86. ALDIZKARIA - 2025eko maiatzaren 2a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BERRIOBEITI

Udalaren eta Aitzoain, Añezkar, Artika, Ballariain, Berriobeiti, Berriogoiti, Elkarte, Larrageta, Lotza eta Oteitza kontzejuen arteko lankidetza-hitzarmenaren onarpena

Berriobeitiko Udalak, 2024ko abenduaren 4an egindako bilkuran, lankidetza-hitzarmena onetsi zuen Udalaren eta Aitzoain, Añezkar, Ballariain, Berriobeiti, Berriogoiti, Elkarte, Larrageta, Lotza eta Oteitza kontzejuen artean, eta 2025eko otsailaren 20an sinatu zuten alderdiek.

Hala, argitaratu egiten da, bat etorriz urriaren 1eko 40/2015 Legearen 48. artikuluarekin (lege horrek hizpide du Sektore Publikoaren Araubide Juridikoa), apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 27. artikuluarekin (lege horrek hizpide ditu Toki Araubidearen Oinarriak) eta uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 30. artikuluarekin (foru lege horrek hizpide du Nafarroako Toki Administrazioa).

Berriobeitin, 2025eko apirilaren 7an.–Alkatea, Félix Remírez Hoyos.

LANKIDETZA-HITZARMENA BERRIOBEITIKO UDALAREN ETA AITZOAIN, AÑEZKAR, ARTIKA, BALLARIAIN, BERRIOBEITI, BERRIOGOITI, ELKARTE, LARRAGETA, LOTZA ETA OTEITZA KONTZEJUEN ARTEAN

Berriobeitiko Udaletxeko osoko bilkuren aretoan, 2025eko otsailaren 20ko 19:00ak izanik.

Honako hauek bildu dira:

Alde batetik:

Félix Remírez Hoyos, Berriobeitiko alkate udalburua, hala dela agertzen baita 2023ko ekainaren 17ko osoko bilkurak haren izendapenaz hartutako erabakiaren ziurtagirian, Udal hura ordezkatuz, bat etorriz 6/1990 Foru Legearen 40. artikuluarekin (foru lege horrek hizpide du Nafarroako Toki Administrazioa) eta apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 21.1.b) artikuluarekin (foru lege horrek hizpide ditu Toki Araubidearen Oinarriak), eta ahalmena izanik hitzarmen hau sinatzeko, hala erabaki baitzuen Udalak, 2024ko abenduaren 4ko osoko bilkuran, aholkulari duela Udal idazkaria, Idoia Suárez Urrutia, zeinak egintzaren fede ematen baitu.

Bestetik:

Kontzeju hauen buruak:

–Aitzoain - Paola Larrainzar Larrañeta andrea.

–Añezkar - Magdalena Aulestiarte Jurico andrea.

–Artika - Antonio Novoa Iráizoz jauna.

–Ballariain - José Cortizo Gulias jauna.

–Berriobeiti - Alfonso Larrayoz Iracheta jauna.

–Berriogoiti - Blanca Esther Merino Napal andrea.

–Elkarte - Nerea Huarte Goldaracena andrea.

–Larrageta - María Manso Montes andrea.

–Lotza - Rubén Goñi Viguria jauna.

–Oteitza - Iban Lizarraga Blázquez jauna.

Berriobeitiko kontzejuetako buruak, hala agertzen baita kontzeju batzarrek eta/edo kontzeju irekiak hartutako erabakien ziurtagirietan, bat etorriz 6/1990 Foru Legearen 40. artikuluarekin (foru lege horrek hizpide du Nafarroako Toki Administrazioa) eta apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 21.1.b) artikuluarekin (foru lege horrek hizpide ditu Toki Araubidearen Oinarriak), eta ahalmena izanik hitzarmen hau sinatzeko, hala erabaki baitzen.

Alderdiak ordezkari diren aldetik, bere dituzten eskudantziak erabiliz, eta elkarri aitortuz lankidetza-hitzarmen hau formalizatzeko gaitasuna, oinarri harturik honako klausula hauek eta honako hauek aldez aurretik aitortuta.

HITZAURREA

Lehenengoa.–Berriobeitiko Udalak osaera globala du, toki udalerria hamar herriz eratuta baitago (Aitzoain, Añezkar, Artika, Ballariain, Berriobeiti, Berriogoiti, Elkarte, Larrageta, Lotza eta Oteitza).

Bigarrena.–Udalerriko toki entitateei giza eta aurrekontu baliabideetan lagundu ahal izateko, koordinazio eta eraginkortasun handiagoak lortu behar dira, herritar guztien mesederako.

Hirugarrena.–Horrela, hitzarmen honen azken helburua da herritarrei begira zerbitzu hobea lortzea, bai eta alderdien arteko koordinazio hobea lortzea ere, herrietan zerbitzu bakoitzari arreta espezifikoagoa eskainiz, giza baliabideak zein baliabide ekonomikoak nabarmen aurreztuta.

Laugarrena.–Berriobeitiko Udalak, 2024ko abenduaren 4ko udal erabakiaren bidez, honako hauek eskuordetzan hartzea erabaki zuen:

a) Administrazio espedienteen izapidetzea, gai bakoitzeko udal teknikariek egin ditzaten.

b) Kontabilizazio zerbitzua eta kontabilitate aholkularitza, hark egin dezan bere langileen edo kanpo zerbitzuen bitartez.

c) Zerga ikuskapenaren zerbitzua adjudikatzeko izapideak: erabilera pribatiboaren tasak edo udal bide publikoen lurzoruko, lurpeko edo lurgaineko aprobetxamendu bereziak, hornidura zerbitzuak ustiatzen dituzten enpresen alde (1,5eko tasa deitu ohi zaiona).

d) Hirigintza lizentzien ematea, Ballariain eta Elkarte kontzejuetan izan ezik.

e) Herriguneetako kaleen garbiketa erratz-makinarekin eta haizagailuen laguntzarekin, paperontzien hustuketa eta garbiketa, kale eta espaloietako sasien kentzea, eta gune jakin batzuen garbiketa erratzarekin.

f) Industriaguneetako bideen garbiketa erratz-makinarekin eta haizagailuen laguntzarekin, eta gune horietako hondakinen eta isurketen bilketa.

g) Argiteria publikoari dagokionez, eragingailuaren kontrola, kontrol energetikoa SIE proiektuaren bidez, ikuskapen zerbitzua, anomaliak detektatzea eta instalazioaren mantentze lana.

h) Hiriguneetako eta industrialde guztietako LED motako argiteria publikoaren kontsumo elektrikotik datorren fakturazioaren ordainketa.

i) Hitzarmenaren bidez eskuordetutako eskumenak ez eskuordetzea kontzejuek jakin gabe.

j) Udalari eskuordetutako eskumenei buruzko informazioa noiznahi eskatzeko aukera, eta eskuordetutako eskumenak bereganatzeko aukera, hala komeni denean.

Bosgarrena.–Hitzarmen hau alderdi sinatzaileen konpromisoan eta lankidetzan oinarrituta dago, herritarren interes komunaren onurarako irtenbideak bilatzeko, Berriobeitiko Udalari uzten dizkioten zerbitzuen bidez, kontzejuaren eskumena direla eta horiek Udalari lagatzen dizkiotela onartuz.

Horregatik, Berriobeiti udalerriko kontzejuen gabeziak integratu daitezen intentsitate eta kalitate berean eta baliabide ekonomikoak gauzatu eta kudeatu daitezen eraginkortasunez eta ahalik eta hobekien, komenigarria da Berriobeitiko Udalaren eta kontzejuen arteko lankidetza-esparru bat antolatzea, kontzejuen eskumeneko zenbait eginkizun betetzeko eta zerbitzuak osorik emateko.

Elkarlan horren lege bermea dira administrazioen arteko elkarlan, lankidetza eta laguntza printzipioak, jaso direnak, besteak beste, arau hauetan: urriaren 1eko 40/2015 Legearen 140. artikulua eta hurrengoak (lege horrek hizpide du Sektore Publikoaren Araubide Juridikoa), 7/1985 Legearen 25. artikulua eta hurrengoak (lege horrek hizpide ditu Toki Araubidearen Oinarriak) eta 6/1990 Foru Legearen 70. eta 30.2 artikuluak (foru lege horrek hizpide du Toki Administrazioa). Horiek denak gauzatzen dira hitzarmen honen bidez.

Horrenbestez, aipatu administrazioek, hitzarmen honen bidez, ituntzen dute eskuordetzan ematea ondoko klausuletan aipatzen diren eskumenak, zeinak kontzejuenak baitira, bat etorriz Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 39. artikuluarekin, Berriobeitiko Udalaren alde, hitzarmen honen bidez eta bat etorriz Sektore Publikoaren 40/2015 Legearen 47.2.a), 48., 49. eta 50. artikuluekin eta Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen 7/1985 Legearen 27. artikuluarekin. Hori dena, oinarri harturik honako hauek:

KLAUSULAK

Lehenbizikoa.–Hitzarmen honen xedea da Berriobeitiko Udalari eskuordetzan ematea aurrez aipatutako kontzejuen eskumen hauek:

a) Poligonoetako eta hiriguneetako LED motako argiteria publikoaren oinarrizko mantentze lanak eta kontsumoaren kostuak, kontzejuei dagokien ororena.

b) Hiri mugarteetako bideen garbiketa, puntu jakin batzuk ekortuz.

c) Hilerrien garbiketa, kanpoko eta barneko aldeak.

d) Udalak esleitutako eta udal aholkulariaren bidez gauzatutako kontzejuentzako aholkularitza gastuaren kostua.

e) Diru-bilketa.

Bigarrena.–Berriobeitiko kontzejuek eskuordetzan uzten dizkiote Berriobeitiko Udalari honako zerbitzu hauen ematea:

2.1.–Bideen garbiketa.

–Bideen garbiketa honela ematen da eskuordetzan:

a) Oinezkoen eta ibilgailuen bide guztiak garbitzea.

b) Bide publikoak garbitzea, hots, honako hauek denak garbitzea: espaloiak, galtzadak, pasealekuak, igarobideak, erdibitzaileak, biribilguneak, plazak, lurgaineko aparkaleku publikoak, eremu publikoetako kirolguneak, erabilera publikoko gune pribatuak (egoki denean), parkeak, lorategi eremuak eta abar. Zehazki, honela eginen da:

  • Eskuzko ekorketa bideen metaketa puntuetan.
  • Ekorketa mekanikoa, erratz-makinarekin eta haizagailuen laguntzarekin.
  • Bideen ur bidezko garbiketa, eskuz edo mekanikoki, garbiketa berezia egitean edo beharrezkoa denean.

c) Paperontziak mantentzea, hustea, garbitzea eta berritzea.

d) Hostoak erortzeko garaian hostoak garbitzea.

e) Parkeak, lorategiak eta aisiarako guneak garbitzea.

f) Garbiketa bereziak egitea: grafitiak, pintaketak, kartelak kentzea.

–Gauzatzeko modua.

Gutxieneko kalitate estandarrak betez garbituko dira bideak, eta hitzarmen honen seigarren klausulan zehaztutako zerbitzu anitzen alorrak ezartzen duen moduan eta jarraipenarekin, garbiketa lantaldearen arduradunaren agindupean eta Jarraipen Batzordeak gainbegiratuta.

Kudeaketa hobetzeko eta lehentasunak ezartzeko, protokoloak eta jarduera planak ezarriko dira zerbitzu anitzeko garbiketa lantaldearen barruan. Udalak garbiketa lantaldea osatuta duenean, berariazko garbiketa plan bat egin eta ezarriko da kontzeju bakoitzerako, jarraipen batzordean kontzejuekin adostuta, eta honako alderdi hauek kontuan hartuta, batez ere:

  • Ibilgailuen eta oinezkoen trafikoaren garrantzia.
  • Zaborraren pilaketa puntu jakin batzuetan.
  • Jolas eta ostalaritza jardueraren nagusitasuna.
  • Hondakin motak eta arrazoiak.
  • Populazioaren dentsitatea.

–Paperontziak hustea, garbitzea eta berritzea, zakurrentzako zaborrontziak, eta paperontziak garbitzea eta desinfektatzea.

Hitzarmen honen bidez, Udalaren esku uzten da lehen aipatu kontzejuetako paperontzi guztien mantentze lan eta huste etengabea (oraingoak eta etorkizunekoak, baita zakurrentzako zaborrontziak ere). Orobat, behar diren lanak eginen ditu elementuak ongi mantentzeko eta zaintzeko: behar diren konponketak eginen ditu, eta konpondu ezin diren edo desagertu diren paperontziak berrituko ditu.

Herri bakoitzean ezarrita dauden paperontzien mapaketa bat eginen da (eskuz garbitzeko plana), kontrol handiagoa izateko, bai eta haien inbentarioak ere. Mapaketa hori baliagarria izanen da paperontziak husteko eta haietan jarduteko egutegi bat zehazteko.

Mapaketa hori aldatu eta handitu egiten ahal da etorkizunean, udalerri bakoitzaren beharren arabera, eta urtero eguneratuko dute zerbitzu anitzeko alorrak eta garbiketa lantaldeak; horren berri emanen diote Jarraipen Batzordeari.

Era berean, zerbitzu honen egitekoa izanen da paperontziak kanpotik eta barnetik garbitzea, eta horietan egiten diren pintaketak, jartzen diren pegatinak eta abar kentzea.

–Hostoak erortzeko garaian, hostoak garbitzea.

Udazken aldean bilduko dira hostoak, edo zerbitzuak eskatzen duenean, eta, horretarako, egoki diren baliabide teknikoak eta giza baliabideak erabiliko dira, kontuan harturik zenbat hosto pilatzen diren espaloietan, galtzadetan, pasealekuetan, lorategietan eta, oro har, hiriguneko eremu publikoan.

–Parkeak, lorategiak eta aisiarako guneak garbitzea.

Honetan datza: Udalaren titulartasuneko eta/edo erabilera publikoko parkeak eta haurren jolasguneak garbitzeko eta egoera higienikoan edukitzeko lanak eginen dira.

–Lurpeko igarobideak edo pasabideak garbitzea.

Garbituko dira Artika herria eta urbanizazioa lotzen dituzten igarobideak, baita Artika Kirol Hiriaren eremuan eta Usain Gozoen Parkearen eremuan dauden gaineko igarobideak ere; zehazki, eremu publikoko eskailera guztiak, lurpeko igarobideak eta, oro har, igarobide horietako elementu guztiak garbituko dira.

Garbiketa bereziak: grafitiak, pintaketak, eta garbiketa zerbitzuek, aldian behin eta/edo aldi baterako, kartelak kentzea.

Pintadak eta grafitiak garbituko dira eraikin publikoetan, faroletan, zutoinetan, seinaleetan, markesinetan eta, oro har, hiri altzarietan, bai eta Berriobeitiko Udalaren baimenik gabeko kartel edo pankartak ere.

–Hilerria garbitzea.

Udalak konpromisoa hartzen du urtero bi garbiketa egiteko kanposantu bakoitzean, garbiketa izanik hilerrien barrualdeetan sasiak garbitzea, harresiaren inguruetako –irisgarriak direnak– eta kanpoko sarrerako sastrakak kentzea, baita barruko zaborra eta sortutako hondakinak kentzea ere. Lan horiek azaroaren 1a baino lehen eginen dira, batetik, eta udaberriaren hasieran, bestetik; gainerako lanak egitea kontzejuen ardura izanen da.

Auzotar baten hiletak eragindako garbiketa puntualak kontzejuen kontura izanen dira.

–Garbiketa lanak egitea herrietako jaietan.

Kontzejuek hala eskatu ondoren, garbiketa eginen da kontzejuetako zaindariaren jaien aurretik eta ondoren, Berriobeitiko Udaleko zerbitzu anitzen ardurapean dagoen garbiketa lantaldearekin, herri osoan, oro har.

Garbiketa hori zerbitzu anitzeko alorrak unean-unean duen zerbitzuaren araberakoa izanen da, hau da, ez soilik langileei dagokienez, baita eskura diren makinei dagokienez ere. Hala, zakarrontziak biltzeko gutxieneko garbiketa eginen da, eta herriko kale guztiak erratz-makinarekin garbituko dira.

–Garbiketa lanak egitea presazko premietarako.

Presazko premia edo alarma egoera dagoenean, Berriobeitiko Udalak, kontzejuekin adosturik, behar diren garbiketa neurriak hartuko ditu prebentziorako, eremu publikoan ez dadin kalterik izan osasungarritasunean eta higienean, une bakoitzean indarrean dagoen araudiari eta administrazio eskudunek horretarako adosten dituzten jarduketa protokoloei jarraikiz.

Hiriguneetan dauden obra hondakinak, isuriak edota ingurumen delitutzat jotzen ahal direnak Udalak izapidetu eta erretiratuko ditu, ahalik eta lasterren, eta Udalak berak ordainduko ditu. Hirigunetik kanpo, kontzejuek beren eskumenei eutsiko diete, eta kontzejuek izapidetze eta erretiratze lanetarako laguntza eskatzen ahalko dute, hondakinak tratatzeko kanpoko enpresen tarifek dakartzaten kostuak eta hondakinak kentzeko behar diren edukiontzien kostua bakarrik beren gain hartuta; hala, Udalaren kontura izanen dira erabili beharreko langileen, makinen edo ibilgailuen gastuak.

2.2.–Argiteria publikoa.

Kontzejuek Udalaren esku uzten dute argiteria publikoaren mantentze lanak egitea, arlo hauei dagokienez:

a) Eragintzaren kontrola.

b) Kontrol energetikoa eta kontsumo datuen eta erabilera ordutegien atzipena, datuak SIE programan kargatzeko, eta kontsumo hobekuntzak eta eraginkortasun energetiko hobea lortzeko.

c) Ikuskapen zerbitzuak eta anomaliei antzematea.

d) Instalazioen berrikuspenak, hala nola agintaritza zentroak, argiak, zutabeak, horma besoak, kutxatilak, instalazio elektrikoa eta kanalizazioak.

e) Instalazio elektrikoko buletinak eta urteko inbentario eguneratuak.

f) Matxura arinak konpontzeko oinarrizko mantentze lanak, diferentzialaren berrezarpena, ordutegi kontrolagailuak, fusibleak, erreleak, elementu horiek konpontzeko edo ordezteko eskulanak. Luminariak eta farolak matxuratu, ordezkatu behar edo hautsiz gero, kontzejuen kontura izanen dira horiek; bestalde, Udalak bere gain hartuko ditu luminariak eta farolak ordezteko obra eta eskulan gastuak.

g) Farolen pintaketa, hala behar badute argiteria publikoaren mantentze lanen barruan.

h) Faroletako istripuengatik aseguruei egin eta jakinarazi beharreko erreklamazioak, horiek berriro jartzeko edo ordezteko, eta, aseguruek gastuak estaltzen dituztenean, udalerrian dauden farolak birjartzeko edo ordezkatzeko lanak.

i) Farolak ordeztu nahi edo behar direnean, farola berriak jartzeko edo ordezteko eskulana kontzejuekin lankidetzan eginen da, istripu parterik edo erreklamatu beharreko asegururik ez izateagatik.

j) Lizentziak, baimenak eta aholkularitza, kontzejuek egokitzat jotzen dituzten lekuetan farola berriak jartzeko.

Argiteriaren kostuari dagokionez, Udalak bere gain hartzen du kontzeju guztien kontsumo elektrikoa, honako hauek biltzen dituena:

–Industriaguneetako argiteria publiko osoa.

–Hiriguneko LED motako argiteria publikoa, kontzejuei dagokiena.

Orobat, argiteria publikoa sei hilean behin ordainduko da (urtean bitan), eta, horretarako, 1-1650-46800 aurrekontu partidan zehaztutako zenbatekoa gordeko da, xede horretarako erabiliko dena.

Udalak ez ditu inola ere bere gain hartuko bere kontroletik kanpo gauzatzen diren sareak, hau da, bere jarraibideak bete gabe edo hirigintza arloaren oniritzia izan gabe egiten direnak, ez eta LED motakoak ez direnak ere, kontsumo handia izateagatik, 2025eko abenduaren 31tik aurrera.

2.3.–Haur parkeen mantentze lanak.

Haur jolasetan prebentziozko mantentze lanak egiteko, beharrezkoa da egiaztatzea zer egoeratan dauden haur jolastokiak, UNE-EN 1176 Arauaren eta EN 1177 Arauaren (6.1 atala) arabera haur jolastokiak ikuskatzeko bete behar diren jarraibideen arabera, bai eta une bakoitzean indarrean diren araudiaren eta legediaren arabera ere. Haurrentzako ekipamenduen egoerari jarraipena egiteko, behar diren kontrol fitxak egoki beteko dira. Ardura eta behar bezalako kualifikazioa dituzten langileek eginen dituzte lanak.

2.4.–Diru-bilketarako eskumenak.

Kontzejuek aitortzen dute Berriobeitiko Udalak ematen duela kontabilitate zerbitzua eta kontabilitate aholkularitza, eta hark eman dezala berronesten dute, haren langileen bitartez edo kanpoko zerbitzuen bitartez.

A) Hirigintzako lizentziak ematea.

Hirigintzako lizentziak emateko eskumena kontzejuarena da, baina Berriobeitiko Udalari eskuordetu zaio, Elkarte eta Ballariain kontzejuetan izan ezik. Eskumen hori Nafarroako Toki Administrazioari eta Lurralde Antolamendu eta Hirigintzari buruzko legedian xedatutakoaren arabera gauzatzen da.

2.5.–Festak.

Ez dago inolako eskuordetzarik puntu honetan.

Kontzejuetako mugartean ikuskizunak nahiz jarduerak baimentzeko baldintzen araubidea bat etorriko da martxoaren 8ko 44/1990 Foru Dekretuaren 2. artikuluarekin (foru dekretu horren bidez baldintzak arautzen dira toki publikoetako ikuskizunen baimenetarako).

Hirugarrena.–Administrazio publikoen arteko lankidetza.

Hainbat proiektutan elkarrekin aritzeko borondatea agertzen dute bai Berriobeitiko Udalak bai aipatu kontzejuek, eta konpromisoa hartzen dute lankidetzarako bideak bilatzeko.

Laugarrena.–Udal langileen lankidetza.

4.1.–Berriobeitiko Udaleko kontzejuetako administrariak arreta emanen die kontzejuei.

4.2.–Berriobeitiko Udaleko idazkariak aholkularitza ematen die kontzeju guztiei, hala eskatzen dutenean.

Aholkularitza hori kontzejuetako lehendakari kargua duenaren bitartez eginen da.

4.3.–Udalak funtsean udal titulartasuneko espazioak eta zerbitzu publikoak artatzen ditu, zerbitzu anitzeko lantaldea osatzen duten langileen bidez.

4.3.1.–Salbuespenez, eta kontzeju batek uste badu Udal lantalde baten laguntza behar duela obra bat egiteko edo kontzejuaren eremuko zerbitzu bat emateko, kontzejuburuak eskaera aurkeztu beharko du, obretako udal aparejadoreari zuzendua. Hartan honako hauek adieraziko dira: eskatzen den esku-hartze mota, lanen iraupenaren aurreikuspena, beharrezkotzat jotzen diren giza baliabideak eta bitartekoak, eta aurreikusitako kostuak.

Eskaera behar den denboraz aurkeztuko da, baloratzeko ea bidezkoa den Udaleko langileek gauzatzea, eta, behar denean, lanak planifikatzeko eta behar diren materialen eskaera egiteko. Udalak 15 eguneko epea izanen du eskabideari erantzuteko.

4.3.2.–Eskabide horiek baldintza hauek betetzen dituzten obra edo zerbitzuetara mugatuta daude:

a) Kontzejuaren titulartasuneko hiri lurzoruan izatea, edo hortik kanpora bada, ezohiko jarduerak izatea (hondakinak biltzea, bideak sasiz garbitzea, haietan jarduketa txikiagoak egitea...).

b) Proiektu teknikorik edo jarduera lizentziarik behar ez izatea.

c) Kalkulatutako lanen iraupena 2 lanaldi oso baino gutxiagokoa izatea (zehazki, 14 ordu eta 40 minutukoa).

4.3.3.–Materialaren, instalazioen, hondakin tasen edo bestelako tasen, eta alokatu behar diren makinen edo edukiontzien kostuak kontzejuaren kontura izanen dira.

Horrez gain, udal langileen laneskuaren kostuaren %40 erantsiko zaio. Langile horien ordua kalkulatzeko, taula hau hartuko da kontuan hitzarmenaren gainerako urteetarako:

ORDUAREN KOSTUA

EGUNAREN KOSTUA

Arduradun bat

31,22 euro

321,04 euro

Peoi bat

20,94 euro

154,04 euro

Lantalde bat (2 peoi)

41,88 euro

308,08 euro

4.3.4.–Kontzejuetarako lanak egiteak inola ere ez du ekarriko kalterik Udalaren titulartasuneko toki eta zerbitzu publikoetan. Hala, aurreko atalean aipatutako lanen gauzatzea eteten ahalko du aldi baterako edo behin betiko Udalak, egokitzat jotzen badu.

Bosgarrena.–Lankidetza Berriobeitiko Udalaren materialen bankuarekin.

Berriobeitiko Udalak hainbat material ditu bere jabetzan, hala nola segurtasun hesiak, segurtasun konoak, kultur erabilerako karpak, agertokiak, musika ekipoa, mahaiak eta aulkiak, eta material horiek eskatzen ahal dira edo modu ofizialean eskatzen dituzten kontzejuei uzten ahal zaizkie; horrelakoetan, kontzejuen erantzukizuna izanen da materiala zaintzea haiek eskatuta lagatzen zaienetik eta Udalari itzuli arte.

5.1.–Alderdien artean partekatzeko material barietate handiagoa izateko, material kopurua handitu behar da, eta horiek nahikoak izan behar dute, kontzeju desberdinetako ekintzetan erabili ahal izateko beste. Horretarako, alderdi sinatzaileek konpromisoa hartzen dute materialen banku bat sortzeko; Udalaren ardura izanen da material horien mantentze lana egitea, materialak zaintzea eta gordetzea, eta Udalak utziko dizkie kontzeju eskatzaileei, haiek behar dituztenean, erabilgarri dauden materialen arabera.

5.2.–Eskaera guztiei erantzunen zaie, materiala erabilgarri dagoen neurrian, eta eskaerak ekitaldia baino gutxienez 15 egun lehenago egin beharko dira; hala, materiala lagatzeko irizpidea haien erabilgarritasuna izanen da.

5.3.–Alderdiek sortuko dute material komunaren bankua, hitzarmen hau sinatzen den unean hasierako ekarpen bat eginez, eta erabilgarri egonen da hitzarmena indarrean den bitartean; kontzejuek biztanle kopuruaren arabera eginen dizkiote ekarpenak bankuari (taularen arabera). Hau da:

–Zurezko 500 aulki.

–Mahaikideentzako 60 mahai.

–Aulki eta mahai guztiak garraiatzeko eta gordetzeko orgak.

KONTZEJUA

BIZTANLEAK

%

1

Aitzoain

514

%8,0

2

Añezkar

188

%5,0

3

Artika

4.937

%52,0

4

Ballariain

36

%2,0

5

Berriobeiti

682

%10,0

6

Berriogoiti

1.100

%12,0

7

Elkarte

13

%1,0

8

Larrageta

105

%4,0

9

Lotza

66

%3,0

10

Oteitza

55

%3,0

GUZTIRA

7.696

%100

Udalak, hasiera batean, honako elementu hauek emanen dizkio materialen bankuari:

–2 karpa, 10 m x 20 m neurrikoak.

–30 agertoki-modulu.

–Soinu mahaiaz eta 4 bozgorailuz osatutako soinu ekipo bat.

–Karpetarako argiak.

5.4.–Material hori kontzejuen beharretarako erabiliko da, bai eta Udalak berak antolatzen dituen jardueretarako ere. Horrez gain, material hori tokiko elkarteei ere lagatzen ahalko zaie, aldez aurretik eskatuta eta erabilgarri egonez gero.

5.5.–Alderdiek egokitzat jotzen badute bankuan materiala gehitzea, ekarpenak handitzea adosten ahalko dute, etorkizuneko premia gabeziak konponduko dituzten material berriekin, betiere horretarako itundutako ehunekoan.

5.6.–Hitzarmena akitzean eta/edo materialen bankua desegitean, lagatako ondasunak kontzeju jabeei itzuliko zaizkie erabilera baldintza egokietan, denboraren iraganak eragiten ahal duen higadura kontuan hartuta.

5.7.–Kontzeju bakoitzak karparen muntaketa bat doan izanen du urtean, bertako jaiak edo jai ofizialak izateagatik, baina kostu bat ezarriko da karpa bat (4 modulu) muntatzeagatik, eskatzen diren hurrengo muntaketa lanetan. Karpa muntatzeko eta desmuntatzeko egiten den lanaren arabera kalkulatzen da kostua; bestalde, Udalak ez ditu kobratuko kontzejuek eskatzen dituzten gainerako materialak.

5.8.–Karpa muntatzeagatik eta desmuntatzeagatik Udalak kobratu beharreko prezioa lan denbora eta udal langileen soldata kontuan hartuta kalkulatuko da; horrenbestez, kontuan harturik lantalde baten (zerbitzu anitzeko bi pertsona) eta arduradun baten lau lanegun behar direla (4 moduluko karpa baterako), 1.258,24 euro inguruko balioa izanen du.

Horregatik, Udalak kobratuko duen kostua aurreko kalkuluaren %40 izatea erabaki da, eta prezio finkoa izanen da hitzarmenaren urteetarako. Horrenbestez, 503 euro ordaindu beharko dira karpa muntatu eta desmuntatzeagatik, eta zenbateko hori herri bakoitzak egiten duen bigarren muntaketa eskaeratik aurrera kobratuko da.

5.9.–Karpa eskabide edo jarduera baterako lagako da, eta ez dira jarduerak denboran pilatzen ahalko. Hau da, ez da karpa modu iraunkorrean instalatuta egoten ahalko kontzeju edo leku batean 7 egun baino gehiago, salbu eta kontzejuren batek ongi arrazoitzen badu zio justifikatuekin (adibidez, aste berean beste ekitaldi baterako eskatzea, eta merkeagoa izatea muntatuta uztea desmuntatu eta berriro muntatzea baino), eta betiere beste kontzeju batek egun beretarako eskatzen ez badu, helburu argia izanik hainbat herritan aprobetxatu ahal izatea, askotariko beharrizanetarako.

Seigarrena.–Aipatutako zerbitzuak gauzatzeko, kontzejuek honako eskumen hauek uzten dituzte Udalaren esku:

a) Aipatutako zerbitzuak ematearekin lotutako administrazio prozedurak tramitatzea, ebazpen proposamenetik hasi eta guztiz bukatu arte, eta, horretarako, behar diren ebazpen guztiak ematea, eta, bereziki, loturik daudenak zerbitzu-emate horiek aitortzearekin, eskuratzearekin, etetearekin eta/edo eskubidea azkentzearekin, arauei eta indarreko arau orokorrei dagokienez.

b) Zerbitzuak behar bezala emateko behar diren jarraibideak eta aplikazio irizpideak ematea.

c) Ordenantza Fiskalean ezartzen diren zerbitzuak emateagatik zuzenbide publikoko diru-sarrera tributarioak eta ez-tributarioak kudeatzea, likidatzea, ikuskatzea eta biltzea, bat etorriz toki ogasunak arautzen dituen araudian ezarritakoarekin.

d) Zerbitzu arloko zehatzeko ahala gauzatzea, eta legez behar diren ikuskapenak eta egiaztapenak egitea.

e) Eskuordetutako eskumenak erabiliz emandako egintzen kontra jarritako errekurtso administratiboak ebaztea. Berriobeitiko Udalak bere gain hartzen ditu, eta hartuko ditu, eskuordetzan emandako eskumenak.

f) Zerbitzuak zuzenean edo zeharka kudeatzea, legez ezarritako moduan eginez kontratazioa; iraupena ez da izanen hitzarmen honen indarraldia baino luzeagoa.

Zazpigarrena.–Hitzarmen honetako estipulazioen betetzea bultzatzeko eta jarraipena, kontrola eta interpretazioa egiteko, Hitzarmenaren Jarraipen Batzordea sortzen da.

7.1.–Honako hauek osatuko dute Hitzarmenaren Jarraipen Batzordea: Berriobeitiko Udaleko alkateak edo alkateak horren eskuordetza ematen dion pertsonak; Berriobeitiko Udaleko kontzejuen batzordearen buruak; eta kontzeju bakoitzeko ordezkari batek, hori izanik burua edo buruak horren eskuordetza ematen dion pertsona.

7.2.–Jarraipen Batzordeari dagokio bere antolaketa eta funtzionamendu erregelamendua egitea.

7.3.–Hitzarmen honetan eta hitzarmenaren antolaketa eta funtzionamendu erregelamenduan ezarri gabekoan, Jarraipen Batzordeak men eginen die urriaren 1eko 40/2015 Legean kide anitzeko organoetarako ezarritako funtzionamendu arauei (lege horrek hizpide du Sektore Publikoaren Araubide Juridikoa).

Zortzigarrena.–Jarraipen Batzordeak eginkizun hauek ditu:

a) Hitzarmeneko lanen plangintza, funtzionamendua eta jarraipena gainbegiratzea, eta hobetzeko txostenak eta iradokizunak egitea.

b) Hitzarmen honen aldaketa eta berritze guztiei buruzko txostena egitea.

c) Hitzarmen honetan berariaz bildutako eskudantziak erabiltzea.

Jarraipen Batzordeak urtero jasoko ditu txostenak honako hauei buruz:

a) Hitzarmena betetzearen egoera, baita ekitaldi bakoitzean atzemandako gorabeherak ere.

b) Eskuordetutako zerbitzuak betetzeko, Berriobeitiko Udalak izenpetu beharreko kontratuak.

c) Erakunde sinatzaileen proposamenak, kexak edo iradokizunak.

Jarraipen Batzordea gutxienez urtean behin bilduko da, eta baita hitzarmena sinatu dutenen 3/5ek eskatzen dutenean ere.

Bederatzigarrena.–Eskumenak eskuordetzan emateak ez dakar berekin titulartasuna lagatzea; betiere kontzejuena izanen da. Eskumenen erabilera bakarrik eskuordetuko da.

Kontzejuek noiznahi eskatzen ahal diote informazioa Berriobeitiko Udalari eskuordetzan emandako eskumenak erabiltzeko moduaz eta zerbitzuen emateaz, Udalari idazki bat zuzenduta. Udalak hogei egun balioduneko epean igorri beharko du eskatutako informazioa, eskaera erregistroan sartu zen egunetik hasita.

Hamargarrena.–Hitzarmen hau administratiboa da. Administrazioarekiko auzien jurisdikzio-ordenako organoei dagokie bide judizialean berrikustea hitzarmen hau, baita hitzarmena betez edo hartatik eratorrita emandako egintzak eta erabakiak ere.

Hamaikagarrena.–Hurrengo legegintzaldian (2027-2031) Udala eta kontzejuak eratu eta urtebete igaro arte egonen da indarrean hitzarmen hau, eta hitzarmen honen aurreko erabaki oro indarrik gabe gelditzen da.

Hamabigarrena.–Hitzarmen hau suntsiarazten ahal da honako arrazoiren bat frogatzen bada:

a) Bi alderdiek hala adostea.

b) Bi alderdietako edozeinek salatzea, ondorioak izan beharreko eguna baino sei hilabete lehenago gutxienez formalizatuta.

c) Jarraipen Batzordeko organoan desadostasuna izatea hitzarmen honen funtsezko klausulen interpretazioaz.

d) Hitzarmeneko funtsezko betebeharrak ez betetzea. Suntsiarazteko arrazoi hori aplikatzeko, hitzarmena suntsiarazteko interesa duen erakundeak aldez aurretik jakinaraziko dio suntsiarazteko arrazoi hori badela Jarraipen Batzordeari, baita suntsiarazteko asmoa ere. Behin komunikazio hori eginik, dei eginen zaio Batzordeari, eta hark bilkura eginen du gehienez hamabost egun balioduneko epean, txosten bat egin dezan suntsiarazpenaren jatorriaz, beste alderdiari entzunaldia eman ondoren. Batzordeak txostena emanik, erakunde interesdunak behar den ebazpena emanen du.

e) Bete ezina, gerora sortutakoa.

f) Indarraldiaren gehieneko epea eta luzatzeko aldia bukatzea.

Hitzarmena suntsiarazirik edo iraungirik, hasiera emanen zaio haren likidazioari, zeina Berriobeitiko Udalak formulatuko baitu, aurretik kontzejuei entzunaldia emanda, eta Jarraipen Batzordeak onetsiko baitu.

Hitzarmen hau suntsiarazten denean, kontzejuek beren gain hartu beharko dituzte Berriobeitiko Udalak zerbitzua zuzenean eta/edo zeharka emateagatik hartutako betebeharrak eta konpromisoak, edo, hala badagokio, kalte-galerengatik dagokien kalte-ordaina eman beharko dute.

Hamahirugarrena.–Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoaren eta 2016/679 (EB) Europako Erregelamenduaren arabera, kontzejuak dira erabiltzaileen fitxategiaren eta erabiltzaileen datu pertsonalen tratamenduaren titularrak.

Horregatik, Berriobeitiko Udalari ematen zaizkion datuak, datuen tratamenduaren arduraduna den aldetik, erabiltzaileak identifikatzeko eta hitzarmen honetan jasotzen diren jarduerak egiteko eman ere, soilik erabiliko ditu indarraldiak iraun bitartean, hartutako betebeharrak betetzeko; hori dena, bat etorrita abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoaren 28. artikuluarekin (lege organiko horrek hizpide ditu Datu Pertsonalen Babesa eta eskubide digitalen bermea).

Berriobeitiko Udalak ez ditu erabiliko hitzarmen honetan agertzen ez den beste helburu baterako. Orobat, betebehartzat hartzen du egoki diren segurtasun neurriak hartzea eta zaintzea –bereziki, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoaren 5. artikuluan eta 2016/679 (EB) Europako Erregelamenduan oinarrizko mailarako ezartzen diren segurtasun neurriak–, segurtatu ahal izateko darabiltzan datuen konfidentzialtasuna, sekretua eta osotasuna; horrez gain, hitzarmena akitzen denean, kontzejuei itzuli beharko dizkie jarduera egiteko erabilitako datu pertsonalen euskarri guztiak.

Hamalaugarrena.–Hitzarmen hau izenpetzeko beharrezkoa izanen da erabakia hartzea bai Osoko Bilkurak bai kontzeju batzar bakoitzak, non onetsiko baita izenpetzea, berariaz adierazita klausula guztiak onartzen direla.

Hamabosgarrena.–Behin parte hartzen duten administrazio bakoitzaren organo eskudunek onetsi ondoren, hitzarmen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, eta indarrean jarriko da argitaratu eta biharamunean.

Eta bat etorrita daudela, aldeek izenpetzen dute hitzarmen hau, idazpuruan adierazitako tokian eta egunean.

Sinatzaileak: Berriobeitiko Udaleko alkatea, Félix Remírez Hoyos; Berriobeitiko Udaleko idazkaria, Idoia Suárez Urrutia; Aitzoaingo kontzejuburua, Paola Larrainzar Larrañeta; Añezkarko kontzejuburua, Magdalena Aulestiarte Jurico; Artikako kontzejuburua, Antonio Novoa Iraizoz; Ballariaingo kontzejuburua, José Cortizo Gulias; Berriobeitiko kontzejuburua, Alfonso Larráyoz Iracheta; Berriogoitiko kontzejuburua, Blanca Esther Merino Napal; Elkarteko kontzejuburua, Nerea Huarte Goldaracen; Larragetako kontzejuburua, María Manso Montes; Lotzako kontzejuburua, Rubén Goñi Viguria; eta Oteitzako kontzejuburua, Iban Lizarraga Blázquez.

Iragarkiaren kodea: L2505352