDIZIOA
1.–Xedea.
Oinarri hauen xedea da araubide juridikoa eta arauak ezartzea, aisialdiko hezkuntza proiektu onenari "NGJE" saria emateko V. edizioaren deialdirako.
Deialdi honetan parte hartzeak berekin dakar oinarri guztiak onartzea.
2.–Proposamenen aurkezpena.
Nafarroan bizi diren 18 eta 30 urte bitarteko gazteek parte hartzen ahalko dute. Parte hartzeko Europako Gazte Txartel Nafarraren titular izan beharko dute eta aisialdiko begirale edo zuzendari titulua, 2024ko urtarrilaren 1a eta abenduaren 31 bitartean lortua, Nafarroako Gobernuak ofizialki onartutako aisialdiko hezkuntza-eskoletako batean (aurrerantzean, AHE).
Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
Izena emateko orria Nafarroako Gobernuaren eredu ofizialaren araberakoa izanen da eta honako leku hauetan aurkezten ahalko da: Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoan, Nafarroako Gazteriaren Institutuko Erregistroan (Yanguas y Miranda 27, 31003 Iruña), Nafarroako Gobernuko Erregistroaren edozein bulegotan, Nafarroako Gobernuaren Tramiteen Katalogoko Atarian edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan ezarritako tokietan ere.
Eskaerekin batera honako dokumentazio hau aurkeztuko da:
–Eskabide orria. II. eranskina.
–Amaierako memoria, gaztelaniaz eta/edo euskaraz idatzita.
–NANaren fotokopia.
Ezin izanen dute programan parte hartu dokumentazioa osorik aurkeztu ez duten pertsonek, oinarrietan adierazi bezala. Komunikazioa jakinarazi eta biharamunetik hasita, hamar egun balioduneko epea emanen da aurkeztutako dokumentazioa zuzentzeko. Halakorik aurkeztu ezean, interesdunak eskaerari uko egin diola ulertuko da.
3.–Aurkezten diren lanen balorazioa.
Aurkezten diren lanak baloratzeko, epaimahai bat eratuko da, hauek osatua:
–Epaimahaiburua: Ana Redín Pascual, Zeharkako Ekintzen eta Gazteriaren Behatokiaren Ataleko burua.
–Ordezkoa: Lucía Andía García de Olalla, Gazteentzako Programen eta Entitateekiko Harremanen Ataleko burua.
–Idazkaria: Elena Latorre Requetibate, Zeharkako Ekintzen eta Gazteriaren Behatokiaren Atalari atxikitako administraria. Oharrak hartuko ditu epaimahaiaren eztabaidei buruz; hitza izanen du, baina botorik ez.
–Ordezkoa: Arantxa Lalinde Zabala, Zeharkako Ekintzen eta Gazteriaren Behatokiaren Atalari atxikitako administraria.
–Epaimahaikidea: Ainhoa Aroz Itúrbide, Argibide eta Prestakuntza Bulegoko burua.
–Ordezkoa: Mónica Domínguez Catena, Parte-hartzearen eta Sormenaren bulegoko burua.
–Epaimahaikidea: Rosa Horcada Baztán, erdi mailako teknikaria, Zeharkako Ekintzen eta Gazteriaren Behatokiaren Atalari atxikia.
–Ordezkoa: Laura Álvarez de Eulate San Juan, gizarte-hezitzailea, Zeharkako Ekintzen eta Gazteriaren Behatokiaren Atalari atxikia.
Epaimahaikideak ez badaude edo eri badaude, identifikatutako ordezkoak arituko dira haien ordez.
Epaimahaiak Nafarroako Gobernuak ofizialki aitortutako AHEen zuzendaritzen aholkularitza eta laguntza jaso ditzake.
Epaimahaiak deliberazioen akta eginen du, gehiengoz hartuko ditu erabakiak eta proiektuak hautatuko ditu. Halaber, sariak nori eman proposatu eta justifikatu beharko du, honako irizpide hauen arabera:
1. Kalitate teknikoa; horretarako aisialdiko hezkuntzako proiektuaren programazioan edo memorian jasota dauden honako elementu hauek hartuko dira erreferentzia gisa:
a. Arrazoibidea (errealitatearen analisia, jarduera esparrua): 15 puntu, gehienez.
b. Planteamenduarekin koherentzia: 10 puntu gehienez.
c. Azalpen argiak: 5 puntu, gehienez.
d. Erabilitako metodologia (praktikaren garapena eta erabilitako baliabideak): 15 puntu, gehienez.
e. Proiektuaren gaineko balorazio pertsonala: 15 puntu, gehienez.
Lehen apartatu honen totala: 60 puntu, gehienez.
2. Proiektuaren helburuak zehaztea eta horiek modu arrazoituan lotzea Gazteriaren Foru Estrategia 2020-2023 eta Agenda 2030eko garapen jasangarrirako helburuetan jasotako edozein esparrurekin: 20 puntu arte.
(Foru estrategia horretan jasotzen diren esparruak edo arloak honako hauek dira: asoziazionismoa, gizarte inklusioa, bizikidetza eta generoa, boluntariotza, lurralde garapena, hizkuntza politika, aisialdia eta astialdia, hezkuntza formala, hezkuntza ez-formala, enplegu eta lan munduan sartzea, osasuna, kultura, mugikortasuna, kontsumoa, kirola eta bizitzaren jasangarritasuna).
3. Proiektuaren bideragarritasuna. 10 puntu, gehienez.
4. Programazioa berritzailea eta jatorrizkoa izatea. 10 puntu, gehienez.
4.–Sariak eta aintzatesteak aurkezten diren lanik hoberenentzat.
Aurkeztutako lan bakoitzak gehienez 100 puntu lortzen ahal ditu, eta onartua izateko gutxienez 50 puntu lortu beharko ditu. Lehiaketarako onartzen diren lanen artean, epaimahaiak puntuaziorik altuena lortzen duten hiru memoriak aukeratuko ditu, eta saria eman gabe uzteko eskubidea izanen du, baldin eta aurkezten diren lanen kalitatea eta gaiak ez bazaizkie lotzen lehiaketa hau deitzeko oinarri izan diren irizpideei.
Saria emateko epaimahaiaren proposamena loteslea da eta saria emateko justifikazioa haren akta izanen da.
Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpenaren bidez emanen dira sariak. Orobat, epaimahaiaren erabakiaren berri emanen da Institutuaren web-orriaren eta sare sozialen bidez.
Hautatutako pertsonek honako sari hauek jasoko dituzte:
–600 euro, puntuaziorik altuena jasotzen duen proiektuari.
–400,00 euro, bigarren puntuaziorik altuena jasotzen duen proiektuari.
–200,00 euro, hirugarren puntuaziorik altuena jasotzen duen proiektuari.
5.–Egile eskubideak.
Egileek aurkezten duten memoria bakoitzaren eskubideak atxikiko dituzte. Nolanahi ere, erabiltzeko baimena emanen dute, argitaratu eta zabal daitezen, lehiaketa honen ideiak eta balioak sustatzearren. Hautatzen diren lanen egileek baimena ematen diote Nafarroako Gazteriaren Institutuari haien izen-deiturak argitaratzeko bere webguneetan, bere sare sozialetan eta proiektu hau zabaltzeko erabiltzen den edozein hedabideetan.
Nafarroako Gazteriaren Institutuak parte-hartzaileek beren lanen gainean dituzten eskubide intelektualak errespetatuko ditu.
6.–Antolaketa erantzukizuna.
Nafarroako Gazteriaren Institutuak ebatziko ditu, aplikagarria den araudiaren arabera, deialdi honetan gertatzen diren gorabeherak, bai eta oinarriotan aurreikusita ez dauden aferak ere. Halaber, Nafarroako Gazteriaren Institutuak ahalmena izanen du oinarri hauen interpretazioaren eta aplikazioaren inguruan egoten ahal diren kontuak ebazteko.
Nafarroako Gazteriaren Institutua salbuetsita egonen da parte-hartzaileek egiten ahal duten edozein plagioagatik edo jabetza intelektualaren arloan indarrean dagoen legediaren edozein urraketagatik sortzen den edozein erantzukizunetatik.
7.–Datuen babesa.
Datuen babesaren gaineko oinarrizko informazioa:
Arduraduna: Nafarroako Gazteriaren Institutua.
Xedea: NGIri dagozkion laguntza eta dirulaguntzen esleipena, kudeaketa, jarraipena eta kontrola egiteko prozesuak.
Legitimazioa: Ahal publikoak betetzean edota interes publikoko aferetan egin beharreko tratamendua, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoarekin bat.
Hartzaileak: Ez zaizkie datuak hirugarrenei lagako, ez bada horretarako baimena eman dela edo, baimenik eman gabe, araudiak hartarako gaitzen duela.
Eskubideak: Datuetara sartzea, datuok zuzentzea eta ezabatzea eta haien tratamendua mugatzea.
Eskubide horiek baliatzeko helbidea: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/datu-pertsonalak-babesteko-eskubideak-baliatzea.
Informazio gehigarria: Argibide gehiagorako, web-orria kontsultatzen ahal duzu: https://gobiernoabierto.navarra.es/eu/sites/default/files/clausulas-informativas-proteccion-de-datos-inj-526-es-1.pdf.
8.–Harremanetarako datuak.
Nafarroako Gazteriaren Institutua.
Yanguas y Miranda kalea 27, 31003 Iruña.
848 423900 enaj@navarra.es www.juventudnavarra.es/eu.
ANEXO II/II. ERANSKINA.–FORMULARIO DE SOLICITUD/ESKABIDEA
PREMIOS ENAJ AL MEJOR PROYECTO DE EDUCACIÓN EN EL TIEMPO LIBRE/ ENAJ SARIAK AISIALDIKO HEZKUNTZA PROIEKTURIK ONENARI
Datos personales/Datu pertsonalak |
Apellidos,Nombre/ Deiturak,Izena | |
D.N.I. / N.I.E. NANa/AIZ | |
Domicilio /Helbidea | |
Localidad/Herria | |
Teléfono de contacto/ Harremanetarako telefonoa | |
Correo electrónico/ Helbide elektronikoa | |
Información sobre el proyecto/ Proiektuari buruzko informazioa |
Título /Izenburua | |
Escuela de Tiempo Libre/ Aisialdiko Eskola | |
Fecha en la que se obtuvo el título de monitor/a de tiempo libre/ Aisialdiko begiralearen titulua lortu zen data | |
Marque esta casilla si quiere recibir respuesta por medios electrónicos.
(*) Debe rellenar el campo correo electrónico para recibir un aviso del envío de la respuesta. Correo electrónico: ....................................................................................................................................
Jarri X bat bitarteko elektronikoen bidez erantzuna jaso nahi baduzu.
(*) Posta elektronikoaren eremua bete behar da erantzuna bidali dela jakinarazteko. Posta elektronikoa: ......................................................................................................................................................
Declaro bajo mi responsabilidad que el trabajo presentado se corresponde con el que fue evaluado por parte de la Escuela de Tiempo Libre correspondiente / Nire erantzukizunpean adierazten dut aurkeztutako lana bat datorrela dagokion aisialdiko eskolak ebaluatutakoarekin.
Declaro que quiero recibir información de actividades del Instituto Navarro de la Juventud. / Adierazten dut Nafarroako Gazteriaren Institutuaren jarduerei buruzko informazioa jaso nahi dudala.
Fdo/Sin .................................................. Fecha/Data ........................................
Iragarkiaren kodea: F2504766