86. ALDIZKARIA - 2025eko maiatzaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

795/2025 EBAZPENA, 2025eko apirilaren 15ekoa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak emana, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Doktoretzaren araudia aldatzen duena.

2003ko maiatzaren 12ko 110/2003 Foru Dekretuak onetsitako Unibertsitateko Estatutuetako 40. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz, agintzen dut argitaratu dadila Gobernu Kontseiluaren 2025eko apirilaren 15eko erabakia, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Doktoretzaren araudia aldatzen duena.

GOBERNU KONTSEILUAREN ERABAKIA, NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOAREN DOKTORETZAREN ARAUDIA ALDATZEN DUENA

2014ko uztailaren 2an, Gobernu Kontseiluak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Doktoretzaren Araudia onetsi zuen, eta 2014ko uztailaren 23ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, 143. zenbakian.

2017ko abenduaren 15eko erabaki baten bidez, Gobernu Kontseiluak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Doktoretzaren Araudiaren aldaketa onetsi zuen, eta 2018ko otsailaren 12ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, 30. zenbakian.

2023ko martxoaren 21eko erabaki baten bidez, Gobernu Kontseiluak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Doktoretzaren Araudiaren aldaketa onetsi zuen, eta 2023ko martxoaren 30eko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, 64. zenbakian.

Doktoretzako Ikasketa Ofizialak arautzen dituen 99/2011 Errege Dekretua (2011ko urtarrilaren 28koa) 576/2023 Errege Dekretuaren bidez aldatu zen (2023ko uztailaren 4koa). Azken errege dekretu horrek zenbait aldaketa sartu zituen, besteak beste honako hauek: doktoretzako ikasketen iraupena, prestakuntza pertsonalerako plan bat izateko derrigortasuna eta zenbait doktoretza-aipamenen ezaugarriak, hala nola nazioarteko doktoretzarenak, doktoretza industrialarenak edo kotutoretzan egindako doktoretzarenak. Aldaketa horien guztien ondorioz, beharrezkoa da Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Doktoretzaren Araudia aldatzea.

Ikerketako errektoreordeak, Nafarroako Doktoretza Eskolak eskatu eta aldeko txostena eman ondoren –txostena Zuzendaritza Komiteak onetsi zuen 2024eko abenduaren 19an (A-15/2024)–, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Doktoretzaren Araudia aldatzeko proposamena egin du araudi hori 576/2023 Errege Dekretutik eratorritako aldaketetara egokitzeko.

Honako hau da Gobernu Kontseiluak, Ikerketako errektoreordeak proposatuta, 2025eko apirilaren 15eko bileran hartu duen,

ERABAKIA:

Lehenbizikoa.–Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Doktoretzaren Araudiaren aldaketa onestea. Aldaketak erabaki honen I. eranskinean ageri dira.

Bigarrena.–Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Hirugarrena.–Erabaki honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Laugarrena.–Unibertsitate Sistemari buruzko 2023ko martxoaren 22ko 2/2023 Lege Organikoaren 38. artikuluan eta Unibertsitatearen Estatutuen 144.1 artikuluan xedatutakoaren arabera, erabaki honek administrazio bidea agortzen du, eta haren aurka zilegi da administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, bi hilabeteko epean, erabakia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita, bat etorriz Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen 1998ko uztailaren 13ko 29/1998 Legearen xedapenetan ezarritakoarekin.

Iruñean, 2025eko apirilaren 15ean.–Errektorea, Ramón Gonzalo García.

I. ERANSKINA.–NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOAREN DOKTORETZAREN ARAUDIAREN ALDAKETA

Nafarroako Unibertsitate Publikoaren doktoretzaren araudia aldatu da, eduki honekin:

Bat.–4. artikuluko 2. eta 3. apartatuak aldatzea, zeinak honela idatzita geldituko baitira:

2. Batzorde Akademikoa honako hauek osatuko dute: koordinatzaile bat, batzordeburu izanen dena, eta gutxienez ere lau batzordekide eta gehienez ere zortzi batzordekide. Batzordearen osaera Nafarroako Doktoretza Eskolako Zuzendaritza Komiteak ezarriko du, eta ordezkaritza orekatua izanen da gizonezkoen eta emakumezkoen artean.

3. 99/2011 EDarekin bat etorriz, errektoreak izendatuko du koordinatzailea, zeinak egiaztatu beharko baitu gutxienez ere bi doktoretza-tesi zuzendu dituela eta 1086/89 EDan ezarritakoarekin bat etorriz aitortutako ikerketa-jarduerako bi aldi dituela gutxienez ere. Batzordeko gainerako kideak errektoreak izendatuko ditu, koordinatzaileak proposatuta. Guztiek izan beharko dute doktore titulua, ikerketa-jarduerako aldi bat aitortua (edo pareko merezimenduak) eta gutxienez doktoretza-tesi bat zuzendua; I+G+b arloan inplikatuak dauden Unibertsitateaz bestelako erakunde eta instituzio batzuetakoak izaten ahalko dira, bereziki ikerketa erakunde publikoetakoak. Batzordekide gazteena idazkaria izanen da.

Bi.–5. artikulua aldatzea, zeina honela idatzita geldituko baita:

1. Oro har, doktoretza-programa ofizial batean sartzeko, beharrezkoa izanen da Espainiako graduko titulu ofizialak edo baliokideak eta unibertsitate masterreko titulu ofizialak edo baliokideak izatea, betiere izangaiak osotara gutxienez 300 ECTS kreditu baditu gaindituak.

2. Halaber, honako baldintza hauek betetzen dituztenek ere izanen dute doktoretza batean sartzeko aukera:

a) Espainiako unibertsitateko titulu ofizialak edo Espainiako titulu baliokideak izatea, betiere ikasketa horietan gutxienez 300 ECTS kreditu gaindituak izanik, eta Goi Mailako Hezkuntzako Espainiako Kualifikazio Esparruko 3. maila egiaztatua izatea.

b) Europako Unibertsitate Eremuko titulu bat izatea, Europako Kualifikazio Esparruko 7. maila egiaztatzen duen atzerriko hezkuntza-sistemaren baten arabera lortutakoa –ez da homologatu behar–, betiere titulu horrek ahalmena ematen badu hura eman den herrialdean doktoretza-ikasketak egiteko. Bide honetatik onartua izateak inolaz ere ez du ekarriko interesdunak aldez aurretik duen titulua homologatzea, eta titulua ez da aitortuko doktoretzako ikasketetan sartzea ez den beste ezein helburutarako.

c) Europako Unibertsitate Eremutik kanpoko atzerriko hezkuntza-sistemaren batean lortutako titulu bat edukitzea –ez da homologatu behar–, aldez aurretik bere unibertsitateak baieztatuz gero ezen tituluak egiaztatzen duen prestakuntza-maila unibertsitate masterreko Espainiako titulu ofizial baten prestakuntza mailaren baliokidea dela eta titulua eman duen herrialdean doktoretza-ikasketetan sartzeko ahalmena ematen duela. Bide honetatik onartua izateak inolaz ere ez du ekarriko interesdunak aldez aurretik duen titulua homologatzea, eta titulua ez da aitortuko doktoretzako ikasketetan sartzea ez den beste ezein helburutarako.

d) Beste doktoretza-titulu bat izatea.

e) Era berean, doktoretzara sartzeko aukera izanen dute unibertsitateko tituludunek baldin eta, osasunaren arloko prestakuntza espezializatuko lanpostuetarako behar den hautaproban prestakuntzaldiko lanpostua lortu ondoren, gutxienez ere bi prestakuntza-urte gainditu badituzte Osasun Zientzietako espezialitateren bateko titulu ofizial bat lortzeko programa batean.

Hiru.–10. artikulua aldatzea, zeina honela idatzita geldituko baita:

10 artikulua.–Ikerketa-plana eta prestakuntza-plan pertsonala.

1. Lehenbiziko matrikula egin eta sei hilabeteko epean, doktoregaiak dokumentu bat egin beharko du doktoretzako tutore/tutoreen eta zuzendari/zuzendarien laguntzarekin, non ikerketa-plana eta prestakuntza-plan pertsonala jasoko baitira. Dokumentu hori NADOEn aurkeztu beharko du, horretarako ezarritako prozeduraren bidez.

2. Ikerketa-planak honako alderdi hauek jaso beharko ditu:

–Zer auzi planteatzen diren eta zergatik diren garrantzitsuak.

–Zein diren helburuak eta nolako garrantzia duten, zein den eremua eta zein aurrekari argitaratu diren, auzia nolako egoeran dagoen oro har, eta zein den planteatutako ikerketaren garapenak oinarri duen bibliografia-zerrenda.

–Zer metodologia erabiliko den, nolakoa den lan plana, zer emaitza espero diren.

–Doktoregaiak tesia egiten eta zuzendariak ikuskatzen izanen duten arduraldiaren kronograma.

3. Prestakuntza-plan pertsonalak NADOEren prestakuntza-plana eta programaren egiaztapen memoria gauzatzeko kronograma orientagarri bat izan beharko du, seihilekoen arabera banatua, eta, hartan, prestakuntzako zer jarduera eginen diren jasoko da:

–Prestakuntza tematikoa (100 POB).

–Zeharkako prestakuntza (30 POB).

–Mugikortasuneko jarduerak (halakorik egiten bada).

–Lehenbiziko barne mintegia (enbor komuna).

–Bigarren barne mintegia (enbor komuna).

–Nazioarteko kongresuetan parte hartzea (enbor komuna).

–Argitalpenak (enbor komuna).

4. Ikerketa-planaren eta prestakuntza-plan pertsonalaren baitan dauden dokumentu guztiek doktoretzaren zuzendariaren eta tutorearen bermea izan beharko dute, bai eta kozuzendariena ere, halakorik balego. Dokumentu horiek doktoretzan zehar hobetzen eta zehazten ahalko dira.

5. Doktoretza-programaren Batzorde Akademikoak hilabeteko epean doktoregaiak aurkeztutako ikerketa-plana eta prestakuntza-plan pertsonala berrikusiko ditu, eta erregistroan inskribatzea ukatzen ahalko du orain arte azaldutakoari egokitzen ez zaizkiola uste badu. Kasu horietan, egoki baderitzo, beste epe bat ezartzen ahalko du aldaketak egiteko edo akatsak konpontzeko.

Lau.–11. artikuluko 2. apartatua aldatzea, zeina honela idatzita geldituko baita:

Tesia beste doktore batzuekin batera zuzentzen ahalko da, eta doktore horiek aurreko atalean adierazitako baldintza berberak bete beharko dituzte ikerketa-esperientziari dagokionez.

Bost.–14. artikuluko 2. eta 3. apartatuak aldatzea, zeinak honela idatzita geldituko baitira:

2. Epaimahaia osatzen duten kide guztiek doktore titulua izan beharko dute, bai eta egiaztaturiko ikerketa-esperientzia ere. Nolanahi ere, epaimahaiko kide gehienak programatik eta tesia defendatzen den unibertsitatetik kanpokoak izan beharko dira. Doktoretza-tesiaren zuzendariak eta tutoreak ezin izanen dute epaimahaian parte hartu, atzerriko unibertsitateekin kotutoretzako akordioen esparruan aurkeztutako tesietan izan ezik.

3. Tesi zuzendariaren eskaera jaso ondoren, edo, beharrezkoa bada, doktoregaiaren eskaeraren tramitazioa onartu ondoren, Batzorde Akademikoak kanpoko bi ikuskatzaile eta haien ordezkoak izendatzea proposatuko dio NADOEko Zuzendaritza Komiteari. Horiek guztiek, titular zein ordezko izan, doktore izan beharko dute, eta ikerketa-esperientzia egiaztatua izan, araudi honen 17. artikuluan xedatutakoaren arabera. Gizonezkoen eta emakumezkoen arteko oreka errespetatu beharko da.

Sei.–16. artikuluko 2. apartatua aldatzea, zeina honela idatzita geldituko baita:

2. Hiru kide titularrek osatuko dute epaimahaia, eta horietako bakoitzarentzako ordezko bana esleituko da, gutxienez. Denek, titularrek eta ordezkoek, bete behar dituzte araudi honetako 17. artikuluak ezartzen duen baldintzak, hau da, ikerketan esperientzia egiaztatuta daukaten doktoreak izatea. Gizonezkoen eta emakumezkoen arteko oreka errespetatu beharko da.

Zazpi.–17. artikuluko 2. apartatua aldatzea, zeina honela idatzita geldituko baita:

2. Tesiaren zuzendariei eta tutoreari dagokienez, ikerketa-esperientzia egiaztatutzat hartuko da gutxienez ere ikerketa-jarduerako aldi bat aitortua edukitzea (edo pareko merezimenduak).

Zortzi.–BOSGARREN TITULUAren izenburua aldatzea, zeina honela idatzita geldituko baita:

BOSGARREN TITULUA.

Doktoretza-tituluaren nazioarteko aipamena eta aipamen industriala.

Bederatzi.–21. artikulua aldatzea, nazioarteko doktoretzaren aipamenari dagokiona, zeina honela idatzita geldituko baita:

1. Doktoretza-tituluak "Nazioarteko Doktoretza" delako aipamena izanen du baldintza hauek betetzen badira:

a) Doktore titulua lortzeko behar den prestakuntzaldian, doktoregaiak egonaldi bat edo gehiago egina izatea, gutxienez hiru hilabetez, Espainiatik kanpo, goi mailako hezkuntzako erakunde batean edo batzuetan, edo prestigiozko ikerketa-zentroetan, betiere ikerketa-prestakuntza osatzeko eta indartzeko. Egonaldi bat baino gehiago eginez gero, haietako batek hilabeteko iraupena izan behar du gutxienez. Egonaldiek eta jarduerek zuzendariaren bermea eta Batzorde Akademikoaren baimena izan behar dute, eta haiek egin eta harrera-entitateak baliozkotu ondoren, doktoregaiaren jardueren dokumentuan gehituko dira.

b) Doktoretza-tesiaren parte bat -laburpena eta ondorioak gutxienez- norberaren jakintza-arloan komunikazio zientifikorako ohikoa den hizkuntzetako batean egotea idatzia eta aurkeztua. Hizkuntza hori ez da izanen Espainiako hizkuntza ofizialetako bat. Arau hori ez da aplikatuko baldin eta egonaldi, txosten eta adituen jatorria gaztelaniaz mintzatzen den herrialde bat bada.

c) Tesia ebaluatzen duten adituetatik bi -13.2 artikuluan aipatzen dira- gutxienez Espainiakoa ez den goi mailako hezkuntzako erakunderen bateko edo ikerketa-instituturen bateko kide izatea. Aditu horiek ezin izanen dira izan harrera-erakundean doktoregaia hartu zuten eta tutoretza- edo zuzendaritza-lanak egin zituzten ikertzaileak.

d) Tesia ebaluatzeko epaimahaian gutxienez Espainiakoa ez den goi mailako hezkuntzako erakunderen bateko edo ikerketa-zentroren bateko aditu bat egotea, doktore titulua duena eta a) paragrafoan aipatutako egonaldiaren arduraduna ez dena.

2. Eskaintza akademikoaren nazioartekotzea bultzatzeko eta errazteko, nazioarteko kotutoretzako doktoretzak sustatuko dira. Halakoetan, doktore tituluak "U Unibertsitatearekin kotutoretzan egindako tesia" eginbidea jasoko du aurrealdean; hori izateko, honako inguruabar hauek bete beharko dira:

a) Doktoretza-tesia bi unibertsitate edo gehiagotako doktoreek gainbegiratzea; haietako bat Espainiakoa eta gainerakoak atzerritarrak izan beharko dira. Kotutoretzarako hitzarmen bat formalizatu beharko dute horretarako.

b) Doktoretza-tesia egiteagatik doktoregaiak bi titulu edo gehiago lortzea, hau da, tesia garatzeko ardura duen goi mailako hezkuntzako erakunde bakoitzeko bat.

c) Doktore titulua lortzeko behar den prestakuntzaldian, doktoregaiak gutxienez sei hilabeteko egonaldia egitea kotutoretzarako hitzarmena sinatu duten erakunde bakoitzean. Egonaldietan, ikerketa-lanak egin beharko dira, aldi bakar batean edo hainbatetan. Egonaldiak eta jarduerak kotutoretzarako hitzarmenean jasoko dira.

d) Kotutoretzan egindako tesiek, halaber, nazioarteko aipamena izaten ahalko dute doktore tituluan formalizatutako hitzarmenaz bestelako erakundeetan egonaldiak egiten badira, a) apartatuan ezarritakoaren arabera, eta 21. artikulu honen 1. paragrafoan adierazitako inguruabarrak gertatzen badira.

Hamar.–21 bis artikulua gehitzea, zeina honela idatzita geldituko baita:

21 bis artikulua.–Doktoretza industrialaren aipamena.

1. Doktoretza-ikasketak ehun sozial eta ekonomikoarekin lankidetzan egitean lortuko da aipamen hori; izan ere, helburua da mundu akademikoaren eta arlo publikoko zein pribatuko mundu sozial eta ekonomikoaren artean lankidetza eta ezagutzaren transferentzia eta trukea sustatzea. Doktoretza industrialaren aipamena lortuko da baldin eta honako baldintza hauek betetzen badira:

a) Tesiak industriarekin, merkataritzarekin, arlo sozialarekin edo kulturarekin loturiko ikerketa-proiektu bat garatu izana erakunde, enpresa publiko edo pribatu edo administrazio publiko batean. Kanpoan gelditzen dira unibertsitateak, ikerketa-erakunde publikoak (Espainiakoak edo autonomikoak) eta ospitale unibertsitarioak. Salbuespen gisa, aipamen hau erakunde horietako edozeinetan egiten ahalko da, unibertsitateetan izan ezik, baldin eta tesiaren edukia aplikatua bada batez ere. Doktoretza-tesiaren eta doktoregaiak erakundean edo enpresan egindako lanaren arteko lotura zuzena memoria zientifiko-tekniko batean formalizatu beharko da, eta unibertsitateak onetsi beharko du.

b) Erakunde, enpresa edo administrazio publikoaren eta unibertsitatearen artean hitzarmen bat sinatu izana doktoretza-tesiaren garapen akademikorako. Hitzarmen horrek, gutxienez, alderdien betebeharrak eta sor daitezkeen jabetza industrialeko eskubideak ezarriko ditu.

c) Tesia garatu bitartean, ikerketa-proiektua garatzen den erakunde, enpresa edo administrazio publikoak doktoregaia kontratatu izana urtebetez gutxienez. Halaber, beharrezkoa izanen da tesiaren zati handi bat erakunde, enpresa edo administrazio publikoan garatzea.

2. Doktoregaiak unibertsitateak izendatutako tesiaren tutore bat eta erakundeak, enpresak edo administrazio publikoak izendatutako arduradun bat izanen ditu. Arduradun hori, hala badagokio, tesiaren zuzendaria izaten ahalko da, errege dekretuan ezarritakoaren arabera. Enpresak izendatutako arduradunak ezin izanen du tesia ebaluatzeko epaimahaian parte hartu.

Hamaika.–22. artikuluko titulua aldatzea, zeina honela idatzita geldituko baita:

22 artikulua.–Nazioarteko doktoretzaren aipamena lortzeko prozedura.

Hamabi.–22 bis artikulua gehitzea, zeina honela idatzita geldituko baita:

22 bis artikulua.–Doktoretza industrialaren aipamena lortzeko prozedura.

Tesia gordailuan uztean aurkeztu beharko da doktoretza industrialaren aipamena izateko eskaera, dokumentazio honekin batera:

a) Doktoretza industrialaren aipamena emateko eskaera.

b) Aldeko txostena, tesiaren zuzendariak edo zuzendariek, enpresak izendatutako arduradunak eta doktoretza-programaren Batzorde Akademikoaren koordinatzaileak sinatua, non aditzera emanen baita burutua duela doktoregaiak ikerketa-proiektua eta nolako lotura duen egindako tesiarekin.

c) Lan bizitzaren txosten eguneratua.

Hamahiru.–Lehenengo xedapen gehigarria kentzea, zeina edukirik gabe gelditzen baita.

Iragarkiaren kodea: F2505869