87. ALDIZKARIA - 2025eko maiatzaren 5a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

432E/2025 FORU AGINDUA, martxoaren 25ekoa, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baita "Ekonomia sozialaren entitateen edo enpresen arteko kooperazioa eta berrikuntza sustatzeko dirulaguntza (Sian @05317 Kodea)" delakorako deialdia. DDBN identifikazioa: 824095.

Nafarroak ekonomia sozialeko enpresa sare sendo eta dinamikoa du, 20.000 enplegu inguru sortzen dituzten 800 entitatez baino gehiagoz sortua. Sektore hori funtsezkoa da eskualdearen garapen ekonomiko eta sozialean, kalitatezko enplegu egonkorra sortzeko, gizarte kohesiorako eta jasangarritasunerako konpromisoa duelako. Nafarroako ekonomia sozialak etengabeko aldaketen testuinguru bati egin behar dio aurre, globalizazioak, digitalizazioak eta gizarte premia berriek markatutako testuinguru bati, hain justu. Lehiakorra eta garrantzitsua izaten jarraitzeko, sektore horrek aldaketa horietara egokitu behar du, berrikuntza bultzatzeaz gainera bere esparru guztietan.

Ekonomia sozialaren erakundeen arteko kooperazioa funtsezkoa da baliabideak, ezagutzak eta esperientziak partekatzeko eta etorkizuneko erronkei elkarrekin aurre egiteko. Nafarroan ekonomia sozialerako existitzen diren laguntzak ez dira nahikoak Nafarroako Ekonomia Sozialaren Plan Integralean bilduriko printzipio estrategikoen garapen sakonagoa ahalbidetzen ahal duten berrikuntza eta kooperazioarekin loturiko premia espezifikoei erantzuteko. Horregatik, bi alderdi horiek berariaz sustatu behar dira, entitateek produktu, zerbitzu eta negozio eredu berriak garatzeko, teknologia berritzaileak ezartzeko eta erakundeen arteko lankidetza indartzeko aukera izan dezaten, baterako proiektuak sortze aldera.

Horrela, Nafarroako ekonomia sozialean berrikuntzarako eta kooperaziorako laguntza lerro berri bat ezartzeak eragin positiboa izanen du sektorearen lehiakortasunean eta hazkundean, kalitate eta egonkortasun handiko enplegua sortzeko atazan, gizarte kohesioan eta lurralde garapen orekatuan, bai eta entitateen jasangarritasun ekonomikoan, sozialean eta ingurumenekoan ere.

Nafarroako Ekonomia Sozialaren Plan Integralaren esparruan, ekonomia sozialeko enpresa eta entitateentzako laguntza bat –berrikuntzaren eta lankidetzaren alorrekoa– sortzeko ideia indartzen eta justifikatzen duten hainbat aukera identifikatzen dira, hala nola kooperazioa eta berrikuntza babesteko jarduketa lerroak. Berrikuntza ekonomia sozialeko enpresa eta entitateen arteko lehiakortasun faktore gisa sustatu beharra jasota dago Nafarroako Ekonomia Sozialaren II. Plan Integraleko printzipioetan, bai eta III. Planekoetan ere (onespen formala falta zaio), eta berrikuntza soziala ere hor jasota dago, Gizarte Berrikuntzako Unitatearen medioz tresna espezifiko batez hornitutako baliabidea izanik; arestian aipaturikoaren garapena honako hauetan dago funtsatuta: entitateen arteko kooperazioa; informazioa trukatzea ahalbidetuko duten lankidetza sareak eta estrategiak sortzea; eta ekonomia sozialari eta haren ereduari lurralde osoan aurrera egiteko aukera emanen dioten baliabideak, ezagutzak eta esperientziak partekatzeko lankidetza.

Dirulaguntza hori Dirulaguntzen Plan Estrategikoan sartu da, 339 kodearekin: "Ekonomia sozialaren entitate edo enpresentzako dirulaguntza, berrikuntza eta kooperazio proiektuak sustatzeko".

Adierazitakoari jarraikiz, eta Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 251/2023 Foru Dekretuaren 2.2.a) artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, hauxe

AGINTZEN DUT:

1. Ekonomia sozialaren entitateen edo enpresen arteko kooperazioa eta berrikuntza sustatzeko dirulaguntzaren 2025eko deialdia onartzea.

2. Dirulaguntza emateko oinarri arautzaileak onestea; foru agindu honen I. eranskinean jaso dira.

3. 90.000 euroko gastua baimentzea, 2025eko Gastuen Aurrekontuetako 970000 97000 4819 494126 partidaren kargura, ekonomia sozialaren entitateen edo enpresen arteko kooperazioa sustatzeko deialdia:

AURREKONTU PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

970000 97000 4819 494126 Ekonomia sozialaren entitateen edo enpresen arteko kooperazioa sustatzeko deialdia

2025

90.000,00

4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Foru agindu honek ez du administrazio bidea akitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aitzina.

Iruñean, 2025eko martxoaren 25ean.–Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilaria, María Carmen Maeztu Villafranca.

I. ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK

1. oinarria.–Xedea.

Oinarri arautzaile hauen xedea honako hau da: Nafarroako Foru Komunitatean ekonomia sozialaren entitate edo enpresen artean kooperazio eta berrikuntza proiektuak sustatzeko laguntzak emateko araubidea ezartzea, Nafarroako Ekonomia Sozialaren III. Plan Integralaren (2025-2028) eta Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategiaren (S4) helburuei jarraikiz.

2. oinarria.–Onuradunak.

1. Hauek heltzen ahal diote deialdi honi:

a) Egoitza soziala Nafarroan duten eta CEPES Nafarroa Ekonomia Sozialeko Enpresen Konfederazioko kide izanik ekonomia soziala ordezkatzen duten entitateak.

b) Ekonomia sozialaren alorrekoak izanik aurreko apartatukoez bestelakoak diren entitate eta enpresak, baldin eta proiektu berean horietako baten batekin batera aurkezten badira.

2. Dirulaguntza eskatzean, eskatzaileek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Taldeetako kide diren erakundeek ezin dituzte urratu Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluak onuradun izateko ezarritako debekuak. Eskabide inprimakian ageri den erantzukizunpeko adierazpenaren bidez egiaztatuko da hori.

b) Tributu arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneratuta izatea. Dirulaguntza eskabidea aurkeztearekin batera eskatzaileak baimena ematen dio dirulaguntzak ematen dituen organoari zuzenean lor dezan zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela adierazten duen egiaztapena, ziurtagiri telematikoen bidez. Beraz, kasu horretan, eskatzaileak ez du egiaztagiri hori aurkeztu beharko. Dena dela, eskatzaileak berariaz uko egiten ahal dio baimen hori emateari, eta, kasu horretan, aipatutako betebeharretan egunean dagoela adierazten duten ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu.

c) Ebazpen irmo baten bidez zehapenik jaso ez izana laneko segurtasunaren edo osasunaren arloan edota lan araudiaren alorrean arau-hauste oso astun bat edo bi arau-hauste astun baino gehiago egiteagatik, deialdia argitaratu aurreko bi urteetan.

d) Administrazio ebazpen irmoz edo kondena epai irmoz zehapena jaso ez izana sexu edo genero diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik.

e) Egoera horretan dauden entitateak eta enpresak laguntzen onuradun izaten ahalko dira berriz, baldin eta ezarritako zehapena edo zigorra beteta badute eta berdintasun plan bat prestatu badute indarreko legerian ezarritako baldintzetan, halakorik exijitzen ahal bazaie.

f) Ingurumen arloan neurri zuzentzaileak eskatzen dituen zehapen irmorik jaso ez izana aurreko bi urteetan, eskabideak aurkezteko epearen azken egunetik hasita. Zehapena izan bada, zehapen organoaren txosten baten bidez egiaztatu behar da neurri horiek abian jarri direla eta bete dela neurriak aplikatzeko egutegia.

3. Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar baimena ematea dirulaguntza ematen duen organoak zuzenean eskura ditzan ziurtagiri telematikoak, egiaztatzen dutenak erakunde eskatzaileak egunean dituela zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, dirulaguntza emateko proposamenean eta deialdian araututako ordainketa bakoitza egin aurretik. Interesdunak horri uko egiten badio berariaz eskabidean, berak aurkeztu beharko ditu betebehar horietan egunean dagoela frogatzen duten ziurtagiriak.

4. Nortasun juridikorik ez duten taldeek ordezkari bat edo ahaldun bakar bat izendatu beharko dute, onuradun gisa dagozkion betebeharrak betetzeko ahal aski duena. Dirulaguntza eskabidean berariaz adieraziko da unitateko kide bakoitzak zer konpromiso hartzen dituen.

5. Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 8.2 artikuluaren arabera, onuradunari elkartutako kideak ere onuraduntzat hartuko dira, baldin eta dirulaguntzaren xede diren jarduera guztiak edo batzuk lehenengoaren izenean eta haren kontura egiteko konpromisoa hartzen badute.

3. oinarria.–Dirulaguntza jasotzen ahal duten proiektuek bete beharreko baldintzak.

1. Eskatzaileek –nola banaka hala taldean–, proiektu bat aurkeztu beharko dute:

a) 2025eko urtarrilaren 1etik 2025eko abenduaren 31ra bitartean Nafarroako Foru Komunitatean garatzen diren eta Nafarroako ekonomia sozialean eragin positiboa duten jarduketak barne har ditzaten.

b) Xedean bil dadin ekonomia sozialeko entitateen arteko lankidetza bultzatzea, proiektu komunak egiteko, soluzio berritzaileen garapena sustatzeko edo erronka sozial, ekonomiko edo ingurumenekoei erantzuteko.

c) Proiektuan Ekonomia Sozialaren Plan Integralaren ildo estrategikoren batean jasotako erronkak jorra daitezen.

4. oinarria.–Gastu diruz lagungarriak eta dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa.

1. Aipatu proiektuetako gastu hauek izanen dira diruz lagungarriak, betiere 2025eko urtarrilaren 1etik 2025eko abenduaren 31ra bitartean fakturatzen badira eta 2026ko otsailaren 28a bitartean ordaintzen badira:

a) Teknikarien, administrarien eta laguntzako langileen gastuak, proiektua gauzatzen duten bitartean zuzenean komunikazio jarduketetan diharduten langileen gastuak barne hartuta. Teknikarien gehieneko kostua orduko 42 eurokoa izanen da, kostu sozialak barne.

b) Proiektuko jarduketak aurrera eramateko langile horien joan-etorrien gastuak, azoka eta ekitaldietan parte hartzea barne, joan-etorri horiek kasuan kasuko nominaren bidez ordaintzen direnean.

c) Kanpo enpresak edo aholkulariak kontratatzeko gastuak, aurkeztutako proiektuaren esparruan: gastuaren % 70era arte, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26. artikuluan aipatzen diren mugak kontuan harturik. Gastu horien artean egon litezke, adibidez, azterlanak eta analisiak egitea, patenteak eta lizentziak lortzea, itzulpengintza eta interpretazioa, etab.

d) Proiektuaren jarduketekin lotutako edukiak sortzeko, editatzeko eta materialen eta komunikabideen bitartez zabaltzeko gastuak, bai eta tailerrak eta/edo bilerak antolatzeko eta egiteko berariazko gastuak ere.

Eduki horien zabalkundean ez da emakumea diskriminatzen duen irudirik emanen, eta berdintasuna eta rol aniztasuna sustatuko dira. Halaber, hizkera sexista erabiltzea saihestuko da diruz lagundutako proiektuaren gainean prestatzen den dokumentazio guztian.

2. Dirulaguntzaren zenbatekoa gehienez ere 20.000 eurokoa izanen da urte bakoitzean proiektu bakoitzagatik. Ez da onartuko proiektu bat baino gehiago banaka aurkeztea entitate bakoitzeko.

3. Dirulaguntzaren xedeko gastuaren zenbatekoaren erdia, gehienez, azpikontratatuta egiten ahal da. Ondorio horietarako, ulertuko da azpikontratazioa egiten dela onuradun batek hirugarrenekin hitzartzen duenean diruz lagundutako jardueraren zati bat gauzatzea, onuradun horrek kanpoko baliabideak izanez gero egiten ahal dituen jarduerak izanik.

4. Gastu diruz lagungarriak justifikatzeko aurkezten diren fakturen balio erantsiaren gaineko zergaren (BEZa) zenbatekoa ez da diruz lagungarria izanen, honako kasu honetan izan ezik: gastu horiek entitateak ezin baditu berreskuratu ez konpentsatu (berariaz adierazi beharko da).

5. Baldin eta 1. apartatuko c eta d letretan aurreikusitako gastu diruz lagungarriren bat 12.000 eurotik gorakoa bada (BEZa kanpo), onuradunak frogatu beharko du hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu dutela. Horretarako, gutxienez hiru eskaintza aurkeztu beharko dituzte eta aukeraturiko eskaintza hautatzeko arrazoiak eman "Hornitzailearen hautaketaren justifikazioa" izeneko inprimakian, laguntzen fitxan dagoen horretan.

Onuradunak ez dira beharturik egonen hiru eskaintzak aurkeztera, baldin eta dirulaguntzaren xedeko gastuen ezaugarri bereziengatik merkatuan behar adina erakunde hornitzaile edo zerbitzu emaile ez badaude edo gastua dirulaguntza eskatu baino lehen egin bada. Edonola ere, alderdi horiek aipatutako inprimakian frogatu beharko dira.

5. oinarria.–Eskabideak aurkezteko epea eta modua.

1. Eskabideak aurkezteko epea hamabost egun baliodunekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

2. Eskabideak telematikoki aurkeztuko dira nahitaez, horretarako Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa). Fitxa horretan, esteka bat izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren erregistro orokor elektronikoan sartzeko. Bertan identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki behar da.

Laguntza eskabidean adierazi behar da eskatzaileak baduela gaitutako helbide elektroniko (GHE) bat eta harpidetua dagoela Nafarroako Gobernuak jakinarazpen elektronikorako gaitutako prozeduretan.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.8 eta 66.6 artikuluetan xedatutakoari jarraikiz, ez dira aurkeztutzat hartuko laguntzen fitxan dagoen eredura egokitzen ez diren eskabideak, ez eta telematikoki eta aipatutako fitxaren bitartez aurkezten ez direnak ere. Horrenbestez, ez-aurkeztutzat jotzen direnez, eskabide horiek ez dira zuzenduko.

3. Eskabidearekin batera, agiri hauek aurkeztu beharko dira, bereizita eta behar bezala identifikatuta:

a) Eskabidea gutxienez bi entitatez osaturiko talde batek aurkeztuz geri, taldea osatzen duten entitateen legezko ordezkariek sinatutako agiria, non taldearen ordezkari edo ahaldun bakar bat izendatzen baita, taldeari, onuradun den aldetik, dagozkion betebeharrak betetzeko adinako ahalen jabe.

b) Proiektua, eduki hau izan beharko duena:

–Proiektuaren izena eta talde eskatzailea osatzen duten erakundeen deskribapena.

–Garatu beharreko proiektuaren helburuak.

–Helburuak lortzeko garatuko diren jarduketen deskribapena, aurreikusitako kronogramarekin, onuradun potentzialekin, espero diren emaitzekin, Nafarroan espero den inpaktuarekin eta emaitzak zabaltzeko konpromisoarekin.

–Jarraipen eta inpaktu adierazleak, Nafarroako ekonomia sozialean aurreikusitako helburuen betetze maila neurtzea ahalbidetzen dutenak.

–Taldean aurkeztuz gero, entitate bakoitzak proiektuaren garapenean izanen duen eginkizunaren deskribapena eta partaidetza ekonomikoa, bai eta erakunde parte-hartzaileek beren gain hartzen dituzten eskubide eta betebeharren xehetasuna ere.

–Hala bada, emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasuna bultzatzeko jarduketen deskribapena.

Proiektuaren erredakzioan hizkuntza inklusiboa erabili beharko da. Orobat, pertsonei buruzko datuak sexuaren arabera bereizita eman beharko dira.

c) Memoria ekonomikoa, eduki hau izanen duena:

–Dirulaguntzaren xede diren gastu guztien aurrekontu xehakatua, parte hartzen duen erakunde bakoitzeko, honako hauek adierazita: 4. oinarrian adierazitako gastu bakoitzari egotz dakiokeen ehunekoa eta guztizko zenbatekoa (langile gastuak, joan-etorrietakoak eta jardunaldiak edo bilerak antolatu eta haien zabalkundea egitekoak, kanpo gastuak), proiektuan arituko diren pertsonen kopurua (nola teknikariak hala laguntzaileak, komunikazio eta zabalkunde ekintzetan dihardutenak barne), pertsona bakoitzaren lanorduak eta kostua, eta, hala badagokio, azpikontratatzea aurreikusitako jarduketak.

d) Eskatzaileak beharrezkotzat jotzen duen dokumentazioa, proiektuak 6. oinarrian ezartzen diren irizpideen arabera baloratzeko.

4. Aurkeztutako dokumentazioak ez baditu Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 66. artikuluko betebeharrak betetzen, Lan Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio ezen, hala egin ezean, eskabidea bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

Eskatzen den dokumentazioa aurkezten ez bada, egoera hori ez da inola ere zuzentzen ahalko.

6. oinarria.–Dirulaguntza emateko irizpideak.

1. Laguntza hauek norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira. Hartara, aurkeztutako eskabideak konparatuko dira lehentasun hurrenkera bat ezartzeko, oinarri arautzaileetan ezarritako balorazio irizpideei jarraikiz.

Baimendutako kreditua proiektu eskatzaileen artean banatuko da, oinarri honen 2. apartatuan jasotako emakida irizpideen arabera lortutako puntuazioaren arabera, bakoitzak aurkeztutako proiektuaren zenbatekoan eta 4.2 oinarrian deskribatutako gehieneko muga diruz lagungarriarekin (hots, 20.000 euro).

2. Hauek dira dirulaguntza emateko irizpideak:

a) Nafarroako Ekonomia Sozialaren Plan Integralean deskribatutako eta harekin lerrokatutako erronka sozial, ekonomiko edo ingurumenekoak konpontzen laguntzeagatik (10 puntu).

b) Ekonomia sozialaren entitate eta enpresen arteko kooperazioaren irismenagatik: proiektuak aurkezten duen elkarteko bazkide diren erakundeen kopuruaren arabera (2 entitate: 5 puntu; 3 erakunde: 8 puntu; >4 erakunde: 10 puntu).

c) Nafarroan ekonomia sozialaren entitateren bat ordezkatzen duen erakunde baten presentziaren arabera (elkarte baten presentzia: 5 puntu; >1 elkarte: 10 puntu).

d) Eremu geografikoaren hedaduragatik (jarduerak oso-osorik Iruñerrian gauzatzen badira: 5 puntu; jardueraren bat Iruñerritik kanpo egiten bada: 10 puntu).

e) Proiektuaren kalitateagatik:

–Baloratu eginen dira planifikazioa, argitasuna eta deskribapena helburuei, efikazia eta jarraipen adierazleei, ekintzen tipologiari, ekintzen araberako aurrekontuaren xehetasunari eta jarraitutako metodologiari dagokienez (30 puntu).

–Proposamenaren berrikuntza maila, proiektuan planteatutako erronkei eta helburuei emandako erantzun berritzailearen arabera baloratuta, eta aurkeztutako proposamenaren kalitate teknikoa, egingarritasun maila eta Nafarroako ekonomia sozialari aplikatzeko aukera (15 puntu).

–Proiektua zabaltzeko eta sustatzeko ekintzak. Zabalkuntza jardunaldiak (5 puntu). Gainera, sare sozialak, proiektuaren web propioa edo beste hedapen tresna multimedia batzuk barne hartzen baditu (10 puntu gehiago).

Dirulaguntza lortu ahal izateko, gutxienez 50 puntu lortu beharko dira.

Dirulaguntzak emateko, oinarri honetan ezarritako balorazio irizpideak aplikatzearen ondoriozko hurrenkerari jarraituko zaio, aurrekontuan dagoen diru erabilgarriaren arabera. Gerta liteke, aurrekontu zuzkidura falta dela-eta, aipatutako hurrenkerako azken eskatzaileari eskatutakoa baino zenbateko txikiagoa egokitzea. Horrelakoetan, eskatzaile horrek 10 egun naturaleko epea du, gehienez ere, eman zaion laguntza berresteko edo hari uko egiteko. Berretsiz gero, konpromisoak eta kondizioak ematen ahal den dirulaguntzara egokituko dira. Berrestean, entitate onuradunak jasotzen ahalko du hartu gabe duen laguntzaren zatia, baldin eta beste batzuek laguntza jasotzeari uko egin badiote edo laguntza jaso duten beste proiektu batzuek gastu txikiagoak izan badituzte. Horretarako, organo emaileak emandako laguntza aldatu beharra dago aurretik. Ezetsi eginen dira aurrekontuan zuzkidura nahikoa ez izateagatik erantzun ezin diren gainerako eskabideak.

7. oinarria.–Dirulaguntza ematea.

1. Lan Zerbitzuak eskabideak ebaluatuko ditu, eta ebazpen proposamena igorriko dio organo eskudunari; bertan adieraziko da onuradunek laguntzak jasotzeko eskatzen diren baldintza guztiak betetzen dituztela.

2. Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusia izanen da dirulaguntza emateaz ebatziko duen organo eskuduna. Ebazpena gehienez ere hiru hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskabideak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Laguntza ematen duen ebazpenean adieraziko da proiektuetako kide den erakunde bakoitzak aplikatu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa; kideok ere onuraduntzat joko dira.

3. Epe hori berariazko ebazpenik eman gabe bukatzen bada, eskabidea ezetsitzat joko da. Berariazko edo presuntziozko ezespenaren aurka, interesdunek errekurtsoa jartzen ahalko dute, administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz.

8. oinarria.–Laguntza ordaintzea eta dirulaguntza likidatzea.

1. Dirulaguntza konturako bi ordainketatan ordainduko da: lehenengoa maiatzaren 30a baino lehen eskatzen ahalko da, eta bigarrena azaroaren 30a baino lehen. Horietako bakoitzean, esleitutako zenbatekoaren % 50 ordainduko da, eskabidea eta txosten teknikoa aurkeztu ondoren: Konturako ordainketak jaso ahal izateko, onuradunek dokumentazio hau justifikatu beharko dute modu telematikoan, laguntzen fitxaren bidez:

a) 2025eko maiatzaren 30era arte, konturako lehenengo ordainketa bat eskatzen ahalko dute (esleitutako zenbatekoaren % 50). Horretarako, ordura arte zehaztutako helburuen betetze mailari buruzko txosten teknikoa aurkeztu beharko da, jarduketen laburpen xehatua jasoko duena.

b) 2025eko azaroaren 30era arte (egun hori barne), konturako bigarren ordainketa bat eskatzen ahalko da, esleitutako zenbatekoaren gainerako % 50ari dagokiona, eta, horretarako, aurreko puntuan adierazitako dokumentazioa aurkeztu beharko da.

2. Jarduketa diruz lagungarriak bukatu eta azken justifikazio dokumentazioa aurkeztu ondoren (jarduketak guztiz egin direla egiaztatzen duena), hiru hilabeteko epean, Ekonomia Sozialeko eta Laneko Zuzendaritza Nagusiak ebazpena emanen du, eta, haren bidez, dirulaguntza likidatuko da. Konturako ordainketak justifikatutako dirulaguntza gainditzen badu, dirulaguntzaren azken likidazioaren ebazpenean eskatuko da ordaindutako soberakina itzul dadila, kasuan kasuko berandutze-interesekin batera. Dirulaguntzaren errealitatea justifikatzeko, onuradunak 2026ko otsailaren 28ra arte izanen du azken justifikazio teknikoa eta ekonomikoa aurkezteko:

Dokumentazio teknikoari dagokionez, aurreko puntuan adierazitako xehetasunak emateaz gain, exekuzio txosten bat aurkeztu beharko da, proiektuan ezarritako helburuen betetze maila aztertzea ahalbidetzeko moduko adierazleekin.

Horrez gainera, 2025eko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra arte gauzatutako eta fakturatutako eta 2026ko otsailaren 28ra arte ordaindutako gastua biltzen duen dokumentazio ekonomikoa aurkeztuko da, zehazki hau:

–Proiektuko ekintzak egin dituzten pertsonen izen zerrenda, adierazita haien lanaldia, lan egindako orduak eta proiektuaren kostuari egozten zaion ehunekoa.

–Proiektuari egotzitako nominak, bai eta nominak eta gizarte segurantzako kotizazioak ordaindu direla erakusten duten transferentzien eta banku laburpenaren kopia ere.

–Joan-etorrien gastuen zerrenda, zer nominatan ordaintzen diren adierazita.

–Aurkezten diren fakturen zerrenda zenbakitua, kontzeptuen arabera zehaztuak, eta haien ordainagirien zerrenda korrelatiboa.

–Fakturak eta ordainagiriak.

3. Baldin eta onuraduna salbuetsita badago balio erantsiaren gaineko zerga (BEZa) ordaintzetik, edo hura ordaindu beharrik ez badu, dagokion dokumentazio ofiziala aurkeztuz frogatuko du egoera hori.

4. Onuradunek aurkezten dituzten frogagiriak hizkera inklusiboan idatzi beharko dira. Orobat, pertsonei buruzko datuak sexuaren arabera bereizita eman beharko dira.

9. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Dirulaguntza jasotzen duten onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Dirulaguntza eman zaiela jakinarazi eta hilabeteko epean, telematikoki aurkeztea dirulaguntzen onuradunen gardentasunari buruzko adierazpena, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean arautua, laguntzen fitxan eskura dagoen eredua erabiliz.

Onuradunak ez badu betetzen gardentasunari buruz informatzeko betebehar hori, ez da ordainduko onartutako dirulaguntza.

b) Diruz lagundutako proiektua egitea eta justifikatzea aurreko oinarrietan ezarritako moduan.

c) Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala agertzea zabaltzen den materialean.

d) Jasotako laguntzari buruzko publizitatea egitea, proiektuaren finantzaketa publikoa dela zabalduz, bai web korporatiboan bai diruz lagundutako proiektuaren gainean onuradunak prestatzen duen dokumentazioan.

e) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

2. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, onartutako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da, edo, hala badagokio, diru hori itzuli beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa doitzen ahalko da proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

Azkenean gauzatzen den proiektu zatiaren aurrekontua onartutakoaren %40tik beherakoa bada, emandako laguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.

10. oinarria.–Bitarteko elektronikoen bidezko harremanak.

1. Laguntzen eskabidea eta erantsi beharreko dokumentazio guztia telematika bidez aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren erregistro orokor elektronikoan, laguntzen fitxaren bidez, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoaren barnean.

2. Administrazio egintzen jakinarazpena eta laguntza hauek emateko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak telematika bidez eginen dira, eskatzaileen gaitutako helbide elektronikoaren bidez (GEH).

Ekonomia Gaietako eta Eraldaketa Digitaleko Ministerioaren http://notificaciones.060.es helbidean eskuratzen ahal da gaitutako helbide elektronikoa. Horretarako, ziurtagiri digitala eduki behar da. Halaber, Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen prozeduretarako harpidetza egin beharko da. Gaitutako helbide elektronikoa eskuratzen den helbide berean egiten da harpidetza.

11. oinarria.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna.

Deialdi honetako dirulaguntzak bateragarriak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, gastu beretarako emandako beste dirulaguntza batzuekin.

Betiere, jarduera bererako emandako dirulaguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ez du gainditzen ahalko onuradunak egin beharreko jardueraren kostua.

12. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publikotasuna.

Lan Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua.

13. oinarria.–"De minimis" laguntzak.

Deialdi honetako dirulaguntzak "de minimis" laguntzak dira, Europako Batzordeak 2023ko abenduaren 13an emandako 2023/2831 Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu horren xedea da Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak "de minimis" laguntzei aplikatzeko modua xedatzea (2023ko abenduaren 15eko EBAO).

Erregelamendu horri jarraikiz, enpresa bakar bati hiru urteko zerga ekitaldiko edozein alditan emandako "de minimis" laguntza guztien batura ezin da 300.000 eurotik gorakoa izan. Enpresa bakarraren definizioa aipatu erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarrita dago.

Horretarako, interesdunek kasuan kasuko urteko ekitaldian eta aurreko bi urteetako ekitaldietan hartutako bestelako "de minimis" laguntzak aitortu beharko dituzte eskabidean.

14. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute interesdunek Nafarroako Gobernuaren aurrean, eta horretarako hilabeteko epealdia edukiko dute argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Iragarkiaren kodea: F2504996