1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK
1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak
ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2025eko apirilaren 16an hartua, Nafarroako Lan Autonomoaren Kontseiluko kide berriak izendatzen dituena.
Nafarroako Lan Autonomoaren Kontseilua sortzen duen urtarrilaren 30eko 9/2013 Foru Dekretuaren 3. artikuluak zehazten du kontseilu hori hamahiru kidek osatuko dutela, eta horietatik lau Nafarroako langile autonomoen lanbide elkarteen artetik izendatuko direla, 5. artikuluan ezartzen den moduan.
5. artikuluan, Nafarroako langile autonomoen lanbide elkarteek Nafarroako Lan Autonomoaren Kontseiluan parte hartzeko baldintzak eta prozedura ezartzen dira.
2025eko urtarrilaren 23an, erregistro orokor elektronikoaren bidez (sarrera-zenbakia: 2025/85959), Nafarroako Langile Autonomoen Lanbide Elkarteen Erregistrora bidalita, eskatu zen Asociación de Trabajadores Autónomos Dependientes de Navarra (TRADE Navarra) elkartearen inskripzioa deuseztatzea, elkarte horretako bazkideen batzarrak hala erabakita (elkarte hori 2012ko urtarrilaren 9an inskribatu zen, 7. zenbakiarekin). Horrek, era berean, berekin dakar Nafarroako Lan Autonomoaren Kontseiluko kide gisa zuen ordezkariaren izendapena deuseztatzea, urtarrilaren 30eko 9/2013 Foru Dekretuaren 5. artikuluko 5.a) puntuan ezartzen den bezala. Horrenbestez, elkarteek Kontseiluan duten ordezkaritza kide bat gutxiagorekin geratzen da, eta, beraz, deialdia egin behar da elkarteen ordezkarien kopurua berriz ezartzeko.
Foru dekretu horren 5. artikuluan jasotzen denez, Nafarroako Lan Autonomoaren Kontseiluan parte hartzeko eskaera deialdi publiko baten bidez eginen da, eta deialdi hori lan arloan eskumena duen kontseilariaren foru aginduaren bidez eginen da.
Deialdi hori 2025eko 60. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 25ekoan, eta Nafarroako Lan Autonomoaren Kontseiluan Nafarroako langile autonomoen elkarteen ordezkari izateko hutsik dagoen tokia betetzeko Asociación de Trabajadores Autónomos de Navarra (ATA Navarra) elkartearen eta Unión de Profesionales y Trabajadores Autónomos de Navarra (UPTA Navarra) elkartearen eskaerak jaso ondoren, aipatutako deialdiaren 4. oinarriaren 3. puntuarekin bat, Nafarroako Lan Autonomoaren Kontseiluko kide titular izateko Ignacio Ezcurra Ibarrola jauna proposatu da, Asociación de Trabajadores Autónomos de Navarra (ATA Navarra) elkartearen ordezkaria, eta kide ordezko izateko, berriz, Ione Nieto Rayo andrea.
Bestalde, 2025eko martxoaren 14an, Unión General de Trabajadoras y trabajadores de Navarra (UGT Navarra) sindikatuak, urtarrilaren 30eko 9/2013 Foru Dekretuaren 3. artikuluaren arabera (Nafarroako Lan Autonomoaren Kontseiluaren osaera arautzen du), jakinarazi du Eva Azanza Bengoechea andrea proposatu duela Nafarroako Lan Autonomoaren Kontseiluko kide titular gisa, eta Augusto Paredes Antón jauna kide ordezko gisa, Unión General de Trabajadoras y trabajadores de Navarra (UGT Navarra) sindikatua ordezkatuz; proposamenak 2025eko otsailaren 21etik aurrerako ondorioak ditu, egun horretan UGT Navarraren 13. kongresua egin eta batzorde betearazle berria hautatu baitzen.
Egiaztatu denez, urtarrilaren 30eko 9/2013 Foru Dekretuaren 3.3. artikuluak arautzen duen bezala, betetzen dela Nafarroako Lan Autonomoaren Kontseiluaren osaera orekatua izatearen printzipioa, halaxe agintzen baitu Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoak, bidezkoa da, foru dekretu horren 4. artikuluarekin bat, behar diren izendapenak egitea Nafarroako Gobernuaren erabaki baten bidez.
Horiek horrela, Nafarroako Gobernuak, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariak proposaturik,
ERABAKITZEN DU:
1. Honako hau izendatzea Nafarroako Lan Autonomoaren Kontseiluko kide, Asociación de Trabajadores Autónomos de Navarra (ATA Navarra) ordezkatuz:
Titularra:
–Ignacio Ezcurra Ibarrola jauna.
Ordezkoa:
–Ione Nieto Rayo andrea.
2. Honako hau izendatzea Nafarroako Lan Autonomoaren Kontseiluko kide, Unión General de Trabajadoras y Trabajadores de Navarra (UGT Navarra) sindikatua ordezkatuz:
Titularra:
–Eva Azanza Bengoechea andrea.
Ordezkoa:
–Augusto Paredes Antón jauna.
3. Erabaki hau interesdunei jakinaraztea eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.
Iruñean, 2025eko apirilaren 16an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Félix Taberna Monzón.
Iragarkiaren kodea: F2505879